EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2016228

AGINDUA, 2016ko urriaren 25ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak ezartzen baitira ekoizleek nekazaritza sektoreko jardueretarako kapital zirkulatzailearen finantzaketa lortu ahal izateko programaren esparruan (Sendotu Abere programa).

Xedapenaren data: 2016-11-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201605099
Maila: Agindua
Behi-azienden eta ardi-azienden abeltzaintza da, zalantzarik gabe, euskal nekazaritza-sektorearen jarduerarik garrantzitsuena, batez ere, bazkarik gehien dagoen haranetan.
Abeltzaintza-ustiategien hobekuntzak etengabeko inbertsioak behar ditu, balio erantsi handiagodun produktuak lortzeko eta produkzio eta transformazio prozesua integratzeko, eta, horretaz gain, merkaturatzea azken kontsumitzailearengana hurbiltzeko, modu horretan, kostu energetikoak saihestu eta kalitate-estandar handiko produktuak lortzeko.
Hobekuntza horiek egiteko, badira inbertsioak egiteko laguntza espezifiko batzuk ustiategi horietarako, baina, hala ere, abeltzaintza-produkzioak zailtasunak izaten ditu produkzio-zikloan zehar ganaduaren mantenurako eta ganaduari jaten emateko kapital zirkulatzailea finantzatzeko, eta ziklo hori 24 hilabeterainokoa izan daiteke.
Nekazaritza-sektorean ekoizleek –pertsona fisikoek eta ETEetakoek– kapital zirkulatzailearen finantzaketa lortu ahal izateko helburuarekin, Gobernu Kontseiluak, 2015eko uztailaren 27an, onartu du berme-funts bat eratzea, aipatutako sektoreetan maileguak ematearren Finantzen Euskal Institutuarekin eta kreditu-erakundeekin egindako lankidetza-hitzarmen baten esparruan.
Neurri horren xedea da Finantzen Euskal Institutuak hitzarmena izenpetzen duten finantza-erakundeekin lankidetzan maileguak ematea erabat operatiboa izan dadin lortzea, kapital zirkulatzailearen finantzaketan aktiboki eraginez. Ildo horretan, argi dago ezarritako bermeak erraztu egingo duela pertsona eta erakunde onuradunek finantzaketa hori lortu ahal izatea.
Hori dela eta, onuradunek lortzen dituzten abantaila horiek laguntza gisa sartzen dira Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduan. Erregelamendu hori Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa da (EBAO, L 352/9, 2013-12-24), eta erregelamendu horrek zehazten du zer laguntza dauden salbuetsita Batzordeari jakinarazi beharretik eta zer laguntza hartzen diren barne-merkatuarekin bateragarritzat. Minimis laguntzatzat hartzen dira, bai diru-laguntzak baita interes-tasaren hobaria, maileguak eta bermeak ere.
Aurreko hori gorabehera, kontuan izanik Euskal Autonomia Erkidegoan diru-laguntzen arloan indarrean den araudian jasotako diru-laguntzaren kontzeptua zein zabala den, finantza-erakundeekin lankidetzan Finantzen Euskal Institutuak eman beharreko finantzaketaren bidez mailegu-hartzaileek lortzen dituzten abantailei aplikagarri zaie Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaz onartua. Bereziki, 51.2 artikuluan ezarrita dago gobernua, sailburuak eta erakunde autonomoetako lehendakari eta zuzendariak direla arauak onartu eta bakoitzak bere esparruko laguntzak eta diru-laguntzak emateko eskumena duten organoak. Era berean, aplikatzekoa da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.
Horiek horrela, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da 2016ko ekitaldirako laguntzen programa bat ezartzea nekazaritza-sektoreko ETE izaera duten pertsona fisiko edo juridikoentzat, kapital zirkulatzailearen beharrizanak finantzatzeko (Sendotu Abere programa). Laguntza horiek Finantzen Euskal Institutuak finantza-erakundeekin lankidetzan eman beharreko maileguen bidezko finantzaketan egituratzen dira, horiek baitira laguntzen euskarria.
2.– Arriskuko finantzaketarako laguntzen lerro bat da agindu honetan jasotzen den laguntza-lerroa. Laguntza horiek bermeak ematearen bidez gauzatzen dira, nekazaritza-sektoreko ETEei zuzenduak daude eta kapital zirkulatzailaren beharrizanak finantzatzea da haien xedea; era berean, finantza berme-funts bat izango dute, kobraezinak estaltzeko.
3.– Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzako sektorean minimis laguntzei aplikatzeko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren babespean (EBAO, L 352/9, 2013-12-24) ematen dira zirkulatzailearen finantzaketarako laguntza hauek.
2. artikulua.– Definizioak.
Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen kontzeptuak:
1.– Zirkulatzailea: ekitaldia ixteko egunean den akitbo likidoa, edo diru bihur daitekeena hamabi hilabetean.
