EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2016010

AGINDUA, 2016ko abenduaren 2koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, ezartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 2017-2018 ikasturtean izena emateko eskaerak aurkezteko egutegi komuna eta onarpen-epea, bai eta ikastetxe horietan ikasleak onartzeko jarraibideak ere.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2016-12-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201700213
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2008/03/06an argitaratutako 2008/03/04ko 200800035 DEKRETUA

Martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak arautzen du nola onartu ikasleak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-ikastetxeetan eta itunpekoetan, eta, dekretu horren 9. artikuluan ezartzen denez, Hezkuntzako sailburuak urtero Agindu bat emango du eskaerak aurkezteko epe komun bat ezartzeko eta prozeduraren aldi guztietako epeak finkatzeko.
Horrenbestez, 2017-2018 ikasturtean, egutegia eta prozedura-arauak ezarri behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoan fondo publikoen bidez finantzatuko diren ikastetxeetan bete daitezen ikasleak onartzeko orduan. Hori guztia dela-eta, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Agindu hau aplikatu beharko da Hezkuntza Sailaren mendeko herri-ikastetxeetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Halaber, Hezkuntza Sailaren mendeko herri-ikastetxeetako 2 urteko geletan ere aplikatu beharko da, eta baita itunpeko ikastetxe pribatuetako 2 urteko haurren geletan ere, baldin eta Hezkuntza Sailak Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe pribatuei ematen dizkieten diru-laguntzei heldu nahi badiete, eta betiere martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuko lehen xedapen gehigarriak araututakoari jarraituz.
2. artikulua.– Ikasleak onartzeko prozesu honetan parte hartu beharko dute aurreko artikuluan adierazitako ikastetxeetan 2 urteko geletan onartuak izan nahi duten ikasle guztiek. Era berean, eskaera egin beharko dute ikastetxe horietan lehen aldiz sartu nahi duten ikasle guztiek, baldin eta sartu nahi badute Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Bestetik, onarpen-prozesu honetan eskaera egin beharko dute lehendik eskolatuta dauden ikasleek ere, baldin eta hezkuntzako maila edo etapa horiek egiteko ikastetxez ala hizkuntza ereduaz aldatu nahi badute edo behar badute.
Automatikoki bermatuko da ikastetxe bereko etapa eta maila desberdinetan ikasten jarraitu ahal izatea, eta, ondorioz, ez da onartzeko eskaerarik egin beharko, 2 urteko gela batera sartzeko izan ezik. Ikastetxe pribatuetan, 2 urteko ikasleak 3 urteko geletan sartzea bermatzeko, ikasleak onartzeko prozesu honetan parte hartu beharko dute; horrez gain, matrikulatutako ikasleak, guztira, ez dira izango ikastetxe horretarako agindu honetan arautzen den prozesuaren hasieran 3 urteko geletarako onartu daitezkeen plazak baino gehiago.
3. artikulua.– Eskaerak aurkezteko egutegi eta onarpen-epe komunak.
Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako herri-ikastetxeetan eta itunpeko ikastetxeetan, eskaerak aurkezteko eta ikasleak onartzeko epeak berak izango dira. Hona, beraz, epeak finkatzeko egutegia:
a) Eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko: urtarrilaren 30etik otsailaren 10era arte.
b) Eskatzaileen zerrenda argitaratzeko: otsailaren 14a.
c) Behin-behineko zerrendak argitaratzeko: otsailaren 23a.
d) Behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko: martxoaren 8ra arte.
e) Eskabideari uko egiteko: martxoaren 8ra arte.
f) Behin betiko zerrendak argitaratzeko: martxoaren 16a.
g) Bigarren eta hirugarren aukeren zerrendak argitaratzeko: martxoaren 27a.
h) Zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzeko: apirilaren 10era arte.
i) Datu estatistikoen grabazioa: apirilaren 3tik 12ra. Halaber, irailean, Hezkuntza Saileko Unitate Estatistikoek adierazten dieten epean, balidatu beharko dituzte aipatutako aplikazio informatikoan behin betiko matrikula datuak.
4. artikulua.– Onarpen-prozedurari buruzko jarraibideak.
Onarpen-prozedurari buruzko jarraibideak onartzen dira, eta agindu honen I. eranskinean jasotzen.
5. artikulua.– Ikasleak onartzeko prozedura hau izapidetzean jasotzen diren datu pertsonalak «Ikasleak onartzea» izeneko fitxategi batean sartuko dira, prozedura hau kudeatzeko eta prozesu horren garapenaren berri emateko, beti ere lege hauek diotena beteta: abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Datu Pertsonalen Babestekoa, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuak babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa.
Fitxategi horren arduraduna Ikastetxeen Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, eskatzaileek baimena ematen diote Ikastetxeen Zuzendaritzari beste herri-erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak benetakoak direla.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean agindu hau.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 2a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
JARRAIBIDEAK, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HAUR-HEZKUNTZA, LEHEN HEZKUNTZA ETA DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO IKASTETXE PUBLIKO ETA ITUNPEKO IKASTETXEETAN 2017-2018 IKASTURTEAN IKASLEAK ONARTZEKO PROZEDURARI BURUZKOAK.
Lehenengoa.– Aplikatu beharreko araudia.
Arau hauek bete beharko dira ikasleak 2017-2018 ikasturtean onartzeko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxeetako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapetan: batetik, 35/2008 Dekretua, martxoaren 4koa, eta, bestetik, Hezkuntza sailburuaren Agindua (2017-2018 ikasturtean Hezkuntza-etapa horietan ikasteko eskaerak aurkezteko egutegi eta onarpen-epe komunak ezarri eta jarraibide hauek onartzen dituen Agindua). Era berean ezarriko da Hezkuntza sailaren menpeko ikastetxe publikoetako 2 urtekoen geletan eta Hezkuntza saileko diru-laguntzak jaso nahi dituzten ikastetxe itunduetan, martxoaren 4ko, 35/2008 Dekretuaren Lehenengo Xedapen Gehigarriak dioenaren arabera.
Bigarrena.– Ikasleak Onartzen direla Bermatzeko Batzordeak.
