EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2016244

AGINDUA, 2016ko azaroaren 2koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Arabako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-11-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201605528
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Arabako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko eskaeraren espedientea, aurrekari hauek kontuan hartuta:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Arabako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko eskaera sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Sailean, eta, espedientea izapidetu ondoren, nahitaezko txostenak eskatu ziren.
Bigarrena.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Arkitektura Teknikoko Kontseilu Nagusiaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak jaso ondoren, atzemandako akatsak zuzentzeko eskatu zion Herri Administrazio eta Justizia Sailak elkargoari, 2016ko maiatzaren 26ko idazki baten bidez. Elkargoak dokumentazioa igorri zuen, eta 2016ko ekainaren 23an jaso zuten Herri Administrazio eta Justizia Sailean.
Hirugarrena.– Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Horretarako, kontuan hartu dituzte zuzenbideko oinarri hauek:
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, profesionalen elkargoen eta lanbide tituludunen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa urratu gabe, betiere.
Bigarrena.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hala baitago aurreikusita Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 2.1.2 eta 8.1.d) artikuluetan.
Hirugarrena.– Betetzen da Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei Buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikulua, bai eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Erregelamenduari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35.5, 35.6, 35.7, 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa ere.
Aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea Arabako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa.
Bigarrena.– Elkargo horren estatutuen aldaketa agindu honen eranskin gisa argitaratzeko agintzea.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan bi hilabeteko epea, aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 2a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
ARABAKO APAREJADORE ETA ARKITEKTO TEKNIKOEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK.
I. TITULUA – XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA.– IZENA, IZAERA ETA EREMUA.
1. artikulua.– Izena, izaera eta eremua.
1.– Arabako Aparejadoreen eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazio bat da, nortasun juridiko propioa duena, bere helburuak eta egitekoak betetzeko erabateko gaitasuna duena eta barne-egitura eta funtzionamendu-araubide demokratikoak dituena.
2.– Elkargoa honako hauek osatuko dute: lanbideko egoitza bakarra edo nagusia Araban daukaten aparejadoreek, arkitekto teknikoek eta arkitekto teknikoaren lanbide arautuan jarduteko gaitzen duen unibertsitateko titulu baten jabe direnek, bai eta, lanbideko egoitza beste lurralde-eremu batean izan arren, elkargo ofizial honetan sartzeko eskabidea egin dutenek ere.
3.– Elkargoaren lurralde-eremua Arabako probintzia da, eta haren egoitza Gasteizen dago: Jose Luis Gonzalo-Bilbao zidorra 1, behea.
Elkargoaren Gobernu Batzordeak gaitasuna dauka elkargoaren egoitza Arabako lurralde-eremuko beste leku batera aldatzeko; dena dela, erabaki hori elkargoko kideen Batzar Orokorrak berretsi beharko du.
II. KAPITULUA.– ELKARGOAREN HELBURUAK ETA EGINKIZUNAK.
2. artikulua.– Elkargoaren helburuak.
Hona hemen elkargoaren helburuak:
1.– Arabako probintzian lanbidea antolatzea, indarrean dagoen legerian hala ezarrita dagoen bitartean, eta arkitekto teknikoaren lanbide arautuaren ordezkaritza esklusiboa izatea.
2.– Elkargoko kideen interes profesionalen defentsa egitea, eta zerbitzu horien kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak ere defendatzea, gizartearen interes eta beharrizan orokorrekin bat etorriaz.
3. artikulua.– Elkargoaren eginkizunak.
Elkargoak honako eginkizun hauek ditu:
1.– Lanbidean jarduteko elkargoko arauak betetzen diren zaintzea, legezko bateraezintasunak zorrotz zaintzea, eta lanbideko deontologia printzipioei eta arkitekto teknikoaren lanbide arautuari dagozkion egitekoak eta eskumenak arautzen dituzten indarreko xedapenen printzipioei eustea.
2.– Elkargokideei lanbideko Estatutuak eta Barne Araubideko Erregelamendua, bai eta elkargoko organoek, beren eskumeneko alorretan, hartzen dituzten arauak eta erabakiak ere betearaztea.
3.– Lanbidearen jarduna zaintzea, lanbideari eragiten dioten lege-xedapen oro ezagutu eta betetzea bultzatuaz, eta etika profesionala eta lanbidearen arau deontologikoak betearaziz. Era berean, zerbitzu profesionalen hartzaile direnen eskubide legitimoei zor zaien errespetua begiratuko du eta elkargokideen prestazio profesionalek kalitate-maila egokia dutela ere zainduko du, horretarako interes orokorraren eta eraikuntzaren kalitatearen defentsa eginez.
4.– Lanbidean eta elkargoaren beraren funtzionamenduan eragina izan dezakeen guztiaren berri elkargokideei ematea, eta elkargokideen maila teknikoa, etikoa eta kulturala ahalik eta onena izan dadin sustatzea, haien lanbideko jarduna hobetzeko, eta xede hori lortzeko, ikastaro egokiak antolatzea.
5.– Elkargoaren zerbitzuen kontsumitzaile eta erabiltzaile diren pertsonen esku eta elkargokideen esku arreta-zerbitzu iraunkor bat jartzea, kexak eta erreklamazioak aurkezteko urrutiko sistema bat eta bide elektroniko bat eskainiz.
6.– Lanbidearen ordezkapena eta defentsa Administrazioaren, erakundeen, epaitegien, entitateen eta partikularren aurrean. Legitimatuta egongo da lanbidearen interesei eragiten dieten auzietan parte izateko eta eskabide eskubidea erabili ahal izango du Legean jasota dagoen moduan.
7.– Lanbideko intrusismo kasuak Administrazioaren aurrean salatzea eta justizia-auzitegien aurrera eramatea, baita elkarlehia desleialeko kasuak ere, jarduera profesionalei buruzko legerian gai honetaz ezarritako mugekin bat eginez.
8.– Elkargoaren ordezkariak izendatzea, halakorik eskatzen duten organizazio publiko edo pribatu, entitate, batzorde eta epaimahaietan parte hartzeko.
9.– Diziplinazko ahalmena erabiltzea, elkargokideei zehapenak eta diziplina zuzenketak ezarriz hala egin behar den guztietan. Horretarako, elkargoko estatutuetan araututako prozedura bete beharko da.
10.– Elkargokideen artean begirunea eta adeitasuna sustatzea eta elkargokideen artean edo elkargokideen eta beste batzuen artean sortzen diren lanbide-istiluetan esku hartzea, bitartekaritza eta arbitraia egiteko; baina betiere bi aldetakoek hala eskatzen badute.
11.– Lanbideari eragiten dioten arau- edo lege-proiektuei buruzko edo elkargokideen edo elkargoaren helburu eta eginkizunen gaineko erregelamenduzko arau-proiektuei buruzko txostenak egitea, Eusko Jaurlaritzak edo beste edozein administrazio publikok horrelakorik eskatzen badu.
12.– Gai judizialetan peritu gisa lan egin dezaketen elkargokideen zerrenda ematea auzitegiei, bai eta epaitegiek edo auzitegiek eskatzen dizkion txostenak eta irizpenak ere.
13.– Unibertsitate-patronatuetan, ikasketa-planak egiteko prozesuetan eta lanbideari dagozkion ikastetxeen antolaketan parte hartzea, bai eta une bakoitzean indarrean dagoen legediak elkargoei esleitzen dizkien beste helburu batzuetan ere.
14.– Zerbitzu Jardueretan Aske Sartzeari eta Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean aurreikusitako leihatila bakarra dela medio, profesionalek elkargokide izateko, euren jarduera profesionala bideratzeko eta elkargoan baja emateko web orri bat eskura izatea, puntu bakarraren bidez, elektronikoki eta urrutitik hala egin dezaten, aipatutako legean aurreikusitako baldintzen arabera.
15.– Elkargokideek jasotako enkargu-oharren komunikazioak erregistratzea eta, bezeroen eskariz edo indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzen arabera nahitaezkoa denean, lan profesionalak eta enkarguok dakartzaten agiri teknikoak ikus-onestea.
16.– Zenbatekoak, lansariak edo zerbitzu-sariak kobratzea elkargokideen eskariz.
17.– Elkargokideen kuotak eta diru-ekarpenak, elkargoaren funtzionamenduari eta azpiegiturari eusteko beharrezkoak direnak, zehaztea.
18.– Fondoak biltzea eta administratzea, sarreren eta gastuen urteko aurrekontua prestatuz eta horien likidazioa eta balantzea eginez, eta hori guztia elkargokideen Batzar Orokorrari jakinaraztea, sendetsi dezan.
19.– Estatutuak idaztea eta argitaratzea, bai eta araudia behar bezala interpretatzeko, garatzeko, aplikatzeko edota, hala badagokio, aldatzeko arauak ere, indarrean dagoen legerian ezarritakoarekin bat.
20.– Legediak esleitzen dizkion administrazio-eskumenak erabiltzea, eta administrazioarekin lankidetzan aritzea azterlanak, txostenak, estatistikak eta elkargoaren helburuekin lotutako bestelako jarduerak eginez. Eginkizun horiek guztiak administrazioak eskatuta ala elkargoak berak erabakita egin ahal izango dira.
21.– Berez Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoarenak diren eginkizunak betetzea, hala egiteko xedatzen bada Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez eta foru eta toki administrazioaren eginkizunak betetzea, edota hala egiteko xedatzen badute administrazio horietako organo eskumendunek ebazpen, erabaki edo hitzarmen bidez. Erabakia Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
Xedapenean, hitzarmenean edo eskuordetze erabakian aurreikusiko dira eginkizun horien helmena eta eginkizunok betetzeko zehaztapenak.
