EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2017011

3/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 10ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena. Honen bidez xedatzen da Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki hau argitaratzea: Erabakia, zeinaren bidez eskatzen baitzaie Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten sozietate publikoei aztertzeko ekonomikoki zer gastu publiko ekarriko lukeen Auzitegi Konstituzionalaren 2015eko ekainaren 22ko 143/2015 Epaiak eragiten dien zuzendari ez diren langile lan-kontratudunen soldatak erregularizatzeak, hala badagokie, eta, era berean, ebazten baita zenbait sozietate publikotako langileek ondare-erantzukizunari buruz egindako erreklamazioak ez onartzea.

Xedapenaren zenbakia: 201700003
Xedapenaren data: 2017-01-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201700239
Maila: Ebazpena
Gobernu Kontseiluak, 2017ko urtarrilaren 10ean egindako bilkuran, erabakia hartu zuen, zeinaren bidez eskatzen baitzaie Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten sozietate publikoei aztertzeko ekonomikoki zer gastu publiko ekarriko lukeen Auzitegi Konstituzionalaren 2015eko ekainaren 22ko 143/2015 Epaiak eragiten dien zuzendari ez diren langile lan-kontratudunen soldatak erregularizatzeak, hala badagokie, eta, era berean, ebazten baitu zenbait sozietate publikotako langileek ondare-erantzukizunari buruz egindako erreklamazioak ez onartzea. Eta erabaki hori argitara emateko xedez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea honako erabaki hau: Erabakia, zeinaren bidez eskatzen baitzaie Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten sozietate publikoei aztertzeko ekonomikoki zer gastu publiko ekarriko lukeen Auzitegi Konstituzionalaren 2015eko ekainaren 22ko 143/2015 Epaiak eragiten dien zuzendari ez diren langile lan-kontratudunen soldatak erregularizatzeak, hala badagokie, eta, era berean, ebazten baita zenbait sozietate publikotako langileek ondare-erantzukizunari buruz egindako erreklamazioak ez onartzea. Erabakia honako honen eranskinean jaso da.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 10a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 10EKO 3/2017 EBAZPENARENA.
ERABAKIA, Gobernu Kontseiluarena, 2017ko urtarrilaren 10ekoa. Honen bidez eskatzen zaie Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten sozietate publikoei aztertzeko ekonomikoki zer gastu publiko ekarriko lukeen Auzitegi Konstituzionalaren 2015eko ekainaren 22ko 143/2015 Epaiak eragiten dien zuzendari ez diren langile lan-kontratudunen soldatak erregularizatzeak, hala badagokie, eta, era berean, ebazten du zenbait sozietate publikotako langileek ondare-erantzukizunari buruz egindako erreklamazioak ez onartzea.
Estatuko oinarrizko legeriak maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Lege Dekretuaren bidez ezarritako aginduaren ondorioz –Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 26/2009 Legea aldatzen du errege lege-dekretu horrek–, uztailaren 24ko 3/2010 Legea egin zuen Eusko Legebiltzarrak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren abenduaren 26ko 2/2009 Legea aldatzen duena, eta eskatu zion Eusko Jaurlaritzari Estatuak agindutako soldata gutxitzeak egiteko (soldata-masa % 5 gutxitzeko, urteko kopurua kontuan hartuta), negoziazio kolektiboko hitzarmen edo akordio bidez ere gauza zitekeela kontuan hartuta.
Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan neurria langile publiko guztiei aplikatu zitzaien, baina Estatuko Administrazioan neurri hori aplikatzetik kanpo utzi ziren zenbait talde (hor sartu ziren enpresa publikoetako zuzendari ez diren langile lan-kontratudunak).
EAEko lege-aurreikuspen hori benetan aplikatzen hasi zenetik, 2011tik eta 2015era bitartean, EAEko zenbait sozietate publikotan soldatei buruzko lan-erreklamazioak judizializatu zituzten langile lan-kontratudunek, bide arrunta erabiliz, eta eskatu zuten berariaz salbuesteko soldata-murrizketa orokor horretatik, Estatuko Administrazioan egin zuten modu berean.
Justizia-auzitegi arrunten hurrengo epaiek Euskal Autonomia Erkidegoan hartutako neurria legezkoa zela berretsi zuten, harik eta auzi horietako batean Auzitegi Gorenak konstituzio-kontrakotasuneko arazo bat abiarazi zuen arte Konstituzio Auzitegian (KA); hala, auzitegi horrek emandako 143/2015 Epaiak indargabetu egin zuen EAEko lege-aurreikuspena, konstituzio-kontrakoa dela deklaratu baitzuen ez zelako hertsiki oinarrizko neurrira lotzen; hori guztia, nahiz eta EAEko estatutu-eskumenak argudiatu eta alferrik izan.
