EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2017019

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 16koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 18.4 puntuaren aldaketari buruz. Aldaketa hori berezko erabileraren aldaketarekin dago lotua (3.1: irakaskuntzako ekipamendutik bizitegikora).

Xedapenaren data: 2017-01-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201700514
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Santurtziko Udalak, 2016ko irailaren 23an, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari eskatu zion hasiera eman ziezaiola aipatutako espedienteari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari.
2016ko urriaren 27an, ingurumen-organoak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, iritzia eman zezaten, txosten-eskaria jaso eta gehienez ere berrogeita bost egun balioduneko epean. Horretarako, haien esku jarri zuen ingurumen-agiri estrategikoa eta planaren zirriborroa.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuz, honako erakunde eta interesdun hauei egin zien kontsulta: Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari; Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzari, eta Bizkaiko Ekologistak Martxani –interesduntzat jo baitzen.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Ondarearen Zerbitzuarena jaso dira.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, ingurumenaren babes-maila handia bermatuz horrenbestez, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ezartzen duenez, egindako kontsulten emaitza aintzat hartuta, eta V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, ingurumen-organoak lau hilabeteko epean ebatziko du, ingurumen-txosten estrategiko bidez, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 18.4 puntuaren aldaketari (aurrerantzean, HAPOren aldaketari). Hau da, aldaketa horrek ingurumenean eragin adierazgarriak izan ditzakeen ala ez ebatzi behar du txosten horretan –aldaketa hori berezko erabileraren aldaketarekin dago lotua, hau da, irakaskuntzako ekipamendutik bizitegikora aldatzearekin (3.1).
Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela ikusirik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau egin eta iritzia ematen du plana aplikatzearen inpaktu adierazgarrien aurreikuspenari buruz. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, eta Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.
Ikusita Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra, ingurumen-organo honek uste du badituela aski judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eta iritzia emateko Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 18.4 puntuaren aldaketak izan ditzakeen inpaktu adierazgarrien aurreikuspenari buruz, betiere abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera –Planaren aldaketa hori berezko erabileraren aldaketarekin dago lotua, hau da, irakaskuntzako ekipamendutik bizitegiko erabilerara aldatzearekin–. Horrenbestez, hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 18.4 puntuaren aldaketari buruz (aurrerantzean, HAPOren aldaketa) –aldaketa hori berezko erabileraren aldaketarekin dago lotuta (3.1: irakaskuntzako ekipamendutik bizitegikora)–. Hona txostenaren edukia:
A.– Berezko erabileraren aldaketa dela eta (3.1: irakaskuntzako ekipamendutik bizitegikora) Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 18.4 puntua aldatzeak –aurrerantzean, HAPO aldatzeak– helburu dauka eragoztea ekipamendutzat kalifikatutako banaketa-eremuen erabilera orokorraren aldaketa, egun posible dena (hau da, 3.1 erabileraren aldaketa, irakaskuntzako erabileratik bizitegiko erabilerara, zehazki etxebizitza-erabilerara).
Horretarako, proposatzen da 4.4.20 artikulua kentzea Santurtziko Plan Orokorraren hirigintza-arauetatik, eta, hartara, Santurtziko Udalbatzak 2006ko irailaren 29an 10/2006 ezohiko bilkuran hartutako erabakiaren bigarren puntua beteko da.
Planaren eremua 0.1 planoko grafikoan dago jasota: Egoera eta mugaketa berria eta eguneratua, espediente honen eraginpean dauden Banaketa eta Antolamendu Eremuena (Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 18.4 puntuaren aldaketa, berezko erabileraren aldaketarekin lotua –3.1: irakaskuntzako ekipamendutik bizitegikora–. 2013ko urria).
B.– Planaren ezaugarriak.
Plan Orokorraren aldaketa ez da proiektu bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar duena. Izan ere, orain arte, aukera egon da ekipamendu kalifikazioa duten eta eskola pribatuen dotazioez osatuak dauden banaketa-eremuen erabilera orokorra aldatzeko bizitegi-erabilerara; aukera hori indargabetu nahi izanez gero, ez da beharrezkoa inolako garapen-proiekturik egitea; gainera, aukera hori indargabetzeak ez dauka ingurumen-eraginik garatzeke dauden bestelako planetan, ez baitu haietara hedatzen ingurumen-eraginik (eragin negatiborik) era zabalago edo sakonagoan.
Ez da beharrezkoa, halaber, ingurumenarekin lotutako alderdiak aintzat hartzea, ez garapen jasangarria sustatzeko, ez eta erkidegoaren legediak ingurumenaren arloan ezarritakoa aplikatzeko ere, murrizketa bat besterik ez baita: alegia, irakaskuntzako ekipamendu finkatuaren erabileratik bizitegikora aldatzeko aukerari ezarritako murrizketa bat.
Planaren eremuan, ez dago gunerik, ingurumen-arriskuagatik nabarmentzen denik.
C.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.
Eraginpean gerta daitekeen eremuaren ingurumen-balioa eta haren kalteberatasuna txikiak dira, ez baitago gunerik, natura-balioengatik garrantzirik duenik, eta, inbentariatu gabeko kultura-ondareko elementuak badaude ere, ez da aurreikusten haietan eraginik izango denik. Eremuan ez dago, halaber, ingurumenaren kalitatearen muga-mailak edo balioak gainditzen dituen gunerik, eta ez dago ingurumen-faktorerik, aldaketa txikienaren aurrean sentibera denik edo, haien izaeragatik, aldaketa nabarmenak edo konponezinak jasan dezakeenik.
Kontuan izanik aldi berean hainbat plan aplikatzen direla, erabakitzeko hainbat eremu hierarkikotan egituratu direla, eta ebaluazioen bikoiztasuna saihestu egin behar dela, betiere ingurumen-ondorio guztiak behar bezala ebaluatzen direla bermatuz, Plan Orokorraren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren xedea izango da oraingo erabakitze-faseak berezko dituen determinazioek ingurumenean duten eragina.aztertzea.
Horrenbestez, ez da espero izatekoa Plan Orokorraren aldaketak ingurumenean eragin negatibo nabarmenik izatea, ez baitago inolako irizpiderik edo baldintzarik, ingurumenari kalte esanguratsua egingo zaiola dioenik; izan ere, proiektua ez dago ingurumen-inpaktua ebaluatzeko legedian edo EAEko ingurumena babesteko legedi orokorrean jasotako kategorietako proiektuen artean. Gehienez ere, beste zenbait eremutan egungo erabilera zabaltzen lagundu dezakete, zeharka, ekipamendu-kalifikazioa duten eta eskola pribatuen dotazioez osatutako banaketa-eremuen egungo erabilera orokorrari eusteak eta bizitegi-erabilerara aldatu ezinak.
Bigarrena.– Ingurumen-agiri estrategikoan eta ebazpen honetan ezarritakoari jarraituz, erabakitzea ez dela aurreikusten ingurumen-efektu adierazgarririk, Santurtziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 18.4 puntua aldatzearen ondorioz (aldaketa hori lotua dago berezko erabileraren aldaketarekin –3.1: irakaskuntzako erabileratik bizitegikora). Hori dela eta, aldaketari ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.
Hirugarrena.– Santurtziko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 16a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.