EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2016239

EBAZPENA, 2016ko abenduaren 1ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2017ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, koadrilei eta mankomunitateei diru-laguntzak emateko deialdia egin eta diru-laguntza horiek arautzen dituena. Diru-laguntza horiek emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoak egiteko eta/edo berdintasunerako planak egin eta ebaluatzeko behar den laguntza teknikoa ahalbidetzeko emango dira.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2016-12-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201605387
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2005/03/02an argitaratutako 2005/02/18ko 200500004 LEGEA

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren eta gizartearen esparru guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea, berdintasun hori –izatez eta zuzenbidez– osotasunez garatzeko dauden oztopoak kentzea eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.
Aipatu helburuak lortzeko, EAEko Administrazio osoak parte hartu behar du, eta bereziki toki-administrazioek, herritarren behar, interes eta kezketatik hurbilen daude-eta. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak tokiko administrazioaren eskumenak zehazten ditu 7. artikuluan. Horien artean, 1.c atalean, honako hauek aipatzen ditu: «toki-eremuan programak egitea, Jaurlaritzaren plangintza orokorraren esparruaren barruan eta foru-aldundiek egiten dituzten programen esparruaren barruan». Bestalde, 15.3 artikuluak dio udalek berdintasunerako planak edo programak onetsiko dituztela, Eusko Jaurlaritzaren plangintza orokorrean ezartzen diren jarraibide eta gidalerroekin bat.
Horri dagokionez, legegintzaldi bakoitzean EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako indarreko Plana tokian tokiko esparruan gauzatzeko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak berdintasun-planak abiatu ditu Plana bultzatu eta sustatzeko, bultzatzaile izatea baitagokio, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 5.e) artikuluan eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera. Gainera, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, 5. k) artikuluan, egiteko hau ezarri dio Autonomia Erkidegoko Administrazioari, kasu honetan Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari: «Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, toki-erakundeei, gainerako euskal herri-aginteei eta ekimen pribatuari laguntza tekniko espezializatua ematea».
Esandako guztia dela-eta, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak beharrezkotzat jotzen du udalerriei, koadrilei, udalerri-multzoei eta mankomunitateei laguntzea, laguntza teknikoa lortzeko diru-laguntzen bidez diagnostikoak egin ditzaten eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak egin eta ebaluatu ditzaten. Horretarako arautu dugu diru-laguntzetarako deialdi hau, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-irizpideen arabera.
Ebazpen honetan, egokitzat jo da diagnostikoak eta/edo planak indar handiagoz sustatzea emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak garatzen hasi diren eta oraindik udalbatzak onartutako planik ez duten udalerri, udalerri-multzo, koadrila eta mankomunitateetan; hori dela-eta, laguntza ekonomikoak esleitzerakoan lehentasuna emango zaie, lurralde-oreka handiagoa lortzeko xedez. Hori horrela izango da baldin eta tokiko erakundeek hasitako berdintasun-politiken jarraipena bermatzeko konpromisoa agertzen badute. Lehentasuna emango zaio, halaber, mankomunitate, koadrila eta udalerri-multzoek elkarturik proiektuak egiteari, politika publikoek beren ingurunean eragin eta oihartzun handiagoa dutelako. Berdintasunerako teknikarien kontratua luzatzeari eta/edo zuzeneko kontratazioari ere lehentasuna emango zaio.
Azkenik, deialdi honi, kudeaketa bizkortzeko xedez, gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, EAEko 2017ko Aurrekontu Orokorren kontura.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak 2017an Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, koadrilei eta mankomunitateei eta 4.3 artikuluan aipatzen diren elkarteei emango dizkien diru-laguntzak arautzen dira ebazpen honen bidez, eta horietarako deialdia egiten. Emakumeen eta gizonen egoeraren diagnostikoa egiteko eta/edo berdintasunerako planak egin eta ebaluatzeko behar den laguntza teknikoa kontratatzeko emango dira diru-laguntzak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 15.3 artikuluan ezarritakoa betez eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako indarreko Plana garatuz. Diru-laguntzen baldintzak hurrengo artikuluetan finkatuko dira, aurrekontuko IV. kapituluko kredituetan zehaztutako mugen barruan.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko diru-baliabideak. Zenbatekoa, hasieran behintzat, hirurehun eta hirurogei mila (360.000) eurokoa izango da.
