EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2017003

AGINDUA, 2017ko urtarrilaren 2koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Haur Hezkuntzako 1. zikloa emateko baimena duten «Haurreskolak Partzuergoaren» haur-eskolen zerrenda.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-01-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201700044
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2016/01/08an argitaratutako 2016/01/04ko AGINDUA indargabetzen du [201600056]

«Haurreskolak Partzuergoaren» haur-eskolen espedienteak ikusi dira eta Agindu honen eranskin gisa agertzen dira.
Arloko erakunde eskudunek aipatutako espedienteei buruzko txostena egin dute.
Arau hauek ikusi dira: azaroaren 16ko 215/2004 Dekretua (19ko EHAA), 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri zituena –dekretu horrek, halaber, 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen dekretuaren artikulu batzuen indarraldiari eutsi zion–; abenduaren 17ko 297/2002 Dekretua (abenduaren 31ko EHAA), 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituena; 2008ko apirilaren 10eko Agindua (maiatzaren 19ko EHAA), azaroaren 16ko 215/2004 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoa garatzen duena; bai eta gai horretan aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ere. Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Agindu honen I. eranskinean jasotzen da Haur Hezkuntzako lehenengo zikloa emateko baimena duten Haurreskolak Partzuergoaren haur-eskola berrien zerrenda.
2. artikulua.– Baimena ematen da ondorengo haur-eskolen helbideak aldatzeko; hona zein izango duten aurrerantzean helbide berria: Amezketako Haurreskola (Kod. 20013795), Bartolome Deuna kalea 34, Amezketa; Irungo Haurreskola–Ikastola Txiki (Kod. 20013311), Policarpo Baltzola kalea 17 (Mendibil), Irun; Zaratamoko Haurreskola (Kod. 48016728), Gurutzalde auzoa z/g, Zaratamo; Zegamako Haurreskola (Kod. 20013138), Ugarte Zelai kalea 5-7, Zegama, eta Ugao-Miraballeseko Haurreskola (Kod. 48016893), Ugaoko Dorrea kalea 4, Ugao-Miraballes.
3. artikulua.– Argitara ematen da agindu honen II. eranskinean Haur Hezkuntzako lehenengo zikloa emateko baimena duten Haurreskolak Partzuergoaren haur-eskolen zerrenda.
4. artikulua.– Haur-eskolek indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen espazioak eta instalazioak izan behar dituzte eta ezartzen dituen baldintzak bete.
5. artikulua.– Haur-eskola bakoitzean jardunean dagoen gehienezko unitate-kopurua ikastetxeak duen gela-kopuruaren araberakoa izango da, kontuan harturik unitateek gela bana izan behar dutela. Unitate horiek zero urtetik urtebetera, urtebetetik bi urtera edo bi urtetik hiru urtera bitarteko haurrentzat izango dira, gelek adin-tarte bakoitzarentzat bete behar dituzten baldintza espezifikoen arabera.
6. artikulua.– Unitate bakoitzaren gehienezko edukiera abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren 4. artikuluak adin-tarteen arabera ezarritakoa izango da.
7. artikulua.– Eskolek behar beste irakasle kualifikatu izan beharko dituzte, hau da, jardunean dagoen unitate bakoitzak irakasle bat izan beharko du gutxienez; eta, horretaz gain, indarrean dauden arauak betetzera beharturik daude irakasleen tituluei eta hizkuntza-eskakizunei dagokienez.
8. artikulua.– Ikastetxeek Eraikuntzako Oinarrizko Arautegia bete beharko dute (martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartua), bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene, osasun, akustika, bizigarritasun, segurtasun eta irisgarritasun baldintzak ere. Instalazioen titularrarena izango da baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna.
9. artikulua.– Haurreskolak Partzuergoa beharturik dago indarrean dauden legeak betetzera ikastetxe guztietan, eta agindu honetan adierazitako daturen bat aldatu behar bada, dagokion berrikusketa eskatzera.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetu egiten da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko urtarrilaren 4ko Agindua, Haur Hezkuntzako 1. zikloa emateko baimena duten Haurreskolak Partzuergoaren haur-eskolen zerrenda argitaratzeko dena.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 2a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.