EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2016019

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2016ko otsailaren 25eko bilkuran hartua Lazkaoko Udalaren 2014ko Kontu Orokorraren fiskalizazio txostena, behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2016-02-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201700509
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2016ko otsailaren 25ean egindako bilkuran, hau
ERABAKI DU:
Lazkaoko Udalaren 2014ko Kontu Orokorraren fiskalizazio txostena behin betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 atalak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 25a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
LAZKAOKO UDALAREN 2014KO KONTU OROKORRAREN FISKALIZAZIO TXOSTENA
Laburdurak
1/2013 FA: 1/2013 Foru Araua, otsailaren 8koa, Gipuzkoako toki entitateen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorretan finantza tutoretzaren eskumena garatzen duena.
20/2012 ELD: 20/2012 Errege Dekretu Legea, uztailaren 13koa, aurrekontuaren egonkortasuna eta lehiakortasunaren sustapena bermatzeko neurriei buruzkoa.
21/2003 FA: 21/2003 Foru Araua, abenduaren 19koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki erakundeen aurrekontuei buruzkoa.
APKLTB: Administrazio Publikoetako Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateratua, ekainaren 16koa, 2/2000 legegintzazko errege dekretu bidez onetsitakoa.
BEZ: Balio Erantsiaren gaineko Zerga.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EAO: Estatuko Aldizkari Ofiziala.
EBAO: Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala.
EFPL: 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.
EIOZ: Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga.
GAO: Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
GFA: Gipuzkoako Foru Aldundia.
HEA: Hirigintzako Esku-hartze Area.
HEJEIHE: 1093/1997 Errege Dekretua, uztailaren 4koa, hirigintza izaerako ekintzak jabetza erregistroan izena emateari dagokionez hipoteka legea egikaritzeko araua.
HILBIZ: Hiri izaerako Lursailen Balio Igoeraren gaineko Zerga.
HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.
JU: Jardun Unitatea.
KES: Nazio eta Lurraldeko Kontuen Europako Sistema.
OHZ: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga.
SPKL: 30/2007 Legea, urriaren 30ekoa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoa.
SPKLTB: 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena.
TAOAL: 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.
UFFF: Udal Finantzaketarako Foru Funtsa.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Lazkaoko Udalaren 2013ko Kontu Orokorraren fiskalizazio-lana mamitu du.
Fiskalizazio-lan honek honako alderdi hauek biltzen ditu:
– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa-lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako atal hauek besarkatzen ditu: Udalaren eta bere sozietate publikoen egoeraren balantzea, galera-irabazien kontua eta oroitidazkia; baita Udalaren aurrekontuaren likidazioa ere. Udalaren eta Lazkao Lantzen, S.A.ren 2013ko ekitaldiko urteko kontuak kanpoko enpresa batek auditatu ditu; gure lana, berriz, auditoretzako txostenak aztertzea izan da eta horretarako, auditoreen lan paperetan euskarrituak egotea egiaztatu dugu eta beharrezko iritzitako proba osagarriak edo auditoretzako beste zenbait prozedura bideratu ditugu.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta zuhurtasunari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.
– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
Lazkaoko udalerriak 5.486 biztanle ditu 2013ko urtarrilaren 1eko udal erroldaren arabera eta bere egituran, Udalaz gain, Lazkao Lantzen, S.A. Sozietate Publikoa ere barne hartzen du, zeinetan Udalaren parte hartzea % 100ekoa den; sozietatearen xede soziala lurzorua sustatu, antolatu, urbanizatu, erosi eta saltzea ez ezik, egoitza, industria eta zerbitzu mota orotako eraikinak eraikitzea da. Gainera, Sozietatearen estatutuak aldatu egin ziren 2013ko martxoaren 22ko eskritura publiko bidez eta berezko baliabide modura eta Udalaren zerbitzu tekniko modura jarduteko ahala aitortu zitzaion.
Gainera, ondoko udalaz gaindiko entitate hauen atal da: Gipuzkoako Uren Partzuergoa (uraren zikloaren kudeaketa osoa), Sasietako Mankomunitatea (hondakinak jaso, garraiatu eta maneiatzea), Enirio-Aralarko Mankomunitatea (Aralar mendiko alde gipuzkoarreko mendien aprobetxamenduen administrazioa) eta Tolosako eskualdeko hiltegiaren kudeaketarako udalerrien mankomunitatea (hiltegiaren kudeaketa).
