EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2017013

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 10ekoa, Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariarena –Osasun Sailaren kontratazio-organoa–, zeinaren bidez Ogasun eta Finantzetako sailburuari ezeztatzen baitzaio 2017., 2018. eta 2019. urteetarako posta-zerbitzuak gauzatzeko kontratazioaren eskumena (2020. eta 2021. urteetarako luza zitekeena), Osasun Sailaren mendeko zentro administratiboetan, eta zeinaren bidez eskuordetzen baitzaio Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Zerbitzuen zuzendariari.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2017-01-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201700308
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • 2016/12/01ean argitaratutako 2016/11/21eko EBAZPENA deuseztatzen du [201605153]

2016ko azaroaren 21ean, Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariak erabaki zuen Ogasun eta Finantzetako sailburuari eskuordetzea 2017., 2018. eta 2019. urteetarako posta-zerbitzuak gauzatzeko kontratazioaren eskumena (2020. eta 2021. urteetarako luza zitekeena), Osasun Sailaren mendeko zentro administratiboetan.
Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa–, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari dagozkio zerbitzu sailaniztunak, besteak beste.
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko –sortu berria– Baliabide Orokorren Zuzendaritzari dagokio kudeaketa bateratuko eraikinetan erabilera orokorra izan behar duten materialen eta zerbitzuen kontratazioak egitea, hain zuzen ere, Baliabide Orokorren Zuzendaritzari esleituak; Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren I. tituluko III. kapituluaren (Kontratazioaren arrazionalizazio teknikoa) I. sekzioaren arabera (Kudeaketa bateratua), Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 172/2013 Dekretuaren 12.c) artikulua eta, azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua kontuan hartuta.
Kontuan izan behar da azken urteetan Ogasun eta Finantzetako sailburuak zenbait erakundetarako zerbitzuak eta hornidurak lizitatu eta kontratatu dituela, teknika horrek ahalbidetu duela eskala-ekonomiez baliatzea, eta horrek emaitza onak izan dituela, bai arlo ekonomikoari dagokionez bai kontratuen betearazpenari dagokionez.
Posta-zerbitzuak kontratazio bateratuko teknika horren bidez kontratatu izan dira, eta teknika hori, gaur egun, berariaz jasota dago kontratazio publikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/24/EE Zuzentarauan, eta batera daiteke Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 1. artikuluan jasotako printzipioekin, eta, bereziki, funts publikoen erabilera eraginkorrarekin.
Kontratazio bateratua egin aurretik, eskumenak esleitu behar dira –edo, hala badagokio, «enkargua» egin– esleipena egitea dagokion kontratazio-organoak behar den prozedura egin dezan; horretaz gain, kontratua kofinantzatuko duten ekarpen guztien eskuragarritasun osoa ziurtatu behar da.
Ildo horretan, aipatutako eremuan posta-zerbitzuak era bateratuan kontratatzeko bide edo formula egokia da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9.1 artikuluan eskumenen eskuordetzerako jasotakoa, eta honako hau xedatzen du:
«1.– Administrazio publikoetako organoek administrazio bereko beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman ahal dizkiete, nahiz eta bata bestearen mendekoak ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden zuzenbide publikoko erakundeetakoak badira».
Horregatik, 188/2013 Dekretuaren 6.3 artikuluak kontratazioaren arloan Zerbitzuen zuzendariari eskuordetzen dizkion eskumenen arabera, eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 19ko 195/2013 Dekretuaren 6.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzari dagokio –zuzendariaren bitartez–, kontratazio-organoari esleitutako ahalmenak baliatzea. Hori guztia kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
I.– Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariaren 2016ko azaroaren 21eko Ebazpena ezeztatzea; haren bidez, Ogasun eta Finantzetako sailburuari eskuordetu zitzaion 2017., 2018. eta 2019. urteetarako posta-zerbitzuak gauzatzeko kontratazioaren eskumena (2020. eta 2021. urteetarako luza zitekeena).
II.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Zerbitzuen zuzendariari eskuordetzea 2017., 2018. eta 2019. urteetarako posta-zerbitzuak gauzatzeko kontratazioaren eskumena (2020. eta 2021. urteetarako luza daiteke).
Haren esku utzitako eskumena bada Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 14ko 3/2011 Errege Lege Dekretuan aurreikusitako honako gai hauek ere bideratzeko:
– Kontratua prestatzea (II. liburua).
– Kontratua esleitzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).
– Administrazioaren prerrogatibak, aldaketa, iraungitzea, lagapena eta azpikontratazioa, oro har IV. liburukiko I. tituluko I. kapituluan aurreikusten direnak, eta bereziki –hornidura-kontratuetarako– IV. liburukiko II. tituluko IV. kapituluan aurreikusten direnak.
– Kontratua formalizatzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).
III.– Kontratazio-organoari dagozkion gainerako eskumenak eta, batez ere, zerbitzuak egiteko eta ordaintzeko onespena emateko ahalmena organo eskuordetzaileari dagozkio.
IV.– Eskuordetze hau sinatu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 10a.
Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria,
DANIEL SALAZAR IRUSTA.
I. ERANSKINA
Posta-zerbitzuaren jasotze-puntuen zentroak, sailak, ordezkaritzak, etab.