EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2016002

76/2016 EBAZPENA, abenduaren 14koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita Justizia Ministerioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea, 2016ko ekainaren 3ko Ministroen Kontseiluaren akordioan jasotako finantza-konpromisoak gauzatzeko. Ministroen Kontseiluaren akordio horren bidez Justizia Administrazioa berritzeko programaren barruko kreditua banatzea onesten da.

Xedapenaren zenbakia: 201600076
Xedapenaren data: 2016-12-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201700023
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Justizia Ministerioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea, 2016ko ekainaren 3ko Ministroen Kontseiluaren akordioan jasotako finantza-konpromisoak gauzatzeko. Ministro Kontseiluaren akordio horren bidez Justizia Administrazioa berritzeko programaren barruko kreditua banatzea onesten da. Honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 14a.
Erakunde Harremanetarako sailburuordea,
PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.
ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN ABENDUAREN 14KO 76/2016 EBAZPENARENA
JUSTIZIA MINISTERIOAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, MINISTROEN KONTSEILUAK, 2016KO EKAINAREN 3AN, JUSTIZIA-ADMINISTRAZIOA ERABERRITZEKO PROGRAMAREN KREDITU-BANAKETA ONARTZEAN, HARTU ZITUEN FINANTZA-KONPROMISOAK FORMALIZATZEKOA
Madril, 2016ko irailaren 30a.
BILDU DIRA:
Rafael Catalá Polo jauna, jarduneko Justiziako ministroa, irailaren 28ko 829/2014 Errege Dekretuak izendatua, zeinak egintza honetan Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena den azaroaren 26ko Legeak hamahirugarren xedapen gehigarriaren bidez ematen dizkion eskumenak baliatzen baititu.
Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazio eta Justizia sailburu Josu Iñaki Erkoreka Gervasio jauna, abenduaren 15eko 22/2012 Dekretuak, Lehendakariarenak, izendatua, eta egintza honetan abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Lehendakariarenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak, ematen dizkion eskumenak baliatzen dituena.
AZALTZEN DUTE:
I.– Estatuak eskuduntza esklusiboa du Justizia Administrazioaren gai alorrean, hori arautzen baitu Espainiako Konstituzioaren 149.1.5 artikuluak.
II.– Azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuak, Justizia Administrazioa baliabide materialez eta ekonomikoez hornitzeko Estatu Administrazioak betetzen dituen eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoak, Eranskinaren B atalean arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkiola erkidego horretan egoitza duten organo judizialentzat ondare higigarria, higiezina eta tresneria eskuratu eta kudeatzeko eginkizunak. Eranskin horren beraren E ataleko 1. puntuan arautzen da erkidego horri eskualdatzen zaizkiola Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunei atxikitako ondasun, eskubide eta betebeharrak.
III.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuaren 13. artikuluaren arabera, Justizia Administrazioari dagokionez, justizia militarra alde batera utzirik, Euskal Autonomia Erkidegoaren esku egongo dira, bere barrutian, Botere Judizialaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lege organikoek Gobernuari esleitzen eta erreserbatzen dizkioten ahalmenak. Halaber, Estatutuaren 35.3 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio bere lurralde-esparruaren baitan Justizia Administrazioko langileak kontratatzeko eta administrazio horrek jarduteko behar dituen baliabide material eta ekonomikoak hornitzeko eskumena, Botere Judizialaren Lege Organikoak eskumen hori Gobernuari esleitzen dion baldintza berberetan.
Horrenbestez, Estatutuaren artikulu horiek arautzen dutenari erreparatuta, Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkio bulego judizialak eta jurisdikzio-organoei laguntzeko organoak eta zerbitzuak antolatu, hornitu eta kudeatzeko eskumenak, eta azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko Administrazioarengandik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatu ziren Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide pertsonal, material eta ekonomikoei dagozkien eginkizunak eta zerbitzuak. Justizia Administrazioaren esparruan transferitu diren eskumen horien erabilera Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailari dagokio, horixe arautzen baitu maiatzaren 8ko 20/2012 Dekretuak, Lehendakariarenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak.
IV.– Sektore Konferentziak eta Ministroen Kontseiluak 2015eko maiatzaren 22an onartutako Justizia Administrazioa Eraberritzeko Programak 6.000.000,00 euroko kreditua esleitzen zien baliabideak transferituta dituzten autonomia-erkidegoei. Kreditu hori Justizia Ministerioaren 2015. urterako aurrekontuetan jasotzen zen, eta, horren bidez, ekarpena egiten zitzaion herritarren eskubideak bermatuko zituen eta, zerbitzu publiko gisa, hobeto funtzionatuko zuen Justiziari.