2.– Laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da xede horretarako Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko agindua).
3. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.
1.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, eta lehentasunaren araberako hurrenkeran jarriko dira, 10.1 artikuluan finkatutako irizpideak aplikatuz. Puntu gehien lortzen dituen eskaeratik hasi eta aurreko artikuluan horretarako kontsignatutako aurrekontu-kreditua agortu arte emango dira diru-laguntzak.
2.– 10.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektuek soilik jaso dezakete laguntza, betiere, 11. artikuluan ezarritako gehienezko muga gainditu gabe: 15.000 euro, proiektua udalerri batek aurkezten badu, eta 30.000 euro, koadrila, mankomunitate edo udalerri-multzo batek programa bateratu bat aurkezten badu.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– EAEn indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana garatuz diagnostikoak eta/edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak egin eta ebaluatu nahi dituzten EAEko udalerri, koadrila, mankomunitate eta udalerri-multzoek eska ditzakete ebazpen honetan araututako diru-laguntzak. Laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabili beharko dute diru-laguntza. Halaber, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak ezarritakoa bete beharko dute, bereziki jarraian agertzen diren betekizunak:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
– Diru-laguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa egunean egotea.
2.– Ez dira onuraduntzat hartuko lehenengo atalean sartutako erakundeen menpe edo horiei lotuta dauden edo horietan partaidetza duten pertsona juridikoak, izan zuzenbide publikokoak edo pribatukoak.
3.– Koadrila, mankomunitate eta bi udalerriren edo gehiagoren multzo batek diru-laguntza programa bateratu bat egiteko eskatzen badu diru-laguntza, proiektuko udalerri guztien berariazko baimena jaso beharko da eskabidean. Horietan sartuta dauden udalerriek ezingo dute euren kabuz laguntzarik eskatu multzoak, koadrilak edo mankomunitateak eskatutakoaren antzeko proiektu baterako. Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluak ezarritakoa bete beharko dute.
Proiektu batzuk hainbat udalerrik elkarrekin egitekoak badira, udalerri horietako batek edo batzuek ezingo dute proiektua zatituta aurkeztu.
Udalerri-multzoen kasuan, udalerri bat izendatu beharko da diru-laguntzarako programa kudeatzeko eta ordaintzeko ekintzak balioz gauzatzeko.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzei edo diru-laguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Erakundearen helburuekin bat etorriz, laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabili behar dira diru-laguntzak. Laguntza teknikoa, bestalde, EAEn indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana garatuz tokian-tokian emakumeen eta gizonen egoeraren diagnostikoak egiteko eta/edo berdintasun planak egin eta ebaluatzeko izango da 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 15a arte.
Jarduera horretan sartzen dira diagnostiko eta plan orokorrak egitea (udal jardueraren zati handiena hartzen dutenak) eta diagnostikoak eta plan sektorialak eta/edo estrategikoak egitea, bai eta indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeko protokoloak, horiei dagozkien ebaluazioak eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantzak egitea ere.
Deialdi honen helburua ez da planetan aurreikusitako ekintzen gauzapena diruz laguntzea, ez eta horretarako behar den laguntza teknikoa ematea ere.
2.– Diagnostikoa egiteko edo berdintasun-plana egin eta ebaluatzeko behar den laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabil daitezke laguntzak. Zehazki, gastu hauek onartuko dira:
– Udalerri, udalerri-multzo, koadrila edo mankomunitateko berdintasun-teknikariaren kontratua luzatzeagatiko gastuak edo berariaz lan-proiektua egiteko aldi baterako berdintasun-teknikariak zuzenean kontratatzeagatiko gastuak.
– Laguntza teknikorako kontratatutako pertsonen eta aholkularitza-enpresen gastuak. Enpresa horiek zati bat baino ezin izango dute azpikontratatu, gehienez ere, proiektuaren zenbateko osoaren % 20.