Adierazi behar da Auzitegi Konstituzionalaren 143/2015 Epaiak zehatz arrazoitzen duela EAEko 3/2010 Legearen 23.9 artikulua konstituzio-kontrakoa izateagatik emandako indargabetze-erabakiaren norainokoa, eta, haren mugei dagokienez, adierazten du, batetik, zaindu egin behar dela gauza epaitua, behin eta berriz aipatu den konstituzio-doktrina oinarri hartuta (Auzitegi Konstituzionalaren Lege Organikoaren 40.1 artikulua), eta, bestetik, segurtasun juridikoaren printzipioaren babesean, izan daitezkeen administrazio-egoera irmoetara hedatuko direla kasu honetan muga horiek.
Aurreko aurrekarietan azaldutako egitateak oinarri hartuta, 2016an erreklamazio gehiago egin da lan-arloko jurisdikzio-bide arruntean, gatazka kolektibo eran edo norbanakoek eskatuta; erreklamazio horien bidez aipatutako enpresa publikoetako zuzendari ez diren langile lan-kontratudunen talde horiek eskatzen dute itzultzeko izan dituzten soldata-murrizketen bidez galdutako diru-kopuruak Auzitegi Konstituzionalak indargabetutako artikuluaren babesean. Erreklamazio horietako batzuk ebatzi dira dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren lan-arloko Salak emandako epaien bidez, zeinek nolabaiteko jurisprudentzia-ildo bat taxutu duten eta onartu langileen eskariak, erabaki irmoen bidez; izan ere, adierazten dute langileek eskubidea dutela gutxitutako diru-kopuruak itzul diezazkien, 2015eko uztailaren 31ko ondorioekin.
Lan-arloko jurisdikzio arruntean aurkeztu diren erreklamazioekin batera, 2016an, ondare-erantzukizuneko zenbait erreklamazio aurkeztu dituzte enpresa publikoetako zuzendari ez diren langile lan-kontratudunen taldeko zenbait interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrean. Erreklamazio horietan argudiatu dute Auzitegi Konstituzionalak indargabetutako arautegiaren aplikazioak eragin diela ustezko kaltea, eta indibidualizatu egin dituzte era askotara erreklamatutako diru-kopuruak.
Aipatutako gizarte-uzi horren aurrean Gobernu Kontseiluak erantzun eraginkor bat eman behar du, eta, horretarako, sozietate publiko bakoitzak Auzitegi Konstituzionalaren ekainaren 22ko 143/2015 Epaiak (2015eko uztailaren 31an argitaratu zen BOEn) ezartzen duen doktrina juridikoaren banan banako aplikazioa aztertu eta zenbatetsi egin behar du. Laburtuz, kontua da aukerak bilatzea Eusko Legebiltzarraren 3/2010 Legearen agindua, konstituzio-kontrako izateagatik, indargabetzeak izango dituen ondorio ekonomikoak kudeatzeko. Izan ere, Eusko Legebiltzarraren lege horrek EAEko sektore publikoa osatzen duten sozietate publikoak gaitu zituen, bere garaian, soldata-masa % 5 gutxitzeko, urteko kopurua kontuan hartuta, zuzendari ez ziren haien langile lan-kontratudunei.
Auzitegi Konstituzionalaren 143/2015 Epaiaren 3. oinarri juridikoan, beste epai askotan errepikatu den doktrina gogora ekarriz (45/1989, 180/2000, 365/2006 edo 161/2012 epaiak, eta, zalantzarik gabe, 219/2013 eta 207/2014 epaien sekuentzia, zeinak gai honi berari eragiten dion), lotu egiten dira, konstituzio-kontrakotasunagatik, askotan errepikatu den 3/2010 laguntza-legearen indargabetzearen mugak, bai gauza epaituaren erakundearekin (Auzitegi Konstituzionalaren Lege Organikoaren 40. artikuluan jasotzen da), bai segurtasun juridikoaren printzipioarekin (Konstituzioaren beraren 9.3 artikulua); komeni da, edonola ere, konstituzio-epaiaren ondorioen muga-hedapenak izan behar duen modulazioa jarduera irmoetara iristea, zeinak ez diren berrikusi beharko finkatutako doktrina horren babesean.
