EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2015017

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2015eko abenduaren 22ko bilkuran hartua, «Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publiko eta Sozietate Publikoen Kontuak 2014» txostena behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2015-12-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201700445
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2015eko abenduaren 22an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
«Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publiko eta Sozietate Publikoen Kontuak 2014», txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 22a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ZUZENBIDE PRIBATUKO ERAKUNDE PUBLIKO ETA SOZIETATE PUBLIKOEN KONTUAK 2014
LABURDURAK:
EHAA: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
CADEM, SA: Energia eta Meatzen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
UUKK: Urteko Kontuak.
XG: Xedapen Gehigarria.
XI: Xedapen Iragankorra.
EEE: Energiaren Euskal Entea.
EJ: Eusko Jaurlaritza.
KBA: Kontrataziorako barneko aginpideak.
BOA: Baldintza Orokorren Agiria.
STC-ELS, SA: Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA (antzinako SPRI, SA).
SPKLTB: Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina.
EAEHONALTB: Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.
EAETB: Euskadiko aurrekontu araubidearen gaietan indarrean dauden legezko xedapenen testu bategina eta EAEren Fundazio eta Partzuergoei ezargarria zaien aurrekontuko araubidea arautzen duena.
HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.
Visesa: Euskadiko Etxebizitza eta Lurzorua, SA.
BOE: Babes Ofizialeko Etxebizitzak.
ES: Etxebizitza Soziala.
I.– Sarrera.
HKEEren urteko lan programak EAEren 2014ko ekitaldiko zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta sozietate publikoen kontuen fiskalizazioa barne hartzen du.
HKEEk otsailaren 5eko 1/1988 Legean eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak onartutako Lanerako Planean ezarritakoari jarraiki, Visesa sozietatearen eta EEE erakundearen 2014ko ekitaldiko urteko kontuen fiskalizazioa mamitu du, EAEren zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta sozietate publikoen kontuen fiskalizazio esparruan barne hartzen direnak.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 7. artikuluak, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duenak, Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legearen Seigarren Azken Xedapenak emandako erredakzioan EAEren sektore publikoaren gaineko definizioan honako hauek barne hartzen ditu: EAEren administrazio orokorra, erakundeen administrazioa (erakunde autonomo eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoak), sozietate publikoak eta sektore publikoko fundazioak; baita legeak jasotako ezaugarriak betetzen dituzten partzuergoak.
Gauzatu beharreko lanak ez du Osakidetza eta Euskal Irrati Telebista (EiTB) zuzenbide pribatuko erakunde publikoen, ezta haien mendeko sozietateen fiskalizazioa barne hartzen, HKEEk horiek beste fiskalizazio txosten batean aztertu baititu. Erakunde hauek salbuetsita, zuzenbide pribatuko erakunde publiko eta sozietate publikoak, zeinetan EAEren Administrazio Orokorraren partaidetza-ehunekoa kapital sozialaren % 50etik gorakoa den, 2014ko abenduaren 31n, hurrenez hurren, 7 eta 37 dira, era honetara sailkatuak:
– ELS, SA taldea: 19 sozietate.
– EEE Taldea: Energiaren Euskal Erakundea eta 6 sozietate.
– Eusko-Trenbideak taldea: 2 sozietate.
– Beste batzuk: Zuzenbide pribatuko 6 erakunde publiko eta 10 sozietate.
Ondotik zerrendatutako fundazioak ere EAEren Aurrekontu Orokorretan jasoak daude (LDEAEren 2. artikulua) eta HKEEk berariaz fiskalizatu beharreko Sektore Publikoaren atal dira (HKEEren 1/1988 Legearen 2. artikulua): Euskal Herriko Goi mailako Musika Ikastegiaren Fundazio Pribatua-Musikene, Trenbidearen Euskal Museoa Fundazioa, Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioaren Euskal Fundazioa (BIO), Zahartzeari buruzko ikerketa zentro nazionala-CNIE, Hazi Fundazioa, Elika Fundazioa, Euskal Herriko Gazte Orkestra eta Euskadi Kirola Fundazioa.
Visesa sozietatea eta EEE erakundea hautatu dira; horiek biek batean kapital aurrekontuaren % 18 eta ustiaketa aurrekontuaren % 4 egiten dute, Enpresa eta Fundazioen Sektore Publikoaren guztizko aurrekontuaren gainean.
Fiskalizazioak honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkoak: Honako atal hauetan: aurrekontua, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, erosketa eta zerbitzuak, diru-laguntzen emakida eta zuzenbide publikoko sarrerei buruzko arautegia.
– Kontularitzakoak: Urteko kontuak ezargarriak diren kontularitzako printzipioen arabera mamitu diren aztertuko dugu. EAEren Sektore Publikoa osatzen duten erakunde eta sozietateek - fiskalizazio txosten honen xede direnak- kanpoko enpresek egindako auditoria finantzario eta aurrekontua betetzeari buruzko txosten bat dute, HKEE honek lan hau egiteko aintzat izan dituenak.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi ere, azaleratutako hutsak «Kudeaketaren alderdiak eta Gomendioak» idazpuruan xehetasunez jasoko ditugu.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
II.1.1– Langileria.
1.– Abenduaren 23ko 22/2013 Legeak, 2014ko ekitaldirako Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena, ekitaldi horretan zehar sektore publikoko langile kontratazioak mugatzen ditu. Legeak 20. Xedapen Gehigarrian ezartzen du merkataritza sozietate publikoek ezingo dutela langile gehiago kontratatu, nola eta ez diren lehiaketak lehenagoko ekitaldietan abiarazi edota Legea indarrean sartu zenean programa edo urte anitzeko planen esparruan jada nahitaezko ez ziren, betiere plan horiek legezko edo ohiko arauak betez garatu badira. Berebat, 21. artikuluak agintzen zuen zuzenbide pribatuko erakunde publikoek ere ezingo zutela langile berririk hartu, ez eta aldi baterako langilerik kontratatu ere.
Visesak urratu egin du 20. XG langile bat aldi baterako kontratatzearekin.
EEEk Lege horren 21. artikulua urratu du 2 langile mugagabe kontratatu dituelako eta beste 2 langile aldi baterako.
