EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2016232

AGINDUA, 2016ko azaroaren 23koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako gaitasun-mailen ziurtagiriak eskuratzeko prozedurak ezartzen dituena.

Xedapenaren data: 2016-11-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201605216
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2011/01/31n argitaratutako 2011/01/19ko AGINDUA indargabetzen du [201100449]

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortu eta Euskaltegiak Arautzekoak, 20. artikuluan dio Kultura Sailari dagokiola euskalduntze-alfabetatzegintzaren maila bakoitzaren amaieran eman beharreko ziurtagiriak arautzea. Lege horren 2.g) artikulura biltzen da, HABEren egitekoen artean, euskaltegietan helduentzako euskalduntze zein alfabetatzegintzako ikastaroak gainditzen dituztenei luzatu beharreko ziurtagiriak Kultura Sailari proposatzea. III. idazpuruan, berriz, euskaltegien ezaugarriak, eginkizunak eta ahalmenak jasotzen ditu legeak, eta 13. eta 16. artikuluetan xedatzen du ahalmen akademiko osoa izango dutela, hurrenez hurren, euskaltegi publikoek eta euskaltegi pribatu homologatuek.
Lege hori garatuz, 2003ko uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak arautzen du helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik. Dekretu horretan xedatzen da Kulturako sailburuaren Aginduz zehaztuko dela euskararen ezagutza egiaztatzeko sistema, HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluan (HEOK) eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuan ezarritakoari jarraituz.
Hori aintzat hartuz eta 2000ko eta 2006ko curriculum-aginduetan oinarrituta, Kulturako sailburuak 2011ko urtarrilaren 19ko Agindua eman zuen, non HEOCean xedatutako lau gaitasun-mailak egiaztatzeko oinarri berriak zehazten baitzituen.
Geroago, 2014ko ekainaren 24an, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak «Euskararen Agenda Estrategikoa 2013-2016» dokumentu estrategikoa onartu zuen. Agenda Estrategiko horrek, helduen euskalduntzearen arlorako helburu hauek jaso zituen, besteak beste: «Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma berritzea, gaitasun helburu mailakatu zehatzagoak ezartzeko eta ikasprozesuak azkartzeko eta hobetzeko»; «Euskaltegien sarean oinarrizko A1 eta A2 mailak ere ezartzea eta egiaztatzea, eta ikasleen diru-laguntzetarako kontuan hartzea»; «Helduen euskalduntzea oinarri hartuz eta HABEren gidaritzapean, egiaztatze deialdi irekia egitea».
Helburu horiek gauzatzearren, 2013 eta 2014 urteetan HABEk eta euskaltegiek gogoeta partekatu sakona egin ondoren, helduen euskalduntzearen curriculuma Hizkuntzen Europako Markora guztiz egokitzen amaitzeko eta Markoa bera euskararen ezaugarrietara eta egoera soziolinguistikora egokitzeko helburuez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak 2015eko uztailaren 22ko Agindua eman zuen, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculum berria (HEOC) ezartzen duena. HEOCak helduen euskalduntzearen ikasprozesua sei mailatan egituratzen du, elkarreragin soziodiskurtsiboan ardaztuta, hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan oinarrituta, ekintza komunikatibotan definituta eta euskararen ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokituta.
2015eko HEOCaren Aginduak jasotako mailaketa berrian oinarrituta eta Aginduak berak jasotako aurreikuspena aplikatuz, 2016an sei mailatan –A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetan, hain zuzen– eman ditu ziurtagiriak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, HABEren bitartez. A1 eta A2 maila berriak, gainera, euskaltegian bertan ebaluazio jarraituaren barruan eginiko ebaluazio-jarduera jakin batzuen bitartez egiaztatu ditu. Halaber, 2011ko Egiaztatze-Aginduan jasotako aurreikuspena betez, B1 eta B2 mailetan deialdi irekia egin du lehenbiziko aldiz.
Bestalde, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluen eta ziurtagirien Baliokidetzen Jarraipen Batzordeak «Euskarako azterketen gaineko gogoeta-txostena» onartu zuen 2016ko martxoaren 30ean, 2015ean hasitako gogoeta sakona amaitu ondoren. Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta erakunde-administrazioko ordezkari guztiek osatzen duten Batzorde horrek hainbat irizpide proposatzen ditu dokumentu horretan egiaztatze-sistema hobetzeko, besteak beste, ebaluazio jarraituan oinarrituta egiaztagiriak emateko prozedurak era progresiboan ezartzeko aukera, gaitasuna egiaztatu aurretik ikasprozesua eratua duten sistemen kasuan, HABE eta euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentro homologatuenean, kasu.
Horregatik guztiagatik, helduen euskalduntzearen arloko eragileek eta HABEren Batzorde Akademikoak egindako ohar eta iradokizunak gogoan hartuta, HABEren Zuzendaritza-batzordearen proposamenez,
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Helburua.
Agindu honen helburua da HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean xedatutako euskarako komunikazio-gaitasunen mailen ebaluazioa eta egiaztapena arautzea.
2. artikulua.– Egiazta daitezkeen gaitasun-mailak.
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean jasotzen diren ondorengo mailak egiaztatu ahal izango dira:
– A1 maila: hasierako erabiltzailea.
– A2 maila: oinarrizko erabiltzailea.
– B1 maila: erabiltzaile independentea.