2.– Diru-laguntzaren baliokide gordina: arriskua finantzatzen laguntzeko neurrien azken onuradunak neurri horietatik ateratzen duela jotzen den abantailaren edo onuraren tamaina. Laguntzaren intentsitate gordina maileguaren zenbateko osoaren gaineko ehunekotan kalkulatuko da, onuradun bakoitzarentzat.
3.– Krisiak jotako enpresa: Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko 1. artikuluko 18. paragrafoan ezarritako betekizunak betetzen dituen enpresa.
4.– Bermea: idatzizko edozein konpromiso, zeinaren bitartez norberaren gain hartzen den hirugarren baten mailegu-eragiketa guztien edo zati baten erantzukizuna, berrikitan eginiko zor-tresnen, errentamenduaren edo cuasi kapital-tresnen eran.
5.– Laguntzaren intentsitatea: laguntzaren intentsitate gordina, proiektuan diruz lagun daitezkeen kostuen ehunekoaren bidez adierazia. Agertzen diren zifra guztiak kenkari fiskalak edo bestelako kenkariak aplikatu aurrekoak dira.
6.– Enpresa txiki edo ertainak edo ETEak: mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan (2003-05-20ko 124. AO L, 36. orria) ezarritako irizpideak betetzen dituzten enpresak.
7.– Itzulketa: laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, hala egokituz gero, jasotako laguntza itzultzea, pertsona edo erakunde onuradunak bere betebeharrak bete ez izanaren ondorioz.
8.– Berme-tasa: dagokion Estatu-laguntzaren neurriari jarraituz diruz lagun daitekeen eragiketa bakoitzaren inbertitzaile publiko batek duen galeren estalduraren ehunekoa.
9.– Enpresa bakarra: halakotzat hartuko dira beren artean gutxienez lotura hauetako bat duten enpresak:
a) Enpresa batek beste enpresa baten akzionisten edo bazkideen boto-eskubideen gehiengoa du.
b) Enpresa batek beste enpresa baten administrazio-, zuzendaritza-, edo kontrol-organoko kideen gehiengoa izendatu edo errebokatzeko eskubidea du.
c) Enpresa batek beste batean eragin dominatzailea izateko eskubidea du, harekin sinatutako kontratu baten edo bigarren enpresaren estatutu-klausula baten ondorioz.
d) Enpresa bat bestearen akzionista edo bazkidea da eta, berak bakarrik kontrolatzen ditu haren akzionisten boto-eskubideen gehiengoa, bigarrenaren beste akzionista edo bazkide batzuekin izandako akordioaren ondorioz.
Horrela, beste enpresa baten edo beste enpresa batzuen bitartez a) eta d) letretan ezarritako harremanetariko edozein duten enpresak ere enpresa bakartzat hartuko dira.
3. artikulua.– Finantzatzeko moduko egoerak.
Finantza-eragiketek, finantzatzeko modukoak izateko, xedetzat izan behar dute honako jarduera hauen ondoriozko likidezia-beharrak estaltzea eta kapital zirkulatzailea finantzatzea:
– azienda larria eskuratzea eta/edo gizentzea.
– ardi- eta ahuntz-azienda eskuratzea eta/edo gizentzea.
– gizentzeko beste abere batzuk eskuratzea eta/edo gizentzea.
Eskatzaileak eskuragarri duen finantzaketaren hazkunde garbia ekarri beharko du finantzaketak, eta, beraz, ezin izango da erabili bizirik dauden aldez aurreko mailegu edo kredituak amortizatzeko.
4. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.
Agindu honetan araututako laguntzen onuradun izango dira pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, baldin eta ETE kategoria badaukate eta abeltzaintza-sektorekoak badira.
5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Agindu honen bidez deitutako finantzaketa-lerroak lau milioi euroren (4.000.000) erreferentziazko muga izango du, Finantzen Euskal Institutuak eta parte hartzen duten finantza-erakundeek formalizatu beharreko mailegu gisa, erakunde horrek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta finantza-erakundeek izenpetu duten eta agindu honen I. eranskinean argitaratu den lankidetza-hitzarmenaren esparruan.
2.– Hitzarmen horren esparruan eratu da berme-funts bat, 640.000 eurokoa, zirkulatzailearen finantzaketa-lerro honetako kobraezinak estaltzeko helburuarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargu. Berme-funtsak estaldura emango dio, maileguz mailegu, programan parte hartzen duen finantza-erakunde bakoitzak formalizatutako mailegu-zorroaren zenbateko osoaren % 80ri, kobraezinengatiko lehenengo galeren % 20ren mugarekin. Eta hori guztia Batzordearen abenduaren 18ko 1408/2013 Erregelamenduaren (EB) 3. zenbakiko b) eta c) letretan, 4. zenbakian eta 6. zenbakiko b) eta d) letretan xedatutakoa bete beharra eragotzi gabe.
