EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2017018

15/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskal Estatistika Erakundearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, master amaierako lanen zuzendaritzarako.

Xedapenaren zenbakia: 201700015
Xedapenaren data: 2017-01-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201700477
Maila: Ebazpena
Euskal Estatistika Erakundeak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskal Estatistika Erakundearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, master amaierako lanen zuzendaritzarako. Testu hori honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 16a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 16KO 15/2017 EBAZPENARENA.
MASTER AMAIERAKO LANEN ZUZENDARITZARAKO LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA EUSKAL ESTATISTIKA ERAKUNDEAREN ARTEKOA.
Leioan, 2016ko azaroaren 3an.
ELKARTURIK:
Alde batetik, Nekane Balluerka Lasa andrea, Euskal Herriko Unibertsitatea ordezkatuz (aurrerantzean UPV/EHU), eskumenen delegazioz (UPV/EHUko errektorearen 2013ko urtarrilaren 30eko Ebazpena, 13-02-2013ko EHAA), Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreorde gisa, unibertsitateko masterrei buruz indarrean dauden proposamenen prozeduraren araudian xedatutako eskuduntzekin bat etorriz.
Eta, bestetik, Josu Mirena Iradi Arrieta jauna, Euskal Estatistika Erakundeko zuzendari nagusia (aurrerantzean Eustat), Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean jardunez, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak eta Euskal Estatistika Erakundearen Egitura Organikoa xedatzen duen urtarrilaren 25eko 12/2000 Dekretuak emandako eskuduntzekin bat etorriz eta Gobernu Batzordeak 2016ko azaroaren 2ko bilkuran emandako baimena betez.
ADIERAZTE DUTE:
Lehenengoa.– UPV/EHU irakaskuntza, ikerketa eta garapen zientifiko-teknologikora bideratutako Zuzenbide Publikoko erakundea dela, sektore eta diziplina anitzekoa. Eta horren helburua dela, besteak beste, «kalitatezko goi-mailako hezkuntza eskaintzea, ikasleen prestakuntza integralaren alde egin eta laneratze-prozesuan prestakuntza profesionala bermatze aldera».
Bigarrena.– Eustat Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren administrazio-erakunde autonomo bat dela, apirilaren 23ko 4/1986 Legearen bitartez sortua, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika ofizialaren plangintza, normalizazio eta hedapenerako erreferentziazko agintaritza gisa; eta haren helburua dela emaitza homogeneo eta alderagarriak edukitzea eta lurralde-eremu horretan estatistika-ekoizpenean parte hartu nahi duten eragileen jarduna erraztea.
Hirugarrena.– Erakunde kolaboratzaileak interesa duela ikerketa bateratua garatzeko. Horretarako, UPV/EHU eta Eustaten arteko harremanak egituratuko ditu, master amaierako lanen arloan, masa kritikoa metatzea ahalbidetuko duten ikerketa-jarduerak koordinatuz eta UPV/EHUn matrikulatutako ikasleen master amaierako lanen baldintzak ezarriz.
Laugarrena.– Uztailaren 2ko 861/2020 Errege Dekretuak moldatu egiten du urriaren 29ko 1393/2007 ED, unibertsitateko irakaskuntza ofizialen ordenamendua ezartzen duena. Azken horren 15.2 artikuluak jasotzen duenez, unibertsitateko irakaskuntza ofizialek barne hartu beharko dituzte, beste jarduera batzuen artean, lan gidatuak eta master amaierako lanak, Unibertsitate Masterrei dagozkien ikasketa ofizialen kasuan, behinik behin.
Unibertsitateko master irakaskuntzari dagokionez indarrean dauden proposamen-prozedurei buruzko araudiaren arabera, profesional eta ikertzaileek parte hartu ahal izango dute, baldin eta unibertsitateko irakasleak ez badira; betiere, unibertsitateko masterreko Batzorde Akademikoak gainbegiratuta. Kasu horretan, irakasle parte-hartzaileak barne hartzen dituen erakundearen baimena jaso beharko du masterraren arduradunak.
Bosgarrena.– Aurretik adierazitakoa kontuan izanik, parte hartzen duten aldeen lankidetza instituzionalizatzeko asmoz, alde biek elkarri aitortzen diote hitzarmen hau izenpetzeko beharrezko legezko gaitasuna, honakoen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen xedea da UPV/EHU eta Eustaten arteko lankidetza-programa ezartzea, graduondoko ikasketen master amaierako lanei dagokienez, UPV/EHUn matrikulatutako ikasleek Unibertsitate Masterreko titulazioa eskura dezaten.
Bigarrena.– Master amaierako lanen Zuzendaritzan konpromiso akademiko eta administratiboak.
Master amaierako lanen zuzendaritzarekin lotutako jarduerei ekin baino lehen, hitzarmen honekin batera doan I. Eranskina izenpetu beharko dute alde biek, gutxienez, honako datuak zehaztuta:
● Master Programa.
