EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2017021

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 2koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, Euskara eta Euskal Kulturako irakurle bat hautatzeko presako deialdia irekitzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-01-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201700553
Maila: Ebazpena
Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».
Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.
Deialdi honek presako eta aparteko izaera izango du, unibertsitatearen administrazio egutegiak hala behartuta, datorren ikasturtean irakurletza hau abian izan dadin. Ondorioz, Etxepare Euskal Institutuari egoki iruditu zaio La Platako Unibertsitatean Euskara eta Euskal Kulturako irakurlea hautatzeko lehiaketa publikoaren presako deialdia egitea.
Hori dela eta,
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren helburua.
Deialdi honen helburua da Euskara eta Euskal Kulturako irakurlea hautatzea, ondoko unibertsitatean aritzeko:
– Irakurle bat Argentinako Universidad Nacional de La Plata unibertsitaterako.
2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
Prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, interesdunek baliabide elektronikoak erabil ditzakete.
Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak –Administrazio Elektronikoari buruzkoak–, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duenak.
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/euskara-eta-euskal-kulturako-irakurlea/y22-izapide/eu
Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.
Eskabidea bitarteko elektronikoetatik egin ondorengo izapideak hemen egin behar dira: «Nire kudeaketak» https://euskadi.eus/nirekudeaketak
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetan ikasturte bakoitzera bideratutako guztizkoa hogei mila (20.000) eurokoa izango da. Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletzak mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Bideratutako zenbateko hori ez da bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin.
Transakzio guztietan dibisa patroia euroa izango da. Euroak beste monetekiko dituen aldaketek ez dute eraginik izango Etxeparek egindako kopuru ekonomikoan.
4. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:
Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3. HE edo baliokidea izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira, baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere. Aurreko tituluak izan ezean, graduko titulua (edo lizentzia) eta 3. HE edo baliokidea izatea.
5. artikulua.– Bete behar diren baldintza zehatzak destinoko unibertsitatearen eta aurreikusitako zenbatekoaren arabera.
Universidad Nacional de La Plata.
Baldintzak:
Klase-orduak: astean 9 ordu.
Zenbatekoa: bideratutako zenbatekoa 20.000 euro urtebete irauten duen ikasturteko irakurletzarako. Irakurleak jasoko duen soldata garbia ez da zehatz-mehatz bat etorriko aipatu zenbatekoarekin.
6. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak destinoko unibertsitatean.
Hautatuak deialdi honen helburu diren destinoko unibertsitateei atxikiko zaizkie, 5. artikuluan agertzen diren baldintzen arabera. Destinoko unibertsitatearen herrialdean indarrean dagoen legediaren araberako kontratua sinatuko dute eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko dituzte, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaien ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez. Irakurleak Unibertsitatearekin kontraturik izan ezean, Etxepare Euskal Institutuak 5. artikuluan aipatu zenbatekoen ordainketa unibertsitatearen izenean eta bere kontu korrontean egingo dio.
Euskara eta Euskal Kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak tokian tokiko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.
Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu destinoko unibertsitatera lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurlea bere lanpostuan hasten dela bermatzeko.
7. artikulua.– Irakurle izateak honako konpromisoak onartzea ekarriko du:
– 2017ko apirilaren 17a baino lehenago La Platako unibertsitateetan lanean hastea, eta bertan zerbitzua ematea. Bertan eman beharko du zerbitzua 2017ko abenduaren erdialdean ikasturtea amaitu arte, hala badagokio luzatzeko aukerarekin.
– Emandako ordutegia betetzea.
– Euskara eta Euskal Kulturaren programa didaktikoa egitea ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.
– Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.
– Tokian tokiko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.
– Ikasturte bakoitza amaitutakoan, zerbitzuak ematen dituen departamentuaren bermea duen irakasle-memoria bat idaztea. Memoria hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da, azken honek hitzarmena behar bezala doan ebaluatzeko.
– Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan parte hartzea, bereziki euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasteko ikastaroan.
Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.