1.– Ikasleak Onartzen direla Bermatzeko egun diren lurralde-batzordeek beren egitekoak betetzen jarraituko dute irailaren 8ra arte; izan ere, egun horretan berrituko dira. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek beharrezkotzat joz gero, ikasleak onartzen direla bermatzeko beste batzorde batzuk eratu ahal izango dira, maila eta/edo esparru geografiko zehatz batean. Hori erabakiz gero, ikasleak onartzen direla bermatzeko lurralde-batzordeek dagokion batzordearen esku utziko dituzte geografia-eremu eta/edo -maila horietako funtzioak.
2.– Aurreko atalean zehaztutako Berme Batzorde guztiak honela osatuko dira:
a) Hezkuntza Administrazioko bi ordezkari; horietako bat batzordeko burua izango da eta bestea idazkaria.
b) Etapa edo etapetako ikastetxe publikoetako zuzendari bat, zozketaz hautatua.
c) Etapa edo etapetako ikastetxe itunduetako zuzendari bat, zozketaz hautatua.
d) Batzordeari dagokion esparru geografikoko udalen ordezkari bat.
e) Lau guraso, bi herri-ikastetxekoak eta beste bi itunpeko ikastetxekoak, dagokion etapa edo etapetakoak. Dagokion lurraldean edo etapan ordezkaritza handiena duen Guraso Elkarteen Federazioek proposatuko dituzte guraso horien izenak. Ordezkatuta izateko eskubidea duten sektoretakoren batean Guraso Elkarteen Federaziorik ez balego, zozketa-bidez hautatutako bi ikastetxetako Eskola Kontseiluko bi guraso izendatuko dute hango gurasoek.
f) Lau irakasle, bi herri-ikastetxekoak eta beste bi itunpeko ikastetxekoak, dagokion etapa edo etapetakoak. Dagokion lurraldean edo mailan ordezkaritza handiena duten irakasleen ordezkaritzako sindikatuek proposatuko dituzte haien izenak.
3.– Onartze-prozesuko berme-batzordeek honako funtzio hauek izango dituzte:
a) Ikasleen onartze-prozesua ikuskatzea, dagokion esparru geografikoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan, eta araudia betetzen dela bermatzea, hezkuntzako ikuskaritzaren egitekoak eta eskumenak errespetatuz.
b) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholkuak ematea ikastetxeen eragin-eremuak eta eremu mugakideak zehazteko lanetan.
c) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholkuak eman ikasleak zein ikastetxetan eskolatu erabakitzeko, ikasle horiek eskatutako lehenengo ikastetxean plazarik lortzen ez badute. Erabaki hori hartzeko, hutsik geratutako plazei erreparatuko zaie, eta, posible bada, eskatzaileek egindako bigarren eta hirugarren aukerak errespetatu behar dira.
d) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholkuak ematea, ikasleren batek eskaera bat baino gehiago egiten badu eta eskatzaileek aurkeztutako agiriak faltsuak direla frogatzen bada, ikasle horien eskolatzeari buruzko erabakiak hartzeko.
4.– Ikasleak Onartzea Bermatzeko Batzordeak eratzeko, hezkuntzako lurralde-ordezkariak eskatuko die lurralde eta etapa bakoitzean ordezkaritza handiena duten udal-elkarteei, gurasoen elkarteei eta irakasleen sindikatuei beren ordezkariak izenda ditzatela batzorde horretarako. Organizazio horiek hamar eguneko epean jakinarazi beharko dituzte beren ordezkarien izenak. Hala egingo ez balute, Batzordeak balio osoz eratuko dira, izendatu gabe geratu diren ordezkarien parte hartzerik gabe.
5.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, halaber, Hezkuntza Administrazioak Onarpena Bermatzeko Batzordeetan izango dituen ordezkariak izendatuko dituzte, eta zozketa publikoak egingo dituzte batzorde horietako kide izango diren herri-ikastetxeetako eta itunpekoetako zuzendariak hautatzeko. Denbora nahikoaz jakinaraziko zaie ikastetxe guztiei zozketa horiek noiz eta non egingo diren.
Hirugarrena.– Eragin-eremuak.
1.– Ikastetxeen eragin-eremuak eta eremu mugakideak zehaztuko dituzte hezkuntzako lurralde-ordezkariek; hala, bizileku guztiak sartuko dira gutxienez ikastetxeren baten eragin-eremuan. Mugapen hori egiteko, Onarpena Bermatzeko Batzordeek aztertu beharko dute gaia lehendabizi, eta eragindako ikastetxeei eta udalei entzun beharko zaie; horrez gain, kontuan izan beharko da ikastetxe bakoitzak baimenduta duen edukiera eta haren ingurunean eskolatzeko adinean dagoen biztanleria.
2.– Ikastetxean irakatsitako etapa eta hizkuntza-eredu bakoitzerako zehaztuko dira eragin-eremuak eta eremu mugakideak. Eragin-eremuen mapak edota xehetasunak jendeak eskuratzeko moduan jarriko dira Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.
3.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek laguntza eska diezaiekete toki-korporazioei jarraibide honetan xedatutakoa betetzeko, eta toki-korporazio horientzat derrigorrezkoa izango da laguntza hori ematea.
4.– Lurralde historiko baten lurralde-eremua gainditzen duten eragin-eremuak finka ditzake Hezkuntza sailburuordeak, baldin eta hori egitea komeni bada, ikastetxeren batean ematen diren ikasketa bereziei edo eman daitezkeen salbuespenezko egoerei erreparatuta.
Laugarrena.– Ikasleentzako plazak zehaztea.
1.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza irakasten duten herri-ikastetxeei jakinaraziko diete zenbat talde izan ditzaketen ikasturte eta hizkuntza-eredu bakoitzean, bai eta zenbat ikasle matrikulatu ditzaketen, gehienez ere, horietako bakoitzean.
2.– Itunpeko ikastetxe pribatuek ikasturte eta hizkuntza-eredu bakoitzean sor ditzaketen taldeen kopurua eta horietan matrikulatu ditzaketen ikasleen gehienezko kopurua zehazteko, ikasketak eta eskola-plazak baimentzeko aginduek eta ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-itunek araututakoari erreparatu beharko zaio.
Bosgarrena.– Plazak gordetzea.
