EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2016015

EBAZPENA, 2016ko abenduaren 13koa, Funtzio Publikoko sailburuordearena, zerbitzu-eginkizunen prozeduraren zenbait eduki garatzen dituena.

Xedapenaren data: 2016-12-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201700376
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • 2006/06/30rean argitaratutako 2006/05/30reko AGINDUA garatzen du [200603361]

Zerbitzu-eginkizunetako deialdien kudeaketan eta prozeduraren zenbait alderditan eragina duen araudia onartu izanak agerian utzi du arautu eta egokitu egin behar direla zerbitzu-eginkizunen prozedura arautzailearen honako eduki hauek: deialdiak argitaratzeko printzipioak, jakinarazpenak egiteko modua eta espedientera irispidea izatea; balorazio-batzordeak osatzeko eta horiek funtzionatzeko irizpideak, salbuespeneko prozedura, zerbitzu-eginkizunen xedea den lanpostua lehiaketa-deialdi batean sartuta dagoenerako; hizkuntzen egiaztapena Hizkuntzen Europako erreferentzia-esparru bateratuko mailekin bat etorrita, eta hobekuntza-ikastaroetarako berariazko aurreikuspenak.
Azken urteotan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zenbait ekimen abiarazi ditu bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak ezartzeko eskaintzen dituen zerbitzu publikoetan. Sailburuordetza honen eginbeharra da Administrazioa eraldatzeko prozesua bultzatzea eta koordinatzea bere jarduketa-eremuan; hortaz, beharrezkotzat jotzen du prozesu jakin batzuk optimizatzea, zerbitzuen kalitatea hobetzea eta administrazio elektronikoaren zenbait alderdi garatzea. Administrazioa lanean ari da behar ez den burokrazia murrizteko eta efizienteagoa izateko. Horretarako, administrazio-kargak gutxitzen ari da.
Beraz, horrekin guztiarekin lortu nahi dena da teknika jakin batzuk ezartzea, honako hauek hain zuzen: behar ez diren betebeharrak ezabatzea, prozeduren izapidetze-epeak murriztea eta prozedurako komunikazio eta jakinarazpenak egiteko bitarte elektronikoak erabiltzea ahalbidetzea. Hori guztia, kontuan hartuta teknika horien xede diren langileak Administrazio honetako enplegatu publikoak direla, Administrazioarekin lotura berezi dutela eta hark eskura jarritako bitarteko elektronikoak baliatu ditzaketela.
Horrela bada, zerbitzu-eginkizunen deialdiak Langilearen Atariko iragarki-oholean argitaratuko dira, atari horretan zentralizatuko baitira sailetako, erakunde autonomoetako eta zuzenbide pribatuko entitate publikoetako deialdiak. Internet bidez ere zabalduko dira deialdiak. Eskabide-eredu berri bat argitaratuko da, prozeduraren kudeaketa erraztuko duena jakinarazpenei dagokienez. Komunikazioetarako eta jakinarazpenetarako sistema elektronikoa ezarriko da, prozedurak azkarrago izapidetu ahal izateko.
Bestalde, ebazpen honek prozeduraren beste alderdi batzuk zehazteko xedea ere badu, hala nola, erantzukizun-lanpostuak hornitzeko eratutako balorazio-batzordeetako kideen izendapena eta lanpostu horiek hautatzeko teknika.
Azken urteotan lortutako esperientziak argi utzi du hobekuntzak sartu behar direla, prozeduraren alderdi batzuk zehaztu behar direla eta, oro bat, eduki batzuk garatu behar direla, zerbitzu-eginkizunetako prozeduretan balorazio-batzordeetako kideak izendatzeko orduan, irizpideak bateratze aldera eta sail zein erakunde autonomoen jarduna soiltze aldera. Modu horretan, kualifikazioa bermatzen da, betiere, lanpostuak aldi baterako hornitzeko prozedura hau eragin duten premiazkotasun- eta beharrizan-arrazoiak errespetatuta.