22.– Lanbideko jarduera guztiak barne hartzen dituen Ikuskapen Zerbitzua sortzea.
23.– Urteko memoria prestatzea. Memoria hau urte bakoitzeko lehen seihilekoaren barruan jendaurrean emango da ezagutzera elkargoaren webgunean, indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzen eta edukien arabera.
24.– Sozietate Profesionalen elkargoko Erregistroa sortzea eta zaintzea.
25.– Elkargokideen jarduera profesionaletik eratorritako dokumentazioa zaintzeko dagozkion neurriak hartzea.
26.– Lanbideko interesentzat onuragarriak diren eta elkargoaren helburuak lortzeko bideratzen diren gainerako egitekoak, elkargokideei buruzko eta berauei ezarritako zigor irmoei buruzko informazio-eskabideei erantzuteko behar direnak barne.
27.– Indarrean dagoen legeriak egotzitako beste edozein egiteko, bai eta elkargokideen zerbitzuen kontsumitzaile eta erabiltzaile diren pertsonak egoki babestu ahal izateko beharrezkoak deritzotenak ere.
II. TITULUA – ELKARGOKIDEAK
I. KAPITULUA.– ELKARGOKIDE EGITEA ETA ELKARGOKIDE MOTAK
4. artikulua.– Elkargokide izan beharra.
Elkargokide izatea nahitaezkoa duten lanbideak lege-mailako arau batek zehaztu artean, lanbideko helbide bakarra edo helbide nagusia Arabako lurraldean duten aparejadore eta arkitekto teknikoak, edota arkitekto teknikoaren lanbide arautuan jarduteko gaitzen duen unibertsitateko titulu baten jabe diren beste profesional batzuk, nahitaez egin behar dira elkargokide. Lanbideko helbidea beste lurralde-eremu batean dutenak, ordea, borondatez egin daitezke elkargokide.
5. artikulua.– Elkargokide izateko prozedura.
1.– Elkargo bateko kide izateko, lehendabiziko eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira:
a) Arkitekto teknikoaren lanbide arautuan aritzeko eskatzailea legez gaitzen duen tituluaren jabe dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
b) Aparejadore eta arkitekto teknikoaren lanbidean aritzeko desgaikuntzarik ez duela dioen zinpeko aitorpena.
Elkargokide egiteko izapidea telematikoki egin ahal izango da, elkargoaren Leihatila Bakarraren bidez. Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren jatortasuna egiaztatu ahal izateko, legean aurreikusita dauden erakundeen arteko administrazio-lankidetzarako prozeduretara jo ahal izango du elkargoak.
Aurkeztu diren agiri guzti horiei buruzko frogagiria emango du elkargoak, harik eta Gobernu Batzordearen eskatzaileari onarpen-erabakia jakinarazi arte; onarpen-erabakia hogei egun naturaleko epean hartu beharko da, eskaera egiten denetik zenbatzen hasita. Aipatutako epea igaroko balitz onarpen-erabakirik jakinarazi gabe, elkargoan alta emanda dagoela ondorioztatuko da.
2.– Eskatzailea beste elkargo bateko kide bada, elkargokideak berak aurkeztutako egiaztagiri bat nahikoa izango da eta ondoko datuak jasoko dira bertan: titulazioa, egoitza profesionalaren aldaketa, lanbidean profesionalki aritzeko desgaiturik ez dagoelako adierazpena, eta, hala badagokio, erantzukizun zibileko aseguru profesional bat kontrataturik daukala, Euskal Autonomia Erkidegoan elkargo profesionalak arautzen dituen legerian ezarritako baldintzetan.
Homologaturik edo aitorturik dauden atzerriko tituluak –eta bereziki Europar Batasuneko tituluak– dituzten profesionalak elkargoari atxikita geratuko dira alor hau arautzen duten legezko xedapenek ezarritakoaren arabera.
3 – Aurretiazko eta beharrezko bermeak direla medio, elkargokide izateko eskabidea ondoko kasuetan baino ezin izango da ukatu:
a) Eskatutako dokumentuak aurkezten ez direnean edo eskumena duten erakundeetako administrazioen arteko lankidetza-sisteman dokumentuen jatortasunari eta askitasunari buruzko arrazoizko dudak azaltzen direnean. Administrazioen arteko lankidetza-sistema legean aurreikusita dago eta bertara jo beharko dute elkargoek horrelako kasuetan.
b) Epai irmo baten bidez, eskatzailea lanbidean aritzeko desgaikuntza izan denean.
c) Elkargotik kanporatua izatea dakarren diziplina-espediente batean ezarritako zigor baten ondorioz.
Artikulu honetako b) eta c) letretan jasotako kasuek bakarrik izango dituzte ondorioak zigorrak edo zehapenak bere horretan dirauen bitartean.
4.– Elkargokide izateko eskabidea onartuz gero, elkargoak ezarrita daukan sarrera-kuota ordaindu beharko da.
6. artikulua.– Jarduneko eta ez-jarduneko elkargokideak.
Aparejadoreak, arkitekto teknikoak eta arkitekto teknikoaren lanbide arautuan jarduteko gaitzen duen unibertsitateko titulu baten jabe direnek jarduneko elkargokideak edo ez-jardunekoak izan ahalko dira.
Elkargoan jarduneko elkargokidea izatea ala ez-jardunekoa izatea borondatezko kontua izango da eta ez du izango zerikusirik lanbidean aritzeko moduarekin. Hala ere, ikus-onespenak egiten jardun nahi izanez gero, ezinbestean izan beharko da jarduneko elkargokidea.
7. artikulua.– Jarduneko elkargokide izatetik ez-jardunekoa izatera eta alderantziz.
Elkargoan duen egoera aldatu nahi duen elkargokideak, jardunekoak edo ez-jardunekoak, idatziz jakinarazi beharko dio elkargoari egoera aldatzeko asmoa, eta idazkia Gobernu Batzordeari zuzenduko dio.
Gobernu Batzordeak hamar eguneko epea izango du eskabidea ebazteko.
Lanbideko jardueraren bat bukatu gabe egonez gero, ezin izango da jarduneko elkargokidea izatetik ez-jardunekoa izatera aldatu.
8. artikulua.– Lanbidearen jardutea.
1.– Arkitekto teknikoen lanbide arautua indarrean dauden arauek zuzenduko dute eta honako hauen menpe egongo da: lanbidea arautzen duten aginduak, Lehia babesteko legea, Bidegabeko lehiaren legea, Eraikuntza antolatzeko legea, bateraezintasunen arloko arauak eta araudi aplikagarriak eskatzen dituen zerga eta aseguru arloko betebeharrak.
2.– Elkargokideek banaka edo taldean lan egin ahal izango dute, Sozietate Profesionalen legeriak dioenarekin bat eta elkargoak ezarritako araudiarekin bat, halakorik ezarri badu.
9. artikulua.– Arabako lurralde-eremuan aldi baterako lanbidean aritzea.
1.– Beste lurralde-eremu batzuetako elkargoetako kide diren profesionalen jarduerak.
Beste lurralde-eremu bateko kide diren profesionalek Arabako lurralde-eremuan burutu ahal izango dute dagokien jarduera profesionala, ikus-onestean hura aurkeztuz, honako Estatutuetako 33. artikuluan jasotako kasuetan.
Onuradun gisa dagozkien eta elkargoko kuotan sartuta ez dauden zerbitzuen truke, Arabako elkargokideei normalean eskatzen ez zaizkien kontraprestazioak ordaintzeko eskakizunik ezin izango die egin elkargoak.
Profesional horiek Arabako elkargoko kide-izaera ez dute; beraz, Arabako elkargoan ez dute eskubide politikorik eta eskubide osoko kide gisa ezin izango dute elkargoko organoetan parte hartu.
2.– Europar Batasuneko Estatu kideetakoak diren profesionalen aldi baterako jarduna.
Europar Batasuneko estatu kide bateko profesional bat Arabara aldi baterako etorriz gero, indarrean dagoen legerian xedatutakoa aplikatuko da, Europar Erkidegoaren Zuzenbidean lanbide-prestakuntzak aitortzeaz ezarritakoa betez.
Araban luzaro gelditzeko asmoz etorri diren Europar Batasuneko profesionalei, lanbidean aritzeko asmoa baldin badute, indarrean dauden Europar Batasuneko arauak aplikatuko zaizkie kasu bakoitzean. Halaber, lanbidean euren kasa jardun ahal izango dute, baita lanbide bereko eta lanbide ezberdineko profesionalekin batera ere. Euren kasa jardunez gero nahiz beste batzuekin batera jardunez gero, sozietate gisa jokatzeko aukera izango dute, legeetan aurreikusita dauden zeinahi forma juridiko hartuz.
10. artikulua.– Elkargokide izaera galtzea.
1.– Elkargokide izaera honako arrazoi hauengatik gal daiteke:
a) Norberaren borondatez uko egiteagatik edo elkargoan baja emateagatik. Horrelakoetan, interesatuak horren berri eman beharko du elkargoko lehendakariari zuzendutako idazki baten bidez.
b) Urtebeteko ohiko eta ezohiko kuotarik ez ordaintzeagatik.
c) Elkargoak eskainitako zernahi zerbitzuren truke fakturatu zaizkion zenbatekoetan, urtebeteko edo gehiagoko atzerapenarekin ibiltzeagatik.
d) Heriotzagatik.
