EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2016008

ERABAKIA, enpresaren ekonomiari lotutako gaien gaineko ikerlanak egiteko laguntzak esleitzeari buruzkoa.

Organo emailea: EMILIO SOLDEVILLA FUNDAZIOA
Xedapenaren data: 2016-12-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201700159
Maila: Akordioa
Sekzioa: IRAGARKIAK (Pribatuen iragarkiak)
Enpresaren Ekonomiaren Ikerketa eta Garapenerako Emilio Soldevilla Fundazioaren Patronatuko Batzordearen 2016ko abenduaren 20ko Erabakia, zeinen bidez iragartzen baita Enpresaren Ekonomiarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikerketa sustatzera bideratutako laguntzak esleitzeko merezimendu-lehiaketa; hona hemen
OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdi honen xedea da Enpresaren Ekonomiarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikerketa-lanak egiteko laguntzak esleitzea.
Bigarrena.– Laguntzen esleipendunek Enpresaren Ekonomiaren alorreko gai baten inguruko aukerako ikerketa-lan bat egin beharko dute.
Hirugarrena.– Deialdi honetan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoak dira betekizun hauek:
a) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
b) Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna izatea (edo pareko zerbait).
c) Doktorego-ikasketetan sartzeko aukera ematen duen egoera akademikoan egotea, edo, bestela, ikasketa horiek egiten egotea.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publiko bateko enpresa-ekonomiaren sail batean edo antzeko batean ikerlana burutzeko konpromisoa hartzea, betiere sail horretako doktore-irakasle baten zuzendaritzapean.
Laugarrena.– Diruz lagundutako ikerketa-lanak Fundazioari aurkeztu beharko zaizkio 12 hilabeteko epean, laguntza eman denetik kontatzen hasita. Lana aurkezten ez bada, esleipendunak laguntza jasotzeko eskubidea galduko du eta jasotako diru-kopurua itzuli beharko du.
Bosgarrena.– Honako obligazio hauek ere hartzen dituzte diru-laguntzak eskuratzen dituztenek:
a) Diru-laguntza ematea ahalbidetzen duen egoeran egotea.
b) Laguntza ematerakoan kontuan hartu diren eskakizunak eta baldintzak bete direla egiaztatzea diru-laguntza eman duen entitateari, bai eta jarduera burutu izana ere.
c) Erakunde esleitzaileak egingo duen egiaztatze-jarduna onartzea.
d) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea erakunde esleitzaileari.
e) Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, horren berri ematea erakunde esleitzaileari.
Seigarrena.– Ikerketa-lanak burutzeko beharrezkoak diren gastuak ordaintzeko baino ez da diru-laguntzarik emango, esaterako:
– Iberiar penintsulan barrena joan-etorriak egitea.
– Doktoregaien atzerriko egonaldiak, baldin eta ez badute lotura egonkorrik Unibertsitatearekin edo irakasle laguntzaileak ez badira. Gainera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
● Berariazko gonbitea ikertzaile finantzatuari.
● Ikerketa-lanaren zuzendariaren abala.
● Ikertzailea gonbidatzen duen irakaslearen Curriculum Vitae.
– Datu-baseak eskuratzea.
– Informatikako programak eskuratzea.
– Inkestak eta elkarrizketak egitea.
– Bibliografia eskuratzea.
– Hardwarea eskuratzea.
– Lana fotokopiatu eta koadernatzea.
Gastu justifikagarrien zenbateko osoari ehuneko hamabost gehi dakioke gehienez ere, nekez justifika daitekeen gastu gisa.
Norbanako diru-laguntza, gehienez ere, 3.500 eurokoa izango da; diru-laguntzen kopuru osoa, berriz, 10.000 eurokoa izango da, gehienez ere.
Lana gauzatzeko behar-beharrezko diren eta deialdi publiko edo pribatuen bidez lortutako laguntza edo diru-laguntzak erabiliz ordaindu ezin izan diren gastuetarako soil-soilik izango dira diru-laguntzak.
Finantzaketa aurrerakinen bitartez eman ahal izango da, harik eta gastuen agiriak aurkeztu arte; lana aurkeztean, jaso bai baina justifikatu ez duen laguntzaren zatia itzuli beharko du esleipendunak, hala badagokio.