Euskal herri-administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen urriaren 13ko 190/2004 Dekretuak honako hau agintzen du lehen xedapen gehigarriko bigarren atalean: lehiaketa berezirako gordetako lanpostuak aldi baterako betetzeko, zerbitzu-eginkizunen deialdietan, araudi honetan prozedura honetarako ezarritako arauak aplikatuko dira. Merezimenduak baloratzeko batzorde tekniko bat eratuko da. Batzorde horren kideak bakarrik izan daitezke deialdia egiten duen sail edo erakundearen ordezkariak eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzakoak.
Lehiaketa horiek bereziak direla aipatzen da, merezimenduak baloratzeko bi fase ezartzen baitira; gainera, horretarako eratzen den balorazio-batzorde teknikoaren osaketa jatorritik urruntzen da lehiaketen araudian ezarritakotik.
Hornitu beharreko lanpostuen arabera, urriaren 13ko 190/2004 Dekretuak baldintzatutako prozedura-desberdintasuna jasota dago Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko maiatzaren 30eko Aginduan; bertan arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bitartez betetzeko prozedura. Agindu horrek zerbitzu-eginkizunak eratzeko bi prozedura xedatzen ditu: orokorra bata, I. kapituluko bigarren atalean, eta A edo A/B taldeko lanpostu jakin batzuetarako prozedura berezia, I. kapituluko 3. atalean.
Horrela, osagarri bereziko maila jakin batzuen barruko lanpostuetarako merezimenduak baloratzeko, bi fasez osatutako prozedura bat ezartzen da baldin eta, lanpostuarekin lotutako eginkizunen nolakotasunetik eratorrita, horietan egin beharreko lanetarako ezaguera edo trebetasun berezi batzuk baloratu behar badira. Horretarako, agindu horrek hornidura-araudian xedatutakoa garatzen du, eta ezartzen du merezimendu horien balorazioa balorazio-batzorde baten bidez egingo dela. Batzorde horren osaketa ere zehazten du.
Aginduan xedatutakoa garatzeko, 2009ko urtarrilaren 22an, Funtzio Publikoak 1/2009 Jakinarazpena eman zuen, postu horretako adituak hautatzeko irizpideak zehaztu eta, horrela, balorazio-batzordeko kideen egokitasuna eta kualifikazioa bermatzeko.
Ebazpen honetan, irizpide horiek hartzen dira aintzat, eta ebaluazio-batzordeko kideen profila xedatzen, batzordeko kideen artean hautaketa-tekniketan adituak ez ezik deitutako lanposturako behar diren ezaguera eta trebetasunetan adituak izango direnak ere egon daitezen.
Bestalde, lehiaketa bereziko lanpostuak betetzeko, zerbitzu-eginkizunetako deialdietan jarraitu beharreko prozedura ere arautzen da, hau da, III-A mailako edo hortik gorako berariazko osagarria duten lanpostuak betetzeko deialdietan jarraitu beharrekoa.
Lanpostu huts bat zerbitzu-eginkizunetan betetzeko deialdiak bat egiten duenean lanpostu hori lehiaketa berezian betetzeko deialdiarekin, ahalegina bikoitza da, eta hautagaiek bi proba egin behar dituzte oso denbora-tarte laburrean. Hori dela eta, hori gertatzen denerako, prozedura bat egokitu da ahalik eta eraginkorrenak izateko, lehia askearen, berdintasunaren, merituaren eta gaitasunaren printzipioak errespetatuz, betiere.
Era berean, ekainaren 30eko 117/2015 Dekretua (hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasuna ezartzekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako) onartu eta Langileen Erregistroa dekretu horren xedapenetara egokitu ondoren, beharrezkoa da, halaber, hizkuntzak jakitearen merezimenduak alegatzeari buruzko xedapenak egokitzea, bai eta jakintza horri esleitutako baremoa eta puntuazioa ere. Dekretu horretan dago jasota, batetik, hizkuntzen jakite-maila, Hizkuntzen Europako erreferentzia-esparru bateratuaren arabera (B1, B2, C1 eta C2); bestetik, hizkuntzak jakitearen ziurtagiri eta tituluen zerrenda bat jasotzen du, eta horiek aipatutako mailekin baliokidetzen ditu. Izan ere, horiek baino ez dute balioko administrazio honetako hautaketa- eta hornitze-prozesuetan hizkuntza-jakintzak egiaztatzeko.
