EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2017016

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 18koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaie Santurtzi udalerriko (Bizkaia) Serantes mendiko gotorlekuak monumentu-multzo izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedienteari eta espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari.

Xedapenaren data: 2017-01-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201700428
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren babesean, kultura-ondarearen gaineko eskumen osoa bereganatu zuen. Aipatutako eskumen hori baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak izendatzeko prozedurak arautzen dituena.
Santurtziko udalerriko (Bizkaia) Serantes mendiko gotorlekuek duten kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea Santurtziko udalerriko (Bizkaia) Serantes mendiko gotorlekuak monumentu-multzo izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedienteari, I. eranskinean azaltzen den mugaketaren eta II. eranskinean azaltzen den deskribapenaren arabera.
Bigarrena.– Jendaurrean jartzea, denboraldi batez, Santurtziko udalerriko (Bizkaia) Serantes mendiko gotorlekuak monumentu-multzo izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedientea. Hala, 20 eguneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan egongo da ikusgai, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1 zenbakian.
Hirugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, bai eta Santurtziko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari, Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Sailari eta Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere, egoki iritzitako dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkez ditzaten jakinarazpenaren egunetik hamabost eguneko epean.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, herritar oro jakitun egon dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 18a.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
1.– Mugaketa.
Gotorlekuak honako mugaketa hau du:
1) El Llano Gotorlekua: honako erreferentzia hauek zedarritzen dute perimetroa:
– Ekialde-hegoaldean: sestra-kurba, 340 m-ko kota duena, gailurrera doan bide nagusiarekin bat egiten duen tokitik El Llano gotorlekua hegoaldean inguratzen duen bigarren mailako bideraino.
– Mendebaldean: bigarren mailako bidea, gailurrera doan bide nagusiarekin bat egiten duen tokiraino; toki horretatik, lubanarroarekiko lerro paralelo bat dago, bide nagusiarekin bat egiten duen tokiraino doana, 342 m-ko kotan, gutxi gorabehera.
– Iparraldean: gailurrera doan bide nagusia.
2) Gailurreko Dorre Handia: 445 m-ko kotako sestra-kurbak zedarritzen du eremua, alde batera utzita antena eta hari erantsitako instalazioak.
2.– Mugaketaren justifikazioa.
Mugaketa horretan, Serantes mendiko gotorleku-sistemaren elementu nagusiak sartzen dira: El Llano Gotorlekua eta gailurreko Dorre Handia, bakoitzak bere mugaketa duela. Hartara, mugaketa etena ezartzen da, elementu bakoitzaren azaleraz gainera, inguruko eremu bat hartzen duena, eremu horren babes kulturala bermatzeko; izan ere, eremu horietan egindako jarduketek kultura-ondasunean eragin dezakete zuzenean.
Planoan, honela daude adierazita elementuok:
1 Gotorlekua.
2 Dorre Handia.
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Serantes mendia Abraren ezkerraldean dago, 445 m-ko altuera du eta ageri-ageriko mugarri orografikoa da itsasadarraren ingurunean. Menditik, ikusmiran hartzen dira kostaldeko eremu zabal bat, Bilboraino doan itsasadarraren harana eta Bilbora sartzeko bide historikoek eta egungoek osatzen duten gunearen ikuspegi zabala.
Serantesko gotorleku-multzoa lerro baten gainean dago ezarria, El Mazo (250 m) muinoan hasi, eta Serantes mendiko gailurreraino (445 m) heltzen dena. Behatoki natural bat da, ikusmira ederra eskaintzen duena; erabat urbanizatutako ingurune baten ondoan dago, eta, egun, Bilbo Handiko naturagune nagusietako bat da.
Gotorleku-sistemaren elementu nagusiak Gotorlekua eta gailurreko Dorre Handia dira, eta, haietara heltzeko, nagusiki, bide bihurri bat hartu behar da, gotorlekuak diseinatu zituzten ingeniari militarrek egina.
Gotorlekuak pentagono irregular baten oinplanoa du, 7000 m
Guardia-aretotik, gotorlekuko kale edo galeria bakarrera sartzen da, eta haren alboetan, eraikuntzen hondarrak daude: ezkerraldean, pabilioiek osatutako lau lerro, zeharka antolatuak (hiru pabilioi, eta bi pabilioi independentek osatutako beste lerro bat), eta, haien iparraldean, luzetara antolatutako pabilioi bat, horma gezi-leihodunak dituena. Kaleko eskuinaldean, pabilioi handi bat dago, paraleloan antolatua: partez berreraiki da, estalduraraino.
Partez kontserbatzen dira gotorlekuaren eta gelen inguruko harresiak. Harlangaitzez edo kareharrizko harlanduxkoz eginak dira, eta, izkinetan, harlanduak dituzte. Eraikinetan, bao gezi-leihodunak daude, adreiluz inguratuak, garaiko gotorlekuen tankerara. Zenbait pabilioi gotorlekuko soldaduen eta gobernadorearen aterpe gisa erabiltzen ziren; pabilioi bat munizioen biltegia zen, eta beste batean, sukaldea, janari-biltegia eta komuna zeuden. Gotorlekua XX. mendearen hasierara arte erabili zen (1910 ingurura arte).
Seranteseko gailurrean, dorrea dago: 1868. urtean eraiki zuten, azken gerra karlistaren garaian. Harlandu irregularrez egindako eraikina da; lau angeluko oinplanoa eta bi altuera ditu, eta zabaltza bat, garitoiz inguratua, erdiko errematea izan zuena. Beheko aldean, albo bakoitzean, bost kanoi-zulo daude, eta beste bana izkinetan; goiko aldean ere, kanoi-zuloak daude, hego-ekialdeko fatxadan bao zabalagokoak direnak. Egun, ia osorik galdu dira terrazadun itxitura eta erdiko erremateko atala; gainera, dorreko harresiak oso hondatuta daude, eta lehenbailehen sendotu beharra dute.
Oro har, egungo egoera aintzat hartuta, kontserbatutako egiturak hondarrak dira, eraikuntzak bainoago. Gotorlekuan, hormen oinarriak kontserbatzen dira, izan altuera handia edo txikia, eta erraz antzematen dira multzoaren oinplanoa, forma eta antolamendua. Dorrea, kontserbazio-egoera halamoduzkoan egonda ere, zutik dirau, eta gailurreko irudiaren erreferentea da. Hondarrak –dimentsioak eta interpretagarritasuna aintzat hartuta– hemeretzigarren mendeko arkitektura militarraren lekukotza dira, Bizkaiko esanguratsuena. Gainera, gotorlekuen hondarrak paisaian daude txertatuta, eta haren berezko elementuak dira, ingurune naturalari interes kultural nabarmeneko osagai bat gehituz. Hori dela-eta, leheneratze-jarduera edo esku-hartze oro ikuspegi integratzaile batetik egin behar da, eta zaharberritze- eta berreraikitze-lanek helburu izango dute elementu guztien berezko ezaugarriak zaintzea, oinarri hartuta ingurunean eta Seranteseko paisaian inpaktu negatiboa izango ez duten testuradun eta koloredun materialak eta akaberak.