2.– EEE erakunde publikoak langileak hautatzeko prozesua berariaz gaitutako enpresa batekin kontratatzen du, deialdiari publikotasuna eman eta izangaien azken zerrenda bat proposatzen du; Erakundeak, baina, ez dio enpresari dokumentaziorik aurkezteko eskatu, izangai horien hautaketan berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak bete direla egiaztatzea bideratuko duena; honenbestez, ezin egiaztatu izan da printzipio horiek bete diren. 2014ko ekitaldian era honetara 2 kontratazio egin dira, kontratu mugagabekoak.
Bestetara, ez da argitara eman kontratu-gai den pertsonarekin izenpetuko den kontratu mota.
II.1.2.– Ondasun erosketa eta zerbitzuak.
3.– Visesak esleitutako 2 espedientetan, 15,8 milioi eurorenak, esleipena ez da ekonomikoki merkeen den eskaintzaren aldekoa izan, BOAren 24. klausula ezarri izanaren ondorioz; izan ere, kontratazioan kontzentrazio arriskurik ez izateko honek aurreikusten zuen lehiatzaile berak eskaintzak bi sortatara edo gehiagotara aurkeztu izan balitu eta batean baino gehiagotan puntuaziorik gehien eskuratu izan balu, kontratazioa aurrekonturik handieneko sortari soilik ematea, aurrekontu txikiagoko kontratua bigarren tokian punturik gehien eskuratu duen eskaintzari emanez (ikus C4 A.15.1 eranskinean).
II.1.3.– Ondare eragiketak.
4.– Visesak Hondarribiko Udalarekin trukea eginda lursail bat jaso du, 2,3 milioi euroren zenbatekoan, babes ofizialeko 15 etxebizitzaren truke. Ez dago lursailaren zenbatekoa eta eragiketan egingo diren jarduera multzoa zurituko duen txosten ekonomikorik, trukaketan oreka eta jokamolde efizientea bermatuko dituenak.
Epaitegi honen iritzira, aurreko ez-betetzeak alde batera, EAEren Enpresa Sektore Publikoa osatzen duten fiskalizatutako sozietateak eta erakundeak, zuzentasunez bete dute 2014ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Kontuei buruzko iritzia.
Epaitegi honen iritzira, EAEren Enpresa-sektore publikoa osatzen duten sozietatearen eta erakundearen 2014ko ekitaldiaren urteko kontuek alderdi esanguratsu guztietan abenduaren 31n ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
Auditoriako gure iritzian eraginik izan gabe, ondokoa azpimarratu nahi dugu:
EEE
EEE sozietate multzo baten erakunde nagusia da; sozietate horiek indarreko legediaren arabera metatutako urteko kontuak urteko kontuetatik bereizirik aurkezten dituzte eta azken hauek ez dute jasotzen kontsolidazio irizpideak ezartzetik eratorriko litzatekeen eragina. Kontuak metatzeak, banako urteko kontuekin alderatuta, 2014ko abenduaren 31n aktiboak eta erretserbak, hurrenez hurren, 153,9 eta 139,1 milioi euroan igotzea dakar eta data horretan amaitutako urteko ekitaldiaren mozkina 1,1 milioi euroan gehitzea.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Langileria.
2014ko ekitaldian zehar, Visesa sozietateak lan poltsetatik aldi baterako langile bat kontratatzeko beste hautaketa prozesu bateko izangaiak baliatu ditu, non bete asmo den lanposturako eskatzen den titulazio bera eskatzen baitzen.
III.2.– Ondasun erosketa eta zerbitzuak.
III.2.1.– Kontratazio espedienteak.
Kontrataziorako barneko aginpideak.
EEE
Erakundearen Kontrataziorako Barne Aginpideek eskaintza bakarra eskatzeko beharra dagoela arautzen dute 50.000 eurotik beherako kontratuetan; honenbestez, ez dira bermatzen erregulazio harmonizatuari lotzen ez zaizkion kontratuak arautzen dituen SPKLTBaren 191.b) artikuluan agindutako printzipioak.
Kontratu txiki modura izapidetu diren 280.966 euroren gastuak egin dira; ordea, zegokion prozedura bitartez izapidetu behar ziratekeen.
Kontratazioaren analisia.
Ekitaldian esleitutako kontratazio espedienteen lagin bat aztertzetik eta lehenagoko ekitaldietan esleitutako espedienteak jarraitzetik, honako alderdi hauek azpimarratu nahi ditugu:
Visesa
– Guztira 31,6 milioi euroan esleitutako 5 espedientetan BOAk esleipen irizpide orokorrak besarkatzen ditu, oroitidazkiaren kalitatea, agirien koherentzia eta lan programaren analisia, esate batera.
– Guztira 11,5 milioi euroren zenbatekoan esleitutako 2 espedientetan, prezio irizpidearen haztapena aldakorra da, egiaz aurkeztutako eskaintzen araberakoa eta ondorioz, pleguetan jasotako haztapena desitxuratua geratzen da.
– Guztira 14,7 milioi euroan esleitutako 3 espedientetan 2 eta 6 hilabete arteko atzeraldia egon da esleipenean.
– Guztira 14,1 milioi euroan esleitutako 2 espedientetan, obra zuzendariak baimena eman du zuinketa egiaztatzeko akta izenpetu baino hilabete lehenago obrei ekiteko.
Lehenago urteetan egindako esleipenei dagokienez:
– Salburuako 12. sektorean 176 etxebizitza sozial eraikitzeko kontratuan, 11,6 milioi euroan esleitu zenean, 2 hilabeteko atzeraldia izan da obren egikaritzan; eta Leioan Leioandiko 13. sektorean 100 BOE eraikitzekoan, berriz, 8,5 milioi euroan esleitu zenean, atzeraldia gutxienik 4 hilabetekoa da.
– Pasaian Luzuriagan 68 ES eta 144 BOE eraikitzeko kontratuan, 16,7 milioi euroan esleitutakoan, eta Durangon San Roken 144 BOE eraikitzekoan, 10,4 milioi eurorenean, hurrenez hurren, 5 eta 2 hilabeteko luzapenak eman dira, luzapen horiek zergatik eman diren arrazoitu gabe.
EEE
– 499.015 euroan esleitutako 4 espedientetan, esleipen irizpideen artean kontratuaren xedearekin lotura zuzenik ez duten alderdiei egiten zaie erreferentzia, hala nola, giza zein gauzazko baliabideak, proposatutako ekipoaren egokitasuna eta eskarmentua.
