EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2017021

19/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien artean ikerketa bat garatzeko arteko lankidetza-hitzarmena, zerbitzu soziosanitarioetako langileek pertsonak eskuz mugitzearen ondorioz izaten dituzten gihar eta hezurretako gaitzen ikerketa epidemiologikoa egiteko Euskal Autonomia Erkidegoan.

Xedapenaren zenbakia: 201700019
Xedapenaren data: 2017-01-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201700551
Maila: Ebazpena
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Lankidetza-hitzarmen honen testua: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien artean ikerketa bat garatzeko arteko lankidetza-hitzarmena, zerbitzu soziosanitarioetako langileek pertsonak eskuz mugitzearen ondorioz izaten dituzten gihar eta hezurretako gaitzen ikerketa epidemiologikoa egiteko Euskal Autonomia Erkidegoan. Testu hori honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 24a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 19KO 24/2017 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, OSALAN-LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ERAKUNDEAREN, BIZKAIKO FORU ALDUNDIKO GIZARTE-URGAZPENERAKO FORU ERAKUNDEAREN, ARABAKO FORU ALDUNDIKO GIZARTE ONGIZATERAKO FORU ERAKUNDEAREN ETA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREN ARTEKOA, ZERBITZU SOZIOSANITARIOETAKO LANGILEEK PERTSONAK ESKUZ MUGITZEAREN ONDORIOZ IZATEN DITUZTEN GIHAR ETA HEZURRETAKO GAITZEN IKERKETA EPIDEMIOLOGIKOA EGITEKO EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN
Barakaldo, 2016ko maiatzaren 16a.
BILDU DIRA:
Izaskun Urien Azpitarte andrea, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia.
María Teresa Alba Zubizarreta andrea, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (hemendik aurrera, GUFE) gerentea.
Jose Luis Alonso Quilchano jauna, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (hemendik aurrera, GOFE) gerentea.
Carlos Alfonso Artola jauna, Gipuzkoako Foru Aldundiko Plangintzako, Inbertsioetako eta Prestazio Ekonomikoetako zuzendari nagusia.
PARTE HARTU DUTE:
Lehenengoak, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusi gisa, eta erakunde hori ordezkatuz, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzeko abenduaren 21eko 7/1993 Legearen 10. artikuluko d) eta e) idatzi-zatietan emandako ahalmenekin bat etorriz, Osalanen egitura eta funtzionamendurako arautegia onartu zuen uztailaren 30eko 191/2002 Dekretuaren 17.1. artikuluaren f) eta g) idatzi-zatiekin lotuta, eta urtarrilaren 29ko 142/2013 Dekretuak egindako izendapenarekin bat.
Bigarrenak, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gerente gisa, GUFEren Estatutuak aldatzeko ekainaren 15eko 4/2001 Foru Arauaren 9. artikuluan esleitutako eskumenen arabera.
Hirugarrenak, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko gerente gisa, apirilaren 3ko Diputatuen Kontseiluko 25/2012 Foru Dekretuaren 10. artikuluan esleitutako eskumenen arabera. Dekretu horren bidez, hain zuzen, Gizarte Ongizaterako Foru Erakunde autonomoaren egiturari eta funtzionamenduari buruzko erregelamendua onetsi zen.
Laugarrenak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamenduko Plangintzako, Inbertsioetako eta Prestazio Ekonomikoetako zuzendari nagusi gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiko sailak eta horiei dagozkien jarduketa-esparruak eta eginkizunak ezartzeko ekainaren 24ko 3/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako eskumenekin bat.
ADIERAZTEN DUTE:
I
Abenduaren 21eko 21/1993 Legeak, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzekoak, ekainaren 27ko 10/1997 Legeak, aurreko legea aldatzekoak, emandako idazketa berrian, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea administrazioko erakunde autonomo gisa sortzen dela dio, berezko nortasun juridikoarekin eta jarduteko gaitasun osoarekin, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikita, egun Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila den horri atxikita, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-agintariek segurtasun, higiene, ingurumen eta laneko osasunari buruz ezar ditzaten politikak kudeatzeko, lan-esparrutik eratorritako arrisku-eragileak hasiera-hasieratik ezabatzeko, eta, hori ezinezkoa denean, eragileok gutxitu ahal izateko.
Euren eskumenen baitan, honako eginkizun hauek dituzte: lanean segurtasun-, higiene- eta osasun-arloko metodoak eta teknikak ikertzeko programak egitea, sustatzea eta gauzatzea.
II
GUFE Gizarte Ekintza Sailari atxikita dagoen administrazioko erakunde autonomoa da. Bizkaiko Lurralde Historikoko Araubide Ekonomikoari buruzko urriaren 14ko 10/97 Foru Arauren 4. artikuluaren arabera, erakunde autonomoak Bizkaiko Lurralde Historikoko Erakunde instituzionalak dira. Ara horren bidez, bere eskumenekoak diren eta zuzenbide publikoaren mende dauden jarduerak deszentralizazio-erregimenean gauzatzea da xedea. Erakundeak berezko nortasun juridikoa, ondarea eta diruzaintza ditu, baita kudeatzeko autonomia ere, Estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.
