EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2016017

7/2016 FORU ARAUA, 2016ko abenduaren 15ekoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko A-15 eta N-I gaitasun handiko errepideetan, zati jakin batzuk erabiltzeagatik ordainduko den kanona arautzen duena.

Organo emailea: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Xedapenaren zenbakia: 201600007
Xedapenaren data: 2016-12-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201700442
Maila: Foru Araua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2003/02/11n argitaratutako 2002/10/03ko 200200007 FORU ARAUA
  • Ikus 2011/05/27an argitaratutako 2011/03/29ko 201100001 FORU ARAUA

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «2016ko abenduaren 15eko 7/2016 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko A-15 eta N-I gaitasun handiko errepideetan, zati jakin batzuk erabiltzeagatik ordainduko den kanona arautzen duena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostia, 2016ko abenduaren 15a.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
HITZAURREA
2002ko urriaren 3ko 7/2002 Foru Arauaren bidez onartu zen bide azpiegituren erabilera kanona, Gipuzkoako lurralde osoan exijitu daitekeena, Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA foru sozietate publikoak (aurrerantzean Bidegi SA) kudeatu eta administratu beharreko errepideen eraikuntza, ustiapen, mantentze eta artapen gastuak ordaintzeko. Gaur egun, hauek dira bide azpiegitura horiek: AP-8 Bizkaiko Golkoko autobidea eta AP-1 Vitoria-Gasteiz – Irun autobidea Eibartik, Gipuzkoako zatian.
Halaber, 2011ko martxoaren 29ko 1/2011 Foru Arauaren bidez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zuzenbidean txertatu zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko maiatzaren 17ko 2006/38/EE Direktiba, aldatu zuena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1999ko ekainaren 17ko 1999/62/EE Direktiba, ibilgailu astunei zenbait azpiegitura erabiltzeagatik kargak aplikatzeari buruzkoa.
Aipatu direktibak foru araudian sartuz, Gipuzkoako Lurralde Historikoan bide azpiegiturak erabiltzeagatik aplikatu beharreko kargak zehazteko irizpideak ezarri ziren: 2006ko ekainaren 6ko 1/2006 Foru Dekretu Arau-emaileak onartu zuen eta indarrean dagoen Gipuzkoako Errepide eta Bideen Foru Arauaren testu bateratuan jasota gelditu zirenak. Gerora, gai horren inguruko araudia osatze aldera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko irailaren 27ko 2011/76/EB Direktiba onartu zen.
Gaur egun, Gipuzkoak badauka Lehentasunezko Sare bat, honela osatua: ordainpeko autobideak (AP-8 eta AP-1) eta bidesaririk gabeko gaitasun handiko errepideak (A-15, N-I eta GI-632). Azken honen bukaera tramuari agintaldi honetan ekingo diogu, honela, Gipuzkoako biribilgunea amaitutzat emanez. Sare horrek zerbitzua eman behar die bai lurraldeko bertako mugikortasun beharrei bai bere kokapen geografikoak eskatutakoei, puntu estrategiko bat baita Iberiar penintsula Europaren gainerakoarekin lotzeko. Horren eraginez, ibilgailu astunen mugimenduen ehuneko handi bat eta ibilgailu arinen mugimenduen ehuneko esanguratsu bat ibilbide luzeei dagozkie.
Zirkulazio bolumen horrekin batera aukerako errepideen arteko banaketa ez-eraginkor bat gertatzen da. Gipuzkoan iparraldetik hegoaldera doan korridoreak aukerako bi ibilbide ditu: alde batetik, AP-8 gehi AP-1 (ordainpeko erabilera); eta, bestetik, N-I gehi A-15 (ordainketarik gabeko erabilera).
AP-8 gehi AP-1 autobideen aukera hobeto egokitzen zaio distantzia luzeko ibilbidea egiten duten ibilgailu astunen garraio erabilerari. Izan ere, abiadura eta prestazio handiko ibilbide gisa diseinatu zen hasiera-hasieratik; eta, sartzeko lotune egitura hobea izateaz gain, ingurumenari lotutako interferentzia txikiagoak sortzen ditu hurbileko herriguneetan.
N-I errepideak, berriz, bi erabilera ditu, nahitaez: distantzia luzeko erabilera, batetik; eta zeharkatzen dituen udalerriei zuzendutako erabilera, bestetik. Herriak gertuago daude eta errepide egokitua izateak –hasieran bide arruntaren konfigurazioa baitzuen– diseinua baldintzatzen du; ondorioz, lotuneen egituraren eraginkortasuna txikiagoa da, eta auto-ilara handiak sortzeko arrisku handiagoa dago, baita kutsadura nahiz zarata eragin handiagoa ere herriguneetan.