3.– Eman beharreko maileguen bolumenari lotuta esleitutako zenbatekoa agortzen bada, gorabehera horri publizitatea ematearren, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, zenbateko hori zein egunetan agortu den adieraziko da, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Argitaratze horretatik aurrera, agortu den laguntzarako aurkezten den eskabiderik ez da onartuko.
4.– Dagoeneko aurkeztuta dauden eta izapidetzen ari diren eskabideak, 1. paragrafoan zehaztutako eman beharreko maileguen bolumena agortu delako artatu ezin direnak, arrazoi horrengatik ukatuko dira, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpenaren bidez.
6. artikulua.– Finantzaketa-eragiketen zenbatekoa eta ezaugarriak.
1.– Kapital zirkulatzailea finantzatzeko, maileguak baimenduko dira, eta Finantzen Euskal Institutuak eta parte hartzen duten finantza-erakundeek formalizatuko dituzte, agindu honen eranskinean argitaratzen den lankidetza-hitzarmenaren babesean. Finantzaketarako, maileguko, egindako inbertsioaren % 80ren muga ezarri da. Arriskuko finantzaketaren gehieneko zenbatekoa 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoa izan da (Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorean minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa).
2.– Hona hemen formalizatu beharreko maileguen interes-tasa, epeak eta gainerako baldintzak:
● Baliabidea: mailegu amortizagarria.
● Zenbatekoa: 400.000 euro gehienez.
● Erabiltzea: maileguaren ondoz ondoko erabileren zenbatekoa, gutxienez, maileguaren nominalaren % 20koa izango da.
● Interes-tasaren modalitatea: tasa finko ez berrikusgarria. Honela aterako da: Euribor urtebetera gehi % 1,50; eta interes-tasa ez da ezein kasutan % 1,50 baino txikiagoa izan. Ondorio horietarako, Euribor gisa ulertu behar da Reuter-en Euribor= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, aurrekoa desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez lortutako bankuen arteko interes-tasa. Tasa hori hamabi hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketa formalizatu den egunaren aurreko bigarren egun baliodunean kalkulatzen da. Ez da biribiltzerik onartuko.
● Epea: 24 hilabete, gehienez.
● Amortizatzeko sistema; osorik epemugan.
● Interesen kuoten likidazioa sei hilerik behin egingo da.
● Maileguek ez dute inolako komisio edo gastu gehigarririk izango. Mailegu-hartzaileak aurretiaz kitatu edo amortizatu ahal izango du mailegua, zigorrik gabe.
● Enpresa edo pertsona onuradunak emandako maileguaren zenbateko osoa izango du erabilgarri. Finantza-erakundeak ezin izango ditu saldoak atxiki edo pignoratu, ezta emandako maileguaren onuradunak eskura dezakeen zenbatekoa murrizteko antzeko figurarik aplikatu ere.
3.– Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta helburutzat du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza-politikako eta kreditu publikoko tresnatzat jardutea. Finantzen Euskal Institutuak egingo ditu koordinazio- eta artekaritza-lanak, hala lankidetza-hitzarmenean nola agindu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko ardura duen erakundetzat.
4.– Programan parte hartzen duten finantza-erakundeek inbertitzaile pribatu independentetzat parte hartzen dute.
7. artikulua.– Betekizunak.
Laguntzen eskatzaile diren pertsona fisikoek eta juridikoek, hemen ezartzen diren betekizunak eta Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerakoak bete beharko dituzte:
1.– Betiere, finantzaketa-beharren zati bat finantzaketa propioak estali beharko du, gutxienez, finantzatu beharreko aldian behar den kapital zirkulatzailearen % 20.
2.– Laguntza hauek minimis laguntzatzat hartu ahal izateko, 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoa bete behar da (Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorean minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa).
3.– Foru-ogasunekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean izatea.
4.– Diru-laguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridikoa ez dadila izan krisian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.
Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edota haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dauden ala ez.
5.– EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.
Ez dute izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.
6.– Konkurtso-deklarazioa ez eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat ez jo izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitu ez izana, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.
7.– Administrazioarekin hitzartutako edozein kontratu ezeztatzea ez eragin izana.
8.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea ekainaren 26ko 1/2014 Legean (Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.
9.– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.
10.– Onuraduna ezingo da egon kaudimengabezia kolektiboko prozeduran eta ezingo ditu bete hartzekodunek eskatuta kaudimengabezia kolektiboko prozeduraren pean egoteko betekizunak.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu honen indarraldia hasten den egunean hasiko da, eta funtsak erabat agortutakoan bukatuko da, agindu honetako 5. artikuluan ezarritakoarekin bat, edota 2016ko abenduaren 31n bukatuko da.