1.– Hezkuntza-prozesuan berariazko laguntza behar duten ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan modu orekatuan banatu eta ikasle horiek hezkuntza-sisteman txertatzeko baldintza egokiak sortzeko, hezkuntzako lurralde-ordezkariek xedatu ahal izango dituzte zenbat plaza gorde beharko diren ikasle horiek eskolatzeko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan. Ikastetxeek, berriz, izen-emateen eta matrikulazioen epea amaitu arte gorde beharko dituzte plaza horiek.
2.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek eskaerak egiteko epea hasi baino lehen jakinaraziko dizkiete erabaki horiek ikastetxeei.
Seigarrena.– Atxikitako ikastetxeetan onartuak izateko lehentasuna.
1.– Lehen zikloa soilik ematen duten ikastetxe pribatu baimenduetako ikasleek, ikastetxeek ikasleak martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxillergoa eta Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak nola onartu onartzen duena, xedatutakoari jarraiki onartzen badituzte, lehentasuna izango dute beren ikastetxea atxikirik dagoen Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ikastetxera edo ikastetxeetara joateko, eta bermatuta izango dute onarpena, baldin eta haietan nahikoa eskola-plazarik bada.
2.– Haur Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleek lehentasuna izango dute beren ikastetxea atxikirik dagoen Lehen Hezkuntzako ikastetxera edo ikastetxeetara joateko, eta bermatuta izango dute onarpena, baldin eta haietan nahikoa eskola-plazarik bada.
3.– Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleek lehentasuna izango dute beren ikastetxea atxikirik dagoen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxera edo ikastetxeetara joateko, eta bermatuta izango dute onarpena, baldin eta haietan nahikoa eskola-plazarik bada.
4.– Musika eta Dantzako ikasketa arautuak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak batera ikasten dituzten ikasleek lehentasuna izango dute onartuak izateko Hezkuntza Sailak zehaztutako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan; gainera, bermatuta izango dute horietara joateko aukera, baldin eta horietan nahikoa plazarik bada. Berdin jokatuko da errendimendu handiko kirol-programak egiten dituzten ikasleekin. Atal honetan jasotako ikasleek lehentasun-eskubideaz baliatzeko, ikasleentzat 2. atalean jasotzen diren eskubideak bete behar dira.
5.– Lehentasun-eskubide horiek erabiltzeko, ezinbestekoa izango da ikasleek berariaz adieraztea beren eskaeretan atxikitako ikastetxean onartuak izatea dela haien lehenengo aukera.
6.– Aurreko ataletan jasotako ikasleek ez dute baremoko atalei buruzko dokumentaziorik aurkeztu beharko. Derrigorrean barematu behar denean, eskatuko diete ikastetxeek dokumentazio hori aurkezteko.
Zazpigarrena.– Onartze-prozesuari buruzko informazioa.
Onarpen-eskaerak aurkezteko epea hasi baino lehen, herri-ikastetxeek eta itunpekoek informazio hau jarriko dute iragarki-tauletan eta, halaber, guraso eta tutoreei emango diete, hala eskatzen badute:
a) Ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko araudia.
b) Ikastetxearen eragin-eremua eta eremu horren mugak.
c) Eskabideak egiteko epea.
d) Prozesuaren egutegia, eta, horren baitan, besteak beste, onartuta eta baztertutako ikasleen zerrendak argitaratzeko egunak eta erreklamazioak jartzeko epeak eta eskabideari uko egiteko epea.
e) Eskola Kontseiluak edo Ordezkaritza Organo Gorenak emandako puntuak zehazteko irizpideak iragarki-taulan jarriko dira, eta jarri ere Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak eskabideak aurkezteko epea hasi baino lehenago irizpide hauek jakinarazteko bidaltzen duen idazkiaren kopia jarriko da.
f) Eskabideak aurkezteko epean ikastetxeko idazkaritzak jendeari erantzuteko duen egutegia eta ordutegia.
Zortzigarrena.– Eskatzaileak eta eskabideak egiteko erak.
1.– Eskaera aitak, amak edo ikaslearen legezko tutoreak aurkeztu behar du.
2.– Eskabidea bi bide hauetakoren bat erabiliz bete beharko da:
– On-line, Hezkuntza Sailak horretarako prestatzen duen aplikazio informatikoaren bidez
– Lehen aukera moduan hautatutako ikastetxeko idazkaritzan. Bertan sartuko dira aplikazio informatikoan eskatzaileek eskabidean jarritako datuak.
2.1.– On-line eskabidea.
– On-line eskabidea otsailaren 9ko 24:00ak arte egin ahal izango da, orduan utziko baitio aplikazioak aktibo egoteari.
– Eskabidearekin batera, eskatutako dokumentuak aurkeztuko dira, eskaneatuta.
– Eskabidea bete ondoren, sartutako datuak eta dokumentuak berrestea edo konfirmatzea eskatuko du programak. Ondoren, alta emango dio eskabideari, eta frogagiri bat emango du, eskabidean jasotako datu guztiekin.
– Behin eskabideari alta emanda, eta hautatutako zentroak eskabidea hartu arte, eskatzaileek aukera izango dute grabatutako datuak aldatu edo zuzentzeko, aplikazio berberaren bitartez. Gero ere eskatu ahal izango dute aldaketak egitea, otsailaren 10era arte ─egun hori barne─, lehenengo eskatu duten zentrora bertara joanda.
2.2.– Eskabidea zentroan bertan egitea.
– Eskatzailea lehenengo eskatutako zentrora joango da, idazkaritza-orduetan, otsailaren 10era arte ─egun hori barne─, eta aurkeztu nahi duen dokumentazioa eramango du.
– Eskabideko datuak aplikazioan kargatu eta dokumentazioa egiaztatu eta gero, eskatzaileari datu-orri bat erakutsiko dio ikastetxeak; bertan jasoko dira: datu pertsonalak, egindako eskaerak, barematzeko alegatutako egoerak eta aurkeztutako agirien zerrenda.
– Eskatzaileak datuok aztertu, eta zuzentzat jotzen baditu, datu-orria sinatuko du. Ikastetxeak zigilua jarriko du datu-orri sinatuan eta aurretiaz sartu dituen datuak baliozkotzat joko ditu. Datu orri hori eskaeren frogagiritzat eta egiaztagiritzat erabiliko da, sinatuta eta zigilua jarrita duenean.