Lankidetza horrek izandako emaitza ona ikusirik, eta jarduketa-ildo beraren barruan, Estatuaren 2016. urterako aurrekontu orokorrei buruzko urriaren 29ko 48/2015 Legeak programa berri bat xedatu du, eta sei milioi (6.000.000,00) euroko partida zehazten du IV. kapituluan, Transferentzia Korronteak izenburukoan, 13 02 112A 450 aurrekontu-aplikazioan –Autonomia Erkidegoak - Justizia Administrazioa Eraberritzeko Programa–, teknologia berriak sustatzeko, antolamendu judizialari eusteko beharrezkoak diren baliabide materialen hornikuntza hobetzeko eta Justiziaren beste hobekuntza batzuetarako, erkidego bakoitzaren lurralde-eremuaren barruan.
Gure gizartean teknologia berriek duten erabileraren ildotik, beharrizan horiei erantzuten dien Justizia bat eskaini behar dugu; horretarako, beharrezkoa da giltzarri diren hiru lerro garatzea:
● Justizia digitala: epaitegi eta auzitegietan zero paper erabiltzea da helburua, espediente digitalaren ezarpenean aurrera eginez.
● Justizia irekia: herritarrarekin eta eragile juridikoekin harreman errazagoa eta eraginkorragoa ezartzea da helburua.
● Justizia berritzailea: bulego judizial eta fiskala Estatu osoan ezartzeko jarduketa-ildoan aurrera egitea da helburua.
Finean, zerbitzu publiko gisako Justizia baten aldeko apustua egiten da; beraz, antolaketa judizialaren hobekuntzak teknologien erabilera masiboaz lagunduta joan behar du, eta erronka horretan inplikatuta daude, Justizia Ministerioa ez ezik, baliabide materialak transferituta dauzkaten autonomia erkidegoak ere.
V.– Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 86. artikuluan arautzen dena betetzeko, lankidetza-hitzarmen bat izenpetu behar da Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion kreditu-aurrekontua eskualdatzeko –lehenik eta behin, irizpide objektiboak eta banaketa adostu behar ditu Sektore Konferentziaren osoko bilkurak, eta Ministroen Kontseiluak erabaki bidez onartuko da autonomia-erkidegoen artean egingo den behin betiko banaketa, Ogasun eta Herri Administrazioko Ministerioaren (hemendik aurrera, OHAM) aldeko txostena jaso ostean–, hori baita kreditu horri atxikitzen zaizkion finantza-kredituak formalizatzeko tresna.
VI.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, herri-administrazioen arteko lankidetza-printzipioak arautzen ditu I. tituluan, eta printzipio horietako bat da kooperazio eta laguntza aktiboa jaso behar dutela elkarrengandik haien eskumenak modu eraginkorrean erabiltzeko; horrez gainera, autonomia-erkidegoetako administrazioen organoekin lankidetza-hitzarmenak izenpetzeko aukera arautzen da, haiek dituzten eskumenen esparruan. Lankidetza-eremu honetan, Justizia Administrazioaren sistemen eta aplikazioen bateragarritasuna erraztea eta interoperabilitatea ziurtatzea dira Administrazio Judizial Elektronikoko Estatuko Batzorde Teknikoaren (AJEEBT) helburu nagusiak. Batzorde horretan Justizia Ministerioak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Estatuko Fiskaltza Nagusiak eta Justiziaren arloko eskumenak dituzten hamabi autonomia-erkidegoek parte hartzen dute.
VII.– Justizia Administrazioko Sektore Konferentziak, 2016ko otsailaren 25ean egin zuen osoko bilkuran, kreditua banatzeko irizpideak eta banaketa bera adostu zituen, eta Ministroen Kontseiluak 2016ko ekainaren 3an egindako bilkuran onartu zuen, Ogasun eta Herri Administrazioko Ministerioaren aldeko irizpena jaso ostean, kreditu horren behin betiko banaketa (2016ko ekainaren 7ko BOE).
VIII.– Azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 86. artikuluko 2. zenbakian arautzen den kredituen lurralde-banaketarako prozedura bete eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion kredituaren transferentzia egiteko, alderdiek adierazten dute lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko interesa dutela, honen bitartez finantza-konpromisoak formalizatzeko, hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa–. Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da Justizia Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoak Justizia Administrazioa Eraberritzeko Programari dagokion sei milioi (6.000.000,00) euroko kredituarekin lotuta dituzten finantza-konpromisoak formalizatzea.
Bigarrena.– Aldeen konpromisoak
1.– Justizia Ministerioak Euskal Autonomia Erkidegoari berrehun eta laurogeita hamazazpi MILA bederatziehun eta hamasei (297.916,00) euro ordaintzeko aginduko du 2016rako dituen aurrekontuen IV. kapituluko –Transferentzia arruntak– 13 02 112A 450 aurrekontu-aplikazioaren kontura eta Autonomia Erkidegoetan Justizia Administrazioa Eraberritzeko Programaren baitan, Justizia Administrazioaren Sektore Konferentziak 2016ko otsailaren 25ean egin zuen osoko bilkuran erabaki eta, ondoren, Ministroen Kontseiluak 2016ko ekainaren 3an onartu zuena betez. Diru-zenbateko horren librantza Aurrekontuen Lege Orokorraren 86.2. artikuluko bosgarren arauak agintzen duena beteta egingo da.
