EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2015012

EBAZPENA, 2015eko uztailaren 7koa, Ingurumeneko sailburuordearena. Honen bidez, ingurumen-baimen integratua ematen zaio Fomento de Construcciones y Contratas SAk eta Cespa Conten SAk, Biocompost de Álava UTE aldi baterako enpresa-elkarteko sozietate kide gisa, Vitoria-Gasteizko Jundiz industrialdean sustatutako hiri-hondakin solidoak tratatzeko instalazioari.

Xedapenaren data: 2015-07-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201700274
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/12/17an argitaratutako 2014/12/10reko EBAZPENA [201405366]

AURREKARIAK
2014ko uztailaren 30ean, Fomento de Construcciones y Contratas SAk eta Cespa Conten SAk, Biocompost de Álava UTE aldi baterako enpresa-elkarteko sozietate kide gisa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ingurumen-baimen integratua emateko eskatu zioten, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, Vitoria-Gasteiz udalerriko hondakin ez-arriskutsuak tratatzeko eta deuseztatzeko instalaziorako.
Era berean, jarduera hirigintzarekin bateragarria zela egiaztatzen zuen Vitoria-Gasteizko Udalaren txosten bat aurkeztu zuten, 2014ko uztailaren 24koa.
Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordeak 2014ko abenduaren 10ean emandako ebazpen baten bidez, Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek, Biocompost de Álava UTE aldi baterako enpresa-elkarteko sozietate kide gisa, sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea erabaki zen, egokitzat jotzen ziren alegazioak aurkezteko. Hala, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2014ko abenduaren 17an.
Jendaurrean jartzeko izapidea bukatutakoan, alegaziorik ez zela aurkeztu ikusi zen.
Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, 2015eko otsailaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Vitoria-Gasteizko Udalari, AMVISAri, Osasun Sailari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari.
Era berean, arau horretako 19. artikuluari jarraituz, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari txosten bat egiteko eskatu zitzaion.
2015eko ekainaren 26an, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, Fomento de Construcciones y Contratas SAren eta Cespa Conten SAren esku utzi zen espediente osoa.
2015eko uztailaren 3an, Fomento de Construcciones y Contratas SAk eta Cespa Conten SAk, idazki bat bidaliz, helarazitako ebazpen-proposamenean jasotako baldintza batzuei buruzko alegazioak formulatu zituzten. Alegazio horiek aztertu ondoren, kudeaketa-ahalmenari, hondakin ez-arriskutsu jakin batzuen sorrerari, ur sanitarioen eta grisen isurketa-guneen UTM koordenatuei, instalazioan tratatzen diren lohien baldintzei eta isuritako uraren kalitatearen kontrolari buruzko datuak aldatu dira. Aitzitik, proposamenean atmosferako isurketetarako finkatutako kontrol-neurriei dagokienez sustatzaileek egindako eskaera ez da behar bezala argudiatutzat jo.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horrek atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea du helburu, edo hori ezinezkoa bada, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezarriz ingurumen osoaren babes-maila altua lortzeko.
Baimen honetan, instalazioan egiten diren kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinean zerrendatutako jarduerez gain, instalazioa aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea eragin zuen jardueraren kokalekuan egiten diren jarduera guztiak barne hartzen dira, jarduera horrekin teknikoki lotuta dauden eta sortuko diren isurietan eta kutsaduran ondorioak izan ditzaketen guztiak, nahiz eta jarduera horietako batzuk eranskinean jasota ez egon.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 9. artikuluan xedatutakoa betez, 1. eranskinean aipatutako jardueretakoren bat garatzen duten instalazioak ustiatzeko ingurumen-baimen integratua beharko da. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua honakoa da: arauaren aplikazio-eremuan sartzen diren instalazio guztiek arauaren xedea betetzen dutela bermatzeko baldintzak ezartzea. Horretarako, baimen-ematean parte hartuko duten administrazio publikoen arteko koordinazioa ziurtatuko duen prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularren karga administratiboak gutxitzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian aurreikusitako ingurumen-baimenak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Fomento de Construcciones y Contratas SAren eta Cespa Conten SAren kasuan, baimen hauek behar dituzte: hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko baimena, saneamendu-sare orokorrera eta atmosferara isurtzeko baimena, eta, ingurumen-arloko bestelako zehaztapenen artean, hondakinen sorrerari eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Espedientean, beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere aginduzko txostenak eginez parte hartu dutela jasotzen da.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 28. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak burutu ahal izateko administrazio eskudunek herritarren ekintzen gainean esku hartzeko dituen administrazio-bitartekoak ordezkatuko ditu. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua tokiko agintaritzarentzat loteslea izango da, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko, baita 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdi guztiei dagokienean ere. Aipatutako 28. artikuluan adierazten da aurrez xedatuak ez diela kalterik egiten jarduera sailkatuei buruz aplikatu behar diren autonomia-erkidegoko arauei, eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, jarduera sailkatuen araubidea araututa dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean. Adierazitako aginduak aplikatuz, Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresekin lotutako ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran, aipatutako otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapide guztiak sartu dira.
Azkenik, instalazioak isur ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko instalazioari ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazteko, ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Bereziki, Europako Batzordearen BREF «Integrated Pollution Prevention and Control. Referente Document on Best Available Techniques for the Waste Treatments Industries» dokumentuaren (2006ko abuztua) edukia hartu da kontuan.
Honaino azaldu dugun guztia aintzat hartuz, espedientean jasotako txosten guztiak aztertuta, ebazpen-proposamena egin zen, Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak barne hartuta.
Goian adierazitako izapideak azaldutakoaren arabera amaituta, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da.
Aintzat hartu da organo honek eskumena duela ingurumen-baimen integratu hau emateko, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Honako hauek ikusi dira: Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren ebazpen-proposamena, 2015eko ekainaren 26koa; Euskadiko Ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea; ekainaren 11ko 5/2013 Legea, hura aldatzekoa; urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikazio orokorreko gainerako arauak. Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Fomento de Construcciones y Contratas SAri eta Cespa Conten SAri, Biocompost de Álava UTE aldi baterako enpresa-elkarteko sozietate kide gisa (helbidea Askarra kalea 20, Vitoria- Gasteiz eta IFK U01361203), hondakin ez-arriskutsuak tratatzeko eta deuseztatzeko Vitoria-Gasteizko instalaziorako ingurumen-baimen integratua ematea, Ebazpen honetako bigarren zenbakian finkatutako baldintzekin.
Jarduera hori kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskineko kategoria honetan dago sartuta:
«5.4.– Hondakin ez-arriskutsuak balioztatzeko edo balioztatu eta ezabatzeko instalazioak eguneko 75 tonatik gorako gaitasunarekin, baldin eta jarraian zerrendatuko diren jardueretako bat edo gehiago biltzen badituzte, hiriko hondakin-uren tratamenduari aplikagarri zaizkion arauak ezartzen dituen abenduaren 28ko 11/1995 Lege Dekretuan bildutakoak izan ezik:
a) Tratamendu biologikoa.
b) Errausketa edo baterako errausketaren aurreko tratamendua.
c) Zepen eta errautsen tratamendua.
d) Hondakin metalikoen birringailuetan tratatzea, hondakin elektrikoak eta elektronikoak barne hartuta, baita balio-bizitzaren amaieran dauden ibilgailuak eta horien osagarriak ere.