2.– Aurreko paragrafoko b) eta c) letretan aurreikusitako arrazoiak, elkargokide izaera galtzea ekar dezaketenak, aplikatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik ordaintzeko errekerimendua modu frogagarrian eta espresuki egin izana.
3.– Elkargokide izaera galdu arren, ezinbestean bete beharko ditu sortutako betebeharrak.
II. KAPITULUA.– ELKARGOKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK.
11. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.
Elkargokideek honako eskubideak izango dituzte:
1.– Lanbideko interesak babestea eta zaintzea.
2.– Lanbideko jardueren gaineko laguntza eta aholkularitza jasotzea.
3.– Korporazioko bizitzan parte hartzea, batzar nagusietara joanez eta bertan parte hartuz.
4.– Elkargoko organoetara jotzea eskabideak, proposamenak eta emendakinak aurkeztuz.
5.– Zuzendaritza karguetara heltzeko hautagai aurkeztea, estatutuetan ezarritako baldintzetan.
6.– Gobernu Batzordeko kideak eta elkargoko gainerako organoetakoak aukeratzea.
7.– Gobernu-organoek izendatutako elkargo-jarduera eta zereginetan laguntzea eta parte hartzea, batzordeen edota lan-taldeen bidez.
8.– Elkargoko zerbitzuak erabiltzea eta elkargoak ezarritako prestazioak eskuratzea.
9.– Elkargoko organoen ebazpenak errekurritzea.
10.– Elkargoaren arbitrajea eta adiskidetzea eskatzea beste elkargokide batzuekin sortutako lanbideko gorabeherak direla eta.
11.– Ezohiko Batzar Orokorrera deitzeko eskatzea estatutuetan ezarritako baldintzetan.
12. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.
Elkargokideek honako betebeharrak izango dituzte nahitaez:
1.– Erakunde profesionalaren Estatutuak betetzea, arau deontologikoak betetzea, honako estatutuak eta estatutuok osatu eta garatzen dituzten arauak betetzea, eta lanbidea arautzen duen araudia betetzea.
2.– Elkargoko karguren bat betetzeko hautatuak izanez gero, kargua zintzoki betetzea.
3.– Elkargoari jakinaraztea ezagutzen dituen lanbideko intrusismo-kasuak eta lanbidearen izen onarentzat eragin txarra duten legez edo arauz kanpoko jarduerak, elkargoak dagozkion neurriak har ditzan, hala badagokio.
4.– Elkargoa mantentzeko diruz laguntzea honako hauek garaiz ordainduz: elkargoko ohiko eta ezohiko kuotak, eta elkargoari eskatutako eta elkargoak eskainitako zerbitzuen prezioa.
5.– Nahitaez betetzea lanbideko prestakuntzaren, sekretu profesionalaren, aseguruak izenpetzearen eta derrigorrezko lanaren arloko betekizunak, hala xedatzen baitu Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen I. tituluko III. kapituluak.
III. TITULUA – GOBERNU ORGANOAK
I. KAPITULUA.– DEFINIZIOA.
13. artikulua.– Organoak.
Honako hauek dira elkargoko gobernu, administrazio, zuzendaritza eta kudeaketaz arduratzen diren organoak:
a) Batzar Orokorra.
b) Gobernu Batzordea.
c) Elkargoko lehendakaria.
II. KAPITULUA.– ELKARGOKIDEEN BATZAR OROKORRA.
14. artikulua.– Izaera eta osaera.
Batzar Orokorra elkargoko organo subirano eta gorena da, eta eskubide guztiak erabiltzeko gaituta dauden elkargokide guztiek osatuko dute.
Batzar Orokorraren erabakiak betebeharrekoak dira elkargokide guztientzat eta estatutu hauek ezarritako atribuzioen mugen barruan hartuko dira.
15. artikulua.– Batzar Orokorraren eskumena.
Honako hauek dira Batzar Orokorraren eskumenak:
1.– Estatutuak eta Sozietate Profesionalen elkargoko Erregistroaren Araubidea onartzea eta aldatzea.
2.– Elkargokideek ordaindu behar dituzten ohiko eta ezohiko kuotak erabakitzea, elkargoak egindako izapideen prezioak erabakitzea eta elkargoak jaso behar dituen bestelako diru-ekarpenak erabakitzea.
3.– Ohiko eta ezohiko aurrekontuak onartzea, eta Urteko aginduzko Txostena eta ekitaldi bakoitzeko kontuen Likidazioa onartzea.
4.– Elkargoaren jabegoko ondasunak inbertitzeko proposamenen gaineko erabakiak hartzea, eta, bereziki, higiezinak erosi eta saltzeari buruzko erabakiak hartzea.
5.– Gobernu Batzordeko kideei buruz egiten diren konfiantzazko eta zentsurazko mozioak ebaztea eta, mozioak aurrera eginez gero, Gobernu Batzordeko kideei kargua uztarazteko ahalmena izango du, beti ere Estatutu hauek xedatzen dutenarekin bat.
6.– Gobernu Batzordeak hartutako zenbait jarduera berrestea, baldin eta legez ez badira Batzar Orokorrari dagozkion jarduerak, eta ustekabekoak, geroraezinak edo presazkoak izateagatik Batzar Orokorraren aldez aurreko akordiorik jaso ez badute.
7.– Gobernu Batzordean hutsik dauden karguak betetzeko Gobernu Batzordeak berak egindako behin-behineko izendapenak berrestea edo, bestela, izendapen berriak erabakitzea.
8.– Elkargoko gobernu eta kudeaketa organoetan karguak dauzkaten elkargokideek jaso behar dituzten ordainsariak erabakitzea.
9.– Aurreko batzar orokorretako aktak onartzea, behar denean.
10.– Elkargoaren ordezkaritzak sortu edo kentzea eta horien funtzionamendu-arauak ezartzea.
11.– Beharrezkoa ikusten bada, lanbideko zenbait gai hobeto aztertzeko batzordeak sortzea, eta halakorik sortuz gero, funtzionamendu-arauak ere ezartzea.
12.– Edozein sozietate motatan parte hartzea edo horrelakoak sortzea, baldin eta haien helburu soziala lanbideko interesekin bat badator.
16. artikulua.– Batzar orokorren motak.
Batzar orokorrak bi motatakoak izango dira: ohikoak eta ezohikoak.
1.– Ohiko batzar orokorrak:
Elkargokideek urtean bitan egingo dute Batzar Orokorra.
Lehenengoa urteko lehenengo seihilekoan egingo da. Batzar horretan nahitaez aztertu, onartu edo gaitzetsi egin beharko dira, beharrezkoa bada, aurreko ekitaldiko kontuak eta Gobernu Batzordeak Batzar Orokorrari aurkeztutako memoria. Memoria horretan, Legean ezarritako edukiak jasotzeaz gain, argi eta garbi adierazi beharko da aurreko urtean egindako lana. Elkargokideek memoriaren berri behar bezala izan dezaten, Batzar Orokorra egin baino gutxienez hogeita hamar egun naturaleko aurrerapenaz egongo dira haien eskura kontuak, memoria, deialdia eta behin-behineko gai-zerrenda.
Bigarrena laugarren hiruhilekoan egingo da, eta batzar horretan hurrengo ekitaldiko aurrekontuak aurkeztu beharko dira. Aurrekontuak, deialdia eta behin-behineko gai-zerrenda elkargokideen eskura egon beharko dira batzarra egin baino hogeita hamar egun lehenagotik.
2.– Ezohiko batzar orokorrak.
Gainerako batzar orokorrak ezohikoak izango dira eta Gobernu Batzordeak erabaki duelako edo eskubide guztiak erabiltzeko gaituta dauden elkargokideen % 20k eskatu dutelako egingo dira. Elkargokideek eskatutako deialdietan, elkargokide horiek zehatz-mehatz adierazi beharko dute zeintzuk gai aztertu nahi dituzten eta eskabidea elkargoan sartu eta hurrengo hogeita hamar egun naturaletan egin beharko da batzarra.
17. artikulua.– Deialdia eta batzarretako quoruma.
Batzar orokorretako behin-behineko gai-zerrenda Gobernu Batzordeak egingo du eta elkargokide guztiei bidaliko die deialdiarekin batera, batzarra egiteko eguna baino hogeita hamar egun natural lehenago, Batzar Orokorra bada; Ezohiko Batzarra bada, hamar egun natural lehenago bidaliko die.
Batzarrak egin baino gutxienez hamar egun lehenago, behin betiko gai-zerrenda bidaliko zaie elkargokideei. Behin betiko gai-zerrendan honakoak jasoko dira: behin-behinekoan jasotakoak eta gutxienez hamar elkargokideen artean proposatutako gaiak. Elkargokideek proposatutako gaiak aurkeztu ahal izateko, elkargokide horiek idazki bat bidali beharko diote Gobernu Batzordeari batzarra egin baino hamabost egun lehenago. Behin betiko gai-zerrendan jasotako gaiei buruzko erabakiak baino ez dira hartuko.
Elkargokideek galderak eta eskaerak egin ahal izango dituzte gai-zerrendaren bukaeran horretarako dagoen atalean, idatziz egin beharko dituzte eta batzarreko eguna baino hamabost egun natural lehenago. Batzarrean bertan ere egin daitezke ahoz, baina horrelakoetan, Gobernu Batzordeak galderak eta eskaerak kontuan hartuko ditu, baldin eta horiek erantzuteko ez badu aldez aurretik dokumentaziorik behar.
