EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2016246

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 163/2016 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2016-11-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201605571
Maila: Ediktua
Donostia-San Sebastiángo Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.
Judizioa: 163/2016 ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.
Alderdi demandatzailea: Rumilda Beatriz Duartez Aquino.
Alderdi demandatua: Lidio Roman.
Aipatu judizioan epaia eman da, eta hauek dira xedapenak:
335/2016 EPAIA
Epailea: Elisabet Garcia Alegre.
Lekua: Donostia.
Eguna: bi mila eta hamaseiko azaroaren hogeita bederatzia.
Alderdi demandatzailea: Rumilda Beatriz Duartez Aquino.
Abokatua: Unai Arrizabalaga Gonzalez.
Prokuradorea: Ines Perez-Arregui de Codes.
Alderdi demandatua: Lidio Roman. Auzi-ihesean.
Abokatua.
Prokuradorea.
Auzigaia: guraso eta seme-laben arteko hartu-emanak ezartzeko demanda.
XEDAPENAK
Baietsi egiten dut auzitegietako Pérez-Arregui prokuradoreak, Rumilda Beatriz Duartez Aquinoren izenean eta ordez, Lidio Román-en aurka aurkeztu duen demanda, eta, horrenbestez, harremana desegitearen ondoriozko neurri hauek hartzen ditut, XXXX seme adingabekoari dagokionez:
1.– Guraso-ahalaz baliatzea. Guraso-ahala elkarrekin baliatzen jarraituko dute bi gurasoek. Gurasoek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak hau dakar: seme-alaba adingabeei dagozkien erabaki garrantzitsu guztiak guraso biek elkarrekin adostuta hartzeko beharra. Erabakiak hartzeko, egokien zaien komunikazio-bidea hautatu beharko dute; eta komunikazio-bide hori errespetatzera eta betetzera behartuta daude. Besterik adierazi ezean, komunikazioa posta elektronikoz edo burofaxez gauzatuko da, eta, hortaz, beste gurasoak ere bide horiek baliatuta erantzun beharko du; hala egiten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Adostasunik ez badago, Epaitegiak erabakiko du, Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:
– Adingabeen egoitza haiek ohiko bizileku duten udalerritik kanpora aldatzea; adingabeak atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan izan ezin.
– Ikastetxea aukeratzea edo ikastetxea aldatzea.
– Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.
– Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; hala nola bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.
– Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.
Guraso biei aitortzen zaie adingabeen eskola-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ikastetxeko jarduera tutorialetan parte hartzekoa ere. Halaber, euren semearen tratamenduei buruzko argibide medikoak ere eskatu ahal izango dituzte biek.
Semearekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak adingabearen eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak eta garrantzirik gabekoak badira.
2.– Zaintza eta jagoletzaren gaineko araubidea. 1.- Seme adingabearen zaintza eta jagoletza amari esleitzen zaizkio.
3.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-araubidea. Ez da ezartzen aita eta semearen arteko bisita-erregimenik. Aitak borondatea agertzen badu semearekiko harremanari berriz ekiteko, gurasoen arteko adostasunez finkatuko dira bisitak, eta, adostasunik ez badago, neurri hori aldatzeko eskatu ahal izango da horretarako legez ezarritako prozeduraren bidez.
4.– Mantenu-pentsioa. XXXXX seme adingabearentzako mantenua ordaintzeko, aitak pentsio bat ordaindu beharko du, 100 eurokoa hilean; eta epai honen datatik hara hala egin beharko du, semea adinez nagusi izan arte, ekonomikoki independente izan arte, edo izateko moduan dagoen arte, fede oneko eskakizunen arabera. Zenbateko hori urteko hamabi hilabeteetan ordainduko zaio amari, hileko lehenengo bost egunetan; pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako kontsumoko prezioen indizeak aurreko urtean izandako aldaketen arabera, abendutik abendurakoa; urtarrilaren batetik izango ditu ondorioak, 2017. urtetik aurrera.
