EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2016233

IRAGARKIA, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialaren erabakiari buruzkoa, zeinaren bidez deialdi bat egitea onartzen baita, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko hamaika batzordekideak berritzeko. Haurren eta nerabeen esparruan lan egiten duten gizarte-erakundeen ordezkaritzan jarduten dute batzordekide horiek. Erabaki honen bidez, deialdi hori arautuko duten oinarriak ere onartzen dira.

Xedapenaren data: 2016-11-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201605254
Maila: Iragarpena
Sekzioa: IRAGARKIAK (Beste iragarki ofizial batzuk)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2007/10/16an argitaratutako 2007/10/02ko 200700165 DEKRETUA

Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialak, 2016ko azaroaren 16an eginiko bileran, Erabaki hau hartu du:
Lehenengoa.– Onartzea Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko batzordekideak izendatzeko deialdia egitea. Batzordekide horiek haurren eta nerabeen esparruan lan egiten duten gizarte-erakundeen ordezkaritzan jardungo dute.
Bigarrena.– Deialdiaren oinarriak onartzea, honela zehaztuta:
I.– Xedea.
Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialean batzordekide gisa parte hartzeko eskaera aurkeztea, Euskal Autonomia Erkidegoan haurren eta nerabeen esparruan lan egiten duten gizarte-erakundeen ordezkaritzan; gizarte-erakunde horiek dagokien erregistroan inskribatuta daude.
Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala sortu eta horren funtzionamendua, osaera eta eginkizunak ezartzen dituen urriaren 2ko 165/2007 Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala osatu behar duten gizarte-erakundeek haurren eta nerabeen esparruan lan egin behar dute EAEn, eta dagokien erregistroan inskribatuta egon behar dute.
Halaber, haurren eta nerabeen arloko jarduera-esparruei dagokienez, hainbat esparrutan lan egin ahal izango dute: haurren eta nerabeen eskubideak defendatzea edo sustatzea; familia harrera edo adopzioa; babesgabetasun-egoeran dauden adingabeak zaintzea egoitza-harrerako, aisialdiko eta denbora libreko zentroak kudeatuta; onartutako desgaitasuna duten adingabeak zaintzea; adingabe arau-hausleei gizarte- eta hezkuntza-arloko arreta ematea; gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea (garapen komunitarioa, genero-indarkeriaren biktima diren amen seme-alabei laguntzea, seme-alaben eta gurasoen arteko gatazketan bitartekotza-lana egitea, eta abar).
II.– Betekizunak.
Eskaera aurkezten duten erakundeek oro har bete behar dituzten betekizunak hauek dira:
1.– Egoitza bat izan behar dute EAEn (ez da nahitaez egoitza nagusia izan behar).
2.– Euren jarduera EAEn egin behar dute; ondorio horietarako, jardueraren lurralde-esparrua zabala izan behar da, eta euren jarduera EAEko hiru lurralde historikoetatik bitan garatu behar dute gutxienez.
3.– Egitura hauetakoren baten bidez eratutako erakundeak izan behar dute:
– erakunde ezberdinak biltzen dituzten sareak edo erakundeak; horien artean sartzen dira beste erakunde batzuk ordezkatzen dituzten erakundeak (bigarren mailakoak eta hortik gorakoak); edo
– haurtzaroaren eta nerabezaroaren sektoreko esku-hartze zuzeneko erakundeak.
4.– Horien jarduera-esparrua haurtzaroarekin eta nerabezaroarekin lotuta egongo da, eta hainbat arlotan lan egin ahal izango dute: haurren eta nerabeen eskubideak defendatzea edo sustatzea; familia harrera edo adopzioa; babesgabetasun-egoeran dauden adingabeak zaintzea egoitza-harrerako, aisialdiko eta denbora libreko zentroak kudeatuta; onartutako desgaitasuna duten adingabeak zaintzea; adingabe arau-hausleei gizarte- eta hezkuntza-arloko arreta ematea; gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea (garapen komunitarioa, genero-indarkeriaren biktima diren amen seme-alabei laguntzea, seme-alaben eta gurasoen arteko gatazketan bitartekotza-lana egitea, eta abar).
5.– Beren figura juridikoari dagokion erregistroan inskribatuta egon beharko dute.
III.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eusko Jaurlaritzaren Herritarren Arretarako Bulegoetan –Zuzenean– edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkez daitezke eskabideak (modu presentzialean) eta honi zuzendu beharko zaizkio: Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala (Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
IV.– Zer dokumentu aurkeztu behar den nahitaez eskabidearekin batera.
II. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriekin batera aurkeztuko dira eskabideak, eta, betiere, honako hauekin:
1.– Erakundearen estatutuen kopia (erakundearen egoitza, jardute-eremua, helburuak eta jarduera-hartzaileak eta jarduerak egiaztatzeko).
2.– Alderdi hauen egiaztagiriak:
a) hala badagokio, eratzen duen erakundeen kopurua;
b) bazkide-kopurua;
c) boluntario-kopurua;
d) zenbat pertsonari eman zaien arreta, hala badagokio.
3.– Haurtzaroaren eta nerabezaroaren alorrean lan-esperientzia egiaztatzea.
4.– Erakundearen ziurtagiria, zeinaren bidez egiaztatuko baita erakundeak parte hartu duela haurtzaroarekin eta nerabezaroarekin lotutako foroetan edo organoetan (kontseiluak, batzordeak, elkarrizketa-mahaiak, etab.), hala badagokio.