– B2 maila: erabiltzaile aurreratua.
– C1 maila: erabiltzaile gaitua.
– C2 maila: erabiltzaile aditua.
3. artikulua.– Gaitasun-mailak egiaztatzeko sistemak.
1.– Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako gaitasun-mailak egiaztatzeko, sistema hauek erabil daitezke: a) ikasprozesuan zehar gauzatutako ebaluazio jarraituaren barruan egindako ebaluazio-jarduera jakin batzuk; eta b) HABEk gauzatutako azterketa deialdiak.
2.– Euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleen kasuan, euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek gauzatutako ebaluazio jarraitua izango da ikasle horiek dagokien ziurtagiria eskuratzeko sistemaren oinarria, gaitasuna egiaztatzeko era ikaskuntza-prozesuari ahalik eta egokien lotzearren. Hortaz, ebaluazio jarraituaren barruan egindako ebaluazio-jarduera jakin batzuk balio sumatibo edo egiaztatzaileaz aplikatuko dira.
4. artikulua.– Gaitasun-maila ebaluazio jarraituaren barruan eginiko ebaluazio-jardueren bitartez egiaztatzea.
1.– Ebaluazio jarraitua balio egiaztatzaileaz aplikatzeko, urtean bi garai izango dira A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetan: lehenengoa, urriaren 1etik ekainaren 30era bitarteko ikastaroak bilduko dituena, eta bigarrena, uztailaren 1etik irailaren 30era bitarteko ikastaroak bilduko dituena.
2.– Garai horietako bakoitzaren barruan, euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek, beren Euskaltegiaren Curriculum Proiektuan jasotako irizpideen eta ebaluazio-sistemaren arabera, gutxienez ebaluazio-jarduera hauek egingo dituzte: hasierako ebaluazio diagnostikoa, tarteko ebaluazioa edo ebaluazioak –ikasprozesuaren iraupenak horretarako aukera ematen badu– eta amaierako ebaluazioa. Maila bakoitzaren amaierako ebaluazioa gainditzea nahitaezkoa izango da ziurtagiria eskuratzeko.
3.– Halaber, ebaluazio jarraituaren barruko ebaluazio-jardueren bitartez gaitasuna egiaztatu ahal izateko ikasleek gutxieneko baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Oro har, gutxienez 50 ikastordu hartuak eduki beharko dituzte, eta udako ikastaroetan 30 ordu.
b) Asistentziari dagokionez, berriz, kasu guztietan % 75eko asistentzia eduki beharko dute, HABEren zuzendari nagusiak ebazpenez zehaztuko duenaren arabera konputatuta.
4.– Ikasturte bakoitza hasi baino lehen, ebaluazio jarraituaren barruan balio egiaztatzaileaz egingo diren ebaluazio-jardueren ezaugarriak eta xehetasunak zehaztuko ditu HABEren zuzendari nagusiak.
5.– Balio egiaztatzailea izango duten ebaluazio-jarduera horiek lau trebetasunetan (idatzizkoaren ulermena eta adierazpena eta ahozkoaren ulermena eta adierazpena) ikasleek eskuratutako gaitasuna neurtzeko eta egiaztatzeko egokiak izango dira. Ebaluazio-jarduera horien diseinua, aplikazioa eta ebaluazioa euskaltegiak edo autoikaskuntza zentroak berak egingo dituzte, HABEren orientabideak jarraituz eta bakoitzaren Curriculum Proiektuan jasotakoaren arabera.
6.– Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazio jarraituaren barruan balio egiaztatzaileaz egingo diren ebaluazio-jarduerek, HEOCean ageri dena aintzat hartuko dute eta komunikazio-eraginkortasuna izango dute ebaluazio-irizpide nagusia. Hala, HEOCaren «Ebaluazio-irizpideak eta eskalak» atalean, maila bakoitzari dagokionez, trebetasunez trebetasun zehazten diren irizpideen balioespen-eskalako tarteko deskripzioa (bigarrena) izango da, oro har, mailako helburuak bete diren adierazle, eragotzi gabe, nolanahi ere, trebetasunen arteko konpentsazio-sistemak ezartzeko aukera, batik bat mintzamenak idazmena konpentsatzekoa edo, halaber, trebetasun ekoizleek trebetasun hartzaileak konpentsatzekoa.
7.– Hasierako ebaluazioaren eta, halakorik badago, tartekoen jarduerak ikasleen irakasle edo tutoreak ebaluatuko ditu, eta amaierako ebaluazioren jarduerak irakasle edo tutoreak eta beste irakasle batek ebaluatuko dituzte eta euskaltegiko edo autoikaskuntzarako zentroko zuzendariak onetsiko ditu.
8.– Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ageri denari jarraikiz, ebaluatzaileen gaikuntza-maila zabaltzeko eta sendotzeko, eta ebaluazio jarraituaren barruan balio egiaztatzaileaz egingo diren jardueretan irizpide objektiboak eta berdinak erabiltzeko eta ebaluazio-prozesuari zehaztasuna eta bermea emateko, ebaluazio-irizpideen inguruko bateratze-saioak antolatuko ditu HABEk.
Saio horiek mailaz maila antolatuko dira eta aurrez aurre edo/eta on-line teknologiak baliatuz bideratuko dira.