– Guztira 391.965 milioi euroren zenbatekoan esleitutako 2 espedientetan, prezio irizpidearen haztapena aldakorra da, egiaz aurkeztutako eskaintzen araberakoa eta ondorioz, pleguetan jasotako haztapena desitxuratua geratzen da.
– Guztira 122.545 milioi euroan esleitutako 3 espedientetan, ez da esleipena argitaratu.
– Guztira 77.743 euroan esleitutako 2 espedientetan, txosten teknikoak nahitaez betebeharreko betekizunak balioztatzen ditu.
III.3.– Bestelako alderdiak.
III.3.1.– Merkataritzako eragiketetan berandutza.
Ordainketarako legezko gehienezko epea, erakunde eta sozietate publikoek 2010eko uztailaren 7az gerora egindako kontratuei ezargarria zaiena, aldi batean uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren artikuluan, hirugarren atalean eta 2. XIn ezarria geratu zen; lege honek abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldarazten du, merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurka borroka egiteko neurriak ezartzen zituena. Epe horiek 30 egunekoak dira administrazio publikoentzat eta 60 egunekoak SPKLan administrazio publiko izaera ez duten erakunde eta sozietate publikoentzat.
Uztailaren 5eko 15/2010 Legean jasotako «Informatzeko betebeharrari» buruzko 3. XGak agintzen du sozietate publikoek berariaz eman behar dituztela argitara euren Urteko Kontuen oroitidazkietan hornitzaileei ordaintzeko epeei buruzko informazioak.
VISESAn ekitaldi itxieran legez ezarritako epea gainditzen duen ordaintzeko dagoen saldoa 7.000 milioi eurorena da eta gainditutako batez besteko ordainketa epea berriz, 5 egunekoa.
EEEn ekitaldi itxieran legez ezarritako epea gainditzen duen ordaintzeko dagoen saldoa 285.647 milioi eurorena da eta gainditutako batez besteko ordainketa epea berriz, 38 egunekoa. Gainetik, aztertutako kontratazio espedienteetan 254.531 euroren ordainketak egin direla ikusi da, 60 eguneko epea gaindituz.
IV.– AZTERTUTAKO SOZIETATE PUBLIKOEN URTEKO KONTUAK, 2014-KO ABENDUAREN 31-N
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ZUZENBIDE PRIBATUKO ENTE PUBLIKOEN ETA SOZIETATE PUBLIKOEN FISKALIZAZIOAREN EMAITZEI AURKEZTUTAKO ALEGAZIOAK, 2014 EKITALDIARI DAGOZKIONAK
I.– Sarrera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoen eta Sozietate Publikoen 2014. urteari dagokion Fiskalizazioaren Emaitzei erantzuteko, erreferentziazko gaiaren inguruan erakunde bakoitzak egin nahi izan dituen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoan zentralizatu diren alegazioak eta justifikazioak aurkeztu dira txosten honetan.
ZUZENBIDE PRIBATUKO ERAKUNDE PUBLIKOEK ETA SOZIETATE PUBLIKOEK AURKEZTU DITUZTEN ALEGAZIOAK.
EEE
II.– Iritzia.
II.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia.
II.1.2.– Langileak.
2.– 2014. urterako Estatuaren Aurrekontu Orokorrak onartu zituen ekainaren 29ko 22/2013 Legeak mugatu egiten zituen sektore publikoko langileen kontratazioak ekitaldi horretan. 20. xedapen gehigarriak ezartzen zuenaren arabera, merkataritza-sozietate publikoek ezin zuten langile gehiago kontratatu, salbuespen hauekin: aurreko ekitaldietan hasitako deialdien kasuan edo lege hau indarrean sartzean gauzatzen ari ziren hainbat urtetarako plan edo programen esparruan derrigorrezkoa bazen, betiere, plan horiek legezko araudiak edo ohiko araudiak betez ezarri baziren. Halaber, 21. artikuluan zuzenbide pribatuko erakunde publikoek langile berririk ez hartzeko eta aldi baterako langilerik ez kontratatzeko xedatzen zen.
EEE erakundeak ez du bete lege horretako 21. artikulua, izan ere, 2 langile kontratatu ditu lan-kontratu mugagabearekin eta beste 2 aldi baterako kontratazioarekin.
ALEGAZIOA:
Lan-kontratu mugagabeko langileen kasuan.
Lehen kontratazioa Komunikazio Arduradunarena da. Pertsona hori kontratatu da 2013. ekitaldian zehar lehengo arduradunak enpresa utzi ostean, hutsik geratutako lanpostua betetzeko. Testuinguru horretan, lehengo arduraduna ordeztuko zuen pertsona kontratatzeko prozedura abiatu zen, eta prozedura XXX XXX kontratatuz amaitu zen.
Bigarren kontratazioa Giza Baliabideetako Teknikariarena da. Egiaz, prozesu horrek ez du kontratazio berri bat ekarri, izan ere, lanpostu horretan jarri den pertsona dagoeneko EEE erakundean zen lanean. Bere egoera da aldatu dena, aldi baterako kontratua izatetik kontratu mugagabea izatera pasaz. Horren ondorioz, EEE erakundearen zerbitzura lan egiten duen pertsona kopurua ez da aldatu.
Aldi baterako kontratatutako langileen kasuan.
Lehen kontratazioak praktika-lan batekin du zerikusia. EEE erakundeak, langileak praktika-kontratu batekin kontratatuz, enplegua sustatzeko programa bat du finkatuta. 2014. urtean zehar aipatutako langileetako batek kontratu mota horietarako aurreikusten den gehienezko epealdia, 2 urtekoa, bete zuen, eta haren ordez beste langile bat hartu zen, praktika-kontratuarekin. Horrenbestez, langile kopurua ez zen areagotu. Langile baten ordez beste bat hartu zen besterik gabe, azken urteetan burutzen den prozesu baten barnean.
Bigarren kontratazioak lan-pilaketak eragindako ordezkapen-kontratu batekin du zerikusia. Horrenbestez, langile kopurua ez da areagotu. Pertsona bat hartu da hutsik geratutako lanpostu bat betetzeko.
III.2.– Ondasunen eta zerbitzuen kontratazioa.
III.2.1.– Kontratazio espedienteak.
