EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2017017

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Lahozko (Araba) instalazioetan haragitarako behi-aziendaren abeltzaintza-jarduera garatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena, Haragi Kalitatean Aitzindari Group, S.L.k sustatua.

Xedapenaren data: 2017-01-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201700449
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2016ko uztailaren 8an, Gaubeako Udalak osatu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak aurkeztutako eskabidea, Lahozko (Araba) instalazioetan haragitarako behi-aziendaren abeltzaintza-jarduera garatzeko proiektuari buruzkoa, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hastekoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluaren arabera. Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a artikuluan kokatzen da proiektua, aipatu arauaren II. eranskinaren 1. taldearen f hizkian jasota baitago.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 2016ko irailaren 20an, ingurumen-organoak kontsulta egin zien interesdunei eta proiektu honen eraginpeko administrazio publikoei, interesekoa izan daitekeen informazioa biltzeko eta aipatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazteko.
Zehazki, erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Ingurune Naturala eta Ingurumen Planifikazioaren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (Eusko Jaurlaritzaren erakundeak); Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Uraren Euskal Agentziaren bidez; Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritza eta Euskara, Kultura eta Kirola Zuzendaritza (Arabako Foru Aldundiaren erakundeak), eta Arabako Ekologistak Martxan.
Kontsulten izapidea amaituta, hauen erantzunak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Ingurune Naturala eta Ingurumen Planifikazioaren Zuzendaritza, Uraren Euskal Agentzia (Eusko Jaurlaritzaren erakundeak) eta Euskara, Kultura eta Kirola Zuzendaritza eta Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritza (Arabako Foru Aldundiaren erakundeak), eta espedientean jasota dago emaitza. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege honen helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan, eta alternatiba egokienak aukeratzeko, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, jardueren eragin metagarri eta sinergikoak aintzat hartuta.
Abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horren II. eranskinean dauden proiektuei. Beraz, ingurumen-ebaluazioaren arloko indarreko legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio sinplifikatua egingo zaio Lahozen (Araba) haragitarako behi-aziendaren abeltzaintza-jarduerari, zeina Haragi Kalitatean Aitzindari Group, S.L.k sustatzen baitu. Ebaluazio horrek zehaztuko du proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion ala ez.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio, erakunde eskuduna da otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren eta Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 9ko 21/2013 Lege Orokorraren arabera. Txosten horretan aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion ala ez.
Xedapen hauek ikusi dira: Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; ingurumen-ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, baita aplikatzekoa den gainerako araudia ere, eta, beraz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Lahozen (Araba) haragitarako behi-aziendaren abeltzaintza-jarduerari, zeina Haragi Kalitatean Aitzindari Group, S.L.k sustatzen baitu, ingurumen-inpaktuaren gaineko txostena egitea, jarraian jasotzen den bezala.
A) Haragitarako behi-azienda gizentzeko abeltzaintza-jarduera erdi-estentsiboa garatzen du proiektuak. Orotara, 1.250 abelburu jasotzen dira gehienez, ustiategian sartzen diren unean 3 hilabeteko errapeko animalietatik 24 hilabeteko animalietara, zeinak instalaziotik ateratzen baitira akabatuak izateko Haragi Kalitatean Aitzindari Group, S.L.rena den hiltegian, Zestoan.
B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honek aztertzen du ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat datorren proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia.
1) Proiektuaren ezaugarriak:
Ustiaketaren eta inguruaren ezaugarriek ahalbidetzen dute maneiu erdi-estentsiboa egitea, zeinaren oinarria baita errapeko animaliek bazkak aprobetxatzea eta animalia horiei elikadura osagarria ematea.
Jarduera jada badiren eraikinen multzo egokituan egiten da, zeinak aziendaren estabulaziora eta elikagaiak eta nekazaritzako makineria biltegiratzera bideratuak baitaude. Eraikin guztiak oinplano angeluzuzenekoak dira, eta zenbait albo irekiak dituzte. Partzela urbanizatua dago, eta sarbide egokiak ditu nekazaritzako makineria, azienda eta elikagaiak garraiatzeko eta hondakin organikoak kentzeko.
Hauek dira jada badauden eraikinak:
– 1. eraikina: 2.045 m
– 2. eraikina: 931 m
– 3. eraikina: 594 m
– 4. eraikina: 4.399 m
– 5. eraikina: 1.314 m
– Antzinako minda-putzua: erabiltzen ez den putzu bat da, egoera erdinaturalizatuan dagoena. Euri-uraz elikatzen da nagusiki.
– Simaurrak biltegiratu eta konpostatzeko partzela.
