EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2015232

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2015eko uztailaren 28ko bilkuran hartua, Lezoko Udalaren 2013ko Kontu Orokorraren fiskalizazio txostena, behin-betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2015-07-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201605214
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2015eko uztailaren 28an egindako bilkuran
ERABAKITZEN DU:
Lezoko Udalaren 2013ko Kontu Orokorraren fiskalizazio txostena behin-betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 atalak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 28a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
LEZOKO UDALAREN 2013KO KONTU OROKORRAREN FISKALIZAZIO TXOSTENA
Laburdurak.
15/2010 Legea: 15/2010 Legea, merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurkako neurriak ezartzeko dena.
1732/1994 ED: 1732/1994 Errege Dekretua, izaera nazionaleko gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak hornitzeko dena.
20/2012 ELD: 20/2012 Errege Dekretu Legea, Aurrekontuaren Egonkortasuna eta Lehiakortasunaren Sustapena Bermatzeko Neurriei buruzkoa.
21/2003 FA: 21/2003 Foru Araua, Gipuzkoako Toki Erakundeen aurrekontuei buruzkoa.
53/1984 Legea: 13/1984 Legea, Herri Administrazioen Zerbitzura diharduen Langileriaren bateraezintasunei buruzkoa.
APKLTB: 2/2000 Legegintzako Errege Dekretua, Administrazio Publikoetako Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina.
DLO: 38/2003 Lege Orokorra, Diru-laguntzei buruzkoa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EAO: Estatuko Aldizkari Ofiziala.
EAOL 2013: 17/2012 Legea, 2013rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoa.
EBAO: Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala.
EFPL: 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.
EPOE: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua.
GAO: Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
GFA: Gipuzkoako Foru Aldundia.
HILBIZ: Hiri izaerako Lursailen Balio Igoeraren gaineko Zerga.
HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.
KES: Kontuen Europako Sistema.
LZ: Lanpostuen Zerrenda.
SPKL: 30/2007 Legea, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoa.
SPKLTB: 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu Bategina.
TMIZ: Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zerga.
UFFF: Udal Finantzaketarako Foru Funtsa.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraiki, Lezoko Udalaren 2013ko ekitaldiko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztaketak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako atal hauek besarkatzen ditu: Udalaren egoeraren balantzea, galera-irabazien kontua eta memoria; baita udalaren aurrekontuen likidazioa ere.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, Udalaren eta bere Sozietatearen kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.
– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
Lezoko Udalak 6.054 biztanle zituen 2013ko urtarrilaren 1ean; Oarsotek, S.L.n esku hartzen du (% 51), lan munduan txertatzeko programetan tailer bat kudeatzen duena.
Udalak udalaz gaindiko ondoko erakundeetan parte hartzen du: San Markoko Mankomunitatean, Udalak igortzen dizkion hiri hondakinak kudeatzen dituena. Añarbeko Mankomunitatean, udal biltegiak urez hornitu eta udal estolderiatik isuritako urak arazten dituena. Horrezaz gain, % 25eko partaidetza du Oarso Aldea, S.A.n; honek enpresa sustapen, turismoaren garapen eta langileen prestakuntza jarduerak gauzatzen ditu eskualdeko 4 udalerrietan Behemendi Landa Garapenerako Elkartearen atal ere bada.
II.– Iritzia.
II.1.– Udala.
II.1.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Aurrekontuak eta kontu orokorra.
1.– 2013ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrek eta Kontu Orokorrak ez dituzte Oarsotek, S.L.ren finantza egoerak jasotzen; Udalak % 51ko partaidetza du sozietatean 2009az geroztik; honenbestez, 21/2003 FAren 3.3 eta 63 artikuluak urratzen dira.
Kontratazioa.
2.– Gobernu Batzordeak 2013an zabor bilketa eta kale garbiketa kontratua (2. zenbakia) aldatu zuen –4,5 milioi euroan esleitu zena–, bilketa sistema berri bat abiaraztearren; sistema berriak indarreko aurrekontuko zerbitzuaren kostua % 51 garestitzea ekarri zuen. Kostu horiek beste prestazio batzuk murriztuta berdindu ziren eta honenbestez, kontratuaren prezioari osotasunean orekaturik eutsi zitzaion. Aldaketa horrek nabarmen eraldatu du hasierako esleipena eta kontratazio araudiaren lehia printzipioak urratu ditu, kontratuaren xedea desitxuratu baitu.
3.– Udal aretoak garbitzeko kontratuaren lizitazioa (4. zenbakia), 460.438 euroan esleitu zena, GAOn argitaratu zen; ordea, kopurua aintzat hartuta, EAOn eta EBAOn argitaratu behar zatekeen; honebestez, SPKLTBren 142. artikulua urratu du.
4.– Futbol zelaian zaharberritze eta belar artifiziala jartzeko kontratuak (6 eta 7 kontratuak) 384.422 euroan esleitu ziren publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez; ordea, publikotasuna emanda lizitatu behar ziratekeen, obra beraren atal zirelako eta balioetsitako balioa osotasunean legezko 200.000 euroren mugaz goitikoa zelako; honenbestez, urratu egin da SPKLTBren 86 eta 142 artikuluan xedatutakoa.
Epaitegi honen ustetan, Lezoko Udalak, 1etik 4ra bitarteko paragrafoetan aipatutako ez-betetzeak alde batera, zuzentasunez bete du 2013ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.1.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– Hona hemen 2013ko abenduaren 31n gastu orokorretarako Diruzaintza Geldikinean, data horretan itxitako Egoera Balantzean eta Funts Propioetan eragina duten doiketak:
2.– 2013ko ekitaldiko ez Likidazioan, ez Kontu Orokorraren Oroitidazkian ez da 2009an Udalbatzak hartutako konpromisoen berri ematen, ikastetxe batentzat 10 urtetarako urtean 100.000 euroren diru-laguntza ematea onartzean.