9.– Balio egiaztatzaileaz egiten diren ebaluazio-jarduerak eta horien kalifikazioak HABEren aplikazio informatikora bilduko dituzte euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroek, HABEk noiznahi eskura izan ditzan bete beharrekoak bete direla begiratu ahal izateko ziurtagiriak jaulkitzeari begira.
10.– Lortutako gaitasun-mailei dagozkien ziurtagiriak jaulkitzeari begira, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentro homologatuak ebaluazio-garai bakoitzaren amaieran ziurtagiria eskuratu dezaketen ikasleei buruz egindako proposamenari oniritzia eman beharko dio HABEren zuzendariak, Agindu honetan xedatutakoak eta horiek garatzeko ezartzen diren irizpide eta prozedurak bete direla konprobatu ondoren.
11.– Ikasleek egin dituzten ebaluazio-jarduera egiaztatzaileak eta horien ebaluazioak ikusteko eta euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroaren aurrean erreklamazioak aurkezteko eskubidea izango dute. Horretarako prozedura eta epeak euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroak onartu eta jakinaraziko ditu aurrez. Halaber, euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren aurrean egindako erreklamazioaren erantzunarekin ados ez badaude, HABEren aurrean erreklamazioa aurkezteko eskubidea izango dute ikasleek, euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroak ebazten dituenetik astebeteko epean.
12.– Ebaluazio jarraituaren barruko ebaluazio-jardueren bitartez egiaztatzeko prozesuan, euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek HABEren laguntza jasoko dute, bereziki Programa Berezietarako Atalarena kudeaketa orokorraren aldetik, Ebaluazio Atalarena ebaluazio-jardueren ezaugarri eta ebaluazioaren aldetik, eta Informatika Atalarena, kudeaketa informatikoaren aldetik.
13.– Euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen jarduera eta finantzaketa arautzen duen uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 4. eta 10. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Agindu honek euskaltegiei eragiten dizkien betebeharrak gutxieneko betekizuntzat jotzen dira HABEren Erregistroan inskribatuta egoteko.
5. artikulua.– Gaitasun-mailak egiaztatzeko azterketa-deialdiak.
1.– HABEren zuzendari nagusiak Agindu honen 2. artikuluan zehaztutako gaitasun-mailak egiaztatzeko azterketa-deialdiak egin ahal izango ditu urterik urte, artikulu honetan eta ondoko artikuluetan ezarritako moduan. Bi deialdi mota egin ahal izango ditu: 1) Irekiak, interesaturik dauden herritar guztiei zuzenduak; eta 2) Bereziak, gizarte-behar edo arlo jakinei erantzuna eman ahal izatera bideratuak. Azken izaera horretakoak izango dira Euskal Etxeetako ikasleei dagozkien deialdiak.
2.– Ikasturte bakoitza hasi baino lehen, hurrengo urtean burutuko diren egiaztatze-deialdiak egingo ditu HABEren zuzendari nagusiak, maila bakoitza egiaztatzeko azterketa-eredua eta deialdiotako egiaztatze-prozesuaren gaineko xehetasunak zehaztuz.
6. artikulua.– Euskara-gaitasuna egiaztatzeko azterketen ebaluazio-irizpideak.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren bitartez ezarritako Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ageri denari jarraikiz, komunikazio-eraginkortasuna izango da ebaluazio-irizpide nagusia euskara-gaitasuna azterketen bitartez egiaztatzeko prozesuetan. Ondorioz, HEOCaren «Ebaluazio-irizpideak eta eskalak» atalean, maila bakoitzari dagokionez, trebetasunez trebetasun zehazten diren irizpideen balioespen-eskalako tarteko deskripzioa (bigarrena) izango da, oro har, mailako helburuak bete diren adierazle, eragotzi gabe, nolanahi ere, trebetasunen arteko konpentsazio-sistemak ezartzeko aukera, batik bat mintzamenak idazmena konpentsatzekoa edo, halaber, trebetasun ekoizleek trebetasun hartzaileak konpentsatzekoa.
7. artikulua.– Gaitasun-maila egiaztatzeko azterketen ebaluazio-irizpideak bateratzeko saioak.
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ageri denari jarraikiz, aztertzaileen gaikuntza-maila zabaltzeko eta sendotzeko, eta gaitasun-azterketetan irizpide objektiboak eta berdinak erabili eta zuzenketa-prozesuari zehaztasuna eta bermea emateko, ebaluazio-irizpideen inguruko bateratze-saioak antolatuko ditu HABEk.
Saio horiek mailaz maila antolatuko dira eta aurrez aurre edo/eta on-line teknologiak baliatuz bideratuko dira.
8. artikulua.– Gaitasun-maila egiaztatzeko azterketa-deialdietan parte hartzeari buruz.
Euskara-gaitasuna egiaztatzeko azterketa-deialdietan parte hartu ahal izateko bete beharreko baldintzak HABEren zuzendari nagusiaren egiaztatze-deialdi bakoitzean zehaztuko dira.
9. artikulua.– Gaitasun-maila egiaztatzeko azterketa-deialdien antolaketa.