Zerbitzu-eginkizunen araudian garatu beharreko azken alderdia hobekuntza-ikastaroena da, 150 orduko edo hortik gorako iraupena duten ikastaroena, alegia. Orokorrean eta iraupena gorabehera, azken 10 urteetan egindako ikastaroak besterik ez dira baloratuko. Dena dela, 150 orduko edo hortik gorako ikastaroak emandako jakintzak bermatzeko eta egiaztatzeko bestekoak direla ulertzen da, nahiz eta ezarritako epe hori gainditu. Hortaz, mugapen horretatik salbuetsita geratuko dira.
Horren babesean, eta Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2006ko maiatzaren 30eko Aginduan –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bitartez betetzeko prozedura arautzen duena–, azken xedapenetatik lehenengoan, ezarritakoarekin bat etorrita, eta langileen ordezkariekin negoziatu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Zerbitzu-eginkizunetako deialdien argitalpena, komunikazioak eta jakinarazpenak bitarte elektronikoen bitartez egitea prozedurako interesdunei, eta espedienterako irispidea izatea.
2.– Aplikazio orokorreko irizpideak ezartzea sail eta erakunde autonomoek merezimenduak baloratzeko batzordeetako kideak izendatzeko, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2006ko maiatzaren 30eko Aginduak araututako zerbitzu-eginkizunetako prozeduretan, 27. eta 28. lanpostu-mailetako osagarriaren mailako eta I., II. eta III-A osagarri berezietako A edo A/B taldeko lanpostuetarako.
3.– Salbuespenezko prozedura bat ezartzea lehiaketa berezi baterako deitutako lanpostu hutsak aldi baterako betetzeko.
4.– Berariazko irizpideak ezartzea honako merezimendu hauek baloratzeko: 150 orduko edo hortik gorako ikastaroak eta hizkuntza-jakintzak.
I. KAPITULUA
ZERBITZU-EGINKIZUNETARAKO DEIALDIEN ARGITALPENA, PROZEDURAREN BARRUKO KOMUNIKAZIOAK ETA JAKINARAZPENAK ETA ESPEDIENTERAKO IRISPIDEA
2. artikulua.– Deialdia argitaratzea.
1.– Zerbitzu-eginkizunetan betetzeko deitutako lanpostua atxikita dagoen saileko, erakunde autonomoko eta zuzenbide pribatuko entitate publikoko organo eskudunak emandako ebazpenaren bidez egingo da deialdia.
2.– Deialdia EIZU/Enplegatuaren Atariko iragarki-oholean argitaratuko da, atari horretan zentralizatuko baitira sailetako, erakunde autonomoetako eta zuzenbide pribatuko entitate publikoetako deialdiak, eskabideak aurkezteko ezarritako epeak irauten duen bitartean, alegia.
3.– Argitaratze-data horrek baino ez du balio izango Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko maiatzaren 30eko Aginduaren 11. artikuluan ezarritako eskabideak aurkezteko epea zenbatzeko, 6. artikuluan adierazitako betekizunen betetze-epea zenbatzeko eta 13. artikuluan adierazitako merezimenduak baloratzeko. Horrenbestez, ez da beharrezkoa izango bestelako iragarki-ohol edo hedabideetan argitaratzea. Nolanahi ere, hala egin ahal izango da, deialdia egin duen organoak egoki irizten badio.
4.– Deialdia, halaber, Internet bidez zabalduko da, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren webgune honetan: www.euskadi.eus/zerbitzueginkizunak. Harpidetza pertsonalizatuaren bidez ere zabalduko da; hala, zerbitzu-eginkizunen deialdiak posta elektronikoz jaso ahal izango dira.
5.– Eskabideak aurkezteko ezarritako epeak irauten duen bitartean egongo da argitaratuta deialdia webgunean.
