EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2016245

AGINDUA, 2016ko abenduaren 15ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, sail horretako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzan hutsik dagoen goi kargudunaren idazkari lanpostu bat izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko iragartzeko dena (kodea: 520010; dotazioa: 87).

Xedapenaren data: 2016-12-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201605548
Maila: Agindua
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Gazteria eta Kirol Zuzendaritzan goi-kargudunaren idazkari lanpostu bat hutsik dagoenez –kodea: 520010; dotazioa: 87–, Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 46.2 d) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman duelarik, agindu honetako eranskinean adierazten den lanpostua izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du sail honek. Hona hemen deialdiaren
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartu ahal izateko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, eranskinean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Aipatutako baldintza berdinetan, honako hauek ere parte hartu ahal izango dute, betiere lanpostuen zerrendetan deialdiko lanpostuak halako langileek bete ditzaketela azaltzen bada: beste administrazio publikoetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako karrerako funtzionarioek, Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek.
2.– Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda hartu dezakete parte deialdi honetan, honako egoera hauetan izan ezik:
1) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita badute. Ezingo dute parte hartu egoera horrek dirauen bitartean.
2) Norbere kontuetarako edo familia ekartzeko borondatezko eszedentzian egonik lanera itzuli baino lehen egon beharreko denbora ez badute bete.
3.– Eskatutako baldintzak bete beharko dira deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira eskakizunak. Parte hartzeko betekizunak betetzen jarraitzen ez duten parte hartzaileek ezingo dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.
Bigarrena.– Eskabideak.
1.– Hautagaiek Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Eskabideetan datu pertsonalak eta orain daukaten destinoa adierazi beharko dute hautagaiek.
2.– Hautagaiek eskaerarekin batera currículum vitaea aurkeztu beharko dute, eta han, honako hauek adierazi:
a) Titulu akademikoak.
b) Administrazio publikoan eta enpresa pribatuetan betetako lanpostuak.
c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, dauzkaten hizkuntza-ezagupenak eta egokitzat jotzen dituzten bestelako merezimenduak.
Eskabidearekin batera, eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta adierazitako merezimenduak dauzkatela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Horiek dagoeneko langileen erregistroan badaude, ez dituzte aurkeztu beharko. Esandako guztiez gain, aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edota bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.
Hirugarrena.– Ebazpena.
Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da. Hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, gehienez ere hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik hasita.
Lanpostua lortzen duen pertsonak, ezarritako epearen barruan hartu beharko du jabetzen lanpostua eta, hala badagokio aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 15a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
ERANSKINA
Deialdiko lanpostua.
– Izena: Goi-kargudunaren idazkaria.
– Kodea: 520010.
– Dotazioa: 87.
– Lekua: Gazteria eta Kirol Zuzendaritza – Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
– Lantokia: Vitoria-Gasteiz.
– Kidegoa: C1/D1.
– Lanpostu-mailako ordainsari osagarria: 18.
– Berariazko osagarria: VI-A.
– Hizkuntza-eskakizuna: 2.a.
– Derrigortasun data: 2001-10-31.
Lanpostuan aritzeko eskakizunak:
– C1 edo D1 kidegokoa izatea.
– Era berean, beharrezkoa izango da urtebeteko esperientzia Administrarien kidegoan edo 2 urteko esperientzia Administrari laguntzaileen kidegoan.