Halaber, ibilbide horiek erabiltzeko aukerak baldintzatuta daude tarifen artean dauden aldeengatik: N-I errepidearen erabilera doakoa baita; eta AP-8 gehi AP-1 autobideena, aldiz, ordainpekoa.
Kontuan hartu behar da ezen, jada aipatutako Europako direktibek aitortutakoaren ildotik, N-I eta A-15 errepideen erabileraren doakotasun teorikoak badituela hainbat kostu, bai sarearen erabiltzaileentzat beraientzat (auto-ilarak eta istripuak), bai, eta modu nabarmenean, inguruko biztanleentzat, ingurumenaren kutsadura handitu egiten delako eta gure lurraldeko Lehentasunezko Sarea erabiltzeko aukera murriztu egiten delako.
Aukeren arteko konparazioa ikusita, komenigarria litzateke AP-8 gehi AP-1 autobideen aukera erabiltzea nagusiki distantzia luzeko zirkulaziorako; eta N-I errepidearen erabilera, ahal den neurrian, joan-etorriko zirkulaziora mugatzea edo abiapuntua eta helmuga beren ingurunean dituzten ibilbideetara.
Helburu hori betetzeko, tarifikazio eredu bat diseinatu da: kostu horiek erabiltzaileak ordain ditzan, AP-8 eta AP-1 autobideek osatutako distantzia luzeko korridorea hobeto erabil dadin, sistema bidezkoagoa izan dadin –lurraldeari dagokionez orekatuagoa–, eta gure lurraldeko errepideen artapen eta kudeaketa kostu handiak berreskura daitezen.
Horretarako, abiapuntutzat hartuta aipatutako lege esparrua, eta Europako direktibak sustatutako «erabiltzen duenak ordaintzen du» printzipioari jarraituz, aukeratu da ordainpeko erabilera-sistema bat ezartzea N-I eta A-15 errepideen zati batzuetan: 3,5 tona baino gehiagoko ibilgailu astunei bakarrik eragingo diena.
Kanona ezartzerakoan, sistema ireki bat erabiltzen da, free flow teknologiarekin. Ordainpeko zatietatik zirkulatzen duten ibilgailuak, ibilbidearen puntu nagusienetan, bideko arkupe batean kokatutako kobrantza-gune batetik pasatuko dira. Puntu nagusi horietako bakoitzetik pasatzerakoan, dagokien zenbatekoa egotziko zaie.
Horri dagokionez, esan behar da ezen, kanonaren zenbatekoak ezartzerakoan, azpiegitura kostuak berreskuratzeko printzipioa hartuko dela oinarri gisa. Zehazki, kanonak zerikusia izango du azpiegitura egiteko kostuekin eta ustiaketa kostuekin, kanona kudeatzeko kostuekin eta sarea garatu, hobetu eta mantentzeko kostuekin, egitura konpontzekoak barne direlarik. Horrela lortu nahi da erabilerak eragindako narriadura arintzea eta zerbitzu maila ezin hobeari eustea. Nolanahi ere, ezartzeko orduan aplikagarri den Europako araudira egokituko dira zenbatekoak, egoera ekonomiko orokorrari erreparatuta eta eragiketaren benetako kostuak kontuan hartuta.
Azkenik, kontuan hartuta kobrantza-sistemak garapen konplexu bat eskatzen duela hura balidatu arte, foru arau honek baimena ematen dio Diputatuen Kontseiluari: berak erabaki dezan zein egunetatik aurrera izango duten erabiltzaileek kanona ordaintzeko betebeharra.
1. artikulua.– Xedea.
Foru arau honen xedea da honakoa da: gaitasun handiko N-I eta A-15 errepideetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren titulartasuneko errepide zati batzuk erabiltzeagatik ordaindu beharreko kanona arautzea.
2. artikulua.– Kanonaren ordainpeko zatiak.
Kanonaren ordainpeko errepide zatiak hauek izango dira:
– A-15 Nafarroa-Gipuzkoa autobidea: hasi Andoaingo Bazkardoko lotunean (158,930 KP), eta AP-8ko eta GI-41eko lotunean dagoen amaieraraino, Astigarragan (169,320 KP).
– N-I Madril-Irun errepidea: hasi Andoaingo hegoaldeko lotunean (445,500 KP), eta Andoaingo iparraldeko lotuneraino (447,700 KP).
– N-I Madril-Irun errepidea: hasi Nafarroako mugan, Etzegaraten (405,450 KP), eta Idiazabalgo hegoaldeko lotuneraino (412,900 KP).
3. artikulua.– Ordainpeko ibilgailuak.
Gipuzkoako Errepide eta Bideei buruzko Foru Arauaren testu bateratuan ibilgailu astun gisa definitutakoei aplikatuko zaie kanona, hau da: ibilgailu motordunei edo ibilgailu talde artikulatuei, salgaiak errepidez garraiatzeko soilik erabiltzen direnei eta 3,5 tona baino gehiagoko gehieneko pisu baimendua dutenei.
