EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2016248

AGINDUA, 2016ko abenduaren 28koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez agiriak idazteko eta obrak gauzatzeko laguntzetarako deialdia egiten baita Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2007ko maiatzaren 2ko Aginduan ezarritakoari jarraituz. Agindu horren bidez, Birgaitze Integratuko Areetan edo Bizitegi Area Degradatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen da.

Xedapenaren data: 2016-12-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201605623
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2007/05/09an argitaratutako 2007/05/02ko AGINDUA [200702584]

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren 1. artikuluan, agindu horren eremuan diruz lagundu daitezkeen jarduketak biltzen dira.
Hori dela eta, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuordearen 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren 1. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, honako hauek dira deialdi honen xedea:
I.– Honako agiri hauek idaztea:
a) Alde historikoei buruzkoak:
a.1.– Alde Zaharrei buruzko Azterlan Soziourbanistikoak edo Alde Zaharrak Birgaitzeko Plan Bereziak idaztea, bai eta 1/200 edo 1/500 eskalako jasotze topografikoak idaztea ere.
a.2.– Urbanizazio-elementuak –eta, hala badagokio, hiri-altzariak– kontserbatzeko, zaharberritzeko, eraberritzeko edo zabaltzeko beharrezkoak diren obrei buruzko proiektuak, betiere obra horiek Birgaitze Plan Berezietako zehazpenetan halakotzat bildu badira eta eremuko jabeei obra horien kostua esleitzen ez bazaie urbanizazio-betebehar gisa.
a.3.– Birgaitze Integratuko Areetako urbanizazioen –bereziki, eraikin eta urbanizazioak eraitsi ondoren egin diren urbanizazioen– lehen ezarpena egiteko obra/proiektuak, betiere obra horiek berariaz halakotzat hartuta badaude Birgaitze Plan Berezietan.
a.4.– Urbanizazioak erabat edo partez eraisteko obrei buruzko proiektuak, baldin eta abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren I. eranskinaren xedeak eta betebeharrak betetzen badituzte birgaitze esku-hartzeak zehazteari dagokionez (317/2002 Dekretua, Ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzkoa).
b) Bizitegi-area degradatuei buruzkoak:
b.1.– Bizitegi Area Degradatuei buruzko azterlan soziourbanistikoak, Ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzko 317/2002 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarrian aurreikusitako dokumentazioarekin batera, hau da: esparrua zehaztea, jarduketa azaltzeko eta arrazoitzeko memoria, azterlan ekonomiko-finantzarioa eta jardun-programa.
Bizitegi Area Degradatuei buruzko azterlan soziourbanistikoak idatzita badaude, diru-laguntzaren xedea izan daiteke abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarrian aurreikusitako agiri osagarriak idaztea (317/2002 Dekretua, Ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzkoa).
Birgaitze Integratuko Plan Berezia idatzi beharra dagoenean, ez da beharrezkoa izango azterlan ekonomiko-finantzarioa eta jardun-programa aurkeztea.
b.2.– Birgaitze Integratuko Plan Bereziak edo Birgaitzeko edo Berritzeko Programa Estrategikoak.
Agindu honen xedeetarako, Birgaitzeko edo Berritzeko Programa Estrategikoaren agirian jardun endogeno eta exogenoei buruzko proposamenak biltzen dira. Hain zuzen ere, irekitako eremuak edo 317/2002 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarrian ezarritakoa aplikatu zaien eremuak birgaitu eta berritzeko helburuak lortzea da jardun horien guztien xedea.
b.3.– 1/200 edo 1/500 eskalako jasotze topografikoak.
b.4.– Urbanizazio-elementuak –eta, hala badagokio, hiri-altzariak– kontserbatzeko, zaharberritzeko, eraberritzeko edo zabaltzeko beharrezkoak diren obrei buruzko proiektuak, betiere obra horiek Birgaitze Plan Berezietako edo Birgaitzeko edo Berritzeko Programa Estrategikoetako zehazpenetan halakotzat bildu badira eta areako jabeei obra horien kostua esleitzen ez bazaie urbanizazio-betebehar gisa.
b.5.– Urbanizazioen –bereziki, eraikin eta urbanizazioak eraitsi ondoren egin diren urbanizazioen– lehen ezarpena egiteko obra-proiektuak, betiere obra horiek berariaz halakotzat hartuta badaude Birgaitze Plan Berezietan edo Birgaitzeko edo Berritzeko Programa Estrategikoetan.
b.6.– Urbanizazioak erabat edo partez eraisteko obrei buruzko proiektuak, baldin eta abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren I. eranskinaren xedeak eta betebeharrak betetzen badituzte birgaitze esku-hartzeak zehazteari dagokionez (317/2002 Dekretua, Ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzkoa).
