EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2016237

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 267/2016 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2016-11-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201605323
Maila: Ediktua
Donostia-San Sebastiángo Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.
Guraso eta seme-alaben arteko harremanak arautzea; adostasunik gabeko 267/2016 prozedura.
Demandatzailea: Silvia Maria Chacon Bustillo.
Abokatua: Maria Raquel Escribano Sardon.
Prokuradorea: Eider Mujika Agirre.
Demandatua: Jose Rolando Ortega Fuentes.
Gaia: guraso eta seme-alaben arteko harremanak arautzea.
Aipatutako judizioan, epaia eman da 2016-11-09an. Xedapen-zatiak hau dio:
XEDAPENAK
Baietsi egiten dut epaitegietako prokuradoreak, Mujika andreak, Silvia María Chacón Bustilloren izenean eta bera ordezkatuz, José Rolando Ortega Fuentesen aurka aurkeztutako demanda, eta, horrenbestez, erlazioa desegitearen ondoriozko neurri hauek hartzen ditut, adingabeko XXXXX eta XXXXX seme-alabei dagokionez:
1.– Guraso-ahalaz baliatzea. Guraso-ahala elkarrekin baliatzen jarraituko dute bi gurasoek. Gurasoek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak hau dakar: seme-alaba adingabeei dagozkien erabaki garrantzitsu guztiak guraso biek elkarrekin adostuta hartzeko beharra. Erabakiak hartzeko, egokien zaien komunikazio-bidea hautatu beharko dute; komunikazio-bide hori errespetatzera eta betetzera behartuta daude. Besterik adierazi ezean, komunikazioa posta elektronikoz edo burofaxez gauzatuko da, eta hortaz, beste gurasoak ere bide horiek baliatuta erantzun beharko du; hala egiten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Adostasunik ez badago, Epaitegiak erabakiko du Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:
– Adingabeen egoitza haiek ohiko bizileku duten udalerritik kanpora aldatzea; adingabeak atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.
– Ikastetxea aukeratzea eta, behar bada, ikastetxea aldatzea.
– Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.
– Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; hala nola, bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.
– Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.
Gurasoari biei aitortzen zaie adingabeen eskola-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ikastetxeko jarduera tutorialetan parte hartzekoa ere. Halaber, seme-alaben tratamenduei buruzko argibide medikoak ere eskatu ahal izango dituzte biek.
Seme-alabekin dagoen gurasoak haiei buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin eta larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak adingabeen eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak eta garrantzirik gabekoak badira.
2.– Zaintza eta jagoletzaren gaineko araubidea. Amari izendatzen zaio XXXXX eta XXXXX seme-alaba adingabeen zaintza eta jagoletza.
3.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-erregimena. XXXXX eta XXXXX seme-alaben eta aitaren arteko komunikazio-, egonaldi- eta bisita-araubidean malgutasun-printzipioa izango da nagusi. Gurasoen arteko akordiorik ez bada, honako bisita-araubidea ezartzen da aitaren alde: bi iganderik behin egongo da, 17:00etatik 19:00etara, amaren etxean jaso eta utzita seme-alabak.
4.– Mantenu-pentsioa. XXXXX eta XXXXX seme-alaba adingabeentzako mantenua ordaintzeko, aitak pentsio bat ordaindu beharko du, 300 eurokoa hilean (150 euro seme-alaba bakoitzeko); eta hala egin beharko du adinez nagusi izan arte, ekonomikoki independente izan arte, edo izateko moduan dagoen arte, fede oneko eskakizunen arabera. Zenbateko hori urteko hamabi hilabeteetan ordainduko zaio amari, hileko lehenengo bost egunetan; pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako kontsumoko prezioen indizeak aurreko urtean izandako aldaketen arabera, abendutik abendura; urtarrilaren batetik izango ditu ondorioak, 2017. urtetik aurrera.
Aitak bere aldetik zuzenean ordaintzen dituen era horretako gastuak ez dira kenduko ebazpen honen arabera ordaindu behar duen pentsiotik.