1.– Azterketa-deialdien antolaketa artikulu honetan zehaztutako organo hauen bidez eta ondorengo artikuluetan zehazten diren zereginen arabera gauzatuko da:
– Azterketa Batzordea
– mailaz mailako epaimahaiak
– tutoreak
– aztertzaileak
– lurralde-arduradunak
2.– Halaber, HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuaren Ebaluazio Atala eta Programa Berezietarako Atala arduratuko dira azterketa-deialdion antolaketarako beharrezkoak diren zereginez. Ebaluazio Atalari dagokio azterketak prestatzeko eta dagokien mailarako egokiak direla bermatzeko zereginak betetzea. Programa Berezietarako Atalari, berriz, probon aplikazioa eta gordetzearen antolaketarekin eta koordinazioarekin, eta HEOCaren araberako ziurtagirien Erregistroa kudeatzearekin lotutako zereginak egokituko zaizkio.
10. artikulua.– Gaitasun-maila egiaztatzeko azterketa-deialdietako Azterketa Batzordea.
1.– Azterketa Batzordea eratuko da egiaztatze-azterketon deialdiak prestatzeko eta gaitasun-proben egikaritzea antolatzeko. HABEren zuzendari nagusiari dagokio Azterketa Batzordearen kideak izendatzea. Izendapen horiek urtebeteko iraupena izango dute.
2.– Hauek izango dira Azterketa Batzorde horren funtzioak:
– Maila bakoitza egiaztatzeko azterketa-ereduak aztertu eta onartzea.
– Egiaztatze-prozesuaren garapena ahalbidetuko duten irizpideak adostea.
– Epaimahaietako emaitzak jaso, bildu eta akta idaztea.
– Epaimahaiek jarritako emaitzak jaso ondoren, emaitzok HABEren zuzendari nagusiari aurkeztea, hark onar ditzan, egiaztagiriak luzatzeari begira, eta Erregistroan alta eman dakien.
– Azterketen ebaluazioa egin eta hobekuntzen proposamenak bideratzea.
– Azterketetan gorabeherarik sortuko balitz, aktak behatu eta ondoriozko txostena egitea.
– Euskararen eta beste hizkuntzen egiaztatzegintzan erabiltzen diren baliabideak eta prozesuak arakatzea.
– Gaitasun-azterketetan parte hartuko duten ebaluatzaileen eta aztertzaileen prestakuntzarako orientazioak ematea.
– Gaitasun-probak landu eta prestatzeko zein azterketok egin ondorengo ikerketagintzarako irizpideak finkatzea.
– Agindu honetan epaimahaien zeregintzat jotzen diren egitekoak bere egitea, deialdi bereziren batean haien osaketa beharrezkotzat jotzen ez bada.
– Oro har, deialdiarekin zerikusia duten gaietan HABEren zuzendari nagusiak eskatutako gaiak lantzea.
3.– Azterketa Batzordea honako hauek osatuko dute:
– Presidentea: HABEren Hizkuntzaren Didaktika zerbitzuburua izango da.
– Kideak: batetik, euskaltegi publikoetako bi ordezkari eta euskaltegi pribatuetako eta euskara autoikaskuntzarako zentroetako lau ordezkari; eta bestetik, egiaztatze-aldirako hiru lurralde-arduradunak, Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko Curriculumaren Garapena eta Ebaluazio ataletako arduradunak eta, idazkari lanetan, zerbitzu bereko Programa Berezietarako ataleko arduraduna.
Beharrezko denetan, HABEren zuzendari nagusiak ordezko bat ere izendatuko du, euskararen gaitasun-mailak egiaztatzeko probok aurrera eraman ahal izateko.
11. artikulua.– Azterketa-deialdietako mailaz mailako epaimahaiak.
1.– Azterketa-deialdietan, maila bakoitzeko epaimahai bana osatuko da egiaztatzeko gaitasun-probak kalifikatzeko.
HABEren zuzendari nagusiak Ebazpenez izendatuko ditu, urtero, maila bakoitzeko epaimahaikideak; mahaiburuak, mahaiburu-ordeak eta idazkariak HABEren teknikarien artean, eta gainerako kideak HABEren teknikari, euskaltegi-sare ezberdinetako irakasle, HABEn akreditatuta dauden aztertzaile, edota helduen euskalduntzean aditu direnen artean, betiere, haien ibilbide profesionala kontuan izanda.
Epaimahai bakoitza gutxienez hiru kidek eta gehienez zazpik osatuko dute.
Beharrezko denetan, HABEren zuzendari nagusiak ordezko bat ere izendatuko du, euskararen gaitasun-mailak egiaztatzeko probok aurrera eraman ahal izateko.
2.– Hauek izango dira maila bakoitzeko epaimahaikideen egitekoak:
– Ebaluazio Ataleko arduradunaren gidaritzapean, bateratze-saioetako antolaketan eta ebaluazioan partaide izatea.
– Maila hori neurtzeko landu den gaitasun-proba egoki prestatu dela bermatzea (helburuak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak) eta ontzat ematea.
– Landu den gaitasun-proba egoki aplikatuko dela bermatzea.
– Aztertzaile eta tutoreen irizpenak jaso ondoren, gaitasun-probak kalifikatzea.
– Jarritako zuzenketa-irizpideak aztertzaileek egoki aplikatuko dituztela bermatzea.
– Zailtasun jakinak edo kontraesanak izan ditzaketen gaitasun-probak ofizioz zuzentzea.
– Zuzenketa eta kalifikazioari buruzko akta idatzi eta HABEren Azterketa Batzordeari berri ematea.
– Gaitasun-proben kalifikazioen aurka izan daitezkeen erreklamazioak erantzutea.