– Eskatzaileek otsailaren 10era arte izango dute, egun hori barne, grabatutako daturen bat aldatzeko edo zuzentzeko eskatzeko. Eskabidea zein ikastetxetan entregatu, ikastetxe horrek egin beharko ditu aldaketak. Data horretatik aurrera ez da zuzenketarik onartuko.
– Ezer aldatzeko, eskatzaileak nahitaez aurkeztu beharko du laugarren atalean aipatutako jatorrizko eskabide orri sinatu eta zigilatua. Egin beharreko zuzenketak egin eta gero, beste datu-orri bat emango zaio, sinatuta eta zigilatuta; gero, zaharra apurtu, eta azkenean ikastetxeak datu berriak baliozkotu egingo ditu.
Bederatzigarrena.– Tramitazioa.
1.– Inskripzio-eskabide bakarra aurkeztuko da, eta ikastetxe bitan edo gehiagotan eskabidea aurkeztuz gero, ikastetxea aukeratzeko eskubidea galduko da. Nolanahi ere, interesdunak entzunaldiko izapidea izango du, nahitaezkoa baita. Ondorioa, bikoiztutako eskabideak azkenengoz izapidetuko dira, epe barruan aurkeztutako gainerako eskabideei plazak esleitu eta gero.
2.– Epetik kanpo ez da eskabiderik onartuko. Epe barruan egindako matrikula-eskabide guztiak onartu eta izapidetu beharko dituzte ikastetxeek, eskola-posturik egon edo egon ez eskatutako maila eta hizkuntza-eredu guztietarako, eta gero barematu egin beharko dituzte.
3.– Gehienez ere 3 ikastetxe aukeratu ahal izango dira eta, hiruretan, lehentasun-ordenaren arabera aukeratuko dira hizkuntza-ereduak, kontuan hartu gabe eredu horiek ikastetxean ematen diren ala ez.
4.– Lehenengo aukera moduan ikastetxeak eskaintzen ez duen hizkuntza-eredu bat eskatzen denean, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak aztertu egingo du maila eta eredu horretan taldea eratzeko aukerarik dagoen ala ez ikastetxean bertan edo zonaldean; horretarako, nahikoa eskaera izan behar dira eta plangintzak horretarako bidea eman behar du. Edonola ere, kasu horretan, ikasleak onartzeko prozesuan parte hartuko du, baina ikastetxeak gainerako ereduetako plazak esleitzeko duen prozesuan.
5.– Era berean, lurralde-ordezkaritzak ikastetxeak ematen ez dituen ikasketa-ereduen eskabide guztiak kudeatzeko ardura izango du. Horretarako, halako eskabideak erregistratzen dituzten ikastetxeek eskabide bakoitzari dagokion puntuazio-baremoa zainpean utziko du aplikazio informatikoan, eta eskabideari eransten zaion dokumentazioa bidaliko dute Lurralde Ordezkaritzara.
6.– Eskabidearekin batera, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko da, nahitaez:
– Familia-liburuaren orriaren fotokopiak, ikaslearen eta bere gurasoen datuak jasotzen dituenak.
– Familia-liburuaren fotokopia, eskabidea egiten duen lagunarena: aitarena edo amarena, edo egiaztagiri bat, pertsona hori ikaslearen legezko tutorea dela dioena.
– Eskabidea egiten duen lagunaren NAN edo AITen fotokopia: aitarena, amarena edo legezko tutorearena.
– Ziurtagiri bat, familiaren egoitzarena (ikaslearena eta aita, ama edo tutorearena). Ziurtagiriak hiru hilabeteko antzinatasuna izango du, gehienez ere.
Era berean, barematzean puntuak lortzeko behar diren baldintzak betetzen direla dioten egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.
Dokumentazio guztia aurkeztu beharko da epearen barruan: eskabidea zentroan aurkeztu nahi bada, lehenengo eskatutako zentroan aurkeztu beharko da; on-line eskabidea egin nahi izanez gero (izapidetze elektronikoa), aplikazioaren bitartez aurkeztu beharko da. Eskabideak onartzeko epea amaitu ondoren, ez da beste agiririk onartuko. Puntuak ematen dituen agiriren bat aurkezten ez bada, atal edo azpiatal horretan zero puntu lortuko dira; dena den, horrek ez du eskabidea ezeztatzen, ezta beste ataletako edo azpiataletako puntuak ere.
Hezkuntza Administrazioak noiznahi egiaztatu ahal izango du ekarri zaizkion dokumentuen benetakotasuna.
7.– Ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuko 7. artikuluak arautzen du nola matrikulatu hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak. Premia horiek dituzten lagunek ikastetxeari jakinarazi beharko diote bere egoera eskabidea egiten dutenean, ondorioak izan ditzan plazak gordetzeko eta behar dituzten laguntza emateko orduan.
8.– Martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren bidez (EHAA, 47. zk., 2008ko martxoaren 6koa) arautzen da nola onartu ikasleak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxek publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan. Dekretu horren 21. artikuluak, berriz, zozketa publikoa egitea ezartzen du puntuak barematzean gerta daitezkeen berdinketak hausteko azken irizpide moduan, eta beti ere Hezkuntza Sailak ezarritako moduan egingo da zozketa hori.
Eskabideko datuak balidatzeko unean, aplikazio informatikoak hurrenkera-zenbaki bat esleituko dio eskabideari, erabateko ausazkotasunez esleitu ere: 1 eta 999999ren arteko zenbaki oso bat, alegia. Zenbaki hori erabiliko da egon litezkeen berdinketak hausteko; betiere, berdinketa hausteko gainerako irizpide guztiak aplikatuta ere berdinketak bere horretan badirau. Kasu horretan, aplikazio informatikoak eskabide guztiak txikienetik nagusienera ordenatu, eta txikienari emango dio lehentasuna.
Eskabideko datuak aldatuta ere, inoiz ez da aldatuko hurrenkera-zenbaki hori, hots, eskabidea lehenengo aldiz egin zenean ausaz esleitu zitzaiona.