3.– 2012an GFAk portuko instalakuntzak hiri lurrari gehitu zizkion eta Udalak urte horretan eta 2013an azpiegituraren OHZ kontzeptuan 171.652 euroren likidazioak egin zituen; likidazio horiek Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren aurrean errekurritu dira, baina txostena idatzi dugun datan ez da epairik ebatzi; horrek erantsitako kontuak zenbatetsi ezin den zenbatekoan eragin ditzakeen gorabehera sortu du.
Epaitegi honen iritzira, aurreko 1etik 3ra bitarteko paragrafoetan azaleratutako salbuespenen eragina kenduta, Lezoko Udalaren Kontu Orokorrak alderdi esanguratsu guztietan erakusten du 2013ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa, ondarearen eta 2013ko abenduaren 31ko finantza egoeraren isla zuzena eta ekitaldian bere eragiketen emaitzena.
II.2.– Oarsotek, S.L. Sozietate Publikoa.
II.2.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Epaitegi honen ustetan, Oarsotek, S.L.k zuzentasunez bete du 2013ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– Zordunen eta hartzekodunen 2013ko abenduaren 31ko saldo garbia, diru-laguntzek eragindako diru-sarreren kontularitzako erregistroak sorturikoa, horien egiazko kobrantza baino 83.730 euro handiagoa da; horregatik, sozietatearen Funts Propioak kopuru horretan murriztu behar lirateke.
Epaitegi honen iritzira, aurreko paragrafoan azaldutako ez-betetzea alde batera, 2013ko ekitaldiaren Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan Oarsotek, S.L.ren 2013ko abenduaren 31n ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Aurrekontua, kontabilitatea eta diru-sarrerak.
– Aurrekontuak langileei buruzko eranskin bat barne hartzen du, langile guztiei dagokienez aurreikusitako guztizko ordainsariak jasotzen dituena. Alabaina, araudiak (EFPL, 21. artikulua) destino eta berariazko osagarrien zenbatekoak xehetasunez jasotzeko agintzen du.
– 2014ko urtean HILBIZaren diru-sarrerak kitatu ziren, 2013an eta lehenagoko urteetan sortutakoak, likidazio prozesuan atzerapenak izan zirelako.
– Udal zerbitzuek egindako kobrantzarako erroldak berariaz onartu behar ditu alkateak, izan ere, araudi fiskalak udal zerga eta tasen likidazio egintzak administrazioak berariaz ebatzi behar dituela agintzen baitu (2/2005 FAren 97tik 99rako artikuluak).
III.2.– Langileria.
– Udalak ez ditu GAOn argitaratu alkatearen eta bi zinegotzien dedikazioa eta ordainsariak ez ezik, bileretara joateagatik zinegotzientzako dietak finkatzen dituzten 2011 eta 2013ko Osoko erabakiak.
– Udalaren artekari eta idazkari lanpostuek beste toki entitate batzuetan egitekoak metatzen dituzte, GFAren eta Osokoaren baimenarekin; ez dute, baina, egitekoen metaketa ostean Udalean euren egitekoak betetzeko baldintzak zehazten. Egiteko osagarrien kontzeptuko konpentsazioak LZn berariazko osagarri modura kalifikatzen dira; ordea, haborokin izaera dute (1732/1994 EDren 31. artikulua). Gainera, egitekoen metaketagatiko konpentsazioen kopurua Osokoak baitesten ditu LZ onartzen duenean, baina egokiagoa litzateke berariaz onartzea 53/1984. Legearen 7. artikuluko % 30eko muga gainditzean.
– Lan ezintasun egoera aitortu zitzaien Udaleko lau funtzionario antzinakok guztira 2.400 euro jaso zituzten 2013an, erretiratu bitarte arte urtero jasoko duten ordainsaria; araudiak, ordea, ez du ordainketa mota hau aurreikusten. Osokoak 2012ko azaroan onartu zuen prestazio honek aurretik zegoen ordainsarien % 20ko beste bat ordezkatzen du, 2011n onartutako akordio erregulatzailean jasoa.
– 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera, funtzionarioen bi lanpostu huts bete dira, indarrean dagoen etxez etxeko laguntzaileen lan poltsa baliatuta, 2002koa dena. Udalak lan poltsa gaurkotu behar zukeen, lau urteko indarraldia eman zitzaiona.
– 2013rako aurrekontu-araudiak mugatu egiten ditu aldi baterako langileen kontratazioak eta 2013ko EAOL Legearen 23. artikuluaren inguruabarretakoren bat gertatzen dela egiaztatzeko eskatzen du; egiaztapen hori, baina, ez dago aztertutako espedienteetan jasoa.
III.3.– Kontratazioa.
Indarrean zeuden edo 2013an izapidetutako 7 kontratu nagusiak aztertu ondoren, honako alderdi hauek azaleratu zaizkigu:
– 5,0 milioi euroan esleitutako hiru kontraturen pleguek (1, 2 eta 6 zenbakiak) kontratistaren eskarmentuari buruzko esleipen irizpideak eta/edo modu orokorrean definiturikoak (oroitidazkiak, planak) barne hartzen zituzten, aintzat hartuko ziren alderdi zehatzak adierazi gabe eta balorazio arauak ezarri gabe.
– Guztira 674.688 euroan esleitutako bi kontratutan (3. eta 4. espedienteak) pleguek ez zuten aurreikusten balio judizioa eskatzen zuten irizpideak formula bidez egiten diren haietatik bereizirik baloratzea; azken hauek, ordea, prozesu amaieran baloratu behar lirateke.
– Espedientearen onespenak akatsak ditu hiru kontratutan, guztira 4,8 milioi euroan esleitutakoetan (2, 3 eta 7 zenbakiak). Lehenengo espedientean pleguak txosten juridikorik izan gabe onartu ziren eta ez zegoen behar hainbat kreditu espedientea onartu zenean. Bigarrenean ez zen kontratuaren izaera urte anitza aintzat hartu, krediturik bazela ziurtatu zenean. Azkenekoan, espedientea eta esleipena egintza berean onartu ziren, pleguaren berri ez zen eman eta krediturik bazegoelako ziurtagiria beste obra bati zegokion.