– Deialdiotako ezaugarri, irizpide eta gutxienekoak bete eta betearaztea, aldian aldiko ekintzen aktak idatziz edo dagokion arduradunari idatzaraziz.
– HABEren Ebaluazio Ataleko arduradunaren gidaritzapean antolatuko diren bateratze-saioetako ebaluazioan parte hartzea.
12. artikulua.– Azterketa-deialdietako aztertzaileak.
1.– Azterketa-deialdietan, HABEren zuzendari nagusiak Ebazpenez izendatuko ditu urtero aztertzaileak, euskaltegi-sare ezberdinetako irakasle edota helduen euskalduntzean eginiko ibilbide profesionala kontuan hartuz, aditu direnen artean.
2.– Hauek izango dira aztertzailearen egitekoak:
– Gaitasun-proben lehen ebaluazio-irizpen arrazoitua ematea.
– Kalifikazio-orriak eta, dagokionetan, aktak zuzen eta egoki betetzea.
– Azterketa-egunean azterketa-lekuan lurralde-arduradunaren esanera izatea.
13. artikulua.– Azterketa-deialdietako aztertzaile-taldeetako tutoreak.
1.– Azterketa-deialdietan, HABEren zuzendari nagusiak Ebazpenez izendatuko ditu urtero aztertzaile-taldeetako tutoreak HABEren teknikarien artean, edota euskaltegi-sare ezberdinetako irakasleak edo helduen euskalduntzean izandako ibilbide profesionala kontuan hartuz aditu direnen artean.
Beharrezko denetan, HABEren zuzendari nagusiak ordezko bat ere izendatuko du, euskararen gaitasun-mailak egiaztatzeko probok aurrera eraman ahal izateko.
2.– Hauek izango dira aztertzaile-taldeetako tutoreen egitekoak:
– Aztertzaile-talde baten aditu-lanak egitea azterketen ebaluazio-irizpideen aplikazioan.
– Bateratze-saioetako ikastaroetan aztertzaileen gidaritza.
– Aztertzaileek emandako lehen emaitza eta irizpenen egokiera aztertzea, eta behar izanak hala eskatuta, okerrik, kontraesanik edota irizpide-arazorik egon ez dadin, ofizioz ebaluatzea eta irizpen arrazoitua egitea.
– Mailaz mailako epaimahaiari emaitza horiek jakinaraztea.
Aztertzaile-taldeetako tutoreek mailaz mailako epaimahaiaren esanera jardungo dute kalifikazioei dagozkien zereginetan, eta gaikuntza eta irizpideen bateratzeari dagokionez, Prestakuntza zein Ebaluazio Ataleko arduradunen esanera, hurrenez hurren.
14. artikulua.– Azterketa-deialdietako lurralde-arduradunak.
1.– Gaitasun-mailak egiaztatzeko azterketa hauek egoki antolatzeko, HABEren zuzendari nagusiak lurralde-arduradun bat izendatuko du urtero HABEren teknikarien artean lurralde bakoitzeko. Beharrezko denetan, HABEren zuzendari nagusiak ordezkoak ere izendatuko ditu.
2.– Hauek izango dira lurralde-arduradunaren egitekoak:
– Azterketa-lekuak proposatzea.
– Azterketa idatzietarako zaintza-lanak eta burutzapena antolatzea, eta lurraldean eginiko azterketak jasotzeaz eta gordetzeaz arduratzea, ondoren entregatu arte.
– Ahozko azterketetarako baliabideen prestaketaz eta antolakuntzaz arduratzea, aztertzaileen nahiz azterketarien antolaketa burutuz, eta probak gauzatzeko erabilitako materialak, egindako grabazioak eta jasotako kalifikazio-fitxak jasotzeaz eta bilketaz arduratzea.
– Agindu honen 16. artikuluaren araberako behar bereziak dituzten azterketariei erantzutea eta baimendutako leku- eta egun-aldaketak antolatzea.
– Azterketa idatziak eta ahozkoak egiten diren egunetako aktak betetzea.
15. artikulua.– Ikasleen eta azterketarien eskubide eta betebeharrez.
1.– Ebaluazio jarraituaren barruko ebaluazio-jardueren bitartez gauzatutako egiaztatze-prozesuetan parte hartzen duten ikasleek honako eskubideak eta betebeharrak izango dituzte:
– Euskaltegiaren egutegiaren arabera, ebaluazio-jarduerak noiz egingo diren garaiz jakitea.
– Ebaluazio-jarduera egiteko leku duina izatea, leku eta ozentasun-mailaren ikuspegitik.
– Ebaluazio-jardueraren osagaiak zeintzuk diren eta denbora-erabileraren aurreikuspena zein den jakitea.
– Ebaluazio-jardueraren zuzenketan erabiliko diren irizpideen berri izatea.
– Ebaluazio-jarduera balioduna, fidagarria eta egingarria izatea. Alegia, ikasten ari den mailarekin bat etortzea eta ahalik eta objektiboena izatea.
– Emaitzak trebetasunez trebetasun bereizi jakitea.
– Ebaluazio-jardueraren fitxan, emaitzaz gain, irizpen arrazoitua izatea.
– Emaitzekin bat ez badator, ezarritako epe eta moduan, euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren aurrean erreklamazioa egitea.
– Norberak bere espedientea ikusteko aukera izatea.