4. artikulua.– Sistemaren definizioa.
Ibilgailuak detektatzeko, identifikatzeko eta haiei kanona egozteko ezarriko den nahitaezko bidesari sistema dinamikoa izango da, free flow motakoa, ibilgailuak gelditu gabe.
5. artikulua.– Erabiltzaileen betebeharrak.
3. artikuluan aipatutako ibilgailuekin kanonaren ordainpeko zatietatik zirkulatzen duten erabiltzaileek dagokien zenbatekoa ordaintzeko betebeharra dute.
Gainera, free flow motako nahitaezko bidesari sistema bat denez, erabiltzaileek hura baldintza operatiboetan erabiltzea ahalbidetzen duten baliabide teknikoak eduki behar dituzte; edo, bestela, matrikula ordainbide batekin lotzea ahalbidetzen duen informazioa eman beharko dute.
6. artikulua.– Kanonaren zenbatekoak.
1.– Kanonaren zenbatekoak foru arau maila duen xedapen bidez ezarriko dira, azpiegitura kostuak berreskuratzeko printzipioa oinarri hartuta ezarri ere, kanona zehazteko unean indarrean dagoen Europako araudira egokituta, egoera ekonomiko orokorrari erreparatuta eta eragiketaren benetako kostuak kontuan hartuta.
2.– Nolanahi ere, kanonaren gehieneko zenbatekoak (BEZa barne) hauek izango dira:
7. artikulua.– Ibilgailuen sailkapena.
Foru arau honen bidez ezarritako kanonaren ondorioetarako, honela sailkatuko dira ibilgailuak:
– Astunak 1: gehieneko pisu baimendua 3,5 tona baino gehiagokoa, baina 12 tona baino gutxiagokoa dutenak.
– Astunak 2: gehieneko pisu baimendua 12 tonakoa edo gehiagokoa dutenak.
Sistemak korrelazio bat ezarriko du sailkapen efektiborako, kontrol bolumetrikoaren bitartez (luzera, zabalera eta formak), hau da, ibilgailu mota bakoitza bi kategoria horietako batean sailkatzeko.
8. artikulua.– Kanona ordainaraztea, kudeatzea eta biltzea.
Bidegi SA foru sozietate publikoari dagokio kanona ordainaraztea, kudeatzea eta biltzea.
Dena den, Bidegi SAk hirugarren baten esku utzi ahal izango du kanonaren kobrantza kudeatzea.
9. artikulua.– Kanona ez ordaintzea.
1.– Gipuzkoako Errepide eta Bideei buruzko Foru Arauaren testu bateratuak 96.3 d) artikuluan xedatutakoaren arabera, arau-hauste arina izango da kanona ez ordaintzea bide azpiegitura erabiltzerakoan, kanona ordaindu beharra dagoen kasuetan.
Arau-hauste hori aipatu testu bateratuan xedatutakoaren arabera zehatuko da.
2.– Kanona ez ordaintzearen erantzulea izango da ibilgailuaren titularra edo ohiko gidaria, baldin eta epe luzeko errentamendua Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailu Erregistroan jasota badago.
3.– Bide azpiegitura erabiltzerakoan kanona ordaintzen ez bada, kanona kudeatzeko erakundeak egin beharreko izapideak egingo ditu, kanona errekarguarekin kobra dadin. Errekargu hori ezingo da izan zor den kanonaren % 20 baino handiagoa.
Zirkulazio datatik bi hilabete igaro badira zorra ordaindu gabe, kanona ordainarazteko ardura duen erakunde kudeatzaileak salaketa bidaliko dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, horrek zigor espedientea ireki dezan, eta, premiamenduko prozeduraz, ordaintzeke dagoen zorra eska dezan; zenbateko horretan sartuta egongo da ordaindu gabeko kudeaketa errekargua.
4.– Gertaera horiek egiaztatzeko, azpiegituran instalatutako edozein sistema edo bitarteko tekniko, mekaniko edo irudi-erreproduzitzaile erabili ahal izango da, ibilgailuak garbi identifikatzen dituena. Irudi hori frogabidea izango da salaketan.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Diputatuen Kontseiluari baimena ematea.
Diputatuen Kontseiluari baimena ematen zaio berak erabaki dezan zein egunetatik aurrera izango duten foru arau honetan arautzen den kanona ordaintzeko betebeharra 3. artikuluan aipatutako ibilgailuekin 2. artikuluan adierazitako errepide zatietatik zirkulatzen duten erabiltzaileek.
Egun hori ezingo da 2017ko azaroaren 30a baino lehen izan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Erregelamenduz garatzea.
Diputatuen Kontseiluari ahalmena ematen zaio foru arau hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.