2.– Sendotu Abere programaz baliatzeko eskabiderako inprimakia http://www.euskadi.eus webgunean eta agindu honen II. eranskinean dago eskuragarri. Eskabidea Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari zuzenduko zaio, eta zuzendaritza horren egoitzan aurkeztuko da (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 38.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko 2008ko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.
3.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, haren NANaren kopia.
b) Pertsona juridikoa bada, enpresaren IFZren kopia, ahalordea emateko eskrituraren kopia eta legezko ordezkariaren NANaren kopia, bai eta eratze-eskrituraren eta erakundearen estatutuen kopia ere. Azken horiek erregistratuta egon beharko dute.
c) Eskatzaileak agindu honek ezartzen dituen betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta laugarren xedapenean ezarritako betekizunak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.
d) Jardueraren negozio-plana deskribatzen duen memoria, eta, bertan, produktuaren, salmenten, kostuen eta itxaroten diren errentagarritasunen bilakaeraren xehetasunak jasoko dira, bai eta arrisku nagusienak eta finantza-bideragarritasunarenak ere.
e) Baleude, balantzeak, azken bi ekitaldietako galera-irabazien kontuak, eta, hala badagokio, auditatuak; bai eta datozen hiru urteetarako aurreikusten diren galera-irabazien kontua ere.
f) Ekoizleak pertsona fisikoak badira, abeltzaintza-jarduerari atxikitako aktibo eta pasiboen inbentarioa aurkeztuko da, bai eta azken bi ekitaldietan lortutako emaitzen deskribapen-memoria eta datozen hiru urteetarako aurreikuspenen memoria ere.
g) Jardueraren datozen hiru urteetarako aurreikusten diren diru-fluxuen egoerak.
h) Epe laburrera zein epe luzera pasibo galdagarria finantzatzeko beharrizanen deskribapen-memoria.
i) Finantza-erakunde laguntzailearen idazkia, non adierazten duen aipatu hitzarmenaren barruan finantzaketa-proiektua balioztatzeko asmoa duela.
j) Eta eskatzaileak, eskabidea baliozta dadin, aurkeztu nahi duen edozein agiri osagarri.
4.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak betetzen direla dagokion foru-ogasunarekin, eta kasuan kasuko ordainketa-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekin. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, ziurtagiri egokia aurkeztu beharko du.
Eskabideetan aukera izango da eskatzaileak berariazko baimena eman diezaion Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari bere nortasuna ziurtatzeko agiriak eskuratu edo egiaztatu ditzan.
5.– Eskatzaileek beraiek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte finantzaketa-eskabideak eta eskatutako agiriak. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.
6.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
7.– Edonola ere, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak aurkeztutako mailegu-eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko irizten dituen bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.
8.– Finantzaketa-eskabideei erantzunez joango zaie, harik eta ematekoa den kopuru osoa (agindu honetako 5. artikuluan jasoa) agortu arte. Eskabideak beharrezko agiri guztiekin sartu diren ordena berean sartuko dira programan.
9. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.
Agindu honetan araututako laguntzak esleitzeko, ondoz ondoko konkurrentziaren prozedura erabiliko da; beraz, laguntzak esleitzeko, eskabideak aurkezteko unearen hurrenkerari erreparatuko zaio, eta, ezarritako funts guztiak –hau da, lau milioi (4.000.000) euro– amaitzen diren arte esleituko zaizkie laguntzak agindu honetan xedatutakoa betetzen duten eskatzaile guztiei.
10. artikulua.– Finantzaketa-eragiketen kudeaketa.
1.– Aurkeztutako finantzaketa-eskabideak elkarrekin ebaluatuko ditu Balioztapen eta Segimendu Batzordeak. Batzorde hori finantza-lankidetzako hitzarmenean ezarritakoarekin bat etorrita eratuko da (agindu honen eranskinean jaso da hitzarmen horren eredua). Formalizatu beharreko eragiketa guztiek Balioztapen eta Segimendu Batzordearen baimena beharko dute.
2.– Balioztapen eta Segimendu Batzordearen bileren aurretik, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak edo ebaluazio hori egiteko agindua ematen zaion erakundeak batzordeko beste kideei bere txosten teknikoa bidaliko die, bai eta eskabidearen eta agirien kopia ere. Batzordeak txosten hori aintzat hartuko du mailegu-eragiketa baimentzean.
3.– Balioztapen eta Segimendu Batzorde bakoitzeko ordezkariek aho batez onartu beharko dute eragiketa. Eskabide bakoitzari atxikitako finantza-erakundeek parte hartzeari uko egin ahalko diote. Hala, interesa duten beste finantza-erakunde batzuek esku hartzeko bidea emango dute.
4.– Ez Finantzen Euskal Institutuak ez finantza-erakunde laguntzaile batek ere ez badu interesik agertzen eragiketaren gainean, interesdunari jakinaraziko zaio eskabidea ezetsi egin duela Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak.