4 espedienteren kasuan, 499.015 eurotan esleituak, esleipen-irizpideen artean kontratuaren xedearekin lotura zuzenik ez duten alderdiak aipatzen dira, esate baterako, giza baliabideak eta baliabide materialak, proposatutako ekipamenduaren egokitzapena eta esperientzia.
ALEGAZIOA:
Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak adierazten denaren aurka, Baldintza Administratibo Partikularren Agirian adierazitako espediente bakoitzerako aurreikusitako balioespen-irizpideak hertsiki lotuta daude kontratuaren xedearekin. Jarraian, Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak kontratuaren xedearekiko loturarik gabekotzat jotako balioespen-irizpideak adierazten dira:
7. zenbakia: proposatutako lantaldearen dedikazioa eta egokitzapena.
8. zenbakia: lan-metodologia. Kontratua gauzatzera atxikitako giza baliabideak eta baliabide materialak.
10. zenbakia: kontratua gauzatzera atxikitako giza baliabideak eta baliabide materialak.
17. zenbakia: erreferentziak.
7. zenbakidun («Proposatutako lantaldearen dedikazioa eta egokitzapena»), 8. zenbakidun eta 10. zenbakidun («Kontratua gauzatzera atxikitako giza baliabideak eta baliabide materialak») kontratuetan Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak adierazitako irizpideak justifikatuta daude erabat. Txosten Teknikoa eta irizpide horien xehetasunezko balioespena irakurrita ondoriozta daitekeen moduan, EEE erakundearen ustez funtsezkoa da enpresa lizitatzaileek kontratua gauzatzera atxikitzea aurreikusten dituzten giza baliabideen antolamendu- eta dedikazio-metodoa sakontasunez ezagutzea, kontratu horiek esleitu ahal izateko.
Kontratuaren xedea behar bezala betetzeko giza baliabideen antolamendu eta dedikazioaren balioespena (balizko laguntza-taldera atxikitako pertsona kopurua, lan egindako orduak joan-etorrietako orduen aurrean, antolamendua lurraldeka edo mantenu-zentroka, gorabeherei erantzuteko denbora, etab.) hertsiki lotuta dago kontratuaren xedearekin eta, horrenbestez, oso zentzuzkoa da balioespen-irizpide modura sartzea.
Jurisprudentziak eta Administrazio Kontratazio Kontsulta Batzordeak berretsi egin dute lizitatzaileek kontratua gauzatzera bideratzen dituzten giza baliabideen eta baliabide materialen balioespena, esleipen-irizpide modura. Eta berrespen hori eman dute enpresaren irizpide subjektibo bat ez (horrela balitz, kaudimena eta gaitasuna egiaztatzera bideratutako baliabideen artean sartu beharko litzateke), baizik eta kontratuaren xedearekin lotura zuzena duen irizpide objektibo bat dela ulertzen dutelako. Finean, proposamen onuragarriena identifikatzeko eta kalitatearen eta prezioaren arteko harremana ebakuatzeko elementu bat da.
2 espedienteren kasuan, 391.965 eurotan esleituak, prezioaren irizpidearen haztapena aldakorra da, aurkeztutako eskaintzen arabera; horrela, agirietan emandako haztapena indargabetuta geratzen da.
ALEGAZIOA:
Hau da bi agirietan prezioaren irizpidea balioesteko aurreikusten den formula matematikoa:
Lizitatzailearen puntuak = (eskaintza ekonomiko onena / lizitatzailearen eskaintza ekonomikoa) x XX puntu.
Ikus daitekeen moduan, formula matematiko horretan prezioaren irizpideari dagozkion puntu guztiak eskaintza ekonomiko onenari esleitzen zaizkio, eta gainerako lizitatzaileei (bat edo gehiago) eskaintza ekonomiko onena erreferentzia modura hartuz ematen zaie puntuazioa.
Formula matematiko sinplea da eta enpresa lizitatzaile kopuruak ez du aldatzen edo indargabetzen, inolaz ere, prezioaren irizpideari dagokion haztapena eta balioespena. Horren ondorioz, gure ustez, Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak adierazitako gabezia zentzurik gabea da.
3 espedienteren kasuan, 122.545. eurotan esleituak, esleipenaren publizitatea falta da.
ALEGAZIOA:
Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak adierazitako hiru espedienteak A maila modura identifikatzen diren kontratuei dagozkie (A mailako kontratuen balioa 50.000 eurokoa da gehienez), EEE erakundearen kontratazioko barne jarraibideetan xedatutakoaren arabera. Hiru espediente horien esleipena zuzenean egin zitekeen aldez aurretik enpresa bakar bati eskaintza eskatuz. Haatik, espediente horien kontratazioa izapidetzea erabaki zen publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabiliz. Horretarako, hiru lizitatzaileri edo gehiagori eskaintzak eskatuz.
Dagokion kontratazio-prozedura izapidetu eta enpresa esleipenduna hautatuta, gainerako lizitatzaileei esleipenaren berri eman zitzaien formalki, eta EEE erakundea enpresa horien zerbitzura jarri zen egokitzat jotzen zituzten zalantza guztiak argitzeko.
Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak adierazten duen moduan, esleipena ez zen argitaratu EEE erakundearen kontratatzailearen profilean. Hala ere, horrek ez ditu urratzen SPKLTBaren 191.a) artikuluan 50.000 eurotik beherako kontratuen esleipenerako jasotzen dituen publizitate- eta gardentasun-printzipioak.
2 espedienteren kasuan, 77.743 eurotan esleituak, txosten teknikoak derrigorrez betetzeko betekizunak balioesten ditu.
ALEGAZIOA:
Bi espediente horien txosten teknikoan «proiektua planteatutako helburuetara egokitzea» izeneko balioespen-irizpide bat dago. Kontu Publikoen Euskal Epaitegiaren arabera, irizpide hori desegokia da, izan ere, berez derrigorrez bete beharreko betekizunak balioesten dira.
Horri dagokionez, nabarmendu behar da bi espediente horien kasuan kontratazioaren xedeak prentsa- eta komunikazio-zerbitzuekin zerikusia duela. Halako kontratuetan, EEE erakundeak, Baldintza Teknikoen Agirian, komunikazio-premia jakin batzuk planteatzen ditu aurrez ezarritako esparru baten barnean (denbora, prezioa, baliabideak, irismena, hedapena, etab.) eta lizitatzaileek horien inguruko baliabide-plan bat diseinatu behar dute, gutxieneko batzuk betez.