Eskualde esparruko merkataritza-sozietateei dagokienez, Goierri Beheko Industrialdea, SAn esku hartzen du % 11,56ko partaidetzarekin (industri ekimena eta inbertsioa suspertu eta sustatzea) eta Goierriko Ekimena, S.A. sozietatean, % 12,72ko partaidetzarekin (eskualdea indartzeko interesgarri diren enpresa, turismo, negozio, ikerketa eta prestakuntza mailako sustapenak).
II.– Iritzia.
II.1.– Udala.
II.1.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Langileria
1.– Tokiko Gobernu Batzarrak 2013ko urriaren 25ean erabaki zuen izaera orokor eta ez bereziarekin udal langileen artean 78.690 euroren produktibitate-osagarri bat ordaintzea, EFPLaren 79. artikulua urratuz. Ordainsari horiek banaka honako eragiketa honen emaitzari dagozkio: hilabete bateko soldata, jaso ez zen 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren parekoa, gehi 909 euro, 2012an ordaindutako produktibitate osagarriari dagokiona.
Kontratazioa
2.– Iturgaitzaga eta Kanpandegiko urbanizazioen lehenengo atalari dagozkion obra kontratuak (1 eta 2 espedienteak), 2012ko ekitaldian 1,1 eta 1,3 milioi euroan esleitutakoak, 1,5 eta 1,7 milioi euroren zenbatekoan egikaritu dira (% 39 eta % 28ko igoerak) hurrenez hurren; horrek SPKLTBaren 107. artikuluak ezartzen duen % 10eko muga gainditzen du eta muga horretatik aurrera kontratuaren lizitazio eta esleipen baldintza oinarrizkoak urratutzat jotzen dira.
3.– Udalak 2013ko ekitaldian 209.439 euroren gastua egikaritu du, udal eraikinak garbitzeko zerbitzua azken kontratuaren esleipendun izan zen enpresari zuzenean esleitu diola; kontratu hura prozedura ireki bidez izapidetu zen eta indarraldia 2011ko otsailaren 28an amaitu zitzaion, administrazio kontratazioan buru egiten duten publikotasun eta lehia printzipioak urratuz.
Ondarea
4.– Udalak ez du lurzoruaren ondare publiko independentea eta gainerako bere ondaretik bereizitakoa, horrek Lurraren eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 112. artikuluak agindutakoa urratzen du.
Epaitegi honen ustetan, Lazkaoko Udalak, 1etik 4ra bitarteko paragrafoetan aipatutako lege hausteak alde batera, zuzentasunez bete du 2013ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.1.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– Epaitegi honen iritzira egin behar ziratekeen doiketek ondotik zehaztutako eragina dute 2013ko abenduaren 31ko Diruzaintza Geldikinaren, Egoera Balantzearen eta Funts Propioen gainean:
2.– Udalak ez du Urteko Kontuen Oroitidazkian inbertsioetatik eratorritako konpromiso kredituen gaineko txostenik egin, 2013ko abenduaren 31n esleituak eta egikaritzeko zeudenak, 2,8 milioi euroren zenbatekoan; horiek Iturgaitzagako ostatu emateko etxe-sailaren eraikuntzari dagozkio, zeinetarik 2,2 milioi euro atxikitako diru-sarrerak dituzten etorkizuneko gastuak diren eta 551.066 euro, Udalari ezargarriak zaizkion hirigintzako kargak. Obra horiek Lazkao Lantzen, S.A.k egikaritzen ditu 2013ko urtarrilaren 31ko Osoko bilkurak onartutako kudeaketa mandatuaren indarrez.
Epaitegi honen iritzira, 1etik 2ra bitarteko paragrafoetan adierazitako salbuespenak alde batera, Lazkaoko Udalaren Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2013ko ekitaldiaren aurrekontu ekitaldiaren jarduera ekonomikoa erakusten dute, 2013ko abenduaren 31n ondarearen eta finantza egoeraren isla zorrotza eta data horretan amaitutako urteko ekitaldian zehar bere eragiketen emaitzena.
II.2.– Lazkao Lantzen, S.A. Sozietate Publikoa.
