EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2016248

AGINDUA, 2016ko abenduaren 20koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita euskal kirol-federazioen 2017ko kirol-programak finantzatzeko diru-laguntzetarako deialdia.

Xedapenaren data: 2016-12-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201605631
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2000/12/30rean argitaratutako 2000/12/26ko 200000287 DEKRETUA

Abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren xedea kirol-federazioen finantzabidea arautzea da, haien urteroko kirol-programetarako itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak emanez (2000ko abenduaren 30eko EHAA, 249. zk.).
287/2000 Dekretu horretako 3. artikuluak xedatzen duenez, urtez urte egingo da aipatutako dekretuak arautzen dituen laguntzak jasotzeko deialdia, Kulturako sailburuaren –egun, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren– agindu bidez, eta agindu horretan gorabehera hauek zehaztuko dira: deitutako laguntzak finantzatzeko diru-hornidura; eskabideak aurkezteko epeak eta tokia; erakunde eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa; laguntzen zenbatekoa egiteko ponderazio-irizpideak, eta emandako laguntza justifikatzeko epea eta horretarako aurkeztu behar diren dokumentuak.
Agindu hau, halaber, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako Kirol Zerbitzuko Diru Laguntzen 2015-2017 Plan Estrategikoan barruan sartua dago. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak onartu du plan hori, eta sailaren web-orrian dago argitaratua.
Beraz, 287/2000 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, agindu honen bitartez gorabehera horiek zehaztuko dira, 2017. urtean laguntza-deialdia aplikatu ahal izateko.
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren bidez araututako diru-laguntzetarako deialdian parte hartu nahi duenak hilabeteko epea izango du eskabideak aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Dekretu horren bidez, euskal kirol-federazioen kirol-programetarako diru-laguntzak emateko modua arautzen da.
2. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua.
Eskaerak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoetan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.
3. artikulua.– Entitate eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabideekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Eskabide-inprimakia (I. eranskina). Federazioaren legezko ordezkariaren NANaren fotokopia eta ordezkari horrek duen lege-ahalmenaren egiaztagiria ere aurkeztu behar dira.
b) Erakundearen 2017ko ekitaldiko aurrekontua, batzar nagusiak onartua, VI. eranskineko kontabilitate-ereduaren arabera.
c) Entitate onuradunak eskatu dituen edo ustez jasoko dituen beste laguntza batzuen ziurtagiria, tokian tokiko federazioaren idazkariak emana, honako hauek zehaztuta: laguntzok emango dituen erakunde publiko zein pribatuaren izena; diru-laguntzarako eskabideen egoera (ezetsiak, erantzunaren zain, emanak), eta diru-zenbatekoak. Horrelakorik eskatu ez bada, deialdira aurkeztutako programetarako bestelako laguntzarik eskatu edo jaso ez dela adierazten duen dokumentua.
d) Kirol-programa azaltzen duen memoria (II. eranskina), honako hauek adierazita:
– Federazioak antolatu asmo dituen kirol-lehiaketa ofizialak. Lehiaketen gutxi gorabeherako kopurua, espezialitate edo diziplinen eta kategorien arabera. Parte hartuko duten kirolari eta kluben kopurua eta parte hartuko duten kluben ehunekoa adierazi beharko da, federazioan afiliatuta dauden klub guztien aldean.
– Kirol-prestakuntzako jarduerak. Egingo diren jardueren zerrenda, eta zenbat partaide arituko den eta zenbat ordu, gutxi gorabehera.
– Zuzendari teknikorik dagoen. Haren titulazioa, dedikazioa ordutan eta federazioarekin duen lotura.
– Federazioak antolatutako jarduerak, parte-hartzera bideratutako kirolen inguruan (jolas, aisia eta osasunerako kirola).
– Kirol-selekzioen jarduerak.
– Kirol-mota bertokoa den.
– Federazioak zer ekintza bultzatzen dituen emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak baztertzeko eta haien arteko berdintasuna sustatzeko.
e) Federazioen estamentu-liburua, Kirol Erakundeen Erregistroak legeztatua, eta Federazioaren idazkariak presidentearen oniritziarekin egindako egiaztagiria, 2016ko abenduaren 31n federazioak zituen kirolari federatuen kopurua adierazten duena (III. eranskina).
f) 2016ko abenduaren 31n federazioak afiliatuen artean zituen goi-mailako kirolarien zerrenda (Kirol Kontseilu Gorenak edo Eusko Jaurlaritzak onartuak).
g) Federazioak euskara zenbateraino erabiltzen duen adierazten duen memoria (IV. eranskina). Honako hauek aipatuko dira:
– Zenbat prestakuntza-ikastaro ematen diren euskaraz.