Betebeharrez, berriz, ebaluazio jarraituan oinarrituta egiaztapena eskuratu nahi duen ikasleak gutxieneko hauek bete beharko ditu:
– Ikas-jardunaren gutxieneko ordu-kopurua betetzea.
– Ikastaroan gutxieneko asistentzia izatea.
– Aldian aldiko balio egiaztatzailea duten ebaluazio-jarduerak egitea.
Betebehar hauek, betiere, Agindu honetan ezarritakoaren arabera ematen diren epe eta prozedurei jarraikiz bete beharko dira, salbuespenik gabe. Horietakoren bat bete ezean, ez du ebaluazio jarraituan oinarrituta egiaztagiria eskuratzerik izango, ez eta ebaluazio horri dagokion puntuazioa eskuratzerik.
2.– Azterketa-deialdietara aurkezten diren azterketariek honako eskubideak eta betebeharrak izango dituzte:
– Gaitasun-proba zein egunetan, zer ordutan, non eta zein gelatan izango den garaiz jakitea.
– Gaitasun-proba egiteko leku duina izatea, leku eta ozentasun-mailaren ikuspegitik.
– Salbuespenezko egoeretan, azterketa-lekua eta eguna aldatzea, betiere, horrelako kasuetarako ezarritako baldintzak bete direnean.
– Gaitasun-probaren osagaiak zeintzuk diren eta denbora-erabileraren aurreikuspena zein den jakitea.
– Gaitasun-probaren zuzenketan erabiliko diren irizpideen berri izatea.
– Azterketa balioduna, fidagarria eta egingarria izatea. Alegia, egiaztatu nahi den mailarekin bat etortzea eta ahalik eta objektiboena izatea.
– Azterketa norena den jakin gabe zuzendua izatea.
– Emaitzak trebetasunez trebetasun bereizi jakitea.
– Gaitasun-probaren azterketa-fitxetan, emaitzaz gain, irizpen arrazoitua izatea.
– Gaitasun-proba egiteko onartuen zerrendaren aurrean erreklamazioa egitea.
– Emaitzekin bat ez badator, ezarritako epe eta moduan, mailaz mailako epaimahaiaren aurrean erreklamazioa egitea.
– HABEk emaitzak argitaratu ondoren, norberak bere espedientea ikusteko aukera izatea.
Betebeharrez, berriz, azterketariak deialdi hauetara biltzen diren gutxieneko hauek bete beharko ditu:
– Deialdiotan ezarritako matrikula-prozesua bere osoan eta, aldian-aldian, egoki betea izatea, datu ofizialak zuzen eta zehatz emanez.
– Azterketa-eskubideak ordainduak izatea adierazitako modu eta epeetan.
– Azterketa-egunean adierazitako lekuan ordurako izatea.
– Azterketako arduradunen aurrean identifikatzea, nortasun-agiria edo agiri ofizial baliokideren bat aurkeztuz.
– Azterketa-garaian azterketakideek eta gaitasun-probak berak eskatzen duten duintasuna betetzea.
Betebehar hauek betiere Agindu honetan ematen diren epe eta prozedurei jarraikiz bete beharko dira, salbuespenik gabe. Horietakoren bat bete ezean, ez du azterketa egiterik izango.
16. artikulua.– Berariazko egoerak.
Behar jakinak izan eta ziurtagiria lortu nahi duen herritarren kasuan, berdintasun-neurriak hartuko dituzte euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroak edo HABEk, hurrenez hurren, halako egoeretan dauden ikasle edo azterketarien berdintasun-aukerak bermatzeko. Ebaluazio-jarduera edo gaitasun-proba berariazko behar horietara egokitu ahal izateko, eskaera egin beharko dio ikasleak bere euskaltegiko edo autoikaskuntzarako zentroko zuzendariari ebaluazio-jarduera egin aurretik, edo azterketariak HABEren lurralde-arduradunari, azterketaldirako matrikula egiteko garaian, desgaitasuna agiri ofizialez zurituz eta zer egokitzapen eskatzen duen azalduz (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema...).
Halako eskarien aurrean, euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek edo HABEk denbora nahiz baliabideak egokituko dizkio behar bereziak dituenari, betiere 2006ko ekainaren 9ko Orden/PRE/1822/2006 Aginduari edota gaitasun-probok izan egunean indarrean egon daitekeen arautegiari jarraikiz.
17. artikulua.– Gorabehera-jarraibidea.
Azterketa-deialdietan, lurralde-arduradunek aktara eramango dute proba egin bitartean izan gorabehera oro. Gorabehera horien larritasun-mailak hala eskatuko balu, HABEren zuzendari nagusiak proba baliogabetu lezake, kontraesaneko espedientearen instrukzioa egin ondoren eta Azterketa Batzordearen txostena aztertuta.
Ebaluazio jarraituan oinarrituta egiaztatzeko prozesuetan, euskaltegietako eta autoikaskuntzarako zentroetako zuzendariek egingo dute akta, halakorik gertatzen bada.
18. artikulua.– Ziurtagiriak eta baliokidetza.
Ebaluazio jarraituko jardueretan oinarrituta nahiz azterketa-deialdien ondorioz Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumeko mailak egiaztatzea Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak emandako ziurtagirien bidez egingo da. Agiri horiek balioa izango dute, mailaz maila, agiridunak euskaraz aritzeko duen gaitasun komunikatiboa ziurtatzeko.