Erakundearen eginkizunen artean dago; besteak beste, berariazko programak gauzatzea eta sustapen-ekintzak edo zerbitzu publikoak kudeatzeko ekintzak gauzatzea, hori dena kontuan hartuta Gizarte Zerbitzuen Legean xedatutakoaren arabera Lurralde Historikoen titulartasuneko gizarte-zerbitzuen esparruko eskumenak.
III
Gizarte Ongizateko Foru Erakundea autonomoa da, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Sailari atxikita dago, eta berezko izaera juridikoa eta jarduteko erabateko gaitasuna du. Arabako Lurralde Historikoaren esparruan foru-eskumenekoak diren gizarte-zerbitzuak kudeatzen ditu, esparru horretan beste administrazio publiko batzuek egotzita dituzten eskumenetan eragin gabe.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen helburuak hauek dira: Arabako Lurralde Historikoko gizarte-zerbitzuekin eta gizarte-ongizateko politikekin loturiko ekintzak antolatzea, kudeatzea, prestatzea eta gauzatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak, gizarte-zerbitzuen alorreko egitekoak zehazteko uztailaren 30eko 155/2001 Dekretuak eta Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak ezartzen duten eskumen-esparruarekin bat.
IV
Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Lurralde Historikoaren legezko ordezkaritza du, eta bere eskumen-esparruan, haren gobernua eta administrazioa bere gain hartzen ditu. Era berean, honako hauek ere egozten zaizkio: funtzio betearazlea eta eta administratiboa, arauak egiteko ahalmena eta arau ekimena.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Sailaren eginkizun eta jarduketa-esparruen artean laguntza zentroak daude, berezkoak edo hitzartuak, hori dena kontuan hartuta euren Lurralde Historikoen titulartasunekoak diren gizarte-zerbitzuen eskumen-esparruan, Gizarte Zerbitzuen Legean xedatutakoarekin bat.
V
Goraka ari den laguntza zentroen sektorean –sektorea hazten ari da, gizartea zahartzearen eta horri loturiko mendekotasunen ondorioz– atzemandako hutsuneen ondorioz, Osalanek Ergonomia Aplikatuaren Zentroari (CENEA) agindu zion ikerketa egiteko. Ergozaintza proiektua deitu zitzaion proiektu horri. Erabiltzaileak eskuz manipulatzearekin lotuta zegoen, hain zuzen, laguntza zentroetako erabiltzaileak manipulatzeak dakartzan arriskuak ebaluatzeko eskuliburua garatzeko eta zabaltzeko, baita MAPO metodoa eta laguntza-zentroen ergonomiari buruzko WEB atarirako materiala aplikatzeko software tresna bat garatzeko ere. Proiektu horretan, GUFEren eta GOFEren laguntza-zentroen laguntza eta parte-hartzea izan zuten.
Deskribatutako ekintzak espero bezala amaitu ondoren, Osalanek, GUFErekin, GOFErekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, egokitzat jotzen dute Ergozaintza proiektuaren bigarren fasean hasitako lanarekin jarraitzea, epe labur, ertain eta luzerako plan estrategikoa ezartzeko lan-baldintzak hobetzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko langileek dituzten gihar eta hezurretako gaitzak murrizteko. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte- eta osasun-arloko langileen ikerketa epidemiologikoa egingo da.
Hortaz, adierazitako guztiarekin bat etorrita eta klausula hauen arabera, lankidetza-akordio hau sinatzea erabaki dute.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Lankidetza Akordio honen helburua da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen, GUFEren, GOFEren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetzaren baldintzak ezartzea, «Ergozaintza 2» izeneko lan-proiektua egiteko, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte- eta osasun-arloko langileek pertsonak eskuz mugitzearen ondorioz dituzten gihar eta hezurretako gaitzen ikerketa epidemiologikoa egiteko.
Bigarrena.– Helburua: «Ergozaintza 2 proiektua».
«Ergozaintza 2» proiektuaren helburu nagusia da GUFEren, GOFEren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza zentroetan gihar eta hezurretako gaitzen eragileen presentzia zehaztea eta aztertzea kasu eta kontrolen ikerketa epidemiologiko multizentrikoa egiteko.
Proiektuak berariazko helburu hauek ditu:
Mota horietako ikerketak egiteko tresna metodologikoak diseinatzea eta Osalaneko, GUFEko, GOFEko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko langileak trebatzea horiek aplikatzeko.
● Laguntza zentroko langileek antolaketa- eta egitura-eragileen ondorioz pertsonak mugitzearen ondorioz jasotzen duten karga fisikoa zehaztea.
● GUFEren, GOFEren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko zentroen MAPO indize (Movimentazione e Assistenza pazienti Ospedalizzati) analitikoa lortzea.
● GUFEren, GOFEren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko laguntza zentroetako erabiltzaileak eskuz mugitzearen ondorioz izaten dituzten arrisku ergonomikoen mapa egitea.
● GUFEko, GOFEko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek bizkarrean izaten dituzten gihar eta hezurretako gaitzen morbilitatea aztertzea.
