EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2017013

7/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Arabako Foru Aldundiaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko «Beldur Barik» erakunde arteko kanpaina garatu eta batera finantzatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201700007
Xedapenaren data: 2017-01-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201700302
Maila: Ebazpena
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Arabako Foru Aldundiaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko «Beldur Barik» erakunde arteko kanpaina garatu eta batera finantzatzeko. Testu hori honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 12a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 12KO 7/2017 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ETA ARABAKO FORU ALDUNDIAREN ARTEKOA, EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA PREBENITZEKO «BELDUR BARIK» ERAKUNDE ARTEKO KANPAINA GARATU ETA BATERA FINANTZATZEKOA
Vitoria-Gasteizen, 2016ko irailaren 14an.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Ramiro Gonzalez Vicente jauna, diputatu nagusi gisa.
Izaskun Landaida Larizgoitia andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.
PARTE HARTU DUTE:
Ramiro Gonzalez Vicente jauna, diputatu nagusiaren kargua hautatu eta hartzeko 2015eko ekainaren 30eko Biltzar Nagusien osoko bilkuraren Erabakiarekin bat etorriz.
Diputatu nagusiaren uztailaren 3ko 132/2015 Foru Dekretuan, 2015-2019 agintaldirako Arabako foru Aldundiaren sailak zehazten dituenean, xedatutakoaren arabera, Diputatu nagusiaren Sailaren eginkizun eta eskumen izango da Berdintasunerako Politika, Immigrazio Politika eta Garapenerako lankidetza.
Izaskun Landaida Larizgoitia andreak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen (urriaren 31ko 214/2006) Dekretuaren 17.2.f) artikuluari jarraikiz.
HONAKO HAU AZALDU DUTE:
Lehenengoa.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko (otsailaren 5eko 2/1988) Legearen 2. artikuluarekin bat etorriz, Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen alor guztietan.
Aipatu Legearen 3. artikuluko a), h) eta n) idatzi-zatietan ezartzen denez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen funtzioak izango dira aipatu xedeak lortzeko jarraibideak egitea eta horiek euskal botere publikoek aplikatu ditzaten bultzatzea; eta aipatu botere publikoek garatzen dituzten jardun-programetatik emakumeen egoeran eta emakumeen eta gizonen berdintasunean eragina izan dezaketenak koordinatzeko neurriak bultzatzea. Orobat, hari dagokio herritarrak sentsibilizatzea, kasuan kasu egokitzat jotzen diren sentsibilizazio-, sustapen- eta zabalkunde-jarduerak eta -kanpainak eginez, herritarrak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esanahiaz eta garrantziaz jabetu daitezen, bai eta hori lortzeko eta emakumeak ahalduntzeko lan egiteko premiaz ere.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako (otsailaren 18ko 4/2005) Legean antzera arautu da gaia. Hala, lege horren 5.e) artikuluari jarraikiz, hari dagokio euskal administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz egiten dituzten jarduketen arteko lankidetza bultzatzea, eta, artikulu bereko i) idatzi-zatiaren arabera, baita emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuneko egoerei buruz sentsibilizatzeko eta berdintasuna sustatzeko behar diren neurriei buruzko jarduerak ere, Euskal Autonomia Erkidego osorako eta Euskal Herria osorako era bateratuan egin behar direnean.
Horren haritik, Arabako Foru Aldundiaren helburuetako bat da, hain zuzen, toki-administrazioen esku-hartzea indartzea eta bultzatzea emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko esku hartzean eta sexuen arteko desberdintasunaren erakusgarririk larrienean, hau da, emakumeen aurkako indarkerian.
Beste alde batetik, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan xedatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu ziren eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu ziren. Dekretu horren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagokio genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko politikak zuzentzea eta koordinatzea.
Bigarrena.– Autonomia-erkidegoko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanak arautzen dituen azaroaren 25eko 27/1983 Legean ezarritakoaren arabera, Arabako Foru Aldundiaren eskumenen artean dago, hain zuzen. Erakunde erkideek emakumeei eta gizarte-laguntzari buruz dituzten legeak gauzatzea bere lurraldearen barruan.
Halaber, aipatu otsailaren 18ko 4/2005 Legearen (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa) 6.f) artikuluaren arabera, berari dagokio ere, bere lurralde esparruan, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuneko egoerei eta berdintasuna sustatzeko behar diren neurriei buruzko sentsibilizazio jarduerak egitea.
Hirugarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiak 2009az geroztik ari dira parte hartzen, Eudel-Euskal Udalerrien Elkartearekin elkarlanean, Beldur Barik erakundeen arteko kanpainan, zeina gazteei zuzenduta baitago haien artean genero-indarkeria prebenitzeko helburuaz.
Laugarrena.– 2014. urteko ekitaldiaz geroztik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, EUDELek eskatuta, bere gain hartuko du Beldur Barik erakundeen arteko kanpaina kudeatzeko ardura. Kanpainan parte hartzen duten alderdi guztiak ados daude horrekin, eta proposatzen da alde biko hitzarmenak sinatuz kudeatzea.
Bosgarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea eta Arabako Foru Aldundia ados daude 2016an Beldur Barik erakundeen arteko kanpaina garatzen laguntzeko, eta, beraz, hitzarmen hau sinatzea adostu dute. Hitzarmenak honako klausulak ditu:
KLAUSULAK:
Lehenengoa.– Xedea.
1.– Hitzarmen honen xedea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Arabako Foru Aldundiaren Diputatu nagusiaren Sailaren arteko lankidetza egituratzea da, gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko Beldur Barik erakundeen arteko kanpaina garatzeko.
Bigarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen konpromisoak.
1.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpromisoa hartzen du gaiari buruz dauzkan ezagutza eta eskarmentua jartzeko, baita honako konpromisoak ere:
a) Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuen Sailarekin lan-plan bat aurkeztea eta adostea.
b) Ekintzen gauzapena garatzea eta haren jarraipena eta ebaluazioa egitea.
c) Aurreko idatzi-zatian aipatutako konpromisoak betetzeko behar diren adina baliabide material eta giza baliabide jartzea.
d) Kontratazio-organo eginkizunak egikaritzea.
e) Hitzarmen honetan aipatzen diren ekarpenak kudeatzea.
f) Urteko txostena egitea, aurreko idatzi-zatian aipatutako konpromisoen arabera egindako lanari buruz. Halaber, hitzarmen honen xedea dela-eta eskatzen dioten adina informazio eta dokumentazio osagarri ematea Arabako Foru Aldundiaren Diputatu Nagusiaren Sailari.
2.– Era berean, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bere gain hartzen du Beldur Barik erakundeen arteko kanpainaren kostuaren zati bat finantzatzeko betebeharra, 2016an gehienez 71.149 euro (hirurogeita hamaika mila, ehun eta berrogeita bederatzi euro) jarriz. Zenbateko horrek, hiru foru aldundiek jartzea aurreikusita dagoen zatiarekin batera, mugatzen du «Beldur Barik programa diseinatu eta betearazteko», (04EMK/04S/2016 espedientea), EHAAn argitaratu den kontratazio- espedientearen lizitazioaren gehienezko aurrekontua.
3.– Azkenik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpromisoa hartzen du ekimen hori bere web-orrialdearen eta erakundearen beste hedabide batzuen bidez zabaltzeko. Arabako Foru Aldundiarekin batera sustatu dela adierazi beharko da. Horretarako, bi erakundeen logotipoak agertuko dira.
Hirugarrena.– Arabako Foru Aldundiaren konpromisoak.
1.– Arabako Foru Aldundiak bere gain hartzen du Beldur Barik erakundeen arteko kanpainaren kostuaren zati bat finantzatzeko obligazioa, eta, horretarako, 2016. urtean gehienez ere 9.351,00 (bederatzi mila, hirurehun eta berrogeita hamaika) euro jarriko du Beldur Barik erakundeen arteko kanpainako laguntza teknikoa garatzeko.
Hitzarmenaren xedearen finantzaketa Foru Erakundearen bidez egingo du Arabako Foru Aldundiak, Foru Erakundearen 2016ko ekitaldiko aurrekontu 02.1.07 92.00 4.8.1.00.03 16.1.16 partidaren kontura (Hitzarmena Emakunde Beldur Barik).
2.– Arabako Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du ekimena bere web orriaren eta erakundearen bestelako hedabideen bidez zabaltzeko. Horretarako, bi entitateen logotipoak agertuko dira.
3.– Arabako Foru Aldundiak ibilbide-orri bat ezarri eta han programaren esparruan garatzen dituen jarduketak jasoko ditu.
Laugarrena.– Ordaintzeko modua.
Arabako Foru Aldundiaren ekarpenaren ordainketa hitzarmen hau sinatu ostean egingo da, eta % 100eko aurrerapen moduan emango da.