Bi txosten horietan zera balioetsi da, enpresa lizitatzaileek eskainitako baliabide-planak zein neurritan egokitzen diren Baldintza Teknikoen Agirian aurreikusitako betekizunetara, betiere, aurrez adierazitako gutxienekoak errespetatuz. Aurrez aipatutakoa kontuan izanik, irizpide hori aztergarri dela uste da eta ez da agiri teknikoan aurreikusitako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko elementu soila, Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak dioen bezala.
Visesa
II.– Iritzia.
II.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia.
II.1.1.– Langileak.
1.– Langileen kontratazioari dagokionez honakoa adierazten da:
2014rako Estatuaren Aurrekontu Orokorrak onartu zituen abenduaren 23ko 22/2013 Legeak mugatu egiten zituen sektore publikoko langileen kontratazioak ekitaldi horretan. 20. Xedapen Gehigarriak ezartzen zuenaren arabera, merkataritza-sozietate publikoek ezin zuten langile gehiago kontratatu, salbuespen hauekin: aurreko ekitaldietan hasitako deialdien kasuan edo Lege hau indarrean sartzean gauzatzen ari ziren hainbat urtetarako plan edo programen esparruan derrigorrezkoa bazen, betiere, plan horiek legezko araudiak edo ohiko araudiak betez ezarri baziren. Halaber, 21. artikuluan zuzenbide pribatuko erakunde publikoek langile berririk ez hartzeko eta aldi baterako langilerik ez kontratatzeko xedatzen zen.
Visesa sozietateak ez du bete 20. Xedapen Gehigarria, izan ere, langile bat hartu du aldi baterako kontratu batekin.
ALEGAZIOA:
Hogeigarren xedapen horretan ezartzen denez: «2014an, Lege honen 20. artikuluko Bat idatzi-zatian aipatzen diren merkataritza-sozietate publikoek ezin izango dute langile berririk kontratatu, salbuespen hauekin: aurreko ekitaldietan hasitako deialdietan egin beharreko kontratazioak edo Lege hau indarrean sartzean gauzatzen ari ziren hainbat urtetarako plan edo programen esparruan derrigorrezkoak diren kontratazioak, betiere, plan horiek legezko araudiak edo ohiko araudiak betez ezarri baziren.
Murriztapen hori ez da aplikatuko aurretiaz merkataritza-sozietatea barneraturik dagoen Estatuko sektore publikoan, erkidegokoa edo tokikoa, harreman finko eta mugagabea duen langileren bat, funtzionarioa edo kontratuduna, kontratatzean.
Ohiz kanpoko egoeretan, eta premiazko eta ezin luzatuzko beharrak estaltzeko, aldi baterako kontratazioak egin ahal izango dituzte».
Aztergai duguna txanda-kontratu bidezko aldi baterako kontratazioa da eta, bere helburua langile batek erretiro partzial aurreratua izateko bere eskubidea ez urratzea da. Erretiro partzial aurreratu hori eman dadin ezinbestekoa da pertsona bat txanda-kontratu bidez kontratatzea.
2013ko martxoaren 27an Visesa sozietateak eta Langileen Legezko Ordezkaritzak erretiro partzialaren modalitatea aplikatzeko konpromisoa hartu zuten martxoaren 15eko 5/2013 Errege Dekretuz idatzitako abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hamabigarren azken xedapeneko 2. lerroaldean xedatutako ondorioetarako.
Akordioaren indarraldia 2018ko abenduaren 31ra artekoa da.
Kontratazio hau premiazko eta ezin luzatuzkotzat jo da, lanpostuaren berezitasuna kontuan hartuz, eta lanpostua Visesa sozietatearen egoitza nagusian kokatzen ez denez, berezko baliabideekin betetzea oso zaila dela kontuan hartuz.
II.1.2.– Ondasunen eta zerbitzuen kontratazioa.
3.– Visesa sozietateak esleitutako 2 espedienteren kasuan, 15,8 milioi eurotan esleituak, esleipena ez da izan ekonomikoki onuragarriena zen eskaintzarentzat, Baldintza Orokorren Agiriko 24. klausula aplikatuz. Klausula horretan adierazten zenez, kontratazioan pilaketa-arriskuak saiheste aldera, lizitatzaile berak bi lotetan edo gehiagotan eskaintzak aurkeztu balitu eta bat baino gehiagoan puntu gehien berak eskuratuko balitu, aurrekontu handieneko lotea soilik esleituko litzaioke, zenbateko baxuena puntu gehien eskuratu duen bigarren eskaintzari esleituz.
ALEGAZIOA:
Lehenik eta behin, adierazi behar dugu Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina (aurrerantzean SPKLTB) onartzen duen Legegintzako azaroaren 14ko 3/2011 Errege Dekretuan loteei dagokienez soilik lizitazio horien publizitate-arauak jasotzen direla, baina ez da jasotzen loteen lizitazio eta esleipenei buruzko aurreikuspen berezirik, ez legean, ezta araudian ere. Eta beste alde batetik, SPKLTBaren 25. artikuluak sektore publikoaren eremuan itunak egiteko askatasun-printzipioa sendotzen du, izan ere, bertan xedatzen denez, botere esleitzaileek edozein itun, klausula edo baldintza barneratzeko aukera izango dute, betiere, interes publikoaren, ordenamendu juridikoaren edo administrazio onerako printzipioen kontrakoak ez badira.
Dena den, egia da agiriak ordenamendu juridikoaren baitan daudela. Horren ondorioz, agiri horietan ezin dira barneratu, kontratazio arloan, ordenamenduaren aurkakoak diren eta kontratazio-printzipioak urratzen dituzten muga edo murriztapenak.
Haatik, agirietan zehazten da lizitatzaile bera ezin dela lote bat baino gehiagoren esleipendun izan eta, halakorik gertatzekotan, zenbateko handiena duen kontratuaren esleipendun izango dela. Hori ez da ordenamendu juridikoaren aurkakoa, ezta kontratazio arloko printzipioen kontrakoa ere.
Agirietan agertzen den aurreikuspen horrek lizitatzaileek prozeduran partaidetza handiagoa izatea ahalbidetzen du, izan ere, lizitatzaileek ez dute ezinbestean aurkez daitezkeen lote kopurua hautatu behar, espedientean lehia ahalbidetuz. Eta agirietan barneratzen den aurreikuspen bat denez, lizitatzaile interesdun guztiek ezagutzen dute, eta modu objektiboan eta tratu-berdintasunaren arabera aplikatzen da.