– Aparteko zailtasunak dituzten pertsonek edo askotariko bereizkeria jasaten dutenek lan-prozesuan parte hartzeko dituzten oztopoak ezabatzeko neurri osagarriek sortutako gastuak.
3.– Diruz lagundutako proiektua garatzeko, aholkularitza-enpresek izendatzen dituztenek eta/edo kontratatu diren edo kontratatuko diren teknikariek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko prestakuntza dutela egiaztatu beharko da; zehazki, gutxienez izan beharko dute 150 orduko ikastaro bat –administrazio publiko batek edo unibertsitate batek emana edo egiaztatua–, eta/edo urte biko esperientzia profesionala emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko alorrean.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2017ko urtarrilaren 30ean amaituko da (egun hori barne).
2.– Prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, erakundeek bide elektronikoak erabili behar izango dituzte. Horrela, eskabideak bide elektronikoz aurkezteko, euskadi.net-eko egoitza elektroniko hau dago: https://www.euskadi.eus/2017/elkarteak-vg/y22-izapide/eu/
3.– Eskabidearen ondorengo izapideak, «Nire kudeaketak» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.
4.– Erakunde interesdunek, bitarteko elektronikoz, prozedura honetako izapide guztiak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartzen duen edozein ziurtagiri elektroniko erabili behar izango dute. Onartutako ziurtagiri elektronikoak zeintzuk diren jakiteko, link honetan kontsulta egin ahal izango da: https://www.euskadi.eus/y22-zer/eu/contenidos/informacion/certificados_admitidos/eu_cert_ele/certificados_electronicos.html
5.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera, 14.f) artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.
7. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
1.1.– Eskabide-eredua, zinpeko adierazpenekin batera, honako hauek egiaztatzeko:
Erakunde eskatzailea beste administrazio publiko batetik edo erakunde pribaturen batetik xede edo helburu bererako laguntzaren bat jasotzen ari den eta/edo halakorik eskatu duen eta onartu zaion, edo eskabidea artean ebatzi gabe dagoen.
Erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.
Erakunde eskatzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela-eta ez zaiola debekurik jarri ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko.
Erakunde eskatzaileak adierazten duela eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko, indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela.
1.2.– Erakunde eskatzailearen datuak, I. eranskinaren arabera.
1.3.– Koadrila edo mankomunitatearen estatutuen fotokopia. Mankomunitate-elkartearen izaera juridikoa eta jarduera-mota adierazi beharko dira.
1.4.– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko prestakuntzaren fotokopia eta/edo esperientziaren egiaztagiria (5.3 artikulua).
1.5.– Lan-prozesua jasotzen duen proiektuaren deskribapena; lana, gehienez, 2017ko abenduaren 15ean bukatu beharko da (II. eranskinaren arabera).
1.6.– Laguntza teknikorako diru-laguntza udalbatzak edo dagokion osoko bilkurak onartutako planik ez duen udalerriak, koadrilak, mankomunitateak edo udalerri-multzoak eskatzen badu, hasitako politikekin jarraitzeko konpromisoa agertu beharko du organo eskudunak. III. eranskina – Berdintasunaren alorrean hasitako politikekin jarraituko delako konpromisoa.
1.7.– Udalerri, udalerri-multzo, koadrila edo mankomunitateko berdintasun-teknikariaren kontratua luzatzen denean edo lan-proiektua egiteko aldi baterako berdintasunerako teknikariak zuzenean kontratatzen direnean, horren egiaztagiria, agintari eskudunak egina. IV. eranskina – Zuzeneneko kontratazioak egiteko edo kontratua luzatzeko konpromisoa.
1.8.– Proiektua koadrila, mankomunitate edo udalerri-multzo batek egiten badu, udalerri bakoitzaren onarpen adierazia jasotzen duen agiria aurkeztu beharko da, 4. artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritakoaren arabera. V. eranskina – Proiektua elkarlanean egiteko konpromisoa.
1.9.– Esleipen-irizpideak egiaztatzea ahalbidetzen duten gainerako agiri guztiak.