II.2.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa
1.– Iturgaitzagako ostatu emateko etxe-sailaren lanen proiektua eta obra zuzendaritza egiteko zerbitzuaren kontrataziorako deialdia Lazkao Lantzen, S.A.k esleitu zuen 2008ko maiatzean 232.000 euroren zenbatekoan eta 2013ko ekitaldian 24.200 euroren egikaritza izan zuen; deialdia erkidego esparruko egunkari batean argitaratu zuten 342.685 euroren lizitazio zenbatekoarekin (BEZik gabe); horren arabera, baina, mugatu egin zen publikotasun printzipioa, ez baitzen argitara eman ez EBAOn ez EAOn, SPKLaren zazpigarren xedapen iragankorrean jasotakoari jarraiki.
Epaitegi honen ustetan, aurreko paragrafoan aipatutako ez-betetzea alde batera, Lazkao Lantzen, S.A. Sozietate Publikoak zuzentasunez bete du 2013ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
Epaitegi honen iritzira, Lazkao Lantzen Sozietate Publikoaren 2013ko ekitaldiaren Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2013ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
– 2013ko ekitaldian Udalak 26.700 euroren gastua egikaritu du alderdi politikoei esleipenak kontzeptuarekin eta 30.600 euro, zinegotziei zerbitzu arrazoiengatiko kalte-ordain kontzeptuan «Transferentzia arruntak» kapituluan kontabilizatutakoa. Gomendagarria litzateke Udalak Aurrekontua Egikaritzeko Udal Arauan kopuru horien norako egokia ez ezik, diru hori jasotzeko bete behar diren baldintzak ere arautzea, besteak beste, organo kolegiatuetako saioetara egiaz joatea (TAOALaren 73 eta 75 artikuluak). Gainera, GAOn argitaratu behar dira udalbatzak hartutako erabakiak, bai bertaratzeagatiko kopuruen gainekoak bai dedikazioa duten kargudunen ordainsarien gainekoak ere.
– Udalaren 2013ko ekitaldiko Aurrekontu likidazioan hainbat eragiketa oker erregistratu direla azaleratu da, 2013ko abenduaren 31ko Diruzaintza geldikinean eraginik ez dutenak:
• Udalak ez ditu egoki kontabilizatzen gastuaren baimen eta erabilera faseak, 21/2003 FAren 40. artikuluak agintzen duen moduan.
• GFAk udal kiroldegian eta futbol zelaiko instalazioetan inbertsioak finantzatzeko emandako diru-laguntza kontzeptuko diru-sarrerak, 91.913 euroren zenbatekoan, «Transferentzia arruntak» kapituluan erregistratu dira; ordea, finantzatzen duten gastuaren izaera aintzat hartuta, «Kapital transferentziak» kapituluan erregistratu behar ziratekeen.
• Kanpandegi eremuan jasanarazitako urbanizazio kuotek ekarritako diru-sarrerak «Kapital transferentziak» kapituluan erregistratu dira 260.340 euroren zenbatekoan; alabaina, «Inbertsioen besterentzea» kapituluan kontabilizatu behar dira.
– Lazkao Lantzen, S.A.ri dagokionez, 2013ko abenduaren 31ko Egoeraren Balantzeko funts propioetan eraginik ez duten ondoko alderdi hauek azaleratu dira:
• Izakinen idazpuruan, 2013ko abenduaren 31n, HEA.6 Iturgaitzagako JUren 1. derramaren hirigintza kuoten kontzeptuan Udalari emandako aurrerakinak jasoak daude, jabe minoritarioei ezargarriak zaizkienak, zeinekin euren lursailen salerosketa negoziatzen ari zen, 255.382 euroren zenbatekoan. Aurrerakin hauek, baina, 2013ko abenduaren 31ko Egoeraren Balantzeko aktiboaren «Hornitzaileei aurrerakina» idazpuruan erregistratu behar ziratekeen.
• 2013ko ekitaldian HEA.6 Iturgaitzagako JUn erositako lursailen salerosketako eskritura publikoen arabera, Lazkao Lantzen, S.A.k erosketaren zenbatekoa, 164.025 euro, 10 urteko epean ordainduko du; hori dela eta, ordaintzeko dagoen saldoa Egoeraren Balantzeko Pasibo arruntetik Pasibo ez arruntera birsailkatu behar da.
III.2.– Kontratazioa.
