EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2016242

212/2016 DEKRETUA, abenduaren 13koa, Pasaiako Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko bokalak kargutik kentzeko eta izendatzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201600212
Xedapenaren data: 2016-12-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201605466
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/10/30rean argitaratutako 2014/10/14ko 201400196 DEKRETUA

Estatuko portuei eta merkataritzako nabigazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak, atariko tituluaren II. kapituluan, arautu egiten ditu interes orokorrekoen artean sailkatutako portuak. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Bilboko eta Pasaiako portuak sartzen dira interes orokorrekoen artean.
Estatuaren lurraldea antolatzeko modua eta lurralde horretako interes orokorreko portuek autonomia erkidegoetan duten eragin ekonomiko eta soziala kontuan hartuta, aipatutako legegintzako errege dekretuak beharrezko neurriak ezartzen ditu erkidegoek portuetako agintaritzaren antolakuntzako egituretan parte-hartze handiagoa izan dezaten. Izan ere, agintaritza-egitura horiek portuak artezten dituzten organoak dira.
Estatuko portuei eta merkataritzako nabigazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 30. artikuluaren 1. eta 2. zenbakiek honela diote:
«1.– Administrazio Kontseiluak honako kide hauek ditu:
(...)
b) Berezko kide bat; kide hori itsas kapitaina izango da.
c) Gutxienez 10 bokal, eta gehienez 13. Kanariar eta Balear uharteetarako, ordea, 16 artekoa izango da bokal-kopurua. Autonomia-erkidegoei edo Ceuta eta Melilla hiriei dagokie kopuru hori ezartzea, baita bokalak izendatzea ere.
2.– Autonomia-erkidegoek edo Ceuta eta Melilla hiriek, c) letran aipatu diren bokalak izendatzerakoan, honako irizpide hauek errespetatuko dituzte:
a) Itsas kapitaina eta beste hiru bokal izango dira Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkari Kontseiluan. Hiru bokal horietako bat estatuaren abokatu bat izango da, eta beste bat Estatuko Portuak Erakunde Publikokoa.
b) Presidenteaz gain, lau bokalek ordezkatuko dute Autonomia Erkidegoa.
c) Kanariar Uharteetan, kabildo bakoitzak ordezkari bat izango du, eta, Balear Uharteetan ere, kontseilu bakoitzak ordezkari bat izango du.
d) Portuaren zerbitzugunea euren mugartean duten udalek Kontseiluko gainontzeko kideen % 33ko ordezkaritza izango dute. Eraginpeko udalak bat baino gehiago badira, lehenik honako hauei egokituko zaie ordezkaritza: portu-agintaritzak administratutako portuari/ei izena ematen dion/en udalei; eta, ondoren, gainontzekoei: zerbitzuguneak udal-mugartean zer azalera hartzen duen, hainbateko proportzioan.
e) Kontseiluko gainerako kideen ehuneko 66a, honako hauen ordezkaritzari izango dira: merkataritza-, industria-eta nabigazio-ganberenak, enpresa- eta sindikatu-erakundeenak, eta portuen arloan garrantzi handia duten sektore ekonomikoenak.
Kideen izendapena, nahitaez, Administrazio Kontseiluan ordezkaritza duten administrazio publikoek, erakundeek eta organismoek proposatuta egingo da. Estatutuko Administrazio Orokorraren kasuan, Estatuko Portuak Erakunde Publikoko lehendakariak egingo du proposamena.
Administrazio Kontseiluko bokalen izendapenek, lehen paragrafoko c) letran aipatzen direnek, lau urteko indarraldia izango dute. Izendapena berritu ahal izango da, hurrengo lerroaldean ezarritakoa eragotzi gabe.
Kontseiluko bokalak kargutik kentzeko erabakia autonomia-erkidegoko organo eskudunak hartuko du, bokal horiek ordezkatzen dituzten antolakundeek, organismoek eta erakundeek hala proposatuta.
Horiek horrela, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta Estatuko portuei eta merkataritzako nabigazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2016ko abenduaren 13an egin duen bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Izaskun Iriarte Irureta andrea Pasaiako Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko bokal-kargutik kentzea, eta Alejandro López Carcamo jauna Kontseilu horretako bokal-kargurako izendatzea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila ordezkatzeko.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek ondorioak izango ditu Pasaiako Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko lehendakariari kargugabetutako eta izendatutako kideen berri ematen zaion egunetik aurrera; dekretua, bestalde, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko abenduaren 13an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.