EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2016004

AGINDUA, 2016ko abenduaren 16koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, Azkoitiko udalerriko Floreagan babes ofizialeko 16 etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta hainbat zehaztasun finkatzen dituena.

Xedapenaren data: 2016-12-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201700056
Maila: Agindua
GERTAKARIAK
1.– Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen du. Hori, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen da.
2.– 2016ko ekainaren 23ko Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkariaren ebazpenaren bidez babes ofizialeko behin behineko kalifikazioa eskuratu du Azkoitiko udalerriko Floreagako 16 babes ofizialeko etxebizitzako sustapenak. Sustapen hau Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA (Visesa) baltzu publikoak sustatzen du, eta, EB3-0499/16-LC-000 da bere espediente zenbakia. Etxebizitza horietako bat, bi logelakoa eta 84,62 m²ko azalera duena, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokitutakoa da. Gainontzeko 15 etxebizitzetatik, 4 bi logelakoak dira eta 63,70 m² eta 69,33 m² bitarteko azalerak dituzte, eta 11 hiru logelakoak dira eta 75,16 m² eta 90 m² bitarteko azalerak dituzte. Etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidea izango da.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari dagokio honako Agindua ematea, 2012ko urriaren 15eko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Aginduan, 29. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denaren arabera, lehen eskualdatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu behar direnean, bizikidetza-unitatea osatzen duen titularretako bat gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egongo da, kasuan kasuko araudiak ezarritako gutxieneko antzinatasunarekin.
3.– Babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak, 2011ko irailaren 14ko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduan ezarritakoak izango dira.
4.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honakoa izango da: zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, esleipen-prozedurari hasiera emateko Aginduaren argitalpen-dataren aurreko azken zergaldia.
5.– Arestian aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen du, pertsonek edo bizikidetza-unitateek babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dutela. Baldintza hau betetzen dela ulertzen da agindu hau argitaratzen den datan Etxebiden erosketako eskatzaile moduan alta emanda badaude. Baldintza hori betez gero, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatzeko eskaeran adierazitako udalerrietan zein horien eremu funtzionaletan egindako esleitze-prozeduretan parte hartu ahal izango dute, hori eragozten duen arau- edo hitzarmen-xedapenik ezean.
6.– Agindu horretan, honako hau ere esaten da: prozeduran sartzea borondatezkoa izango da, eta hasiera aginduan zehaztutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko da. Halaber, etxebizitza egokitu bat eskuratzeko interesa agertu dezakete, halakorik esleitu gabe geratuz gero.
7.– Esleitzeko modua egoera ezberdinen araberakoa izango da: prozeduran sartutako eskatzaile kopurua sustapeneko etxebizitza kopurua baino handiagoa bada, esleipena notarioaren aurreko zozketa publiko bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko 31 eta 41 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera. Aldiz, etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak 42 eta 44 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.
8.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta, prozedura honetan bost kide baino gehiagoko bizikidetza unitateek ezingo dute parte hartu.
Aipatutako lege-xedapenak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea Azkoitiko udalerriko babes ofizialeko 16 etxebizitzen esleipenari; udalerri hori Zarautz-Azkoitiko eskualde-egituran dago.
Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidea izango da.
Hirugarrena.– Esleipen prozeduran honako pertsonek edo bizikidetza unitateek parte hartu ahal izango dute: Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan altan egon eta erosketa eskatzen dutenek, betiere, bertan jasotako baldintzak betetzen badituzte.
Laugarrena.– Izena emateko eskaeran aukeratutako udalerrietako bat Zarautz-Azkoitiko eskualde egiturako udalerrietako bat izan beharko da (Aia, Aizarnazabal, Azpeitia, Azkoitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia).
Bosgarrena.– Etxebizitzaren titular izango diren pertsonetako batek Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean urte beteko antzinatasunez erroldatuta egon dela egiaztatu beharko du, agindu hau argitaratzen den datan.
Seigarrena.– 2015. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 9.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten desgaituak, desgaitu psikikoak edo genero-indarkeriaren biktimak direnek nahikoa dute 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea.
Zazpigarrena.– Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza unitateek sustapen honetako esleipen prozeduran parte hartu nahiko balute, 2017ko urtarrilaren 9tik 23ra bitartean (biak barne) dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute:
– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua-Zuzenean, Andia 13, 5. solairua, 20004-Donostia.
– Postaz: Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Andia 13, 5. solairua, 20004-Donostia.
Zortzigarrena.– Sustapeneko etxebizitzetatik bat mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonei egokituta dago, etxebizitza bi logelakoa da. Etxebizitza hori mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsona bat dagoen bizikidetza-unitateen artean esleituko da.
Etxebizitza hori honako ordenean esleituko da: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitza gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaio, gero bi makulu nahitaez behar dituzten pertsonei eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko paragrafoekin lotuta 7 puntu edo gehiago dituztenei.
Bederatzigarrena.– Egokitu gabeko 15 etxebizitzetatik 4 bi logelakoak dira eta 11 hiru logelakoak. Bi logelako etxebizitzak ez dira 4 kide baino gehiagoko bizikidetza unitateen artean esleituko. Hiru logelako etxebizitzetatik hamar, 75,16 m² eta 84,84 m² azalera bitartekoak, dira eta horiek ez dira 5 kide baino gehiagoko bizikidetza unitateen artean esleituko; eta 90 m²ko azalera duen etxebizitza ez da 6 kide baino gehiagoko bizikidetza unitateen artean esleituko.
Hamargarrena.– Eskatzaileen kopurua sustapeneko etxebizitzen kopurua baino handiagoa denean, esleipena notarioaren aurreko zozketa bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko 31 eta 41 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera.
Etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak Agindu horretako 42 eta 44 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.
Hamaikagarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere.
Hamabigarrena.– Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke hilabeteko epean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hasieratik, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 16a.
Ingurumen, Lurralde Plagintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.