2.– Ondoren aipatzen diren agiriak ere aurkez daitezke, merezimendutzat baloratuko baitira (10.1.B artikulua):
2.1.– Udalerrietan, koadriletan, mankomunitateetan eta udalerri-multzoetan aukera-berdintasuneko agente plazak daudela edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko prestakuntza espezifikoea duten langile kontratatuak berdintasunerako politiketan lanean jarri direla frogatzen duen ziurtagiria. VI. eranskina – Merezimenduak egiaztatzea.
2.2.– Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko udalerri bakoitzak 2017. urterako aurrekontuan jarritako ehunekoa egiaztatzen duen agiria. VI. eranskina – Merezimenduak egiaztatzea.
2.3.– Udalerri, koadrila, mankomunitate edo udalerri-multzoko Emakumearen Toki Kontseiluaren edo parte hartzeko organoaren erregelamenduaren (edo, hori izan ezean, beste egiaztagiri baten) kopia. VI. eranskina – Merezimenduak egiaztatzea.
3.– Era berean, nahi izanez gero, «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia ere aurkeztu ahal izango da. Inprimaki hori ez da aurkeztu beharko erakundea Eusko Jaurlaritzako Hirugarrenen Erregistroan alta emanda baldin badago. Beharrezkoa izango da inprimaki hori aurkeztea aldaketaren bat egonez gero (kontu zenbaki desberdina, edo ordezkaritza aldatzea mankomunitatean, koadrilan edo udalerri-multzoan).
4.– Emakunden dauden agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, agiriak noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35.f) artikuluan ezarritakoaren arabera.
5.– Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.
8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7.1 artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela ohartaraziko zaio eskatzaileari; ezesteko, aurretiaz, ebazpena emango da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan agindutakoari jarraikiz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
9. artikulua.– Hautaketa Batzordea.
Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Hona hemen kideak:
Lehendakaria: Ana Alberdi Zubia, idazkari nagusia.
Bokalak:
– Rafael Junguitu Uribe, Administrazio eta Zerbitzuko arduraduna.
– Ander Bergara Sautua, Generoaren arloko Plangintza eta Ikerketaren arduraduna.
– Goiatz Mínguez Mugertza, Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko teknikaria.
– Izaskun Fernández Otegi, Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.
Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren arduraduna.
10. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.
1.– Diru-laguntzak esleitzeko, hautaketa-batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:
A) Proposamenaren kalitatea. Gehienez, 65 puntu.
– EAEn indarrean dagoen Berdintasunerako Planarekin bat etortzea, bere testuinguruari eta egiturari dagokienez. Gehienez, 10 puntu.
– Udal errealitatera egokituta egotea; proposamenak zein neurritan hartzen duen kontuan udalerriaren eta udalerria osatzen duten pertsona eta taldeen ezaugarriak (berariaz aintzat hartuta aniztasun soziala, kulturala, ekonomikoa...) eta non kokatzen den udalaren berdintasun-egitura eta -politiken garapenean. Gehienez, 15 puntu.
– Proiektua argi azalduta egotea (planteatutako lan-prozesua, helburuak eta metodologia, alderdi berritzaileak, prozesua ebaluatzeko adierazleen sistema, etab.) eta proiektua bideragarria izatea, garatu beharreko lan-prozesuaren ezaugarriak eta horretarako proposatutako aurrekontu eta lan-egutegia kontuan hartuta. Gehienez, 40 puntu.
B) Genero-ikuspegia zenbateraino dagoen instituzionalizatuta (berariaz berdintasun-politikarako zenbat langile eta zenbaterako aurrekontua dagoen, emakumeek parte hartzeko organo iraunkorrak egotea). Gehienez, 15 puntu.
C) Aparteko zailtasunak dituzten edo askotariko bereizkeria jasaten duten emakumeen parte-hartzea bermatzeko neurriak. Gehienez, 5 puntu.
D) Berdintasunerako teknikariak zuzenean kontratatzea edo udalerri, koadrila edo mankomunitateko teknikariaren kontratua luzatzea. Gehienez, 10 puntu.