● Master amaierako lana hasten den ikasturtea.
● Masterreko ikaslearen datuak.
● Master amaierako lana koordinatuko duen Eustaten saila.
● UPV/EHUko tutore akademikoa.
● Master amaierako lanaren zuzendari jardungo duen Eustateko langilea.
● Master amaierako lana egiteko egutegi eta ordutegien proposamena.
Hirugarrena.– UPV/EHUren konpromiso espezifikoak.
● UPV/EHUk konpromisoa hartzen du horien harira burutzen diren jarduera guztietan Eustaten lankidetza berariaz aipatzeko.
● Master irakaskuntza arautzen duen unibertsitateko araudiaren gaineko informazioa Eustaten eskura jartzea.
● UPV/EHUk hitzarmen honen edukien berri emango die ikasleei.
● Ikasleak bere datuak lagatzea onartzeko konpromisoa hartzen du, hamabigarren klausulan jasotako ondorioetarako.
Adierazitakoaren ondorioz, UPV/EHUk ikasle bakoitzak izenpetutako dokumentuaren kopia emango dio Eustati.
Laugarrena.– Eustaten konpromiso espezifikoak.
● Unibertsitate Masterretan parte hartzea, master amaierako lanak zuzenduz.
● Master irakaskuntza arautzen duen indarreko araudia betetzea.
● Ikasleek egin beharreko master amaierako lanak egoki burutzeko beharrezko materiala ematea eta jaso dezakeen ikasle kopurua zehaztea.
● Ikasleei master amaierako lana burutzeko beharrezko dokumentazioa eskuratzeko aukera erraztea, estatistika arloko konfidentzialtasun eta sekretuari buruzko arauak errespetatuz.
● Master amaierako lanen defentsa egin aurretik idatzizko txostena egitea.
Bosgarrena.– Master amaierako lana egiten duten ikasleen eskubide eta betebeharrak.
Hitzarmen honetatik eratorritako eskubide eta betebeharrak honakoak dira:
● Masterra egingo duen ikasturteari dagokion matrikula egitea, tutoretza akademiko moduan.
● Master amaierako lana egiten hastea adostutako data eta baldintzetan.
● Master amaierako lana dilijentzia eta aprobetxamendu egokiz burutzea, master amaierako lanean jasotako jarduera-planaren arabera eta onartutako baldintza espezifikoak betez.
● Master amaierako lanaren Zuzendariarengandik idatzizko txostena jasotzea, horren defentsa egin aurretik.
● Master amaierako lanaren garapen egokiari eragiten dion edozein gertakariren berri ematea master amaierako lanaren Zuzendari diharduen Eustateko langileari.
● UPV/EHUko tutorearekin harremanetan egotea master amaierako lanak iraun bitartean, eta sor litekeen edozein gertakariren berri ematea.
● Eustaten jasotako datuen gaineko sekretu profesionala eta konfidentzialtasuna zorrozki errespetatzea.
● Jabetza intelektual eta industriala, gai hori arautzen duen legedian xedatutako terminoetan.
● Hitzarmen honen klausulek ez dute, inola ere, Eustaten titulartasunpeko jabetza intelektual eta industrialaren eskubideak laga edo eskualdatzerik ekarriko.
Seigarrena.– Ikaslearen eta Eustaten arteko harremana.
1.– Eustatek, hitzarmen hau izenpetuta, ez du bertan xedatutako konpromisoetatik harago doazenik hartuko; hala, hitzarmenak ez du, inola ere, lan-kontratuen berezkoak diren betebeharrik eragingo.
2.– Master amaierako lanarekin lotutako jardueren xedea prestakuntza izaki, jarduerok burutzeak ez du, inola ere, lan-harreman baten berezkoak diren betebeharrik eragingo, eta lanaren edukiak ezin izango du lanpostu baten berezko lan-prestazioa ordezteko biderik eman.
Zazpigarrena.– Master amaierako lanaren jarduera-plana.
Master amaierako lana zuzentze aldera, Masterreko Batzorde Akademikoak koordinatuko ditu egin beharreko jarduerak, eta horiei dagokien planaren berri emango die master amaierako lanetan zuzendari diharduten Eustateko langileei, hitzarmenaren xede diren jarduerak abiarazi baino lehen.
Zortzigarrena.– Master amaierako lana zuzentzeko koordinazioa.
UPV/EHUri dagokionez, erakunde horrek berak izendatutako irakasleak jardungo du tutore akademiko lanetan, aplika daitekeen araudiaren arabera.
Tutore jardunean, honako funtzioak izango ditu:
● Master amaierako lanean ezarritako jarduera-planaren jarraipena.
● Lanen jarraipen eta ikuskapena, sor litezkeen arazoak ebatziz.
Eustaten aldetik, erakundeak proposatutako pertsonak jardungo du ikasleen zuzendari lanetan, UPV/EHUko Masterreko Batzorde Akademikoak izendatuta.
