EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2016230

EBAZPENA, 2016ko azaroaren 10ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena. Euskal Autonomia Erkidegoan sustatzen ari diren zenbait proiektutarako ingurumen baimen integratua eskatu dela eta, proiektu horiek jendaurrean jartzea erabaki da honen bidez.

Xedapenaren data: 2016-11-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201605169
Maila: Ebazpena
Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen xedea atmosferaren, uraren eta zoruaren poluzioa ekiditea da, eta hori posiblea ez denean, murriztu eta kontrolatzea, poluzioa prebenitzeko eta modu integratuan kontrolatzeko sistema baten bidez, ingurumena bere osotasunean babesteko.
Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak, 5/2013 Legeak aldatuak, ezarritakoari jarraituz, instalazioen eraikuntzak, muntaiak, ustiaketak edo lekualdaketek, bai eta funtsezko aldaketek ere, ingurumeneko baimen integratua behar dute, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Ingurumen baimen integratuaren helburua hauxe da: beharrezkoak diren baldintzak ezartzea araua bete behar duten instalazioek arau horren xedea bete dezaten; horretarako, prozedura bat ezarriko da, baimena ematen parte hartu behar duten herri-administrazioen arteko koordinazioa bermatzeko, betiere partikularren kargak eta tramiteak arintzearren.
Ebazpen honen eranskinean agertzen diren enpresek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari ingurumen baimen integratua eskatu diote, Poluzioaren prebentziorako eta kontrolerako uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera.
Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak araututakoari jarraituz, ingurumen baimen integratuaren eskaera jendaurrean jarri beharra dago, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.
Euskal Herriko Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea, Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidearena, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena eta oro har eta bereziki aplikagarri den beste legedia ikusita, hau,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Eranskinean agertzen diren proiektuetarako ingurumen baimen integratua eskatu dela eta, proiektuok jendaurrean jartzea, 30 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe horretan, bidezko iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izango dira.
2. artikulua.– Alegazioak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztuko dira (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz).
3. artikulua.– Aurreko artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, eskaerak eskuragarri egongo dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz); bai eta Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan ere (Intxaurrondo kalea 70, Donostia).
Era berean, adierazitako dokumentazioa herritarrek errazago eskura dezaten, aipatutako proiektuak dagokien udaletara bidaliko dira, ikusgai egon daitezen jendaurrean jartzeko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 10a.
Ingurumeneko sailburuordea,
IOSU MADARIAGA GARAMENDI.
ERANSKINA
INGURUMEN BAIMEN INTEGRATUAREN ESKAERA