Bestalde, kontratuaren xedea betetzean arriskua ekidin edo arintzeko helburua betetzen du, izan ere, kontratistaren aldetiko ez betetzeko arriskua dibertsifikatzea ahalbidetzen du, eta hori garai hauetan, non Visesa sozietateak bi konkurtso-prozesu gainditu behar izan dituen bere obretako bitan, ez da helburu hutsala.
Horrenbestez, osotara hartuta, teknika horrek ekonomikoki onuragarriena den eskaintzaren alde egitea ahalbidetzen du, izan ere, printzipio horren helburua ez da eskaintza merkeena hautatzea, baizik eta, osotara, botere esleitzailearentzat onuragarriena den hura. Eta aztertutako faktore guztiak aintzat hartuz gero (eskaintza onena eta pilaketaren arriskua ekiditea), Visesa sozietatearentzat ekonomikoki onuragarriena den eskaintza esleitzen da.
Gainera, ordenamendu juridikoa interpretatzeko irizpide hori Kataluniako Generalitateko Kontratazio Administratiborako Batzorde Aholku-emailearen Idazkaritza Teknikoaren maiatzaren 9ko 2/2014 informazio-oharrak babesten du.
Ohar horretan 2004/18/EE Zuzentaraua baliogabetzen duen eta 2014ko apirilaren 17an indarrean sartu zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/24/EB Zuzentarau berriko arauak aztertzen dira. Zuzentarau horretako 46. artikuluan ezartzen denez, botere esleitzaileek aukera izango dute kontratu bat aparteko lotetan esleitzeko, eta lizitatzaile bakarrari esleitu ahal zaizkion lote kopurua mugatzeko eskumena izango dute, baita lote ugaritarako edo guztietarako eskaintzak aurkezteko aukera dagoenean ere, betiere, lizitazioaren iragarkian edo interesa berresteko gonbidapenean lizitatzaile bakoitzeko onartutako gehienezko lote kopurua adierazten bada. Botere esleitzaileek esleituko diren loteak zehazteko aplikatzea proposatzen dituzten irizpide edo arau objektibo eta ez diskriminatzaileak adieraziko dituzte kontratazioaren agirietan, esleitzeko irizpideak aplikatzeak lizitatzaile bakarrari gehienez adierazitako lote kopurua baino gehiago esleitzea ekarriko balu.
Ohar horretan barneratzen denez, 2014/24/EE Zuzentarauan sartutako loteei dagozkien aurreikuspenekin kontratuaren xedeak lotetan banatzeari dagokionez gaur egun ematen diren aukerak juridikoki bideragarriak direla eta erkidegoko zuzenbidearen araberakoak direla berresten da; horrenbestez, Zuzentarauan horri dagokionez agertzen diren aurreikuspenek ez dute aukera berririk ekartzen botere esleitzaileentzat, baizik eta «botere esleitzaileak, zehazki, kontratu handiak lotetan banatzera animatzeko aipamen zehatza barneratzen da soilik», lehia areagotu eta kontratazio publikoan Enpresa Ertain eta Txikien partaidetza ahalbidetzeko helburuz (2014/24/EB Zuzentarauko 78. artikulua).
Horrenbestez, loteak zehaztu eta esleitzeari dagokionez araudian hutsunea dagoela, ordenamendu juridikoa ez dela urratzen eta kontratazio arloko printzipioak ere ez direla urratzen ondorioztatu behar da. Eta 2014/24/EB Zuzentarau berrian hori berresten dela kontuan hartuta, dagoeneko existitzen zen aukera baten bideragarritasun juridikoa baieztatzen da.
Azkenik, adierazi behar da Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak adierazitako bi espediente horietako batean soilik ematen dela balizko gertaera. Izan ere, 1. espedientean (105+58 BOE gauzatzea Sestaoko Vega Galindon) balioespenerako txosten teknikoaren arabera ondoen baloratutako enpresak erreferentziazko lotean bere eskaintza baztertzea eskatu zuen. Beraz, arrazoi hori dela medio, esleipena ondoen baloratutako bigarren eskaintzaren aldekoa izan zen.
II.1.3.– Ondare-eragiketak.
4.– Visesa sozietateak lurzoru bat jaso du, 2,3 milioi eurokoa, Hondarribiko Udalarekin 15 BOE entregatzearen truke egindako trukatze batean. Ez dago lurzoruaren zenbatekoa eta eragiketan egiteko esku-hartzeak modu justifikatuan balioesten dituen txosten ekonomikorik, truke horretan oreka eta esku-hartze efiziente bat bermatzekorik.
ALEGAZIOA:
Administrazio Kontseiluak hartutako akordiorako oinarritzat erabili zen txosten ekonomikoa atxikitzen da.
III.– Barne-kontroleko sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko gogoetak.
III.1.– Langileak.
2014. ekitaldian zehar, Visesa sozietateak, lan-poltsetatik abiatuta aldi baterako langile bat kontratatzeko, bete beharreko lanposturako eskatutako titulazio bera eskatzen den beste hautapen-prozesu bateko hautagaietara jo du.
ALEGAZIOA:
Visesa sozietateak bi lan-poltsa zituen 2014. urtean erabilgarri eta haietako hautagaiek I + G arloko Arduradunaren posturako eskatzen den profila zuten. Lehenengo poltsa berrienera jo zen, I + G Arduradunaren lanpostua betetzeko prozesuaren ondorio dena. Lehen poltsa horren ondoren eskainitako lanposturako interesa zuen hautagairik agertu ez zenez, bigarren poltsara jo zen, kontratazio-egunean oraindik indarrean zena. Edozein kasutan, ñabardura zenbait egin behar dira:
– Bi poltsak indarrean daude.
– Bi poltsetan dauden hautagaiek lanposturako betekizunak betetzen dituzte.
– Bi poltsetan lehentasun-ordena zehatz-mehatz jarraitu da.
– Eta poltsaren barnean lanpostuaren betekizunak betetzen dituen lehen pertsona interesduna kontratatu da.
Kontratazio horren helburua aldi baterako ezintasun baja batek, iraupen zehaztugabea duena, utzitako hutsunea betetzea izan da. Visesa sozietateak bigarren poltsara jotzea erabaki zuen hainbat arrazoi direla medio:
– Eskatzen den profila berbera delako, arkitekturan lizentziaduna.
