EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2016006

EBAZPENA, 2016ko abenduaren 15ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Farmazia Fakultateko Kalitate Batzordearen Arautegian egindako aldaketa onartzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-12-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201700089
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • 2011/03/11n argitaratutako 2011/02/08ko EBAZPENA aldatzen du [201101328]

2011ko ekainaren 6an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiaren 2011ko ekainaren 10eko Erabakia, UPV/EHUko fakultate eta unibertsitate eskola batzuetako kalitate batzordeen arautegiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua eman zuena, besteak beste Farmazia Fakultatekoarena.
Farmazia Fakultateko Batzarrak 2015eko uztailaren 21ean erabaki zuen, aho batez, aldatzea aipatutako arautegiko 2., 3., 4. eta 6. artikuluak, hau da, Kalitatezko Komisioaren Osaera, Funtzioak, Funtzionamendu Araubidea eta Titulazio Batzordeak.
Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegiak honako hau dio 2.2 artikuluan (2010eko uztailaren 21eko EHAA): «Ikastegiko Kalitate Batzordearen Araudia behin betiko onartzea Gobernu Kontseiluari dagokio, Ikastegiko Batzarrak halaxe eskatuta, eta dagokion legezkotasun txostena aurkeztu ondoren. Idazkaritza Nagusiak (eskuordetuta) onartuko ditu araudiak. Onartzeko, alabaina, araudiek aldeko txosten guztiak izan beharko dituzte eta Gobernu Kontseiluko kide bakar batek ere edo Ikastegiko Batzarreko kideen % 15ek ez dute espresuki eskatu beharko txostenak Gobernu Kontseilura eramatea. Onartuz gero, Gobernu Kontseiluari jakinarazi beharko zaio».
Horregatik guztiagatik, ondoko hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ontzat ematea Farmazia Fakultateko Kalitate Batzordearen arautegiko artikuluaren aldaketa. Hori dela eta, arautegiak erabaki honi erantsitako dokumentuaren erredakzioa izango du.
Bigarrena.– Onartutako aldaketaren berri ematea Gobernu Kontseiluari.
Hirugarrena.– Agindua ematea Farmazia Fakultateko Kalitate Batzordearen Arautegian egindako aldaketa argitaratzeko, Gobernu Kontseiluari horren berri eman eta gero.
Leioa, 2016ko abenduaren 15a.
Idazkari nagusia,
JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.
FARMAZIA FAKULTATEKO KALITATE BATZORDEAREN ARAUDIA
1. artikulua.– Araudiaren helburua eta araubide juridikoa.
Honako araudi honen helburua, hain zuzen, Farmazia Fakultateko Kalitatearen Barne bermerako Sistemaz (KBBS) arduratuko den organoaren egitura, osaera eta funtzioak ezartzea da.
Farmazia Fakultateko Kalitate Batzordea Fakultate Batzarrak proposatu eta Gobernu Kontseiluak onartutako araudi honen araberakoa, Irakaskuntza Ikastegietako Kalitate Batzordearen Esparru Araudiaren araberakoa eta aplikatzeko moduko gainerako araudien araberakoa izango da.
I. TITULUA
FARMAZIA FAKULTATEKO KALITATE BATZORDEA
2. artikulua.– Osaera.
1.– Kalitate Batzordea honako hauek osatu beharko dute:
a) Dekanoa edo hark bere ordez izendatuko lukeen pertsona.
b) Kalitaterako Dekanordea edo Kalitaterako Arduraduna.
c) Farmazia Fakultatean irakasten diren graduko ikasketa bakoitzeko koordinatzailea, Fakultate Batzarrak izendatutakoak Dekanotza Taldearen proposamenari jarraituz.
d) Irakasle eta Ikertzaileen hiru ordezkari. Ahaleginak egingo dira irakasle eta ikertzaile horiek Dekanotza Taldekoak edo titulazio koordinatzaileen sailetakoak izan ez daitezen. Dekanotza Taldeak aukeratuko ditu hiru ordezkariak Fakultateko ikasketetan irakaskuntza ardura duten Sailek (zuzendari, Ataleko koordinatzaile edo Saileko arduradunaren bidez) halaxe proposatutakoen artetik. Hona hemen aukeratzeko erabiliko diren irizpideak:
i) Esperientzia kalitatean.
ii) Esperientzia kudeaketan.
iii) Maila profesionala.
iv) Antzinatasuna.
e) Euskara Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak halaxe proposatuta.
f) Administrazio eta Zerbitzuetako langileen ordezkari bat, langileek berek halaxe proposatuta.
g) Ikasleen ordezkari bat, Fakultateko Ikasle Kontseiluak halaxe proposatuta.
