EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2017020

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 17koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita erregistratu, argitaratu eta gordailutu dadila LSB-USOren hitzarmen kolektiboa 2015., 2016., 2017. eta 2018. urteetarako hitzarmen kolektiboa (hitzarmenaren kode-zenbakia: 86100081012013).

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2017-01-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201700532
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Negoziazio-batzordeko ordezkariak aipatu hitzarmenari dagokion nahitaezko dokumentazioa aurkeztu zuen, 2016ko abenduaren 1ean, REGCON erregistroan.
Bigarrena.– Aipatutako akordioaren sinatzaileek pertsona bat izendatu dute gordailutzeko, erregistratzeko eta argitaratzeko eskabidea eskabidea izapidetzeko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90.2 artikuluan aurreikusitako eskumena, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua (2015-10-24ko BOE), bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuarekin –16. artikuluan Lan eta Justizia Saila sortuta eta lehen xedapen iragankorrean erregelamendu organikoen indarraldia xedatuta–; aplikagarria izanik bai apirilaren 9ko 191/2013 Dekretua, urtarrilaren 9/2011 Dekretuari dagokionez, bai maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua, hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzkoa.
Bigarrena.– Sinatutako hitzarmenak Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hitzarmena Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 17a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.
LSB-USO EUSKADIREN II. HITZARMEN KOLEKTIBOA
I. KAPITULUA
APLIKAZIOA EREMUA
1. artikulua.– Lurralde- eta funtzio-eremua.
Hitzarmen kolektibo honen bidez, LSB-USO Euskadiri atxikitako langileek edozein lantokitan dituzten lan-harremanak arautzen dira.
2. artikulua.– Pertsona-eremua.
Lehengo artikuluko lurralde- eta funtzio-eremuan ari diren langileei aplikatuko zaie baldin eta sindikatuarekin duten harremana lanekoa besterik ez bada ondorio guztietarako.
Hitzarmen kolektibo honetatik kanpo geratzen dira, beraz, beren borondatez sindikatuko buru direnak, alegia, Biltzar Nazionalak, Kontseilu Nazionalak, Euskadiko Federazioen eta Batasunen Biltzarrek hautatutakoak, aldi baterakoak baitira, erreboka daitezke eta hautetsien antolamendua bete behar baitute. Guztiek ere hautetsientzako Barne Araudia bete beharko dute, Kontseilu Nazionalak onetsiko duena; ekonomia arloan, ordea, LSB-USO Euskadiren Kontseiluak onetsitako urteko aurrekontuetan xedatutakoari men egin beharko diote.
3. artikulua.– Denbora-eremua.
Hitzarmen honek 2015eko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango du.
Bere indarraldia bukaturik, urtez urte luzatuko da, non eta alderdi batek legezko eran eskatzen ez duen berraztertzeko edo desegiteko; hitzarmena edo bere luzapenen bat bukatu baino hilabete bat lehenago aurkeztu beharko du eskari hori.
II. KAPITULUA
LAN-DENBORA
4. artikulua.– Lanaldia.
Benetako lanaldiak 1.580 ordu izan ditu 2016an. 2017rako eta 2018rako, ordea, LSB-USO Euskadiren Kontseilu Nazionalak onetsitakoaren arabera eguneratuko da lanaldia.
5. artikulua.– Oporrak.
Iraupena eta gozamena:
Urteko oporrak astelehenetik ostiralera bitartekoak 22 lanegunek osatuko dituzte.
Oporrak urte naturalaren arabera ordainduko dira, urte naturalean urte naturalekoak hartuko dira, eta bolada horretan lanean emandako denborarekiko proportzionalak izango dira, eta hamabi zatitan banatuta zenbatuko dira, hilabete zatiak hilabete osotzat hartzen direlarik. Ondorio horietarako, gaixotasunagatiko edo lan-istripuagatiko baja-aldiak lan egindakotzat joko dira.
Oporrak tartean etenik izan gabe hartuko dira baldin eta horrek egoitzen eta zerbitzuen funtzionamenduan eraginik ez badu.
6. artikulua.– Ordaindutako baimenak.