E) Proiektua mankomunitate, koadrila eta/edo udalerri-multzoen bidez elkarte bat osatuta egitea. Gehienez, 5 puntu.
F) Diagnostikoa eta/edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana lehenengo aldiz egin behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, koadrilek edo mankomunitateek 15 puntu izango dituzte, baldin eta hasitako politikekin jarraitzeko konpromisoa hartzen badute. Ez zaie punturik emango arloko planei, ez eta soilik barrurako direnei ere, ez eta berdintasunerako ordenantzei ere.
2.– Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek 50 puntu lortu behar dituzte, gutxienez.
11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
Diru-laguntza eskatzen den jardueretarako onartutako aurrekontuaren % 75 izango da diru-laguntzaren zenbatekoa. Proiektu bakoitzeko 15.000 euro emango dira gehienez, proiektua udalerri batek aurkezten badu, eta 30.000 euro, koadrila, mankomunitate edo udalerri-multzo batek aurkezten badu.
12. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada.
Gainfinantzaketarik egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
13. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdian aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira, prozedura horren ebazpena Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari dagokio, Hautaketa Batzordearen proposamenaren arabera, eta interesdunek proposatutako arazo guztiak erabakiko dira ebazpen horretan.
2.– Hartzen den ebazpenean, eskatutako laguntzak ematen edo, hala badagokio, ukatzen diren zehaztuko da, eta ematen diren kasuetan, laguntza jaso duten erakundeen izena, diruz lagundutako jarduera-proiektua eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira. Ukatuen kasuan, erakunde eskatzaileen izena, jarduera-proiektua eta zergatik ukatu den adieraziko da.
3.– Ebazpen horretan, hala badagokio, ordezko erakundeen zerrenda bat jasoko da (puntuazio-hurrenkeraren arabera), onuradunek laguntzari uko egiten dioten kasuetarako.
Erakunde horiek ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, proiektuak adieraziko dira eta, onuradunak uko eginez gero, ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehienezko zenbatekoa ere azalduko da; zenbateko hori sekula ez da izango uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.
4.– Puntuazioan berdinketarik izanez gero, berdinketa hausteko honako irizpide hauen arabera ezarriko da hurrenkera. Irizpide hauek hurrenez hurren aplikatuko dira:
– lehen diagnostiko edo plana izatea,
– proposamenaren argitasun eta bideragarritasunean puntuazio handiagoa izatea,
– puntuazio handiagoa izatea EAEn indarrean dagoen berdintasunerako planari egokitzeari dagokionez.
5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskaera egin duten udalerriei, koadrilei, mankomunitateei edo udalerri-multzoei Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera, eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30., 31. eta 32. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Era berean, orokorrean herritar guztiei jakinarazteko asmoz, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da emandako diru-laguntzen, ordezkoen eta ukatuen zerrenda (emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta finantzatutako inbertsio proiektuak, eta ukatzeko arrazoiak adierazita).
6.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da –gehienez ere–, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, diru-laguntzarako eskaera ezetsi dela esan nahiko du, 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Ebazpen honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun diren erakundeek jarraian agertzen diren betebeharrak izango dituzte, baita azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezartzen direnak ere:
a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean, pertsona edo erakunde onuradunek diru-laguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu dutela ulertuko da.
b) «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia aurkeztu behar dute, baldin eta erakundea dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda ez badago edo eskaerarekin batera aurkeztu ez bada. Beharrezkoa izango da inprimaki hori aurkeztea aldaketaren bat egonez gero (kontu zenbaki desberdina, edo ordezkaritza aldatzea mankomunitatean, koadrilan edo udalerri-multzoan).
c) Diru-laguntza zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, non eta 16. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.
d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.
e) Diruz lagundutako jardueretan aldaketak egiteko, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko. Halaber, beste edozein laguntza edo diru-laguntzaren berri ere eman behar zaio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari.