9.– Otsailaren 14an ikastetxeek eskatzaile-zerrendak argitaratuko dituzte iragarki-taulan, etapaka, mailaka eta hizkuntza-ereduka.
10.– Martxoaren 8ra arte eskabideari uko egin ahal izango zaio. Uko egiteko idazkia idatziz gero, eskabidea aurkeztu zen ikastetxe berean aurkeztu beharko da, eta eskatutako aukera guztiei eragingo die. Ikastetxeak idazki hori artxibatuko du, bere egunean aurkeztutako eskabidearekin batera.
Hamargarrena.– Baremazioa.
Eskabideak tokiak beste edo gutxiago badira, ez da eskabiderik barematu beharko eta den-denak onartuko dira.
Maila eta hizkuntza-ereduren batean eskainitako plazak baino eskaera gehiago egiten badira, herri-ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Gorenak edo itunpeko ikastetxeetako organo titularrak eskaerak barematuko ditu, ikastetxeko Eskola Kontseiluaren ikuskaritzapean, eta horretarako, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuko eta Jarraibide hauetako baremoa eta aplikazio-neurriak beteko dituzte. Baremoko atal eta azpiatal guztiak barematu behar dira eskaera guztietan. Eskaerak barematzeko, kontuan hartu beharko dira irizpide hauek:
a) Lehenengo eta behin, ikastetxeari atxikitako ikastetxeetako ikasleek onartzeko egindako eskaerak sailkatuko dira lehen multzo batean, eta gainerako eskaerak bigarren multzo batean. Lehenengo taldeko eskaerek beti izango dute lehentasuna bigarren taldeko eskaeren parean. Bi multzo horietan, guztira lortutako puntuazioaren arabera sailkatuko dira eskaerak, eta, berdinketarik balego, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak eta Jarraibide hauek zehaztutako irizpideei jarraituko zaie berdinketa horiek erabakitzeko.
b) Hizkuntza-eredu bat baino gehiago eskatzen duen eskaerarik balego, zerrenda bakarrean ordenatuko dira izaera horretako eskaerak, puntuazioaren arabera. Zerrendako ordenari eta eskaeretan lehenetsitako ereduei jarraituz esleituko dira plazak.
Hamaikagarrena.– Familia-unitateen urteko errentei eta seme-alaben kopuruak duen eraginari buruzko baremo-atala aplikatzeko arauak.
1.– Ikasleak onartzeko Dekretuko eranskinean adierazitako puntuak lortzeko behar diren diru-sarrera konputagarriak izango dira familia-unitateko kide guztiek 2015eko zerga-ekitaldian izandako zerga-oinarri orokorrari eta aurrezkiaren zerga-oinarriari dagozkionak. Baremoko atal honetan punturik lortzeko, zerga-oinarriak ez du 9.080,40 euroko muga gainditu beharko. 2015eko lanbide arteko gutxieneko soldatari dagokio kopuru hori. Ondorioz, puntu horiek lortu nahi izanez gero, eskatzaileek baimena eman beharko diote Hezkuntza Administrazioari datu horiek Foru Ogasunean egiazta ditzan.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ez diren eskatzaileen kasuan, familia-unitatearen diru-sarrerak puntuatzeko eskubidea izateko, familia-unitateko kide guztiek aurkeztu beharko dute 2014ko errenta-aitorpenaren kopia edo, behar izanez gero, baterako aitorpena. Indarrean dagoen zerga-araudia dela eta, urte horretan familiako kideren batek errenta-aitorpena egin ez badu, Ogasunaren ziurtagiria aurkeztu beharko du adierazteko ez duela errenta-aitorpena egin.
3.– Jarraibide honetako aurreko ataletan adierazitakoaren baitan, familia-unitateak izango dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duten foru-arauetan izaera horrekin araututakoak. Ezkontzak desegiten badira, ezkontideak banantzen edo dibortziatzen edo izatezko bikoteen bizikidetza eteten bada, erabaki judizial irmoz edo hitzarmen arautzaile baten bidez, baremoa aplikatuko zaie ikaslearen zaintza duen pertsonaren errentei. Berdin jokatuko da tutoretza judiziala, familia-harrera edo antzeko babes-neurriak aplikatu behar badira eta adingabeko ikaslearen zaintza ez badago gurasoen esku. Ikaslearen zaintza herri-administrazioren baten esku balego, puntuazio handiena emango da atal honetan.
Gehigarri modura, familia-unitatetzat hartuko da onartzeko eskaera egiten duen adingabea eta familia-liburuan azaltzen diren gurasoak, baldin eta hitzarmen arauemailearen bidez egiaztatzen bada, adingabearen jagoletzaren erantzukizun banandu bat dagoela.
4.– Familia-liburuaren kopien bidez egiaztatuko da neba-arreben kopurua, eta, horien artean, adingabekoak soilik konputatuko dira.
Hamabigarrena.– Familiaren bizilekuaren edo aita, ama edo tutoreen lantokiaren gertutasunari buruzko baremo-atala aplikatzeko arauak.
1.– Atal horretako puntuak bere lau azpiataletakoren batean emango dira, soil-soilik. Puntuak lortzeko, azpiatal horietakoren bat aukeratu beharko dute eskatzaileek.
2.– Ikaslea aitarekin, amarekin edo lege-tutorearekin bizi den lekua izango da familiaren bizilekua. Familia-bizilekua egiaztatzeko, ikaslea aitarekin, amarekin edo lege-tutorearekin bizi dela egiaztatzen duen errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko da.
Familia-liburuaren fotokopiak aurkeztuta egiaztatuko da nor den aita edo ama. Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.
Familiaren bizilekutzat hartuko da ikaslea aitarekin, amarekin edo lege-tutorearekin benetan bizi den lekua.
Bizilekuaren gertutasunari dagozkion puntuak errolda-ziurtagirian ageri den bizilekuari esleituko zaizkio, betiere hezkuntza-administrazioak ebazten ez badu -jarraian adieraziko dena aplikatuta- puntu horiek ez direla eman behar.