Irakurleak egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko eskubidea izango du, bertan ordu guztiak, irakasgaiak, ikastaroak... zehaztuta.
8. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.
Etxepare Euskal Institutuak egingo dizkio La Platako Unibertsitateari irakurletzak mantentzetik eratorritako gastuen finantziaziorako zenbatekoen ordainketak.
La Platako Unibertsitateari dagokio Etxepare Euskal Institutuak egindako diru ekarpenak justifikatzea.
9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.
1.– Eskabidea (I. eranskina), behar bezala beteta, dagokion dokumentazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari zuzendu beharko zaio, eta zuzenean entregatu beharko da Etxepare Euskal Institutuaren bulegoetan (Tabakalera Eraikina, Andre Zigarrogileen plaza 1, 20012 Donostia), goizeko 08:30etik 14:00etara, edo Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean bulegoetan. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bide erabilita ere aurkeztu ahal izango da.
Bestalde, bide elektronikoa erabiliz ere aurkeztu ahalko dira eskabideak, Euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta:
Eskabide-eredua Eusko Jaurlaritzako egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/euskara-eta-euskal-kulturako-irakurlea/y22-izapide/eu
2.– Eskabideekin batera, hautagaiek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:
– Pasaportearen fotokopia (edo bestela NANarena edo AIZerena).
– II. eranskina, behar bezala beteta.
– Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia adieraziz. Euskal Kulturako gai ezberdinei (musika, zinea, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia adieraziz. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez ere hiru orrialdekoa izango da (Arial 12 letra, lerro artean tarte bikoitza utziz).
Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiak (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako prestakuntza...) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dira. Horretarako, hautagaiek agiri guztien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eskaera egitean. Bestalde, aukeratutako hautagaiak fotokopia horien jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu. Hala egin ezean, deialditik kanpo geratuko da dagokion hautagaia.
3.– Organo instruktoreak, administrazio-prozedura honen alderdi gisa eskatzaileari dagozkion datu edo agiriak bere kabuz eskuratzen ditu. Eskatzaileak honen aurka dagoela adierazi nahi badu, berariaz adierazi beharko du. Kontrakotasuna adieraziz gero, prozeduran eskatutako agiriak ekarri behar ditu.
4.– Eskabideak aurkezteko hamabost egun naturaleko epea egongo da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko I. eta II. eranskinak Etxepare Euskal Institutuaren web orrian egongo dira eskuragarri, Word formatuan. Edo, bestela, bide elektronikoa erabiliz ere aurkeztu ahalko dira eskabideak, Euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta:
Eskabide-eredua Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/euskara-eta-euskal-kulturako-irakurlea/y22-izapide/eu
5.– Hautagaiek eskabidean emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da. Fitxategi horren erabilera hautapen prozesura eta etorkizunean ager daitezkeen irakurle beharrei erantzuteko sortuko diren poltsak kudeatzera mugatuko da. Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen aurreikuspenekin bat etorriko da.
10. artikulua.– Hautapen-batzordea.
Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Hautapen Batzordea eratuko da. Batzorde horren osaeran, kontuan hartuko da honako hauetan adierazitakoa: otsailaren 18ko 4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa; eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
Batzordearen osaketa EHAAn argitaratuko da.
11. artikulua.– Hautapen-irizpideak.
Hautagaien hautapena ondoko baremoaren arabera egingo da, eta guztira gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira:
1.– Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera:
Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza euskara): 5 puntu.
Gainerako graduak edo lizentziak, baldin eta 4. HE egiaztatuta badute: 4 puntu.
Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Artearen gradu edo lizentziak: 2,50 puntu.
2.– Eskarmentua euskara eta beste hizkuntzak irakasten. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen eta egiazta daitezkeen ordu kopuruen arabera.
Euskara irakatsi izana unibertsitateetan: 3 puntu ikasturteko.
Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: puntu 2 ikasturteko.
Bestelako hizkuntzak irakatsi izana unibertsitatean: 1 puntu ikasturteko.