Udalak eta Lazkao Lantzen, S.A.k ez dituzte 2013ko abenduaren 31n dagozkion aginpideak ebatzi kontrataturiko kanpo zerbitzuak zuzen egikaritzeko, Administrazio Publikoaren eta kontrataturiko enpresetako langileen arteko harremana argi utziko dutenak, 20/2012 Errege Dekretu Legearen Xedapen Gehigarri lehenengoak agintzen duen moduan.
Txosten hau idatzi dugun datan, Lazkao Lantzen, S.A.k ez dauka erregulazio harmonizatuari lotzen ez zaizkion kontratuen esleipenerako kontratazio prozedurak arautuko dituzten kontrataziorako barne aginpiderik, publikotasun, lehia, gardentasun eta ez bazterkeria printzipioen eraginkortasuna bermatuko dutenak; ez eta kontratua ekonomikoki egokien den eskaintzari esleituko zaionik ere, SPKLTBaren 191. artikuluaren arabera.
Fiskalizazio-gai izan den urtean Udalean indarrean zeuden 12 kontratu nagusiak eta Lazkao Lantzen, S.A.k esleitutako 4ak aztertu ondoren, honako alderdi hauek azaleratu zaizkigu (ikus A.16):
– Kale garbiketa zerbitzua emateko administrazio kontratu berezia 2007ko otsailaren 1ean esleitu zen, 2,2 milioi euroren zenbatekoan, 8 urteko iraupenarekin eta gehienera beste 8 urtetarako biurteko luzapenak egiteko aukerarekin. SPKLk, esleipen horren ondoren onartu zenak, prestazio hori zerbitzu kontratu modura kalifikatzen du, gehienera 6 urteko iraupenarekin luzapenak barne; honen aurrean, komenigarria litzateke behin kontratuaren indarraldia amaitua dela, kontratazio espediente berria izapidetzea (3. espedientea).
– Lazkao Lantzen, SAk garatuko dituen jarduerak kudeatu eta administratzeko kontratua, 2013ko ekitaldian 87.744 euroren egikaritza izan duena, 2004an esleitu zen indarraldi-epe jakinik mugatu gabe, APKLTBaren 198. artikuluak adierazitako terminoetan, sozietateari agindutako hirigintzako jarduerei lotu baitzitzaion. Gure lana egin dugun datan jarduera horietako bakarra zuen amaitua eta Administrazio Kontseiluak 2015ean kontratua amaitzea onartu zuen (9. espedientea).
– 2 obra kontratutan eta zerbitzu kontratu batean, Udalak 2,4 milioi euroan esleitu zituenetan, pleguek prezio irizpidea balioztatzerakoan gehieneko muga jasotzen dute; bada, lehiatzaileek euren proposamenetan hortik gora eskain ditzaketen balizko hobekuntzak ez dira balioztatuko. 3 prozeduretan proposamenen % 80 baino gehiago bat etorri dira gehieneko mugarako ezarritako zenbatekoarekin eta litekeena da prezio onuragarriagoak eskuratzeko oztopo izatea (1., 2. eta 5. espedienteak).
– Udalak 2,2 milioi euroren zenbatekoan esleitutako kontratu batean, pleguetan eskatutako behin betiko bermea APKLTBaren 36. artikuluan eskatutakoa baino txikiagoa da, izan ere urtekoaren zenbatekoaren gainean kalkulatu da eta ez kontratuaren prezio osoaren gainean (3. espedientea).
– Udalak guztira 2,3 milioi euroren zenbatekoan esleitutako kontratu bat eta gauzatutako beste bi, GAOn argitaratu behar ziratekeen, APKLTBaren 93.2 artikuluan edo SPKLTBaren 154. artikuluan arautua dagoen moduan.
– Udalak guztira 3,7 milioi euroan esleitutako 3 kontratutan aldaketak egin dira, obra edo zerbitzuen kostua merkatzea ekarri dutenak; horiek, baina, agiri administratiboan jaso behar ziratekeen, bi aldeen onespena jasoz, APKLTBaren 101. artikuluan edo SPKLTBaren 219. artikuluan arautua dagoen moduan (2., 3. eta 4. espedienteak).
– Lazkao Lantzen, S.A. 3,6 milioi euroan esleitutako 2 obra kontratutan ez dira obrak abiarazten dituzten zuinketa egiaztatzeko aktak egin, SPKLTBaren 229 artikuluak agintzen duen moduan (7. eta 8. espedienteak); gainera, Udalak 1,1 milioi euroan esleitutako kontratu batean eta Lazkao Lantzen, S.A.k esleitutako kontratu batean ez dira harrera aktak gauzatu, SPKLTBaren 235. artikuluak agintzen duen moduan (1. eta 7. espedienteak).
