EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2016248

AGINDUA, 2016ko abenduaren 28koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena; horren bidez, etxebizitzak eta eraikinak era efizientean birgaitzeko Renove programaren 2017ko deialdia egin eta arautzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko ondare eraikian esku hartzeko proiektuak egiteko eta horien ondoriozko obrak gauzatzeko.

Xedapenaren data: 2016-12-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201605624
Maila: Agindua
Abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzkoak (aurrerantzean, 317/2002 Dekretua) ondare hori birgaitzeko jardueren araubide juridikoa arautzen du, etxebizitzaren sektorea sustatu eta bultzatzeko. Dekretu hori garatzeko, 2007ko maiatzaren 2ko Agindua eman zen, birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak arautzen dituena.
Energia-efizientziari buruzko 2012/27/EB Zuzentarauak, 4. artikuluan, epe luzeko estrategia bat garatzeko betebeharra ezartzen die estatu kideei, egoitza-eraikinen berrikuntza sakona eta errentagarria egiteko, higiezinen parkearen energia-errendimendua hobetzeko eta energia-kontsumoa murrizteko helburuarekin.
Ildo berean, birgaitzeari eta hiri-berroneratze eta -berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legeak nahitaezko egiten du «eraikinen ebaluazio-txosten» bat egitea, eta azaroaren 21eko 241/2012 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen ikuskapen teknikoa erregulatzen du. Arau horrek xedatzen duenez, ikuskapen horren txostenean jaso beharko da eraikinen energia-efizientziaren ziurtagiria, eraikuntzen energia-efizientzia ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzen duen apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuak arautzen duena (aurrerantzean, 235/2013 Errege Dekretua).
Birgaitzea eta hiri-berroneratze eta -berrikuntza, eraikinen ziurtagiri energetikoak eta eraikinen ikuskapen teknikoa sustatzen dituen lege-esparru berrian, eta politikak ekonomia suspertzera eta higiezinen eta eraikuntzaren sektorea birmoldatzera bideratzea beharrezkoa dela kontuan izanik, egokitzat jo da laguntza ekonomikoko berariazko programa bat garatzea, energia-efizientzia hobetzeko eta energia berriztagarriak erabiltzeko hobekuntza-neurriak sustatzeko, eredu jasangarri eta integratzaile bat bermatuz, hala ingurumenari dagokionez nola maila sozialean eta ekonomikoan.
Horren guztiaren alde egiteko, diru-laguntzen Agindu hau ematen da; jabeen erkidegoei, udalei, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeei, etxebizitza-sozietate publikoei eta etxebizitzen sustatzaile publikoei zuzendua, erabilera nagusia etxebizitza duten eraikinetan esku hartzeko proposamenak aurkez ditzaten. Eraikinak dagozkien modalitateetan sailkatuta egongo dira, 1980 baino lehen eraikitakoak izango dira eta hiri- eta egitura-egokitzapena izango dute.
Diru-laguntzei buruzko Agindu hori gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzeko erregimenaren mende egongo da.
Laguntza-araubidea bateragarria da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin, eta ondorioz laguntza hauek ez dira Europako Erkidegoko zuzenbidearekin bateraezinak diren estatuaren diru-laguntza batzuk.
Programa honetan dauden energia-efizientziari buruzko laguntzen zati bat Europar Batasunak finantzatuko du Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) bidez, Euskadiko 2014-2020 aldirako EGEF Programa Eragilearen esparruan eta, zehazkiago, sektore guztietan karbono gutxiko ekonomia baterako aldaketa errazteko helburu tematikoaren alorrean.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020 aldirako Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) Programa Eragileak honako inbertsio-lehentasun hau jasotzen du karbono gutxiko ekonomia baterako aldaketa erraztea helburu duen lehentasunezko 4. ardatzean: c) jabeen erkidegoek edo erkidegoen elkarteek edo, dagokionean, etxebizitzen kooperatibek energia-efizientzia hobetzeko egindako jarduerak. Horien % 50 Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du, eta beste % 50 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF).
317/2002 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak ahalmena ematen dio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari Agindu bidez berariazko birgaitze-programak ezartzeko, birgaitze-jarduketa jakinen ezaugarri bereziek edota aparteko eta ezusteko gora-beherek eragindako egoerek hori aholkatzen dutenean.
Ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (aurrerantzean, Euskadiko Ogasun Publikoaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina) VI. tituluarekin eta VII. tituluko II. eta III. kapituluekin lotuta ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan izanik,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da etxebizitzak eta eraikinak modu eraginkorrean birgaitzeko Renove programaren 2017rako laguntzen deialdia egin eta arauak ezartzea. Euskal Autonomia Erkidegoko ondare eraikian esku hartzeko proiektuak egin eta haien ondoriozko obrak gauzatzeko dira diru-laguntza horiek.
2.– Esku hartzeko proiektu horietan proposatutako jarduketak erabilera nagusia etxebizitzarena duten eraikinetan edo familia anitzeko eraikin-multzoetan esku hartzera bideratutakoak izango dira.
– Lehentasuna izango dute etxadietan multzokatutako familia anitzeko eraikin-multzoek, eta etxebizitza-blokeetan multzokatutako familia anitzeko eraikin-multzoek. 1. irudia
– Bigarrenik baloratuko dira gutxienez etxadiaren albo bat hartzen duten familia anitzeko eraikin multzokatuak, eta etxebizitza-blokeen albo bat osatu arte multzokatutako familia anitzeko eraikin multzokatuak. 2. irudia
3.– Aipatutako familia anitzeko eraikinek 1980 baino lehen eraikitakoak izan beharko dute eta hirigintza eta egituraren aldetik egokituta egon beharko dute abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak ezarritako terminoetan.
4.– Eraikitako ondarean esku hartzeko laguntza-programa honetara bildutako proiektuak eraikinen irisgarritasun- eta bizigarritasun-baldintzak eta energia-efizientzia hobetzera bideratutakoak izango dira eta hurrengo artikuluetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte.
5.– Ez dute diru-laguntzarik jasoko jendez hustutako eraikinek, aurri-deklarazioa dutenek edota deklaratzeko moduan daudenek.
