EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2017019

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 18koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez deklaratzen baita onura publikokoa dela «Gatika-Lemoiz 1 eta 2» deritzon 132 kV-ko airetiko linea elektrikoa, zuhaitzik gabeko zerrenda zabaltzeko, Gatikako, Maruri-Jatabeko eta Lemoizko udalerrietan.

Xedapenaren data: 2017-01-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201700511
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/09/12an argitaratutako 2016/07/28ko IRAGARPENA [201603888]

Erref.: L-7726 GHC/TLE
Esp. ZK.: 48-AT-I-2016-21
AURREKARIAK
1.– 2016ko ekainaren 23an, Iberdrola Distribución Electrica SAU enpresak (Axpe etorbidea 5, Erandio) eskatu zuen linea hori onura publikokoa dela deklaratzeko, linea horren zortasuna handitzeak ukitzen dituen ondasunak eta eskubideak premiaz okupatzeko xedez; izan ere, zuhaitzik gabeko zerrenda zabaldu nahi du. Halaber, enpresak dokumentazio egokia aurkeztu zuen Energia eta Meategietako zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpena betetzeko xedez, haren bidez xedatzen baitira zuhaiztietatik igarotzen diren tentsio handiko lineetarako berariazko betekizunak.
2.– Abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren 10. artikuluan (2002-12-23ko EHAA) eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako (2000-12-27ko EHAA), Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren eskabidea jendaurrean erakusteko iragarkia argitaratu zen, 2016ko irailaren 13ko BAOn, 2016ko irailaren 12ko EHAAn eta 2016ko irailaren 12an El Correo egunkarian, hain justu ere enpresa horren ustez, nahitaez desjabetu beharrekoak diren ondasun eta eskubideen zerrendarekin. Hutsen zuzenketa ere ere eman da argitara 2016ko urriaren 10eko BAOn eta 2016ko irailaren 30eko EHAAn.
3.– 2016ko irailaren 7an, Gatikako, Maruri-Jatabeko eta Lemoizko udalei igorri zitzaien ofizioz, jarduketa horren iragarkia jendaurrean jar zezaten ediktu-oholetan.
4.– Horretarako ezarritako jendaurreko informazio-denboran, partikularrek zenbait alegazio aurkeztu dituzte. Hona hemen, horien laburpena:
– Karl Somme andreak adierazi du, Maruri-Jatabeko udalerriko 176. zenbakiko finkaren (1. poligonoa, 132. zenbakiko lurzatia) jabea den aldetik, finkako izaera haritz gorrikoa dela eukaliptokoa izan beharrean, hori argitaratu zen eta.
– Carmelo Laraudogoitia Bilbao jaunak Bizkaiko Foru Aldundiaren landako katastro-ziurtagiria ekarri du Lemoizko udalerriko 206. zenbakiko finkarako (5. poligonoa, 11. lurzatia), eta haren titularrak M.ª Teresa Laraudogoitia Bilbao, M.ª Nieves Laraudogoitia Bilbao eta Carmelo Laraudogoitia Bilbao dira M.ª Nieves Laraudogoitia Bilbaoren ordez, hori argitaratu zen eta.
5.– Partikularrek aurkeztutako alegazioak Iberdrola Distribución Electrica SAU enpresari helarazi zaizkio, eta erantzun egin ditu espedienteari erantsitako banakako idazkien bidez, hau adierazita:
– Karl Somme: zuhaiztien izaerari dagokionez, zuzendu egin da eraginpeko ondasunen eta eskubideen zerrenda.
– Carmelo Laurodogoitia Bilbao: zuzendu egin da finkaren titulartasuna eraginpeko ondasunen eta eskubideen zerrendan, finkaren hiru titularrak agerrarazteko xedez.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Hauetan ezarritako arauzko izapideak bete dira espedientean: Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea; energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua; Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legea; Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua; eta goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko baldintzak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpena (2011-05-31ko EHAA).
2.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 54. artikuluak onura publikoaren deklarazioa ematen die energia elektrikoa banatzeko instalazioei, horiek instalatzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea egiteko eta bide-zorra ezarri eta erabiltzeko, eta, deklarazio horrek berez dakar ondasun eta eskubide horien okupazioa eta presaz okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.
3.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak eman du ebazpena, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuan emandako eskumena baliatuta (2013ko apirilaren 24ko EHAA) –dekretu hori indarrean dago, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta horien eginkizunak eta jardute-arloak finkatzeari buruzko lehendakariaren azaroaren 24ko 24/2016 Dekretuaren xedapen iragankorrarekin bat–, eta honako hau
EBAZTEN DU:
Deklaratzea «Gatika-Lemoiz 1 eta 2» deritzon 132 kV-ko airetiko linea elektrikoa onura publikokoa dela zuhaitzik gabeko zerrenda zabal dadin, tarte honetan:
TA airetiko tartea. Gatika-TA. Lemoiz: 9867 m linea (LA-280), zirkuitu bikoitzekoa eta alumnio-altzairuzko eroale isolatukoa, haren sekzioa 281 mm
Deklarazio horrek berekin dakar –24/2013 Legearen 55. artikuluan xedatutakoaren arabera– eraginpeko ondasunak okupatu edo eskubideez jabetu beharra, eta horien okupazioa lehenbailehen egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari; beraz, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 18a.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.