6.– Harpidetza pertsonalizatua EIZU/Enplegatuaren Atarirako sarbidea dutenek egin ahal izango dute Jakina/Intranet-en bitartez. Atari horretara sarbidea ez duten langileek posta elektronikoaren bidez egingo dute harpidetza. Horretarako, Interneten www.euskadi.eus/zerbitzueginkizunak webgunean eskura dagoen inprimakia bete, eta honako helbide honetara bidali beharko dute: provision-seleccion@euskadi.eus
3. artikulua.– Eskabideak.
1.– Eskabide-eredu eguneratua argitaratu da (Eranskina).
2.– Atal bat gehitu da, halaber, posta elektronikoa (korporatiboa eta partikularra) eta eskuko telefonoa adierazteko, komunikazioak eta jakinarazpenak jasotzeko, alegia.
4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.
1.– Komunikazio eta jakinarazpenetarako erabiliko diren bitarteko elektronikoak honako hauek izango dira: kakinarazpen eta komunikazio elektronikoetarako ontzia, posta elektronikoa (korporatiboa eta partikularra) eta eskuko telefonoa.
2.– Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoetarako ontziaren sarbidea Intraneten bidez egin ahal izango da (EIZU/Enplegatuaren Atariko postontzi pertsonala) edo Interneten bidez, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (Nire gestioak postontzia) helbide honetan: www.euskadi.eus
3.– Prozedura izapidetzean egin beharreko jakinarazpenetan, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoetarako ontzia, posta elektronikoa eta eskuko telefono mugikorra erabiliko dira, 6. artikuluan adierazitako moduan erabili ere.
4.– Izapidetzeaz arduratzen den organoak jasota utzi beharko du espedientean adierazitako bitarteko horiek erabilita egindako komunikazio- eta jakinarazpen-ahaleginak.
5.– Zerbitzu-eginkizunetako prozeduran parte hartzen duenaren ardura da kontsultatzea jakinarazpen eta komunikazio elektronikoetarako ontzia eta komunikazio eta jakinarazpenak jaso ahal izateko eskabidean adierazi dituen posta elektronikoa eta eskuko telefonoa.
5. artikulua.– Proba edo proiektua egiteko deialdia.
1.– Proba edo proiektua egiteko deialdia posta elektronikoaren bitartez egingo da.
2.– Zerbitzu-eginkizunetako prozesuan baztertuak izateko arrazoiak dituzten langileei ez zaie deituko proba edo proiektua egiteko. Horrelakorik gertatuz gero, posta elektronikoz jakinaraziko zaie, deialdia egiten denean, eta adierazi egingo zaie zer-nolako arrazoiak izan diren baztertuak izateko.
3.– Eskatzaileak mezu elektronikoa jaso duela adierazi beharko du; horretarako, mezua irakurri duela egiaztatuko du edo bidalitako mezuari erantzungo dio. Mezua jaso duelako egiaztapenik ez badago 24 orduko epean, SMS bidez igorriko zaio deialdia eskabide-inprimakian adierazitako eskuko telefonora.
4.– Jarduketa horiek egindakoan, proba edo proiektua egiteko deialdia balio osoz egindakotzat joko da.
6. artikulua.– Prozeduraren amaiera.
1.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena jakinarazteko, hurrengo ataletan xedatutakoa hartuko da kontuan.
2.– EIZU/Enplegatuaren Atarirako sarbidea duten langileentzat, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoetarako ontzia izango da prozedurari amaiera ematen dion ebazpena jakinarazteko lehenetsitako bitarteko elektronikoa.
3.– Jakinarazi beharreko ebazpena jakinarazpen eta komunikazio elektronikoetarako ontzian jarriko da interesdunen eskura, eta hartarako irispidea izan dutela egiaztatu ondoren, jakinarazpena gauzatutzat joko da ondorio guztietarako, eta ebazpena errekurritzeko epea zenbatzen hasiko da.
4.– Jakinarazpena postontzian eskura jarri dela jasota geratu bada eta hamar egun naturaleko epea igarotzen bada, edukira jo gabe, jakinarazpenaren izapidea gauzatutzat joko da, eta ebazpena errekurritzeko epea zenbatzen hasiko da; betiere, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, hartarako irispidea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.
