EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2017013

8/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko «Beldur Barik» erakunde arteko kanpaina garatu eta batera finantzatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201700008
Xedapenaren data: 2017-01-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201700303
Maila: Ebazpena
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko «Beldur Barik» erakunde arteko kanpaina garatu eta batera finantzatzeko. Testu hori honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 12a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 12KO 8/2017 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ETA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREN ARTEKOA, EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA PREBENITZEKO «BELDUR BARIK» ERAKUNDE ARTEKO KANPAINA GARATU ETA BATERA FINANTZATZEKOA
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 14a.
BILDU DIRA:
Izaskun Landaida Larizgoitia anderea, Emakundeko zuzendaria.
Markel Olano Arrese jauna, Gipuzkoako ahaldun nagusia.
ESKU HARTU DUTE:
Izaskun Landaida Larizgoitia andreak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 17.2 f) artikuluari jarraikiz.
Markel Olano Arresek, foru administrazioaren izenean eta hura ordezkatuz, Gipuzkoako Foru Aldundiko erakunde, gobernu eta administrazio antolakuntzari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauko 26.5b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
HONAKO HAU AZALDU DUTE:
Lehenengoa.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluarekin bat etorriz, Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen alor guztietan.
Aipatu Legeko 3. artikuluko a), h) eta n) idatzi-zatietan ezartzen denez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen funtzioak izango dira aipatu xedeak lortzeko jarraibideak egitea eta horiek euskal botere publikoek aplikatu ditzaten bultzatzea; eta aipatu botere publikoek garatzen dituzten jardun-programetatik emakumeen egoeran eta emakumeen eta gizonen berdintasunean eragina izan dezaketenak koordinatzeko neurriak bultzatzea. Halaber, hari dagokio herritarrak sentsibilizatzea, kasuan kasu egokitzat jotzen diren sentsibilizazio-, sustapen- eta zabalkunde-jarduerak eta -kanpainak eginez, herritarrak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esanahiaz eta garrantziaz jabetu daitezen, bai eta hori lortzeko eta emakumeak ahalduntzeko lan egiteko premiaz ere.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean antzera arautu da gaia. Hala, bertako 5 e) artikuluari jarraikiz, hari dagokio euskal administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz egiten dituzten jarduketen arteko lankidetza bultzatzea, eta, artikulu bereko i) idatzi-zatiaren arabera, baita emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuneko egoerei buruz sentsibilizatzeko eta berdintasuna sustatzeko behar diren neurriei buruzko jarduerak ere, Euskal Autonomia Erkidego osorako eta Euskal Herria osorako era bateratuan egin behar direnean.
Horren haritik, Erakundearen helburuetako bat da administrazioen esku-hartzea indartzea eta bultzatzea alor hauetan: emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko esku hartzea eta sexuen arteko desberdintasunaren erakusgarririk larrienetakoan, esan nahi baita emakumeen aurkako indarkerian esku hartzea, hain zuzen ere.
Bestalde, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan xedatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu ziren eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu ziren. Dekretu horren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagokio genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko politikak zuzentzea eta koordinatzea.
Bigarrena.– Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera (berdintasunari dagokionez foru administrazioek dauzkaten eskumenak ezarri dira bertan), Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio «sustapen neurriak ezartzea udalei eta gainerako toki erakundeei emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzera bideratutako programak eta jarduerak garatzeko baliabide materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak hornitzeko». (6.h artikulua).
Halaber, aipatu Legeko 6 f) artikuluaren arabera, bere lurralde esparruan, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuneko egoerei eta berdintasuna sustatzeko behar diren neurriei buruzko sentsibilizazio jarduerak egitea dagokio.
Hirugarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudel-Euskal Udalerrien Elkarteak 2009az dihardute elkarlanean gazteei zuzendutako genero-indarkeria prebenitzeko erakundeen arteko kanpaina bat garatzen, Beldur Barik leloaren pean.