– Udalak 2,4 milioi euroan esleitutako 2 obra kontraturen egikaritzan berandutzak izan dira (3 eta 9 hilabete); ez ditu, ordea, inongo kontratazio organok dagozkion epe luzaketak onartu, SPKLTBaren 213. artikuluak agintzen duen moduan (1. eta 2. espedienteak).
Gainera, 2013ko ekitaldiko gastuaren egikaritza aztertzean udalak 67.176 euroren gastua egikaritu duela ikusi da, zuzenean esleituz hirigintza eta arkitekturako laguntza zerbitzua; ordea, gutxienez, publikotasunik gabeko prozedura negoziatua izapidetu behar zatekeen. Gainetik, gomendagarria litzateke kontratu beharrizan honen aurreikusgarria den denbora muga aztertzea, kontratuaren zabala eta ezargarria zaion kontratazio prozedura zehaztearren.
III.3.– Berankortasuna eta bestelako alderdiak.
– Udal artekaritzak ez ditu merkataritzako eragiketen ordainketarako aurreikusitako epeak bete izanari buruzko hiruhileko txostenak mamitu 2013ko ekitaldian, GFAri igorri behar zaizkionak; halaxe agintzen du merkataritzako eragiketetan berankortasunaren aurkako borrokan neurriak ezartzen dituen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen 4.3 artikuluak; lege honek abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldarazten du. Kontratazioko laginean jasoak zeuden Udalak esleitutako espedienteen analisian 297.444 euroren ordainketak egin direla ikusi da (aztertutako guztiaren gainean % 13 egiten duten 5 ordainagiri); ordainketa horiek ezarritako epea batez beste 29 egunetan gainditzen dute.
– Lazkao Lantzen, S.A.ri dagokionez, 2013ko ekitaldiko Urteko Kontuen Oroitidazkian jakinarazi da ekitaldi horretan egindako ordainketa guztiek % 97,5ean betetzen dituztela legezko epeak. Nolanahi den ere, finkatutako epea batez bestean 24 egunetan gainditzen dituzten 92.370 euroren ordainketak atzeman ditugu (ordainketa guztien % 17 egiten duten 12 ordainagiri).
– HEA.6 Iturgaitzagako JU birsailkatzeko proiektua 2012ko martxoaren 30ean erregistratu zen Jabetzaren Erregistroan. 2012ko ekainaren 28an izenpetutako hirigintzako hitzarmenean Udalak konpromisoa hartu zuen zenbait lursailen urbanizazioa 7 urte baino gehiago atzeratzekoa, baita unitateko biribilguneko lanei dagokienez jabe pribatuek ordaindu beharreko kopuruak ere; horren aurrean, komenigarria litzateke Udalak berme egoki eta behar adinakoak aurkez ditzaten exijitzeko beharra aztertzea, gogoan izanik proiektuko kontuaren behin betiko likidazioaren saldoaren ordainketari atxikitako iraungitze data, HEJEIHEaren 20. artikuluan finkatutakoa.
IV.– Finantza-analisia.
Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua.
Sarrera arruntak: Aztergai izan dugun aldian % 9 gehitu dira. Hona hemen bariazio azpimarragarrienak:
– Zerga zuzenak, zeharkakoak, tasak eta bestelako sarrerak: Diru-sarrera hauek 2013an % 5 egin dute behera eta 2012an, berriz, % 12 egin dute gora aurreko ekitaldiekiko. Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zerga kontzeptuan aitortutako diru-sarrerek izandako gorabeheraren eragina kentzen badugu (2012ko ekitaldian zerga sarrera guztien gainean % 15 egiten dutenak), bariazioak aztergai den aldian % 9ko igoera izan du, azpimarratzekoa delarik 2013ko ekitaldiak 2012koarekiko izan duen % 10eko igoera. Bariazio nagusiak honako hauek izan dira:
– Zerga zuzenak: aitortutako sarrerek % 11 egin dute gora 2013ko ekitaldian eta OHZari dagozkionak gailentzen dira (% 13ko igoera), batik bat tipo zergagarria gaurkotu izanaren ondorioz (% 2,4), hutsik dagoen etxebizitzagatiko gainkargua ezarri izanaren ondorioz eta ondasun higiezinen alta berrien ondorioz.