Batzar Orokorra baliokoa izateko, gutxienez elkargokideen erdia gehi bat aurkeztu beharko dira lehengo deialdian. Ez badira horiek biltzen, bigarren deialdia egingo da ordu erdiren buruan, eta berdin izango dio zenbat elkargokide biltzen diren.
18. artikulua.– Batzarren osaera eta garapena.
Elkargoko lehendakaria edo haren ordezkoa izango da batzar orokorretako buru, eta bertan dauden Gobernu Batzordeko kideek osatuko dute mahaia. Elkargoko idazkaria edo haren ordezkoa izango da batzarreko idazkaria. Bestalde, bertaratutako elkargokideen artean bi hautatuko dira kontu-hartzaile izan daitezen.
Mahaiko lehendakariak gai-zerrendako atal bakoitza eztabaidatzeko agindua emango du, eta lehendabizi txostengileari emango dio hitza. Txostengileak bukatu ondoren, eztabaida hasiko da hitza emanez hura eskatzen duten elkargokideei. Mahaiko kideek eta txostengileak nahi duten guztietan hitz egin ahal izango dute. Lehendakariak erabakitzen duenean gaia nahikoa eztabaidatu dela, erabaki-proiektua bozkatzeko aginduko du.
Txostengilea ez badago batzarrean, gaixorik dagoelako edo behar bezala justifikatutako beste arrazoiren batengatik, beste txostengile baten esku utzi ahal izango du bere txostenaren defentsa. Horretarako, idazki bat aurkeztu beharko dio Gobernu Batzordeari Batzar Orokorra egin baino lehen. Txostenaren defentsa egin beharko duen elkargokideak ere bere adostasuna adierazi beharko du idazki horretan.
III. KAPITULUA.– GOBERNU BATZORDEA.
19. artikulua.– Izaera eta osaera.
Gobernu Batzordea elkargoko zuzendaritza-organoa da eta elkargoaren zuzendaritzaz, administrazioaz eta gobernuaz arduratu behar da, elkargoaren helburuak eta eginkizunak ahalik eta modu eraginkorrenean betetzeko behar diren jarduerak garatuz. Estatutuek espresuki Batzar Orokorrari ematen ez dizkioten eginkizunak burutzeko eskumena Gobernu Batzordearena izango da.
Gobernu Batzordea osatuko dutenak honako hauek izango dira: lehendakaria, idazkaria, diruzain-kontularia eta, gutxienez, bi batzordekide.
Elkargoaren kudeaketarako egoki ikusten bada, batzordekide kopurua aldatu ahal izango da, baina lehendabizi Batzar Orokorrak onartu beharko du aldaketa.
20. artikulua.– Eskumenak.
Honako hauek dira Gobernu Batzordearen eskumenak:
1.– Elkargokide egiteko eskabideak ebaztea.
2.– Jardun profesionala arautzen duten lege eta arau bereziak eta orokorrak betetzea eta elkargokideei betearaztea, bai eta honako hauek betearaztea ere: estatutu hauek, aplikatu beharreko Erregelamenduak, eta Batzar Orokorrak eta Gobernu Batzordeak eskumena duten gaien inguruan hartutako erabakiak.
3.– Elkargokideen defentsa egitea lanbideko gaietan.
4.– Elkargokideek jokabide egokia izan dezaten zaintzea, bai lanbidean, bai haien arteko harremanetan bai hirugarren batzuekin dituzten harremanetan.
5.– Lanbidean aritzeko legez gaitu gabe daudenei lanbidean aritzea galaraztea, eta beharrezkoa bada, lanbidean aritzea galarazteko behar diren egintzak sustatzea.
6.– Batzar orokorretarako deia egitea estatutuak ezarritako epeetan eta ezohiko batzarretarako deia egitea Estatutuetako 16. artikuluan xedatutakoaren arabera.
7.– Aurrekontuak, balantzea eta emaitzen kontua idaztea eta Batzar Orokorrari kontuak ematea.
8.– Elkargoak urtero garatutako jardueren gaineko memoria idaztea. Kudeaketari buruz Batzar Orokorrak duen iritzia eskatzea izango da urteko memoria honen helburua, Legean ezarrita dauden baldintzen eta edukien araberakoa izango da eta lehen seihilekoaren barruan emango da jakitera elkargoaren webgunean.
9.– Elkargoko kideak hautatzeko hauteskundeetarako deialdiak argitaratzea eta hauteskunde-egutegia onartzea.
10.– Elkargoko estatutuak onartzeko eta berritzeko prozedura bultzatzea, bere ekimenez, edo eskubide guztiak erabiltzeko gaituta dauden elkargokideen % 20k gutxienez idatziz hala eskatzen dutenean.
11.– Kideentzat interesgarri izan daitezkeen jarduera eta zerbitzu komunak antolatzea arlo profesionalean, prestakuntzakoan, kulturalean, dibertimenduzkoan, sorospenekoan eta antzeko beste batzuetan, bai eta, beharrezkoa bada, graduatu ondokoen lanbideko prestakuntza arloan ere.
12.– Elkargoko administrazio-zerbitzuak antolatzea, egoki iruditzen zaizkion departamentu, batzorde, lantalde edo zerbitzuak sortuz edo ezabatuz, elkargoaren jarduera ahalik eta ondoen burutu dadin. Era berean, horien funtzionamendurako arauak eta erregelamenduak idatziz jarriko ditu eta, egoki iritziz gero, onartu egingo ditu.
13.– Ordezkariak izendatzea, halakorik behar denean.
14.– Elkargoko fondoak bildu eta administratzea.
15.– Kontuetan mugimenduak egiteko baimena ematea kontuak irekitzen direnean edo intsuldaketak egiten direnean.
16.– Presazko jarduerei eta geroraezinezkoen gaineko erabakiak hartzea, baldin eta legez Batzar Orokorraren eskumenekoak ez badira. Eta horien berri ematea Batzar Orokorrari hurrengo batzarrean.
17.– Elkargokideen eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen arreta-zerbitzua antolatzea, indarrean dauden Estatutu hauetako 38. artikuluan ezarritakoaren arabera.
18.– Diziplina-eginkizuna erabiltzea Estatutu hauetan ezarritako baldintzetan.
19.– Lanbide-arloko gaietan esku hartzea kontziliazio eta arbitraje bidean, baldin eta aldez aurretik elkargokideek hori eskatu badute.
20.– Legeek, erregelamenduek edo estatutuek esleitzen dizkion bestelako eginkizunak eta Batzar Orokorrak onartzen dituenak betetzea.
21. artikulua.– Funtzionamendua.
Ohiko Gobernu Batzordea gutxienez hilean behin batuko da. Bestela, behar den guztietan batu ahal izango. Batzarrerako deialdia lehendakariak egingo du, bere ekimenez edo Gobernu Batzordeko kideen ehuneko hogeik eskatuta.
Gobernu Batzordea baliokoa izango da batzordekideen erdia gehi bat bertaratzen badira.
Ezohiko Gobernu Batzordeak ere egin ahal izango dira eta baliokoak izango dira. Horrelakoetan ez da beharrezkoa izango aldez aurretik batzarrerako dei egitea, baina ezinbestekoa izango da, batzordekide guztiak batuta daudela, guztien artean aho batez erabakitzea Ezohiko Batzarra egitea.
Gobernu Batzordeko bilkuretara batzordekideez, letratuez eta bestelako aholkulariez gain, Gobernu Batzordean aztertuko diren gaietan adituak direnak ere joan ahal izango dira, baldin eta egoki ikusten bada.
IV. KAPITULUA.– ELKARGOKO LEHENDAKARIA.
22. artikulua.– Lehendakaria.
Elkargoko lehendakariak honako eskumenak izango ditu:
– Elkargoaren legezko ordezkaritza.
– Batzar orokorretara, gobernu-batzordeetara eta bera joaten den batzordeetara dei egitea eta haietako buru izatea. Bozkaketetan berdinketa dagoenean, kalitatezko botoa emango du.
– Elkargoko fondoen kontura egiten diren ordainketak agintzea.
– Fondoak mugitzeko agiriak izenpetzea diruzain-kontulariarekin batera.
– Aktak eta elkargoko agiriak baimentzea sinaduraz, bai eta elkargoko erabakiak edo lehendakariaren ahalmeneko eta eskumeneko erabakiak gauzatzeko behar diren agiri publiko edo pribatuak ere.
– Elkargoaren zuzendaritzaz arduratzea, ahalik eta ondoen gara dadin eta elkargoaren erabakiak bete daitezen begiratuz.
– Zuzenean konpontzea sor daitezkeen ezustekoak edo gora-behera geroraezinak, baldin eta Gobernu Batzordeak badu horretarako eskumena. Hurrengo Batzar Orokorrak berretsi egin beharko du Gobernu Batzordearen jarduera.
V. KAPITULUA.– GOBERNU BATZORDEKO KIDEAK.
23. artikulua.– Idazkaria.
Honako hauek izango dira Idazkariaren eskumenak:
– Lehendakariaren aginduz, gobernuko organoen batzarretara dei egitea eta deialdiak izenpetzea.
– Batzar orokorretako eta Gobernu Batzordeko aktak idaztea eta izenpetzea, bai eta akta-liburuez arduratzea eta haiek zaintzea ere.
– Eskatzen diren ziurtagiriak ematea eta izenpetzea, lehendakariaren ikus-onespenarekin.
– Elkargoko dokumentazioa eta elkargokideen eta sozietate profesionalen erregistroak zaintzea.
– Elkargoko administrazio-zerbitzuen funtzionamendu egokiaz arduratzea eta pertsonaleko zuzendaria izatea.
24. artikulua.– Diruzain-kontularia.