Laugarrena.– 2014. urteko ekitaldiaz geroztik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, Eudelek eskatuta, bere gain hartu du Beldur Barik erakundeen arteko kanpaina kudeatzeko ardura. Kanpainan parte hartzen duten alderdi guztiak ados daude eta alde biko hitzarmenak sinatuz kudeatzea proposatu da.
Bosgarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea eta Gipuzkoako Foru Aldundia ados daude 2016an Beldur Barik erakundeen arteko kanpaina garatzen laguntzeko eta, beraz, hitzarmen hau sinatzea adostu dute. Hitzarmena honako klausulak izango ditu:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
1.– Hitzarmen honen xedea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza egituratzea da, gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko Beldur Barik erakundeen arteko kanpaina garatzeko.
Bigarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen konpromisoak.
1.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpromisoa hartzen du gaiari buruz dauzkan ezagutza eta eskarmentua jartzeko, baita honako konpromisoak ere:
a) Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lan plangintza bat aurkeztu eta adostea.
b) Ekintzen gauzapena garatzea eta haren jarraipena eta ebaluazioa egitea.
c) Aurreko idatzi-zatian aipatutako konpromisoak betetzeko behar diren adina baliabide material eta giza baliabide jartzea.
d) Kontratazio-organo eginkizunak egikaritzea.
e) Hitzarmen honetan aipatzen diren ekarpenak kudeatzea.
f) Urteko txostena egitea, aurreko idatzi-zatian aipatutako konpromisoen arabera egindako lanari buruz. Halaber, hitzarmen honen xedea dela-eta eskatzen dioten adina informazio eta dokumentazio osagarri ematea Gipuzkoako Foru Aldundiari.
2.– Era berean, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bere gain hartzen du Beldur Barik erakundeen arteko kanpainaren kostuaren zati bat finantzatzeko betebeharra,2016an gehienez 69.150 euro (hirurogeita bederatzi mila ehun eta berrogei eta hamar euro) jarriz. Zenbateko horrek, hiru foru aldundiek jartzea aurreikusita dagoen zatiarekin batera, mugatzen du «Beldur Barik programa diseinatu eta betearazteko», (04EMK/04S/2016), EHAAn argitaratu den kontratazio espedientearen lizitazioaren gehienezko aurrekontua.
3.– Azkenik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpromisoa hartzen du ekimen hori bere web orriaren eta erakundearen beste hedabideen bidez zabaltzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera sustatu duela agertuz. Horretarako, bi entitateen logotipoak agertuko dira.
Hirugarrena.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoak.
1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartzen du Beldur Barik erakundeen arteko kanpainaren kostuaren zati bat finantzatzeko, 2016 urtean gehienez ere 24.500,00 euro (hogeita lau mila eta bostehun euro) jarriz, Beldur Barik erakundeen arteko kanpainako laguntza teknikoa garatzeko.
2.– Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du ekimena bere web orriaren eta erakundearen bestelako hedabideen bidez zabaltzeko. Horretarako, bi entitateen logotipoak agertuko dira.
3.– Gipuzkoako Foru Aldundiak ibilbide-orri bat ezarri eta han programaren esparruan garatzen dituen jarduketak jasoko ditu.
Laugarrena.– Ordaintzeko modua.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpena ordainketa bakar baten bidez ordainduko da, ondorengo klausulan zehazten den kontu zurigarria aurkeztu ondoren, 2016ko abenduaren 1a baino lehen aurkeztu ere.
Bosgarrena.– Egiaztapena.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak egiaztatuko du 2017ko otsailaren 28a baino lehen hitzartutako jarduerak egin direla, egindako jarduerak egiaztatzeko kontu bat aurkeztuz. Kontu horrek honakoak jasoko ditu:
– Bigarren klausulan adierazitakoari jarraituz, Emakunde-Emakumeen Euskal Erakundeak hartuko konpromisoak bete direla egiaztatzen duen jarduera-memoria.
– Diruz lagundutako jardueraren gastuen zerrenda sailkatua.