Era alternatiboan, enpresa edo instituzio sozial gisa, FESIDEren parte hartzearekin bideratu ahal izango da laguntza; betiere ikerketa proiektu lehiakorretan, bestek beste, honako helburua dutenetan: hirugarren oinarrian jasotako baldintzak betetzen dituen pertsonak doktorego-tesia egitea erraztea. Kasu horretan, proiektua finantzatzeko, FESIDEk egindako gehienezko ekarpena 3.500 eurokoa izango da.
Zazpigarrena.– Diru-laguntzak ez dakar berekin ezelango kontratu-loturarik laguntzaren esleipendunaren eta Enpresaren Ekonomiaren Ikerketa eta Garapenerako Emilio Soldevilla Fundazioaren artean.
Halaber, bateraezina izango da jarduera bera laguntzeko beste edozein laguntza edo diru-laguntzarekin, salbu eta lana egitearen ondoriozko gastuak estaltzeko osagarria bada.
Zortzigarrena.– Enpresaren Ekonomiaren Ikerketa eta Garapenerako Emilio Soldevilla Fundazioari aurkeztu beharko zaizkio diru-laguntzak jasotzeko eskabideak. Posta ziurtatuz bidali beharko dira, helbide honetara:
Recalde zumarkalea 27, 3., 7. atea, 48009 Bilbao.
Egutegiko hamar egunekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Bederatzigarrena.– Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) «Curriculum vitae», eskatzaileak dituen merezimendu akademiko eta profesionalak eta egindako lan eta argitalpen zientifikoak jasotzen dituena. Behar bezala kreditatu beharko dira alegatzen diren merezimenduak.
b) Egingo den ikerketaren programa-proiektua, hamar orrikoa gehienez ere.
c) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duen unibertsitateko enpresa-ekonomiako sailaren edo antzeko sail baten egiaztagiria, ikerlanaren tutoretza bere gain hartzen duela adierazteko.
d) Sail berari atxikitako irakasle-doktore baten egiaztagiria, aipatutako ikerketa-lanaren zuzendaritza bere gain hartzen duena.
e) NANaren fotokopia.
f) Espediente akademikoa, titulu akademikoaren fotokopia edo eskatu izanaren frogagiria, eta ikerketaren gaitasun-agiriaren fotokopia.
g) Errolda-ziurtagiria, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batekoa.
Hamargarrena.– Aurkeztutako proiektuak baloratzeko, hauek hartuko dira kontuan: proiektua bere helburuari egokitzea, ondo gauzatzeko proiektuak eskaintzen dituen bermeak eta, batik bat, hautagaiak aldez aurretik burutu dituen ikerketa-jarduerak.
Egoki iritziz gero, hautagaien merezimenduak hobeki baloratu ahal izateko eta ikerketaren helburua lortzeko egoki dela iritziz gero, hautagaiekin elkarrizketa bat egin daiteke, non proiektuaren defentsa egin baitezake hautagaiak.
Hamaikagarrena.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik egutegiko hamabost egunen barruan esleituko dira diru-laguntzak. Esleipenaren berri idatziz emango zaie esleipendunei.
Hamabigarrena.– Apelaezina izango da Enpresaren Ekonomiaren Ikerketa eta Garapenerako Emilio Soldevilla Fundazioaren Patronatuak laguntzak esleitzeari buruz hartuko duen erabakia.
Hamahirugarrena.– Esleipendunak diru-laguntza onartzeak oinarri hauetan ezartzen diren arauak ere onartu beharra dakar berekin.
Arauok bete ezean, galdu egingo dira laguntzari dagozkion eskubide ekonomikoak.
Hamalaugarrena.– Idatziz jakinarazi beharko da diru-laguntzari uko egin zaiola, eta horrek ekarriko du, batetik, une horretan igaro gabe dagoen epeari legozkiokeen eskubide ekonomiko guztiak galtzea, eta, bestetik, ukoa egin zen arte burututako ikerketa-lanaren edukia aurkeztu beharra.
Hamabosgarrena.– Diru-laguntzak emateari buruz ez bada idatziz ezer jakinarazten oinarri hauetan aurreikusitako epean, ezetsitzat joko da diru-laguntza.
Hamaseigarrena.– Diru-laguntza erabiltzeko epea hemezortzi hilabetekoa izango da, Fundazioak diru-laguntza eman eta hurrengo egunetik aurrera.
Bilbao, 2016ko abenduaren 20a.
Patronatuko lehendakaria,
ARTURO RODRÍGUEZ CASTELLANOS.