● Hainbat ildo zehaztea GUFEren, GOFEren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza-zentroetan epe laburrean, ertainean eta luzean prebenitzeko kudeaketa hobetzeko plana garatzeko.
Hirugarrena.– Alderdien ekarpenak eta konpromisoak.
Helburuak zehazteko eta jardunak gauzatzeko, protokolo hau sinatu duten alderdiek honako konpromiso hauek hitzartu dituzte:
Osalanek, GUFEk, GOFEk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzematen dute «Ergozaintza 2» proiektuaren garapenean parte hartuko dutela, proiektuaren jarraipena egiteko batzorde mistoan ezarritako ildoei jarraikiz. Horretarako, lantalde bat osatuko da sinatu duten alde guztietako langileekin.
Jarraipen-batzordeak ezarriko du programa abian jartzeko zer ekintza zehaztu eta nola gauzatu. Edonola ere, Osalanek solaskide gisa jardungo du proiektuan parte hartzen duten erakundeen eta Akordioa sinatzen duten erakundeen artean.
Ikerketa sinatu dutenak lankidetzan aritzeak ez du ekarriko parte hartzen duten unitateetako zerbitzuak murriztea.
Laugarrena.– «Ergozaintza 2» proiektuaren Jarraipen Batzordea.
«Ergozaintza 2» proiektuaren baitan Jarraipen Batzordea egongo da, eta indarrean dagoen bitartean, proiektua behar bezala garatu, bete eta hedatzen dela begiratuko du. Lankidetza-akordioa sinatzen duten ordezkariek osatuko dute Batzordea. Hala ere, elkarrekin adostuz gero, zehazten diren beste batzuek ere parte hartu ahal izango dute.
Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:
● Programaren exekuzio eta garapenaren jarraipena, kontrola eta ebaluazioa.
● Programaren emaitzen adierazleen inguruko jarraipena eta balorazioa.
● Programa behar bezala abian jartzeko egokitzat jotzen diren hobekuntzak egitea.
● Azken batean, programa garatzean eta gauzatzean sortzen diren alderdi orokor, gatazka, kexa eta ezustekoen ebazpena emango du.
● Programa sustatzen eta garatzen laguntzea eta koordinatzea.
● Horren baitan hartzen diren akordioak betetzen direla zaintzea.
● Programa ahalik eta ondoena garatzen laguntzen duten eginkizun guztiak.
Bosgarrena.– Argitalpenak eta emaitzak.
Proiektua gauzatzeko egin beharreko argitalpenetan, erakunde sinatzaile guztiek parte hartu dutela onartu eta jasoko dute.
Ikerketaren emaitzek ikerketa-izaera izango dute; hortaz, ondoren ez dute ekarriko inplementatzeko inolako konpromisorik.
Jabetza intelektualaren esparruan, indarrean dagoen araudian ezarritakoa hartuko da kontuan.
Seigarrena.– Datu pertsonalen konfidentzialtasuna.
Hitzarmena sinatzen duten erakundeek Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, zehazki, hitzarmena gauzatzearen ondorioz eskuratzen dituzten datu pertsonalei dagokienez. Betebehar horri kontratua amaitu ondoren ere eutsiko zaio. Betebeharra betetzen ez duen erakundeak bere gain hartuko ditu betebehar horren dolozko edo erruzko arau-haustearen ondorioz beste aldeari eragindako kalteak.
Era berean, aldeek dagokien konfidentzialtasuna beteko dute hitzarmen hau gauzatzean eskuratzen duten bestelako informazioari dagokionez.
Zazpigarrena.– Indarraldia.
Lankidetza Protokolo hau indarrean jarriko da «Egozaintza proiektua» sinatzen denetik amaitzen den arte, eta, edozein kasutan, 2016ko abenduaren 31ra arte.
Zortzigarrena.– Ebazpena.
Aldeek hitzarmen hau edozein unetan aldatu ahal izango dute, elkarrekin ados jarriz gero.
Era berean, aldeek edozein unetan salatu ahal izango dute protokoloa.
Bi aldeetako edozeinek huts egingo balio hitzarmen honi, beste aldeak aukera izango du bete dezala esijitzeko edo hitzarmena ebazteko.
Bederatzigarrena.– Izaera eta eskumeneko jurisdikzioa.
Protokolo honek administrazio-izaera du, eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina onesten duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren aplikazio-esparrutik kanpo geratuko da.
Beraz, azken batean, administrazioarekiko auzietako epaitegi eskudunek aztertuko eta ebatziko dituzte protokolo honen ondorioz sortzen diren auziak.
Lankidetza-protokolo hau aldeok irakurri ondoren, bertan esandakoarekin bat gatozela adierazteko, bosna kopia sinatzen ditugu, testuaren idazpuruak aipatutako tokian eta egunean.
OSALANeko zuzendari nagusia,
IZASKUN URIEN AZPITARTE.
Bizkaiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko gerentea,
MARÍA TERESA ALBA ZUBIZARRETA.
Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko gerentea,
JOSÉ LUIS ALONSO QUILCHANO.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuko Plangintzako, Inbertsioetako eta Prestazio Ekonomikoetako zuzendari nagusia,
CARLOS ALFONSO ARTOLA.