EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2016231

EBAZPENA, 2016ko azaroaren 23koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten baita Urola-Kostako Mankomunitateak Zumaiako Joxe Mari Korta industrialdean sustatutako Garbigune proiekturako.

Xedapenaren data: 2016-11-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201605191
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2016ko ekainaren 15ean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Zumaiako Udalak egindako eskaera bat jaso zen, udalerri horretan Garbigune bat instalatzeko proiektuari buruz. Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hastea, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz; izan ere, lege horren 7.2.b artikuluan jasota dago proiektua.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 2016ko irailaren 19an, ingurumen-organoak kontsulta egin zien interesdunei eta proiektu honen eraginpeko administrazio publikoei, interesekoa izan daitekeen informazioa bildu, eta aipatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazteko.
Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Gipuzkoako Lurralde Bulegoari, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari (denak ere Eusko Jaurlaritzarenak); eta Ihobe Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzari.
Kontsulta-izapidea bukatu ondoren, zenbait erantzun jaso dira: zehazki, Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzarena eta Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzarena. Kontsulten emaitza espedientean jaso da. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, betiere aintzat hartuta jarduerek eragiten dituzten metatze- eta sinergia-ondorioak.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren helburu izango dira, besteak beste, I. eta II. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei, betiere abenduren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Proiektua, kasu honetan, ES2120004 Kontserbazio Bereziko Eremuan dago (Urolako itsasadarra). Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Zumaiako Garbigune proiektuari. Ondoren, zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak uste du ingurumen-inpaktuaren txostena eman beharra dagoela (erakunde hori eskuduna da otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion aztertuko da.
Hauek ikusirik: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Garbigune proiektuak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena egitea. Urola Kostako Mankomunitateak sustatu du proiektua Zumaiako Joxe Mari Korta industrialdean. Hona hemen txostenaren nondik norakoak:
A. Garbigune proiektuaren ardatza da hondakinak gaika biltzeko instalazio bat egitea; instalazio horrek materialak berreskuratzea du helburu, eta hondakinak aldi baterako bilduko dira han.
B. Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legeko III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:
1.– Proiektuaren ezaugarriak:
Kokapena: Garbigunearen partzela Zumaiako Joxe Mari Korta industrialdean dago.
Jarduera: materialak berreskuratzeko instalazio bat da, eta, han, hondakinak biltegiratzen dira aldi baterako. Hala, erabiltzaileek utzitako hondakin mota desberdinak sailkatu ondoren, birziklatu edo baimendutako hondakindegietara eramaten dira.
Garbigunearen funtzionamendua:
• Hondakinak biltegiratzea: erabiltzaileek Garbigunera jotzen dute, eta bertako langile batek azaltzen die non utzi hondakina; hartara, hondakinen ezaugarriak aintzat hartuta, dagokien biltegian utziko dituzte erabiltzaileek.
• Hondakinak ateratzea: hondakinak nola atera zehazten da, kontuan hartuta zer hondakin mota den eta nolako edukiontzian dagoen. Hondakinak ateratzeko zenbait sistema daude: Ampliroll sistema duten kamioiak; hondakinak altxatu eta bainuontzian deskargatzeko sistema duten kamioiak; hondakin arriskutsuak, berriz, transpaleta bidez kargatzen dira kamioi batean eta baimendun kudeatzaile batek kudeatzen ditu.
Instalazioak: saneamendu-sarea; ura banatzeko sarea; energia elektrikoko sarea; argiztatze-sarea; telekomunikazio-sarea; fabrikako obrak; zoladura; baskula; hondakin toxiko eta arriskutsuak biltegiratzeko eremu estalia; hormigoizko murru bidez bereizitako edukiontziak; hotz-ganbera, eta kontrol-etxola.