– Euskararen erabilera federazioaren dokumentu eta argitalpenetan.
– Euskarazko web orririk duen.
– Jendeari euskaraz kasu egiten zaion.
– Federazioaren kanpo-harremanetan euskara erabiltzen den.
– Federazioko kideekin euskara erabiltzen den.
– Federazioko hizkuntza-paisaian euskara erabiltzen den.
h) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik jaso, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorrita (V. eranskina).
i) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzailea ez dagoela sartuta laguntzak itzultzeko prozedura batean edo zehapen-prozedura batean, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den halako prozedura batean.
j) Txapelketa ofizial propioen egutegia, Federazioko idazkariak sinatua eta presidenteak ontzat emana, Batzar Nagusiak zein egunetan onartu duen adierazita.
k) Euskalit-en 3K programaren Kudeaketa Aurreratuko diploma edo baliokidea, federazioak halakorik baldin badu.
4. artikulua.– Diru-zuzkidura.
2017ko ekitaldirako, agindu honetan arautzen diren laguntzak finantzatzeko bideratu den aurrekontu-zuzkidura bi milioi hirurehun eta berrogeita hamar mila (2.350.000) eurokoa da.
5. artikulua.– Laguntzak kuantifikatzeko irizpideak.
Segidan zehazten diren zenbatekoen batuketak esango du agindu honen deialdian parte hartuko duten federazioei zenbateko diru-laguntza emango zaien:
1.– Federazio bakoitzak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 15eko Aginduaren babesean 2016ko kirol-programak finantzatzeko eskuratu zuen diru-laguntzaren erdia (% 50). Agindu horren bidez, Euskal kirol-federazioen 2016ko kirol-programak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia arautu zen.
2.– Aurreko puntuaren arabera federazio eskatzaile bakoitzarentzako diru-kopurua zehaztu ondoren, horien guztien batuketa agindu honetako 4. artikuluan zehaztutako kopuruari kenduko zaio eta gelditzen dena irizpide hauen arabera banatuko da:
a) Kirol-programa (puntuen % 70).
Honako hauek hartuko dira kontuan kirol-programaren interesa balioesteko:
– Federazioak antolatu asmo dituen kirol-lehiaketa ofizialak.
– Kirol-prestakuntzako jarduerak.
– Zuzendari teknikorik dagoen.
– Federazioak antolatutako jarduerak, parte-hartzera bideratutako kirolen inguruan (jolas, aisia eta osasunerako kirola).
– Kirol-selekzioen jarduerak.
– Kirol-mota bertokoa den.
b) Lizentzia federatua duten kirolarien kopurua (puntuen % 5).
c) Euskararen erabilera (puntuen % 10). Puntu bana emango zaie euskaraz osoki egindako honako ekintza hauei, eta puntu erdia euskaraz partez egindako ekintza bakoitzari: Guztizko zazpi puntuak lortzen dituenari beste hiru emango zaizkio, eta horrela gehieneko hamarrak lortuko ditu.
– Euskaraz emandako prestakuntza-ikastaroak.
– Euskararen erabilera federazioaren dokumentu eta argitalpenetan.
– Euskarazko web orria izatea.
– Jendeari euskaraz kasu egitea.
– Federazioaren kanpo-harremanetan euskara erabiltzea.
– Federazioko kideekin euskara erabiltzea.
– Federazioko hizkuntza-paisaian euskara erabiltzea.
d) Autofinantzaketa-maila (puntuen % 5), honako banaketa honen arabera:
% 0,00 - % 49,99: 0 puntu
% 50,00 - % 74,99: 2 puntu
% 75etik gora: 5 puntu
e) Goi-mailako kirolarien kopurua, Kirol Kontseilu Gorenak edo Eusko Jaurlaritzak onartuak (puntuen % 5), honako banaketa honen arabera:
f) «Kudeaketa Aurreratuko Diploma», Euskalit-en 3K Programakoa: diploma horrek aintzat hartzen ditu Euskalit-en kanpoko kontrastearen zerbitzua jaso eta kudeaketa aurreratua edo haren baliokidea osatzen duten elementuak garatzeko konpromisoa erakusten duten erakundeak. (puntuen % 5)
3.– Aurreko paragrafoan zehaztutako balorazioa egin ondoren, federazio bakoitzari dagokion gainontzeko diru-zenbatekoa honela kalkulatuko da: federazio bakoitzak lortutako puntuazioak federazio guztien puntuazioarekiko erakusten duen ehunekoa aplikatuko zaio artikulu honen 2. puntuan aipatzen den guztirako kopuruari.