Hona hemen diruzain-kontulariaren eginkizunak:
– Elkargoko fondoak eta ondasunak zaintzea eta fondo eta ondasun horiek babesteko behar diren neurriak hartzea.
– Elkargoko fondoen inbertsio-plana egitea.
– Lehendakariak baimendutako era guztietako ordainketak eta kobraketak, fondoen mugimenduak eta inbertsioak agintzea, horretarako behar beste dokumentu izenpetuz.
– Lehendakariarekin batera izenpetzea elkargoko kontu korronteen txekeak eta taloiak.
– Elkargoko kontabilitatea eta kontuen araubide orokorra antolatzea.
– Estatutu bidez baimenduta dauden kobratze- eta ordaintze-agiri guztiak izenpetzea.
– Fondoen hileko egoera eratzea.
– Ekitaldi bakoitzeko balantzea, inbentarioa eta aurrekontua formalizatzea, eta horiei buruz Gobernu Batzordeak duen iritzia eskatzea.
25. artikulua.– Lehendakariordea eta Batzordekideak.
Lehendakariordea lehendakariaren ordez arituko da lehendakaria falta bada, gaixorik badago eta kargua hutsik badago, eta karguak ematen dizkion atribuzioak izango ditu. Horrez gain, lehendakariaren eginkizunak ere izango ditu, lehendakariak berariaz eskuordetzen badizkio.
Batzordekideek lehendakariaren, lehendakariordearen, idazkariaren eta diruzain-kontulariaren ordez aritu izan ahalko dute haiek falta badira, gaixorik badaude edo karguak hutsik badaude. Ordezkapena honela egingo da: adinaren arabera, nagusienetik hasita gazteenera hurrenez hurren.
Batzordekideak batzordeez eta lan-taldeez arduratuko dira eta Gobernu Batzordeak erabakitzen dituen eginkizunak izango dituzte.
26. artikulua.– Karguen iraupena eta karguak berritzea.
Gobernu Batzordeko karguen agintaldia lau urtekoa izango da, eta epe hori bukatzean, karguak berritu egin beharko dira.
Gobernu Batzordean karguren bat hutsik geratzen bada, Gobernu Batzordeak berak izendatuko ditu kargu horiek behin-behingoz beteko dituzten elkargokideak, harik eta lehendabiziko Batzar Orokorra egin arte; izan ere, Batzar Orokorrak izendapena berretsi edo berriak erabaki beharko ditu. Kargu horiek ordezkatutakoei falta zitzaien epealdirako izango dira.
Lehendakariaren kargua edo Gobernu Batzordeko kideen erdia baino gehiagoren karguak hutsik geratuz gero, Elkargoen Kontseilu Nagusiak korporazioko kide zaharrenekin beteko ditu karguok. Handik sortutako Gobernu Batzordeak ezohiko hauteskundeak deituko ditu berehala, kargu hutsak betetzeko. Kargu berriak ordezkatutakoei falta zitzaien epealdirako izango dira.
VI. KAPITULUA – ERABAKIAK HARTZEKO ARAUBIDEA
27. artikulua.– Batzar Orokorraren erabakiak.
1.– Ohiko eta ezohiko batzar orokorretan bertaratzen diren kide guztiek izango dute botoa emateko eskubidea, lanbiderako desgaituek izan ezik.
2.– Erabakiak ezin badira aho batez hartu, bertan dauden elkargokideen gehiengo soilaren botoez hartuko dira, ondoren zerrendatutako kasuetan izan ezik.
Bertaratutako bi herenen aldeko botoa beharko da honelakoetan:
a) Elkargoko Estatutuak onartzeko, aldatzeko edo berrikusteko.
b) Higiezinak erosteko edo saltzeko.
c) Gobernu Batzordeari, Gobernu Batzordeko edozein kideri edo elkargoko edozein kudeaketa-organori zentsurazko botoa proposatzeko.
3.– Bozketak hiru motatakoak izan daitezke.
a) Ohikoa: eskua jasota egiten da. Lehendabizi, eztabaidako gaiaren aldekoek emango dute botoa, bigarrenik, aurkakoek, eta, hirugarrenik, abstenitzen direnek.
b) Izenezkoa: elkargokide bakoitzak izenak eta abizena esan beharko ditu, eta gero honako hitzak: bai, Ez edo Abstentzioa hitzak.
c) Txartelaren bidezkoa: honela bozkatuko da elkargokideei zor zaien begiruneari eragiten diola uste delako eta bertaratutakoen herenak eskatzen badu edo lehendakariak, mahaiaren adostasunarekin, proposatzen badu.
Botoa beste norbaiten bidez ere eman daiteke. Halakoetan, elkargoko inprimaki ofiziala erabili beharko da. Inprimaki horrek zenbaki bat izango du elkargokide bakoitzeko, eta bertan honakoak jasoko dira: elkargokidearen izen-abizenak eta elkargokidearen zenbakia. Inprimakiak bi zati izango ditu: zati bat eskuordetzaren ziurtagiria izango da, eta bertan botoa emango duen ordezkaria izendatuko da, bai eta boto-eskuordetza egiten duen elkargokidearen sinadura ere. Beste zatiak Batzar Orokorrean bertaratzen diren elkargokideei aurkezteko ziurtagiri balioa izango du. Elkargokide bakoitzak boto bakarra hartu ahal izango du eskuordetzan.
28. artikulua.– Gobernu Batzordearen erabakiak.
Erabakiak hartzeko botoen gehiengoa beharko da. Eztabaidatutako gaien inguruan adostasunik ez badago, lehendakariak hartu behar diren erabakien gaineko proposamen zehatzak bozkatzeko aginduko du. Berdinketarik egonez gero, lehendakariaren kalitatezko botoak erabakiko du.
Botoa beste norbaitek ematen duenean, idazki bat bidali beharko da Gobernu Batzordera. Idazkia botoa ordezkaritzan ematen duen elkargokideak izenpetuta egon beharko du eta idazki horretan adierazi beharko da nori uzten zaion eskuordetza. Bertaratzen den elkargokide bakoitzak boto bakarra hartu ahal izango du eskuordetzan.
29. artikulua.– Aktak.
Elkargoko batzar orokorretako eta Gobernu Batzordearen bileretako aktak egin beharko dira. Idazkaria arduratuko da aktak idazteaz eta izenpetzeaz. Eta aktak izenpetzeko, lehendakariaren oniritzia beharko du.
Batzar orokorretako gai-zerrendako lehendabiziko puntua beti izango da aurreko Batzar Orokorreko akta onartzea. Akten testua elkargokide guztien eskura egongo da, bai eta batzarrean aztertuko diren gaiei buruzko agiriak ere.
Elkargokideek akten edukiari buruzko erreklamaziorik egin nahi izanez gero, akta onartzeko eguna baino hamabost egun lehenago egin beharko dute. Erreklamazioak idazkariari zuzendutako idazki bidez egingo dira. Erreklamazioak Batzar Orokorreko idazkariak irakurriko ditu eta bertan eztabaidatu beharko dira.
Batzar orokorretako aktak honako hauek sinatuko dituzte: idazkariak, lehendakariak eta estatutu hauetako 18. artikuluan aipatzen diren bi kontu-hartzaileek.
VII. KAPITULUA.– EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA ETA HORIEN AURKA EGITEA ELKARGOAREN BAITAN.
30. artikulua.– Baliabideak.
Administrazio izaera duten elkargoko erabakien aurka aukerako errekurtsoa aurkeztu ahal izango du legezko interesa duen edonork. Errekurtsoa erabakia hartu duen organoaren aurka aurkeztu beharko da. Bestela, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da autonomia erkidegoaren eremuko Elkargoen Kontseiluan, edo hura eratu gabe badago, Aparejadoreen eta Arkitekto Teknikoen Elkargoen Kontseilu Nagusian. Errekurtso mota biak aurkezteko epea hil batekoa izango da, errekurritutako egintza argitaratzen edo jakinarazten denetik; edo hiru hilabetekoa izango da, presuntziozko egintza aurkaratzen bada.
Aukerako errekurtsoa aurkeztu eta hilabetearen barruan edo gorako errekurtsoa aurkeztu eta hiru hilabeteren buruan ez bada horiei buruzko ebazpenik jakinarazi, errekurtsoak ezetsi egin direla ulertu beharko da. Hala gertatuz gero, aukerako errekurtsoa ezetsi bada, gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko aukera egongo da; eta gora jotzeko errekurtsoa ezetsi bada, auzi-bidera jotzeko aukera egongo da.
VIII. KAPITULUA.– GOBERNUKO KARGUAK HAUTATZEKO ARAUBIDEA
31. artikulua.– Deialdiak eta hautagai-zerrenda.
1.– Karguen agintaldia bukatzen denean, Gobernu Batzordeak hauteskundeak egitea erabakiko du eta erabakia elkargokide guztiei jakinaraziko die, gutxienez berrogei egun lehenago. Era berean, botoa emateko eskubidea duten elkargokideen zerrenda argitaratuko du eta ikusgai jarriko du elkargoaren egoitzan.
2.– Botoa emateko eskubidea duten elkargokide guztiak izan daitezke hautagai, baina lehendakari, lehendakariorde, idazkari eta diruzain-kontulariaren karguetarako ezinbestekoa izango da hautagaiak gutxienez urtebeteko antzinakotasuna izatea elkargokide moduan.