6.– Honako obra hauek ere ez dute diru-laguntzarik jasoko: eskaria aurkezterakoan jada hasita daudenek edota lizentzia dutenek, egitura sendotzekoek, eraikina konpontzekoek (fatxadak, estalkiak, etab.), urbanizazioetako irisgarritasuna hobetzekoek, ez eta etxebizitza kopurua handitzeko egindako eraikinen birgaitze integralek ere.
2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Programa honetako laguntzak jarraian zehaztutako jarduera-multzoa biltzen duten esku hartzeko proposamenek jaso ahal izango dituzte, betiere Agindu honetan zehaztutako baldintzak betetzen badituzte. Hona hemen jarduerak:
a) Eraikinaren energia-efizientzia hobetzea erreformaren ondoren, gutxienez C kalifikazio energetikoa lortuta, bai CO2 isuriei dagokienez bai berriztagarria ez den lehen mailako energien kontsumoari dagokionez, agindu hau argitaratzean energia-efizientzia ziurtatzeko indarrean dagoen prozeduraren arabera.
– Jardun pasiboak aplikatzea eraikinen inguratzailean, berokuntzarako urteko energia-eskaria gutxienez % 30 murrizteko, erreformaren aurreko gastuarekin alderatuta. Energia-efizientziako gutxieneko eskakizunak memoria teknikoan justifikatuko dira, Eraikuntzarako Kode Teknikoaren Energia Aurrezteko Oinarrizko Dokumentuaren arabera.
– Hobekuntza aktiboak txertatzea, berriztagarria ez den lehen mailako eraikineko energiaren kontsumoa % 30 murrizteko, erreformaren aurreko gastuarekin alderatuta. Horren barne hartuko dira energia-efizientzia handiko ekipoak dituzten instalazio zentralizatuak, energia-efizientzia handiko ekipoen zuzkidura, baita eguzki-kolektoreen eta energia berriztagarrien bestelako iturrien inkorporazioa ere. Kanpo geratzen da galdara indibidualak eraikineko sorgailuen % 80tik beherako portzentajean ordeztea, horien potentzia termikoen batura 100Kw-tik beherakoa bada. Instalazio termikoak bete behar dituen energia-efizientziako gutxieneko eskakizunak memoria teknikoan justifikatuko dira, Eraikuntzarako Kode Teknikoan eta Eraikinen Instalazio termikoen Arautegian (RITE) xedatutakoaren arabera.
b) Eraikinen irisgarritasuna hobetzea, bide publikotik etxebizitza bakoitzera sartzeko aukera bermatuz, garaierak mailekin gainditu behar izan gabe. Bide publikotik bermatu beharko da irisgarritasuna, bestela esku-hartzeak atal honetan xedatutako baldintzak betetzen ez dituela ebatziko da.
c) Segurtasun-baldintzak hobetzea: suteen aurka, suteak detektatzeko, alarma jotzeko eta itzaltzeko ekipamendu eta instalazio orokor egokiak izan beharko ditu eraikinak edo eraikin-multzoak; horrez gain, larrialdiko argiztapena izan beharko du, eraikina hustu behar izanez gero argiztapena bermatzeko eta irteerako seinaleak eta dauden babes-ekipamendu eta -baliabideak ikusi ahal izateko.
d) Energia-monitorizazioa. Eraberritutako eraikinaren energia-efizientziaren hobekuntza egiaztatzeko eta kuantifikatzeko, ezinbestean egin beharko dira barneko konfort termikoa eta berokuntzaren energia-kontsumoa neurtzeko jarduketak, eraberritutako eraikinaren edo blokearen etxebizitzen lagin adierazgarri batean. Horri dagokionez, monitorizatuko diren etxebizitzak Etxebizitza Zuzendaritzaren irizpideei jarraikiz zehaztuko dira, eraikuntza-tipologiaren, kokapen eta orientazioaren, berokuntza-sistemen eta eraikinaren nahiko adierazgarria den lagin bat ateratzen laguntzen duen beste edozein irizpideren arabera. Aurreikusitako monitorizazio-instalazioak Agindu honen monitorizazio-sistemei buruzko eranskinean zehaztutako ezaugarriak izan beharko ditu.
e) Eraikitako perimetroa handitzeko jarduerak, bizigarritasun-baldintzak hobetzeko, 317/2002 Dekretuaren IV. eranskinari jarraikiz.
2.– Aurreko ataletan adierazitako jardunak kultura-interesekotzat hartutako edo bestelako babes-araubideren baten eraginpeko higiezinetan egin behar direnean, konponbide berritzaileak bilatu behar dira energia-efizientzia hobetzeko eta irisgarritasuna bermatzeko beharrezkoak diren egokitzapenak egin ahal izateko, babesaren eraginpeko balioen nahitaezko babesaren kalterik gabe. Nolanahi ere, aplikatu beharreko babes-araubidea kudeatzeko eskumena duen organoak aldeko txostena edo, hala badagokio, baimena eman beharko du, bere araudiaren arabera.
3.– Orain arte deskribatutako eremuetan ez baldin bada esku-hartzerik egin behar, betekizunak bermatuta daudelako, ez da atal horretako jarduerarik egin beharko, baina aurkeztutako dokumentazioan justifikatu egin beharko da.
4.– Aurrez deskribatutako esparruetan jardunen bat egitea ezinezkoa gertatzen bada, aurkeztutako dokumentazioan zehatz-mehatz justifikatu beharko da hori.
3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.
1.– Laguntza hauen onuradun izango dira planteatu diren esku-hartze proposamenen eremukoak diren eta diru-laguntzen xede diren jarduerak burutzen dituzten jabeen erkidegoak.
Horrez gain, laguntzen onuradun izan ahalko dira udalak, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak, etxebizitza-sozietate publikoak eta etxebizitzen sustatzaile publikoak, betiere jarduketen esparruan dauden eta xedea errentamendua duten eraikuntzen jabeak badira, osoki zein partzialki.
2.– Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden pertsona juridikoek ezin izango dute laguntza-deialdi honetan parte hartu, ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoa betez.