Instalazioan egiten den hondakinak tratatzeko jarduera bakarra digestio anaerobikoa denean, jarduera horren gaitasun-atalasea eguneko 100 tonakoa izango da.»
Instalazioa Jundiz industrialdean kokatuta dago eta gutxi gorabehera 13.885 m
Instalazioaren jarduera pilaka bildutako hiri-hondakinak digeritzeko prozesuaren bidez eramaten da aurrera, tratamendu biologikoaren aurreko tratamendu mekanikoan frakzio balorizagarriak bereiziz.
Instalazioaren ahalmen izendatua urtean 120.750 tona hiri-hondakinekoa da.
Kudeatzen dituen hondakin nagusiak bereizi gabe jasotzen den hiri-hondakinen frakzioa (errefusa) eta bereizita jasotzen den hiri-hondakinen frakzio organikoa (HHFO) dira.
Bi mota horietako hondakinei, hasieran, tamaina handikoak erretiratzeko eta tamainaren arabera bereizteko prozesu bat ezartzen zaie. Material meheena biometanizazio prozesura bideratzen da eta han gutxi gorabehera 47 eguneko digestio-prozesu bat sortuko da.
Material lodia berriz bereiziko da eta frakzio meheenari konpostaje-prozesua aplikatuko zaio. Bereizi gabe jasotzen den hiri-hondakinen frakzioaren kasuan (errefusa), 6 edo 7 asteko heltze-prozesua sortuko da. Horren ondoren, materiala finduko da, eta hala, material bioegonkortua eta errefusako materiala sortuko da. Bereizita jasotzen diren hiri-hondakinen frakzio organikoaren kasuan (HHFO), materialari finketa-prozesu bat aplikatuko zaio, eta kasuan kasu, aurretiazko metakako heltze-prozesu bat. Horren ondoren, konposta eta errefusa sortuko dira. Lehena merkaturatu egingo da; bigarrena, berriz, kudeatzaile baimenduari zuzenduko zaio.
Konpostaje-prozesura bideratzen ez den materiala, hainbat bereizketa-faseren ondoren (bereizgailu balistikoa, objektu gurpildunak, bereizgailu magnetikoa, bereizgailu optikoa, etab.), material berreskuragarritan eta errefusazko materialetan banatuko da eta azken hori zabortegira bidaliko da.
Era berean, jateko olioak garbitzeko lohiak jasotzen dira eta biometanizazio-prozesuan sartzen dira.
Beraz, hiru prozesu nagusi bereiz daitezke:
1.– Bereizita jasotako materia organikoa sailkatzea eta konposta egitea (R3 kudeaketa-eragiketa): Pet eta Pead plastikoak, beira, metal ferriko eta ez-ferrikoak, papera-kartoia eta edarietarako ontziak (TetraBrik) berreskuratzen dira. Berreskurapen hori bai eskuz bai automatikoki egiten da. Ondoren, bereizita jasotako frakzio organikoa tratatu eta konposta lortzen da.
2.– Frakzio organikoa eta errefusa bereiztea eta konposta egitea (R12/D8 kudeaketa-eragiketa): Pet eta Pead plastikoak, beira, metal ferriko eta ez-ferrikoak, papera-kartoia eta edarietarako ontziak (TetraBrik) berreskuratzen dira. Berreskurapen hori bai eskuz bai automatikoki egiten da. Gero, «errefusan» presente dagoen materia organikoari degradazio aerobioko prozesu bat ezartzen zaio. Era berean, hiri-hondakinen tratamendu anaerobikoko digestio-lohiak gehitzen dira.
3.– Biometanizazioa (R1 kudeaketa-eragiketa): Kalibre txikieneko materia organikoari, bai bereizita jasotakoari bai pilakako bilketatik berreskuratutakoari, hartzidura anaerobioa ezartzen zaio, elikadura-industriako lohiekin batera, biogasa sortzeko. Biogas hori, era berean, sorkuntza elektrikorako motor batean erabiltzen da.
Azkenik, tratatutako hondakinen zati errekuperaezina antolatu egiten da, dela prentsatuta dela egonkortuta, eta gero zabortegira eramaten da.
Prozesuetan sortutako hondakin-urak Jundiz industrialdeko saneamendu-sarean tratatzen dira. Euri-ur zikinak hobi batera bideratzen dira. Han, bildu eta gero kolektorera isurtzen dira, bi modutara: ponpaketa bidez urak ur beltzak hartzeko sarera bidaltzen dira; eta gainezkatzearen bidez, industrialdeko euri-urak hartzeko sarera. Euri-ur garbiak euri-uren kolektorera isuri edo ekoizpen-prozesuan erabiltzen dira.
Sortutako hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak ekipoak mantentzeko eta instalazioa kontserbatzeko jarduera orokorretatik datoz, nagusiki.
Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresen jardueran, Europako BREF txosten hauetan jasota dauden teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira:
● Hondakinen Kudeatzaileen Industriarako BREF txostena («Reference Document on Best Available Techniques for the Waste Treatments Industries», 2006ko abuztua).
Proiektuak, besteak beste, teknika erabilgarri onentzat (TEO) jo daitezkeen neurri hauek biltzen ditu:
– Sartzen diren hondakinei buruzko ezagutzak hobetzeko teknikak.
– Kudeaketa-sistemak.
– Instalazioen eta lehengaien kudeaketa.
– Biltegiratzea eta manipulazioa.
– Bereizketa- eta bateragarritasun-probak.
– Zaratak eta dardarak murrizteko teknikak.
– Tratamendu biologiko egokiaren aukeraketa.
– Tratamendu biologikoetan biltegiratzeko eta manipulatzeko teknika espezifikoak.
– Sistema biologikoetarako lehengaien aukeraketa.
– Digestio anaerobiorako teknika generikoak.
– Digestio anaerobioko prozesuetan erretentzio-denbora handitzea.
– Biogasa erregai gisa erabiltzen denean isurketak murrizteko teknikak.
– Sorgailu elektrikoen eta kudeaketa anaerobioko sistemen energia-eraginkortasuna handitzea.
– Tratamendu mekaniko-biologikoak hobetzeko teknikak.
– Degradazio biologikoan aireztapena kontrolatzea.
– Tratamendu mekaniko-biologikoan ihes-gasak kudeatzea.
Bigarrena.– Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek Vitoria-Gasteiz udalerrian (Araba) sustatzen duten hondakin ez-arriskutsuak tratatzeko eta deuseztatzeko jarduera ustiatzeko, honako baldintzak eta eskakizunak ezartzea:
A) Erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, gutxienez seiehun mila (600.000) eurokoa, honako arrisku hauek estaltzeko: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatik kalte-ordaina eman behar izateko arriskua eta ingurumen hondatua konpondu eta berreskuratzeko kostuak, baimen honen xede den jarduera gauzatzetik eratorriak.
B) Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu eta aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera handitu ahal izango da.
C) Fomento de Construcciones y Contratas, SAk eta Cespa Conten SAk Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunari buruz emandako datuen edozein aldaketa jakinaraziko dio Ingurumen Sailburuordetzari.
D) Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala ezarriko dira, indarrean den araudiaren arabera eta atal hauetan zehaztutakoari jarraituz:
D.1.– Hondakinak jaso, maneiatu eta biltzeko baldintzak eta kontrolak.