Langileak, aldez aurretik jakinarazi eta arrazoituz gero, ordaindutako baimenak hartzeko eskubidea izango du, honako arrazoi hauek tartean badira:
1.– Bi egun natural har daitezke, bigarren mailarainoko odol-kidetasun eta ezkontza-ahaidetasuneko senideen heriotza eta istripu edo gaixotasun larria dela-eta.
Ezkontide, guraso edo seme-alaba bada, lau egun naturalekoa izango da epea.
Arrazoi hori dela eta, langileak 300 kilometrotik gorako bidaia egin behar badu, epeari bi egun natural erantsiko zaizkio.
2.– Bi lanegun, seme baten edo alaba baten jaiotza edo adopzioagatik.
3.– Egun natural bat, bigarren mailarainoko odol-kidetasun eta ezkontza-ahaidetasuneko senideen ezkontzagatik.
4.– Egun natural bat, ohiko etxebizitzaz aldatzeagatik.
5.– Ezkontzagatik: 17 egun natural.
6.– Behar besteko denbora, medikuaren kontsultara joateagatik.
7.– Behar besteko denbora, azterketetara joateagatik, titulu profesional bat lortzeko ikasketak egiten dituzten langileentzat, dagokion ziurtagiria aurkeztu ondoren.
8.– Saihestezineko betebehar publiko edo pertsonalak betetzeko, langileek hori betetzeko behar duten denbora hartzeko baimena izango dute baldin eta betebehar horiek beraiek eragindakoak izan ez badira.
Lanera joan ez izate horiek CENEri jakinaraziko zaizkio, aurretiaz, eta hurrengo berrogeita zortzi orduan justifikatuko da lanera joan ez izana.
7. artikulua.– Eszedentziak.
7.1.– Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke. Nahitaezko eszedentziak lanpostua gordetzeko eta antzinatasunerako zenbatzeko eskubidea emango du, honako kasu hauetan:
Lanera joatea galaraziko duen ordezkaritzazko kargu publikorako izendatua edo hautetsia izatea.
Indarraldiak karguan ari den bitartean iraungo du.
Lanera itzultzea kargu publikoa utzi eta hurrengo hilaren barruan eskatu beharko da.
7.2.– Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea izango du borondatezko eszedentzia hartzeko. Eszedentzialdi horrek gutxienez lau hilabete iraungo du, eta gehienez bost urte. Eszedentzia-egoeran dagoen bitartean eta eszedentzia bukatu aurretik, langileak behin eskatu ahal izango du eszedentzia bolada batez luzatzeko, eta bolada hori ez da izango bost urte baino luzeagoa, luzapena eskatu aurreko aldia ere kontuan harturik.
Eszedentzia edo luzapena hilabete bat lehenago eskatuko dira.
Epe hori igaro ondoren, eszedentzian den langileak, enpresan izan edo gerta daitezkeen lanpostu hutsetan, maila bereko edo antzekoetan sartzeko baizik ez dauka lehentasunezko eskubidea.
7.3.– Langileek gehienez hiru urteko eszedentzia hartzeko eskubidea izango dute norberaren edo adoptatutako seme-alaba bakoitza zaintzeko, nahiz eta behin betiko harrerako moduan edo adopzio-aurreko egoeran hartu, umearen jaiotegunetik edo epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik zenbatzen hasita.
Atal honetan aurreikusitakoak baino luzeagoak diren aldiak borondatezko eszedentziaren arauek erregulatuko dituzte.
7.4.– Artikulu hauetan zehaztu gabeko gaietan, Langileen Estatutuan xedatutakoa aplikatuko da.
III. KAPITULUA
EGITURA PROFESIONALA
1. ATALA
LANBIDE-SAILKAPENA
8. artikulua.– Lanbide-sailkapena.
Langileak, dituzten ezagutzak, esperientzia, autonomia-maila, erantzukizuna eta ekimena kontuan harturik sailkatuko dira.
Sailkatze horren helburua da LSB-USOren beharren araberako egitura profesional bat lortzea, kolektibo osoa hobeto integratzeko eta duten egokipena uneoro hobetzeko, eta behar prestakuntza ematea.