– Poltsa indarrean dagoelako.
– Ezinbestekoa zelako prozesu arina burutzea, pertsona bat berehala hartzea ahalbidetuko zuena.
– Aldi baterako ezintasun baja bat betetzeko hautapen-prozesu irekia abiatzeak inplikatzen zuelako:
– aurreikusten ez zen kostu ekonomiko ez eraginkor bat eta, beraz, aurrekontuan sartu gabekoa.
– hura betetzeko premia aintzat hartuta, arintasunik gabea.
III.2.– Ondasunen eta zerbitzuen kontratazioa.
III.2.1.– Kontratazio-espedienteak.
5 espedienteren kasuan, 31,6 milioi eurotan esleituak, Baldintza Orokorren Agirian esleipen-irizpide orokorrak barneratzen dira, esate baterako, memoriaren kalitatea, dokumentazioaren koherentzia eta lan-programaren azterketa.
ALEGAZIOA:
Irizpide orokor modura adierazten dira eskaintzaren memoriaren kalitatearen balioespena, dokumentazioaren koherentzia eta lan-programaren azterketa. Haatik, balioespen-irizpide subjektibo horiek garrantzia handikoak dira lizitatzaileek obrako proiektuari dagokionez egiteko ikerketa-maila ezagutzeko.
Modu horretan, balioespenerako txosten teknikoan, memoriaren kalitatean, proiektuaren eta neurketen ikerketa-maila aztertzen da. Hala, dokumentaziorik aurkezten ez duen lizitatzaileak 0 puntu jasoko ditu, memoria partikularra aurkezten duenak 0,5 puntu, proiektuaren ikerketa aurkezten duenak 0,5 puntu eta neurketen azterketa objektiboa aurkezten duenak puntu 1.
Lan-plangintza eta -programaren azterketari dagokionez, ezer aurkezten ez duen lizitatzaileak 0 puntu jasoko ditu, sekuentziazko plangintza konpentsatua aurkezten duenak 0,5 puntu, partida edota solairutan banakatutako plangintza aurkezten duenak 0,5 puntu, agiriko eskakizunak azpimarratzen dituenak 0, 5 puntu eta ibilbide kritikoa azpimarratzen duenak 0,5 puntu.
Eta, azkenik, dokumentazioaren koherentziari dagokionez, proiektuaren ikerketan zorroztasuna ziurtatzen duen eskaintzako dokumentuen artean eta lizitatzaileak prestatutako eskaintzaren artean desadostasunik ez egotean puntu 1 ematen da.
Horrenbestez, kontratuaren xedearekin lotura zuzena duten irizpideak dira, eta lizitatzaileak aurkeztutako eskaintza teknikoaren kalitatea modu ia objektiboan aztertzekoak.
Gainera, adierazi behar da aurreko ataletan azaldutako azpirizpideek erkidegoko jurisprudentzia betetzen dutela, izan ere, ez dituzte baliogabetzen agirietan aurreikusitako esleipen-irizpideak eta ez dira lizitatzaileentzat diskriminazio moduan aplikatzen, aitzitik balioespen-irizpidea ahalik eta modu objektiboenean aplika dadila saiatuz.
2 espedienteren kasuan, 11,5 milioi eurotan esleituak, prezioaren irizpidearen haztapena aldakorra izan zen, aurkeztutako eskaintzen arabera; alegia, agirietan emandako haztapena indargabetuta geratzen da.
ALEGAZIOA:
Aurkeztutako eskaintzek, lizitatutako kontratuaren xedeari dagokionez, berez daukaten kalitatea ebaluatu ahal izatea da esleitzeko irizpideen eginkizuna, erakunde esleitzailearen beharrak ongien betetzen dituen eskaintza zehazteko.
Eskaintza ekonomikoki onuragarrienaren ezaugarria izanik kalitatearen eta prezioaren arteko harreman onena izatea, kontratuaren xedeak justifikatutako irizpideak kontuan hartuta. Eta horrek esan nahi du eskaintzarik onena ez dela beti onena, ez eta, horregatik, eraginkorrena ere.
Horrenbestez, Visesa sozietateak erreferentziazko espedienteetan finkatutako aukerak ezaugarri hauek ditu: a) puntuaziorik handiena eskaintzarik merkeenari ematen dio; b) gainerako puntuazioak modu proportzional linealean ematen dira; c) prezioan aldeak txikiak badira, puntuak egokitzean ere aldeak txikiak izateko aukera ematen du, irizpidearen neutraltasuna mantenduz haren aplikazio integralean; eta d) ez du desitxuratzen lehia, ez eta lizitatzaile jakin bat mesedetzen ere.
Hitz batean, auzitegiak erabili den aukeraz aipatutako objekzioak ez luke objekzio izan behar, ez duelako urratu funts publikoen eraginkortasun- eta optimizazio-printzipioa.
3 espedienteren kasuan, 14,7 milioi eurotan esleituak, 2-6 hilabete arteko atzerapena dago esleipenean.
ALEGAZIOA:
SPKLTBaren 161.2. artikuluan esleipena egiteko gehienez, 2 hilabeteko epea ezartzen da, gutun-azalen irekierari dagokion akta prestatzen den egunetik zenbatzen hasita, baldin eta Agirian beste eperen bat agertzen ez bada.
Aipagai diren kontratuetako Agirietan ezartzen denez, eskaintzek 6 hilabeteko balio-epea dute. Epe hori esleipena egiteko gehienezko epe modura ulertu behar da.
Hala, 4. Gauzatzea Iruneko Oinaurren (48+16 BOE) espedientearen kasuan, gutun-azalak 2014ko martxoaren 5ean ireki ziren eta esleipena 2014ko uztailaren 3an egin zen. Horrenbestez, 6 hilabeteko epearen barnean egin zen.
1. Gauzatzea Sestaoko Vega Galindon (105+58 BOE) espedientearen kasuan, gutun-azalak 2014ko martxoaren 5ean ireki ziren eta esleipena 2014ko azaroaren 17an egin zen. Horrenbestez, 6 hilabeteko epea gainditu egin zen. Hori gertatu zen, 2014ko apirilaren 14ko Administrazio Kontseiluaren Akordioaren arabera, sustapenaren komertzializazioan zailtasuna hauteman zelako. Hala, esleipena sustapenaren finantzaketaren bideragarritasuna behar bezala balioestea ahalbidetuko zuten komertzializazio-datuak eduki arte atzeratu zen. Hori Alokabide sozietate publikoak etxebizitza jakin batzuk eskuratzeko Akordioren ondoren gertatu zen.
