EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2016231

AGINDUA, 2016ko azaroaren 21ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2017. urteko EGA Euskararen Gaitasun Agiriaren azterketa-eredua finkatzen duena.

Xedapenaren data: 2016-11-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201605192
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1982/11/06an argitaratutako 1982/09/20ko AGINDUA [198201693]

Euskararen Gaitasun Agiriaz 1982ko irailaren 20an emandako Aginduak (1982-11-06ko EHAA), bere 1. atalean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari berari egozten dio azterketaren programa eta azterketaren eredua jakinarazteko ardura.
Horren ondorioz, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– EGAren izaera.
1.– EGAk (Euskararen Gaitasun Agiria) honako gaitasun hauek ditu ardatz: gaitasun linguistikoa, gaitasun diskurtsiboa, gaitasun funtzionala eta gaitasun soziolinguistikoa.
2.– EGA Europako ALTE elkartearen kide osoa da, eta haren Q marka du. Hori dela eta, ALTEren kalitate-estandarrak aplikatzen ditu EGAk.
Horrekin batera, Europako Kontseiluaren hizkuntzen ebaluaziorako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 mailako irizpideak kontuan hartzen ditu EGAk, atazak eraikitzeko eta ebaluatzeko orduan.
3.– Hizkuntzaren barne-osaeraz Euskaltzaindiak 2015era arte eskaini dituen arau-erabaki nagusiak kontuan hartuko ditu EGAk, 2017ko azterketan.
2. artikulua.– EGA azterketak hiru fase ditu:
Sarrerakoa: atariko proba.
Bigarren fasea: proba idatzia.
Hirugarren fasea: ahozko proba.
3. artikulua.– Atariko proba.
1.– EGA azterketako proba idatzian eta ahozkoan parte hartu ahal izateko, atariko proba gainditu behar da.
2.– Atariko proba aukera anitzeko test bat da, 65 item dituena.
3.– Atariko probak 50 minutuko iraupena du.
4.– Atariko probako itemek hizkuntzaren erabilera egokia eta zuzena neurtzen dute.
5.– Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen.
6.– Gainditzeko langa 46 erantzun zuzenekoa da; muga hori berdintzen edo gainditzen duten azterketari guztiak azterketaren hurrengo fasera aurkez daitezke, inolako numerus claususik gabe.
7.– Atariko proba gainditu dutenen kopurua aurkeztutakoen % 50era iristen ez bada, azterketari onartuen multzoa era honetan zabalduko da: 46ko langara iristen ez direnen artetik, 46tik hurbileneko puntuazioak ere onartuko dira, azterketa horren gainditze-ehunekoa % 50era iritsi arte. Puntuazio hori hartuko da gainditze-langatzat.
4. artikulua.– Proba idatzia.
Proba idatzia bi ataletan egiten da eta sei ataza ditu.
Lehenengo atala:
– Elkarrizketa-testua.
– Lexikoa.
– Irakurriaren ulermena.
Bigarren atala:
– Idazlan luzea.
– Idazlan laburra.
– Esaldiak berridaztea.
Bi atalak jarraian egiten dira. Lehenengo atala egiteko, 65 minutu dira. Bigarrenerako, 130 minutu. Guztira, proba idatziak 3 ordu eta 15 minutu irauten du.
1.– Elkarrizketa-testua.
Elkarrizketa-testu batean, 10 hutsune bete behar dira. Ataza betetzeko, aukera anitzeko galderak (a-b-c) erabiltzen dira. Testuaren hariari ongien egokitzen zaizkionak aukeratzea da ariketaren funtsa.
2.– Lexikoa.
Testu labur batean txertaturik markatutako 10 hitzen baliokide egokiak aukeratu behar dira. Ataza betetzeko, aukera anitzeko galderak (a-b-c-d) erabiltzen dira. Hitzek testuinguruan duten esanahia kontuan harturik aukeratu behar da baliokidea.
3.– Irakurriaren ulermena.
Testu batzuk eskaintzen dira, eta horiei buruzko 10 galderari erantzun behar diete azterketariek. Atazak honelakoak izan daitezke: aukera anitzekoak, testu-zatiei dagozkien ideiak aukeratzea edo lotura egokiak egitea.
4.– Idazlan luzea.
Bi gai eskaintzen dira aukeran, dosier eran, eta horietako bat garatu behar da. Gutxienez 250 hitz idatzi behar dira. Idazlanaren kalifikaziorako honako hiru alderdi hauek hartzen dira kontuan: a) atazaren helburua zehaztasunez betetzea; b) hizkuntza-aberastasuna eta egokitasuna; c) zuzentasuna.
5.– Idazlan laburra.