– Hiru esleipenetarako aurkeztutako eskaintzak aztertzen zituzten txosten teknikoak (2, 4 eta 6 zk.), 5,2 milioi eurorenak, osagabeak ziren, lehenengo kasuan ez baitzuen adierazi aurkeztu zen plika bakarrak pleguaren gutxieneko betekizunak betetzen zituen. Bigarrenean ez ziren emandako hainbat puntuazio justifikatu. Azkenekoan, obraren xede ez bestelakoak ziren instalakuntzetan egindako hobekuntzak baloratu ziren. Hobekuntza hauek kontratuan jaso behar ziratekeen eta horien egikaritza egiaztatu.
– Bi kasutan (1 eta 3 zenbakidun kontratuak) ez da zehazten prezio faktorea balioztatzeko modua eta beste bitan (4. eta 5. kontratuak) baliatutako formulak puntuen guztizkoarekin eskaintzarik onena 0 eurorena balitz soilik diskriminatuko luke; honenbestez, faktore ekonomikoaren egiazko pisua kasu guztietan murriztua geratzen da.
– Hiru espedientetan (2, 4 eta 5 zenbakiak.), 5,1 milioi euroren esleipena egiten zutenak, ez zitzaien nahitaezkoa den publikotasuna eman GAOn kontratua esleitu edo gauzatzeko egintzei.
– 1 eta 4. kontratuak, 700.541 euroan esleitu zirenak, administrazio agirian aldaketa horiek jaso gabe aldatu ziren. Gainera, 4. kontratuan 3 areto itxi izanaren ondorioz zerbitzuak murriztu ziren zegokion kontratu aldaketa izapidetu gabe.
– Ez da 384.422 euroan esleitutako bi obraren (6 eta 7 kontratuak) harrera akta gauzatu.
– Kirol instalakuntzak kudeatzeko kontratua 2013an aldatu zen eta zerbitzu emateko ordu kopurua murriztu zen, kontratuaren oreka ekonomikoari eustearren. Alabaina, aldaketa horrek ez du balio-neurtzen onartutako aldaketek zerbitzuaren oreka ekonomikoan duten eragina. Gainera, ez da zerbitzuaren sarrera eta gastuen gaineko informazioa igorri, pleguko aurreikuspenen arabera.
– Zabor bilketa eta kale garbiketa kontratua (2 zenbakia) 4,5 milioi euroan esleitu zen; kontratu horren esleipendunari eskatutako bermea urteko bat oinarri hartuta kalkulatu zen, kontratuak zirauen 8 urteko epea aintzat hartu beharrean. Bestetara, pleguak lehiatzaileek bi zerbitzuak eman ahal izateko sailkapena eskatzen zien; ordea, eskakizun hori ez da nahitaezkoa, zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratua baita. Bi zerbitzuak modu bereizian edo multzotan batera kontratatzea, 2015ean zerbitzu kontratuak aintzat hartuta egin beharko da.
– Udal aretoen garbiketa kontratuan eskatutako bermea, 460.438 euroan esleitu zena, kontratuaren urtekoa abiaburu hartuta kalkulatu zen, kontratuaren zenbateko osoa aintzat hartu beharrean. Horrezaz gain, 2011ko apirilean onartutako aldaketak, kostua % 14 gehitzen zuenak, espazio berriak txertatu zituen, areto berrietan egin asmo ziren egintzak zehaztu gabe.
– Futbol zelaiko obra kontratua 148.479 euroan esleitu zen; kontratuaren azken ziurtagiriak 34.813 euroren kapitulua barne hartzen zuen, kontratazio atalak onartutako proiektuan aurreikusi gabe zeuden obra berriei zegokiena. Kontratu aldaketa alkateak gauzatu aurretik onartu behar zukeen. Gainera, kontratuan adierazitako berme epea pleguan ematen zen epea baino laburragoa zen.
Udalak ez ditu udal kudeatzaileen eta zerbitzu kontratuen esleipendun diren enpresen arteko harremana sailkatzeko eskatutako jarraibideak ebatzi, 20/2012 LEDen 1. xedapen gehigarriak agintzen duen moduan.
Udalak kontratatzailearen profilean lehiaketa argitara noiz eman den egiaztatu behar du (SPKLTBren 53.3 artikulua); hori egiaztatzeko nahiko da espediente bakoitzari ziurtagiri bat edo argitaratutakoaren kopia bat eranstea.
Erosketa txiki modura izapidetutako erosketa errepikariak berrikustean publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez izapidetu behar ziratekeen erosketak azaleratu dira:
III.4.– Diru-laguntzak.
– Udalak 2013an San Marko Mankomunitateari 71.306 euroren ekarpenak ordaindu zizkion, aurrekontu egindako datuak eta udalerri bakoitzeko biztanleak aintzat hartuta kalkulatutakoak; mankomunitatearen jarduera nagusia kide diren 10 udalen hiri hondakinak kudeatzea da. Mankomunitateko Estatutuek udal ekarpenak aurreikusten dituzte baldin eta baliabideak urriak badira (20. artikulua), baina ez dituzte kopurua zehazteko jarraitu beharreko irizpideak zehazten Gainera, gastuen 2. kapituluaren kontura Mankomunitateari 89.340 euro ordaindu zitzaizkion hainbat zerbitzuren egiazko kostuak finantzatzeko, udal bakoitzak emandako tonen arabera banatuak, nahiz Mankomunitateko Estatutuek biztanle kopurua ezartzen duten banaketarako irizpide bakar modura. Azken ordainketa hauek Mankomunitateari egindako transferentzia modura tratatu behar ziratekeen.
– Oarso Aldea, SAk guztira 226.818 euroren gastu eta konpromisoak eragin zituen; honi emandako diru-laguntza izenduna nahitaezko hitzarmen bidez arautu behar zatekeen, baina ez zen 2013ko abendura arte onartu; hori dela eta, lehenago aurrerakinak bideratu ziren, era horretan izapidetu behar ziratekeenak. Hitzarmenak jarduera programa bakoitzari dagokionez akordio osagarriak izatea aurreikusten du eta egikaritza baldintzak xehatzen ditu. Alabaina, garapen hau ez zen gertatu eta 2014an programa bakoitzarentzat bereizitako diru-kopuruak jasotzen dituen agiri bat baizik ez zen onartu. Hitzarmen osagarriek garatu beharreko jarduerak adierazi behar dituzte, kostu zuzenak eta orokorrak, udal diru-laguntzaren ehunekoa, beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna eta diru-laguntzak justifikatu eta likidatzeko jokamoldea ezarri.