5.– Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakunde parte-hartzaileek mailegu-polizak formalizatu aurretik, Balioztapen eta Segimendu Batzordeak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari jakinaraziko dizkio eskatutako mailegua onartzearen alde emandako txostenak (lotesleak izango dira), organo horrek dagokion ebazpena eman dezan, agindu honetako 11. artikuluan ezarritako eran.
11. artikulua.– Bermea emateko ebazpena.
1.– Balioztapen eta Segimendu Batzordeak mailegu-eragiketak onartutakoan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak eskatu diren maileguei dagozkien finantza-bermeen laguntzak baimendu eta ebazteari ekingo dio. Ebazpen horretan, ondorengo hauek zehaztuko ditu:
a) Aintzat hartutako eskaerei dagokienez:
● Onuradunaren izena edo sozietatearen izena, IFZ edo NANa.
● Finantzen Euskal Institutuarekin eta finantza-erakunde laguntzailearekin formalizatu beharreko maileguen zenbatekoa, interes-tasak zehaztuta.
● Emandako bermea eta haren diru-laguntzako baliokide gordina (DBG), eragiketa bakoitzari aplikatzekoa.
● Eragiketaren minimis izaera, Batzordearen abenduaren 18ko 1408/2013 Erregelamenduari (EB) erreferentzia eginez.
b) Aintzat hartu ez diren eskabideei dagokienez:
● Eskatzailearen izena edo sozietatearen izena, IFZ edo NANa.
● Laguntza ukatzeko arrazoiak.
2.– Mailegu-eragiketarako finantza-berme gisa emandako laguntza beste diru-laguntza batzuekin bateragarri egitearren, eragiketa bakoitzaren diru-laguntzako baliokide gordina (DBG) kalkulatuko da.
3.– Finantza-bermez hornitutako mailegu-eragiketaren eskabidea aurkezten den egunaren ondoren gehienez lau hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatuta berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek eskabideak ezetsi direla pentsatu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 24. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
4.– Onuradunei finantza-berme hau onartzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedura oro amaituta egotea, oraindik izapidetzen ari baldin bada.
5.– Aintzat hartzeko edo aintzat ez hartzeko ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera. Berariazko ebazpenik badago, hilabete izango dute horretarako, ebazpenaren berri izan eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.
12. artikulua.– Mailegu-polizak formalizatzea.
1.– Mailegu-eragiketaren onarpenari buruzko ebazpena onuradunari jakinarazitakoan, enpresa edo pertsona eskatzaileak dagokion poliza formalizatuko du Finantzen Euskal Institutuarekin eta finantza-erakunde parte-hartzaileekin, gehienez hiru hilabeteko epean.
2.– Finantzen Euskal Institutuak, orobat, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari jakinaraziko dizkio formalizatutako mailegu-eragiketak, lankidetza-hitzarmenean ezarritako maiztasun, betekizun eta ereduekin.
3.– Laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazteaz gainera, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen bidez, mailegua formalizatutakoan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu honen itzalpean onuradun izango diren pertsonen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa zehaztuta duela, hura jendaurrean jartze aldera.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako finantza-laguntzen onuradun diren pertsonek betebehar hauek izango dituzte:
1.– b) Mailegu-polizak formalizatzea, agindu honen 12. artikuluan ezarritako baldintzetan.
2.– Batzordearen 1408/2013 Erregelamenduan (EB) xedatutakoa betetzea.
3.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatu dizkiotela administrazioren bati edo beste erakunde publiko edo pribaturen bati, eta, hala badagokio, laguntzok eskuratu dituztela, hori gertatu eta egutegiko hamabost eguneko epean, hargatik eragotzi gabe agindu honen 7. artikuluko 5. paragrafoan xedatzen dena.
4.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.
5.– Mailegua emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri eman behar diote Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, idatziz.
6.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 50. artikuluan eta Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorrean (azaroaren 17ko 38/2003) aurreikusitakoaren arabera exijitu daitekeen beste edozein obligazio betetzea.
14. artikulua.– Bateragarritasunak.
1.– Agindu honen bidez emandako laguntzak bateragarriak izango dira lehen sektoreko ekoizpenarekin lotutako beste edozein laguntza publikorekin, baldin eta laguntza guztien zenbatekoa ez bada kasu bakoitzerako 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. zenbakian ezarritakoa baino handiagoa (Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorean minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa).
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastu berberei dagokienez, minimis laguntzak ez dira beste ezein laguntzarekin edo arriskuko finantzaketako neurri bererako laguntzarekin metatuko, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi batean edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez. Diruz lagundu daitezkeen kostu zehatzetarako ematen ez diren minimis laguntzak edo diruz lagundu daitezkeen kostu zehatzei egotzi ezin dakizkiekeenak, Estatuko beste laguntza batzuekin metatu ahal izango dira, baldin eta kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten arabera eman badira.