3.– Onuradunek diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak eskatzaileen izen eta ordezkaritzan jarduten dutenek egin beharko dute, Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legean (aurrerantzean, Jabetza Horizontalari buruzko Legea), erakundeari bereziki aplikatzekoa den araudian eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean (aurrerantzean 39/2015 Legea) xedatutakoaren arabera. Ordezkaritza espediente administratiboan jaso beharko da, zuzenbidearen arabera baliokoa den eta ordezkaritza horren existentzia dudarik gabe frogatzen duen edozein bitartekoren bidez.
2.– Eskabideak aurkezteko modua.
Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte prozedura honetako eskabidea, kontsultak eta izapide guztiak. Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak izapidetzeko zehaztasunak, eta gainerako ereduak eskura daude honako egoitza elektronikoan (url):
https://www.euskadi.eus/renove-plana/2017/y22-izapide/eu
Eskabidearen ondoko izapideak http://www.euskadi.eus gunean egingo dira, «Egoitza Elektronikoa / Nire Kudeaketak» atalean.
Erakunde eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten eran. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzekoak, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
3.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1) Eskabide elektronikoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak:
a) Lege-ordezkaritza egiaztatzeko tituluaren kopia bat.
b) Proposamenaren edukia. Honako hauek izango ditu:
– Proposamenaren memoria deskribatzailea, justifikatzailea eta ekonomikoa. Agindu honen bigarren artikuluan zehaztutako puntuei erantzun behar die espresuki, eta eragindako eraikuntzen argazkiak jaso behar ditu.
– Eremuaren kokapen-planoa.
– Eskatutako esku-hartzeen jarduketa-programa.
– Esku-hartzean sartu diren eraikinen ikuskapen teknikoa, udaleko sarrera-erregistroaren zigilua dutela, Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikinen Ikuskapen Teknikoa arautzen duen azaroaren 21eko 241/2012 Dekretuaren arabera.
c) Jabeen Bilkuran Jabetza Horizontalaren Legean ezarritako gehiengoak plana onetsi izanaren akordioaren ziurtagiria (esku-hartze proposamena osatzen duten erkidego bakoitzeko bat). Akordioaren ziurtagiria aurreko letran aipatutako esku-hartze proposamenari buruzkoa izango da, eta obraren norainokoa eta onartutako zenbatekoa jasoko ditu.
d) Proposamenaren energia-efizientziari buruzko ziurtagiri erregistratua, 235/2013 Errege Dekretuarekin bat datorrena.
e) Udalaren txostena, esku-hartzearen egokitasunari buruzkoa.
f) Alokairu babestuko kontratuak.
g) Eraikina dena delako araubide bereziaren mende dagoela egiaztatzeko beharrezko agiriak, dagokionean.
h) Organo eskudunak beharrezkotzat jotako bestelako edozein dokumentazio osagarri.
2) Eskabidea entregatzeko epea amaitu ondoren aurkeztu beharreko agiriak:
a) Erkidegoaren behin-betiko akordioa, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.
4.– Epea.
Eskaerak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Aurkeztutako eskaeran akats edo datu ez-zuzenen bat dagoela, edo gehitu beharreko agiriren bat ez dagoela antzemango balu Etxebizitza Zuzendaritzak, pertsona eskatzaileari jakinaraziko dio eta hamar eguneko epea emango dio hutsegite hori konpontzeko; horrela egingo ez balu, eskaeran atzera egin duela ulertuko litzateke, 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz ebazpena eman ondoren.
5. artikulua.– Kreditu aurreikusia eta diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– Kreditu aurreikusia.
Laguntza horiek emateko 5.500.000 euro bideratuko dira guztira, eta honela banakatuko dira:
2017. urtea: 100.000 euro / 2018. urtea: 1.800.000 euro / 2019. urtea: 2.250.000 euro / 2020. urtea: 1.350.000 euro
2. artikuluko a) eta d) ataletako diru-laguntzek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa izango dute. Hori dela eta, atal horietako esku hartzeko proiektuak araudi hauen mendean geratuko dira: 1303/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Batzordearena, 2013ko abenduaren 17koa (EBAO L347/320ES, 2013-12-20koa) eta 1301/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Batzordearena, 2013ko abenduaren 17koa. EGEFen ekarpena Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako guztizko kopuruaren ehuneko berrogeita hamarrera artekoa izango da.
2.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
1) Txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idazteko.
Dokumentuak idazteko ordainsarien kostu garbiaren (zergak kanpo) % 60ko oinarrizko laguntza bat emango da, eta haren gehieneko muga honela zehaztuko da: esku-hartze proiektuaren aplikazio-eremuaren barnean hartutako etxebizitzen guztizko kopurua 800 eurorekin biderkatuz.
Birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egin beharreko esku-hartzeen kasuan, eta eraikinaren inguratzailearen birgaitzean sistema berritzaileak dituzten esku-hartzeen kasuan eta/edo energia-efizientzia hobetzeko helburua duten instalazioei dagozkien esku-hartze aktiboen kasuan, dokumentuak idazteko ordainsarien kostu garbiaren (zergak kanpo) % 72ko diru-laguntza emango da, eta haren gehieneko muga honela zehaztuko da: esku-hartze proiektuaren aplikazio-eremuaren barnean hartutako etxebizitzen guztizko kopurua 960 eurorekin biderkatuz.
2) Obrak gauzatzeko, esku-hartze proposamenak biltzen dituen jarduketen arabera kalkulatuko dira laguntzak, eta diruz lagundu daitekeen jarduketa bakoitzean, diruz lagundutako jarduketen kontrata-aurrekontuaren % 50 emango da gehienez ere (zergak kanpo).
Birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egingo diren jarduketetarako, gehieneko zenbateko hori izango da diruz lagundutako jarduketen kontrata-aurrekontuaren % 60 (zergak kanpo).
Eraikinaren inguratzailearen birgaitzean sistema berritzaileak dituzten esku-hartzeen kasuan eta/edo energia-efizientzia hobetzeko helburua duten instalazioei dagozkien esku-hartze aktiboen kasuan, betiere helburua eraginkortasun energetikoa hobetzea bada, gehieneko zenbatekoa diruz lagundutako jardueren kontrata-aurrekontuaren % 60 izango da (zergak kanpo), dagozkien a) ataletan, eta % 50ekoa gainerako ataletan.