1. eta 5. eraikinek hartzen dituzte ustiategira heltzen diren 3 hilabetetik urtebetera bitarteko errapeko animaliak, 720 abelbururaino har ditzakete, gehienez. Maneiu erdi-estentsibo bat egiten da aldi horretan, gauaz ukuiluan egonez eta egunez belardira larratzera irtenaz. Lasto eta belar onduarekin osatzen da dieta.
4. eraikina, azalerarik handiena duena ustiategian, urtebete eta bi urte arteko 530 gizentzeko abelburu har ditzake, animaliak akabatu arte. Instalazioaren korridore batean elikatzen dira, zeinetan lastoz eta kontzentratuz hornitutako elikagailuak baitaude.
Animalien maneiua azpi bero bidez egingo da eremu horretan, eta lasto xehatua gehituko da hormigoi armatuzko zoru iragazgaitzean deiekzioen atal likidoa xurgatzeko, eta sortutako simaur solidoak aurrealdeko pala kargatzailedun traktorea erabiliz kenduko dira aldian-aldian.
Eraikinek harrizko enkatxoaren gaineko hormigoizko zoladura dute, 15 cm-ko lodierakoa, eta, kanpora atera behar izanik gabe, simaurrak behar bezala kudeatzeko beharrezko desnibela eta simaurra biltegiratzearen ondorioz sor litezkeen lixibiatuak behar bezala kudeatzeko beharrezko malda dutenak. Lixibiatuak behar bezala kudeatzen direla bermatzeko, abeltzaintzarako erabilitako eraikinen zoladurak malda bat du, non lixibiatuak jasotzeko eta, kasu bakoitzean, hobi txiki estanko batera garraiatzeko ardura duten hainbat hustuleku existituko baitira. Hobi hori poliester motako aurrefabrikatua izango da, eta bertara bideratuko dira lixibiatuak PVCzko hoditeria estankoaren bidez.
Urak jasotzeko alboetan ezarrita dauden erretenen sistema baten bidez jasoko dira euri-urak, eta, PVCzko zorroten bidez, horien oinarrian jada badauden kutxatiletaraino eramango dira, eta, handik, partzelaren albotik doan erreten hurbileneraino.
Ur-hornidura dela eta, argitu beharko da, ea, proiektuan aipatu bezala, instalazioek lotura baduten ur edangarriaren Lahozko udal-sarearekin edo ea, ingurumen-inpaktuaren agirian azaltzen den bezala, biltegiratutako ura «Los Alemanes» presatik hartzen den eta, puntualki, Lahozko biztanleak hornitzen dituen presaren ondoan dagoen zundaketa batetik aterea den. Egunero, 52.500 litro behar direla kalkulatzen da.
2) Proiektuaren kokapena:
Gaubean (Araba) garatzen da proiektua, Lahozko herrigunearen hego-ekialdean, zoru ez-urbanizagarrian. Ustiategiak 299,6 Ha ditu, sustatzaileek deklaratuak.
Hauek dira esparruaren ingurumen-ezaugarri nagusiak:
– Valderejo-Sobrón-Arcenako mendilerroa Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatu espazioaren barnean dago, 47/2016 Dekretuaren bidez onartuak biak.
– Valderejoko Pake Naturalaren barnean dago, urtarrilaren 14ko 4/1992 Dekretuaren bidez deklaratua.
– Puron ibaiaren zaintza-eremuan gauzatzen da jarduera, haren eskuin aldean eta bi afluenteen artean.
– Interes hidrogeologikoko guneen eta akuiferoen kalteberatasun oso handiko gunearen eraginpean dago.
– Valderejoko Istilak identifikatzen dira, Hezeguneen Inbentariokoak diran (I. taldea).
– Bat egiten du Korridore Ekologikoen sarean konektatzen den espazio nukleoaren atal batekin.
– Bat egiten du Hegazti nekrofagoen kudeaketa-plana elikatzeko Interes bereziko eremuaren eta Babes Eremuaren atal batekin.
– Duen balio handiarengatik, paisaia nabarmendu gisa kalifikatua dago EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren Aurreproiektuaren barnean.
– Valderejoko itxitura periantiklinala Interes Geologikoko Toki identifikatzen da.
3) Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak ikusirik, hauei buruzkoak dira gerta litezkeen inpaktu posibleen ezaugarriak:
– Batetik, Valderejo-Sobrón-Arcena mendilerroa Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren ingurumen-inpaktuak, Valderejo-Sobrón-Arcena mendilerroa (ES2110024) Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatzeko martxoaren 15eko 47/2016 Dekretuaren arabera, haren kontserbazio-neurriekin, eta, bestetik, Valderejoko Parke Naturalaren ingurumen-helburuak urtarrilaren 14ko 4/1992 Dekretuaren bidez deklaratua. Arabako Foru Aldundiaren Natura Ondarearen Zerbitzuaren 2016ko abenduaren txostenean irizten da proiektua nahikoa kotatua dagoela espazialki, eta inpaktu posibleak hain argi zehaztuak; hain ongi zehaztuak ere, non hura kontrolatzeko, eta, hala behar bada, zuzentzeko neurri zuzenak ezartzen badira, nahikoa baita inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuarekin.
– Flora eta faunaren gainean: flora eta fauna mehatxatuaren gaineko inpaktua minimizatzeko neurri egokiak ezarri beharko dira, gisa horretan, inpaktu esanguratsu bat eragitea ez dadin aurreikusgarria izan. Arabako Foru Aldundiaren eskumenekoa den departamentuaren nahitaezko txosten loteslea izan beharko du proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen intereseko hegazti nekrofagoen Baterako Kudeaketa Plana aplikatuz, Ingurumen eta Hirigintza Departamentuaren maiatzaren 22ko 229/2015 Agindu Foralaren bidez onartutako plana.
– Ingurumen hidrikoaren gainean: isurien eragin posiblea tratatu beharko da, baita simaurraren lixibiatuetatik eratorritako inpaktuak ere. Halaber, aintzat hartu beharko dira hornidurarako ur-bilketako inpaktu posibleak. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ezarritako emarien errespetua bermatu beharko da.
– Atmosferaren gainean: Lahozen (Araba) dauden instalazioetan haragitarako behi-aziendaren abeltzaintza-jarduera jasota dago atmosfera kutsa dezaketen jardueren urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren katalogoaren B taldean; errege dekretu horren bidez eguneratzen da atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa, eta hori aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dira. Beraz, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiten diren instalazioak arautzeko abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, atmosfera kutsa dezakeen jarduera baimentzeko prozedurari ekin behar zaio.
Atal honen laburpen gisara, esan daiteke ezen, jardueraren ezaugarriak eta kokalekua oinarri hartuta, neurri babesleak, zuzentzaileak eta konpentsatzaileak aplikatu eta gero, ez dela aurreikusten ingurumen gaineko inpaktu esanguratsurik izango duenik.
Bigarrena.– Proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako aurkeztutako dokumentazioan eta dagozkien sektore-baimenetan aurreikusitakoaren arabera burutuko dira neurri babesleak eta zuzentzaileak. Hurrengo ataletan azaltzen diren neurriak gehitu beharko dira; gainera, obrarik balego, praktika onen eskuliburua aplikatuko da.
Bestalde, ingurumen-inpaktuaren dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren gaineko txosten honek finkatzen dituen helburuak bermatu beharko dituzte neurri hauen izariak eta kontrolerako izendatutako langile-kopuruak.
Neurri horiek guztiak jardueraren egokiera eta ustiaketarako baldintzen pleguen multzoan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute.
– Natura-ondarea babesteko neurriak:
Jarduera gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira lurzorua okupatzea dakarten jarduketak.
Eraginpeko eremuaren ingurumen-balioen babesa ziurtatu beharko da, eta larreen, txilardien eta giro horietan biltzen diren bestelako eremu hezeen egitura mosaiko irregularra mantendu, eta ingurumenaren ikuspegitik enklaberik ahulenak babestu: hezeguneak, ibai-sistema, oihan naturalak eta erdinaturalak, haitzuloak, harkaitzak, flora eta fauna mehatxatutako espezieentzako intereseko enklabeak... Horretarako, azienda oihan autoktonoko masetan sartzea saihestuko, mendi naturalen eta erdinaturalen egituraren gaineko inpaktua saihesteko. Gainera, Kontserbazio Bereziko Eremuaren eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren elementu gakoei lotutako floraren gaineko eragina saihesteko, gutxienez 10 metroko itxitura perimetrala zehaztu eta egin beharko da Narcissus asturiensis bezala ezagutzen diren lokalizazioen inguruan.
Aziendaren larratzeak eragindako zanpaketa-inpaktua minimizatzeko, gainlarratzea saihesteko xedera doitu beharko dira azienda kargak, bereziki, Valderejoko Istilen ingurunean. Ahalegina egingo da azienda ahalik eta gutxien sar dadin istila-eremuetan, eta, horretarako, uraskak eta itxiturak eraiki eta mantenduko dira.