2.– Ahaleginak egingo dira oreka egon dadin ordezkari gizonezko eta emakumezkoen artean.
3.– Ikastegiko dekanoa edo eskuordetutako pertsona izango da batzordeburua. Fakultateko Kalitate Batzordeak berak erabakiko du bere kideen artetik nork jardungo duen idazkari lanetan.
4.– Batzordekideak Fakultate Batzarrak izendatuko ditu Dekanotza Taldearen proposamenari jarraituz. Izendapena lau urterako izango da. Ikasleen kasuan, beren ordezkaritzak bi urteko iraupena izango du, eta iraupen hori luzatu ahalko da.
5.– Ikastegiko Kalitate Batzordearen irizpideei eta funtzionamenduari eutsiko zaiela bermatzeko, bi urtean behin berrituko da Batzordearen zati bat; Dekanotza Taldeko ordezkariak, titulazioetako koordinatzaileak eta Euskara Batzordeko ordezkariak Dekanotza Taldea berritzen denean berrituko dira; irakasle eta ikertzaileen, Administrazio eta Zerbitzuetako langileen eta ikasleen ordezkariak, haren agintearen iraupenaren erdian.
3. artikulua.– Funtzioak.
1.– Kalitate Batzordeak.
a) Kalitatearen Barne bermerako Sistema (KBBS) diseinatzen, ezartzen eta martxan jartzen jardungo du; halaber, sistema horren jarraipena egingo du.
b) Prozesuei jarraipena egingo die, horiekin lotura duten adierazleen bitartez.
c) Batzordeak egindako proposamenak Fakultateko Dekanotza Taldeari eramango dizkio.
d) Fakultateak urte bakoitzerako dituen helburuak jaso, eta, hala badagokio, helburu horiek azaltzeko modua koordinatuko du; era berean, helburuak gauzatzen ote diren jarraipena egingo du.
e) Gogobetetzeari buruzko galdetegien emaitzak jaso, eta emaitza horietatik eratorritako hobekuntza proposamenetarako irizpideak proposatu beharko ditu.
f) KBBS aztertu eta gainbegiratuta, Urteko Txostena osatuko du; era berean, tituluan ezarritako helburuak erdiesteko beharrezkoak diren hobekuntza ekintzak proposatu beharko ditu.
g) Tituluen egiaztapena eskuratzeko eta aldian-aldian berritzeko zereginean lagunduko du.
h) Fakultatearen kalitate politika eta helburuak jakinarazteko bidea izango da; hala, horiek betetzen direla bermatuko du eta unibertsitate komunitatean hedatzeaz arduratuko da.
i) Ikasketen curriculum garapenaren plangintza eta hedapena egiteko zereginean lagunduko du.
j) Fakultateko irakasleen trebakuntza sustatuko du, gradu berrietako curriculum garapena hobetzeko irakaskuntza tresnak eta metodologiak ezagutu ditzaten.
k) Bere kideen eta Fakultateko interes taldeetako kideen trebakuntza sustatuko du, kalitate eta ebaluazio gaietan.
l) Fakultateko Dekanotzari KBBSrekin lotutako alderdiei buruzko aholkularitza eskainiko dio.
m) Fakultate Batzarrari bere eskumeneko ebazpenak onartzeko proposamena egingo dio.
n) Bere zereginak betetzeko egoki diren laguntza batzordeak eratuko ditu.
o) Titulazio batzordeen mailetako koordinatzaileak aukeratuko ditu; ondoren, Fakultate Batzarrak izendatuko ditu.
p) Irakasleen Irakaskuntza Ebaluatzeko Programarako informazio Batzordeko irakasleen eta ikertzaileen eta ikasleen ordezkariak izendatuko ditu, dokumentu honetan bertan, 7.2 eta 7.3 artikuluetan jasotzen diren balorazio irizpideak jarraituz.
2.– Fakultate Batzarrak, Dekanotza Taldeak halaxe eskatuta, Kalitate Batzordearen esku utzi ahal izango ditu kalitatearen kudeaketarekin lotutako funtzioak; esate baterako, Ikastegien Oinarrizko Araudiaren 10.2.i) artikuluan xedatutakoa.
4. artikulua.– Funtzionamendu araubidea.