Lan-kontratuan jasota dago bere maila profesionalari dagozkion funtzioak betetzea. Beraz, bere maila profesionaleko edozein lanpostu bete beharko du, eta horretarako aurretiaz jaso beharko du postu horretarako beharrezko prestakuntza, halakorik behar bada.
9. artikulua.– Banaketa funtzionalak.
Langileak teknikarien, iraunkorren eta administrarien ataletan banatuta daude.
a) Teknikariak. Langile horiek kualifikazio, esperientzia eta gaitasun handikoak dira, goi-mailako eta erdi-mailako titulazioetan lor daitezkeenen parekoak.
b) Iraunkorrak. Dituzten ezagutzengatik edo esperientziarengatik lan sindikalak egin ditzaketen langileak dira, eta jendearentzako arreta ematen egin behar dute lan.
c) Administrariak. Dituzten ezagutzengatik edo esperientziarengatik administrari-lanak, antolakuntzakoak, informatikakoak eta laguntzeko lanak egin ditzaketen langileak dira.
2. ATALA
LAN-KONTRATUAREN GORABEHERAK
10. artikulua.– Langileak hartzea.
Langileak hartzeko edo onartzeko, osasun-azterketa, eta LSB-USOk egoki ikusten dituen lanbide-probak eta proba psikoteknikoak gainditu beharko dira. Horretarako, kontuan hartuko da zein den bete beharreko lanpostua eta hurrengo artikuluan ezarritako probaldia.
11. artikulua.– Probaldia.
Lanpostua beteko duen langilea hautatu ondoren, probaldia hau egingo du, prestakuntza teoriko-praktikoa emango baitu:
a) Teknikariak: 6 hilabete.
b) Iraunkorrak: 4 hilabete.
c) Administrariak: 3 hilabete.
Denbora-tarte horretan, bai langileak bai LSB-USOk askatasun osoz hautsi dezakete kontratua, aldez aurretik ohartarazi gabe; hortaz, alderdi batek ere ez du kalte-ordainetarako eskubiderik izango.
Probaldia benetan lan egindako aldia izango da, eta kenduko dira lan-ezintasunagatik, amatasunagatik, adopziogatik edo haurren bat hartzeagatik probaldia eten diren boladak.
Probaldia gaitasunez bukatuz gero, kontratuak ondorio guztiak izango ditu.
12. artikulua.– Borondatezko uztea.
Kasu horretan, langileak LSB-USOri jakinarazi beharko dio horren berri, honako aurreabisu-epe hauen arabera:
a) Teknikariak: 3 hilabete.
b) Iraunkorrak: 15 lanegun.
c) Administrariak: 15 hilabete.
Aurreabisua egiteko betebehar hori epe horretan betetzen ez bada, langilearen likidazioa egiterakoan, LSB-USOk eskubidea izango du langileari kopuru bat kentzeko: langilearen egun bateko soldata, aurreabisua egiten atzeratutako egun bakoitzeko.
IV. KAPITULUA
GENERO-BERDINTASUNA
13. artikulua.– Berdintasun-plana.
Gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoaren arabera, hitzarmen honen eremuan, LSB-USO Euskadiren Kontseilu Nazionalak horretarako beren-beregi onartzen duen berdintasun-plana beteko da.
V. KAPITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA
1. ATALA
ORDAINSARIEN EGITURA
14. artikulua.– Xedapen orokorra.
2016rako, LSB-USO Euskadiren Kontseilu Nazionalaren aurrekontuetan onetsitako soldata-taulak aplikatuko dira (I. eranskina).
2017rako eta 2018rako, LSB-USO Euskadiren Kontseiluak onetsitako ordainketa-kontzeptuak eguneratuko dira, hitzarmen kolektibo honetako 17. artikuluaren arabera.
15. artikulua.– Ordainketa-kontzeptuak.
Langileei dagozkien ordainsarietan, Euskadiko Kontseilu Nazionalak zehazten dituen kontzeptuak daude jasota.
1.– Soldatak.
2.– Soldataren osagarriak.
2.1.– Lanpostua:
– CENE.