Seme-alabak adinez nagusi izatearekin batera amaituko da pentsioa, edo ekonomikoki independente direnean, edo izateko moduan daudenean, fede oneko eskakizunen arabera.
5.– Ezohiko gastuak. Ekonomikoki independente ez diren bitartean seme-alaben bizitzan sortzen diren aparteko gastuak erdibana ordainduko dituzte gurasoek. Ebazpen honen oinarri juridikoetan ezarritakoarekin bat etorriz, kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira); bestelako gastuak, berriz, sartu egingo dira apartekoen kontzeptuan, eta katalogo posible osoa adierazteko asmorik gabe, honako hauek sar daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, osasun-sistema publikoan edo dagokion medikuntza-erakundean sartzen ez diren gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eta eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere. Egin beharreko gastua medikoa bada eta Gizarte Segurantzak edo dagokion erakunde medikoak ordaintzen ez badu eta beharrezkoa bada, erdibana ordainduko dute aitak eta amak; horretaz gain, fakultatiboa eta tratamendua bi gurasoek elkarrekin adostutakoak izango dira.
Aurreko paragrafoan azaldutako ezohiko gastuak aitak eta amak adostu beharko dituzte, gastua egin aurretik betiere; horrela, bada, gastu hori egin edo ez egin desadostasunik egonez gero, organo judizialaren pean jarriko da gaia; izan ere, organo horrek erabakiko du gastu hori ea bi gurasoek ordaindu behar duten ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Gastua egingo dela ebatziko da, baldin eta behar-beharrezkoa bada, edo oso komenigarria bada eta familiaren gorabeherei egokitzen bazaie. Erregimen horretatik kanpo uzten dira behar-beharrezkoak diren presako gastuak; izan ere, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.
Guraso biek erabakita, aldez aurretik premiazkoa ez den gastu bat egiten bada edo premiazko gastu bat egin ostean jakinarazten bada, komunikazioetarako mekanismo egiaztagarri bat ezarriko da: faxa, burofaxa, telefaxa edo posta elektronikoa. Guraso batek frogatzen badu besteari jakinarazi diola, modu egiaztagarri horretan, beharrezkoa edo komenigarria dela aparteko gastu hori egitea; ulertu egingo da beste gurasoa ados dagoela gastu hori egitearekin, erantzuten ez badu, behintzat (eta horrela egiaztatzen badu), eta berariaz adierazi beharko du horren kontra dagoela jakinarazpena jaso eta zazpi eguneko epean.
Gainera, gurasoek, ados jarrita, beste edozein gastu adostu ahal izango dute alabarentzat (alde batera utzita ebazpen honetan berariaz aparteko gastutzat hartutakoak), eta ebazpen honetan adierazitako proportzioan ordaindu ahal izango dute, erdibana, edo eurek adostutako moduan.
Aparteko gastuak ordaintzeko obligazioa amaituko da seme-alabak, adin nagusikoak izanik edo legez emantzipatuta egonik, ekonomikoki independenteak direnean, hartara eragotzi gabe Kode Zibilaren 150. eta 152. artikuluetan obligazioa amaitzeko adierazten diren kausak.
Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.
Ez da kosturik ezartzen.
Aurkaratzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian (PZLb, 455 artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, eta zein diren apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak (PZLb, 458.2 artikulua).
Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santanderren duen gordailuan eta zainpean uzteko kontuan. IBAN zenbakia hauxe da: ES55 0049 3569 92 0005001 274; eta kontzeptua: 1847 0000 00 0267/16. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean utzi izana egiaztatu egin beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).
Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, bai eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak ere.
Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.
Jose Rolando Ortega Fuentes demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake demandatuak, zeina auzi-ihesean baitago.
Jakinarazten den ebazpenaren testu osoa eskuragarri du interesdunak, auzitegi honetako bulego judizialean.
Donostia, 2016ko azaroaren 9a.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.