Ebaluazio jarraituko jardueren bitartez eskuratutako ziurtagirien eragin-datak ebaluazio-garai bakoitzeko uztailaren 30a eta urriaren 30a izango dira.
Azterketa-deialdien kasuan, ziurtagiriaren eragin-data behin betiko emaitzak argitaratu egunekoa izango da.
Agindu honek arautzen duen sistemari jarraikiz lortutako ziurtagirien baliokidetza azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan xedatutakoaren baitan egingo da.
19. artikulua.– HEOCeko gaitasun-mailen ziurtagirien Erregistroa.
1.– Agindu honetan xedatutakoaren arabera euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleek eta deialdietako azterketariek egiaztatzen dituzten euskararen gaitasun-mailak HEOCeko gaitasun-mailen ziurtagirien HABEren Erregistroan inskribatuko dira.
Erregistro honetan, pertsona bakoitzari buruzko identifikazio-datuekin batera, egiaztatutako euskara-maila eta egiaztapenaren eragin-data jasoko dira.
Aipatu datuek izaera pertsonala dutenez, Erregistroa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoan deklaratutako fitxategi mekanizatu batean gauzatuko da.
2.– Halaber, HABEk Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura bilduko du urtero HEOCaren araberako gaitasun-maila egiaztatu dutenen informazioa, urriaren 16ko 222/2012 Dekretuak xedatutakoaren arabera.
20. artikulua.– Gaitasun-probak eta ebaluazio-jarduerak gordetzeaz.
HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak ikerketarako gordeko ditu ahozko zein idatzizko gaitasun-probak eta ebaluazio-jarduerak.
Gaitasun-proben eta ebaluazio-jardueren garbiketa egiterakoan, HABEren Programa Berezietarako Atalak, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eskumena duen Sailak horretarako jarritako epea gordeko du eta garbiketa-akta egingo du.
21. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
Agindu honetan aurreikusitako azterketa-deialdi hauen kudeaketan horretarako sorturiko fitxategian tratatuko dira datu pertsonalak. Ebaluazio jarraituko jardueren bitarteko datuak, berriz, Ikasleak izeneko fitxategi informatikoan bilduko dira.
HABEren Zuzendaritza Nagusia bera izango da fitxategien administrazio-organo arduraduna eta sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko eskubidea zuzendaritza horren aurrean gauzatu ahal izango da. Fitxategi horietan jasotako datuen erabilera ondoren zehazten dena izango da:
– Agindu honetan aurreikusitako egiaztatze-prozeduren kudeaketa.
– HEOCeko gaitasun-mailen araberako ziurtagirien jaulkipena.
– Jaulkitako ziurtagiriak HEOCeko gaitasun-mailen ziurtagirien HABEren Erregistroan gordetzea, Agindu honen 19. artikuluak dioenari jarraikiz.
– Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura emandako ziurtagiriak helaraztea, urriaren 16ko 222/2012 Dekretuak agintzen duen moduan.
– Gaitasun-maila egiaztatu duten ikasleei zuzendutako diru-laguntzen proposamena egiteko, datuok HABEren zuzendari nagusiaren eskura jartzea, horretarako deialdia onartzen bada.
Azterketa-deialdietan parte hartzeko bete beharreko eskabide-orriak datu pertsonalen babesaren gaineko argibideei buruzko klausula jasoko du. Ebaluazio jarraituan oinarritutako egiaztatze-prozesuari dagokionez, klausula hori euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentroetako matrikulan txertatuta egon beharko da.
Agiaztatze-prozeduretan parte hartzen duten administrazio-langileek eta berariaz izendaturiko kideek prozedura horien bitartez ezagutzen dituzten datu pertsonalen gaineko sekretua zaindu beharra dute.
Prozesuotako argitaratze-faseek publizitate-printzipioari eusteko gutxieneko datu pertsonalak izango dituzte, eta erreklamatzeko epeak igaro arte bakarrik jasoko dituzte. Informazio horrek datuok izaera pertsonala dutela ohartarazten duen klausula bat izango du, alegia, datu pertsonalok datuak babesteko arloan egungo legedia betetzen dutela eta euren helburu bakarra prozedura honen faseari publikotasuna eman eta, hala behar denean, parte-hartzaileei jakinaraztea dela adieraziz. Horretaz gain, informazio-paragrafo bat izango du; bertan adieraziko da informazioa ez dela jendearen eskurako iturri, eta ezingo direla ez osorik ez partez kopiatu, ez eta informazioa errekuperatzeko inongo sistemaren bidez transmititu eta erregistratu ere, interesdunek eurek baimena eman ezean.
Ebaluazio- edo azterketa-prozesuak amaitu ondoren, lau trebetasunak neurtzeko egindako probak eta ebaluazio-jarduerak prestakuntza eta ikerketarako erabili ahal izango dira, betiere datu pertsonalak bereizi ondoren, indarrean dagoen legediak agintzen duen moduan.
22. artikulua.– Azterketa-deialdietan HABEko lankide ez direnen partaidetzari dagokion diru-ordaina.
Agindu honetan aurreikusitako azterketa-deialdietan, ahozko zein idatzizko frogetan aztertzaile izan, epaimahaietan parte hartu edo Agindu honetara bildutako beste ezein ardura hartzen duen HABEkoa ez den lankide orok izango du dagokion diru-ordaina jasotzeko eskubidea. Diru-ordain horren zenbatekoa, lankidetzon ordainketa-irizpideak eta eskainitako lanen tarifak onartzen dituen HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpen baten bidez emango dira jakitera.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honen 3.2 artikuluan aurreikusten diren balio sumatibo edo egiaztatzaileko ebaluazio-jarduerak modu progresiboan ezarriko ditu HABEk, Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculumean zedarritutako gaitasun-maila guztietan.