f) Diruz lagundutako jardueren publizitatea egiterakoan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza adierazi beharko da. Horretarako, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka jarri beharko da, zeina hedatu beharreko publizitate-euskarrian jarriko baita, marka hori inprimatzeko edo ikusteko moduan izan dadin, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz (1999-10-26ko EHAA, 205. zk.). Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen logotipoa beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik ateratzen den dokumentuan.
g) Hizkuntza ofizial biak –gaztelania eta euskara– erabili behar dituzte diruz lagundutako proiektua egitetik ondorioztatzen diren dibulgazio-jardueretan eta materialak editatu eta/edo argitaratzean.
h) Hizkera ez-sexista erabili behar dute, eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotiporik gabea duten irudiak erabili beharko dituzte diagnostikoari edota planari buruzko komunikazio edota zabalkunde ekintza guztietan.
15. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Jarduerak gauzatu ondoren eta diru-laguntzaren zenbateko osoa justifikatu ondoren ordainduko da diru-laguntza; horretarako, 2017ko abenduaren 15a baino lehen –egun hori barne–, agiri hauek aurkeztu behar dira:
– Diru-laguntza jaso duten jarduerak direla-eta egindako gastuak justifikatzeko, jatorrizko faktura, nomina edo agiriak, soldata justifikatzen dutenak; edo diru-laguntza jaso duten jarduerei dagokienez egindako gastua justifikatzen duten jatorrizko egiaztagiriak, udalerriko idazkariak edo esku-hartze zerbitzuko arduradunak eginak. Faktura edo agirietako gastuen data 2017ko abenduaren 15ekoa izango da, gehien jota. Egiaztagiria eta kasuan kasuko diruz lagundutako jarduera lotzen dituzten agiri osagarriak ere aurkeztu beharko dira (fakturak, nominak...).
– Egindako lan-proiektua justifikatzeko memoria. Memoria horretan nahitaez deskribatu beharko dira lortutako helburuak, erabilitako metodologia (egindako lan-prozedura, herritarrek parte hartzeko mekanismoak eta neurri osagarriak, kronograma, adierazleak eta berrikuntzak) eta egindako gastuen eta lortutako sarreren banakatzea, udal ekarpena zehaztuta (VIII. eranskina – Justifikazio-memoria). Era berean, sexuka banakatuta, zuzenean onuradun diren pertsonen kopurua jasoko da (politikariak eta toki-erakundean lan egiten dutenak), baita zeharka onuradun direnena ere (proiektua gauzatzeko kontratatzen direnak eta proiektua diseinatu eta gauzatzeko kontratatzen den erakunde edo enpresa osatzen dutenak eta bertan lan egiten dutenak).
– Diagnostikoaren, planaren eta/edo ebaluazioaren kopia euskaraz. Exekuzio-baldintza bereziari hau ez bada betetzen, diru-laguntzaren kopurua % 15 arte murriztu ahal izango da. Agiri horietan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza adierazi beharko da, eta, horretarako, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka jarri beharko da, ebazpen honen 14.f) artikuluan jasotzen denez.
2.– Proiektuaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada, diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastua egiaztatzeko agirien bidez (fakturak, ordainagiriak, etab.) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko zaio diru-laguntzaren zenbatekoari.
3.– Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.
16. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatu badira –betiere, diru-laguntzaren helburua bete bada– eta bestelako erakunde publiko edo pribatu batek, aldi berean, laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu.
2.– Aurreko artikuluan aipatutako agiriak edo, bestela, artikulu honetako aurreko paragrafoan aipatutakoak jaso, eta agiriak aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, ebazpen bidez, emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatuko du eta, hala badagokio, diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu. Aipatu ebazpenak administrazio-bidea amaituko du.
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluak ezartzen dituen baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horiei dagozkien legezko interesak itzuli egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horretaz gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira.
18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Ezarritako baldintzak eta/edo betebeharrak betetzen ez direla eta, emandako diru-laguntza ezeztatzeko eta, hala badagokio, diru-laguntza itzultzeko jarraituko den prozedura honako honi lotuko zaio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz:
a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.
b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.
Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua bi hileko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu diren prozedura-alderdi guztietarako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko legearen testu bategina; eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Ebazpenaren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hileko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 1a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,
MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.