II.– Honako obra hauek egitea:
1.– Urbanizazio-elementuak –eta, hala badagokio, hiri-altzariak– urbanizatzeko edo eraisteko, kontserbatzeko, zaharberritzeko, eraberritzeko edo zabaltzeko obrak, artikulu honen 1. atalean aipatutako obra-proiektuetan biltzen direnak.
Birgaitze Integratuko Areetan edo Bizitegi Area Degradatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak ematea arautzen duen 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren 4. artikuluan xedatzen denez, dagokion laguntza-deialdia egingo da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren agindu bidez, eta argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Adierazitako guztiagatik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura egindako gastu-espedienteen aurreratutako izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Birgaitze Integratuko Areetan edo Bizitegi Area Degradatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko laguntzetarako deialdia egitea, honako helburu hauek izango dituena:
a) Aurreko paragrafoan aipatutako 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren 1.1 artikuluan bildutako agiriak idaztea.
2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren 1.1.a artikuluko 2., 3. eta 4. puntuetan eta 1.1.b artikuluko 4., 5. eta 6. puntuetan aipatutako obra-proiektuak idazteko laguntzak emateko, honako hau bete beharko da ezinbestean: agindu hau argitaratu aurretik, proiektu horietan garatutako eremuak Birgaitze Integratuko Area edo Bizitegi Area Degradatu deklaratu izana, agindu bidez.
b) 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren 1.2.1 artikuluan aipatutako obrak egitea. Obrak egiteko deialdi hau partziala da, 1.2.1 atalean zehaztutako obrak bakarrik biltzen baititu: «Urbanizazio-elementuak –eta, hala badagokio, hiri-altzariak– urbanizatzeko edo eraisteko, kontserbatzeko, zaharberritzeko, eraberritzeko edo zabaltzeko obrak, artikulu honen 1. atalean aipatutako obra-proiektuetan biltzen direnak».
Bigarrena.– Laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hirugarrena.– Laguntza horiek emateko, guztira hiru milioi (3.000.000,00) euro bideratuko dira guztira, eta honela banakatuta:
Laugarrena.– 1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektronikoan daude eskuragarri (url):
https://www.euskadi.eus/2017/bia_ad_birgaitzea/y22-izapide/eu
3.– Eskabidearen ondoko izapideak honako gune honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus, «Egoitza Elektronikoa / Nire Kudeaketak» atalean.
4.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
5.– Eskabideak I. eranskinean (Eskabidea) argitaratutako formatuaren arabera egingo dira, laguntza zer jarduketetarako eskatzen den zehaztuta, III. eranskinean (Laguntza jasotzeko aurkeztu diren jarduketak) ezarritakoari jarraituz. Eskabidearekin batera, II. eranskinean (Aurkeztu beharreko dokumentazioa) zehaztutako dokumentazioa aurkeztuko da. Eranskin horiek 2007ko maiatzaren 2ko Aginduarenak dira, zeina aldatu baitzen 2013ko urriaren 23ko Aginduaren bidez. Etxebizitza Zuzendaritzak eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo dokumenturen bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.
Bosgarrena.– Balorazio-batzordeak kide hauek izango ditu:
– Etxebizitzako zuzendaria; batzordeburua izango da.
– Lurralde Antolamenduko arduraduna.
– Etxebizitza Zuzendaritzaren zoru-zerbitzuari atxikitako teknikari bat; batzordeko idazkaria izango da.
Seigarrena.– Prozeduraren gehieneko epea amaitzen bada interesdunei esanbidezko ebazpenik jakinarazi gabe aurkeztutako eskaerei dagokienez, eskaera horiek ezetsitzat jo beharko dute, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan.
Zazpigarrena.– Onuradunek zortzi hilabeteko epea izango dute inbertsioak gauzatzeko, diru-laguntza eman zaiela jakinarazten zaien egunetik hasita; Birgaitze Plan Berezien kasuan, ordea, epea hogeita lau hilabetekoa izango da. Obrak egiteko diru-laguntzen kasuan, 2019ko abenduaren 31n amaituko da inbertsioak gauzatzeko epea.
Jardunak deialdiaren ebazpena argitaratu ondoren hasi beharko dira, eta, obrak, 2017ko abenduaren 31ra arteko epean, gehienez.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, ezinbestekoa izango da kreditu egokia eta nahikoa izatea Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorretan, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurreratutako izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 28a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.