EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2016243

AGINDUA, 2016ko abenduaren 16koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen eta arautzen baita 2017. urterako «Kultura Ondarea» saria.

Xedapenaren data: 2016-12-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201605509
Maila: Agindua
Deialdi honen xedea da saritzea 2016-2017ko ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe ofizialetan matrikulatuta dauden eta Euskal Kultura Ondarearen ezagutza hobekien zabaltzen laguntzen duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak.
Sari honen bidez sustatuko da, batetik, ikasleen talde-lana, zeina ikastetxeetako irakasleek gidatuko baitute, eta, bestetik, kultura-ondarearen ezagutza zabaltzea sare sozialen bidez, zeinei euskarria eman nahi baitzaie sariaren webgunean (www.kulturaondarea.eu). Webgune horretan artxibatuta geratuko dira aurkezten diren bideoak.
Horregatik guztiagatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenen esparruan, «Kultura Ondarea» saria iragarri eta arautzen da.
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen xedea da «Kultura Ondarea» saria iragarri eta arautzea. Sari horren helburua da saritzea Euskal Kultura Ondarearen ezagutza zabaltzen hobekien laguntzen duten 2016-2017ko ikasturteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak.
1.2.– «Kultura Ondarea» sariaren helburua da ekimena, berrikuntza, ekintzailetza-gaitasuna, sormena eta gizarte-garapena bultzatzea hezkuntza-alorreko eremu guztietan, Euskal Kultura Ondare materialaren zein ez-materialaren forma guztiak ezagutuz eta horiei balioa emanez. Zehazki:
a) Kultura berritzailea eta Euskal Kultura Ondarearen gaineko ezagutza ikertu, berreskuratu eta eraikitzeko esfortzuaren aintzatespena bultzatzea.
b) Euskal Kultura Ondarea ezagutzera ematea, euskal hezkuntza-sistematik eta euskal hezkuntza-sistemarako.
c) Hezkuntza alorrean ekimen berritzaileak martxan jartzea bultzatzea.
d) Euskal Kultura Ondareari atxikitako ezagutzaren balorazioan eta eraikuntzan gazteek duten papera aitortzea.
e) Gazteen artean tresna teknologikoen erabilera sustatzea jabari publikoko kultura- eta hezkuntza-edukiak sortzeko.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Aurreko artikuluan aurreikusitako xederako 30.000 euro erabiliko dira.
3. artikulua.– Baztertzeak.
Sariketa honetatik baztertuko dira, eta, beraz, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukerarik gabe geldituko, zigor administratibo edo penalak dituzten parte-hartzaileak edo horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuak dituztenak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko apirilaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne.
4. artikulua.– Saria.
Hiru bideorik onenak egin dituzten lantaldeetako kideei emango zaie saria, tutorea barne, eta hauek izango dira sariak:
a) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatutako Irlandarako bisita kultural batean parte hartzeko eskubidea (7 egunekoa). Bertako gidari batek lagunduko ditu pertsona sarituak Irlandako toki enblematikoenetako zenbait bisitatzeko eta haien kulturako adierazpen esanguratsuak ezagutzeko ibilbidean. Bidaiak barne hartzen ditu hegaldia, ostatua, otorduak eta gidaria, eta ekainean egingo da, ikasturtea amaitu eta gero.
Saritutako ikasleek Gazte Txartela indarrean izan beharko dute bidaian parte hartu ahal izateko. Txartel honek arriskuak estaltzeko asegurua du. Gainerako parte-hartzaileek asegurua izateko eskubidea izango dute.
Talde irabazleen tutoreak edo tutoreek izango dute taldea osatzen duten adingabeen tutoretza, eta haien ardurapean egingo dute bidaia. Tutoreak edo tutoreek ezin badute bidaia antolatuan parte hartu, ikastetxeak, dagokion baimena bildu eta gero, pertsona bat izendatuko du haren ordez joan eta lan hori egiteko.
b) Oroigarri bat talde irabazlearen ikastetxerako.
Saria emango da baldin eta aurrez kreditu egokia eta nahikoa badago EAEko 2017rako aurrekontu orokorretan.
5. artikulua.– Eskatzailea eta pertsona onuradunak.
Ikasleak matrikulatuta daudeneko ikastetxeko tutorea izango da eskatzailea, eta bideoak aurkezten dituzten taldeetako kide diren ikasleen ordezkaritzan jardungo du.
Hobekien baloratutako hiru bideoak egin dituzten taldeetako kideak (ikasleak eta tutoreak) izango dira sariaren onuradun, denak ere 2016-2017ko ikasturteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak. Sarian onuradun izan diren ikasleen ikastetxeei egiaztagiri bana emango zaie.
6. artikulua.– Eskakizunak.