3.– Gainfinantzaketa gertatzen bada edo agindu honi jarraikiz emandako laguntzaren mugak gainditzen badira, gaindikinari dagokion kopurua gutxituko zaio, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpenaren bidez.
4.– Arau honen bidez onuradun diren pertsona edo enpresek beti jakinarazi beharko diote Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari beste diru-laguntza edo laguntzaren bat jaso duten helburu bererako; halaber, zerga-ekitaldi honetan zein aurreko bi ekitaldietatik aurrera gaur egun arte jaso dituzten minimis laguntzak ere jakinarazi beharko dizkiote.
15. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Berme-emate gisako laguntzaren onuradunak ez baditu agindu honetan eta aplikatzekoak diren gainontzeko arauetan ezarritako betekizunak betetzen, edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badago, ez-betetzeari buruzko espedientea egin ondoren (espediente horretan interesdunari entzungo zaio), Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak funtsa kudeatzen duen erakundeari eta dagokion finantza erakundeari jakinaraziko die hori, emandako finantzaketa ezeztatu dezaten. Hori dela eta, pertsona edo enpresa onuradunak uko egin beharko dio eragiketari, aurretiaz amortizatuta.
2.– Funtsaren berme-obligazioekin bat etorriz, laguntzarekin lotutako ez-betetzeen ondorioz onuradunaren derrigorrezko amortizazio aurreratuaren faltari aurre egiteko ordainketen ordaina eman beharko balu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, eskumena duen organoaren bidez, prozedura egokia bideratu eta erakunde onuradunari entzun ondoren, pertsona edo enpresa horren zorraren zenbatekoa eta hura ordaintzeko modu eta epea zehaztuko ditu.
3.– Bermerako eskubidea galdutzat emateko prozedurari edo itzulketa-prozedurari hasiera emateko arrazoia administrazioko arau-haustea izan litekeen egitateren bat bada, dagokion arloan eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, zehapen-prozedurari hasiera eman diezaion.
4.– Bestalde, egiaztatuko balitz erakunde laguntzaileetakoren batek bere egindako betebeharren bat bete ez duela, harekin sinatutako hitzarmena azkendu egingo litzateke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak beste lege- eta administrazio-jarduera batzuk abiaraztea baztertu gabe.
16. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.
Berme gisako laguntzaren onuradun den pertsonak onartu zaion laguntzari uko egin ahalko dio, emandako diru-laguntza onartu eta gero, baldin eta mailegu-eragiketa formalizatu ez bada. Uko egitea idatziz aurkeztuko da, idazkia Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari zuzenduta. Zuzendari horrek, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du ukoa, eta harentzat prozedura bukatu dela deklaratuko du. Behin ukoa onartuta, pertsona onuradunak besterik gabe galduko du emandako laguntzara onartu zaion eskubidea.
17. artikulua.– Datuen babesa.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Datu Pertsonalak babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko da epea.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 25a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
FINANTZA-LANKIDETZAKO HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN, FINANTZEN EUSKAL INSTITUTUAREN ETA HAINBAT FINANTZA-ERAKUNDEREN ARTEKOA, ABELTZAINTZA SEKTORERAKO KAPITAL ZIRKULATZAILEA FINANTZATZEKO LERRO BAT BIDERATZEKOA (SENDOTU ABERE PROGRAMA)
HONAKO HAUEK BATZARTU DIRA:
Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, eta, haren izenean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia Otaegi andrea eta Ogasun eta Finantzetako sailburu Ricardo Gatzagaetxebarria Bastida jauna.
Beste alde batetik, Finantzen Euskal Institutua, eta, haren izenean, Josu Garay Ibañez de Elejalde zuzendari nagusia
Beste alde batetik, 1. finantza-erakundea S.A., eta haren izenean, zuzendari nagusia.
2. finantza-erakundea S.A., eta haren izenean, zuzendari nagusia.
xxxxx kreditu sozietate kooperatiboa, eta, haren izenean, zuzendari nagusia.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Abeltzaintzako sektorean proiektuak finantzatzea bultzatzeko, beharrezkotzat jo da sektore horretarako zirkulatzailea finantzatzeko programa bat martxan jartzea (Sendotu Abere programa). Helburu horrekin, hitzarmen honen bidez, maileguak emateko eskema bat egituratu da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzako sektorean mínimis laguntzei aplikatzeko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren (EBAO, L 352/9, 2013/12/24) babespean.