2.– Honako konpromiso hauek hartzen ditu bere gain Euskal Autonomia Erkidegoak:
2.1.– Justizia Administrazioa eraberritzeko jasotzen duen kredituaren diru-zenbatekoa erabiliko du, 2016. urtean, Justizia Administrazioaren Sektore Konferentziak 2016ko otsailaren 26an egin zuen osoko bilkuran hartu zituen finantza-konpromiso guztiak edo horietako batzuk betetzeko; zehazkiago:
a) Teknologia berrien erabileran aurrera egitea, hauek lortu arte:
○ Elkarren artean bateragarriak diren prozesu-kudeaketako sistemak, interoperabilitatea ahalbidetzen dutenak, AJEEBTk erabakitzen dituen xehetasunen arabera.
○ Izapidetze-prozesuen eta prozesu-kudeaketaren digitalizazioa, eta prozeduretan esku hartzen duten eragileekin bulego judizialetan konexio digitala ezartzea.
b) Bulego Judizial eta Fiskalaren ezarpenean aurrera egitea, organo judizialek beraien lurraldean antolatzeko eta funtzionatzeko duten eredu gisa; horretarako, teknologia berriak ezartzeko laguntza eskaini behar da.
c) Segurtasun juridikoa eskaintzea, sartzen diren auziak ebazteko denbora eta funtzionamendu orokorra hobetuz, arau-esparru argia emanez, baliabideak eraginkortasunez kudeatuz, eta beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak hornituz; hori guztia konfiantzazko mezu bat helarazteko, egungo munduaren ingurune lehiakorrean negozio-jarduera bat ezartzeko eskenatoki egokiena zein den bilatu eta aztertu behar dutenei begira.
2.1.– Justizia Ministerioari jakinaraziko dio, 2017ko martxoaren 31 baino lehen, nola bete dituen hitzarmen honen bidez hartutako finantza-konpromisoak, Aurrekontuen Lege Orokorraren 86.2. artikuluko zazpigarren arauak agintzen duen moduan.
Hirugarrena.– Finantzazioa.
Hitzarmen honetatik eratorritako kreditu-transferentzia, berrehun eta laurogeita hamazazpi mila bederatziehun eta hamasei (297.916,00) eurokoa, egingo du Justizia Ministerioak 2016rako dituen aurrekontuen IV. kapituluko –Transferentzia arruntak– 13 02 112A 450 aurrekontu-aplikazioaren kontura eta Autonomia Erkidegoetan Justizia Administrazioa Eraberritzeko Programaren baitan, Aurrekontuen Lege Orokorraren 86.2 bosgarren arauak agintzen duen moduan.
Laugarrena.– Jarraipena eta ebaluazioa.
Hitzarmen honen bigarren klausulak arautzen duena betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoak, 2017ko martxoaren 31 baino lehen, txosten bat aurkeztu behar du egitekoak nola bete dituen zuritzeko, eta zehazki, txosten horretan azalduko du nola gauzatu den transferitutako finantza-kredituaren egikaritza, Aurrekontuen Lege Orokorraren 86.2 artikuluko zazpigarren arauak xedatzen dituen eskakizunak beteta.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren ondorenak.
Izenpetu ondorengo egunean izango ditu ondorenak hitzarmen honek, harik eta aldeek osorik betetzen dituzten arte beren betebeharrak, eta beti, 2017ko martxoaren 31 baino lehen.
Seigarrena.– Lankidetza-hitzarmenaren izaera eta auziak erabakitzeko modua.
Lankidetza-hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren aplikazio-eremutik kanpo geratzen da, arau horren 4.1.C) artikuluak arautzen duena aintzat hartuta. Hala ere, arau horrek xedatzen dituen printzipioak baliatuko dira sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko, lege horren beraren 4.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Lankidetza-hitzarmen honek administrazio-izaera duenez, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordena izango da aldeen artean sor daitezkeen auziak erabakitzeko eskuduna, hori arautzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzeko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 1. eta 2. artikuluetan.
Eta, aurrez adierazitako guztiari jarraituta, alde izenpetzaileek hitzarmen honen bi ale izenpetzen dituzte goiburuan adierazitako lekuan eta egunean, legez dagozkien ahalak erabilita eta ordezkatzen dituzten erakundeak lotuta.
Justiziako ministroa,
RAFAEL CATALÁ POLO.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.