Instalazioan balorizatzeko onartu daitezkeen hondakinak ondorengo ataletan zehazten dira; atal horietan, era berean, hondakinak behar bezala kudeatzeko zehaztapenak ere jasotzen dira.
D.1.1.– Onar daitezkeen hondakinak.
Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek jarraian agertzen diren Europako Hondakinen Zerrendako HEZ kodeei dagozkien hondakinak kudeatu ahal izango dituzte aurretik adierazitako tratamendu-lerroetan (zerrenda Europako Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen; erabaki horrekin, hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia aldatu zen, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin bat). Era berean, hondakinei kodeak esleitzeko eta horiek sailkatzeko Erabaki horretan xedatutakoa beteko da, bai eta 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen 1357/2014 zk. Erregelamendua (EB). Horren bidez, ordezkatu egin zen Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EB Zuzentarauaren III. eranskina, hondakinei buruzkoa eta zenbait zuzentarau bertan behera uzten dituena. Hortaz, jarraian identifikatutako hondakinak baino ez dira onartuko:
a) Bereizita jasotako hondakinetan dauden material birziklagarriak materia organikoaren sailkapenaren eta konpostajearen bidez berreskuratzea (R3 kudeaketa-eragiketa):
b) Pilaka jasotako hondakinetan dauden material birziklagarriak errefusa tratatzearen ondorioz sortutako materia organikoaren sailkapenaren eta konpostajearen bidez berreskuratzea (R12/D8 kudeaketa-eragiketa):
c) Bai berezita jasotako bai pilakako bilketatik berreskuratutako materia organikoa biometanizatzea, materia organikoaren frakzio finarekin batera (R1 kudeaketa-eragiketa).
D.1.2.– Hondakinen sarrera kontrolatzea.
Instalaziora balorazioa egiteko iristen diren hondakinen kontrol bat eraman beharko da, ebazpen honetako baldintzen arabera instalazioan onartu daitezkeela bermatzeko.
Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, hondakin mota gehiago kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Ingurumen Sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, ebazpen honetako I. zenbakian ezartzen dena betez.
Instalazioan tratatzea aurreikusten den hondakin-jatorri bakoitzeko, eragileak hondakin hori onartzeko dokumentua bete beharko du, IKS-eeM sistemako erakundeentzako bertsioa erabiliz (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri) non, hala badagokio, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena jasota egongo baita.
Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Fomento de Construcciones y Contratas SAk eta Cespa Conten SAk onarpenaren egiaztagiria bidaliko diote hondakinaren titularrari. Egiaztagiri horretan, onartzeko baldintzak eta hondakinik entregatu ezean onarpena noiz iraungiko den zehaztuko dira. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira, eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik analizatu beharreko parametroak.
Era berean, baldin eta hondakina onartzeko baldintzen jarraipena egitean ikusten bada baldintzak ez direla bete eta, beraz, partida ez dela onartu, berehala jakinarazpen bat bidali beharko zaio organo honi, posta elektroniko bidez (ippc@euskadi.eus), honako hauen berri emanez:
● Ez onartzeko arrazoia.
● Zer proposatzen den: beste kudeaketa-bide bat ala hondakina bidaltzaileari itzultzea.
● Beste kudeatzaile bati bidaltzea proposatzen bada, derrigorrezkoa izango da dagokion onarpen-dokumentua aurkeztea, betiere lekualdaketa egin aurretik.
● Ekoizleari itzultzen bazaio, kontrol- eta jarraipen-agiriko gorabeheren atalean jaso beharko da gertakari hori, eta lekualdaketaren data eman.
Onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik baldin badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi egin beharko zaio.
Hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetatik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.
Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatzeko helburuarekin, Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek horien onarpen-parametroak egiaztatu ahal izateko baliabide teknikoak eta giza baliabideak izan beharko dituzte beti.
Ezin bada onartu hondakin bat, zeinaren HEZ kodea hondakin baimenduen artean baitago, onarpen-dokumentu negatibo bat egin beharko da, hondakin horiek kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.
D.1.3.– Zamalanak.
a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxeta itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.
b) Instalazioan, hondakinekin zamalanak egitean, deskargatzean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da kontrolik gabeko emisiorik edo emisio lausorik ez gertatzeko, edo, bestela, emisio horiek ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, ekipoen estankotasuna ziurtatzea ere garrantzitsua izango da.
D.1.4.– Jasotako hondakinen biltegiratzea.
a) Balorizatu beharreko hondakinak gordetzeko gehieneko epea bi urtekoa izango da.
b) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta egon litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.
c) Instalazioan onartutako hondakinen biltegiratzea euria sartzea eta haizeak arrastatzea saihesteko moduan egin beharko da.
d) Hautsezko hondakinak eta ontziratu gabe jasotakoak nabearen barruan multzotan edo/eta gelaxketan gordeko dira, tratamendua egiteko unea iritsi arte.
e) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko ontzi edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute hondakin-mota hauetarako: isuriren bat gertatu eta nahastuz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakarten hondakinetarako.
f) Hondakinak desagertu, galdu edo isurtzen baldin badira, jazoera hori berehala jakinarazi beharko zaie Ingurumen Sailburuordetza honi eta Vitoria-Gasteizko Udalari.
g) Kasu berezietan, instalazioan etenaldi tekniko bat egiten bada edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondorioz bestelako egoerak sortzen badira, Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek D.1.1 atalean adierazitako hondakinen transferentzia-zentro gisa jardun ahal izango dute, hondakinak kudeatzeko beste instalazio baimendu batera eramateko.
D.1.5.– Kudeatutako hondakinen datuen erregistroa.
Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek formatu fisiko edo telematikoko artxibo kronologiko bat eduki beharko dute, non jasoko diren, hurrenkera kronologikoan, hondakinen kopurua, mota, jatorria, helmuga eta hondakinak tratatzeko metodoa, eta, aplikatzekoa den kasuan, garraiobidea eta bilketa-maiztasuna. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da, eta bertan jasoko dira, gutxienez, honako datu hauek:
● Onartutako hondakinen jatorria (sorrera eta prozesua, enpresa sortzailea eta enpresa garraiolaria).
● Hondakin horien kantitateak, izaera, konposizioa eta identifikazio-kodea.
● Hondakin-partida bakoitzaren onarpen- eta jasotze-datak.
● Onartu ez diren hondakin-partidei buruzko datuak (jatorria, kopurua, enpresa garraiolaria, ez onartzeko arrazoiak eta helmuga alternatiboa).
● Biltegiratutako hondakinak instalazioko zer tokitan dauden.
● Hondakin-partidak aurretik egokitzeko edo multzokatzeko eragiketak, datak, parametroak eta partida horiei buruzko datuak, hondakinen ondorengo destinoa eta partida bakoitzari emandako HEZ kodea.
● Instalazioko kudeaketa-lanen datak edo azken kudeatzaile baimenduari bidalketa egin zaionekoa eta kudeatzaile horren identifikazio-datuak, eta, hala badagokio, sortutako Kontrol eta Jarraipen Agiriarenak.
● Bereizitako hondakin arriskutsuen mota bakoitzaren izaera eta frakzioa, pisuaren arabera.
Ebazpen honetako D.1.2 atalean aipatutako kontrolen emaitzak atal honetan arautzen den erregistroan jasoko dira, baita Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek gauzatzen dituzten egiaztapenenak ere.