3.– Hautagai-zerrendak gutxienez hogeita bost egun natural lehenago aurkeztu beharko dira, hautagaiak Gobernu Batzordeari bidali beharko dion idazki baten bidez. Gutxienez botoa emateko eskubidea duten hamar elkargokidek izenpetu beharko dute idazkia eta hautesle bakoitzak ezin izango du izenpetu hautagai bat baino gehiagoren aurkezpen-idazkirik kargu bakoitzerako.
Gobernu Batzordea aurkeztu diren proposamenekin ados badago, hautagaiak aldarrikatu beharko ditu, hauteskundeetarako eguna baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
4.– Aldarrikapena egin eta karguren bat betetzeko hautagai bakar bat badago, aldarrikapenak esan nahiko du kargurako hautatua izan dela eta ez da bozketarik egin beharko.
5.– Hautagairen bat Gobernu Batzordeko kide bada eta kide hori aldarrikatzen bada, zuzendaritza kargua utzi beharko du. Lehendakariak kargua utzi behar badu edo Gobernu Batzordeko kideen erdiak baino gehiagok utzi behar badute kargua, Estatutu hauetako 26. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.
32. artikulua.– Hauteskundeak nola egin eta garatu.
1.– Lanbideko betebehar guztietan egunean dauden eta lanbidean aritzeko desgaikuntzarik ez duten elkargokide guztiek izango dute botoa emateko eskubidea.
2.– Hauteskunde-mahaia elkargoko lehendakariak edo haren ordezko Gobernu Batzordeko beste kide batek eta Gobernu Batzordeak izendatutako lau elkargokidek osatuko dute. Hauteskunde-mahaia elkargoaren egoitzan eratuko da bozketa egiteko egunean eta orduan.
3.– Hautagai bakoitzak aukera izango du elkargokide bat kontu-hartzaile izendatzeko, boto eskubidearekin. Horretarako, idazki bat bidali beharko dio Gobernu Batzordeari hauteskunde eguna baino berrogeita zortzi ordu lehenago.
4.– Hautesleek pertsonalki bertaratu eta eman dezakete botoa, edo bestela, postaz bidal dezakete, honela: hautesleak bere boto-txartela sartuko du gutun-azal baten barruan. Bozketaren sekretua bermatzeko aipatu gutun-azala itxita egongo da. Gutun-azal hau elkargoari zuzendutako beste gutun-azal baten barruan sartuko da, eta bigarren gutun-azal honen atzealdean hauteslearen izena, abizenak eta helbidea idatziko dira; horrez gain, atzealdean ere sinatuko du, sinadurak gutun-azalaren hegalak gurutza ditzan.
5.– Bozketa itxi ondoren, hauteskunde-mahaiak jendaurrean zenbatu eta egiaztatuko ditu botoak, hauteskunde-arauak betetzen ez dituzten botoak baliogabetuz. Jarraian, bozketaren emaitza adieraziko du boto gehien lortu duten hautagaiak aldarrikatuz. Berdinketarik egonez gero, indarrean dagoen Hauteskundeei buruzko Legeak xedatutakoaren arabera jokatuko da.
6.– Honako hauek baliogabeko botoak izango dira:
a) Postaz egindakoak, baldin eta Gobernu Batzordeak era horretako bozketetarako ezarrita dauzkan betekizunak ez badituzte bete.
b) Hautagai moduan aldarrikatu ez diren pertsonen alde emandako botoak.
c) Kargu berera aurkeztu diren hautagai biren edo gehiagoren alde emandakoak.
d) Irakurtzeko edo ulertzeko orduan zalantzazkoak direnak.
7.– Bozketaren emaitzak jakin eta gero, aktak bete beharko dira. Akta bakoitzaren ale bat Elkargoen Kontseilu Nagusira bidaliko da, hautatuen izendapena izapidetu dezan.
8.– Elkargoen Kontseilu Nagusiak hautatutako hautagaien izendapenak bidaliko ditu, eta horiek jasotakoan, hautatuak karguaz jabetuko dira hurrengo hamar egun naturaleko epean.
IV. TITULUA – ELKARGOKO ZERBITZUAK
I. KAPITULUA.– LANAK ETA AGIRIAK IKUS-ONESTEKO ZERBITZUA.
33. artikulua.– Ikus-onesteko zerbitzua.
Elkargoak lan profesionalak eta dagokien dokumentazio teknikoa ikus-onesteko zerbitzu bat izango du. Indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera ikus-onespena nahitaezkoa denean edota bezeroek hala eskatzen dutenean egingo dira ikus-onespenak. Bestalde, bezeroak Herri Administrazioak ere izan daitezke, herri-administrazio gisa jokatzen badute.
Espedientearen hasierako erregistro-oharra, dagokion dokumentazio teknikoa eta aginduzkoak diren kontrol-egiaztagiriak izango dira ikus-onespenaren helburu, besteak beste: proiektuak, tasazioak, peritu-txostenak, agindu eta asistentzien liburuak, gorabeheren liburua, kalitate-kontrola, obra-bukaerako ziurtagiriak eta lanbiderako beharrezkoak diren beste edozein ziurtagiri, Legean eta aplikatzekoa den araudian ezarritakoaren arabera beti ere.
Ikus-onespenaren administrazio-izaerako egintza publikoa abian jarriko da espedientearen hasierako erregistro-oharra aurkezten denean. Ikus-onespena elkargokideen izenean emango da; sozietate profesionalen kasuan, berriz, berauen izenean emango da edota lanaren ardura euren gain hartzen duen/duten elkargokidearen/elkargokideen izenean emango da. Nahitaezko ikus-onespenen kasuan, dagozkien udaletara edo administrazioetara igorriko dira ikus-onespenak, indarrean dauden legezko xedapenak betez.
34. artikulua.– Ikus-onespenaren edukia.
Ikus-onespenak gutxienez honako hauek egiaztatu beharko ditu:
a) Lana aurkeztu duen elkargokidearen identitatea eta gaitasun profesionala. Horretarako, Leihatila Bakarreko elkargokideen erregistroa erabiliko du.
b) Lan profesionalari dagokion dokumentazioaren zuzentasuna eta osotasun formala, lan bakoitzari aplikatu beharreko araudi teknikoarekin bat eginik.
Ikus-onespenak argitasun-eskakizun oro bete beharko ditu, honako hauek argitzeko orduan: helburua, egindako kontrolak, eta elkargoak bere gain hartzen duen erantzukizuna. Lansariak eta kontratu-baldintzak alderdiek adostu beharko dituzte eta ezin dira ikus-onespenaren xede izan; lan profesionalaren elementu fakultatiboen gaineko kontrol teknikoa ere ezin du xede izan.
Elkargoaren ikus-onespena nahitaezkoa denean, horren kostua arrazoizkoa izango da; ez da izango ez gehiegizkoa ez diskriminatzailea. Elkargoak ikus-onespenaren gastuaren publizitatea egingo du. Ikus-onespena telematikoki izapidetu ahal izango da.
35. artikulua.– Ikus-onespena izapidetzea.
Ikus-onesteko eskabidea elkargoaren bulegoetan bertan aurkez daiteke; telematikoki ere aurkeztu ahal izango da Leihatila Bakarraren bidez. Eskabidea onartzeko, ukatzeko edo etenda uzteko erabakia hurrengo hamar egun naturaletan hartu beharko da. Ikus-onesteko aurkeztu den dokumentazioa jasotzean, zerbitzu horrek elkargoaren alde sortu dituen eskubide ekonomikoak ordaindu beharko dira.
Ikus-onesteko aurkezten den lan profesionala lehendik beste elkargokide bati izendatuta egonez gero, behar adina informazio eskatuko da bertan parte hartzen duten elkargokideetako bakoitzaren interbentzioen helmena argitzeko. Bezeroak eskubidea du hasieran kontratatuta zeukan elkargokidearekiko kontratu-harremana bertan behera uzteko eta beste elkargokide bat izendatzeko. Beraz, eskubide hori aintzat hartu behar da.
36. artikulua.– Ikus-onespenak ebaztea.
Ikus-onespena ukatuz gero, elkargoak erabakia arrazoitu beharko du. Eta erabakia hartzen duenetik, hamar egun balioduneko epea izango du interesdunei horren berri emateko. Erabakiaren testu osoa igorri beharko die. Horrez gain, interesdunei egin beharreko jakinarazpenak honakoak adierazi beharko ditu: ebazpena behin betikoa den ala ez elkargoan, eta hala badagokio, erabakiaren aurka zeintzuk errekurtso aurkez daitezkeen, zein organotan aurkeztu behar diren eta zein epetan. Ikus-onespena ukatzeko arrazoiak honakoak izango dira: elkargokideak ez dituelako estatutuetan ezarritako betekizunak betetzen, legez xedatutako bateraezintasunen batengatik edo ikus-onetsi behar den dokumentazio teknikoaren eduki formalak akatsak dituelako legez ezarritako araudiarekiko.
Epe berean, elkargoak ikus-onespena etetea ere erabaki dezake, baldin eta legez xedatutako bateraezintasunik badago edo aurkeztu den dokumentazioan bete beharreko zenbait eskakizun formal bete ez direlako. Ikus-onespena etetea erabakitzen bada, ikus-onespena emateko edo ukatzeko erabakia hartu beharko da, ikus-onespena eteteko erabakia hartu zenetik gehienez hilabeteko epean. Ikus-onespena etenda utziz gero, elkargoak erabakia arrazoitu beharko du. Eta erabakia hartzen duenetik, hamar egun balioduneko epea izango du interesdunei horren berri emateko. Erabakiaren testu osoa igorri beharko die. Horrez gain, interesdunei egin beharreko jakinarazpenak honakoak adierazi beharko ditu: ebazpena behin betikoa den ala ez elkargoan, eta hala badagokio, erabakiaren aurka zeintzuk errekurtso aurkez daitezkeen, zein organotan aurkeztu behar diren eta zein epetan.