2013an diruz lagundutako jarduerei dagokienez, euskara eta ingurumena sustatzeari buruzkoak ez ziren Sozietatearen Estatutuetan aurreikusi. Azken kasu honetan, Udalak ordainetan udalerrian soilik emandako zerbitzu bat jaso zuen, kopuruagatik erosketa txiki modura izapidetu behar zatekeena.
– Pasai-Lezo Lizeoari emandako 100.000 euroren diru-laguntza izenduna 2009an Udalbatzak onartutako hitzarmen batek arautzen du, zeinaren arabera 10 urteko aldirako mantentze eta eskola garraio gastuetarako urteko laguntzak ematen dituen, automatikoki luzagarria. Komenigarria litzateke horren edukia aldatzea, luzatzeko berariazko erabakia behar izanik, eta zuritzeko modua aldatzea, izan ere, kontularitzako egoerak aurkezteko aurreikusitako moldea ez zaie diru-laguntzaren ezaugarriei egokitzen.
– Aztertu diren 6 diru-laguntza izendunetatik 5etan, ez zen egiaztatu hartzekodunak gizarte eta zerga obligazioetan gaurkotuta zeudela. Berebat, ez zen ezaugarri hori bera egiaztatu aztertutako 3 diru-laguntza zuzenetan (DLOren 34.5 artikulua).
– Guztira 22.400 euroan emandako bi diru-laguntza izendunetan, justifikazioa nagusiki hartu izanaren agiri bidez egin da (gastuen % 69 eta 76).
– Diru-laguntzen Lege Orokorrak agintzen du ordainketa, nagusiki, jarduerak gauzatu direla justifikatu ostean egingo dela (DLOren 34.3 artikulua), nahiz aurrerakinak ematen uzten duen. Aztertu ditugun diru-laguntza izendun eta zuzenetan aurrerakinak eman ziren, sei diru-laguntzatan % 100 eginez, guztira 91.636 euroren zenbatekoan. Kontularitzako erregistroek ez dituzte aurrerakinak eta ohiko ordainketak bereizten eta komenigarria da, kontrol hobea izateko, azken ordainketa bat aurreikustea, aurkeztutako justifikazioa aztertu ostean.
– Udalak publikotasuna eman behar die agintaritza aldizkarian lehia erregimenean edo zuzenean emandako laguntzen esleipenari, baldin eta banako zenbatekoak 3.000 euroak gainditzen dituen (DLOren 18. artikulua); betekizun hori, baina, ez da bete 14.550 euro egin dituzten bi diru-laguntza zuzenetan eta lehia erregimenean esleitutako beste 3tan.
III.5.– Berankortasuna eta bestelako alderdiak.
– Udalak ez zituen ordainketa epeei buruzko nahitaezkoak diren hiruhileko txostenak egin (15/2010 Legearen 4. artikulua). Aztertutako kontratazio espedienteetan ordainketen % 42 arautegiak ordainketarako ezartzen duen 30 eguneko epea gaindituta gauzatu dela ikusi da, batez bestean 25 egunean.
– Oarsotek, S.L. 2004an sozietate pribatu batek (% 60) eta Oarso Aldea, SAk sortu zuten lanbide tailer bat kudeatzeko, eskualde mailako zerbitzuak emango zituena; sozietatearen egoitza beste udalerri batean du; aztertzekoa da egun Udalaren sozietate publiko modura juridikoki duen izatea.
IV.– Finantza analisia.
Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua.
Sarrera arruntak: Gora egin dute bai 2012an, bai 2013an. Euren osagai nagusiei dagokienez:
– Zerga zuzenak, zeharkakoak eta tasak: Igoera nagusiak 2013an OHZn eta JEZen gertatzen dira. OHZren tarifek gora egin dute 2012an (% 4,7) eta 2013an (% 2,4), baina bariazio nagusia portu instalazioei zerga kitatzeak eragin du. JEZi dagokionez, 2013an murriztu egin zergatik salbuesteko muga 2 milioi eurotik 1 milioi eurora eta diru-bilketa 186.000 euro inguru gehitu da. Tasei dagokienez, igoera txikiak suertatu dira uraren eta estolderiaren tarifak % 9 eta % 11 gehitzearekin; zabor bilketaren tasa, berriz, % 10 eta % 2 gehitu da 2012 eta 2013an, hurrenez hurren.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: Osagai nagusia UFFF da, 2011n 3,0 milioi euroren diru-sarrerak eragin zituena; hirurtekoaren beste bi urteetan 3,2 milioi euro egin zituen.
Funtzionamendu gastuak: hirurtekoan % 12 egin dute behera, beste bi osagaietan baino diru-laguntzetan beheraldia txikiagoa izan delarik. Aldakuntza nagusiak honako hauek izan dira:
– Langile gastuak: bi ekitaldietan behera egin dute langile kontratazioak mugatu egin direlako eta soldata izoztu izanaren ondorioz; baita, 2012an aparteko soldata puntualki kendu izanaren ondorioz.
– Ondasun arrunten erosketa eta zerbitzuak: % 7 egin dute behera bai 2012an, bai 2013an; azken ekitaldi honetan San Markoko Mankomunitateari egindako ekarpenetan biltzen da, zaborren tratamenduaren ondorioz.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: 2012an gastuak behera egin du familiei eta irabazi asmorik gabeko familiei emandako laguntzek behera egin dutelako. 2013an gastuari egonkor eutsi zaio.
Aurrezki gordina eta garbia: Bi aldaki hauek bariazio handiak izan dituzte diru-sarrerek eta kostuen kontratazioak gora egin izanaren ondorioz eta honela, 2013an aurrezki gordinak diru-sarrera arrunten % 25 egiten du eta finantza zamak % 9; horren ondorioz, aurrezki garbia sarrera arrunten % 16an dago.