Hilean behin, Ingurumen Sailburuordetzari, organo honek emandako eredua erabiliz eta betez, bertan jasotako informazioa eman beharko zaio, Excel formatuan (ippc@euskadi.eus helbide elektronikora), dagokion urterako metatutakoa, hil bakoitzean egindako kudeaketa bereiziz.
Artxibo kronologiko hori gutxienez hiru urtez gordeko da, eta urtero bidaliko da Ingurumen Sailburuordetza honetara, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluarekin bat etorriz.
Era berean, bidalitako konpost-kantitatea erregistratuko da, bai eta zehaztapenetatik kanpoko produktuen kantitatea eta helmuga ere.
D.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.
Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.
Horrez gain, aurreikusten bada inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen helmugako instalazioan –aurreikusitako balorizazio- edo ezabatze-tratamenduaren ondorioz– sortutako korronte esanguratsuren bat hondakindegian ezabatzea, kontsulta bat egin beharko da organo honen aurrean, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketek bat egiten dutela EAEko Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa 2020 Planean zehazten diren EAEko hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.
D.2.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.
D.2.1.– Instalazioan tratatutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.
D.1 atalean adierazten diren hondakinak onartu, jaso, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintza eta kontrolei kalterik egin gabe, Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA sozietateak tratamendu-lerro hauetarako baldintza hauek betetzen dituela bermatu beharko du:
a) Ongarriei buruzko ekainaren 28ko 506/2013 Errege Dekretuaren 14. artikuluan (kalitatea kontrolatzeko barneko sistemak) xedatutakoa bete beharko da, batik bat bitarteko teknikoak eta giza baliabideak esleitzeari dagokionez, baita produktu mota bakoitzari dagokion maiztasunean kontrol analitikoak egiteari dagokionez ere.
b) Emaitza fisiko-kimikoak eta mikrobiologikoak 506/2013 Errege Dekretuan finkatutako balioen araberakoak direnean baino ezingo dira produktuak bidali.
c) Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren baimenak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dira, honako xedapen hauetan ezarritako eskakizunak betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1069/2009 Erregelamendua (EE), gizakiek jatekoak ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatzeko osasun-arauak ezartzen dituena; Europako Batzordearen 142/2011 Erregelamendua (EB), 2011ko otsailaren 25ekoa, aipatu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1069/2009 Erregelamendua (EE) aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.
d) Biogasa deuseztatzeko zuzian, 1.000-1.200 ºC-ko tenperaturara iritsiko da gutxienez 0,3 segundoz (erresidentzia-denbora), beharrezko turbulentzia mantenduz.
e) Bereizita jasotako materia organikoa instalazioan egiten diren gainerako tratamenduekiko modu indibidualizatuan tratatuko da, aipatutako kudeaketetatik eratorritako materialekin nahastu ahal izan ez daitezen. Errefusaren fluxuarekin elementu batzuk partekatuz gero, kutsadura gurutzatua eragozteko protokolo bat ezarri beharko da materialak jasotzeko, konpostatzeko, heltzeko, fintzeko eta bidaltzeko faseetan.
D.2.2.– Kudeatutako produktuen bizitza-amaierarako bete beharreko baldintzak.
Kudeaketa-prozesuaren ondoriozko burdinazko, altzairuzko eta aluminiozko txatarren kasuan, dagozkien adostasun-deklarazioak egin direla egiaztatu beharko da, Europako Kontseiluaren martxoaren 31ko 333/2011 (EB) Erregelamenduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Erregelamendu horretan, txatar-mota jakin batzuek hondakin izateari noiz uzten dioten zehazteko irizpideak finkatzen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren arabera.
Era berean, aipatutako arauko I. eranskinean finkatutakoarekin bat ez datozen ezaugarriak dituzten kudeaketa-prozesuaren ondoriozko burdinazko, altzairuzko eta aluminiozko txatarren kasuan, hondakin gisako kudeaketa egiaztatuko da, kudeatzaile baimendu baten dagokion onarpen-dokumentua aurkeztuz.
Construcciones y Contratas SAren eta Cespa Conten SAren instalazioan sortutako konpostak Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren ongarrien erregistroan inskribatuta egon beharko du, eta ongarriei buruzko ekainaren 28ko 506/2013 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko du. Izen-emate horrekin lotutako edozein aldaketaren berri eman beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari.
D.2.3.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.
D.2.3.1.– Baldintza orokorrak.
Biocompost de Álava UTEren instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: atmosferara egingo diren isurketek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako gehieneko balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan finkatutako baldintza teknikoak betetzea, giza osasuna eta ingurumena zainduta, betiere.
Prozesuan zehar sortzen den atmosferako kutsatzaileen isurketa oro bildu eta hodi egokietan zehar kanpora atera beharko da; behar izanez gero, aurretik isurketa horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaroko da.
Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango isuri ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.
Ustekabeko isurketen probabilitatea murrizteko eta horien ondoriozko efluenteek giza osasunerako eta segurtasun publikorako arriskurik ez eragiteko neurri egokiak hartuko dira. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperaturaren eta konposizioaren arabera sortzen diren aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko. Era berean, instalazio horiek martxan ez dauden edo erabilgarri ez dauden aldien iraupena ahalik eta gehien murriztuko da.
Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako ILE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.
D.2.3.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.
Biocompost de Álava UTEren instalazioak (haren jarduerari urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskinaren B-09 10 05 01 kodea, Konposta ekoizteko instalazioa, dagokio) honako foku hauek ditu, atmosfera babestearen arloan indarrean dagoen araudiari jarraituz katalogaturik:
*Fokuen dimentsioei buruzko informazioa eman beharko da.
Foku ez-sistematikoetakoren bat, batez beste, urtean hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatuko balitz, ordubete baino gehiagoko iraupen indibiduala izanik, edo, maiztasuna edozein dela ere, isurtzeen iraupen orokorra instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, isurtze-foku gisa araupetu beharko da.
Era berean, baldin eta urte jakin batean foku sistematiko baterako baldintza horietako bakar bat ere betetzen ez bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren gaineko kontrolik egitea; kontrola hurrengo urtean egin beharko da, betiere, kontroletik salbuesteko baldintzek beren horretan jarraitu ezean. Dagokion ingurumena zaintzeko programa justifikatu beharko da inguruabar hori.
D.2.3.3.− Isuriaren muga-balioak.
Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren isurietan, ez dira gaindituko isurien mugako balio hauek:
*Oxigeno-erreferentzia % 5ekoa izango da NOx, SO2 eta COrako.
Balio horiek honako baldintza hauekin lotuta daude: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.
Isuri-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuko 9 artikuluak arautzen duena beteko da.
D.2.3.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.
Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren ataleko D.2.3.2 azpi-atalean ezarritako goreneko kotatik behera. Sekzioek eta lagin-puntuen kokapenak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute.
Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoak bete beharko dira.
Zehaztugabeko isuriak minimizatzeko, ihesak antzemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.
D.2.3.5.– Usainen inguruko baldintzak.
Usain-isurketen jarraipena egiteko eta hobetzeko urteko plan bat egin beharko da. Besteak beste:
● Iturri zehaztuak eta zehaztugabeak identifikatu beharko dira, eta horien usain-isurketak karakterizatu beharko dira.