Diruz lagundu daitezkeen honako jarduketa hauetarako, oinarrizko laguntzen gehieneko muga honela kalkulatuko da: esku-hartze proiektuaren aplikazio-eremuaren barnean hartutako etxebizitzen guztizko kopurua jarraian adierazten diren zenbateko hauekin biderkatuta:
a) Energia-portaera hobetzeko, gehienez ere 8.200 euro emango dira etxebizitza bakoitzeko (Atal honi dagozkion birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egingo diren jarduketen eta sistema berritzaileak dituzten jarduketen kasuan, gehienez ere 9.840 euro emango dira etxebizitza bakoitzeko).
– Eraikinen inguratzailean egin beharreko jarduketa pasiboetarako, gehienez ere 6.000 euro emango dira etxebizitza bakoitzeko (Atal honi dagozkion birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egingo diren jarduketen eta sistema berritzaileak dituzten jarduketen kasuan, gehienez ere 7.200 euro emango dira etxebizitza bakoitzeko).
– Eraikineko sistema eta instalazioen errendimendua eta eraginkortasuna hobetzen dituzten jarduketa aktiboetarako, gehienez ere 2.200 euro emango dira etxebizitza bakoitzeko (Atal honi dagozkion birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egingo diren jarduketen eta sistema berritzaileak dituzten jarduketen kasuan, gehienez ere 2.640 euro emango dira etxebizitza bakoitzeko).
– Galdara indibidualak % 80tik gorako kopuruan instalatzeko, sorgailuen potentzia termikoen (kW) batura 30 eurorekin biderkatuta aterako da emango den gehieneko zenbatekoa [Atal honi dagozkion birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egingo diren jarduketen eta sistema berritzaileak dituzten jarduketen kasuan, sorgailuen potentzia termikoen (kW)] batura 36 eurorekin biderkatuta aterako da emango den gehieneko zenbatekoa).
– Eguzki-instalazioak jartzeko, instalazioaren potentzia termikoa 1.500 eurorekin biderkatuta aterako da emango den gehieneko zenbatekoa. Potentzia termikoa kalkulatzeko instalatutako eguzki-kolektoreen azalera (m2) 0,7 kW-rekin biderkatuko da (Atal honi dagozkion birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egingo diren jarduketen eta sistema berritzaileak dituzten jarduketen kasuan, eguzki-instalazio termikoaren potentzia 1.800 eurorekin biderkatuta aterako da emango den gehieneko zenbatekoa).
– Eraikin batean, energia geotermikoa erabiltzen duten etxeko ur beroa sortzeko instalazioetarako eta/edo berogailuen instalazioetarako, sorgailuaren potentzia termikoa (kW) 3.900 eurorekin biderkatuta aterako da emango den gehieneko zenbatekoa [Atal honi dagozkion birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egingo diren jarduketen eta sistema berritzaileak dituzten jarduketen kasuan, sorgailuaren potentzia termikoa (kW) 4.680 eurorekin biderkatuta aterako da emango den gehieneko zenbatekoa].
b) Irisgarritasuna hobetzeko:
– Lehendik igogailurik ez zeukaten eraikinetan igogailua instalatzea barnean hartzen duten jarduketetarako honako hau emango da:
Igogailua kanpoaldean instalatzeko, eskailerak aldatuz, gehienez ere 60.000 euro igogailu bakoitzeko (Birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egingo diren jarduketen kasuan, gehienez ere 72.000 euro emango dira igogailu bakoitzeko).
Igogailua barrualdean instalatzeko, eskailerak aldatuz, gehienez ere 45.000 euro igogailu bakoitzeko (Birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egingo diren jarduketen kasuan, gehienez ere 54.000 euro emango dira igogailu bakoitzeko).
Igogailuak egokitzea barne hartzen duten jarduketetarako, gehienez ere 20.000 euro emango dira igogailu bakoitzeko (Birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egingo diren jarduketen kasuan, gehienez ere 24.000 euro emango dira igogailu bakoitzeko).
– Irisgarritasuna zero kotaraino egokitzea barne hartzen duten jarduketetarako, gehienez ere 12.000 euro emango dira (Birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egingo diren jarduketen kasuan, gehienez ere 14.400 euro emango dira).
c) Energia-monitorizaziorako, gehienez ere 140 euro emango dira etxebizitza bakoitzeko (Birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egingo diren jarduketen kasuan, gehienez ere 168 euro emango dira etxebizitza bakoitzeko).
d) Suteen aurkako segurtasunerako, honako zenbateko hauek emango dira:
– Su-itzalgailuak eta larrialdi-argiak instalatzeko, gehienez ere 50 euro emango dira etxebizitza bakoitzeko (Birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egingo diren jarduketen kasuan, gehienez ere 60 euro emango dira etxebizitza bakoitzeko).
– Tutu lehorra instalatzeko, gehienez ere 100 euro emango dira etxebizitza bakoitzeko (Birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egingo diren jarduketen kasuan, gehienez ere 120 euro emango dira etxebizitza bakoitzeko).
– Detekzioa eta alarma instalatzeko, gehienez ere 150 euro emango dira etxebizitza bakoitzeko (Birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egingo diren jarduketen kasuan, gehienez ere 180 euro emango dira etxebizitza bakoitzeko).
Edozein kasutan, 1) eta 2) puntuetan adierazitako oinarrizko laguntzen baturari muga bat aplikatuko zaio, honela kalkulatuta: esku-hartze proiektuaren aplikazio-eremuaren barnean hartutako etxebizitzen guztizko kopurua 15.000 eurorekin biderkatuz.
Birgaitze integratuko eremuetan edo bizitegi-eremu degradatuetan egingo diren jarduketen kasuan, 1) eta 2) puntuetan adierazitako oinarrizko laguntzen baturari muga bat aplikatuko zaio, honela kalkulatuta: esku-hartze proiektuaren aplikazio-eremuaren barnean hartutako etxebizitzen guztizko kopurua 18.000 eurorekin biderkatuz.