Aurreko motibazio osoa hartu du EAEANen jurisprudentzia berriak, egindako soldata gutxitzeengatik dirua itzultzea eskatzen duten lan-erreklamazio arruntak egin direla jakin duelako; hark emandako epaitzetan argi eta garbi adierazten da diru itzultze horren ondorioetarako «2015eko uztailaren 31» izan behar dela nahitaezko erreferentzia-eguna, egun horretan argitaratu baitzen ofizialki AKren 143/2015 Epaia, eta argitaratzen den egunetik sortzen baititu ondorioak. Horrenbestez, dagoeneko, eman du epaia EAEANen lan-arloko Salak, 2016ko ekainaren 14ko, uztailaren 19ko eta irailaren 20ko epaien bidez; epai horietan ezartzen da, era berean, egoera juridiko honen tratamendu kontzeptual gisa, ez gaudela gauza epaituaren aplikazio zorrotz baten aurrean (Auzitegi Gorenak berak eman dituen epaitzak izanagatik ere, eragotzi nahi zen soldata murrizketaren legezkotasuna onartzen baitute), baizik eta berrikusi eta ezinbestez modulatu egin behar dela konstituzio-epaitzaren ondorengo enpresa-portaera, eta moldatu egin behar dela epaitza horretara, ondorioak dituen egunetik aurrera.
Halaber, aipatutako erabakiak hartzearekin lotuta, erabaki honek metatutako ekintza baten bidez (metaketa, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian aurreikusitako ahalmen gisa) heltzen die administrazio publikoaren ondare erantzukizun eskaerei, aipatutako Eusko Legebiltzarraren 3/2010 Legearen 23.9 artikulua Konstituzioaren aurkako deklaratzearen ondorioz. Ekimen horietan langile interesdun gehienek lan-arloko bide arruntean kendutako edo atzera botatako eskakizunak berresten dituzte, baina garaiz aurretik egindako erreklamazioak direnez ezin dira onartu, hau da, ezin dira aintzat hartu bide judizial arrunta izapidetzen ari den bitartean, eta konstituzio-epaiak bere eraginkortasunerako adierazten duen helmenetik kanpo ere geratzen dira –atzeraeraginezko edonolako helmenetik kanpo–, eta horrenbestez, ezin dira 2015eko uztailaren 31 baino aurreragoko denbora-tarteengatik kalte-ordainak ordaindu.
Alde horretatik, besteak beste, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak 2013ko ekainaren 7an eta 2012ko azaroaren 12an emandako epaiek, auzibitarteko edo prejudizialitateko argudioetatik haratago, antijuridikotasunari eragitea jasotzen dute ezinbesteko baldintza gisa ondare-erantzukizunaren instituzioaren barruan.
Horregatik guztiagatik, Gobernu Kontseiluak, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta gaia eztabaidatu ondoren, honako hau erabakitzen du:
ERABAKIA.
«Lehena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten sozietate publikoei eskatzea balioesteko ekonomikoki zer gastu publiko ekarriko lukeen Euskal Autonomia Erkidegoko 2010eko Aurrekontu Orokorren Legearen 23.9 artikulua (ekainaren 24ko 3/2010 Legean emandako idazketan, aurrekoa aldatzen baitu) indargabetu delako kaltetu direla pentsa dezaketen zuzendari ez diren langile lan-kontratudunen soldata-egoera erregularizatzeak; artikulu hori indargabetu da Auzitegi Konstituzionalak 2015eko ekainaren 24an emandako 143/2010 Epaiaren bidez, konstituzio-kontrakoa izateagatik.
Balioespen hori sozietate publiko bakoitzak egin behar du, denbora tarte honetarako: 2015eko uztailaren 31tik 2016ko abenduaren 31ra bitarte. Balioespena justifikatu egin behar da, sozietate bakoitzaren langileen lan-egoeraren arabera eta erabaki honek eragiten dion langile bakoitzeko, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailera eta Ogasun eta Ekonomia Sailera bidali behar da.
Bigarrena.– Enpresa publikoetako langileek ezarritako ondare-erantzukizunagatiko erreklamazioak ez onartzea ebaztea, erabaki honetan jasotako oinarriak aintzat hartuta, eta langile horietako bakoitzari erabaki hau jakinaraztea Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak.
Hirugarrena.– Erabaki hau irmoa da administrazio-bidean, baina haren kontra aukerako berraztertzeko administrazio-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo zuzenean jurisdikzio-erreklamazioa, bestela, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo banaka jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bi kasuetan.
Laugarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak aginduko du erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea».