EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2016231

AGINDUA, 2016ko azaroaren 9koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Aubixa fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-11-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201605186
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu egin da Aubixa fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea. Hona hemen
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2016ko urriaren 11n, Herri Administrazio eta Justizia Sailean jaso zen Aubixa fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskaera. Fundazio hori «Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkarteak» eta María Loyola Ugarteburu andreak sortu dute. Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin du, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta 2016ko azaroaren 3an fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.
Laugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera:
«Alzheimerrak eta bestelako dementziek erasandako pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea, zahartze-prozesuak sortzen duen problematika konplexuari aurre eginez, honako arlo hauetan ekintzak sustatzeko eta bultzatzeko jarduera eta ekimenen bitartez: arreta soziosanitarioa, hezkuntza, prestakuntza eta ikerketa aipatutako gaixotasunekin lotutako jakintza-arlo guztietan.
Horrez gain, dituen zerbitzuetan, hezkuntza- eta kultura-jarduerak, jarduera psikosozialak eta genero-berdintasuna sustatzeko jarduerak hartu ahal izango ditu».
Bosgarrena.– Estatutuen 5. eta 6. artikuluetan xedatzen denaren arabera, fundazioaren egoitza hemen egongo da: Resurreccion M.ª de Azkue kalea 6, 3. esk., B bulegoa, Donostia (Gipuzkoa). Fundazioak gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan jardungo du.
Seigarrena.– Hasierako zuzkidura hogeita hamar mila (30.000) eurokoa da. Ekarpen hori egin dela eta nola egin den agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.
Zazpigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago aurreikusita fundazioaren estatutuetan.
Zortzigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (iraupen mugagabea izango dute karguok):
– Patronatuko burua: Koldobika Aulestia Urrutia jauna.
– Idazkaria: Martín Auzmendi Ayerbe jauna.
– Patronatuko kidea: María Loyola Ugarteburu andrea.
Hauek ere patronatuko kide izango dira:
– Fundatzaileek sortutako batzorde sustatzailearen bitartez fundazioa eratzen lagundu dutelako:
• Maximo Goicoechea Ferreiro jauna.
• Juan José Bastarrika Gárate jauna.
• José Javier Sáenz de Buruaga Gabilondo jauna.
– Fundazioak garatu beharreko arloetan esperientzia eta ezagutza duten pertsonak direlako:
• María Pilar Brígida Marco Garde andrea.
• Ainhoa Becerra Sotelo andrea.
• Josep Manuel Piera Pibernat jauna.
• Julio Arrizabalaga Aguirreazaldegui jauna.
• Ángel María Lerchundi Esnal jauna.
• Ana Belén Juaristi Urdangarín andrea.
• María Lourdes Pérez Rebollar andrea.
Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan ezarritako moduan.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioa eratzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, bete egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura bitartean eta 51. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36. artikulutik 39. artikulura bitartean ezarritakoa. Beraz, legezko eta erregelamenduzko manuen arabera sortu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea –egun honetan eta F-415 erregistro-zenbakiarekin–: Donostiako (Gipuzkoa) «Aubixa Fundazioa» izeneko fundazioaren eraketa, bai eta Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zortzigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, Fermín Lizarazu Aramayo notarioaren aurrean, 2016ko irailaren 29an egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala (protokolo-zenbakia: 3230).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 9a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.