Edozein kasutan, esleipena epe barnean ez betetzeari dagokionez SPKLTBaren 161. artikuluaren 4. atalean aurreikusitakoaren ondorioa da lizitatzaileak bere proposamena baztertzeko eskubidea duela, eta ez da halakorik gertatu.
Eta, azkenik, Visesa sozietatearen sustapenen saldu osteko zerbitzu teknikoari dagokion 6. espedientearen kasuan, gutun-azalak 2013ko abenduaren 19an ireki ziren eta esleipena 2014ko apirilaren 22an egin zen. Horrenbestez, Agirian ezarritako 6 hilabeteko epearen barnean.
2 esleipenen kasuan, 14,1 milioi eurotan esleituak, obra-zuzendariak obrak hasteko baimena eman zuen zuinketa egiaztatzeko akta sinatu baino hilabete lehenago.
ALEGAZIOA:
2. Gauzatzea Leioako Leoiandin (108 BOE) espedientearen kasuan, zuinketa egiaztatzeko akta 2014ko abuztuaren 28an sinatu zen. Horrenbestez, udan gertatu zen eta alde guztiak ez ziren bertan. Haatik, 4 zenbakidun obra-aktan, 2014ko uztailaren 22koan, zera jasotzen da:
«Udalak udal zuinketa-akta igorri du alde guztiek sina dezaten. INFOTOP erabiliz kota eta neurketa guztiak egin dira eta azkenean zuzenak dira. Horrenbestez, udal zuinketa-akta gaurko egunez sinatzen da, dokumentuan adierazitako uztailaren 16ko datarekin».
Aldeek sinatutako udal zuinketa-akta atxikitzen da. Bertan egiazta daitezke datak.
Espedientea: 176 ES Salburuako 12. sektorean, 11,6 milioi eurotan esleitua eta 100 BOE Leioako Leioandiko 13. sektorean, 8,5 milioi eurotan esleitua.
– Obrak egitean, atzerapena gertatu da: 2 eta 4 hilabetekoa, hurrenez hurren.
ALEGAZIOA:
Asteroko obra-aktetan epea atzeratzearen arrazoiak adierazten dira zehaztasunez eta, era berean, jabeak nahiz Zuzendaritza Fakultatiboak emandako justifikazioa adierazten da.
Espedientea: 68 ES + 144 BOE Pasaiako Luzuriagan, 16,7 milioi eurotan esleitua eta 144 BOE Durangoko San Roken, 10,4 milioi eurotan esleitua.
Atzerapenak onartzen dira, onarpena arrazoitu gabe: 2 eta 5 hilabetekoa, hurrenez hurren.
ALEGAZIOA:
Asteroko obra-aktetan epea atzeratzearen arrazoiak adierazten dira zehaztasunez eta, era berean, jabeak nahiz Zuzendaritza Fakultatiboak emandako justifikazioa adierazten da.
III.3.– Beste alderdi batzuk.
III.3.1.– Berankortasuna merkataritza eragiketetan.
Ordaintzeko legezko gehieneko epea –erakunde eta sozietate publikoek 2010eko uztailaren 7tik aurrera egindako kontratuei aplika dakiekeena– ezarrita dago, aldi baterako, merkataritzako eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 5/2010 Legearen hirugarren artikuluaren hirugarren atalean eta Bigarren Xedapen Iragankorrean. Epe horiek 30 egunekoak dira herri-administrazioentzat eta 60 egunekoak SPKL Legean herri-administraziotzat hartzen ez diren erakunde eta sozietate publikoentzat.
Uztailaren 5eko 15/2010 Legean jasota dagoen Hirugarren Xedapen Gehigarrian («Informatzeko betebeharra») ezartzen da sozietate publikoek berariaz argitaratu behar dituztela beren hornitzaileei ordaintzeko epeei buruzko informazioak beren autonomia-erkidegoetako memorian.
Visesa sozietatea: ekitaldia ixtean ordaintzeko dagoen saldoa –ezarritako epe legala gainditzen duena– 7.000 euro da, eta ordaintzeko batez beste gainditutako epea 5 egunekoa.
ALEGAZIOA:
Batez besteko epea 5 egunetan gainditzearen arrazoia faktura jakin baten ordainketan izandako atzerapena da, izapidean izandako akats puntual bat tarteko.
ALEGAZIOEN OHARRAK
1. oharra:
2014ko baliabideen plan batean 6 lehiatzaile aurkeztu dira. Lehiatzaile bat baztertu egin da berak egindako eskaintzan ez dituelako jaso «prentsako jatorrizko iragarkien egokitzapenak publikotasuna eman zaien komunikabide bakoitzak eskatutako tamainara»; gainerako 5 lehiatzaileei, guztiei, gehieneko balioa eman zaie egokitzapen horiek euren eskaintzetan jasotzeagatik. Derrigorrezko betekizun hau agindu teknikoen pleguan dago jasoa, baliabide planen kanpaina atalean.
EAEren esparruan irrati hedapenerako guneen espedientean lehiatzaile guztiei gehieneko puntuazioa eman zaie eskatzen diren baldintzak betetzen dituztelako.
2. oharra:
Auzitegi Gorenak 2014ko urriaren 29an ebatzitako epaian adierazi du aurrekontuko araudia dagozkion Hitzarmen Kolektiboen aurreikuspenei gailentzen zaiela.
3. oharra:
Bai Estatuko Abokatutza Nagusiak 06/07/28ko irizpenean, bai Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak 14/07/10eko txostenean zera adierazi dute:
«Nahiz helburua den eskaintzen diren sorta multzoa erakunde batek edo batzuek monopolizatzea saihestea, neurri honekin berdin saihesten da sorta bakoitzean ekonomikoki eskaintza onuragarriena aurkez lezakeen enpresa esleipendun gertatzea, eta horrek lizitazioetarako sarbidean, lehia askearen zaintzan eta ekonomikoki eskaintza onuragarrienaren hautaketan askatasun printzipioak eragiten ditu».