Bigarrena.– Horregatik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta Ogasun eta Finantza Sailaren bitartez), Finantzen Euskal Institutuaren eta finantza-erakunde laguntzaileen arteko finantza-loturak egoki egituratzearren, esku-hartzaileek erabaki dute finantzetako lankidetza-hitzarmen bat formalizatzea. Hauek dira
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
1.– Hitzarmen honek definitzen ditu Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren, Ogasun eta Finantza Sailaren (biak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren erakundeak), hitzarmena sinatu duten finantza erakundeen eta Finantzen Euskal Institutuaren arteko lankidetza-baldintzak, 2016 eta 2017ko ekitaldietan abeltzaintza sektorean zirkulatzazilea finantzatzeko laguntza programa bat garatzeko xedez (Sendotu Abere programa). Programa horren bidez, honako jarduera hauen ondoriozko likidezia-beharrak eta kapital zirkulatzailearen beharrak estaltzeko finantzaketa eskatzen dutenei maileguak emango zaizkie:
– azienda larria eskuratzea eta/edo gizentzea.
– ardi- eta ahuntz-azienda eskuratzea eta/edo gizentzea.
– gizentzeko beste abere batzuk eskuratzea eta/edo gizentzea.
Bigarrena.– Parte-hartzaileak.
1.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren bitartez, hitzarmen honetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari esleitutako eginkizunak egingo ditu. Gainera, aintzat hartuko dira bermeak emateari dagokionez Ogasun eta Finantza Sailari esleitutako eskumenak.
2.– Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta helburutzat du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza-politikako eta kreditu publikoko tresnatzat jardutea. Finantzen Euskal Institutuak egingo ditu koordinazio- eta artekaritza-lanak, Sendotu Abere programa aplikatu eta garatzeko ardura duen erakundetzat, maileguak izapidetzeari eta bermeak emateari dagokionez, hitzarmen honetan ezarritako baldintzetan. Finantzen Euskal Institutuak kreditu-arriskua partekatuko du, pari-passu baldintzetan, parte hartzen duten finantza-erakundeekin.
3.– Hitzarmen honetan parte hartzen duten finantza-erakundeek indarrean dagoen araudiak ematen dien gaitasuna dela bide jarduten dute.
Hirugarrena.– Sinatzaileen betebeharrak.
A) Ekonomiaren garapen eta lehiakortasun sailaren betebeharrak.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak konpromisoa hartzen du, kobraezinak estaltzeko berme-funtsa eratzeko beharrezko ekarpenak egiteko, hamargarren klausulan ezarritakoari jarraituz.
Orobat, abeltzaintzaren sektorean kapital zirkulatzailea finantzatzeko laguntza programaren esparruan (Sendotu Abere programa), laguntza-programa bat ezartzeko eta dagokion deialdia egiteko konpromisoa hartzen du.
B) Finantzen euskal institutuaren konpromisoak.
Finantzen Euskal Institutuak konpromisoa hartzen du, hitzarmen honen indarraldian, honekin batera doan eranskinean («Maileguen ezaugarriak») markatutako baldintzetan onuradunei maileguak emateko, bai eta hamargarren klausulan ezarritakoari jarraituz kobraezinak estaltzeko ere.
Baimena edukiz gero, finantzaketa erdibana gauzatuko da Finantzen Euskal Institutuaren eta parte hartzen duen finantza-erakunde laguntzaile baten artean.
C) Finantza-erakundeen konpromisoak.
Akordio hau izenpetzen duten finantza-erakundeek konpromisoa hartzen dute, hitzarmen honen indarraldian, honekin batera doan eranskinean («Maileguen ezaugarriak») markatutako baldintzetan onuradunei maileguak emateko, bai eta hamargarren klausulan ezarritakoari jarraituz kobraezinak estaltzeko ere.
Baimena edukiz gero, finantzaketa erdibana gauzatuko da parte hartzen duen finantza-erakunde laguntzaile baten eta Finantzen Euskal Institutuaren artean.
Laugarrena.– Hartzaileak.
Hitzarmen honetan ezarritako finantzaketaren hartzaile izango dira pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, baldin eta ETE kategoria badaukate eta abeltzaintza-sektorekoak badira.
Bosgarrena.– Betekizunak.
Hitzarmen honen ondorioetarako, Sendotu Abere programaren finantzaketaren hartzaile direnek ondorengo betekizun orokorrak bete beharko dituzte:
1.– Betiere, finantzaketa-beharren zati bat finantzaketa propioak estali beharko du, gutxienez, finantzatu beharreko aldian behar den kapital zirkulatzailearen % 20.
2.– Laguntza hauek minimis laguntzatzat hartu ahal izateko, 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoa bete behar da (Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorean minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa).
3.– Foru-ogasunekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean izatea.
4.– Ez dadila izan krisian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.
Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edota haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dauden ala ez.
Edozein itzulketa-prozeduraren ordainketa-betebeharrak beteta izan beharko dituzte.
Ez dute izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.
5.– Konkurtso-deklarazioa ez eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat ez jo izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitu ez izana, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.
6.– Administrazioarekin hitzartutako edozein kontratu ezeztatzea ez eragin izana.
7.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea ekainaren 26ko 1/2014 Legean (Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.
8.– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.