– Tasak eta bestelako sarrerak diru-sarrerek % 9 egin dute gora 2013ko ekitaldian, 116.726 euroren diru-sarrera aitortu izanaren ondorioz, 2012ko ekitaldiko BEZaren aitorpena erregularizatzeari dagokiona.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: Diru-sarrera hauek % 11 egin dute gora aztertutako aldian, batik bat, UFFFetik eratorritako itunpeko zergen kontzeptuan aitortutako diru-sarrerek izan duten bilakaeraren ondorioz.
Funtzionamendu gastuak: Magnitude honek % 3 egin du behera aztergai izan dugun aldian. Hona hemen alderdi esanguratsuenak aurrekontuko kapituluen arabera:
– Langile gastuak: Azpimarratzekoa da aurrekontuko kapitulu honek 2013ko ekitaldian aurrekoarekiko % 3ko igoera izan duela. Esan beharrekoa da 2012ko ekitalditan ez zela abenduko aparteko ordainsaria ordaindu 57.895 euroren zenbatekoan, 20/2012 LED betez eta 2013ko ekitaldian produktibitate kontzeptuan kopuru bereko hileko soldata bat ordaindu dela. Homogeneotasun terminoetan bi ekitaldiak alderatzen baditugu, 2013ko gastuak % 6 egin du behera aurreko ekitaldiarekiko, nagusiki kontratazioak gutxitu direlako eta Elkarkidetzari erretiroko kontingentziak estaltzeko egiten zaizkion ekarpenak bertan behera utzi direlako.
– Ondasun arrunt eta zerbitzuen erosketa: Aurrekontuko kapitulu honetako gastuak % 6 egin du behera aztertutako aldian, batik bat jaietako gastuak eta ludoteka eta gaztelekuko zerbitzu gastuak murriztu direlako eta etxez etxeko laguntza zerbitzuko erabiltzaileei eskaintzen zaizkien orduak ere urritu direlako nagusiki.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: Azpimarratzekoa da 2013ko ekitaldiko gastuak izan duen % 13ko igoera, udalerriko ikastetxe bakarrari eraikinetako baten teilatua konpontzeko emandako aparteko diru-laguntza baten ondorioz; baita gizarte larrialdiko laguntzen igoera ere.
Aurrezki gordina eta aurrezki garbia: Aurrezki gordina positiboa da aztertutako aldiko 3 ekitaldietan; aurrezki garbiak, berriz, saldo negatiboa erakutsi du 2011ko ekitaldian, ekitaldi horretako finantza mailegu bakarra, 1,4 milioi eurorena, aldez aurretik baliogabetu izanaren ondorioz. Bi magnitudeek 2013ko ekitaldian sarrera arrunten gainean, hurrenez hurren, % 28 eta % 23 egin dute.
Zorpetzea: Aztertutako hiru ekitaldietan «Finantza pasiboak» kapituluan 2009ko ekitaldiko UFFFaren likidazio negatiboa kontabilizatu da; GFAk horren itzulketa 3 ordainketetan geroratu zuen urteko 241.363 euroren zenbatekoarekin. Gainera azpimarratu behar da 2011ko ekitaldian Udalak zuen finantza mailegu bakarra aldez aurretik amortizatzea erabaki zuela, 1,4 milioi euroren zenbatekoduna.
2013ko ekitaldian, Udalak 1,3 milioi euroren finantza mailegua izenpetu du, 1,5 urteko gabealdiarekin, behar-beharrezkoa duena HEA.6 Iturgaitzagako JUren hirigintzako egikaritza abiarazteko. Maileguaren zenbatekoa Sozietateari eman zaio agindutako lanen egikaritza mailaren arabera eta 2013ko abenduaren 31n 766.674 euroren zenbatekoa baliatu du.
Kapital eragiketen emaitza: Magnitude honek saldo negatiboa erakutsi du aztertutako aldian eta defizit hau 2012 eta 2013ko ekitaldietan finantzatzea lortu da, ekitaldietako bakoitzean eskuratutako aurrezki garbi positibo bidez. Esan beharrean gara inbertsio nagusienak kooperazio sistema baliatuta gauzatutako egikaritza unitateen hirigintzako zamei dagozkiela, zeinetan jabe pribatuek horren finantzaketan esku hartzen duten jabetza ehunekoaren arabera (Iturgaitzaga, Kanpandegi eta CAF).