● Usain-iturri bakoitzean, usainaren kontzentrazioa, usain-isurketaren abiadura eta usainaren emaria zehaztu beharko dira.
● Era berean, 1. eta 2. fokuetako usainak tratatzeko unitateek usainak murrizteko duten eraginkortasuna ebaluatu beharko da.
D.2.4.– Saneamendu-sarera isurketan egiteko baldintzak.
D.2.4.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.
Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: Hiri-hondakin solidoen kudeaketa.
D.2.4.2.– Isurketaren muga-balioak.
Saneamendu-sarerako isurketen parametroak instalazioaren isurketak hartzen dituen AMVISAren araudian finkatutakoak izango dira (9. ALHAO, 1992ko urtarrilaren 24koa, etxekoak ez diren isurketei buruzko Ordenantza). Horiek jarraian adierazita daude, horietako bakoitzerako zehaztutako gehieneko mugekin:
Metaletarako mugak metal totaletarakoak direla ulertuko da eta ez metal disolbatuetarako.
Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketako muga-balioak lortzeko.
D.2.5.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.
Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.
Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu beharko da, balorizatzaile baimendu bati emanda. Hau izango da hondakinak deuseztatzeko aukera bakarra: aldez aurretik haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela frogatzea. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira, balorizatzeko beste modu material edo energetikoen aurretik.
Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.
Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarritu egingo dira, Europako Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.
Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta hondakin-sortzearen arteko erlazioa kontuan hartu behar dira. Datu horiek jardueraren adierazletan ageri dira. 16/2002 Legearen 10. artikuluan (4.d letra) ezarritakoaren kalterik gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarritako biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatzea dakarrenean soilik eskatu beharko da baimena egokitzea.
Hondakinak biltegiratzeko guneak edo guneek lurzoru estankoa izan behar dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.
Hondakinak desagertu, galdu edo jariorik izanez gero, berehala horren berri eman beharko zaie Ingurumen Sailburuordetzari eta Gasteizko Udalari.
Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.
Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.
Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.
D.2.5.1.– Hondakin arriskutsuak.
Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:
1. prozesua: «Zerbitzu orokorrak».
1.– Hondakina: «Erabilitako olioak».
Identifikazioa: U 01361203/0100027767/1/1.
Helmugako eragiketaren kodea: R13/9.
Osagai arriskutsuak: C51.
Arrisku-ezaugarria(k): H5/6.
HEZ: 13 02 05.
Urtean sortutako kantitatea: 6 tona.
Makinetan eta instalazioetan olioa aldatzeko eragiketetan sortzen da; koipeztatzeko olio eta olio hidrauliko erabiliak dira.
Hondakin horretarako identifikatutako 1.000 litroko solteko ontzi handi batean jasotzen da, kubeta baten gainean, sortzen den postuen ondoan, eta bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.
2. hondakina: «Berunezko bateriak».
Identifikazioa: U 01361203/0100027767/1/2.
Helmugako eragiketaren kodea: R13.
Osagai arriskutsuak: C18/23.
Arrisku-ezaugarria(k): H8.
HEZ: 16 06 01.
Urtean sortutako kantitatea: 700 kilogramo.
Beruna eta disoluzio azidoa duten bateria erabiliak ordezkatzeko eragiketetan sortzen da.
Hondakin horretarako identifikatutako 400 litroko plastikozko kaxa iragazgaitz ireki batean jasotzen da; bidoia horretarako eremu espezifikoan kokatuta dago.
3. hondakina: «ekipo elektronikoak».
Identifikazioa: U01361203/0100027767/1/3.
Helmugako eragiketaren kodea: R13.
Osagai arriskutsuak: C6/18.
Arrisku-ezaugarria(k): H6/14.
HEZ: 16 02 13.
Urtean sortutako kantitatea: 200 kilogramo.
Ekipo elektrikoak eta elektronikoak aldatzeko eragiketetan sortzen da; baztertutako ekipo ofimatikoak dira.
Hondakin horretarako identifikatutako 200 litroko plastikozko bidoi batean biltzen da, hondakin arriskutsuen biltegian.
4. hondakina: «Hodi fluoreszenteak eta merkurioa duten lanparak».
Identifikazioa: U 01361203/0100027767/1/4.
Helmugako eragiketaren kodea: R13.
Osagai arriskutsuak: C16.
Arrisku-ezaugarria(k): H6/14.
HEZ: 20 01 21.
Urtean sortutako kantitatea: 150 kilogramo.
Merkurioa duten lanpara erabiliak ordezkatzeko eragiketetan sortzen da.
Hondakin horretarako identifikatutako 200 litroko plastikozko bidoi batean jasotzen da; bidoia horretarako eremu espezifikoan kokatuta dago.
5. hondakina: «olio-iragazkiak»
Identifikazioa: U 01361203/0100027767/1/5.
Helmugako eragiketaren kodea: R13.
Osagai arriskutsuak: C51.
Arrisku-ezaugarria(k): H5.
HEK: 16 01 07.
Urtean sortutako kantitatea: 400 kilogramo.
Hondakin horretarako identifikatutako 1.000 litroko solteko ontzi handi batean biltzen da ibilgailuak eta makinak garbitzerakoan, eta horretarako gune espezifiko batean uzten da.
6. hondakina: «hondakin sanitarioak».
Identifikazioa: U 01361203/0100027767/1/6.
Helmugako eragiketaren kodea: D15.
Osagai arriskutsuak: C35.
Arrisku-ezaugarria(k): H9.
HEZ: 18 01 03.
Urtean sortutako kantitatea: Unean unekoa.
Zerbitzu Medikoa azpiprozesuan sortzen da; hondakin ebakitzaileak eta zorrotzak dira.
60 litroko bidoi hermetiko batean gordetzen da, botikinean; edukiontzi horretatik atera eta zuzenean kudeatzaile baimenduari ematen zaio.
2. prozesua: «Hondakinak multzokatzea».
1. hondakina: «Xurgatzaileak, iragazkiak eta zapiak (gai arriskutsuz kutsatutakoak)».
Identifikazioa: U 01361203/0100027767/2/1.
Helmugako eragiketaren kodea: D15.
Osagai arriskutsuak: C51.
Arrisku-ezaugarria(k): H5.
HEZ: 15 02 02.
Urtean sortutako kantitatea: 0,718 kg.
Xurgatzaileak eta ehunak biltzeak eta multzokatzean sortzen da; xurgatzaileak, iragazteko materiala (beste kategoria batean zehaztu ez diren olio-iragazkiak barne), garbitzeko zapiak eta substantzia arriskutsuz kutsatutako arropa babesleak dira.
1.000 litroko solteko ontzi handi batean jasotzen da, hondakin horretarako kubeta identifikatu baten gainean, sortzen den postuaren edo postuen ondoan, eta bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.
2. hondakina: «metalezko ontziak (hondakin arriskutsuz kutsatutakoak)».
Identifikazioa: U 01361203/0100027767/2/2.
Helmugako eragiketaren kodea: R13.
Osagai arriskutsuak: C41/51.
Arrisku-ezaugarria(k): H5.
HEZ: 15 01 10.
Urtean ekoitzitako kantitatea: 400 kg.
Ontzi hutsak bildu eta elkartzen direnean sortzen da; olioak, pinturak, pintaketako gehigarriak, disolbatzaileak, itsasgarriak, taladrina eta tinta gordetzeko erabili diren metalezko ontziak dira.