Eraikinaren inguratzailearen birgaitzean sistema berritzaileak dituzten esku-hartzeen kasuan eta/edo energia-efizientzia hobetzeko helburua duten instalazioei dagozkien esku-hartze aktiboen kasuan, 1) eta 2) puntuetan adierazitako oinarrizko laguntzen baturari muga bat aplikatuko zaio, honela kalkulatuta: esku-hartze proiektuaren aplikazio-eremuaren barnean hartutako etxebizitzen guztizko kopurua 16.400 eurorekin biderkatuz.
6. artikulua.– Esleipen-prozedura.
Diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte, eta hurrenkera honen arabera:
1.– Onartutako proposamenak Agindu honen 1. artikuluan aurkeztutako eskemaren arabera ordenatuko dira, eta jarduketek artikulu horretako hurrenkeraren arabera izango dute lehentasuna.
Hortaz, lehenik eta behin onartuko dira etxadietan multzokatutako familia anitzeko eraikin-multzoak eta etxebizitza-blokeetan multzokatutako familia anitzeko eraikin-multzoak. Bigarrenik baloratuko dira gutxienez etxadiaren albo bat hartzen duten familia anitzeko eraikin multzokatuak, eta etxebizitza-blokeen albo bat osatu arte multzokatutako familia anitzeko eraikin multzokatuak.
2.– Azaldutako talde horien barruan, proposamenak ordenatu egingo dira, jarraian zehazten direnen artean diruz lagundu daitezkeen jarduketa gehien dituztenei lehentasuna emanez:
Energia-portaera hobetzeko jarduketak (a); irisgarritasuna hobetzeko jarduketak (b) eta suteen aurreko segurtasuna hobetzeko jarduketak (c).
Horrela, hiru jarduketa horiek dituzten proposamenak hautatuko dira lehendabizi.
Bigarrenik, bi jarduketa jasotzen dituzten proposamenak hautatuko dira. Talde horren barruan, gainera, lehentasuna emango zaie inguratzailea (a) eta irisgarritasuna (b) hobetzeko jarduketei.
Azkenik, jarduketa bakarra planteatzen duten proposamenak hautatuko dira.
Talde horietako bakoitzaren barruan, lehentasuna emango zaie igogailurik ez duten blokeetan igogailua instalatzea planteatzen duten proposamenei beste guztien aurretik; bigarrenik, Agindu honen helburuekin bat egiten duten konponbide berritzaileak aurkezten dituzten proposamenak hautatuko dira. Hirugarrenik, eragina izango duten etxebizitzen kopuruari erreparatuko zaio, kopuru handieneko proposamenak lehenetsiz, eta horrela, korrelatiboki, goitik beherako hurrenkeran. Lotura eta etxebizitza-kopuruen parametroetan berdindutako proposamenak aurkeztuz gero, babestutako errentamenduko etxebizitza-kopurua handienari eragiten dioten jarduketak lehenetsiko dira, eta horrela jarraituko da, korrelatiboki, goitik beherako hurrenkeran.
Hainbat blokez osatutako jabeen erkidegoen multzoen kasuan, akordioak bloke guztien jarduna legalki lotesten badu baino ez da lortuko diru-laguntza, eta hori horrela ez bada, banan-banan aztertuko dira (blokez bloke), eta ez guztiak multzo gisa.
Diru-laguntzak taldeen hurrenkera kontuan hartuta esleituko dira, lehiaketa bidez, eta taldeen barruan puntuazio altuenetik baxuenera ordenatuko dira, aurrekontu-kreditua amaitu arte.
Talde bereko hainbat proposamenek puntuazio bera jasotzen badute, eta aurrekontu-kreditua guztietarako iristen ez bada, hainbanaketa egingo da.
Ez da proposamenik onartuko hura egiteko akordioa indarreko Jabetza Horizontalaren Legeak zehaztutako jabeen edota partaidetza-kuoten kopurura iristen ez bada eta, ondorioz, jarduketa ez bideragarria izatea eragiten badu.
Proiektuei eman beharreko zenbatekoak esleituko dira hautaketa-fasearen ondorioz ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera, eta 5. artikuluak kasu bakoitzean ahalbidetzen duen gehieneko kopurua emango da, deialdiaren diru-hornidura agortu arte.
7. artikulua.– Eskariak kudeatzea eta baloratzea.
1.– Etxebizitzako zuzendariari dagokio Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak egitea.
2.– Aurkeztutako eskaerak esleipen-irizpideen arabera balioesteko, Balioespen Batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:
Etxebizitzako zuzendariak (edo Etxebizitzako sailburuordeak izendatutako ordezkoak); batzordeburu jardungo du.
Proiektu, Obra eta Ikuskapeneko zerbitzuburuak (edo Etxebizitzako sailburuordeak izendatutako ordezkoak).
Horretarako izendatutako Etxebizitza Zuzendaritzako teknikariak (edo Etxebizitzako sailburuordeak izendatutako ordezkoak); idazkari jardungo du.
3.– Balioespen-prozesuan zehar, Batzordeak aukera izango du bere zeregina aurrera eramateko egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatzeko interesdunei.
4.– Batzordeak ebazpen-proposamena igorriko dio Etxebizitza Sailburuordetzari. Proposamen horretan onuradunen zerrenda egongo da, lehentasun-hurrenkeraren araberakoa, eta bertan laguntzaren xede diren jarduerak eta proposatutako diru-laguntzen zenbatekoak adieraziko dira, bai eta ezesteko proposatutako eskabideen zerrenda eta ezesteko arrazoiak ere.
8. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.
1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira eta horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Etxebizitzako sailburuordeari dagokio, Balioespen Batzordeak proposatuta.
2.– Hartzen den erabakiaren mende egongo da eskatutako diru-laguntzak ematea edo ukatzea. Emanez gero, datu hauek jasoko dira ebazpenetan: erakunde onuradunen izena, diruz lagundutako inbertsio edo gastuaren zenbatekoa, IFK edo NANa, diru-laguntzaren zenbatekoa –diruz lagundutako jarduketetan banakatua eta laguntzaren zenbatekoa urterokotan banatua– eta jarduketak gauzatzeko epea. Ezetsitako diru-laguntzen kasuan, datu hauek jasoko dira: eskatzaileen izena edo izen soziala, IFK edo NANa eta diru-laguntza ukatzeko arrazoiak.