Idazki bat ondu behar da: hipotesi bat, gutun bat, informe bat edo gertakari baten kronika laburra. Gutxienez 150 hitz idatzi behar dira. Bi aukera eskaintzen dira, bat hartzeko. Kalifikaziorako, idazlan luzeko irizpideak erabiltzen dira.
6.– Esaldiak berridaztea.
Emandako 10 esaldi moldatu behar dira; hots, esaldi baliokideak sortu behar dira, beste egitura batzuk erabilita, beti ere esaldi bakarra osatuz. Berridazketa bideratzeko eta gauzatzeko, elementu batzuk eskaintzen dira erreferentzia gisa.
5. artikulua.– Ahozko proba.
Bi atal ditu:
– Entzutezkoaren ulermena.
– Mintzamena.
1.– Entzutezkoaren ulermena.
Grabazio zati batzuk entzun eta horiei buruzko galderak erantzun behar dira.
Grabazio zati bakoitza behin entzun behar da. Azterketariek denbora-tarte bat dute galderak eta erantzunak irakurtzeko.
Ordu-erdiko ataza da. 20 item dira gutxienez.
2.– Mintzamena.
Atal honek bi ataza ditu: lehenengoa, gai baten ahozko azalpena; bigarrena, bat-bateko elkarrizketa-saioa. Epaimahaia bi aztertzailek osatzen dute. Azterketariak binaka aritzen dira epaimahaiaren aurrean.
a) Ahozko azalpena:
Azterketari bakoitzak gai bati buruzko informazioa jasotzen du. Euskarria testu idatzia, audioa edota bideoa izan daiteke. Azterketari bakoitzak egokitu zaion informazioaren azalpena egin behar du bost minutuan.
b) Elkarrizketa-saioa:
Aztertzaileek gai bat eskaintzen diete azterketariei, baina bakoitzari gaiaren alderdi batzuk nabarmenduta. Azterketariak elkarrizketan aritzen dira, egokitu zaien ikuspuntuaren alde egiteko. Tarteka, elkarrizketa edo eztabaida bideratzeko, aztertzaileek parte har dezakete, galderak eginez. Azterketariek, bien artean, hamar bat minutuz aritu behar dute.
6. artikulua.– Puntuazioak.
1.– Proba idatzian eta ahozko proban, puntuazioak eta denborak honako hauek dira:
2.– Proba idatzian, gutxieneko puntuaziorik eskatzen ez duten atazetan (elkarrizketa-testua, lexikoa, irakurriaren ulermena eta esaldiak berridaztean) puntuazioek elkar konpentsatzen dute.
3.– EGA lortzeko, azterketaren hiru faseak gainditu behar dira: atariko proba, proba idatzia eta ahozko proba. Azken emaitza Gai edo Ez Gai da.
4.– Deialdi bateko proba baten puntuak ez dira gordeko hurrengo deialdi baterako.
7. artikulua.– Baldintzak.
EGA azterketa egin ahal izateko, 17 urte edo gehiago beteta izan behar dira 2017an. Deialdi berean beste erakunderen batean EGArako matrikulatuta egonez gero, ezin da honetan parte hartu.
8. artikulua.– 1.– Matrikula egitean, azterketariak onartzen du EGA probetako prozedura errespetatu behar duela eta azterketa-tokian agintari akademikoen aginduak bete behar dituela. Horrela egin ezean, EGAko arduradunek eskumena dute beharrezko neurriak hartzeko (azterketaria beste gela batera aldatzeko, gelatik kanporatzeko edo azterketa baliogabetzeko). Azterketaren funtzionamendu normala oztopatzen den kasu larrietan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ahalmena du EGAko hurrengo deialdietarako matrikula ez onartzeko proben aplikazio zuzena eragozten duen azterketariari.
2.– Aurreikusitako neurriak hartzea EGAko lurraldeburuari dagokio. Batzordekideek eta interesatuak zer dioten entzun ondoren, lurraldeburuak hartuko du erabakia.
9. artikulua.– Erreklamazioak.
Erreklamazioa egin dezake, idatziz, edozein azterketarik, hiru eguneko epean, EGA azterketaren edozein fasetako kalifikazioak jakinarazi eta biharamunetik hasita.
10. artikulua.– Balio-urritasunak.
Balio-urritasunen bat duten azterketariek EGA azterketa egitean, gainerakoen aukera berdinak izan ditzaten, Azterketa Batzorde Ofizialaren Zuzendaritzak beharrezko egokitzapenak ezarriko ditu, denboran nahiz baliabideetan, baldin eta horrela azterketaren edukia indargabetzen ez bada edota eskatu beharreko gaitasun-maila murrizten ez bada.
11. artikulua.– Agindu honek araupetu gabekoetan, urriaren 1eko Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeari eutsiko zaio.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honetako euskarazko eta erdarazko idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 21a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.