5.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren jakinarazpena paperean egin ahal izango da baldin eta langileek Enplegatuaren Atarirako sarbiderik ez badute edo hartarako bitarte teknikorik ez badute. Hala egin ahal izango da sarbide hori antolatzen ez den bitartean.
Edonola ere, paperean egiten diren jakinarazpen guztiak interesdunaren eskura jarri beharko dira jakinarazpen eta komunikazio elektronikoetarako ontzian, haien edukia ikusteko modua izan dezan, hala nahi izanez gero.
6.– Abisua bidaliko da interesdunak eman duen gailu elektronikora edo posta elektronikora, jakinarazpena jakinarazpen eta komunikazio elektronikoetarako ontzian eskuragarri duela adierazteko. Abisua bidaltzen ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.
7.– Espedientea ikustea.
1.– Zerbitzu-eginkizunetako prozesuetan parte hartzen duten langileek espedientea ikusteko eskatu ahal izango dute. Eskabidea idatziz egin beharko zaio balorazio-batzordeari.
2.– Hirugarrenek egiaztatutako merezimenduak ere ikusi ahal izango dira.
3.– Edonola ere, egiaztatzen den interes legitimoaren arabera zehaztuko da noraino sar daitekeen espedientean.
II. KAPITULUA
BALORAZIO-BATZORDEA
8. artikulua.– Balorazio-batzordeetako kideak izendatzeko irizpideak.
Balorazio-batzordeetako kideak izendatzeko, kideen egokitasuna eta kualifikazioa bermatzeari erreparatu beharko zaio.
1.– Balorazio-batzordeen osaketak irizpide hauei erantzun beharko dio:
Balorazio-batzordeak hiru kidez osatuko dira:
● Batzordeburua: deitutako lanpostua atxikita duen zuzendaritzako ordezkaria.
Egoera horretan eta, oro har, deitutako lanpostua mende duen nagusi hierarkikoa izendatu beharko da.
● Batzordekidea: deialdia egin duen sailak edo erakundeak izendatutako ordezkaria, deitutako lanpostuan aditua izan behar duena.
Sailak batzordekide aditu gisara izendatutako pertsonak hautatzeko orduan irizpide hauei men egin beharko die, hurrenkera honetan:
a) Azken bost urteetan gutxienez ere 12 hilabetez lanpostu berean jardun izana.
b) Gutxienez ere 12 hilabetez lanpostu berean jardun izana.
Irizpide horiek betetzen ez dituen pertsonarik ez badago, lanpostuaren nagusi hierarkikoak izendatuko du kide hori, deitutako lanpostuari dagokion lanbide-kualifikazioaren araberako irizpideak aintzat hartuta, betiere.
● Batzordekidea: Funtzio Publikoko Sailburuordetzak izendatutako ordezkaria, batzordeko idazkaria izango dena.
Deialdia egiten duen sail edo erakundeko Zerbitzuen Zuzendaritzako edo langile-kudeaketako kide batek izendatuko du.
Proiektu bat egitea aurreikusita dagoen deialdietan, Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren Giza Baliabideen Zerbitzuak aholkua emango du.
Irizpide horiek betetzen dituen pertsonarik ez badago, Funtzio Publikoko Sailburuordetzak egingo du izendapena, lanbide-kualifikazioaren araberako irizpideak aintzat hartuta, betiere.
2.– Zerbitzu-eginkizunetako prozeduretan beren lanbide-kualifikazioa dela eta izendatutako balorazio-batzordeetako kideek eginkizun hori bete beharko dute Administrazioarekin duten enplegu-harremana gorabehera. Hala eta guztiz ere, aldi baterako langileak ezingo dira batzordekide izendatu.
3.– Funtzio Publikoko Zuzendaritzak txostena egin beharko du balorazio-batzordeen osaketa zehatzari buruz, kideak izendatzeko ezarritako irizpideak betetzen direla egiaztatzeko.
