EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2017016

AGINDUA, 2017ko urtarrilaren 10ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2017ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XXXVI. edizioaren deialdia egiteko dena.

Xedapenaren data: 2017-01-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201700427
Maila: Agindua
Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak emandako definizioaren arabera, eskolako kirola da eskola-umeek nahitaezko eskola-aldian baina eskola-orduetatik kanpo egiten duten kirol jarduera.
Legearen II. tituluak xedatzen duenez, Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eskumena da eskolako kirolaren oinarriak eta printzipio orokorrak finkatzea, bai eta kirol-diziplinako araubidea eta lehiaketak finkatzekoa ere. Legearen 45. artikuluak dioenez, bestalde, autonomia mailako lehiaketa ofizialak bideratzea, kalifikatzea eta baimentzea Eusko Jaurlaritzaren zeregina da.
Testuinguru horretan, beharrezkoa da agindu baten bidez Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XXXVI. edizioaren deialdia egitea, Eskolarteko Jokoetan sortzen diren gorabeherei soluziobidea bilatzeko.
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XXXVI. edizioak barne hartuko ditu gutxienez hiru lurralde historikoetatik bitan eskola-kirolaren programen barruan lurralde-mailako lehiaketa izaten duten kirol modalitate guztiak. Lurralde bakoitzetik, gutxieneko partaidetza 6 kirolari edo taldekoa izango da.
Kirol modalitateren batean Eusko Jaurlaritzak aurrez baimenik eman badu 2016/2017 ikasturtean zehar eskola-lizentzia duen autonomia mailako lehiaketaren bat egiteko, lehiaketa hori ez da Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan sartuko.
2. artikulua.– 2017ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Lurralde Historikoetako kirolariek, teknikariek eta talde edo selekzio ordezkariek parte hartuko dute.
3. artikulua.– Kirolariek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Hiru foru-aldundietako batek emandako eskola-lizentzia izatea.
b) Ordezkatzen duten ikastetxe edo klubean inskribatuta egotea. Selekzioak onartzen dituzten kirol modalitateetan, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak onartutako araudi teknikoan ezartzen diren irizpide espezifikoak erabiliko dira selekzio horiek osatzeko.
c) Kirolariek ikasturtean zehar foru-aldundien eskola-kiroleko programetan izandako baldintza beretan parte hartuko dute, eta Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek erabakitako parte hartzeko irizpideak errespetatu beharko dituzte.
d) Kirol Joko hauetan parte hartzen duten kirolariek 11 urte beteak izan behar dituzte, eta 14 urte gehienez, Jokoak egiten diren urtean.
Oro har, parte hartzeko kategoria haur-kategoria deritzona izango da (2003an eta 2004an jaiotako eskola-umeak).
2.– Salbuespenez, beste adin batzuetako kirolarien parte hartzea ere onartuko da, betiere gorabehera hori dagokion modalitatearen araudi teknikoan jasotzen bada (kimu-kategoria, 2005 eta 2006 urteetan jaiotako kirolariak).
3.– Edozein eskola-ume kirolarik aukera izango du kirol modalitate batean baino gehiagotan batera parte hartzeko. Aldi berean bi lehiaketatan parte hartzea suertatzen bazaio, baten edo bestearen artean aukeratu beharko du.
4. artikulua.– 2017ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XXXVI. edizioa Arabako Lurralde Historikoan jokatuko da, batik bat, Gasteizen. Errendimenduari ekiteko ibilbideko infantil-mailako futbol txapelketako partidak bakarrik jokatuko dira lurralde horretatik at (haur-kategoriako lehen urtekoak Gipuzkoan, eta bigarren urtekoak Bizkaian).
2.– Deialdiko neguko modalitate bakarra, krosa, 2017ko martxoaren 12an egingo da. Judoa apirilaren 2an egingo da, eta beste lehiaketa guztiak bi asteburutan jarraian, 2017ko maiatzaren 27 eta 28an eta ekainaren 3 eta 4an. Kirol modalitate bakoitzaren behin betiko programa gutxienez 15 egun aurretik jakinaraziko die Eusko Jaurlaritzaren Kirol Zuzendaritzak hiru foru-aldundiei eta inplikatutako euskal federazioei.
5. artikulua.– Foru-aldundiek Jokoak hasi baino 4 egun lehenago aurkeztu behar dituzte beren lurralde historikoetako inskripzioak Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzan.
6. artikulua.– Lehiaketak hasi baino lehen, kirolari bakoitzak 2016/2017 ikasturteko eskolako kirol-lizentzia aurkeztu beharko du, tokian tokiko foru-aldundiak emana, eta foru-aldundiak Eusko Jaurlaritzari bidalitako parte hartzaileen zerrendan agertu behar du.
7. artikulua.– Kirol modalitate bakoitzaren garapena Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak hiru foru-aldundiekin batera adostutako araudi teknikoan jasota egongo da, eta dagozkion ondorioetarako halaxe zabalduko da, parte hartzaileek, behin inskribatuz gero, hari men egin beharko diotelarik.
8. artikulua.– Alderdi teknikoari dagokionez, euskal federazioak izango dira kirol modalitate bakoitzak egoki funtzionatzeko beharrezkoa den laguntza emango dutenak, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak ikuskatuta eta ontzat emanda.
Hona laguntza teknikotzat zer ulertzen den: jardueraren inguruko alderdi tekniko guztiak zuzendu, koordinatu eta haien jarraipena egiteko behar diren egiteko guztiak.
Halaber, lehiaketen aktak egingo dituzte. Akta horiek ekintzaren bukaeran sinatu beharko dituzte lehiatu diren taldeetako teknikariek, ordezkariek eta kapitainek.
9. artikulua.– Lehiaketak jokatzen diren instalazioetan beti egongo dira, lehiaketak irauten duen bitartean, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzaren ordezkari bat eta instalazioan jokatutako kirol horren federazioko kide bat.
10. artikulua.– 1.– Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak izendatuko du Eskolarteko Kirol Jokoetarako epaile bakarra, eta beraren funtzioak hauek izango dira:
a) Parte hartzaileen gaineko diziplina-ahalmena erabiltzea. Lehiaketan epaileek izandako jokamoldeari buruzko erreklamazioak ebatziko ditu.
b) Diziplinakoak ez diren erreklamazio guztiak ebatziko ditu.
2.– Behin kirol jardunaldia bukatu eta gero, epaile bakarrak ebazpena emango du eta bi ordu baino lehen jakinaraziko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari men eginez eta pertsona interesdun guztiei entzuteko aukera bermatuz.
11. artikulua.– Erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira. Horretarako, inprimaki-eredu bat jarriko da pertsona interesdunen esku Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XXXVI. edizioaren Idazkaritza Teknikoan. Hala ere, bestelako idazkirik ere onartuko da, baldin eta ebazteko ezinbestekoak diren elementuak baditu.
azken xedapenetatik lehenengoa
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
azken XEDAPENetatik bigarrena
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 10a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.