Errolda-ziurtagiriak, aurkako frogarik ezean, bizilekuaren presuntzio balioa du. Badira froga-elementuak presuntzio hori hutsaldu dezaketenak, hala nola ur-, elektrizitate-, gas- edo telefono-horniduren titulartasuna eta kontsumoak, erroldaren datu historikoak, elkarrekin bizi diren pertsonak, dokumentu fiskalak, adierazitako bizilekua jasotzen duten banketxeetako edo zerbitzu-hornitzaileen dokumentuak, beste etxebizitza batzuk jabetzan izatea eta erabiltzea, eta egiazko bizilekua eta errolda-ziurtagirian adierazitakoa bat ez datozela ondorioztatzera eraman diezaguketen bestelako dokumentu publiko edo pribatuak.
Errolda-ziurtagirian agertzen den bizilekuan benetan bizi dela egiaztatzeko froga-elementu osagarriak aurkezteko eskatzen badu hezkuntza-administrazioak, eskatzaileak egokitzat jotzen dituenak aurkeztu beharko ditu adierazitakoa egiaztatzeko.
Eskakizuna jaso duen pertsonak ez badu aurkezten dokumentazio edo froga-elementu osagarririk horretarako emandako epean, hau da, eskatzailearen frogatze-jarduera osagarririk ez badago, nahikoa arrazoi izango da aipatutako puntuak ez esleitzeko, betiere eskakizunaren jakinarazpena jasota geratu bada espedientean. Horrelako egoeretan, edo aurkeztutako dokumentuak ez badira nahikoak froga modura, hezkuntza-administrazioak berariazko ebazpena emango du bizilekuaren gertutasunari dagozkion puntuak ezin direla esleitu adierazteko.
Ebazpen horrek zein zio konkretutan oinarritzen den adieraziko du eta gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio.
3.– Aitaren, amaren edo lege-tutorearen lantokia eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan badago, alderdi hori baloratzeko eskatu daiteke eskaeran, bizilekuaren gertutasunekoaren ordez.
Aukera horretaz baliatuz gero, besteren konturako langileen kasuan, lantokia ikastetxearen eragin-eremuan dagoela egiaztatzeko, ikaslearen aitak, amak edo lege-tutoreak lan egiten duen enpresaren jabeak edo enpresako langile-arduradunak ziurtagiri bat eman beharko du berariaz.
Norberaren kontura lan eginez gero, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren alta-ziurtagiriak egiaztatuko du lantokia. Indarrean den legediak ez badu behartzen Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda izatera, irekiera-lizentziaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da, dagokion udalak emana.
4.– Ikaslearen zaintza guraso bakarraren esku badago, lantokia ikastetxearen eragin-eremuan izateari dagozkion puntuak emateko, ikaslearen aita edo amatzat joko da, baita ere, zaintza duen gurasoaren bikotekidea, izaera hori legez aitortua badu.
Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela egiaztatzeko, zaintza dagokion gurasoari ematen dion sententziaren kopia aurkeztu beharko da, bai eta familia-liburuaren kopia ere, hura beste pertsona batekin ezkondu dela egiaztatzen duena, edo, bestela, izatezko bikote direla egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala.
5.– Ez da inoiz ere baloratuko ikaslearen aitaren, amaren edo lege-tutorearen lantokia eskatutako ikastetxearen eremu mugakideren batean izatea.
6.– Ikastetxea aitaren, amaren edo lege-tutorearen lantokitik gertu izateagatik ematen den puntuazioa bateraezina da bai bizilekuaren gertutasunagatik ematen den puntuazioarekin, bai ikaslearen aita, ama edo lege-tutorea eskatutako ikastetxean lan egiteagatik ematen denarekin.
7.– Aurrez adierazitako eragin-eremuek ekar dezaketen punturik jaso ez, baina ikastetxea dagoen udalerrian bizi direnek atal horretan puntu bat jasotzeko eskubidea izango dute.
Hamahirugarrena.– Eskatutako ikastetxean ikasten edo lan egiten duten senideei buruzko baremo-atala aplikatzeko arauak.
1.– Atal honetako puntuazioa bertan jasotzen diren bi egoeretako batengatik emango da; hau da, bederatzi puntu eskatzaileak neba edo arreba bat edo gehiago dituelako matrikulatuta eskatutako ikastetxean edo ikastetxe horri atxikitako ikastetxe batean eta 7 puntu aitak, amak edo legezko tutoreak lan egiten duelako eskatutako ikastetxe horretan. Bi egoerak gertatuz gero, bakarrarengatik soilik emango da puntuazioa; beraz, ezingo dira atal horretan 9 puntu baino gehiago eskuratu. Atal honetako puntuazioa jaso ahal izateko, kontuan hartuko da bakar-bakarrik Hezkuntza Sailak araututako ikasleak onartzeko prozedurari jarraituz, mailaren batean neba-arrebak matrikulatuta izatea.
2.– Ataleko puntuazioa emateko, 2016-2017 ikasturtean jazo behar dute gertaera horiek.
3.– Anaia-arreba, aita edo ama direla egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztuz egiaztatuko da.
4.– Atal honi dagokion puntuazioa ematean, anaia-arrebatzat hartuko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harreraren egoeran dauden adingabeak.
5.– Era berean, ikaslearen zaintza guraso bakar baten esku badago, ikaslearen aita edo amatzat joko da, era berean, zaintza duen gurasoaren bikotekidea, izaera hori legez aitortua badu. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat joko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.
6.– Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.
Hamalaugarrena.– Ikaslearen edota haren aitaren, amaren, legezko tutorearen edo anaia-arreba baten minusbaliotasuna barematzeko arauak.
1.– Minusbaliatua ikaslea bera bada, bi puntu emango zaizkio, eta aurretik aipatutako familiarteko bat bada, berriz, puntu bat.
2.– Ataleko puntuazioa emateko, % 33ko edo handiagoko minusbaliotasuna izan behar da. Atal honetan puntuak lortzeko eskubidea ematen duen minusbaliotasuna bi pertsona edo gehiagok badute ere, pertsona bakarragatik emango dira puntuak; beraz, ezingo dira 2 puntu baino gehiago eskuratu minusbaliatua ikaslea bada edo puntu bat baino gehiago minusbaliotasuna duena aurrez adierazitako senideren bat bada.
3.– Lurralde historikoko foru-aldundiko gizartekintzako departamentuak edo Estatuko organo baliokide eskudunak emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da minusbaliotasuna. Minusbaliatuak % 33ko edo handiagoko minusbaliotasuna izatearen lege-aitorpena jaso beharko du agiri horrek.