Bestelako hizkuntzak irakatsi izana ikastetxeetan: 0,50 puntu ikasturteko.
3.– EAEko hizkuntza ofizialak ez diren beste hizkuntzak ezagutzea eta agiri ofizial bidez egiaztatuta izatea. Gehienez ere 3 puntu, ondoko irizpideen arabera:
A2 = 0,25 puntu.
B1 = 0,50 puntu.
B2 = 0.75 puntu.
C1 = puntu 1.
C2 = 1,50 puntu.
4.– Bestelako prestakuntza. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera:
Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa: 5 puntu.
Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten ari diren ikasleak: 5 puntu.
Bestelako doktoregoa: 1 puntu.
Euskararen arloko masterra: 2 puntu.
Hezkuntzarekin edota hizkuntzekin lotutako masterra: 1 puntu.
Bestelako masterra: 0,50 puntu.
Atzerriko Unibertsitateetan Euskara Irakasteko prestakuntza ikastaroa: 1 puntu.
IGI-CAP: 0,50 puntu.
Glotodidaktika ikastaroa: 0,50 puntu.
Excellence in Basque Studies ikastaroa: 0,25 puntu.
5.– Proiektu pedagogikoa. Gehienez ere 5 puntu.
6.– Beste meritu batzuk: gehienez ere 2 puntu. Honakoak hartuko dira kontuan: euskal kulturarekin zerikusia duten jardueretako parte-hartzea, argitalpenak, bestelako lan eskarmentua eta abar.
12. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.
Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hamabost eguneko epearen barnean, Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da hautapen prozesuan parte hartzeko onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz. Baztertuek hamar egun naturaleko epea izango dute, hala badagokio, baztertzeko arrazoia zuzentzeko. Egiten ez badute, beren eskaerari uko egin diotela ulertuko da.
Aipatutako epea igaro ondoren, Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da hautapen prozesuan parte hartzeko onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz.
Hautapen Batzordeak behin betiko zerrendako hautagaien merituak 10. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera aztertuta, hiru proposatuko ditu unibertsitaterako. Hiru horiek aztertuta, Unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendan hurrengo dauden hautagaien artean aukeratu ahal izango du irakurletzat nahi duena.
Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, unibertsitateetako ordezkariek eskubidea izango dute aukeratuak elkarrizketa batera deitzeko.
Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira ondoko kasuetan:
Eskabide bat ere aurkeztu ez bada.
Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.
Deialdi hau argitaratu ondoren, dagokion unibertsitateak Institutuaren eta bien arteko lankidetza hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo dela hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.
13. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.
Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, hautatutako pertsonak eta plazarik gabeko hautatuak zein diren adieraziz. Azken hauek erreserban egongo dira, hautatuek ukoa aurkeztu edo ordezkatu beharra gertatzen bada ere. Hautatu horiekin lan-poltsa osatuko da, unibertsitate horretako irakurletzen beharrei erantzun ahal izateko.
Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.
14. artikulua.– Destinoa esleitzea.
Hautatuek medikuaren ziurtagiri ofizial bat aurkeztu beharko dute, beren esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzaketela egiaztatzen duena. Gainera, destinoko unibertsitateko Euskara eta Euskal Kulturako irakurle izaera onartu beharko dute, xede horretarako dokumentu bat sinatuz.
15. artikulua.– Ukoak eta ordezkapenak.
Hautatuak ezin izango dio uko egin bere lanpostuari dagokion ikasturtea amaitu baino lehenago, ez bada, Etxepare Euskal Institutuaren iritziz, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoia dagoelako. Etxepare Euskal Institutuaren ustez uko egiteko arrazoia ez bada behar bezala arrazoitu, irakurlea ezin izango da hautagai izan hurrengo deialdietan.
Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak lanposturik gabe aukeratutako lehen hautagaia proposatuko du, ordezkoaren adostasuna lortu ondoren.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2017ko urtarrilaren 2a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
MIREN BEGOÑA ARZALLUZ LOROÑO.