Eragiketa ez finantzarioen emaitza: Aurrezki garbiak saldo positiboa du aztertutako ekitaldi guztietan.
Diruzaintza geldikina: 2013ko ekitaldian % 114ko igoera izan du, izan ere, aurrezki garbia eskuratu da, ekitaldian egikaritutako kapital eragiketak egikaritza unitateen jabe pribatuen atxikitako diru-sarrerekin finantzatu dira eta beste administrazio publiko batzuek diru-laguntzak eman dituzte. HKEEk proposatu zituen 455.500 euroren doiketak aintzat hartuz gero, magnitude horrek 2013ko abenduaren 31n 2,3 milioi euro egingo lituzke.
Ondorioa: Lazkaoko Udalak 2012ko eta 2013ko ekitaldietan aurrezki garbi positiboa erakutsi du, urteko inbertsioak finantzatzeko nahikoa dena; are, Diruzaintza Geldikinaren saldoa gehitzeko bide eman du. Horrek guztiak Udala kaudimen ekonomikoko egoeran jartzen du, ohiko funtzionamendurako behar hainbateko baliabideekin eta zorpetu beharrik izan gabe, etorkizuneko inbertsioei berezko baliabideekin aurre egiteko.
Aurrekontuaren egonkortasuna: 1/2013 Foru Arauan ezarritakoari jarraiki, Udalaren Kontu-hartzailetzak txostena egin du aurrekontuaren egonkortasun printzipioa, zor publikoa eta gastuaren araua betetzen zela adieraziaz. 2013ko ekitaldiko Aurrekontu Likidazioari buruzko txostenean KESeko arauen arabera, honakoa egiaztatu dugu:
– Aurrekontuaren egonkortasun helburua bete dela, ekitaldian 1,5 milioi euroren superabit doitua eskuratu baita.
– Zor publikoaren helburua bete dela, diru-sarrera arrunten gaineko indarreko zorra % 20koa baita, BFAk gehienezkotzat ezarritako % 95 baino txikiagoa.
– Gastuaren araua bete dela, 2013ko eta 2012ko ekitaldietako aurrekontu likidazioen artean zenbagarria den gastuak behera egin izanaren ondorioz.
Lazkao Lantzen, S.A.ri dagokionez esan behar dugu Sozietatea ez dagoela sektore publikoko erakundeen ondasun-zerrendan sailkatua eta Udalak ez duela erakunde horren gaineko informaziorik igorri GFAren Ogasun eta Finantza Sailera, behin-behinean sailkapena egin dezan. Udalaren Kontu-hartzailetzak ez du 2013ko abenduaren 31n Sozietate Publikoaren finantza orekako egoerari buruzko txostenik eman eta Kontuen Europako Sistemaren arabera 3.564 euroren galerak aurkeztu ditu.
V.– Urteko kontuak.
V.1.– Udala.
V.2.– Lazkao Lantzen, S.A. Sozietate Publikoa.
ALEGAZIOAK
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak onartutako Lazkaoko Udalaren 2013ko fiskalizazio-emaitzen aurrean, Udal honek ondorengo alegazioak egiten ditu:
Iritziaren 2. paragrafoan adierazten den inbertsioetatik eratorritako konpromezu kredituei buruzko informazioa, udalaren urteko kontuetan jasotzen ez dena, zuzenean Udal honentzako gastu erreala zen 551.066 eurori dagokio, eta honek 2013ko itxieran higiezin ez finantzarioaren % 2,7 suposatzen du. Gure iritziz, hau ez zen errelebantea.
Gainera, Lazkao Lantzen, S.A. elkartearen urteko kontuak kudeaketa emate honen inguruko egikaritzearekin zerikusia duten saldoen azalpena egiten dute, bai gastuena eta bai gainontzeko jabeei erreperkutitutako sarrerena ere.
Zenbatekoaren gainontzekoa, 2,2 milioi, guneko gainontzeko jabeen konturakoak dira ez liekete udalaren finantza egoerari ukituko.
Arrazoi hauengatik, ulertzen dugu era honetako informazioa memorian sartzeari buruzko HKEEren gomendioa, hala ere, gehiegizkoa iruditzen zaigu «urteko kontueri buruzko iritzia» atalean salbuespen gisako bere kontsiderazioa.