– Aurreko idatzi-zatian aipatutako zerrendan jaso diren fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea edo eraginkortasun administratiboa duten gainerako agiriak (jatorrizkoak edo konpultsatuak) eta, hala badagokio, ordainketa egiaztatzeko agiriak.
– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo diru-laguntza batzuen zerrenda. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira.
Seigarrena.– Koordinazioa eta jarraipena.
1.– Jarraipen Batzordeak koordinazio- eta jarraipen-lanak egingo ditu, hitzarmen honetan xedatua behar bezala egiten dela ziurtatzeko. Jarraipen Batzorde hori xede horrekin sortuko da, hain zuzen ere, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak koordinatuko du. Zentzu horretan, beste eginkizun batzuen artean, burututako ekintzen gastuak behar bezala justifikatu direla egiaztatuko du.
2.– Jarraipen Batzorde horretan Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariek parte hartuko dute. Bestalde, batzordera, aholkulari gisa, Berdinsareko -Berdintasunaren aldeko eta genero indarkeriaren aurkako euskal udal sarea- adituak eta ordezkari teknikoak gonbidatu ahalko dira, baita beste aditu batzuk ere.
3.– Emakundek programatutako jardueren jarraipena eta ebaluazioa egiteko bilerak deituko ditu.
Zazpigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen honen indarraldia sinatzen den unean hasiko da, eta 2016ko abenduaren 31n amaituko, nahiz eta hitzarmenaren kontura 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako jarduerak finantzatu daitezkeen.
Zortzigarrena.– Beste laguntza eta diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Hitzarmen honen diru-laguntza bateragarria izango da xede bera duten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein dela ere horiek eman dituen administrazioa edo erakundea (publikoa edo pribatua), izan Estatukoa, Europar Batasunekoa,edo nazioartekoa. Ezingo da inolaz ere gainfinantzaketarik gertatu.
Bederatzigarrena.– Hitzarmeneko baldintzak aldatzea eta beste laguntza batzuk jasotzea.
Lankidetza hitzarmena sinatzeko kontuan hartutako baldintzen aldaketa orok eta, edonola ere, Estatuko edo nazioarteko erakunde publiko edo pribatu baten edo beste administrazio batzuen diru-laguntza edo laguntzaren bat ere jasotzen bada, hitzarmena aldaraz dezake.
Hamargarrena.– Hitzarmena suntsitzea.
Hitzarmen hau indargabetuko da egoera hauetakoren bat gertatuz gero:
a) Sinatu duten alderdi biak ados daudenean; hilabete aurretik jakinarazi beharko da.
b) Aldeetako edozeinek bere konpromisoak ez betetzea.
Hamabigarrena.– Itzulketa.
Hitzarmen hau betetzen ez bada edo emandako kopurua beste xede batzuetarako erabiltzen bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea guztiz edo zati batean galdutzat joko da eta hura osorik edo zati batean itzuli beharko da, hari dagozkion berandutza interesekin batera, Gipuzkoako Lurralde Historikoko diru-laguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauko 35. artikuluan eta apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuaren bidez onartutako haren garapeneko araudiko 63. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
Hamabigarrena.– Hitzarmenaren izaera.
Hitzarmen hau administrazioaren arlokoa da. Beraz, azken instantzian, administrazioarekiko auzietako epaitegi eskudunek aztertuko eta ebatziko dituzte hitzarmen hau dela-eta sortzen diren auziak.
Hamahirugarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Alderdiek adierazten dute ezagutzen dituztela Datu Pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Legeari buruzko xedapenak, eta konpromisoa hartzen dute lege horretan aurreikusitako betekizunak konplitzeko, hitzarmen hau dela-eta dauzkaten erabiltzaileen datuei dagokienez.
Eta, hitzarmen honetan ezarritakoarekin bat datozela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, jarraian agertzen direnek honelako hiru ale sinatu dituzte, jatorrizkoak, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean:
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakunderen aldetik, Izaskun Landaida Larizgoitia, zuzendaria.
Gipuzkoako Foru Aldunditik, Markel Olano Arrese, ahaldun nagusia.