3.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaierarik emango. Izan ere, ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren aurrean; hilabeteko epea izango dute horretarako, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluen arabera.
4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie pertsona onuradunei. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, eman zaien diru-laguntza eta diruz lagundutako inbertsio-proiektua adierazita. 2. artikuluko a) eta d) ataletako diru-laguntzei dagokienez, EGEF funtsen finantzaketa dutenez, diru-laguntza ematearen jakinarazpena Laguntzaren Baldintzak Ezartzen dituen Dokumentua (DECA) ere bada, 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 125.3.c) artikuluak xedatzen duen moduan. Hori dela eta, artikulu honetako 2. atalean zehaztutako gaiez gain, jakinarazpenean EGEFen kofinantzaketarako beharrezkoak diren gainerako alderdi zehatzak ere jasoko dira, diru-laguntzak arautzeko agindu honetan azaldu direnak.
5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, dagokion deialdi-agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi zaiela ulertu beharko dute interesdunek, 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutako ondoreetarako.
6.– Laguntzak emateak esan nahi du du birgaitzeko jarduera babestu gisa deklaratzen dela obra, 317/2002 Dekretuak ezarritako terminoetan.
7.– Onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.
9. artikulua.– Jardueren denbora-eremua.
1.– Diru-laguntzaren xede diren jarduketek esku-hartze proiektua kontratatua izan beharko dute, diru-laguntzen prozeduraren jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean. Onuraduna kontratu publikoen araudiaren eraginpeko erakunde publikoren bat bada, kontratazio-espedientea hasita izan beharko du.
2.– Laguntzaren xede diren jarduketak 2017ko ekitaldian hasi beharko dira eta 2020ko uztailaren 31 baino lehen amaituta egon beharko dute, eta obren onarpen-aktaren edota obra-amaieraren ziurtagiri ofizialaren bitartez ziurtatu beharko da egoera hori.
3.– Diruz lagundutako jarduketa egiteko eta amaitzeko epeari dagokionez, eta erakunde onuradunarekin zerikusirik ez duten eta behar bezala justifikatzen diren arrazoiak tarteko, erakunde horrek epea luzatzea eskatu ahal izango du, ezarritako gauzatze-epea iraungi aurretik. Epea ez da luzatuko onuradunak justifikatutako atzerapen-denbora baino gehiago, ez eta 2020ko abenduaren 30etik aurrera ere. Luzapena Etxebizitzako sailburuaren ebazpen baten bidez onartu beharko da, Etxebizitza Zuzendaritzak aldeko irizpena eman ondoren.
10. artikulua.– Ordainketa.
1.– Deialdi honen babespean emandako diru-laguntzaren ordainketa honela egingo da:
a) Ordain-agindu partzialen bitartez, Etxebizitza Zuzendaritzak Obra Proiektua onartu ondoren, emandako ebazpenari jarraikiz eta udal-zerbitzuek Obren Udal Lizentzia esleitu eta gero, eta egindako gastua egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu ondoren.
Ordain-agindu horien zenbatekoari dagokionez, justifikatutako diru-laguntzaren % 90a ordainduko da, eta onartutako diru-laguntzaren % 90, gehienez ere.
b) Zenbateko osoaren % 10aren baliokidea den azken ordainketa bat egingo da, emandako laguntzaren mugarekin, diruz lagundutako birgaitze esku-hartzea amaitu izana dokumentu bidez ziurtatu ondoren. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da: Obra Amaierako Likidazioa, Obra Zuzendaritzak sinatua; ordainketen egiaztagiriak; obraren amaierako egoera erakusten duten argazkiak, Obra Amaierako Ziurtagiria; eraikinaren energia-efizientziako ziurtagiria, amaituta eta erregistratuta; instalazio termikoaren ziurtagiria, instalazioaren zuzendariak edo Autonomia Erkidegoko organo eskudunak baimendutako instalatzaileak sinatua; eta laguntzaren xede izan diren jardunak behar bezala egin direla egiaztatzen duen aukerako txostena.
Ekitaldi batean ordaindutako kantitateek ezingo dute gainditu, inolaz ere, diru-laguntzak esleitzeko ebazpenean urte horretarako adierazitako zenbatekoa.
2.– Egindako gastuak egiaztatzeko dokumentuak honako hauek izango dira:
a) Inbertsioaren egiaztagiriak:
– Txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idazteari dagokionez, beharrezkoak izan diren obra-proiektuak idazteko zerbitzu profesionaletako teknikarien zerbitzu-sarien fakturak eta egindako ordainketen banku-agiriak.
– Obrak gauzatzeari dagokionez: fakturak, obra-ziurtagiriak, eskumena duen zuzendaritzak sinatuta, eta egindako ordainketen banku-agiriak, eta ziurtagiria egin den unean obrak zer egoeratan dauden jasotzen duten argazkiak.
– Diru-laguntzaren likidazioa egiteko: Obra Amaierako Likidazioa, Obra Zuzendaritzak sinatua; ordainketen egiaztagiriak; obraren amaierako egoera erakusten duten argazkiak, Obra Amaierako Ziurtagiria; eraikinaren energia-efizientziako ziurtagiria, amaituta eta erregistratuta; instalazio termikoaren ziurtagiria, instalazioaren zuzendariak edo Autonomia Erkidegoko organo eskudunak baimendutako instalatzaileak sinatua; eta laguntzaren xede izan diren jardunak behar bezala egin direla egiaztatzen duen aukerako txostena.
b) Egindako ordainketen banku-agiriak:
– Banku-transferentzia edo -ziurtagiriak edota ordainketa-laburpenak; bertan argi eta garbi identifikatu beharko dira ordainketaren hartzailea eta jaulkitzailea, ordainketaren xede den fakturaren zenbakia eta ordainketa-eguna. Onuradunak Etxebizitza Zuzendaritzara bidali beharko ditu laguntzaren ordainketa jaso eta hilabeteko epean.