6. artikulua.– Laguntzak ordaintzeko prozedura.
1.– Diru-laguntzaren onuradun izateko betekizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, eta agindu honetako 3. artikuluan eskatzen den dokumentazio guztia eta diru-laguntzaren eskabidea aurkeztu ondoren, Gazteria eta Kiroletako zuzendariak ebazpena emango du onuradun bakoitzak jasoko duen lehenengo aurrerapena zenbatekoa izango den zehazteko eta ordainketa egiteko, abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuko 5. artikuluan adierazitako ordainketa-arautegian xedatzen denarekin bat etorriz (dekretu horren bidez, euskal kirol-federazioen kirol-programetarako diru-laguntzak arautzen dira).
2.– Bigarren ordainketa aurreratua Gazteria eta Kiroletako zuzendariaren ebazpen bidez egingo da, betiere aurreko urtean jasotako diru-laguntzaren justifikazioa aurkeztu eta onetsi ondoren. Bigarren zati hori aipatutako urteko diru-laguntzaren % 25 izango da.
3.– Diru-laguntzaren gainerakoa, alegia, eskaera egin den urterako onartutako diru-laguntzaren guztia osatu artekoa, aurreratutako ordainketetan emandako zenbatekoak justifikatu ondoren likidatuko da.
7. artikulua.– Laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legearen 30. eta 31. artikuluetan ezarritakoa aintzat hartuz, diru-laguntzaren bat jaso duten federazioek diru hori agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutako helburuetarako erabili dela egiaztatu behar dute 2018ko otsailaren 15a baino lehen, honako dokumentazio hau aurkeztuz:
a) 2017. aurrekontuaren likidazioa, Batzar Nagusiak onartua, VII. eranskineko ereduaren arabera.
b) Burututako kirol-proiektuari buruzko memoria zehatza. Horrekin batera, eskabidean zehaztutako jarduerak burutu direla erakusten duen dokumentazioa aurkeztu behar da.
c) Helburu bererako beste diru-laguntzaren bat jaso bada eta deialdi honetarako eskaera aurkeztu zen unean horren berri ez bazuten, horien zerrenda aurkeztu behar dute federazioek.
d) Gastuaren justifikazioa.
Gastua justifikatzeko, jatorrizko fakturak edo Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak zein Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko lurralde-ordezkaritzek behar bezala konpultsatutako fotokopiak aurkeztu behar dira. Fakturen zenbatekoa emandako diru-laguntzaren bestekoa izan behar da, ebazpenean ezarritako baldintzen arabera.
e) Eskabidea egiterakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko konpromisoa aurkeztu duten federazioei dagokienez, konpromiso hori betetzen dela egiaztatzen duten agirien aleak.
2.– Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du eta, hala badagokio, dagoeneko ordaindu den baina itzuli egin behar den zenbatekoa adieraziko du, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin bat etorrita.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betez eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea betez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak jakinarazten du emandako datuak eta deialdi honen eskabidean eta inprimakietan ageri direnak Kultura Saileko fitxategi batean sartuko direla, «Kiroletako Laguntzak eta Diru-laguntzak» izenekoan. 2015eko abenduaren 2ko Aginduan araututa dago fitxategi hori, eta haren xedea da diru-laguntzen deialdi hau eta berarekin lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo -espediente kudeatu ahal izatea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari aurretik eman zaio fitxategi horren berri, eta baditu datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorriz, datu horiek eskuratzeko, ezabatzeko, zuzentzeko eta horien aurka egiteko aukera dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Administrazioari baimena ematen diote emandako datuak konparatzeko eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon zein beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), betiere laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo horiei eusten zaiela egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honetako diru-laguntzak emateko, ezinbesteko baldintza da kreditu egokia eta behar bestekoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017. urteko Aurrekontu Orokorretan, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotakoaren ondorioetarako.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 20a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.