Zuzendariak honako funtzio hauek izango ditu:
● Master amaierako ikasleen lan-plana finkatzea.
● Ikasleei orientazioa eta laguntza eskaintzea lanaren garapenean izan ditzaketen zalantza eta zailtasunak gainditzeko
Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren jarraipen-batzordea.
Hitzarmen hau sinatzen duten erakundeek jarraipen-batzorde bat sortuko dute, osaera paritarioa izango duena.
Batzorde horrekin bat egin ahal izango dute alde bien adostasunez izendatutako beste kide batzuek.
Batzordea arduratuko da master amaierako lanaren garapenean edo hitzarmenaren betearazpenean sor litezkeen interpretazio- eta exekuzio-arazoak ebazteaz.
Hamargarrena.– Masterraren Kalitatea Bermatzeko Jarraipen Batzordea.
Unibertsitate masterreko prestakuntza-programa barne hartzen duen UPV/EHUko ikastegia arduratuko da haren Kalitatea Bermatzeko barne kudeaketa, koordinazio eta jarraipenaz.
Programaren jarraipena egiteko ardura masterraren Kalitatea Bermatzeko Barne-jarraipen Batzordearena izango da.
Batzorde horretan Eustateko kide bat sar daiteke, erakunde kolaboratzailearen ordezkari gisa, baldin masterraren ardura duen ikastegiaren adostasunez bada.
Hamaikagarrena.– Asegurua.
● Eskola-aseguruaren aplikazio-muga, ikasle espainiar zein atzerritarrentzat, 28 urtera bitartekoa da. Hala ere, eskola aseguruaren osagarri izango den asegurua izan nahi duten ikasleek aukera izango dute Unibertsitateak hitzartutako «CUM LAUDE» istripuen poliza kolektiboa izenpetzeko.
● Hitzarmen honen xede diren master amaierako lanak egiten dituzten 28 urtetik gorako ikasleek kontratatuta eduki beharko dute istripu eta gaixotasun aseguru propioa, edo aurreko paragrafoan adierazitako «CUM LAUDE» Asegurua izenpetu.
● UPV/EHUk erantzukizun zibileko poliza bat hitzartuta dauka, ikasleek master amaierako lanaren garapenean hirugarren aldeei eragin liezazkieketen kalteak estaltze aldera.
● Ez Unibertsitatea ez ikaslea ez dira erantzule izango zuzendariak emandako agindu edo jarraibideen ondorioz eragin litezkeen kalteei dagokienez, ez behintzat horiek master amaierako lanaren jarduera-planean agertzen ez badira.
Hamabigarrena.– Ikasleari buruzko datuen babesa.
Master amaierako lana Eustaten egiten duen ikaslearen datuak hitzarmen honetan jasotako helburuetarako soilik erabiliko ditu erakundeak.
Hamahirugarrena.– Hitzarmenaren interpretazio-erregimena.
● Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta aplika daitekeen ordenamendu juridiko administratiboaren arabera arautuko da honen interpretazio eta garapena.
● Hitzarmenaren edo horren betearazpenaren ondorioz izan litezkeen arazoak Jarraipen Batzordeak ebatziko ditu, hitzarmen honen bederatzigarren klausulan aurreikusi legez.
Hamalaugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen hau izenpetzen den unetik aurrera egongo da indarrean, betiere, indarreko lege-esparru eta araudiaren arabera, dagokion organoak ikasketa horiek onartu baditu eta alde sinatzaileetako batek salaketarik aurkeztu ez badu. Edozelan ere, horrelakorik gertatuz gero, idatziz jakinarazi beharko dio beste aldeari, hemen adostutakoak eraginik ez izatea nahi duen ikasturtea hasi aurretiko martxoa baino lehen.
Hitzarmenaren salaketa idatziz egin beharko da, eta ez du berau aurkeztu den unean burutzen ari diren praktiketan eraginik izango, Zazpigarren Klausulan praktiken deuseztapen aurreratuari buruz xedatutakoaren kalterik gabe.
Hamabosgarrena.– Deuseztatzeko arrazoiak.
Hitzarmen hau honako arrazoietako edozeinengatik iraungiko da:
● Alde sinatzaileen adostasunez edo aldeetako baten salaketaren ondorioz, hamazazpigarren klausulan jasotako terminoetan.
● Hitzarmen honen xede diren ikasketa ofizialen desagerpena.
Hamaseigarrena.– Master amaierako lanaren bukaera, Hitzarmena iraungitzen den kasuan.
Hitzarmena iraungita, master amaierako lana egiten ari diren ikasleei lana finantzatzeko aukera bermatu behar zaie.
Eta, adostasun eta onarpena adierazteko, hitzarmen honen bi ale sinatzen dituzte aldeek, hasieran adierazitako leku eta datan.
Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
(Sinadura eta zigilua).
Eustateko zuzendari nagusia,
JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.
(Sinadura eta zigilua).