1 m
3. hondakina: «plastikozko ontziak (gai arriskutsuekin kutsatutakoak)».
Identifikazioa: U 01361203/0100027767/2/3.
Helmugako eragiketaren kodea: R13.
Osagai arriskutsuak: C41/51.
Arrisku-ezaugarria(k): H5.
HEZ: 15 01 10.
Urtean ekoitzitako kantitatea: 200 kilogramo.
Ontzi hutsak bildu eta elkartzen direnean sortzen da; olioak, pinturak, pintaketako gehigarriak, disolbatzaileak, itsasgarriak, taladrina eta tinta gordetzeko erabili diren plastikozko ontziak dira.
Big-bagetan jasotzen dira, hondakin horietarako identifikatutako kubeten gainean, eta hondakin-biltegira eramaten dira.
4. hondakina: «Aerosolak (hondakin arriskutsuekin kutsatuta)».
Identifikazioa: U 01361203/0100027767/2/4.
Helmugako eragiketaren kodea: R13.
Osagai arriskutsuak: C41/51.
Arrisku-ezaugarria(k): H3b/5.
HEZ: 16 05 04.
Urtean ekoitzitako kantitatea: 200 kilogramo.
Ontzi hutsak bildu eta elkartzen direnean sortzen da; olioak, pinturak, pintaketako gehigarriak, disolbatzaileak, itsasgarriak, taladrina eta tinta gordetzeko erabili diren aerosolak dira.
Hondakin horietarako identifikatutako 200 litroko metalezko bidoietan biltzen dira eta hondakin-biltegira eramaten dira.
3. prozesua: «Hondakin-uren tratamendua».
1. hondakina: «lixibiatuak».
Identifikazioa: U 01361203/0100027767/3/1.
Helmugako eragiketaren kodea: D13.
Osagai arriskutsuak: C0.
Arrisku-ezaugarria(k): H14.
HEZ: 19 12 11.
Urtean sortutako kantitatea: 2.779,68 tona.
Maila egunero kontrolatzen da, gainezka egin aurretik erretiratu ahal izateko.
Tratamendu-instalazioko hainbat sekziotan sortzen dira. Sekzio horiek 173 m
a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodifikazioa ezartzen zaizkio, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarritzat hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Zer hondakin mota den eta nolako osagai arriskutsuak dituen definitzen dute, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehe-xehe jasota. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan (2015-2020) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onartze-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzeko eskatzen bada.
b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete.
c) Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek indarreko araudian finkatutako segurtasun-arauak bete behar dituzte, eta argi etiketatu beharko dira, modu irakurgarrian eta ezin ezabatuzkoan.
d) Berariazko hondakin sanitarioak (II. taldea) manipulatu, ontziratu, etiketatu eta biltegiratzeko baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin sanitarioen kudeaketari buruzko martxoaren 3ko 21/2015 Dekretuan eta hura garatzeko geroagoko araudietan finkatutakoak izango dira.
e) Hondakin arriskutsuek ezin izango dute 6 hilabete baino gehiago biltegiratuta egon.
f) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetan jasota dauden hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.
g) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik, eta, hala badagokio, araudian finkatutako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, dagokion kontrol- eta jarraipen-agiria bete beharko da.
h) Egiaztatu beharko da kudeatzaile baimenduaren instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak halako salgaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako baldintzak betetzen dituela.
i) Fomento de Construcciones y Contratas, SA eta Cespa Conten SA sozietateek sortutako olio erabilia industriako olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatu beharko dute.
j) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– Tresna Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinei dagokienez, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrol- eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.
k) Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek PCBak dituzten edo eduki ditzaketen tresnen jabe diren neurrian, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten tresnak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak finkatzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuan tresna horiek ondo kudeatzeko zehaztutako baldintzak bete behar dituzte.
l) Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko irailaren 16an onartutako ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzko 1005/2009/EE Erregelamenduan definitutako substantzia erabiliak dituzten neurrian, berreskuratu egingo dituzte, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein bitarteko tekniko erabiliz deuseztatzeko; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dituzte, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.
m) Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek urtero adierazi beharko dizkiote Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituzten hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datuekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko da.
n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zeina mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea baita, Fomento de Construcciones y Contratas SAk eta Cespa Conten SAk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko diote Ingurumen Sailburuordetza honi, gutxienez lau urtetik behin, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legea garatzen duen araudiak ez baditu Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA, Biocompost de Álava UTEren kide diren sozietate gisa, hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.
o) Baldin eta Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengatik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabeak badira, Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduradunak izango dira, eta, beraz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko diote.
p) Atal honetako g) eta h) letretan aipatutako dokumentuak (kudeatzaileak EAEkoak badira) eta n) eta o) letretan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz, ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz.
q) Amiantoa daukaten hondakinak aurkitzen baldin badira, Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek amiantoaren ondorioz ingurumena kutsatzea prebenitu eta murrizteko 108/1991 Errege Dekretuan (3. art.) finkatzen diren exijentziak bete beharko dituzte. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren maneiatze-lanak 396/2006 Errege Dekretuan finkatutako eskakizunen arabera egingo dira; dekretu horren bidez finkatu ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.
D.2.5.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.
Hauek dira sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak:
a) Ebazpen honen D.2.5 atalak hondakinak kudeatzeko printzipio hierarkikoei buruz adierazitakoaren arabera, 190599 hondakinak (material bioegonkortua) eta 190501ak (hiri-hondakinen eta parekatuen konpostatu gabeko frakzioa) balorizazioaren bidez kudeatuko dira, ez zabortegian utzita, eta sailburuordetza honen aurrean, ezabatzea ez den bestelako kudeaketa-proposamen bat egiaztatu beharko da, edo hondakina balioztatzeko ezintasuna justifikatu beharko da (arrazoi teknikoak, operatiboak, ekonomikoak eta abar direla medio).
b) Erabilitako ontziak eta ontzien hondakinak, materialen arabera egoki bereizita entregatu beharko zaizkio agente ekonomiko bati (hornitzailea), berrerabiliak izan daitezen, ontzi erabilien kasuan; edota berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztatzaile baimendu bati, ontzi-hondakinen kasuan.
c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balioa ematea denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.
d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako onarpen-agiria, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetan jasota dauden hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.
e) Hondakina hondakindegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoa) ezarritakoari jarraiki egingo da hondakinen karakterizazioa.
f) Balioztatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 25.2 artikuluaren arabera.
g) Baldin eta Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengatik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabeak badira, Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduradunak izango dira, eta, beraz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko diote.
h) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta dagokion urteko Ingurumena zaintzeko programa bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.
i) Atal honetako d) eta e) letretan aipatutako dokumentuak (kudeatzaileak EAEkoak badira) eta f) letran aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz, ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz.
D.2.6.– Lurzorua babesteko baldintzak.
Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean finkatutako aginduak betez lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera, Fomento de Construcciones y Contratas SAk eta Cespa Conten SAk lurzoruaren babesa bermatzeko beharrezko neurriak hartu beharko dituzte.
Bost urtez behin, ebazpen hau jasotzen denetik hasita, eguneratu egin beharko da lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiko txostena, eta instalazio guztiei dagokien kutsadura-arriskuaren ebaluazio bat erantsiko zaio. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko da txosten hori.