Baldintza hauek betetzearen mende egongo da pertsona onuradunei laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzea:
a) Onuradunek egunean izan behar dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Kultura Ondarearen Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du baldintza hori betetzen dela.
b) Diru-laguntza horiek emateko –eta, hala badagokio, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Diru-laguntza horiek emateko –eta, hala badagokio, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.
7. artikulua.– Partaidetza eta tutoretza.
7.1.– 2016-2017ko ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe ofizialetan matrikulatuta dauden Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleek parte hartu ahal izango dute «Kultura Ondarea» sarian; gutxienez 3 ikaslek eta gehienez 6k osatutako talde batek landutako bi bideo aurkeztuko dituzte.
7.2.– Ikasle parte-hartzaileak matrikulatuta dauden ikastetxeko tutore bat izango da haien ordezkaria; hark beteko ditu ordezkaritza-egitekoak, eta, gainera, parte-hartzaileen lanaren lanketa motibatu, gidatu eta koordinatuko du, baina ez du inolaz ere lan horretan zuzenean parte hartuko.
8. artikulua.– Lehiaketaren mekanika.
8.1.– Sarian parte hartzeko, talde parte-hartzaile bakoitzak bere eskabidea aurkeztu beharko du agindu honen 10. artikuluan adierazi bezala. Eskabidean, webgune publiko eta ireki baten (wikia, bloga, unitatea) URL helbidea adieraziko da, eta bertan egongo dira bideo biak. Horiexek sartuko dira gerora Kultura Ondarea sariaren webgunean (www.kulturaondarea.euskadi.eus).
Euskal kultura-ondarearen elementu bat izango da lehenengo bideoaren gaia, eta, ahal izanez gero, ikasleen ingurukoa.
Bigarren bideoak, lehenengo bideoa egiteko jarraitutako prozesu osoa (making-of prozesua) jasoko du, eta bereziki azpimarratuko da zer helburu lortu nahi izan den eta zer metodologia erabili den.
8.2.– Parte hartzen duten taldeek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza teknikoa izango dute eskabideak aurkezteko eta beharrezko agiriak prestatzeko.
8.3.– Bideoaren gaia libre da, baina zerikusia badu euskal kultura-ondarearekin, izan materiala zein ez-materiala.
8.4.– Bideoek, gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:
1) Jatorrizko lan argitaragabea izatea.
2) Gutxienez 3 minutu eta gehienez 10 minutu irautea.
3) Bereizmen handiko kalitatea izatea (gutxienez 720 pixel).
4) Eskubideetatik libre dauden edukiak (idatzia, soinua edo irudia) erabiltzea, edo, bestela, jabeak edo ustiapen-eskubideen titularrak emandako berariazko baimena izatea. Kasu horietan, dagokion baimen-agiria helarazi beharko da inskripzio-eskabidearekin batera.
5) Eskola-curriculumean jasotako edozein hizkuntza edo hizkuntza bat baino gehiago erabiltzea.
6) Eusko Jaurlaritzari ematea aurkeztutako bideoen zabalkunde- eta ustiapen-eskubideak, zeinak jendearen esku jarriko baititu.
7) Pertsonen oinarrizko eskubide guztiak errespetatzea; ez da onartuko indarkeriarekin, sexismoarekin edo arrazakeriarekin zerikusia duten indarkeriazko edukirik.
9. artikulua.– Emateko prozedura.
Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, aurkeztutako eskabideak erkatuz emango dira sariak, eta, 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, lehentasunen arabera ordenatuko dira. Hobekien baloratutako 2 bideoak aurkeztu zituzten 3 taldeetako partaideei bakarrik emango zaie saria.
10. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea eta tokia.
10.1.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2017ko apirilaren 7an bukatuko.
Eskaerak bertatik bertara aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro laguntzaileetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan daude zerrendatuta aipatutako erregistroak).
2017ko apirilaren 21ean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren webgunean eta lurralde-ordezkaritzen iragarki-tauletan argitaratuko da onartutako eta baztertutako eskabideen behin-behineko zerrenda, eta taldea osatzen duten ikasleak zein diren adieraziko da bertan. Eskabideetan akatsik edo ez-egiterik atzemanez gero, horien arrazoia eta konpontzeko epea ere jakinaraziko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 71. artikuluari jarraikiz. Eskabidea izapidetzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea baloratzeko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurrez, dagokion ebazpena emango da.
2017ko maiatzaren 12an, akats edo ez-egite posibleak konpontzeko epea amaitu ostean, onartutako eta baztertutako eskabideen behin betiko zerrenda argitaratuko da lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren webgunean, eta, hala badagokio, eskabideak baztertzeko arrazoiak ere azalduko dira.