Kapital eragiketen emaitza: 2012an eta 2013an inbertsioek behera egin dute eta obra nagusia, gainera, diru-laguntza bidez finantzatu da (futbol zelaia zaharberritzea).
Eragiketa ez finantzarioen emaitza: 2011n orekatu egin ziren sarrerak eta gastuak eta 2013an superabit esanguratsua izan zuen.
Diruzaintza geldikina: 2012an sortutako aurrezki garbiak inbertsioak finantzatzeko bide eman zuen, baina zor saldoen zuzkidura igotzeak Geldikinak behera egitea ekarri zuen. 2013ko kapital eragiketek baliabide propio gutxi behar dituzte; hori dela eta, ekitaldian sortutako aurrezki garbia Geldikinari txertatzen zaio, 1,1 milioi euro inguru eginez. HKEEk GODGan egiteko proposatu dituen doiketak aintzat hartzen baditugu, 214.000 euroren zenbatekoan, geldikin hori 813.000 eurora arte murriztuko litzateke.
Zorpetzea: Udalaren zorpetzea 2013an 3,5 milioi eurorena zen eta sarrera arrunten % 46 egiten zuen; finantza zamak, berriz, ekitaldian % 9 egin zuen. Zorraren epemugek ez dute aldaketa handirik izango kitatzeko falta diren 7 urteetan.
Ondorioa: Udalaren sarrera eta gastuen egiturak bariazio handiak izan ditu aztertutako aldian eta 2013an aurrezki garbiak diru-sarrera arrunten % 25 egin du; horrek aurrezki maila handia eragin du, beste erakunde batzuen diru-laguntzekin batera eta geldikina unean-unean baliatuta, egungo inbertsio mailak finantzatzeko bide ematen duena.
Aurrekontuaren egonkortasuna: 1/2013 Foru Arauan ezarritakoari jarraiki, Udalaren artekaritzak txostena egin zuen aurrekontuaren egonkortasun printzipioa, zor publikoa eta gastuaren araua betetzen zela adieraziaz. 2013ko likidazioari buruzko txostenak ondorioztatu du:
– Aurrekontu egonkortasunaren helburua bete da, eragiketa ez finantzarioen superabita SEC terminoetan 1,2 milioi eurorena izan baita.
– Zor publikoaren helburua bete da, diru-sarrera arrunten % 46 egin baitu, muga modura ezarritako % 95 baino txikiagoa.
– Gastuaren araua bete da, 2013 eta 2012ko likidazioen artean zenbagarria den gastuak % 2,96 egin baitu behera, aurreikusitako muga gastuak % 1,7 gehitzea zenean.
Oarsotek, S.L. aintzat hartzeak, % 51ko partaidetza duena, ez lituzke ondorio hauek eraldatuko duen tamaina txikiagatik.
V.– Urteko kontuak.
V.1.– Udala.
V.2.– OARSOTEK, S.L.
ALEGAZIOAK
II.– Iritzia.
II.1.– Udala.
II.1.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren gogoeta:
4.– Futbol zelaian zaharberritze eta belar artifiziala jartzeko kontratuak (6 eta 7 kontratuak) 384.422 euroan esleitu ziren publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez; ordea, publikotasuna emanda lizitatu behar ziratekeen, obra beraren atal zirelako eta balioetsitako balioa osotasunean legezko 200.000 euroren mugaz goitikoa zelako; honenbestez, urratu egin da SPKLTBren 86 eta 142 artikuluan xedatutakoa.
Alegazioa:
Udala ez dator bat iritzi horrekin. Udalaren ustez, administrazio kontratazioaren printzipioak zorrozki bete dira, eta zuzen eta legez tramitatu da. Horregatik, hau alegatzen dugu:
1.– Lezoko Udalak Plazeta futbol zelaia zaharberritzeko obren kontratazio espedientea hasi zuen 2013-10-31ko Alkatearen Dekretu bidez (ondoren, 2013-11-12an berretsi zen Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiz), eta 2013-10-31n adjudikatu ziren obrak, zenbateko hauekin: 122.710,22 euro + BEZari dagozkion 25.769.15 euro.
2.– Lezoko Udalak «Plazeta» futbol zelaian belar artifiziala jartzeko kontratazio espedientea hasi zuen 2013-09-10eko Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiz, eta 2013-11-06an adjudikatu ziren obrak, alkatearen dekretu bidez. Ondoren, 2013-11-12ko Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiz berretsi zen. Zenbateko hauekin adjudikatu ziren obrak: 194.994 euro + BEZari dagozkion 40.948,74 euro.
3.– SPKLTBaren 86.3 artikuluaren arabera, «bereizita kontrata daitezke obra batean barne hartuko diren prestazio bereiziak, 6. artikuluan zehazten den bezala, prestazio horiek izaera propioa badute eta banan-banan gauzatu badaitezke, gaikuntza jakin bat duten enpresek egin behar dituztelako».
Hortaz, izaera propioa duten prestazioak (belar artifiziala jartzea, kasu honetan) bereizita kontrata daitezke; betiere, gaikuntza jakin bat duten enpresek egin behar badituzte. Kasu honetan, jakina, belar artifiziala jarriko duenak behar duen gaikuntza espezifikoari dagokio, soropilaren kaudimen materialaren zehaztapenak direla eta. Kontuan hartu behar da belar artifiziala jartzea jarduera konplexua eta teknologikoa dela, eta are gehiago lehendik dagoen soropila kendu behar denean. Indargetze egokia bermatzeko geruza gainjarri batzuk ipini behar dira, baina, aldi berean, drainatze baldintza hoberenak bermatu behar dira, belar artifizialak ureztapena behar baitu. Gainera, futbol zelaiek FIFAk ezartzen dituen baldintza berezi batzuk bete behar dituzte, erabilitako materialek ezin dute urradurarik eragin, eta Lezoko Udalak erabiliko ziren materialak ahalik eta naturalenak izatea nahi zuen.
Horregatik, kaudimen material, tekniko eta profesionaleko bermeak betetzen zituzten enpresei egin zitzaien gonbidapena (belar artifiziala jartzen jarduten diren eta horretan esperientzia egiaztatua duten lau enpresari).
Kaudimen material, tekniko eta profesional hori ezin zitzaion exijitu Plazeta futbol zelaia berritzeko obra adjudikatu zitzaion kontratistari, funtsean, igeltserotza lanak eta egitura metalikoak baitziren, eta jarduera horiek ez baitute zerikusirik belar artifizialarekin. Beraz, azaldutako arrazoiengatik, ez da ondorioztatzen obra horien kontratua zatitzeko helburua, bi jarduketak izatez desberdinak eta bereiziak baitziren, eta, horrenbestez, bereizita lizitatu eta gauzatu baitzitezkeen, eta hala egitea komeni baitzen (Ikus HKEEaren 1. oharra dokumentu amaieran).
II.2.– Oarsotek S.L. sozietate publikoa.
II.2.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren gogoeta:
«Diru-laguntzengatik diru-sarreren kontabilitate-erregistroak sortutako zordunen eta hartzekodunen saldo garbia 2013ko abenduaren 31n 83.730 eurotik gorakoa da horiek egiaz kobratuekiko, beraz, sozietatearen funts propioak zenbateko berean murriztu beharko lirateke».
Alegazioa:
2014. urtean aurreko ekitaldiei dagokienez bidezko kontabilitate-zuzenketa guztiak egin dira.
Egiaztapen-dokumentazioan 2014ko urteko kontuak, kontabilitate-zuzenketak egin ondorengoak, sartu ditugu.
Hala eta guztiz ere, diru-laguntzengatik diru-sarreren saldoa egiaz kobratutakoarekiko handiagoa izateak ez du esan nahi falta den saldoa jada kobratuko ez denik eta, beraz, zenbateko berean funts propioak murriztu behar direnik. Nolanahi ere, ohiz ondorengo ekitaldietan kobratu izaten dira.
Diru-laguntzak hiru urterako ematen dira, hortaz, jarduneko ekitaldian horren herena diru-sarrera bezala kontabilizatzen da eta gainerakoa diru-sarrera aurreratu bezala aldizkatzen da.
Lanbidek, ordea, ordainketak kredituen formula erabiliz egiten ditu eta lau ekitaldietan zehar zabaltzen dira; adibidez, 2013. urtean ebazten den diru-laguntza 2013., 2014., 2015. eta 2016. ekitaldietako kredituekin ordaintzen da.
Gizarteratze-enpresak lanpostuak gizarteratze-prozesuan dauden pertsonek betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu eta zuzendaritza kudeatzaileak egiaztapena egin ostean, ordaintzen da.
Beraz, sortutako diru-laguntzen urtebeteko kobrantzak saldo garbi zorduna baino txikiagoak dira, oraindik hurrengo urteetako kobrantzak falta baitira.
Dena den, lanpostuak nortzuk betetzen dituzten ez egiaztatzea gerta liteke eta, ondorioz, Lanbidek lanpostu hutsen diru-laguntzak murriztuko ditu. Zenbateko horiek dira, hain zuzen ere, funts propioetatik kendu behar direnak.
III.– Barneko kontrol sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko gogoetak.
III.2.– Langileak.
Alegazioak:
– Kontu-hartzailearen eta idazkariaren funtzioak metatzea.
Ez gaude ados epaitegiaren iritziarekin, funtzioak metatzeko berariazko onarpen bat egokia izango litzatekeela adierazten duenean, berariazko onarpena jada eman baita bi kasuetan:
– Kontu-hartzailea: 2013-09-26ko osoko bilkuran berretsitako D13/00788 Alkatearen Dekretuaren arabera, udal kontu-hartzailearen eginkizunak Errenteriako Udaleko kontu-hartzailearen eginkizunekin metatzea baimendu zen, eta dedikazio eta ordainsari baldintzak onartu ziren.
– Idazkaria: 2012-01-26ko eta 2012-09-12ko osoko bilkuretako erabakiak. Berariazko erabakiak hartu ziren, eta horietan baimena ematen zaio idazkariari San Marko Mankomunitateko eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko idazkari funtzioak betetzeko, funtzio horiek egiteagatik kobratuko dituen zenbatekoak zehaztuta.
– Langileen lanerako ezintasuna, prestazioak.
2012. urtera arte 45 urtetik gorako langileei lanerako erabateko ezintasun egoerarengatik ordaindutako prestazioak (soldataren % 20) 1999-03-10eko Gobernu Batzordearen onartu ziren, eta hobekuntza gisa sartu ziren udaleko langileen lan hitzarmenean. Ondoren, hobekuntza hori onartu egin da langileen hitzarmenak onartu diren osoko bilkura guztietan: 2000-07-12, 200212-13, 2004-12-01, 2007-12-07, 2009-05-12 eta 2011-05-18.
Ondoren, 2012-11-29an eginiko osoko bilkuran, ordainketa hori langile bakoitzarentzat urteko 599,99 euro-ra mugatzea erabaki zen.
Hasierako akordioan oinarrituta, lanerako erabateko ezintasuna aitortua zuen 45 urtetik gorako langileak, bere borondatez, ordainpeko inolako lanik ez egiteko konpromisoa hartzen zuen, eta kontraprestazio gisa bere soldataren % 20ren baliokidea jasotzen zuen erretiroa hartzeko legezko adinera iritsi bitartean. Neurri honen bidez, enplegua sortzen zen eta Udala langile hauen etengabeko bajen ordainketatik libratzen zen (Udalari zegokion funtzionario hauen lan eta gaixotasun kontingentzien prestazioak, osorik, ordaintzea).
– Funtzionarioen bi lanpostu huts betetzea, 2002. urteko lan poltsa erabilita.
Lanpostuak barnean bete dira, 2002ko lan poltsa erabilita (lan poltsa hori zen Udalean zegoen bakarra); data horretan Udalean bitarteko funtzionario gisa eta 10 urteko antzinatasunarekin lanean ari diren langileek hartu dituzte lanpostu horiek.
Estaldura behin-behinekoa izan da, hau da, bitarteko funtzionario izendatu dira hartu dituzten plazak bete edo amortizatu arte.
Estaldura langile baten erretiroaren ondorioz egin zen (etxez etxeko laguntzailea), eta lanpostu hori betetzea premiazkoa zen. Langileetako bat bitarteko gisa ari zen % 50eko dedikazioko plaza bat betetzen, eta besteak urteak zeramatzan ordezkapenak egiten, zerbitzu behar desberdinetako askotariko lanetako bajak, eta data horietan altan zeuden Lezoko Udalean.
Ondorioz, bitarteko langile gisa % 50eko plaza betetzen ari zen langilea % 100eko dedikazioko plaza bitarteko gisa betetzera pasatu zen, eta ordezkapenak egiten zituen langilea % 50eko dedikazioko plaza bitarteko gisa betetzera pasatu zen.
Plaza bat bitarteko langileen bidez bete behar denean, lan poltsetako lehentasun ordena errespetatzen dugu, eta lanpostu hutsak ordena horri jarraituz eskaintzen ditugu.
– Araudi erregulatzailea, langileen kontratazioak mugatzeari dagokionez.
2013an zehar, egindako kontratazioak Etxez Etxeko Laguntza eta Udaltzaingo departamentuetako premiazko behar atzeraezinak betetzeko egin dira.
Udal hau da bertako langileekin etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzen duen bakarrenetakoa, eta egindako kontratazioak premiazko beharrak asetzeko eta, ahal den neurrian, zerbitzu horri eusteko egin dira.
Udaltzaingoaren kasuan, kontratazioak udaltzainik gabeko txandak betetzeko egin dira. Bi txanda ditugu: goizekoa eta arratsaldekoa, eta plantillako 5 langileek betetzen dituzte, astelehenetik igandera. Txanda bakoitzean pertsona batek edo bik lan egiten dute, eta soilik lanerako inor ez zegoen txandak ordeztu dira.
Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuan eta Udaltzaingo zerbitzuan, kontratazio eskaera zerbitzuburuak egin du, eta eskaera horietan egin beharreko kontratazioaren beharra justifikatu da. Eskaera egin ondoren eta teknikari eskudunaren txostena aztertu ondoren, alkatearen dekretu bidez gauzatu dira kontratazioak.
III.3.– Kontratazioa.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren gogoeta:
– 5,0 milioi euroan esleitutako hiru kontraturen pleguek (1, 2 eta 6 zenbakiak) kontratistaren eskarmentuari buruzko esleipen irizpideak eta/edo modu orokorrean definiturikoak (oroitidazkiak, planak...) barne hartzen zituzten, aintzat hartuko ziren alderdi zehatzak adierazi gabe eta balorazio arauak ezarri gabe.
Alegazioa:
Bat (1) eta BI (2) kasuak 2000. eta 2006. urteetako lizitazioak dira, hurrenez hurren, eta horien kontratuak indarrean daude 2013an.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren gogoeta:
– Espedientearen onespenak akatsak ditu hiru kontratutan, guztira 4,8 milioi euroan esleitutakoetan (2,3 eta 7 zenbakiak).Lehenengo espedientean pleguak txosten juridikorik izan gabe onartu ziren eta ez zegoen behar hainbat kreditu espedientea onartu zenean. Bigarrenean ez zen kontratuaren izaera urte anitza aintzat hartu, krediturik bazela ziurtatu zenean. Azkenekoan, espedientea eta esleipena egintza berean onartu ziren, eta pleguaren berri ez zen eman.
Alegazioa:
2. kasuan, kontratazio espedientea 2006an hasi zen eta 2007an adjudikatu zen, eta kontratua indarrean zegoen 2013an.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren gogoeta:
– Bi kasutan (1 eta 3 zenbakidun Kontratuak) ez da zehazten prezio faktorea balioztatzeko modua eta beste bitan (4. eta 5. Kontratuak) baliatutako formulak puntuen guztizkoarekin eskaintzarik onena 0 eurorena balitz soilik diskriminatuko luke; honenbestez, faktore ekonomikoaren egiazko pisua kasu guztietan murriztua geratzen da.
Alegazioa:
SPKLTBak erakunde adjudikatzailearen esku uzten du adjudikatu nahi den kontratuaren adjudikazio irizpideak aukeratzea, eta aukeraketa hori «ekonomikoki eskaintza merkeena» identifikatzeko irizpideetan datza, kalitate/prezio harreman hoberena duena aukeratu behar dela ulertuta.
Prezioa baloratzeko aipatu espedienteetan aukeratutako formulek SPKLTBa eta Europako araudia eta jurisprudentzia errespetatzen dituztela ulertzen dugu. Ildo honetan, honako zehaztapen hauek betetzen dituzte:
a.– Baldintza agirian edo lizitazio iragarkian zehaztu da formula.
b.– Aplikatzerakoan, ez dute eskaintzak prestatzerakoan jakin izanez gero prestaketa horretan eragin ahal izan zezaketen elementurik.
c.– Ez da hartu lizitatzaileren baten kaltetan diskriminazio ondorioa izan dezaketen elementuak kontuan hartuta.
d.– Eskaintzarik merkeenak puntuaziorik handiena jasotzea ahalbidetzen du.
e.– Ez du uzten eskaintzarik merkeenak eta beste eskaintza batzuek puntuazio berbera lortzerik.
III.5.– Berankortasuna eta beste alderdi batzuk.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren gogoeta:
«Oarsotek, S.L. 2004. urtean sortu zuten sozietate pribatu batek (% 60) eta Oarsoaldea, S.A.k lanerako tailerra kudeatzeko eta eskualdearen mailan eskaintzen ditu zerbitzuak. Sozietatearen egoitza, berriz, beste udalerri batean dago, beraz, Udalaren sozietate publiko bezala egungo lege-instrumentazioa berriz plantea daiteke».