– Iraunkorra.
– Administraria.
– Teknikaria.
2.2.– Aparteko haborokinak:
– Uztaila.
– Abendua.
2. ATALA
SOLDATAK ORDAINTZEA
16. artikulua.– Soldatak ordaintzeko modua eta data.
Langile bakoitzari soldata-ordainagiri bat emango zaio, eta agiri horretan argi adieraziko da, kontzeptuak banakaturik, zein diren jaso beharreko eratorritako kopuruak, bai eta kontzeptu guztiengatik kendu beharrekoak ere.
Soldata hilero-hilero ordainduko da, banku-transferentzia bidez, egindako lanari dagozkion ordainsarien aldiaren hurrengo hilabeteko lehenengo egunean edo aurreko egunean, hori jaieguna bada.
17. artikulua.– Eguneratzea.
Soldata-taulak urtero-urtero eguneratuko dira, LSB-USO Euskadiren Kontseilu Nazionalak onetsitako urteko aurrekontuetan xedatutakoaren arabera.
18. artikulua.– Soldata-taulak.
Maila bakoitzari dagozkion ordainsari-kontzeptu eguneratuak LSB-USO Euskadiren Kontseilu Nazionalak onetsitako soldata-taulan ezarrita daude.
VI. KAPITULUA
LANEKO JOKABIDE-KODEA
19. artikulua.– Printzipio arautzaileak.
Laneko jokabide-kode honen helburua da: elkarbizitza normalean, antolaketa teknikoan eta enpresako antolamenduan, errespetuzko lan-giro bati eustea, baita langileen eta enpresaburuen eskubideen bidezko interesak bermatzea eta defendatzea ere.
CENEk zigortu ahal izango ditu langileen ekintza eta hutsak baldin eta lan-arloan dituzten betebeharrak kontratuan agertzen diren bezala ez betetzea badakarte. Hurrengo artikuluetan agertzen diren falten mailakatzea hartuko da kontuan.
Zuzendaritza-ahalmena hartuta, CENEren aginpidea da zigorrak ezartzea, kapitulu honetan ezarritako eran.
Idatziz jakinaraziko zaio langileari zer falta ezarri zaion, adierazita noiz eta nola gertatu zen zigorra eragin duen falta.
Falta astuna edo oso astuna dela eta, zigorren bat ezartzen den guztietan, enpresak horren berri emango die langileen legezko ordezkariei.
Zigorra ezarritakoan, 60 egunez luzatu ahal izango da, zigorra ezarri zen egunetik zenbatzen hasita.
20. artikulua.– Faltak mailakatzea.
Garrantziaren edo asmoaren arabera, langileen faltak izango dira: arinak, astunak edo oso astunak.
21. artikulua.– Falta arinak.
Falta arinak dira honako hauek:
a) Inolako justifikaziorik gabe, lanera puntual ez sartzea eta ateratzea, hilean hiru alditan.
b) Bidezko arrazoirik gabe, hilabeteko epean behin lanera ez joatea.
c) Aldez aurretik, edo hurrengo 24 orduetan, ez jakinaraztea lanera ez dela joango, jakinaraztea ezinezkoa zela egiaztatzen denean izan ezik.
d) Inolako arrazoi justifikaturik gabe zerbitzua edo lanpostua denbora laburrez uztea, horrek kalte garrantzitsuak eragiten badizkie pertsonei edo gauzei.
e) Langileen ardurapeko laneko ekipoen eta materialen kontserbazioan edo mantentzean narriadura arinak eragitea.
f) Pertsonak behar bezalako arretaz ez hartzea edo modu ezegokian artatzea.
g) Enpresari ez jakinaraztea etxebizitzaz edo helbidez aldatu duela baldin eta horrek enpresari gatazkarik edo kalterik eragiten badio.
h) Behar den garaian ez jakinaraztea langilearen familian izandako aldaketak baldin eta Gizarte Segurantzan edo Administrazioan eragina badute.
i) Langilearen eginkizunen jarduera arruntean, nagusiren batek agindutakoa ez betetzea dakarten falta guztiak baldin eta langileei edo gauzei kalterik edo arriskurik eragiten ez badiete.
j) Lanaldi arruntaren barnean ematen diren prestakuntza teoriko edo praktikorako ikastaroetara ez joatea, behar bezalako justifikatu gabe.
k) Laneko orduetan lankideekin, bezeroekin edo hornitzaileekin eztabaidatzea.