Bosgarrena.– Egiaztapena.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak 2017ko otsailaren 28a baino lehen egiaztatuko du hitzartutako jarduerak egin direla, egindako jarduerak egiaztatzeko kontu bat aurkeztuz. Kontu horrek honakoak jasoko ditu:
– Bigarren klausulan adierazitakoari jarraituz, Emakunde-Emakumeen Euskal Erakundeak hartutako konpromisoak bete direla egiaztatzen duen jarduera-memoria.
– Diruz lagundutako jardueraren gastuen zerrenda sailkatua.
– Aurreko idatzi-zatian aipatutako zerrendan jaso diren fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea edo eraginkortasun administratiboa duten gainerako agiriak (jatorrizkoak edo konpultsatuak) eta, hala badagokio, ordainketa egiaztatzeko agiriak.
– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo diru-laguntza batzuen zerrenda zehatza. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko da.
Seigarrena.– Koordinazioa eta jarraipena.
1.– Jarraipen Batzordeak koordinazio- eta jarraipen-lanak egingo ditu, hitzarmen honetan xedatua behar bezala egiten dela ziurtatzeko. Jarraipen Batzorde hori xede horrekin sortuko da, hain zuzen ere, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak koordinatuko du. Zentzu horretan, beste eginkizun batzuen artean, burututako ekintzen gastuak behar bezala justifikatu direla egiaztatuko du.
2.– Jarraipen Batzorde horretan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Arabako Foru Aldundiaren ordezkariek parte hartuko dute. Beste alde batetik, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariak gonbidatu ahalko dira, baita adituak ere, aholkularitza-lanak egin ditzaten.
3.– Emakundek programatutako jardueren jarraipena eta ebaluazioa egiteko bileretarako deialdiak egingo ditu.
Zazpigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen honek sinatzen den egunetik aurrera izango du indarra, 2016ko abenduaren 31 arte.
Zortzigarrena.– Beste laguntza eta diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Hitzarmen honen diru-laguntza bateragarria izango da xede bera duten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein dela ere horiek eman dituen administrazioa edo entea (publikoa edo pribatua), izan Estatukoa, Europar Batasunekoa edo nazioartekoa, baina ezin izango da gehiegizko finantzaketarik eskuratu.
Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren baldintzak aldatzea eta beste laguntza batzuk jasotzea.
Diru-laguntza aldatu egin daiteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzaren bat aldatzen bada eta Estatuko edo nazioarteko erakunde publiko edo pribatu baten edo beste administrazio batzuen diru-laguntza edo laguntzaren bat jasotzen bada.
Hamargarrena.– Hitzarmena suntsitzea.
Hitzarmen hau indargabetuko da egoera hauetakoren bat gertatuz gero:
– Sinatu duten alderdi biak ados daudenean; hilabete aurretik jakinarazi beharko da.
– Aldeetako edozeinek bere konpromisoak ez betetzea.
Hamaikagarrena.– Itzulketa.
Hitzarmen hau betetzen ez bada edo emandako kopurua beste xede batzuetarako erabiltzen bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea guztiz edo zati batean galdutzat joko da, eta hura osorik edo zati batean itzuli beharko da, hari dagozkion berandutza interesekin batera, Arabako Lurralde Historikoko diru-laguntzen eta transferentzien (otsailaren 7ko 3/1997) Foru Arauan ezarritakoari jarraikiz.
Hamabigarrena.– Hitzarmenaren izaera.
Hitzarmen hau administrazioaren arlokoa da. Beraz, azken instantzian, administrazioarekiko auzietako epaitegi eskudunek aztertuko eta ebatziko dituzte hitzarmen hau dela-eta sortzen diren auziak.
Hamahirugarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Alderdiek adierazten dute ezagutzen dituztela Datu Pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Legeari buruzko xedapenak, eta konpromisoa hartzen dute lege horretan aurreikusitako betekizunak betetzeko, hitzarmen hau dela-eta dauzkaten erabiltzaileen datuei dagokienez.
Eta, hitzarmen honetan ezarritakoarekin bat datozela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, jarraian agertzen direnek honelako hiru ale sinatu dituzte, jatorrizkoak, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean:
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakunderen aldetik, Izaskun Landaida Larizgoitia, zuzendaria.
Arabako Foru Aldunditik, Ramiro González Vicente, diputatu nagusia.