Makineria eta ibilgailuen zirkulazio-beharraren aurreikuspen bat egin beharko da, eta beharrezko trafikoa, maiztasunari eta hedadurari dagokionez, ezinbesteko minimora murrizteko gisan antolatuko da Lanegunetan, garraio astunek zirkulatzea mugatu beharko da, ahal den heinean. Gainera, sarbideetako istripu-arriskua minimizatzeko, behar bezala seinaleztatu beharko da errepidea haren zatirik estuenean.
Ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera proiektatuko dira materialak biltegiratzeko edo aldi baterako metatzeko eremuak. Eremu horiek ezin izango dira inolaz ere kokatu intereseko landare-formazioak dituzten eremuetan eta ubidetik 5 metro baino hurbilago diren lurretan.
Bereziki, Puron errekastotik gertu egiten diren jarduketetan, kontu handiz jardun beharko da ahalik eta txikiena izan dadin ibai-ekosistema osoaren eta ibai-ertzeetako landaredien gaineko denbora- eta espazio-eragina.
– Airearen kalitatea babesteko neurriak:
Airearen kutsadurari dagokionez, jarduera horrek –atmosfera kutsa dezakeen jarduera izateagatik– izan behar duen baimenean ezarritakoa betetzeaz gain, arreta berezia jarriko zaio ahal den gas gutxien sortzeari. Horretarako, digestio-hartziduraren ondoriozko isuriak gutxitzeko eta abeltzaintza-hondakinen kudeaketa hobetzeko neurriak aztertu beharko dira.
Usainen ondoriozko eragina ahalik eta txikiena izan dadin, animalien eta instalazioen garbiketa-egoera onari eutsi beharko zaio. Gainera, simaurra lursailaren barreiatzea eta hari lotutako eragiketak (deskarga, irabiaketa, etab.) saihestuko dira, baldin eta eragozpen handiagoak eragin baditzake, asteburuak edo oporraldiak kasu, edo haizeak biziguneen aldera jotzen badu.
– Ura eta lurzorua babesteko neurriak:
Aziendarentzako ur-horniduraren jatorria argitu beharko da. Baldin eta jada badagoen sare batetik egiten bada hornidura, Lahoz eta Lalastra udalerriak hornitzen dituen hornidura kudeatzen duen entitatearen adostasuna beharko da. Aitzitik, baldin eta ura Puron ibaian bilduz egiten bada hornidura («Los Alemanes urmaela»), Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ezartzen duen emari ekologikoen erregimena bermatu beharko da. Bai ohiko egoera hidrologikoan bai lehorte luzeen kasuan aplikatuko dira emari ekologikoak; izan ere, Plangintza Hidrologikoaren Araudiaren 18. artikuluarekin bat, lehorte-egoera horietan, ez da posible emarien erregimen ez hain zorrotz bat aplikatzea, 2000 Natura Sarea izateagatik.
Azienda emarietan sartzea saihestu beharko da, eta berariaz debekatzen da hondakin-ur oro emarira isurtzea horretarako behar den baimenik gabe. Hala behar denean, instalazioetan sortutako ur sanitarioak kudeatzeko arro-erakundearen nahitaezko baimena lortu beharko da.
Estabulazio-eremuetako kanalen bidez egingo da jarioak biltzeko sistema, eta kanal horiek hainbat hobi estankotara konektatuak egongo dira isuri likidorik ez sortzeko gisan. Baldin eta gertatzen bada simaurra 1. eta 2. eraikinen artean dagoen hormigoizko zoladura iragazgaiztuan behin-behinean utzi beharra, jarioen eta hobirako deribazioen aipatu sistema erabiliko da, eta, horrela, errekastora iristea saihestuko.
Simaurtegiaren, hobien eta eroanbideen aldizkako berrikusketa- eta mantentze-eragiketak egin beharko dira haien kontserbazio-egoera ona bermatzeko, eta, horrela, segurtasun, estankotasun, epe luzerako erresistentzia eta biltegiratze-ahalmeneko baldintza saihestu edo zuzendu ahal izango dira. Biltegien segurtasuna bermatu beharko da euri-jasen ondorioz biltegi horiek ez daitezen herrestan eramanak izan.
Beraz, lur azpiko uren kutsadura prebenitzeko, instalazioak zorrotz egiaztatuko dira, eta, hala behar dutenean, fabrikako edo hormigoizko obran eraikitako elementuen iragazgaiztea indartuko da, hidrofugatze eraginkor bat bermatzen duten gehigarrien edo bestelako soluzio egoki batzuen bidez.
– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak:
Simaurren eta animalien bestelako deiekzioen Kudeketa Plana bete beharko da, Fernando López Arechavaletak 2005ean idatzitako «Dauden abeltzaintza-eraikinetan haragitarako behi-azienda gizentzeko abeltzaintza-jarduera erdi-estentsiboa eta intentsiboa legeztatzeko proiektua» delakoan aurkeztua. Jardueraren kontrolerako, fertilizazioko erregistro-liburu bat izan beharko du jardueraren sustatzaileak, eta erregistro-liburu hori egunean mantendu; bertan idatziko dira ongarritze-eragiketen datak, xede-partzelak eta haien azalera, eta eragiketa bakoitzean barreiatutako simaur kantitateak.
Abeltzaintza-ustiategien arau teknikoak, arau higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzeko irailaren 22ko 515/2009 Dekretuan definitzen dira simaurrak zabaltzeko «esklusio-eremuak»; eremu horientzat zenbait mugaketa ezartzen dira, besteak beste, ongarritze-lanek dirauten artean, ur-ibilguekiko 3 m-ko atzeratzea ezartzeko betebeharrezkotasuna. Bestalde, KBE/HBBEren kontserbazio-neurrien agiriaren 4.R.5 erregulazioarekin bat, hezegune bakoitzaren mugen inguruan 30 m-ko babes-perimetro bat ezarri beharko da, non eta ez den ezartzen haren babes-perimetro bat.
Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan kasu, karakterizatu beharko dira hondakin-mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.
Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu behar da, eta, horretarako, balorizatzeko gune baimendu batera eraman behar da. Hondakinak ezabatu edo deuseztatu ahal izango dira soilik baldin eta behar bezala justifikatzen bada ezinezkoa dela horiek teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.
Era berean, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.
Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan daudelako edo oso bustita daudelako, hondakinok isurketak edo lixibatuak sor baditzakete; bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete.
Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte –errege-dekretu horren bidez onartu zen hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko erregelamendua–, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte edukiaren isuri edo lurruntze bidezko ezein galera eragozteko.
Baldin eta Hondakinak desagertu, galdu edo isurtzen badira, jazoera hori berehala jakinarazi beharko zaie bai Ingurumen Sailburuordetzari, bai Gaubeako Udalari.
Animalia hilak aplikaziozko araudiaren arabera kudeatuko dira, arau hauen bidez, hain zuzen: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1069/2009 (EE) Erregelamendua, zeinaren bidez ezartzen baitira gizakiak jatekoak ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatzeko osasun-arauak (SANDACH araudia bezala ezagutua), eta azaroaren 8ko 1528/2012 Errege Dekretua, zeinen bidez ezartzen baitira gizakiak jatekoak ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatzeko arauak.
– Zaraten eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak:
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta isurpen akustikoei dagokienez, kanpoaldean erabilitako makinen soinu-emisioei buruzko indarreko legedian ezarritako xedapenak bete beharko dituzte erabilitako makineriak; bai eta, haientzat aplikagarria denean, kanpoaldean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakoa ere.
Baldin eta soinu-isurien fokuak ezartzen badira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezartzen diren muga-balioak bete beharko dituzte foku horiek. Era berean, aipatutako dekretuaren 35 bis artikulua aplikatuko da.
– Paisaiarekin lotutako neurriak:
Estalkien, itxituren eta gainerako eraikuntzen kanpoko akaberek ingurunearen ezaugarriekin bat datozen tonalitate kromatikoak izango dituzte. Hala badagokio, instalazioak inguratzen dituen zuhaitzak irudikatzea sustatuko da.
– Kultura ondarea babesteko neurriak:
Sustatzaileak aurkeztutako dokumentuen arabera, ez da aurreikusten ondare-ondasunari zuzenean eragitea, baina, obrek dirauten bitartean, aztarna arkeologikoren bat aurkitzen bada, Arabako Foru Aldundian arlo honetan eskumena duen departamentuari jakinaraziko zaio berehala, eta hark erabakiko du ze neurri hartu.
– Jarduketa eteteko aurreikusitako neurriak:
Edozein arrazoi dela medio, jarduketa etengo balitz, behin-behinean edo behin betiko, jarduketa-plan bat egin beharko da, zeina Gaubeako Udalari aurkeztuko baitzaio, honek onar dezan. Eraispen-hondakinen mindak eta simaurrak husteko eta kudeatzeko modua zehaztuko du plan honek, baita ingurumen- eta paisaia-inpaktuak saihesteko beharrezko neurriak hartzea ere, aplikatzekoa den indarreko araudian ezarritakoaren arabera.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik izango denik. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Lahozen (Araba) dauden instalazioetan haragitarako behi-aziendaren abeltzaintza-jarduera garatzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazioa egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea bai Gaubeako Udalari bai proiektuaren sustatzaileari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 10a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.