Aitak zuzenean eta bere aldetik ordaindutako era horretako gastuak ez dira kenduko ebazpen honen arabera ordaindu behar duen pentsiotik.
Semea adinez nagusi izatearekin batera amaituko da pentsioa, edo ekonomikoki independente denean, edo izateko moduan dagoenean, fede oneko eskakizunen arabera.
5.– Ezohiko gastuak. Ekonomikoki independente ez diren bitartean, semearen bizitzan sortzen diren aparteko gastuak erdibana ordainduko dituzte gurasoek. Kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira); beste gastu batzuk, berriz, sartu egingo dira apartekoen kontzeptuan, eta katalogo posible osoa adierazteko asmorik gabe, honako hauek sar daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, osasun-sistema publikoan edo dagokion erakunde medikoan sartzen ez diren gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere. Egin beharreko gastua medikoa izanik, Gizarte Segurantzak edo dagokion erakunde medikoak ordaintzen ez badu eta beharrezkoa bada, erdibana ordainduko dute aitak eta amak; horretaz gain, fakultatiboa eta tratamendua bi gurasoek elkarrekin adostutakoak izango dira.
Aurreko paragrafoan azaldutako ezohiko gastuak aitak eta amak adostu beharko dituzte, gastua egin aurretik betiere; horrela, bada, gastu horiek egiteari dagokionez desadostasunik egonez gero, organo judizialaren pean jarriko da gaia; izan ere, organo horrek erabakiko du gastu hori ea bi gurasoek ordaindu behar duten, ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Gastua egingo dela ebatziko da, baldin eta behar-beharrezkoa bada, edo semearentzat oso komenigarria bada eta familiaren gorabeherei egokitzen bazaie. Erregimen horretatik kanpo uzten dira behar-beharrezkoak diren presako gastuak; izan ere, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.
Guraso biek erakaia elkarrekin hartzearen ondorioetarako, aldez aurretik premiazkoa ez den gastu bat egiteari edo premiazko gastu bat egin ostean jakinarazteari dagokienez, gurasoen arteko komunikazioetarako mekanismo egiaztagarri bat ezarriko da: faxa, burofaxa, telefaxa edo posta elektronikoa. Guraso batek frogatzen badu besteari jakinarazi diola –bide egiaztagarri batez– beharrezkoa edo komenigarria dela semearen aparteko gastu hori egitea; ulertu egingo da beste gurasoa ados dagoela gastu hori egitearekin, erantzuten ez badu, behintzat (eta horrela egiaztatzen badu); kontra egote hori berariaz adierazi beharko du, jakinarazpena jaso eta zazpi eguneko epean.
Gainera, gurasoek, ados jarrita, beste edozein gastu adostu ahal izango dute semearentzat (alde batera utzita ebazpen honetan berariaz aparteko gastutzat hartutakoak), eta ebazpen honetan adierazitako proportzioan ordaindu ahal izango dute, erdibana, edo eurek adostutako moduan.
Aparteko gastuak ordaintzeko obligazioa amaituko da semea, adin nagusikoa izanik edo legez emantzipatuta egonik, ekonomikoki independentea denean, hartara eragotzi gabe Kode Zibilaren 150. eta 152. artikuluetako amaitze-kausak.
Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.
Ez da kosturik ezartzen.
Aurkaratzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, eta zein diren apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak (PZLb, 458.2 artikulua).
Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santanderren duen gordailuan eta zainpean uzteko kontuan. IBAN zenbakia hauxe da: ES55 0049 3569 9200 0500 1274; eta kontzeptua: 1847 0000 00 0163/16. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean utzi izana egiaztatu egin beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).
Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.
Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.
Alderdi demandatuaren gaur egungo helbidea edo bizilekua ezezaguna denez gero, Prozedura Zibilari buruzko 1/2000 Legearen 156.4 eta 164. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, ediktu hau EHAAn argitaratzea ebatzi du epaileak, epaia jakinarazteko eginbidea gauza dadin.
Donostia, 2016ko azaroaren 29a.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.