1.– Batzordeburuak egin behar du batzordearen ohiko bileretako deia, bilera baino 48 ordu lehenago, kide bakoitzari. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zer egun eta ordutan eta zein gai aztertuko diren. Halaber, deialdiarekin batera, aztertu beharreko gaiei dagokien dokumentazioa helaraziko die idazkariak batzordekide guztiei. Batzordeak gutxienez ohiko bilera bat egin beharko du seihileko bakoitzean.
2.– Ezohiko bilerak deituko dira bertan aztertuko diren gaiek hala eskatzen dutenean edo aplikatzeko moduko araudiak halaxe ezartzen duenean. Deialdia ohiko bileren antzera egingo da, baina bilera baino 24 ordu lehenago gutxienez. Ezohiko bilerarako deia batzordeburuak egingo du, berak hala erabakita, edo batzordearen kideen heren batek hala eskatuta.
3.– Batzordearen erabakiak bileran bildutako pertsonen gehiengo xinplez onartuko dira. Batzordeburuak, bestalde, kalitate botoa izango du. Batzordearen erabakiek ez dute izaera betearazlea izango. Ikastegiko Dekanotza Taldeari helaraziko zaizkio, hark beharrezko neurriak har ditzan.
4.– Idazkariak akta idatziko du, eta Kalitate Batzordeko kide guztiei bidaliko die. Akta, era berean, publiko egingo da, Ikastegiko kide unibertsitario guztiek eskuragarri izan dezaten.
5.– Batzordea eratu ondoren, hutsik gelditzen diren plazak betetzeko behar beste izendapen egingo dira beti ere Araudi honen 2.1 artikuluari jarraituz.
6.– Araudi honetan aurreikusita ez dagoen ororako Kalitate Batzordeak Fakultateko kide anitzeko organoen funtzionamendurako araubidea jarraituko du (Ikastegien Oinarrizko Araudiaren 15. artikulutik 23.era), betiere aplikagarriak diren neurrian; halaber, azaroaren 26ko 30/1992 Legeari (LRJ-PACa) jarraituko dio.
II. TITULUA
LAGUNTZA BATZORDEAK
5. artikulua.– Fakultatean irakasten diren ikasketa bakoitzeko laguntza batzorde bat sortuko da, Titulazio Batzorde deituko direnak. Gainera, Irakasleen Irakaskuntza Ebaluatzeko Docentiaz Programarako informazio batzordea eratuko da.
6. artikulua.– Titulazio Batzordeak.
1.– Osaera.
a) Dagokion titulazioaren koordinatzailea. Fakultate Batzarrak izendatuko du Dekanotza Taldeak halaxe proposatuta eta batzodeburua izango da. Batzordeak berak erabakiko du bere kideen artetik nork jardungo duen idazkari lanetan.
b) Dekanoa edo hark bere ordez izendatuko lukeen dekanordea.
c) Dagokion titulazioaren mailetako koordinatzaileak. Fakultate Batzarrak izendatuko ditu Dekanotza Taldeak halaxe proposatuta.
d) Administrazio eta Zerbitzuetako langileen ordezkari bat, langileek berek halaxe proposatuta.
e) Ikasleen ordezkari bat, Fakultateko Ikasle Kontseiluak halaxe proposatuta.
2.– Funtzioak.
a) Hala balegokio, sarrera profila urtero definitu, berrikusi eta eraberrituko du, Dekanotza Taldera eramango du, beronek onartzeko eta Fakultate Batzarrak berresteko.
b) Hala balegokio, irakaskuntzaren antolakuntzarako proposamenak eramango ditu Antolakuntza Akademikorako dekanordetzara.
c) Derrigorrezko kanpo praktiketan parte hartzen duten guztiek (begiraleak, tutoreak eta ikasleak) betetako asebetetze inkesten emaitzak aztertuko ditu, Praktika Tutelatuen Dekanordetzari horren berri emanez, beharrezko hobekuntza ekintzak egin ditzan.
d) Gradu amaierako lana ebaluatzeko epaimahaiei buruzko aholkuak emango dizkio Dekanotza Taldeari.
e) Ikasleek irakasleen irakaskuntzari buruz betetzen dituzten inkestetatik lortutako informazioa aztertuko du eta, beharrezkoa ikusiz gero, hobekuntzarako proposamenak egingo ditu.
f) Titulazioaren ebaluazioan kontrako txostena jasoz gero, zuzentzeko ekintzen planak edo ikasketak eteteko proposamenak prestatuko ditu eta Farmazia Fakultateko Batzarrera eramango ditu.
g) Ikaskuntzaren emaitzek eta tituludunen laneratzeari buruzko datuek (informazio iturri propioak erabiliz edo Lanbidek, Euskal Enplegu Zerbitzuak, emandako datuak erabiliz) islatzen dituzten adierazleak urtero aztertuko ditu. Halaber, adierazle horiek berrikusteaz gain, balorazio adierazle berriak proposa ditzake eta ebaluazio txostena egin.
h) Ikastegiko erreklamazio epaimahaia eratuko dute Titulazio Batzordeko irakasle eta ikertzaileek, dagokion titulazioko irakasgai guztietarako. Erreklamazio epaimahaiko burua eta idazkaria, hain zuzen, dagokion Titulazio Batzordeko berberak izango da. Erreklamazio epaimahaiaren bileretara Fakultateko ikasleen kontseiluko burua edo eskuordetutako ikasle bat joango da.
3.– Funtzionamendurako araubidea. Kalitate Batzordearen funtzionamendurako araubidearen araberakoa izango da.
4.– Dekanotza Taldea berritzean berrituko da Batzordea.
7. artikulua.– Irakasleen Irakaskuntza Ebaluatzeko Docentiaz Programarako Informazio Batzordea.
1.– Docentiaz laguntza batzordeko kideak Fakultate Batzarrak berretsi beharko ditu. Osaera:
a) Dekanoa edo hark bere ordez izendatuko lukeen dekanordea, batzordeburua izango dena. Batzordeak berak erabakiko du bere kideen artetik nork jardungo duen idazkari lanetan.
b) Irakasleen bost ordezkari, zeinen artean gutxienez bi elebidunak izango diren (euskaraz irakasteko aitortutako gaitasuna dutenak), Kalitate Batzordeak izendatutakoak Fakultateko ikasketetan irakaskuntza ardura duten Sailek (zuzendari, Ataleko koordinatzaile edo Saileko arduradunaren bidez) halaxe proposatutakoen artetik. Sailek proposatutako irakasleak Fakultateari atxikitakoak izango dira, Fakultatean gutxienez 10 urtez lanean aritutakoak eta arduraldi osokoak. Irakasle emerituak edo bisitariak ezin izango dira batzorde honen kide izan. Proposamenetan gehienez bi irakasle agertu ahal izango dira, horietako bat gutxienez elebiduna.
c) Hirugarren zikloko edo gradu ondoko ikasleen ordezkari bat.
2.– Proposatutako irakasleen artetik batzordekideak aukeratzeko, honakoa baloratuko da:
a) Maila profesionala.
b) Fakultateari atxikitako denbora.
c) Esperientzia kudeaketan.
d) Aldeko ebaluazioa Docentiaz programan.
3.– Ikasleak aukeratzeko irizpideak:
a) Plan zaharretako hirugarren zikloa edo plan berrietako gradu ondokoa egiten ari diren eta Farmazia Fakultatean lizentziatu edo graduatu diren ikasleak.
b) Batzordeko kide den ikaslea historial akademiko onena dutenen artetik aukeratuko da, ahal denean.
4.– Batzordeko kideren batek Docentiaz programako deialdian parte hartzea eskatzen badu, Batzordean dituen erantzukizunetatik libre geratuko da prozesu honi dagokionez; erantzukizun horiek ordezko batek hartuko ditu bere gain, behar izanez gero, edo, bestela, Batzordeko gainerako kideek, betiere, irakasle ordezkatuak duen kargua edo egoera Batzordean behar bezala ordezkatuta badago.
5.– Batzordeko kideek irakaslearen irakaskuntza jarduera berau garatzen den testuinguru instituzionalean deskribatu eta baloratu beharko dute. Halaber, Docentiaz programan parte hartzen duten irakasleen irakaskuntza jarduerari buruzko hausnarketa bateratua egin beharko dute.
6.– Batzordea lau urtetik behin berrituko da.
7.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak Docentiaz programaren deialdietan ezarriko duenaren eta Kalitate Batzordearen funtzionamendurako araubideak ezartzen duenaren arabera funtzionatuko du.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Kalitate Batzordeko kideek konfidentzialtasun betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez. Era berean, batzordeek datu pertsonalen fitxategiak sortu eta erabiltzean men egin beharko diote datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiari.
AZKEN XEDAPENA
Araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.