22. artikulua.– Falta astunak.
Hauek hartuko dira falta astuntzat:
a) Inolako justifikaziorik gabe, lanerako sartu-irteeretan puntual ez ibiltzea, hilean hiru alditan baino gehiagotan.
b) Inolako justifikaziorik gabe lanera ez etortzea bi egunetik lau egunera bitarte, hilabete batean. Behin lanera ez joatea nahikoa izango da, ez joate horrek kalte nabarmenik eragiten badu.
c) Zergetan edo Gizarte Segurantzan eragina duten datuei buruzko informazioa faltsutzea, edo nahita ez aipatzea.
d) Laneko orduetan jolasean edo beste edozein motatako denbora-pasatan jardutea behin eta berriz, eta laneko bilakaerari kaltea eragitea.
e) Eginkizunen jardun arruntean, langileek ez betetzea organikoki gainean dituztenek agindutakoa baldin eta ez-betetze horrek pertsonei edo gauzei kalte larria eragiten badie.
f) Norberaren zainketan, txukuntasunik eta garbitasunik ez izatea, lankideen kexa justifikatuak eragiten baditu, betiere aldez aurretik enpresak behar bezala ohartarazita.
g) Beste langile bat ordeztea, informatika-ekipamenduetan sarrerako edo irteerako erregistroak eta kontrolak aldatuta.
h) Laneko martxa onari eragiten dioten utzikeriaz edo gogorik ezaz jokatzea, baina langileei edo gauzei kalte larririk eragin gabe.
i) Enpresaren baimenik gabe lan partikularrak egitea lanaldiaren barnean, bai eta enpresako tresnak, lanabesak eta makineria edo ibilgailuak erabiltzea norberaren erabilerarako edo beste batentzat, nahiz eta lanalditik kanpo izan.
j) Langile batek hiruhileko berean falta arin bat baino gehiago egiten badu, nahiz eta falta horien kausak desberdinak izan, eta falta bakoitzarengatik zigorra jaso badu. Puntualitateak eragindako falta salbuespentzat hartzen da kasu honetan.
k) Langileen sexu-askatasunaren aurkako eraso oro, hitzezko irainen zein irain fisikoen bidez, edo pertsonen intimitate edo duintasunarekiko errespetu-faltaren bidez.
23. artikulua.– Falta oso astunak.
Oso falta larritzat honako hauek hartuko dira:
a) Inolako justifikaziorik gabe, lanera puntual ez sartzea edo lanetik puntual ez ateratzea, hilean hamar alditan baino gehiagotan, edo hogei alditan baino gehiagotan urte batean.
b) Hilabete berean bata bestearen segidako hiru egunetan edo tartekako bost egunetan lanera ez joatea.
c) Esleitutako egitekoetan iruzur egitea, leialtasunik ezaz jokatzea edo konfiantzaz aprobetxatzea, eta sindikatuari, lankideei edo edonori ostea, indarkeriaz nahiz gabe, egoitzan edo bulegoetan, lanorduetan bada.
d) Gaixorik egotearen edo istripua eduki izanaren itxura egitea. Laneko arau-urratze gisa hartuko da aipatutako arrazoiren baten ondorioz bajan dagoen bitartean langileak bere kontura edo besterentzat edozein motatako lanak egitea. Falta oso astuntzat hartuko dira, gainera, istripu edo gaixotasuna dela eta hartutako baja luzatzeko egindako manipulazioak.
e) Inolako arrazoi justifikaturik gabe denbora-tarte laburrez lanpostua uztea, horrek kalte handia eragiten badu.
f) Mozkortzeak edo drogak hartzeak eragindako egoerak, eginkizunetarako ahalmen fisiko edo psikologikoetan aldaketarik eragiten badu.
g) Nahitaez isilpean gorde behar diren sekretuak urratzea.
h) Lehia desleiala diren jarduerak egitea.
i) Lan-errendimendua –arrunta edo itundutakoa– borondatez eta modu jarraian moteltzea.
j) Nagusiei, beren senitartekoei, lankideei, hornitzaileei eta bezeroei hitzez edo egitez tratu txarrak ematea edo horiekin errespetu edo begirune ezaz jokatzea.
k) Nahiz eta ezberdina izan, beste falta astun bat egitea, betiere faltak bi hileko denboraldian egin badira, eta zigorra jarri bazaie.
l) Lanari dagokionez, nagusiek agindutakoa ez betetzea (agintekeriaz agindutakoa izan ezik), baldin eta ez-betetze horrek kalte handia eragiten badu. Honako hauek hartuko dira nagusien agintekeriatzat: nagusiek egindako ekintzak baldin eta legezko aginduak nabarmen eta nahita hausten badituzte, eta langileari kalterik eragiten badiote.
m) Nagusitasun-egoeraz baliatuta, sexu-askatasunaren aurkako egintzak, edo egoera pertsonala edo laneko egoeragatik ahulen diren langileei egiten bazaizkie.
24. artikulua.– Zehapenak.
Gehieneko zehapen hauek jarriko dira adierazitako faltak egiteagatik:
Falta arinak egiteagatik:
– Ohartarazpen idatzia.
Falta astunak egiteagatik:
– Ohartarazpen idatzia.
– Bi egunetik hogei egunera bitarteko enplegua eta soldata kentzea.
Falta oso astunak egiteagatik:
– Ohartarazpen idatzia.
– Hogeita batetik hirurogei egunera bitarteko aldian enplegua eta soldata kentzea.
– Iraiztea.
25. artikulua.– Preskripzioa.
Falten mailaren arabera, honako egun hauetan preskribituko dute:
– Falta arinak: hamar egunera.
– Falta astunak: hogei egunera.
– Falta oso astunak: hirurogei egunera.
Preskripzio-epea kalkulatzeko, enpresak falta gertatu zela jakin zuen datatik hasiko da zenbatzen; eta, gehienez ere, falta gertatu eta sei hilabetera.
Dena den, epe horiek instrukzioko edo aurretiazko espedientearen berezko ekintza orok eten ahal izango ditu, betiere espedientearen iraupenak, orokorki hartuta, ez badu sei hileko epea gainditzen, espedientea jarri zaion langileak tarte horretan faltarik egiten ez badu.
26. artikulua.– Zehapenak baliogabetzea.
Kapitulu honetan jasotako lan-faltak egiteagatik ezar daitezkeen enplegu-soldatak eteteko zehapenak beteko dira, baina zehapenen zenbaketa beranduenez ere jakinarazpena egin edo epai edo akordio judiziala eman eta sei hilabetera hasiko da.
VII. KAPITULUA
GIZARTE-AURREIKUSPENA
27. artikulua.– Aldi baterako ezintasuna.
Lanekoa ez den gaixotasun edo istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasuna.
Lanetik kanpo izandako istripu baten ondorioz edo gaixotasuna dela-eta lanerako aldi baterako ezintasun-egoeran dauden langileei enpresaren konturako zenbateko osagarri bat ordainduko zaie, lansarien % 100 jaso dezaten, ohiko lanaldian.
Lan-istripuen ondoriozko aldi baterako ezintasuna.
Lan-istripu baten ondorioz lanerako aldi baterako ezintasun-egoeran dauden langileei enpresaren konturako zenbateko osagarri bat ordainduko zaie, lansarien % 100 jaso dezaten, ohiko lanaldian.
28. artikulua.– Amatasuna.
Langileen Estatutuaren 48.4 artikuluan aurreikusitako arrazoiengatik hartzen den atsedenaldian, afektatutako langileei hitzarmen honen 27. artikuluan aipatutako osagarria bermatuko zaie, Gizarte Segurantzaren kontura dagokion amatasun-prestazioa erreferentziatzat harturik.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Osotasunarekiko lotura.
Hitzarmen honetan adostutako baldintzek osotasun zatiezina osatzen dute eta, aplikatzeko garaian, osotasunean aztertuko dira.