Jarritako epeak igaroko balira erabakirik jakinarazi gabe, eskatzailearen eskaria legitimatutzat joko da administrazio-isiltasun positiboa dela medio. Ikus-onespena eteteko erabakiaren kasuan izan ezik. Kasu batean zein bestean, dagozkion ondorioak izango ditu.
II. KAPITULUA.– LANSARIAK KOBRATZEKO ELKARGOAREN ZERBITZUA.
37. artikulua.– Lansariak kobratzeko zerbitzua.
Elkargoak zerbitzu bat izan ahalko du elkargokideen lanbideko jardunaren ondorioz sortzen diren zenbatekoak, ordainsariak edo zerbitzu-sariak kobratzeaz arduratuko dena.
Elkargokideek berariaz adierazita eta hala nahi dutelako arduratuko da elkargoa elkargokideen lanbidearen ondorioz sortutako lansariak kobratzeaz. Izan ere, inprimaki edo galdetegi batzuk egongo dira zerbitzu hau eskatzeko.
III. KAPITULUA.– ELKARGOKIDEEN ETA KONTSUMITZAILE ETA ERABILTZAILEEN ARRETA-ZERBITZUAK.
38. artikulua.– Elkargokideen eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen arreta-zerbitzuak.
1.– Elkargoak elkargokideei erantzuteko zerbitzu bat izango du. Zerbitzu hau webgunetik erabili ahal izango da eta elkargokideen eskabideak, kexak eta erreklamazioak jasotzeaz eta aztertzeaz arduratuko da.
2.– Era berean, elkargoak kontsumitzaileei eta erabiltzaileei erantzuteko zerbitzu bat izango du, elkargokideen zerbitzuak kontratatu dituen zeinahi kontsumitzailek eta zeinahi erabiltzailek erabili ahal izango dutena; horrez gain, kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek eta erakundeek ere zerbitzu hau erabili ahalko dute horien izenean eta horien interesen defentsan. Eta eskatuz gero, elkargokideei ezarritako diziplinazko zehapenei buruzko informazioa emango die.
3.– Bai elkargokideek bai kontsumitzaileek bai erabiltzaileek telematikoki aurkeztu ahal izango dituzte dagozkien kexak, erreklamazioak eta informazio-eskabideak. Horretarako, elkargo profesionalaren Leihatila Bakarra erabili beharko dute.
4.– Kasu batean zein bestean, kexari edo erreklamazioari buruzko erabakia dagokion eran ebatziko da: gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko sistemara joz, deontologia- eta diziplina-eskumenak dituzten elkargo-organoetara espedientea igorriz, kasua artxibatzeko aginduz, edota beste edozein erabaki hartuz, dagokion moduan.
IV. KAPITULUA.– ZERBITZU PROFESIONALAK ETA KULTURALAK.
39. artikulua.– Zerbitzu profesionalak eta kulturalak.
Elkargoak lanbiderako interesgarriak diren gaien inguruko informazio-zerbitzuak eskainiko dizkie elkargokideei, bai eta prestakuntza eta birziklatzekoak ere. Horiez gain, kultura arloko zenbait zerbitzu ere eskainiko dizkie bazkideei, lanbidea hobetzeko asmoarekin.
40. artikulua.– Prestakuntza eta Informazioa.
Elkargoak ikastaro luze eta laburrak, hitzaldiak eta prestakuntza-jarduerak antolatuko dituen zerbitzu bat izango du, eta zerbitzuaren berariazko helburua elkargokideen ezaguera birziklatzea izango da, bai eta elkargokideen maila profesionala hobetzea ere. Hori guztia lortzeko, elkargoak hitzarmenak sinatu ahal izango ditu helburu horiexek dituzten unibertsitate, organismo eta erakunde publiko eta pribatuekin.
Horrez gain, elkargoak beste zerbitzu bat izango du lanbiderako interesgarriak izan daitezkeen gaiei buruzko informazioa emateko elkargokideei, eta elkargokideen lanbidean eragin zuzena duten araudiak argitaratuz gero, elkargokideak haien jakitun jartzeaz arduratuko da bereziki. Zerbitzu honek babesa emango die elkargoaren gainerako zerbitzuei eta informazio tekniko eta profesionala jarriko du elkargokideen esku. Horretarako, dokumentazio-zentroak, liburutegi espezializatuak eta informazioa helarazteko sistema teknologikoak sortuko ditu.
Zerbitzu horien antolaketa eta funtzionamendua Gobernu Batzordearen erabakien bidez arautuko dira edo, bestela, Gobernu Batzordeak emandako berariazko araudien bidez.
V. KAPITULUA.– ELKARGOKO BESTE ZERBITZU BATZUK.
41. artikulua.– Elkargoko beste zerbitzu batzuk.
1.– Elkargoak honako zerbitzu hauek ere eskaini ahalko dizkie elkargokideei:
– Aholkularitza. Elkargokideari laguntza ematea.
– Lege-aholkularitza eta defentsa.
– Lege-aholkularitza eta lanekoa.
– Lanbideko aseguruak eta beste aseguru batzuk.
– Datu-baseak eta erregistroak.
– Liburutegia eta argitalpen tekniko interesgarriak.
– Informatika-zerbitzuak.
– Tresna profesionalen alokairua.
– Aholkularitza eta txosten teknikoak.
2.– Zerbitzu berriak edo elkargokide-talde berriak sor daitezen sustatzea. Zerbitzu horiek sektore profesionalen interesei erantzun ahal izango diete, lanbidearen ospearen mesederako izango dira edo elkargoaren helburuak hobeto betetzeko lagungarri izango dira.
3.– Zerbitzu eta elkargokide-talde horien antolaketa eta funtzionamendua aratzeko, Gobernu Batzordearen erabakiak edo Gobernu Batzordeak emandako berariazko araudiak erabiliko dira.
V. TITULUA – ARAUBIDE EKONOMIKO ETA FINANTZARIOA
42. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Elkargoaren baliabide ekonomikoak ohikoak eta ezohikoak izan ahal dira.
2.– Hona hemen ohiko baliabideak:
a) Korporazioak dauzkan ondasun eta eskubideen errendimenduak, bai eta korporazioak burutzen dituen zerbitzu eta jarduerenak ere.
b) Elkargokideek ordaindu behar dituzten sarrera-kuotak eta aldizkako kuotak.
c) Erregistroak eta ikus-onespenak izapidetzearen gastuak, bai eta elkargoak egindako arbitraje, peritatze, ziurtagiriak emate edo berari dagozkion bestelako eginkizunei dagozkienak. Azken horiek ezartzeko, indarrean dagoen elkargoaren araudia eta irizpideak hartuko dira kontuan.
d) Beste diru-sarrera batzuk, elkargoko beste edozein zerbitzu eskaintzearenak.
3.– Hona hemen ezohiko baliabideak:
a) Erakunde ofizialetatik, instituzioetatik, enpresetatik eta beste partikular batzuengandik jasotako diru-laguntzak, dohaintzak edo beste edozein laguntza.
b) Batzar Orokorrak onartzen dituen ezohiko kuotak.
c) Elkargoaren ondareari gehitzen zaizkion ondasun eta eskubideak.
d) Besterendutako ondasun eta eskubideen emaitza.
4.– Elkargoaren helburu eta eginkizunetatik abiatuta sortutako estatutuko betebeharrak betetzeko erabiliko dira baliabide ekonomiko guztiak.
5.– Elkargoaren jarduera ekonomikoa arautzeko, urte natural bakoitzean adieraziko diren sarrera eta gastuen ohiko aurrekontuak erabiliko dira.
Egoerak hala agintzen badu, ezohiko aurrekontuak egin ahal izango dira, ustekabeko edo bat-batean burutu beharreko premietarako.
6.– Gobernu Batzordeak egingo ditu ohiko eta ezohiko aurrekontuak eta Batzar Orokorrak onartu beharko ditu, bidezkoena erabakiz.
7.– Ekitaldi ekonomikoa bukatzen denean, Batzar Orokorrak onartu beharko ditu kontuak.
8.– Gobernu Batzordeak hiru batzordekide izendatuko ditu kontuen kontu-ikuskaritza egiteko eta horien gaineko txostena egiteko. Nahi izanez gero, kanpoko entitate bati ere eskatu ahal izango zaio zeregin hori.
VI. TITULUA – DIZIPLINA-ARAUBIDEA
43. artikulua.– Zehatzeko arrazoiak.
Kontseiluaren Estatutu Orokorreko, Estatutu hauetako, edo Batzar Orokorreko eta Gobernu Batzordeko erabakietako aginduak bete ezik, eta lanbidearen etika eta duintasunaren kontra jokatuz gero, dagokion zehapena ezarriko da eta, horretarako, zehazpen-espedientea irekiko zaio interesatuari.
44. artikulua.– Arau-hauste motak.
Arau-hausteak honela sailkatuko dira: arau-hauste arinak, astunak eta oso astunak.