4.– Anaia-arreba, aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.
5.– Atal honi dagokion puntuazioa ematean, anaia-arrebatzat joko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harreraren egoeran dauden adingabeak.
6.– Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzean, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat joko da. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat joko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.
7.– Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekide-izaera egiaztatzeko, zaintza dagokion gurasoari ematen dion sententziaren kopia aurkeztu beharko da, bai eta familia-liburuaren kopia ere, hura beste pertsona batekin ezkondu dela egiaztatzen duena, edo, bestela, izatezko bikotea direla egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala.
Hamabosgarrena.– Familia ugaria barematzeko arauak.
Familia ugaria dela egiaztatzeko, estatuko edozein autonomia-erkidegok emandako agiri ofiziala aurkeztu behar da.
Hamaseigarrena.– Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak edo Eskola Kontseiluak askatasunez erabakitako beste alderdi batzuei buruzko baremo-atala aplikatzeko arauak.
1.– Herri-ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Gorenek eta itunpeko ikastetxeetako Eskola Kontseiluek aukera izango dute, hala nahi izanez gero, irizpide bat edo batzuk ezartzeko, eskatzaileei puntu gehiago emateko. Puntuazio gehigarri hori, gehienez, bi puntukoa izango da.
2.– Irizpide objektiboak ezarri beharko dira puntuazio gehigarri hori emateko. Ikastetxeko organo eskudunak onartuko ditu irizpide horiek, eta haien berri emango da eskabideak aurkezteko epea hasi aurretik.
Era berean, ikastetxe bakoitzak dokumentu bat sartu beharko du aplikazio informatikoan urtarrilaren 27a arte lehen. Dokumentu horretan zehaztuko ditu puntuazioa emateko irizpideak. Hala, eskabidea bide telematikotik egiten dutenek informazio hori eduki ahal izango dute eskura. Dokumentu horren beraren kopia erakutsiko da zentroko iragarki-oholean.
3.– Puntuak arrazoi bakar bategatik edota hainbat arrazoirengatik eman daitezke. Kontzeptu bat baino gehiagorengatik ematen bada, horien artean bana daiteke puntuazioa, edo baldintzetakoren bat betetzen bada eman.
4.– Puntuazio gehigarri hori emateko irizpideak ezberdinak izan daitezke hezkuntza-maila edo ikasturte bakoitzean.
5.– Atal honetako puntuak emateko irizpideen artean, baremoaren beste ataletan aintzat hartutako arrazoi eta egoerak ere egon daitezke. Hartara, arrazoi eta egoera horiengatik ematen den puntuazioa gehituko da. Baina kontuan hartu behar da atal honetan gehienez ere bi puntu osagarri eman daitezkeela.
6.– Atal honetarako hartutako irizpideen artean ezin dira inolaz ere onartu jaiotzagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edota bestelako ezaugarri edo egoera indibidual nahiz sozialengatik diskriminatzaileak diren irizpideak. Halaber, ezingo da punturik eman horretarako berariaz deitutako proba edo azterketen emaitzen bidez.
7.– Herri-ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenei eta itunpeko ikastetxeetako Eskola Kontseiluei dagokie zehaztea zer baldintza eskatuko diren atal honetan ezarritako irizpideak betetzen direla egiaztatzeko.
8.– Instrukzio edo jarraibide honetan ezarritakoa betetzen ez duten zentroek ezin izango dute baremoaren puntuazio hau aplikatu: zentroko Ordezkaritza Organo Gorenak edo Eskola Kontseiluak libreki zehazteko beste inguruabarrei dagokiena.
Hamazazpigarrena.– Errentako datuak egiaztatzea.
Ikastetxeek eskabideak barematu behar badituzte, aurkeztutako datuak egiaztatu beharko dituzte. Harik eta datuak egiaztatu eta emaitzak lortu arte, honela jokatuko dute:
1.– Eskatzaileen aitorpenak egiaztatu arte, kontuan hartuko dira egiaztatzeko baimena eman duten lagunen puntuazioak. Dena den, datuak egiaztatu eta gero, puntuazioak aldatu ahal izango dira, onartu eta baztertutakoen zerrendak prestatzeko.
2.– Datuak egiaztatu eta horien emaitzak jaso eta gero, eta errenta baloratzeko, ontzat emango dira Ogasunak egiaztatutako datuak.
3.– Egiaztapenen emaitzak behin-behineko zerrendak argitaratu eta gero jasotzen badira, ikastetxeak egoera hori hartu beharko du kontuan, behin betiko zerrendak egiteko. Egiaztapenen emaitzak onartutako ikasleen behin betiko zerrendak argitaratu ondoren jasoko balira, ikastetxeak horren berri eman beharko dio Ordezkaritzari.
Hamazortzigarrena.– Onartutako eta kanpoan utzitako ikasleen zerrendak.
1.– Onartutako eta kanpoan utzitako ikasleen behin-behineko zerrendek zehaztu egingo dute eskatzaile bakoitzak baremoko atal eta azpiatal guztietan lortutako puntuazioa; gainera, zerrenda horiek ikastetxeetan argitaratuko dira, Agindu honetako 3. artikuluan adierazitako egutegi-epeetan.
2.– Zerrenda horietan ezingo da azaldu ikasleen eskaerarik, baldin eta eskaerak egiteko epea amaitu ostean argitaratutako zerrendan jasota ez badaude.
3.– Beste ikastetxe batzuetatik datozen ikasleak onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan sartzen badira, galdu egingo dute jatorrizko ikastetxean zuten plaza eta hutsik geratzen den plaza hori erabiliko da lehenengo fase horretan onartu gabe gelditu diren ikasleak kokatzeko.
4.– Bigarren eta hirugarren aukerak biak batera egingo dira, lehenengo aukeran lortutako puntu kopuruari lehenengo ikastetxearen berezko irizpidei dagokien puntuak kendu ondoren.
Bigarren edo hirugarren aukeran onartutako ikasleek automatikoki galduko dute jatorrizko ikastetxean zuten plaza.
Berdinketa hausteko zenbakia aplikazio informatikoak emango du eskabide orriaren datuak egiaztatzerakoan.