Bigarrena.– Konpentsazioak eta xurgapenak.
Hitzarmen kolektibo honetan ezarritako baldintza ekonomiko eta sozial guztiak osorik, batera eta urtebeterako hartu behar dira aintzat, eta hala erkatu behar dira, eta ez kontzeptu isolatuak. Beraz, lehendik erabakita dagoen edo lege-xedapenez, hitzarmen, arau edo arauzko xedapen bidez erabakitzen den beste zeinahi konpentsaziok xurga ditzake aipatutako konpentsazioak, modu isolatuan onuragarriagotzat jo daitezke hitzarmen honetako eremuan ezarritako araubideari dagokionez.
Hirugarrena.– Batzorde misto paritarioa.
Hitzarmenaren jarraipena eta interpretazioa egiteko, batzorde misto paritario bat sortu da. Batzorde horrek aztertuko ditu hitzarmena aplikatzeko eta interpretatzeko desadostasunak. Erreklamazioa edo eskaria aurkezten denetik hilabeteko epean batzorde misto paritarioak ez badu akordiorik lortzen, edo aurkeztutako arazoei buruzko iritzirik azaltzen ez badu, GEPeko arbitraje-prozedurara jotzeko konpromisoa hartzen dute bi aldeek, desadostasuna ebazte aldera.
Batzorde misto paritarioa sindikatu-erakundeko (enpresako) kide batek eta, langileen aldetik, hitzarmena sinatzen duen sindikatuaren ordezkaria. Batak zein besteak aholkulariak baliatu ahal izango dituzte.
Batzordearen irizpenetarako, bi ordezkaritzaren baterako akordioa behar da; akordio horiek hitzarmen honen estipulazioek bezainbesteko nahitaezkotasun-indarra izango dute. Batzorde mistoaren egoitza LSB-USO sindikatu-erakundearen Bilboko egoitza izango da (Pablo Picasso kalea 2, solairuartea).
Laugarrena.– Hitzarmena ez aplikatzeko klausula.
Hitzarmen kolektibo hau sinatzen duten alderdien asmoa da: hitzarmenean itundutako edukia oso-osorik betetzea hitzarmenaren indarraldi guztian. Horregatik, salbuespenez, hitzarmena aplikatu behar ez izatea gertatzen bada, enpresak batzorde mistoari azalduko dio egoera eta interpretazioa, arazoari aurre egiteko konponbide ez-traumatikoak bilatzeko, eta adostasuna lortzeko ahalegin osoa egiteko konpromisoa izango dute bi aldeek. Hamabost egun igaro eta alderdiak ez badira ados jartzen batzordearen barruan, Langileen Estatutuaren 82. artikuluak xedatutakoarekin bat, Langileen Estatutuaren 82. artikuluan ezarritako prozeduretara eta GEPek ezartzen dituen prozeduretara jo ahal izango dute. Bitartekaritza- eta adiskidetze-prozeduretara jotzeko, nahikoa izango da alderdi batek eskatzea, baina, arbitraje-prozedurara jotzeko, beharrezkoa izango da bi aldeak adostea.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Hitzarmen kolektibo honek indargabetu egiten ditu itun, akordio eta hitzarmen kolektiboetan funtzio- eta lurralde-eremu horretan gai horiei buruz jasotako arau guztiak, hitzarmenaren edukiaren aurkakoak badira.
AZKEN XEDAPENA.– Zuzenbide osagarria.
Hitzarmen honetan aurreikusi gabeko guztirako, Langileen Estatutuan, arloko hitzarmenei eta gainerako legezko xedapenetan xedatutakoari atxikiko zaio.
I. ERANSKINA
LSB-USO EUSKADIREN HITZARMEN KOLEKTIBOA.
HITZARMENAREN KODEA: 86100081012013
SOLDATA-TAULAK
2015. urtea
LSB-USO Euskadiren Kontseilu Nazionala_2014ko abenduaren 20a (6. puntua)
2016. urtea
LSB-USO Euskadiren Kontseilu Nazionala_2015eko abenduaren 19a (5. puntua)