2.– Proiektuaren kokapena:
Lehenago adierazi bezala, Garbigunearen partzela Zumaiako Joxe Mari Korta industrialdean dago. Kalifikazio global industriala duen hiri-lurzoru finkatu batean dago, zehazki industrialdearen eta Beduako inguru babestuaren arteko trantsizio-eremu batean. Partzelak, guztira, 1845,5 m
3.– Proiektuak izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:
Kontuan hartuta proiektuaren izaera eta ezaugarriak, hauek dira hura exekutatzeak ekarriko dituen inpaktu esanguratsuenak: zorua galtzea (eragina ez da esanguratsua, zoru antropizatua baita); lurrazaleko uren kalitatea murriztea (ez da esanguratsua, jarduera Urola itsasadarretik 100 m-ra baino gehiagora garatuko baita), landaredia desagerraraztea (eragindako landarediak ez dauka interes botanikorik, eta eragindako azalera txikia da; nolanahi ere, kontuz jardun behar da inolako kalterik ez egiteko jarduera-eremuaren mugetatik kanpoko landareei); faunaren gaineko eragina (eragindako eremuan bizi diren espezieak ubikistak dira, oso zabalduta daude eta antropikoak dira; gainera, instalazioak ale gutxi batzuei baino ez die eragingo); ES2120004 Urolako Itsasadarra Kontserbazio Bereziko Eremuaren gaineko eragina (ustea da ez dela ondoriorik izango KBEren osotasunean); paisaiaren kalitatea murriztea (eragina bateragarria eta txikia da, instalazioa betelaneko leku antropiko batean kokatuta baitago); kultura ondarearen gaineko eragina (ez da esanguratsua); hondakinak sortzea (obra-fasean, inpaktua ez da esanguratsua izango, eta ustiaketa-fasean, positiboa izango da); giza habitataren kalitatea murriztea (kutsadura akustiko eta atmosferikoa areagotuko dira, baina eragina ez da esanguratsua izango, instalazioa industrialdea batean baitago eta ez baita nabarmen handituko ibilgailuen trafikoa).
Atal honen laburpen gisara, esan daiteke ezen, jardueraren ezaugarriak eta kokalekua oinarri hartuta, ez da aurreikusten ingurumen gaineko inpaktu esanguratsurik izango duenik.
Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak eta baimen sektorialetan adierazitakoak ez ezik, baldintza hauek ere izan behar dira kontuan:
• Proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira lurra erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak. Aipatutako eremutik kanpo, obretako makinak ahalik eta gutxiena ibiliko dira. Jardueraren mugen kontrol zorrotza egin beharko da.
• Bestalde, lur-mugimenduak gertatzen badira, eta horrek eragina baldin badu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak gauzatu diren edo instalazioak egon diren partzeletan, halako eremuetan edozein jarduketa egiteko, aurretiaz ingurumen-organoaren baimena beharko da, Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean aurreikusitakoaren esparruan.
• Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua, bai eta Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea ere.
• Hondakinak biltegiratzeko eremu egokiak gaitu beharko dira, tipologiaren, sailkapenaren eta bateragarritasunaren arabera.
• Airearen kutsadurari dagokionez (alde batera utzi gabe jarduera horrek atmosfera kutsa dezakeen jarduera izanez gero izan beharreko baimenean ezarritakoa –baimen hori beharrezkoa baita baldin eta jarduera sartuta badago Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskinean), arreta berezia jarriko da hautsaren sorrera minimizatzen, eta, horretarako, aintzat hartuko dira honako neurri hauek:
– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.
– Biltegiratzeetarako baldintzei dagokienez, neurriak hartuko dira haizeak hondakinak arrastatu ez ditzan, eta hondakinak edo haien osagaiak gal ez daitezen.
– Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen suspentsioa ahal den txikiena izan dadin.
– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
• Kutsadura akustikoa prebenitzeko beharrezko neurriak hartuko dira; esaterako, eragin akustiko txikiagoko teknologiak baliatuko dira, aintzat hartuta direnik eta teknika onenak –hau da, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean kutsadura gutxien sortzen dutenak– eta kasuko kutsatzaile akustikoaren bereizgarriak; gainera, kutsadura-iturri berriei aplikagarri zaizkien muga-balioak beteko dira, hots, Euskal Autonomia Erkidegoko Kutsadura Akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta gainerako araudietan ezarrita daudenak.
• Era berean, jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute eta, batez ere, Aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.
• Hondakinen sorkuntza minimizatu egingo da, ahal den neurrian.
• Sortutako hondakinak uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, hondakinak deuseztatuko dira ingurumenean eragin gabe, edo ahal den eragin txikiena izanda.
• Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak baliatuko dira nahasterik ez izateko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira behintzat.
• Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko, instalazio horietarako diren baldintza teknikoak bete beharko dira.
• Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei eta hondakin arriskutsuei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuari eta gainerako araudiari jarraikiz, behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar.
• Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak plantan horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.
• Ahal den neurrian, zuhaitz- eta zuhaixka-espezie autoktonoak erabiliko dira, proiektuak aurreikusten dituen landaketa berriak egiteko eremuetan.
• Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendua egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik izango denik. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Urola Kostako Mankomunitateak Zumaian sustatutako Garbigune proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea bai Zumaiako Udalari bai proiektuaren sustatzaileari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 23a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.