Prozesu honen ostean, Hezkuntza ordezkariak, Onarpena Bermatzeko Batzordeari entzun ondoren, onartuak ez diren ikasleei ikastetxea esleituko die. Haur Hezkuntzan, derrigorrezko irakaskuntza maila derrigorrezkoa ez denez, ahal den neurrian eskolatuko dira ikasleak, aske diren plazei erreparatua.
Plaza hutsik geratzen ez den ikastetxeetan itxaron zerrenda bat kudeatuko da. Zerrendan agertuko dira:
– Lehenik eta behin ikastetxea lehen aukeran eskatu duten personak baremoaren araberako hurrenkeran.
– Bigarren, ikastetxea bigarren edo hirugarren aukeran eskatu dutenak eta aurreko aukeretako bigarren eta hirugarren plazen esleipenetarako jarraitzen diren irizpideen arabera plazarik lortu ez dutenak.
5.– Gerora aldaketarik egin behar izanez gero, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak onartu beharko ditu aldaketa guztiak.
6.– Prozesu honetan ikaspostua lortu ondoren eta ikasturteko lehenengo egunetan ikaslea ikastetxera joango ez deneko aurreikuspenik bada, gurasoek edo tutoreek abisu eman beharko diote era sinesgarrian ikastetxeari.
Horrela ez jokatuz gero, eta ikastetxera ez-agertzea mantentzen bada behar den justifikaziorik gabe, irailaren 15an eta eskolaratze beharrak bete ote diren egiaztatzeko ekintzak egin ondoren eta eskatzailearen entzun ondoren, ikastetxeak ez-agertzearen berri emango dio Lurralde Ordezkaritzari. Azken honek ikaspostu hustzat hartuko du ondorio guztietarako.
Hemeretzigarrena.– Erreklamazioak.
Onartutako eta kanpoan utzitako ikasleen behin-behineko zerrenden aurka, erreklamazioak jarri ahal izango zaizkio ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenari edo Eskola Kontseiluari agindu honek araututako epeetan.
Onartu eta kanpoan utzitako ikasleen behin-betiko zerrenden aurka erreklamazioak jarri ahal izango zaizkio Hezkuntzako lurralde-ordezkariari, zerrenda horiek argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean; haren ebazpenak, berriz, administrazio-bidea amaituko du.
Administrazioak egoki deritzon dokumentazioa eskatu ahal izango du, aurkeztutako erreklamazioak ebazteko.
Prozesu horiek amaitu eta gero, esleitutako ikastetxe, etapa, maila eta ereduan matrikulatuta egongo dira ikasleak.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariaren ebazpena sasoiz jakinaraziko da, ikaslea egoki eskolatzeko, eta, gainera, administrazio-bidea agortuko du.
Hogeigarrena.– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak.
Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak onartzeko prozesua betetzeko, maila bakoitzeko ikastetxeetarako xedatutako prozedura eta egutegia zaindu beharko dira, eta Lurralde Ordezkaritzek arduratu behar dute prozesu hori gauzatu eta betetzeaz.
Hogeitabatgarrena.– Jarraibideak aplikatzea.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean aplikatu beharko dira jarraibide hauek.
II. ERANSKINA
IRIZPIDEAK ETA BAREMOA
a) Familia-unitatearen urteko errenta (atal honetan gehienez eman daitezkeen puntuak lortu arte pilatu daitezke kontzeptuak).
– 2015eko errenta-aitorpenaren zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren baturak ez baditu 9.080,40 euroak gainditzen: 1,5 puntu.
– 2015eko errenta-aitorpenaren zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren baturak zenbateko hori gainditzen badu: 0 puntu.
– Aurreko puntuazioa alde batera utzita, eskatzaileaz gain duen adin txikiko semeko/alabako: 0,25 puntu.
– Atal honetako puntuazioa, gehienez ere: 3 puntu.
b) Bizilekuaren hurbiltasuna (kontzeptu ez metagarriak).
– Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik: 5 puntu.
– Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakidean egoteagatik: 2 puntu.
– Eskatutako ikastetxea dagoen herrian izatea ikaslearen bizilekua, baina haren eragin-eremutik eta eremu mugakideetatik kanpo: puntu 1.
– Eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan izatea ikaslearen lantokia edo haren aitaren, amaren edo lege-ordezkariaren bizilekua: 2 puntu. (puntu hauek ezin dira batu ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik eskuratu daitezken puntuekin).
– Atal honetako puntuak, gehienez ere: 5 puntu.
c) Ikastetxean ikasi edo lan egiten duten senitartekoak (kontzeptu ez metagarriak).
– Anaia-arreba bat edo gehiago eskatutako ikastetxean edota atxikitako ikastetxe batean matrikulatuta egoteagatik: 9 puntu.
– Aitak, amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egitea: 7 puntu. (puntu hauek ezin dira batu ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan lan egiteagatik eskuratu daitezkeen puntuekin).
– Atal honetako gehienezko puntuazioa: 9 puntu.
d) Beste irizpide batzuk (kontzeptu metagarriak).
– Maila orokorreko familia ugariko kide izateagatik: puntu 1.
– Maila bereziko familia ugariko kide izateagatik: 1,5 puntu.
– Minusbaliotasunagatik (kontzeptu honegatik gehienezko puntuazioa: 2 puntu):
Ikasle eskatzailearena: 2 puntu.
Aitarena, amarena, legezko tutorearena edo anaia nahiz arrebaren batena: puntu 1.
– Familia-unitateko kide bat eskatutako ikastetxeko kide kooperatibista izateagatik: puntu 1.
– Ikastetxeko Eskola Kontseiluak edo Ordezkaritza Organo Gorenak askatasunez erabakitako irizpideak (aurrez adierazitakoak ere izan daitezke), eta ezartzeko irizpide publiko, objektibo eta ez-diskriminatzaileak erabiliko dira (ezingo da jaiotzan, arrazan, sexuan, erlijioan, iritzian edo bestelako inguruabar edo baldintza pertsonal edo sozialetan oinarritutako irizpide diskriminatzailerik onartu): 2 puntu, gehienez ere (irizpideak ezagutzera emango dira eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkariari jakinarazi beharko zaizkio eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen).