EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2016003

AGINDUA, 2016ko abenduaren 13koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, Zarauzko udalerriko Aldapetan 30 etxebizitza tasatu esleitzeko prozesua hasteko dena.

Xedapenaren data: 2016-12-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201700042
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/10/31n argitaratutako 2012/10/15eko AGINDUA [201204811]

GERTAKARIAK
1.– Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruz Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak emandako 2012ko urriaren 15eko Aginduak babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen du. Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen da hori.
2.– 2016ko ekainaren 3an, Zarauzko Udalak, Zarautz-Lur udal erakundeak eta Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, SA (VISESA) baltzu publikoak lankidetza-hitzarmena gauzatu zuten babes publikoko etxebizitza sustatzeko udalerri horretako Aldapeta eremuan. Hitzarmen horretan jasotakoaren arabera, aipatutako sustapenaren esleipen-prozeduran parte hartu ahal izateko, eskatzaileen bizikidetza-unitateko kide batek gutxienez Zarauzko udalerrian erroldatuta egon beharko du 5 urteko antzinatasunez jarraian agindu hau argitaratzen den datan; edo, orotara 10 urtez (jarraian zein ez) erroldatuta egon izan beharko du kideren batek, aipatutako datan Zarautzen erroldaturiko inor ez bada ere.
3.– Gipuzkoako Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren 2016ko ekainaren 13ko Ebazpenaren bidez, babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa eskuratu du Zarauzko udalerriko Aldapetako 30 etxebizitza tasatuko sustapenak. Sustapen hau Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, SA (VISESA) baltzu publikoak sustatzen du, eta, EB3-0291/16-LT-000 da espediente-zenbakia. Etxebizitza horietako 2, bi logelakoak eta 83,53 m²-ko azalera dutenak, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokituta daude. Gainerako etxebizitzetatik bi bi logelakoak dira, eta 69,05 m² eta 70 m² bitarteko azalerak dituzte; eta 26 hiru logelakoak dira, eta 83,73 m² eta 87,16 m² bitarteko azalerak dituzte. Etxebizitzak lagatzeko araubidea jabetza izango da.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari dagokio honako agindua ematea, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko aginduan, hain zuzen.
2.– Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denaren arabera, lehen eskualdatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu behar direnean, bizikidetza-unitatea osatzen duen titularretako bat gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egongo da, kasuan kasuko araudiak ezarritako gutxieneko antzinatasunarekin.
3.– Babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2011ko irailaren 14ko Aginduan ezarritakoak izango dira.
4.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honako hau izango da: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, esleipen-prozedurari hasiera emateko aginduaren argitalpen-dataren aurreko azken zergaldia.
5.– Arestian aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen du, pertsonek edo bizikidetza-unitateek babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dutela. Baldintza hau betetzen dela ulertzen da agindu hau argitaratzen den datan Etxebiden erosketako eskatzaile moduan alta emanda badaude.
6.– Agindu horretan honako hau ere esaten da: prozeduran sartzea borondatezkoa izango dela, eta hasierako aginduan zehaztutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko dela.
7.– Esleitzeko modua egoera ezberdinen araberakoa izango da: prozeduran sartutako eskatzaile kopurua sustapeneko etxebizitza kopurua baino handiagoa bada, esleipena notarioaren aurreko zozketa publiko baten bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 31. artikulutik 41.era bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera. Aldiz, etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak 42. artikulutik 44.era bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.
8.– Etxebizitzaren Ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta, prozedura honetan bost kide baino gehiagoko bizikidetza-unitateek ezingo dute parte hartu.
Aipatutako lege-xedapenak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zarauzko udalerriko 30 etxebizitza tasatuen esleipenari hasiera ematea; udalerri hori Zarautz-Azkoitiako eskualde egituran kokatzen da.
Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea jabetza izango da.
Hirugarrena.– Esleipen-prozeduran pertsona edo bizikidetza-unitate hauek parte hartu ahal izango dute: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan altan egon eta erosketa eskatzen dutenek, betiere, bertan jasotako baldintzak betetzen badituzte.
Laugarrena.– Izena emateko eskaeran aukeratutako udalerrietako batek Zarautz izan beharko du.
Bosgarrena.– Etxebizitzaren titular izango den pertsonetako batek Zarautzen erroldatuta egon dela egiaztatu beharko du 5 urteko antzinatasunez jarraian agindu hau argitaratzen den datan, edo, orotara 10 urtez erroldatuta (izan jarraian ala ez) egon dela.
Seigarrena.– 2015. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 12.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 50.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten desgaituak, desgaitu psikikoak edo genero-indarkeriaren biktimak direnek nahikoa zuten 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea.
Zazpigarrena.– Esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan agindu honetan eta aplikatu beharreko arauetan aurreikusten diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek eta unitateek, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan erosketa-erregimenean inskribatuta badaude. Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahiko balute, 2017ko urtarrilaren 9a eta 23a bitartean (biak barne) behar den inprimakia aurkeztu beharko dute:
– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua-Zuzenean, Andia 13, 20004 Donostia.
– Postaz: Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Andia 13, 5. solairua, 20004 Donostia.
Zortzigarrena.– Sustapeneko etxebizitzetatik bi mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonei egokituta daude, etxebizitzak bi logelakoak dira. Etxebizitza hori, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsona bat dagoen bizikidetza-unitateen artean, esleituko da.
Etxebizitza hori honako ordenan esleituko da: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitza gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaie, gero bi makulu nahitaez behar dituzten pertsonei eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko letrekin lotuta, 7 puntu edo gehiago dituztenei.
Bederatzigarrena.– Egokitu gabeko 28 etxebizitzetatik bi logelakoak dira, eta 26 hiru logelakoak. Bi logelako etxebizitzak ez dira lau kide baino gehiagoko bizikidetza-unitateen artean esleituko, eta hiru logelako etxebizitzak ez dira bost kide baino gehiagoko bizikidetza-unitateen artean esleituko.
Hamargarrena.– Eskatzaileen kopurua sustapeneko etxebizitzen kopurua baino handiagoa denean, esleipena notarioaren aurreko zozketa baten bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 31. artikulutik 41.era bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera.
Etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak agindu horretako 42. artikulutik 44.era bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.
Hamaikagarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere.
Hamabigarrena.– Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke, hilabeteko epean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hasieratik, zuzenean, bi hileko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 13a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.