Alegazioa:
Oarsotek, S.L.k gizarteratze-enpresaren kalifikazioa du 2005eko azaroaren 11ko ebazpenez eta EI-2005/031/1 inskribapen-zenbakia eman zitzaion.
305/2000 Dekretuak, abenduaren 26koak, gizarteratze-enpresen kalifikazioa arautu, hori izateko prozedura zehaztu eta gizarteratze-enpresen erregistroa sortzen duenak, hala zioen:
3. artikulua.– Definizioa eta baldintzak.
2.– Gizarteratze-enpresaren kalifikazioa lortzeko baldintzak ondorengoak dira:
f.– Erakunde sustatzaile batek edo batzuek sustatzea eta horietan gutxienez % 33an parte hartzea. Erakunde sustatzaileak Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako baldintzetan ulertuko dira.
5. artikulua.– Erakunde sustatzaileak.
Dekretu honetarako, erakunde sustatzailetzat joko dira irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko edo pribatuak, beren helburuen artean, pertsona gutxietsiak gizarteratzea aurreikusia dutenak, gizarteratze-enpresak eratzea sustatu eta gutxienez % 33an parte hartzen dutenean eta, hala badagokio, Dekretu honen 19.1.d) artikuluan xedatzen diren gizarte-laguntzaren neurriak eskaintzen dituztenean.
Araudi horren ordez 182/2008 Dekretua, azaroaren 11koa, gizarteratze-enpresen kalifikazioa arautu, horiek izateko prozedura zehaztu eta erregistroa sortzen duena, onartu zen. Aipatu dekretuarekin urriaren 26ko 305/2000 Dekretua 44/2007 Legeak, abenduaren 13koak, gizarteratze-enpresen araubidea arautzen duenak, xedatutakoari moldatu zitzaion. Dekretu horrek erakunde sustatzailearen partaidetza gutxienez % 51ra igotzen du.
7. artikulua.– Erakunde sustatzaileak.
Dekretu honetarako, erakunde sustatzailetzat joko dira irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko edo pribatuak, beren helburuen artean, pertsona gutxietsiak gizarteratzea aurreikusia dutenak, gizarteratze-enpresak eratzea sustatu eta gutxienez % 51n parte hartzen dutenean eta, hala badagokio, Dekretu honen 23.1.e) artikuluan xedatzen diren gizarte-laguntzaren neurriak eskaintzen dituztenean.
Gizarteratze-enpresen araudia kontuan hartuta, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak aipatu duen gogoeta aplikatuko balitz, Oarsotek, S.L. enpresak gizarte-enpresa bezala bere kalifikazioa galduko luke, ez erakunde pribatua, ezta Oarsoaldea, S.A. ere ez baitira enpresa sustatzailetzat jotzen eta baldintza hori araudiak eskatzen du.
Abian jarri zen unean, Epaitegiak adierazten duen hasierako sozietatearen egiturarekin, Oarsotek S.L. enpresak gizarteratze-enpresa modura kalifikatzea eskatu zuen eta Eusko Jaurlaritzako Gizarteratze Zuzendaritzak ezezkoa erantzun zuen. Haren arabera, Oarsoaldea, S.A. Garapen Agentziak merkataritza-sozietatearen itxura juridikoa zuenez, ezin zitekeen irabazi-asmorik gabeko erakundetzat jo, 305/2000 Dekretuak, abenduaren 26koak, gizarteratze-enpresen kalifikazioa arautu, hori izateko prozedura zehaztu eta gizarteratze-enpresen erregistroa sortzen zuenak, 5. artikuluan xedatzen zuenerako eta hura zen une hartan indarrean zegoen araudia.
Horren ondorioz, Oarsotek, S.L. enpresak kalifikazioa lortzeko legeak adierazten duen ehunekoan irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko edo pribatu baten edo batzuen partaidetza izan behar zuen. Hori guztia 22 zenbakiko dokumentazioaren bitartez egiaztatzen da eta aurkeztutako kalifikazio-eskearekiko Gizarteratze zuzendariaren hasierako erantzuna jasotzen du.
Adierazpen honek eta Oarsotek, S.L.ren lantokia Lezoko udalerrian fisikoki kokatua egoteak eragin zuten hasierako sozietate aldaketa eta ondorioz, Lezoko Udalak Oarsotek, S.L.n erakunde sustatzaile modura parte hartzea.
Behin dagozkion aldaketak egin eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean egiaztatu ostean, 2005eko azaroan Oarsotek, S.L.k eskatutako kalifikazioa jaso zuen. Hau guztia 22 zenbakiko agiri bidez ere egiaztatzen da, zeinak hasierako sozietate aldaketa duen eskritura jasotzen duen; aldaketa honek berekin dakar Lezoko Udalak Oarsoaldea, S.A.ri Oarsotek, S.L.ren partaidetzak erostea eta ondoren lan-munduan sartzeko enpresa kalifikazioa eskuratzea.
2009an azaroaren 11ko 182/2008 Dekretu berrira egokitzearren Lezoko Udalak berriz partaidetzak erosiko dizkio erakunde pribatuari, hartara, Oarsotek S.L.ren erakunde sustatzaile den aldetik, kalifikazioari eutsi ahal izateko beharrezkoa duen % 51 izan dezan.
Oarsotek, S.L.ren lantokia Lezoko udalerrian dagoen arren, egoitza soziala, eraginkortasun arrazoiak tarte, Oiartzungo udalerrian dago, Oarsoaldea, S.A.ren egoitza sozialarekin batean; gainera, Oarsoaldea, S.A.k betetzen ditu Oarsotek, S.L.ren administrazioko egitekoak, azken honek horretarako administrazio-langilerik ez duelako.
HKEEren Oharrak.
1.– Aipatutako 86.3 artikuluak, hirugarren paragrafoan zera dio: «aurreko paragrafoetan aurreikusitako kasuetan, multzo bakoitzean edo bereizitako zerbitzu ematean esleipenean baliatu behar diren prozedurazko eta publikotasunari buruzko arauak, osotasunean metatutako balioaren arabera erabakiko dira».