Nolanahi ere, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena lortzeko prozedura hasteko eskatu beharko dio sustatzaileak ingurumen-organoari, baldin eta ekainaren 25eko 4/2015 Legean adierazitako inguruabarren bat gertatzen bada.
Lur-mugimenduak egitea dakarten obrak egin behar izanez gero, jardueraren sustatzaileak hondeatu behar dituen materialen karakterizazioa egin beharko du (lurra, obra-hondakinak, eta abar), jardun kutsatzaileen ondorioz erasan diren egiaztatzearren eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.
Alabaina, obrak egin behar badira aldez aurretik inolako jarduerarik izan ez duten eremuetan, karakterizazioa egin gabe uzteko aukera izango da, betiere jarduerarik eza behar bezala justifikatzen bada.
Ingurumen-organo honen aurrean justifikatu beharko da induskatutako zati bakoitzerako proposatutako kudeaketa modua egokia dela, organoak onartu aurretik; proposatutako azken xedea (kanpo-kudeaketa edo kokapen berean berrerabiltzea) adierazi beharko da, eta egindako azterketen kopia bat erantsi:
1.– Soberakinak zabortegira eraman nahi izanez gero, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak zabortegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori espero daitekeen kutsaduraren heterogenotasunaren eta homogeneotasunaren arabera aldatu ahal izango da. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-tik gorako bolumena duten unitateez osatutako lagina hartu ahal izango da; aldiz, afekzio heterogeneoa aurreikusten bada, 500 m3-tik beherako bolumenekoez.
2.– Soberako materialak instalazio berean berrerabili nahi izanez gero, materialek lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean zehaztutako EBA-B ebaluazioko balio adierazlearen (industria-erabilera) azpitiko balioa izan beharko dute, eta lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko du laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.
3.– Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako EBA-A ebaluazioko balio-adierazleak eta TPHko 50mg/kg-ko balioa baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelan batean.
4.– Murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da substratu harritsu osasuntsua. Lurzoru naturalaren pareko den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.
Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. atalaren arabera, lurrean kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetzak hartu beharreko neurriak zehaztu ditzan, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e atalari jarraikiz.
D.2.7.– Zaratari buruzko baldintzak.
a) Behar diren neurri guztiak ezarriko dira, honako indize akustiko hauek gainditu ez daitezen:
a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.
a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.
a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; halakoetan, apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.
1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.
Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.
Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.
b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiko guneetako zarata-maila.
E) Ingurumena zaintzeko programa.
Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:
E.1.– Atmosferako isurketak kontrolatzea.
a) Biocompost de Álava UTEk isurpenak kontrolatu beharko ditu, honako informazioaren arabera:
b) Puntu honetako a) letran aipatutako neurketa guztiak administrazioaren II. mailako erakunde laguntzaileren batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan jasotzen den bezala; eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek, berriz, Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte.
c) Biogasa deuseztatzeko zuzian, 1.000-1.200 ºC-ko tenperaturara iritsiko da gutxienez 0,3 segundoz (erresidentzia-denbora), beharrezko turbulentzia mantenduz.
E.1.1.– Lortutako emaitzen erregistroa.
Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua eta atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiten dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina.
Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.
E.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.
a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:
b) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldian egingo dira beti.
c) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da puntu honetako a) letran ezarritako kontrol-parametro guztiek ebazpen honen laugarren idatzi-zatiko D.2.4.2 azpi atalean ezarritako mugak betetzen dituztenean.
E.3.– Zarata kontrolatzea.
a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira urtean behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.
b) Aurreko atalean adierazitako ebaluazio guztiak akustikaren esparruan laginketa espazial eta tenporala egiteko UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako ziurtagiri bat duen ingurumen-lankidetzako erakunde batek egin beharko ditu. Nolanahi ere, ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du ingurumen-organoak.
c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.
E.4.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.
Lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatea kontrolatzeko proposamen bat aurkeztu beharko da. Proposamen horrek gutxienez hauek bilduko ditu: karakterizazioa egiteko bi zundaketa egitea, erauzitako zutabea karakterizatzea eta lurpeko uren segimendua egiteko erabiliko diren piezometroak prestatzea. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa, eta, hartara, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da. Jakinarazi beharko da instalazioa kokatzen den lurzatiak eraginik duen interes hidrogeologikoko lekuetan (IHL), jabari publiko hidraulikoan edo Eremu Babestuen Erregistroko lekuetan (EBE).
Beste alde batetik, substantzia arriskutsuen erabilerari, ekoizpenari edo isurketari buruzko informazioa sartuko da, organo honek 16/2002 Legearen 3. artikuluan deskribatutako oinarrizko txostena edo abiapuntuko egoerari buruzko txostena egiteari buruzko erabakia hartu dezan. Txosten horretan, substantzia arriskutsu garrantzitsuak direla-eta lurzoruak eta lurpeko urek duten kutsadura-egoerari buruzko informazioa jasoko da, jarduera behin betiko amaitzen denean konparazio kuantitatiboa egin ahal izateko 16/2002 Legearen 12.1.f) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Atal horretan ezarritakoaren arabera eman beharreko informazioa erakunde egiaztatu batek egin beharko du, 199/2006 Dekretuan eta organo honek onar ditzakeen jarraibideetan ezarritakoaren arabera (199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egin beharreko ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena).
E.5.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.
Sustatzaileak jardueraren funtzionamenduaren inguruko parametro-adierazle nagusien urteko segimendua egingo du, ingurumenean duten eraginarekin lotuta, eta dagokion urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztu beharko du.
E.6.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.
Ingurumen-zaintzako programa osatzen duten analisi eta txosten ezberdinen emaitzak behar bezala erregistraturik geldituko dira; datuok jakinarazpen baten bitartez Ingurumen Sailburuordetzara igorriko dira, jakinarazpenari erantsitako CD edo DVD batean, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak horretarako prestatu duen Ingurumena Zaintzeko Programaren Gidaliburuan ezarritako formatuan, zeina webgune honetan baitago eskuragarri:
http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-pcc/eu/
Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egindako kontrol guztiak, ibilgu eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, Ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da, eta jakinarazpena ingurumen-baimen integratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Era berean, urtebete baino periodikotasun handiagoko kontrolak kontrola egiten duten urteari dagokion programaren barruan baino ez dituzte igorriko.
Ongarriei buruzko ekainaren 28ko 506/2013 Errege Dekretuak xedatutakoa betetzeko kontrol analitikoak urtero bidaliko zaizkio Ingurumen Sailburuordetza honi, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan.
Emaitza horiek urtero bidaliko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.
E.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.
Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du, eta bertan bildu beharko ditu aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak. Programa horrek honako hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen zehatza. Halaber, dagokion aurrekontua adierazi beharko du.
Era berean, Ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu beharko ditu, eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barnean hartu beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).
F) Ezohiko egoeretan, kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta jardunerako baldintzak.
F.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.
Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurien eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta, hala badagokio, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.
Instalazioa gelditzean eta abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta egoera anomaloetan sortutako hondakinak bigarren ataleko D.2.5 «Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak» azpiatalean xedatutakoari jarraituz kudeatu beharko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.
F.2.– Jarduera bertan behera uztea.
Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua ez kutsatzeari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzkoa, eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko dute, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten dutenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Jarduera utzi baino lehen, Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko dituzte, ebazpen honen bigarren atalaren D.2.5 azpiatalean ezarritakoarekin bat etorriz.
F.3.– Jarduera aldi baterako uztea.
Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek, jarduera aldi baterako uzteko eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko dute instalazioa jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.
Era berean, instalazioa berriz abian hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isurketa edo emisio saihesteko.
F.4.– Ezohiko jardunean aplikatzeko neurriak eta jarduketak.
Aurkeztutako agirietan proposatzen diren ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzak eragotzi gabe, atal hauetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira:
a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.
Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburu bat eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), ihes posibleak antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.
Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskaritza eta kontrolerako programa bat jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, tangen barnealdearen begi-bidezko ikuskaritzak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, zorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurre hartzeko.
Era berean, atmosferara eta uretara egindako isurpenak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.
Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak beharrezko maiztasunez aterako dira, instalazioa behar bezala ibil dadin. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Biltegiratu egingo dira hondoan hustubiderik ez duten biltegi iragazgaitzetan. Ez dira inolaz ere jarriko euri-isurketaren ondorioz ibilgu publikoko urak kutsatu ditzaketen guneetan.
Baldin eta instalazioetan lokatzen tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.
Nabeen barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.
Hondakin-ura ezingo da «by pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.
Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «by pass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «By pass» horrek ez aurreikusitako isurketa bat egongo balitz, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidalita (atal honetako j) idatzi-zatian adierazitakoari jarraituz).
b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta antzemandako gorabeherak jasota uzteko.
c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.
d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta orokorrean, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.
e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabilioi estali eta itxiak eduki beharko dira.
f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan gordeko dira.
g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek baldintza batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoak.
h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezko diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipo egokiak.
i) Kubeten hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatu bat edukiko da. Horri jarraituz, tratamendu-instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen produktu-isuriak instalaziora joatea saihestu beharko da.
j) Gorabeheraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.
Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:
● Gertakari mota.
● Jatorriak eta arrazoiak (unean-unean zehaztu daitezkeenak).
● Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.
● Izandako ondorioak.
● Epe laburrera aurreikusitako jarduerak, hala egokituz gero.
Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Legutioko Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:
● Gertakari mota.
● Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.
● Gertakariaren iraupena.
● Ustekabeko isurketa bat gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analitika bat barne hartuta.
● Mugak gaindituz gero, isurketei buruzko datuak.
● Eragindako kalteen balioztapena.
● Hartutako neurri zuzentzaileak.
● Arazoa berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.
● Prebentzio-neurri horiek eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.
Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa bat gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kalte badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta, horrez gain, horren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta bai babes zibilaren bai ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS DEIAK (112) larrialdi-zerbitzuei ere, neurri egokiak har ditzaten.
k) Aurreko atalean ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabehera edo arazoei aurre egiteko, jardueraren titularrak lehenbailehen jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioan aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, etengabeko prozesu bati dagozkionak, aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak barne hartuta.
l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.
G) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, hala neurri babesle eta zuzentzaileak nola ingurumena zaintzeko programa alda daitezke, jardueraren sustatzaileak hala eskatuz gero edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.
H) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek, aurreko urtean atmosferara eta uretara isuritako emisioei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko diote Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.
Informazio hori IKS-eeM sistemaren erakundeetarako bertsioaren bidez egingo da (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), hau da, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.
Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).
Ingurumen Deklarazioa agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.
l) Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da:
http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3252/eu/contenidos/informacion/ippc/eu_6939/adjuntos/cuestionario_modificaciones.doc
Horrez gain, organo honen baimena ere eskatu beharko dute uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.
Nolanahi ere, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretu horren 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira. Hala, ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz, eta funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat joko du.
Era berean, proiektatutako aldaketa Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeko IB eranskinean edo ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean adierazitako kasuen barruan sartzen bada, hizpide dugun aldaketari baimena eman aurretik, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin beharko zaio.
Baldin eta aldaketa ez badago jasota ez 3/1998 Legearen IB eranskinean ez ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean, baina bai horren II. eranskinean, organo honek gehienez ere hiru hilabeteko epean erabakiko du aldaketa horri ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion edo ez, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen arabera.
Baldin eta aldaketan aurreikusten bada lurzoru berria okupatzea, eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.
J) Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 30. artikuluari jarraituz, eta aipatutako uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 31. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.
Hirugarrena.– Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SA enpresek ustiatutako instalazioari 16-I-01-000000000353 erregistro-kodea esleitzea. Bere helbidea Askarra kalea 20, Jundiz industrialdea (Vitoria-Gasteiz) da eta kokalekua honakoa: UTM 30N ETRS89, X: 520113 Y: 4742645 Z: 527 m.
Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da honako kasu hauetan:
a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, mugako emisio-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.
b) Teknika erabilgarri onenetan eginiko aldaketa handien ondorioz, isurketak nabarmen murriztu badaitezke, gehiegizko kosturik izan gabe.
c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta, beste teknika batzuk erabiltzea beharrezkoa bada.
d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian araututakoaren arabera, ingurumen-baimen integratua berrikustea justifikatzen duten inguruabarrak daudela uste badu, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isurpenei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean berrikuste-prozesua hasteko.
e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 22.3 artikuluari jarraikiz ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada (ekainaren 11ko 5/2013 Legearen 16. artikuluak aldatu zuen artikulu hori).
f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen denean.
g) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.
h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzekoak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.
i) Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.
Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik emango, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Bosgarrena.– Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SAri honako alderdiei erantzuteko eskatzea:
Hiru hilabeteko epean:
● Ingurumen-adierazleak proposatzea.
● Instalatutako fokuen neurriari buruzko informazioa ematea (D.2.3.2 puntua).
● Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola eguneratzea eta proposatzea (E.4 puntua).
● Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arriskuaren ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Hondakinen Europako Hondakinen Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen).
● Bereizita jasotako frakzio organikoaren kutsadura gurutzatua eragozteko protokoloa (D.2.1.e).
Seigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako kasu hauetan:
● Ebazpen honen bosgarren atalean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen ez bada epe barruan, baldin eta interesdunak ez badu, behar bezala justifikatuta, epea luzatzeko eskatzen.
● Foku berri bat ezartzea dela-eta ILEen hasierako txostena bidaltzeko ezarritako sei hilabeteko epea ez betetzea (D.2.3.1 atala).
● Fomento de Construcciones y Contratas SAren eta Cespa Conten SAren nortasun juridikoa iraungitzea, indarreko arauek aurreikusitako kasuetan.
Zazpigarrena.– Titularrak bere jarduera garatzean erabiliko dituen identifikazio-kodeak hauek dira:
● EU1/333/2012 hondakin arriskutsuak sortzea.
● 0100027767 Hondakin ez-arriskutsuak sortzea.
● 0100027767 Hondakin ez-arriskutsuak kudeatzea.
● 06-00-2008-1-123 Atmosfera kutsatu dezakeen jarduera.
Zortzigarrena.– Fomento de Construcciones y Contratas SA eta Cespa Conten SAri, Vitoria-Gasteizeko Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei ebazpen honen edukia jakinaraztea.
Bederatzigarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta ondorengoetan adierazitakoari jarraituz.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 7a.
Ingurumeneko sailburuordea.
(196/2013 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren bidez).
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.