Ez da eskudirutan egindako ordainketarik onartuko. Ordaintzeko modua banku-transferentzia bat baldin bada, haren karguaren frogagiriaren kopiaren bitartez justifikatuko da, transferentziaren kontzeptuan faktura-zenbakia adieraziz, edo, halakorik ezean, ordainketa-kontzeptua jasoz. Aurkezten diren ordainagiri guztietan onuradunak ordainketaren jaulkitzaile gisa agertu behar du; ordainagirian ordainketaren jaulkitzailea agertzen bada, banku-erakundearen egiaztagiria aurkeztu beharko da honako hauei buruzko informazioarekin: ordainketa-jaulkitzailea, ordainketaren hartzailea, data eta zenbatekoa.
Oinarrietan aurreikusitako mugaeguna justifikazio-epeen amaiera-dataren ondoren duten ordainketa geroratuen kasuan, laguntza-xede gisa onartuko diren bakarrak honako hauen bitartez egindakoak izango dira:
a) Txeke pertsonala, bere deskontua banku-laburpenean justifikatuz.
b) Banku-txekea, hornitzaileak emandako jaso izanaren agiria gaineratuz, eta agiri horretan ordaintzeko modu gisa onartuz.
c) Ordaindukoa, hornitzaileak emandako jaso izanaren agiria gaineratuz, eta agiri horretan ordaintzeko modu gisa onartuz.
d) Kanbio-letra, onartua.
e) Kreditu-gutun atzeraezina, berretsita, edo dokumentu-kreditu atzeraezina.
11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote diru-laguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Onuradunek Euskadiko Ogasun Publikoaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan zehaztutako legezko obligazioak bete behar dituzte, honako berezitasun hauek kontuan hartuta:
a) Etxebizitzako zuzendariari jakinaraztea edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste diru-laguntza edo laguntzarik lortuz gero, organo-emailea eta zenbatekoa adierazita. Era berean, diru-laguntza emateko orduan aintzat hartu den egoeretako edozeinetan –den egoera subjektiboa nahiz objektiboa– aldaketarik gertatuz gero, organo horri berorri jakinarazi beharko zaio.
b) Etxebizitza Zuzendaritzari jakinaraztea obren idazkuntza- eta zuzendaritza-zerbitzuen kontratazioa, baita obrak gauzatzeko, haien jarraipena egiteko eta amaitzeko beharrezkoak diren dokumentuak (txostenak, ziurtagiriak, lizentziak eta abar) aurkeztea ere, proiektuaren ale bat Etxebizitza Zuzendaritzari emanez, hark onartzeko eta Agindu honetako helburuetara egokitzen dela egiaztatzeko; era berean nahitaez aurkeztu beharko dira obren hasiera-akta eta hileroko txosten bat, bertan argi adieraziz gauzatu den obra-ehunekoa, aurrekontua kapituluka adieraziz eta ehunekoak banakatuz. Etxebizitza Zuzendaritzak proiektua onestea beharrezko eta ezinbesteko baldintza izango da obren lizitazioa egin baino lehen eta obrak hasi aurretik.
c) Etxebizitza Zuzendaritzako teknikariei obretarako sarbidea erraztea, obrei jarraipena egiteko eta obren azken egiaztapena egiteko.
3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak diru-laguntzaren xedea zaintzeko eginkizunetan ari direla eskatzen dioten informazio guztia eman beharko du onuradunak.
4.– Onuradunak zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak eguneratuta izan beharko ditu nahitaez, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren arabera. Diru-laguntzarako eskabidea aurkezten denean eskatzaileak baimena ematen du laguntza ematen duen organoak gai horiek guztiak Ziurtagiri Telematikoen bitartez egiaztatzeko, eta kasu horretan eskatzaileak ez du dagokion Ziurtagiria aurkeztu beharko. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak baimen hori espresuki ukatu ahal izango du. Kasu horretan, dagokion Ziurtagiria aurkeztu beharko du.
5.– Onuradunak era berean diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren Erregelamenduan aurreikusitako oinarrizko araudia bete beharko du nahitaez, baita kontrolari, erantzukizunari, zigor-erregimenari eta ez-betetzeei buruzko Europako Erkidegoko legeria ere. Laguntzak onartzeak berekin ekarriko du, halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduak 115. artikuluaren 2. atalean jasotako eragiketen zerrenda publikoan sartzeko baimena ematea. Gainera, aintzat hartu behar da EGEFen kofinantzaketa dela-eta nahitaezkoa izango dela gauzatzen diren ekintzei buruzko finantzaketari, administrazioari eta jarraipenari buruzko informazioa artxibatuta edukitzea 3 urte igaro arte, eragiketaren gastuak barne hartzen dituzten kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31n kontatzen hasita. Horiek horrela, onuradunaren betebeharra da, halaber, informazio hori erraz eskuratzeko moduan egotea (kontabilitate-sistema bereizia edo berariazko kodifikazioa).
6.– Onuradunek diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
12. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuek nahiz beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako diru-laguntzekin, xede bera badute edo helburu berarekin ematekoak badira. Salbuetsita daude Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak jabeen erkidegoei emandakoak. Alabaina, bateragarriak izango dira diru-sarreren arabera eskubideen titularrei indibidualki emandako laguntzekin, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko abenduaren 29ko Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz.
2.– Xede berarekin emandako laguntza bat baino jasotzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jarduketen kostua. Horrelakorik gertatuz gero, laguntzaren muga ez gainditzeko, Agindu honen konturako laguntza murriztu egingo da lehendabizi.
3.– 2. artikuluko a) eta d) ataletako diru-laguntzei dagokienez, EGEF funtsen kofinantzaketa dutenez, 1303/2013 Erregelamendua aplikatuko zaie. Hori dela eta, «operazio batek Europako egitura- eta inbertsio-funts bateko edo bat baino gehiagoko laguntza jaso ahal izango du, bai eta Batasuneko beste instrumentu batzuena ere, baldin eta Europako egitura- eta inbertsio-funts bateko ordainketa jasotzeko eskaera batean sartutako gastu-sailak ez badira Batasunaren beste funts edo instrumentu batek (edo funts berberak, beste programa batean) diruz lagundutakoak» (1303/2013 Erregelamenduaren 65. artikuluaren 11. puntua).
13. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, eta, hala badagokio, beste edozein administraziotik edo erakunde publiko zein pribatutatik, laguntza edo diru-laguntza gehiago lortzen bada, edota bestelako diru-sarrerak edo baliabideak badaude helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko akordioa alda daiteke, betiere diru-laguntzari buruzko arauan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira; baldintza horiek Agindu honen 2. eta 3. artikuluetan ezarritakoak dira.
2.– Horretarako, Etxebizitzako sailburuordeak aldaketa egiteko ebazpena emango du, eta bertan, hala badagokio, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doitu egingo dira.
14. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Diru-laguntza ematea eragin zuten baldintzetako edozein ez dela bete egiaztatzen bada, edo diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan zerrendatutako itzulketa-arrazoiren bat baldin badago, diru-laguntza galduko da, eta jasotako zenbatekoak eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian, dagozkion prozedura-izapideak bideratu ondoren, honako arau hauetan ezarritakoaren arabera: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikulua; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartua; eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
15. artikulua.– Publizitatea eta hedapena.
1.– Agindu honen babesean diruz lagundutako obrek Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa dutela adierazi beharko da.
2.– Eta hori adierazi egin beharko da, kartelen bidez, obrak gauzatuko diren eraikinetan. Diru-laguntzaren behin betiko ebazpenarekin batera jakinaraziko den ereduaren araberako iragarkia erakutsiko dute kartel horiek.
3.– Era berean, jarduera beste bitartekoen bidez hedatzen edo zabaltzen bada, Eusko Jaurlaritzaren kofinantzaketa adieraziko da.
4.– Artikulu honen xedeetarako, Eusko Jaurlaritzaren Korporazio Identifikazioari buruzko Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoa beteko da.
5.– 2. artikuluko a) eta d) ataletako diru-laguntzei dagokienez, Euskadiko 2014-2020 aldirako EGEF Programa Eragilearen esparruko kofinantzaketa dutela iragarri beharko da diruz lagundutako obretan, 1303/2013 (EB) Erregelamenduko 115.3 artikuluaren eta XII. eranskineko 2.2 atalaren arabera. Baldin eta diruz lagundutako obrei buruzko informazio- eta komunikazio-ekintzak egiten badira, aipatu egin behar da EGEFen bidezko Europako kofinantzaketa hedapenari lotutako material edo euskarrietan, Batasunaren ikurra eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta; eta eragiketa gauzatzean, labur deskribatuko da eragiketa bere webgunean, Batasunaren diru-laguntza nabarmenduta, eta gutxienez informazio kartel bat jarriko da proiektuari buruz, gutxienez A3 tamainan, non Batasunaren diru laguntza aipatuko baita jendearen ikusgai.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura egingo diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko eta egoki den kreditua egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 28a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
I. ERANSKINA
MONITORIZAZIO SISTEMA
Hartutako neurrien funtzionamendua eta eraginkortasuna egiaztatzeko sistemen monitorizazioa, kontsumoari buruzko datuen eta ingurumen-baldintzen teleirakurketa, bilketa eta ustiaketa ahalbidetzen duen sistema bat erabiliz Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak urrutitik egina. Monitorizazio sistemak gutxieneko prestazio hauek izan beharko ditu:
– Erabilitako monitorizazio sistemak gai izan behar du etengabe eta hamar minutuko tartean, barneko giro-tenperatura, barneko hezetasun erlatiboa eta berokuntzarako energia-kontsumoaren balioak monitorizatzeko. Tenperatura, hezetasuna eta berokuntzarako energia-kontsumoa etxebizitza bakoitzaren arabera diskretizatuko dira. Nahikoa da tenperatura eta hezetasun erlatiboa noizean behin neurtzea etxebizitzaren barruko baldintzak hobekien adierazten dituen gelan.
– Erabilitako sentsoreek hari gabeko transmisio-sistema izan beharko dute, jartzeko obra handirik behar ez duen sistema; eta berezko energia-elikadura izanez gero, elikadura hori behar adinakoa izango da monitorizazio-kanpaina osoan funtzionatzeko.
– Konexio-sistemak sendoa izan behar du eta korronte elektrikoaren hornidura-gorabeheretatik babesteko sistemaren bat izan beharko du. Erregistroa eteten bada, sistemak automatikoki jarri beharko du martxan.
– Aldagaien neurketaren ziurgabetasunak balio hauek baino txikiagoak izango dira: ± 0,5 ºC tenperaturari dagokionez; % ± 5 hezetasun erlatiboari dagokionez; % ± 5 berokuntzarako energia-kontsumoaren neurriari dagokionez.
– Monitorizazio-sareak behar diren baliabideak izango ditu lortutako datuak, aurretik definitutako formatu batean, horretarako erreserbatutako zerbitzari nagusira helarazi ahal izateko.
– Tresneriaren instalatzaileak behar diren neurriak hartu beharko ditu neurtzeko ekipamenduak muntatzeko eta ekipamendu horiek funtzionatzeko egindako jarduketak eraikinaren segurtasunerako edo eraikin horretako bizilagunen osasunerako arriskutsuak izango ez direla bermatzeko.
Eraberritutako eraikinaren energia-eraginkortasunaren hobekuntza egiaztatzeko eta kuantifikatzeko, ezinbestean egin beharko dira barneko konfort termikoaren eta berokuntzaren energia-kontsumoa neurtzeko jarduketak, eraberritutako eraikinaren edo blokearen etxebizitzen lagin adierazgarri batean.
Hautaketa adierazgarria egiteko, jarraian zehaztu dien taulan ezarritako irizpideak bete beharko dira etxebizitzak hautatzeko. Etxebizitzak ezin badira hautatu irizpide horietakoren baten arabera, proiektuaren baldintza partikularren arabera justifikatu ahal izango da beste etxebizitza batzuen hautaketa. Nolanahi ere, monitorizatutako etxeak birgaitutako etxebizitza guztien % 20 izango dira gutxienez.