5.– Erakundearen figura juridikoari dagokion erregistroan inskribatuta dagoela ziurtatzen duen agiria.
6.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzen duen agiria.
7.– Honako hau egiaztatzen duen ziurtagiria: erakundearen enplegatuak, laguntzaileak edo boluntarioak ez dituztela epai irmoz kondenatu sexu-askatasunaren edo sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren bategatik –sexu-erasoa, sexu-abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa, sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea barnean direla–, ez eta gizakien salerosketagatik ere.
V.– Eskabideen balorazioa eta hurrenkera ezartzeko irizpideak.
1.– Aurkeztutako eskabideak gizarte-erakundeen jarduera-esparruaren arabera sailkatuko dira, hainbat jarduera-esparrutako erakunde adierazgarrien presentzia bermatzeko, ahal den neurrian behintzat. Sailkapen honen arabera egingo da:
a) Haur eta nerabeen eskubideen defentsa edo sustapena.
b) Adopzioaren arloa jorratzen duten erakundeak.
c) Familia-harreraren arloa jorratzen duten erakundeak.
d) Babesgabetasun-egoeran dauden adingabeak zaintzeko erakundeak, egoitza-harrerako zentroak kudeatuta.
e) Aisialdiaren eta denbora librearen arloak jorratzen dituzten erakundeak.
f) Onartutako desgaitasuna duten adingabeekin lan egiten duten erakundeak.
g) Adingabe arau-hausleei gizarte- eta hezkuntza-arloko laguntza emateko erakundeak.
h) Gizarte- eta hezkuntza-arloan esku hartzeko erakundeak (garapen komunitarioa, genero-indarkeriaren biktima diren amen seme-alabei laguntzea, seme-alaben eta gurasoen arteko gatazketan bitartekotza-lana egitea, eta abar).
2.– Aurkeztutako eskabideak Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialak egingo duen lehenengo batzarrean (dagokion deialdia eginda) baloratuko dira, eskabideak aurkezteko epea amaitu ostean.
Edonola ere, bilera hori egiteko hiru hileko epea izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Ez da baloratuko nahitaezko dokumentazioa ez duen eskabiderik (nahitaezko dokumentazioa IV. oinarrian dago adierazita).
4.– Eskabide guztiak baloratuta, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko kide izateko eskatu duten erakundeek II. puntuan adierazitako betekizunak betetzen badituzte, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialean sartzeko eta parte hartzeko ondorioetarako, hurrenkera ezartzeko irizpideei erreparatuko zaie. Hurrenkera ezartzeko irizpide horiei dagokienez, haurtzaroarekin eta nerabezaroarekin lotutako hainbat lan-esparru ordezkatuta egon daitezen, hauek hartuko dira kontuan, lehenik eta behin, jarduera-esparru bakoitzaren barruan (V. oinarri honen lehenengo ataleko sailkapenari jarraikiz), eta ezartzen den hurrenkeraren arabera:
1.a EAEko lurralde-esparruari dagozkion bazkideen kopurua.
2.a EAEko lurralde-esparruari dagozkion boluntarioen kopurua.
3.a Haurtzaroaren eta nerabezaroaren esparruan parte hartzeko espazioak (foroak edo organoak – kontseiluak, batzordeak, elkarrizketa-mahaiak, etab.–).
4.a Ordezkaritza paritarioaren portzentaje handiagoa erakundearen ordezkaritza-organoetan.
5.a Antzinatasuna, erakundearen eratze-dataren arabera.
VI.– Ebazpena.
Aurreko oinarriaren ataletan adierazitakoaren arabera eskabideak baloratu ostean, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialak dagokion erabakia hartuko du, eta, erabaki horren bidez, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko kide izango diren hamaika erakundeak zehaztuko ditu, haurren eta nerabeen esparruan lan egiten duten gizarte-erakundeak ordezkatuz.
VII.– Haurren eta nerabeen esparruan lan egiten duten gizarte-erakundeen batzordekideak izendatzea.
1.– Aurreko oinarrian aipatutako erabakia hartu ostean, eta erabaki hori administrazio-bidean irmoa denean, haurtzaro- eta nerabezaro-politikan eskuduna den zuzendariak dei egingo die hautatutako hamaika erakundeei, dagozkien batzordekideak izenda ditzaten.
2.– Ondorio horretarako, batzordekideak izendatzerakoan kontuan hartuko da emakumeen eta gizonen arteko parekotasuna. Horrela, ahalegina egingo da izendapenean emakumeen eta gizonen presentzia orekatua egon dadin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen duen bezala.
VIII.– Errekurtsoak.
Haurtzaroaren eta nerabezaroaren esparruan lan egiten duten gizarte-erakundeak ordezkatuz Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko kide izango diren hamaika erakundeak zehazten dituen erabakiak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, erabaki horren aurka, erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta; hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluen arabera.
Hirugarrena.– Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko batzordeburuak eta idazkariak egikaritu eta kudeatuko dituzte erabaki hau betetzeko behar diren egintzak eta, zehazki, erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira igortzeko eta han argitaratzeko behar direnak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 22a.
Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko batzordeburua,
JOSE JAVIER MIGUEL DE LA HUERTA.
Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektorialeko idazkaria,
EDITH CUADRADO AMEZUA.