Progresio hori gehienez ere Aginduaren indarraldia hasi eta lau urteko epean burutuko da HEOCaren maila guztietan.
HABEren zuzendari nagusia ahalmenduta geratzen da ikasturte bakoitza hasi baino lehen erabakitzeko ebaluazio jarraituan oinarritutako ebaluazio-jarduerak balio egiaztatzailearekin zein mailatan aplikatuko diren.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan jasotako kide anitzeko organoek, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko tituluaren II. kapituluan xedatutakora egokituko dituzte funtzionamendu zein erabakien araubidea.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
HABEren zuzendari nagusia ahaleginduko da emakumezkoen eta gizonezkoen ordezkapena ahal den orekatuena izan dadin kide anitzeko organoetan eta Agindu honetan aurreikusten diren azterketa-deialdietako aztertzaileen artean.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honen euskal eta erdal idazkien arteko edozein interpretazio-auziren aurrean, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskal idazkiari dagokion irakurketak izango du lehentasuna.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA
Ebaluazio jarraituan oinarritutako egiaztapena HEOCaren maila guztietan ezartzen den bitartean, Agindu honen 5. artikuluan araututako azterketa-deialdiez gain, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei zuzendutako deialdiak egingo ditu, aldi bakoitzean ebaluazio jarraituko jarduerak balio egiaztatzaileaz aplikatzen ez diren mailetan.
Hizkuntzaren komunikazio-gaitasuna entzutezko eta idatzizko ulermena eta ahozko eta idatzizko adierazpena neurtzeko probez ebaluatuko den arren, euskaltegietan edo autoikaskuntzarako zentroetan egindako ikasketa-prozesuekin lotutako egiaztatze-azterketa horien kasuan trebetasun hartzaileen proba espezifikoak saihetsi ahal izango dira, ikas-prozesuaren ebaluazioaren emaitzen arabera, bikoizketak saiheste aldera, betiere horrela ezartzen bada dagokion deialdian.
Deialdiotan ere, euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek egiaztatze-prozesua burutzearekin lotutako eginkizunak bete beharko dituzte, hain zuzen ere, ikasleak ikasturtean izandako ibilbidea eta lortutako gaitasun-maila HABEri helarazteko, edo prozesua gauzatzeko sortzen diren bestelakoak egiteko, urtero ezartzen diren modu eta epeetan, eta horretarako baliatutako aplikazio informatikoaren bitartez.
Azterketa-deialdi horiek burutu ahal izateko, Agindu honen 9. artikuluan aurreikusitako partaideez gain, HABEren zuzendari nagusiak lurralde-batzordeak ere antolatuko ditu, Azterketa Batzordearen gidaritzapean. Batzordekideak urtez urte izendatuko ditu, HABEren teknikari, euskaltegi-sare ezberdinetako irakasle, edota helduen euskalduntzean aditu direnen artean, betiere, haien ibilbide profesionala kontuan izanda. Lurralde-batzordeon egitekoak azterketa-probon antolaketarekin lotutakoak izango dira, dagozkion antolamendu-irizpideak proposatuz. Lurralde-arduraduna izango da lurralde-batzordeon buru, eta lurralde-batzordean eginiko proposamenak Azterketa Batzordera eramango ditu.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Euskal Autonomia Erkidegoan eskumena duen Sailak egindako azterketak gordetzeko epea zehazten ez duen bitartean, HABEk azterketa eta ebaluazio-jardueren garbiketa egingo du deialdia bere osoan amaitu eta, gutxienez, urtebete pasa ondoren.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
2006ko uztailaren 27ko Kultura sailburuaren Agindua, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko (HABE) datu pertsonalen fitxategiak, besteak beste, arautzen dituena aldatzeari ekiten ez zaion bitartean, HABEren zuzendari nagusia, Programa Berezietarako atalburua eta HABEren Kudeaketa Zerbitzuko Informatika Ataleko teknikariak izango dira, hurrenez hurren, fitxategiko arduraduna, Trataerarako burua eta Agindu honetako 19. artikuluan aipatutako Erregistroan dauden datuei dagokien fitxategiaren segurtasunaren erantzulea.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geratzen da Kulturako sailburuak 2011ko urtarrilaren 19an emandako Agindua, HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean xedatutako euskararen komunikazio-gaitasunen mailak egiaztatzeko oinarri berriak zehazten zituena.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ahalmena ematen zaio HABEren zuzendari nagusiari, berari dagozkion eskumenen eremuan, Agindu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
2016-2017ko ikasturteari dagokionez, Agindu hau argitaratu eta gehienez hamabost eguneko epean zehaztuko du HABEren zuzendari nagusiak ebaluazio jarraitua balio egiaztatzailearekin zein mailatan aplikatuko den 3.2 artikuluan jasotakoa helburu hartuz. Era berean, ebaluazio jarraituaren barruan balio egiaztatzaileaz egingo diren ebaluazio-jardueren ezaugarriak eta xehetasunak jasoko ditu ebazpenean.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 23a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.