1.– Hona hemen arau-hauste arinak:
a) Elkargoko zuzendaritza-organoen erabakiak edo estatutuetako arauak urratzea edo arretarik gabe betetzea, eta horretarako arrazoi justifikagarririk egon bada.
b) Zerbitzu jardueretan aske sartzeari eta aritzeari buruzko 17/2009 Legearen 22.2 artikuluan eskatzen den informaziorik ez bidaltzea zerbitzu profesionalen hartzaileei.
c) Lan profesionaletan garrantzirik gabeko okerrak egitea.
d) Gobernu Batzordeko bileretara behin eta berriro huts egitea edo batzarretara joan beharra inorengan ez eskuordetzea.
e) Elkargokideen artean garrantzi txikiko desegokikeriak eta begirunerik eza.
f) Indiziplina-egintza arinak, lanbidearen ohorea edo ospea publikoki kaltetzen duten egintzak eta, oro har, une jakin bateko axolagabekeria justifikagarri baten ondorioz egiten diren hutsak elkargoko edo lanbideko eginkizunetan.
2.– Hona hemen arau-hauste astunak:
a) Estatutuetan xedatutakoa eta Elkargoen Kontseilu Nagusiko edo Arabako elkargoko zuzendaritza organoetako erabakiak ez betetzea eta horretarako justifikaziorik ez izatea.
b) Elkargoaren bidez izapidetu behar den edozein agiritan gezurrak jartzea.
c) Kontratatutako lanak aurrera ez ateratzea eta lansariak makurkeriaz jasotzea.
d) Lanbideko eginkizunak ez betetzea, baldin eta kaltegarria bada lanbideko jarduera eskatu edo hitzartu duenarentzat.
e) Lanbideko intrusismo-kasuen edo lanbidean egiten diren jarduera irregularren jakitun egonda, horiek ez komunikatzea.
f) Aseguratuta ez egotea.
g) Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 13. artikuluan xedatutako derrigorrezko lana ez egitea, salbu eta zerbitzua ematea eragozten dion arrazoi justifikaturik badago, eta baldin eta justifikaziorik eskatzen bada.
h) Lanbide bereko beste kide batzuen edo gobernu organoen eta lanbidea dela-eta elkargokidearekin harremanetan jartzen diren pertsonen edo erakundeen duintasuna gogor iraintzea, bai eta horiei erasotzea ere.
i) Lanak egitea edo zerbitzuak kontratatzea axolagabekeriaz edo aurreikuspenik egin gabe jokatzea edo bestelako jokabide kaltegarriez aritzea, baldin eta horrela lanbidearen ospeari kalte egiten bazaio edo, lehiaren Zuzenbidearen arloan eta bidegabeko lehiaren arloan indarrean dagoen legedian xedatutakoaren arabera, horrela jokatzeak bidegabeko lehiaren kasuren bat badakar.
j) Kontseiluen edo elkargo profesionalen edo horien organoen ohiko jarduera oztopatzen edo eragozten dituzten egintzak burutzea.
k) Estatutu hauek aplikatu edo interpretatzeko Estatuko administrazioak edo Euskal Autonomia Erkidegokoak emandako arauak ez betetzea.
l) Estatutu hauek aplikatu edo interpretatzeko Batzar Orokorrak hartutako erabakiak ez betetzea.
m) Gutxienez bost arau-hauste arin egitea bi urtetan.
3.– Hona hemen arau-hauste oso astunak:
a) Lanbidean jardutea Aparejadoreen edo Arkitekto Teknikoen titulurik gabe edo arkitekto teknikoaren lanbide arautuan aritzeko gaitzen duen unibertsitateko beste tituluren bat izan gabe.
b) Duintasun edo etika profesionalari nahikoa kalte egiten dieten egintzak burutzea.
c) Eginkizun profesionalak ez betetzea, eta horrek kalte handia egitea jarduera profesionala eskatu edo hitzartu duenarentzat.
d) Sekretu profesionala urratzea.
e) Jarduteko gaitasunik gabe egonda edo bateragarritasun edo debeku prozedura batean sartuta egonda, lanbidean jardutea.
f) Lanbideko jardueraren ondorioz, doluzko delituak egitea, delituan izandako parte-hartzea dena dela.
g) Bi urtetan gutxienean bi arau-hauste astun egitea. Salbuespena izango da aurreko ataleko m) letrako arau-haustea.
45. artikulua.– Zehapenak.
1.– Hona hemen ezar daitezkeen zehapenak:
A) Arau-hauste arinak:
a) Kargu hartzea edo ohartaraztea ahoz.
b) Isuna, gehienez 300 eurokoa.
B) Arau-hauste astunak:
a) Lanbidean jarduteko desgaikuntza, gehienez ere urtebete, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 17. artikuluan xedatutako baldintzetan.
b) 301 eta 3.000 euro bitarteko isuna.
C) Arau-hauste oso astunak:
a) Lanbidean jarduteko desgaikuntza, urtebete eta egun bat eta hogei urte bitartean, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 17. artikuluan xedatutako baldintzetan.
b) 3.001 eta 30.000 euro bitarteko isuna.
2.– Arauak hautsi dituenak etekin ekonomikoa atera badu arau-hauste horregatik, isuna handiagoa izango da. Hain zuzen ere, etekin hori zenbatekoa izan den kalkulatu ondoren, etekina edo etekinaren bikoitza gehitu beharko zaio gorago aipatutako kopuruetatik gutxienez berez ordaindu beharreko isunari.
3.– Isunak kasuan kasuko gorabeheren arabera zehaztuko dira.
4.– Zigor horiez gainera, beste edozein erantzukizun baldin badago, zigortuek erantzun egin beharko dute.
5.– Elkargoek diziplina betearazteko gaitasunagatik jasotzen dituzten isun-ordainketa guztiak etengabeko lan-prestakuntzako jarduerak ordaintzeko erabiliko dira.
6.– Arau-hauste oso astunek hiru urtera preskribatuko dute, astunek bi urtera eta arinek urtebetera. Arau-haustea egin zenetik aurrera hasiko da zenbatzen preskripzio epea. Zehazpen-prozedura bat hasiz gero, eta interesatua horren jakitun egonda, preskripzioa eten egingo da. Zehazpen-espedientea sei hilabete baino gehiago geldirik badago, eta horren errua ez bada arau-hauslearena, preskripzio epea berriz hasiko da.
7.– Falta astunak egiteagatik ipinitako zehapenek hiru urtera preskribatuko dute, falta astunengatik ipinitakoek bi urtera eta falta arinengatik ipinitakoek urtebetera. Hala ere, lanbidean jarduteko desgaikuntza-zehapenak hiru urterako edo gehiagorako badira, preskripzio-epea eta zehapen-aldia bera izango dira. Zehapenen preskripzio-epea zehapena ipini duen ebazpena tinko bihurtu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kontatzen. Exekuzio-prozedura bat hasiz gero, eta interesatua horren jakitun egonda, preskripzioa eten egingo da, eta exekuzio-prozedura sei hilabete baino gehiago geldirik badago, eta geldirik egotearen errua ez bada arau-hauslearena, berriro hasi beharko da epea zenbatzen.
8.– Zehapenak ezartzeko diziplina-espedientea ireki beharko da nahitaez. Diziplina-espedienteak Gobernu Batzordeak izapidetuko du, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 17. artikuluan xedatutako irizpideen arabera eta lanbidearen estatutu profesionaletan araututako prozeduraren arabera.
VII. TITULUA – SARIAK
46. artikulua.– Sariak.
1.– Elkargokideek saritzeko sistema bat ezartzen da, honako merezimendu hauek aitortzeko:
a) Lanbidearen arloko jardunean, irakaskuntzan edo ikerkuntzan ospe nabarmena lortu duten elkargokideen merezimenduak, bai eta elkargoko jardueretan emandako laguntza eta izandako ardura eskuzabal eta bereziagatik lortutakoak ere.
b) Elkargokideek lanbidean hogeita bost urte edo berrogeita hamar urtebete izana.
2.– Lanbidearen alde jarduteagatik nabarmendu direnei edo elkargoaren alde lan berezia egin dutenei ere eman ahal izango zaizkie sariak, nahiz eta elkargokide ez izan.
3.– Sariak era honetakoak izan daitezke: diploma, bereizgarria, domina, plaka edo bestelako oroigarriren bat ematea.
4.– Sariak emateko, Gobernu Batzordeak edo hogeita bost elkargokidek egindako proposamen arrazoitua beharko da.
VIII. TITULUA – ELKARGOA DESEGITEKO PROZEDURA ETA LIKIDAZIO-ARAUBIDEA
47. artikulua.– Elkargoa desegitea eta likidazio-araubidea.
Arabako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofiziala desegiteko Eusko Legebiltzarraren legea beharko da, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 31.3 artikuluan jasotako kasuan izan ezik.
Elkargoa desegiteko prozedurak likidazio-prozedura hasiko du. Elkargoa desegiteko baimena ematen duen legeak ezarriko du elkargoaren ondarea, eskubideak eta betebeharrak likidatzeko prozedura. Horrez gain, soberakinik egonez gero, zertarako erabili ere erabakiko du, Batzar Orokorrak erabakitakoarekin bat.
Elkargoak izaera juridikoa eta gaitasuna galduko ditu elkargoa desegiten duen xedapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean. Baina, elkargoa beste elkargo bat edo gehiago sortzeko desegiten bada, ez ditu horiek galduko. Horrelakoetan, elkargo berria sortzen den unean lehendabiziko elkargoa desegintzat joko da.
AZKEN XEDAPENA
Estatutu hauek Eusko Jaurlaritzako Elkargo Profesionalen arloko eskumena duen Sailari jakinarazi behar zaizkio, Jaurlaritzak behin betiko onar ditzan. Estatutuak onartzen dituen agindua eta estatutuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko dira.
Legezkoak direla adierazi, Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, indarrean sartuko dira, baina argitaratu eta hurrengo egunean.