10.2.– Tutoreak agiri hauek aurkeztuko ditu:
a) Eskabidearen eta erantzukizunpeko adierazpenaren inprimakia beteta (I. eranskina). Inprimaki horretan berariazko adostasuna eman ahal izango da Kultura Ondarearen Zuzendaritzak datuak eta agiriak eskuratu edo egiazta ditzan, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztatu, kontrolatu eta aztertzeko gaitasunak. Inprimaki horrek jasoko dut, halaber, erantzukizunpeko adierazpena, adieraziz eskabidean jasotzen diren datuak eta agiriak egiazkoak direla eta betetzen dituztela laguntza hauen onuradun izateko indarreko araudian ezarritako baldintzak.
b) Tutorearen ordezkaritza egiaztatzeko agiriak (II. eranskina).
11. artikulua.– Balorazio-batzordea.
Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:
Batzordeburua: Kultura Ondarearen zuzendaria
Batzordekideak:
– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.
– EITBren zuzendari orokorra.
– Gaian itzal handia duten bi aditu, Kultura Ondarearen zuzendariak hautatuak.
– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikaria, idazkari-lanak ere egiteko.
Batzordeburuak baimena eman dezake bileretan –edo horien zati batean– aztertzen diren gaietan espezializatuak diren pertsonak egoteko; hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botorik ez.
Batzorde horrek, agindu honen 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamena emango dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.
12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Aurkeztutako eskabideak irizpide hauei jarraikiz ebaluatuko ditu balorazio-batzordeak:
Ebaluatzeko eta barematzeko irizpideak:
– Edukiak berrikuntza dira kultura-ondarearen tratamenduan: ikuspegi eta «begirada» berriak: Sormena, bideoa egiteko prozesuari edo azken emaitzari originaltasuna eta freskotasuna emango dioten alderdiak.
– Informazio-iturri ezberdinak erabiltzea: Dokumentazio-prozesua, aurkeztutako materiala lantzeko hautatutako gaiari buruzko informazioa biltzeko informazio-iturri ezberdinen bilaketa eta jarraipena.
– Proposamenaren interesa eta dibulgazio-izaera. Aurkeztutako materialaren argitasuna, interesa eta ahalegin komunikatiboa.
– Ingurune sozialarekiko interakzioa bai informazioaren bilketan bai aurkeztutako grabaketaren materialean. Ikerketa-prozesuan, informazioaren bilketan eta grabaketan inguruneko eta hautatutako giarekin zerikusia duten pertsona eta eragile garrantzitsuekin elkarri eragitea.
– Sormena: Bideoa egiteko prozesuari edo azken emaitzari originaltasuna eta freskotasuna emango dioten alderdiak baloratuko dira.
– Irudiaren, soinuaren eta edizioaren kalitatea: Irudiaren, soinuaren eta edizioaren kalitate teknikoa baloratuko da, kontuan izanik, betiere, bideo ez-profesionalak direla.
– Bideoaren inpresio orokorra: Balorazio orokorra: bideoak ikus-entzuleengan uzten duen inpresio orokorra.
– Lehiaketan zehar izaniko parte-hartze jarrera, ideia berriak ekartzea: Parte-hartze prozesua, talde bat sortzea eta lan-dinamika anitza, zeinean kide guztiek berdin eta aktiboki parte hartzen baitute lan-prozesuaren fase guztietan. Proiektua nola aurreratzen den jakinaraztea (irudiak bidaltzea, making-of prozesuari buruzko bideo txikiak...), ideia berriak eta iradokizunak aurkeztea; horretarako, Kultura Ondarea Sariaren sare sozialak zein erakundearekin kontaktu zuzena erabili ahal izango dira (kulturaondarea@gmail.com).
13. artikulua.– Ebazpena.
13.1.– Sarien emate-ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du, balorazio-batzordeak helarazitako proposamena aintzat harturik, eta, gehienez, hilabeteko epean jakinaraziko du agindu honek eragina sortzen duenetik aurrera.
13.2.– Ebazpen hori Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren webgunean argitaratuko da denek horren berri izan dezaten.
14. artikulua.– Sariak ematea.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarriko duen jendaurreko aintzatespen-ekitaldian egingo da sari-ematea. Ekitaldi horretan, bidaiari buruzko agiriak eta ikastetxerako, tutorearentzako eta saritutako ikasleentzako egiaztatze-diplomak emango dira.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten dizu emandako datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen direnak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututako Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru-laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko ditugula. Agindu horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloak) datu pertsonalen fitxategiak arautzen dira (abenduaren 22ko EHAA, 243. zk.). Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duten bestelako administrazio-prozedura edo -espedienteak kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari aurretik eman zaio fitxategi horren berri, eta baditu datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorrita, datu horiek eskuratzeko, ezabatzeko, zuzentzeko eta horien aurka egiteko aukera dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.)
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Administrazioari baimena ematen diote emandako datuak konparatzeko eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon zein beste Administrazio publiko batzuen esku egon), betiere, laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo horiei eusten zaiela egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura egingo diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruz Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuak emandako 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egokia egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.
Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdiei dagokienez, hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluko aurreikuspenak, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 16a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.