EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2016245

AGINDUA, 2016ko azaroaren 21ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Justizia Administrazioko Laguntza Judizialeko Kidegora txanda irekiz sartzeko hautaprobak gainditu dituztenei Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen zaizkien lanpostuen zerrenda argitaratzeko dena. Hautaproba horietarako deialdia abenduaren 1eko JUS/2681/2015 Aginduaren bidez egin zen.

Xedapenaren data: 2016-11-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201605547
Maila: Agindua
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Honako hauetan ezarritakoaren arabera: Justizia Administrazioko funtzionarioen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri komunak ezartzen dituen urriaren 14ko JUS/2170/2015 Aginduaren hamazazpigarren oinarria (urriaren 19ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), eta Justizia Administrazioko Laguntza Judizialeko Kidegoan txanda irekiaren bidez sartzeko sistema orokorreko hautaketa-prozesuaren deialdia egiten duen abenduaren 1eko JUS/2681/2015 Aginduaren 8.1.a) oinarria (abenduaren 15eko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Abenduaren 1eko JUS/2681/2015 Aginduaren bitartez, Laguntza Judizialeko Kidegora –txanda irekiko sistema orokorraz–sartzeko hautaprobak deitu ziren. Bada, proba horiek gainditu dituzten hautagaiei –Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean– eskaintzen zaizkien plazetatik bete gabe geratu direnen zerrenda ematen da argitara (I. eranskina).
Bigarrena.– Esparru honetako izangaien destino-eskabideak hemen aurkeztuko dira: Vitoria-Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATan, edota Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Erregistro Nagusian (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz); edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan (urriaren 2ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) aurrez ikusitako bideak erabiliz. Eskabideak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, hautaprobak gainditu dituztenen behin betiko zerrenda Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita, lehen aipatutako hautaketa-prozesuaren deialdiaren 8.1. oinarrian ezarritakoaren arabera.
Hirugarrena.– Eskabideak egiteko, agindu honetako II. eranskinean agertzen den eredua erabili beharko da, jarraibide hauen arabera:
Eskabidean, gehienez ere 100 lanpostu zerrendatu ahal izango dira, eta organoa, udalerria, probintzia eta lanpostua eta dotazioa zehaztuko dira.
Modu horren bidez lanposturik egokitu ezean, probintzien araberako lehentasunen hurrenkera hartuko da kontuan; eskatzaileek eskabidean adierazi beharko dute lehentasun-hurrenkera hori.
Probintzia bakoitzaren barruan destinoak honako hurrenkerari jarraituz esleituko dira:
1.– EAEko Justizia Auzitegi Nagusia.
2.– Probintzia Auzitegiak.
3.– Fiskaltzak.
4.– Bulego judizialeko lanpostuen zerrendak bulego hori ezarrita dagoen probintziako hiriburuan.
5.– Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua.
6.– Dekanotzak eta zerbitzu erkideak.
7.– Instrukzioko epaitegiak.
8.– Zigor arloko epaitegiak.
9.– Espetxe-zaintzako epaitegiak.
10.– Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiak.
11.– Lehen auzialdiko epaitegiak.
12.– Merkataritza-arloko epaitegiak.
13.– Administrazioarekiko auzien epaitegiak.
14.– Lan-arloko epaitegiak.
15.– Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak.
16.– Adingabeen epaitegiak.
17.– Bake-epaitegiak.
18.– Bulego judizialeko lanpostuen zerrendak bulego hori ezarrita dagoen udalerrian.
Laugarrena.– Destinoak esleituko dira hautaketa-prozesu osoan lortutako hurrenkeraren arabera.
Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, izangaiek ezin izango dute eskabidea ezeztatu edo aldatu.
Seigarrena.– Hautagairen batek eskaerarik egin ez badu edo eskatutakorik egokitzen ez bazaio, esleitu gabe geratu diren lanpostuetako bat emango zaio, nahitaez onartu beharrekoa.
Zazpigarrena.– Destinoak nahitaez esleituko dira, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako hautaprobetan lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera.
Zortzigarrena.– Esleitutako destinoak behin betikoak eta lehiaketa bidez lortutakoen baliokideak izango dira, ondorio guztietarako; eta ez dute izango parte hartzerik lehiaketetan, behin betiko destinoa esleitzeko ebazpenaren egunetik aurrera bi urte igaro arte. Bi urte horiek zenbatzeko, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 529.3 artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraituko zaio.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 21a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.