EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2016001

244//2016 DEKRETUA, abenduaren 27koa, «Asociación Socioeducativa Kiribil Sarea» elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201600244
Xedapenaren data: 2016-12-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201700011
Maila: Dekretua
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.
Horretan oinarriturik, «Asociación Socioeducativa Kiribil Sarea» elkarteak aitorpen hori eskatu du; uste baitu ezen, udalerrietan egindako gizarte-heziketako programen bitartez, bere jarduerek sendotu egiten dutela komunitatea.
«Asociación Socioeducativa Kiribil Sarea» elkartea 2007ko maiatzaren 4an sortu zen, eta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzaren 2007ko abuztuaren 6ko Ebazpenaren bidez inskribatu zen.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatu zen, AS/B/13383/2007 erregistro-zenbakiarekin.
Bere eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen ditu; batez ere, Bizkaiko Lurralde Historikoan.
Eratu zenez gero, «Asociación Socioeducativa Kiribil Sarea» elkarteak, bere helburuak bete daitezen, beharrezko jarduera guztiak burutu ohi ditu; zeintzuk diren:
1.– Gizarte-heziketako egituretan diren premiak aztertzea.
2.– Elkartea osatzen duten erakundeen artean, esperientziak, prestakuntza eta informazioa trukatu eta koordinatzea antolatu eta erraztea; hartarako hausnarketa komunak bultzatuz eta kide diren erakundeen arteko batasun-loturak sortuz.
3.– Ehun soziala sendotu eta finkatzea; hartarako, lankidetza sustatuz eta erakundeen arteko baliabideak ahalik eta egokien baliatzen lagunduz.
4.– Gizarte-heziketako proiektuen kudeaketan erakunde sozialek parte hartzea lehenestea.
5.– Elkartearentzako finantzaketa lortzea.
6.– Egitura berriak sortu eta antolatzea sustatzea.
7.– Gizarte-heziketako egiturek egindako lanaren garrantzia errebindikatu eta herritarrei aditzera ematea; hartarako, gizarte-heziketa eta kulturako animazioari eta aisialdiko heziketari dagokienez, lanetan diharduten erakunde eta foroetan parte-hartzeko eta elkarrizketarako bideak ezarriz.
8.– Gizarte-heziketa eta kulturako animazioari eta aisialdiko heziketari dagokienez, egin ohi den lana defendatu eta sendotzea; izan ere, haiek baitira ondoko arloetan kontzientzia sustatzeko ardatz nagusiak: garapen iraunkorra, aukera-berdintasuna, parte-hartzea, integrazio soziala, lankidetza, baloreetan heztea, kultura, etab.
9.– Administrazio, eragile sozial eta oro har gizartearekiko, gizarte-heziketaren arloan kolaboratzea eta solaskide izatea.
a) Atzemandako eskakizunak eta beharrizanak transmititzea.
b) Topaketak eta elkarrizketa sustatzea.
c) Dagozkion erantzukizunen markoaren barruan kolaboratzea.
Aldez aurretik beteta ezarritako betekizun legezkoak, aipatu helburuak lortzekotan, arlo hauei lotutako jarduerak burutuko dira: prestakuntza, azterlanak, antolaketa garatzea, elkarrizketak, batzarrak, topaketak, elkartrukeak, laguntza eta biltzarrak antolatzea, baliabide finantzarioak eta materialak erdiestea, etab.
7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egin behar da onura publikoaren deklarazioa, kasuan kasuko sailek –gaiaren araberakoek– eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak proposatuta. Sail eskudunak izapidetuko du prozedura, eta bertan sor daitezkeen auzi guztiak ebatziko ditu. Agindu hori betetzearren, espediente egokia izapidetu da, zeinari erantsi baitzaizkio sailek eta hala eskatu zaien erakundeek egindako txostenak.
Ondorioz, lehendakariak, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Hezkuntzako sailburuak proposaturik, entitate eta erakunde interesdunek aurkeztutako txostenak ikusita, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko abenduaren 27an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– «Asociación Socioeducativa Kiribil Sarea» elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/13383/2007 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.
Horrekin batera, aitormen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan jasota daudenak.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko abenduaren 27an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.