4.– Balorazio-batzordeetan emakumeen eta gizonen kopurua orekatua izango da, neurri hori egokia ez dela behar bezala justifikatu ezean. Ordezkaritza orekatua izango da, baldin eta bi sexuak ordezkaritza badute.
III. KAPITULUA
LEHIAKETA ESPEZIFIKOETAN DEITUTAKO ZERBITZU-EGINKIZUNETARAKO PROZEDURA
9. artikulua.– Xedea.
Prozedura honen xede izango dira lehiaketa espezifiko batean deitutako lanpostu hutsak, zerbitzu-eginkizunetan hornitu behar direnak.
10. artikulua.– Salbuespenezko prozedura.
1.– Lanpostu horiek aldi baterako bete ahal izango dira funtzioen esleipenaren bidez edo zerbitzu-eginkizunen salbuespeneko esleipenaren bidez, Zerbitzu-eginkizunak arautzen dituen 2006ko maiatzaren 30eko Aginduaren 2. artikuluan ezarritakoarekin bat.
2.– Esleipen horretarako ez da zerbitzu-eginkizunen ohiko prozedura izapidetuko. Ohiko deialdia egin ordez, kontuan hartuko dira hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera deitutako lehiaketan dotazio horretarako lortutako emaitzak.
11. artikulua.– Deitutako lehiaketaren emaitzen ondorioak.
1.– II. faseko behin betiko emaitzak argitaratu ondoren, lehiaketaren ondoriozko hurrenkeraren arabera egingo da zerbitzu-eginkizunaren esleipena.
2.– Zerbitzu-eginkizun hori arrunta izango da ondorio guztietarako, eta salbuespeneko zerbitzu-eginkizuna errebokatzea ekarriko du edo funtzioak behin-behinean esleitzea.
3.– Lehiaketako izangaietako batek ere ez badu zerbitzu-eginkizunen esleipena onartzen edo dotazio hori eman gabe geratzen bada lehiaketan, mantendu egingo da salbuespeneko zerbitzu-eginkizuna edo funtzioen behin-behineko esleipena, lehiaketako lanpostu-jabetzea amaitu arte. Une horretan beste zerbitzu-eginkizun arrunt baterako deialdia egin beharko da.
IV. KAPITULUA
150 ORDUKO EDO HORTIK GORAKO IKASTAROAK ETA HIZKUNTZAK BALORATZEA
12. artikulua.– 150 orduko edo hortik gorako ikastaroak.
Ikastaroak baloratzeko araudiak oro har ezarritako irizpideak betetzen dituzten 150 orduko edo hortik gorako ikastaroak baloratu egingo dira noiz egin diren kontuan hartu gabe.
13. artikulua.– Hizkuntzak.
13.1.– 2015eko ekainaren 30eko 117/2015 Dekretuan zerrendatutako titulu eta ziurtagiriak baino ez dira baloratuko zerbitzu-eginkizunetako prozeduretan (dekretu horrek hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasuna ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako).
13.2.– Hizkuntzen jakite-mailaren alegazioa Hizkuntzen Europako erreferentzia-esparru bateratuaren mailen arabera (B1, B2, C1 eta C2) egingo da, eta jatorrizko tituluaren edo ziurtagiriaren bidez edo kopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko da.
13.3.– A eta B taldeetako postuak betetzeko zerbitzu-eginkizunetako prozeduretan, ingelesaren, frantsesaren edo alemanaren ezagutza-mailaren merezimendua 1,5 punturekin baloratuko da, gehienez ere. Honela egingo da:
● HEEBren B1 maila: 0,50 puntu
● HEEBren B2 maila: 0,75 puntu
● HEEBren C1 maila: 1 puntu
13.4.– C eta D taldeko postuak betetzeko zerbitzu-eginkizunetako prozeduretan, ingelesaren, frantsesaren edo alemanaren ezagutza-mailaren merezimendua 1,5 punturekin baloratuko da, gehienez ere. Honela egingo da:
● HEEBren B1 maila: 0,75 puntu
● HEEBren B2 maila: 1 puntu
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 13a.
Funtzio Publikoko sailburuordea,
ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.