9.– Hartzailea ezingo da egon kaudimengabezia kolektiboko prozeduran eta ezingo ditu bete hartzekodunek eskatuta kaudimengabezia kolektiboko prozeduraren pean egoteko betekizunak.
Seigarrena.– Gehieneko muga.
Lankidetza-hitzarmen honen babesean Finantzen Euskal Institutuaren eta finantza-erakunde laguntzaileen artean formalizatutako maileguen zenbateko osoa ez da 4 milioi (4.000.000,00) euro baino handiagoa izan.
Zazpigarrena.– Eskabideak aurkezteko eta izapidetzeko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua, bai eta ekarri beharreko agiriak ere, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ematen duen deialdiko aginduan ezarriko dira.
2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzan finantzaketa-eskabideak aurkeztu eta gero, eta organo horretan aldeko azterketa lortzen duten eskabideetarako, Finantzen Euskal Institutuaren eta finantzaketa-eragiketan parte hartzeko interesa duten finantza-erakundeen eskura jarriko dira erakunde horien arabera beharrezko diren agiri tekniko eta finantzarioak, finantzaketa-proiektuaren banan-banako azterketa egitearren.
3.– Tartean diren erakundeetako bakoitzak aurkeztu diren eskabideak aztertu eta gero, zortzigarren klausulan zehaztutako Balioztapen eta Segimendu Batzordea batzartuko da, eskabide bakoitza onartzeko edo ukatzeko.
Zortzigarrena.– Balioztapen eta segimendu batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak elkarrekin ebaluatuko ditu Balioztapen eta Segimendu Batzordeak. Batzorde hori eragiketa bakoitzean esku hartzen duten alderdietako bakoitzak eratuko du. Beraz, kide hauek izango ditu:
● Finantzen Euskal Institutuaren ordezkari bat.
● Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ordezkari bat. Idazkari-lanak egingo ditu.
● Finantzaketa-proiektuan parte hartzen duen finantza-erakunde laguntzaile bakoitzaren ordezkari bat.
Balioztapen eta Segimendu Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu, bere kideen artean informazioa albait modu eraginkorrenean bideratzeko.
Bederatzigarrena.– Mailegu-eragiketak onartzea.
1.– Behin eskabideak bere dokumentazio osoa duenean, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak txosten tekniko bat emango du, proiektuaren ekonomia- eta finantza-alderdiak aztertuko dituena. Orobat, proiektua Balioztapen eta Segimendu Batzordean aurkeztu edo ez erabakiko du.
2.– Balioztapen eta Segimendu Batzordearen bileren aurretik, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak batzordeko beste kideei bere txosten teknikoa bidaliko die, bai eta agirien kopia ere. Batzordeak txosten hori aintzat hartuko du mailegu-eragiketa baimentzean.
3.– Balioztapen eta Segimendu Batzorde bakoitzeko ordezkariek aho batez onartu beharko dute eragiketa.
4.– Eskabide bati atxikitako finantza-erakunde batek eskatu den eragiketan parte hartzeari uko egin ahalko dio. Hala, interesa duten beste finantza-erakunde batek esku hartzeko bidea emango du. Finantza-erakunde laguntzaile batek ere ez badu eragiketari buruzko interesik erakusten, Balioztapen eta Segimendu Batzordeak eskabidea ukatu duela jakinaraziko dio interesdunari Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak.
5.– Finantzaketa-eragiketa onartutakoan, Balioztapen eta Segimendu Batzordeak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari jakinaraziko dio finantzaketa-eragiketa onartzearen alde emandako txostena, eta Finantzen Euskal Institutuaren eta dagokion finantza-erakunde laguntzailearen artean mailegu-eragiketa bana formalizatuko da (zenbateko nominal berekoak), aipatu Balioztapen eta Segimendu Batzordeak onartutako baldintzetan. Betiere, formalizazio hori egin baino lehen, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak laguntzak onartzeko ebazpena emango du, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak xedatutako laguntza-aginduan ezarritako eran jakinaraziko du.
6.– Eragiketa bakoitza onartzeaz gainera, Balioztapen eta Segimendu Batzordeak onartutako eragiketen segimendu-lanak egingo ditu. Horretarako, Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakunde laguntzaileek maileguen kudeaketari buruz egoki diren xehetasun guztiei buruzko informazioa emango dute sei hilerik behin, datu nabarmenenak bidalita.
Onuradun bakoitzeko, erregistro bat eramango da, ordainketa-datekin, itzulketekin, atzerapenekin eta gorabeherekin (batez ere, mailegu-hartzaileek muga-egunaren ondoren amortizatu gabeko zenbatekoei buruzkoak).
Hamargarrena.– Arriskuaren estaldura. Berme-funtsa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, finantzaketa-lerroa bultzatu duen erakundea denez, finantzaketa-lerroaren arriskua estaltzen parte hartuko du, kobraezinak estaltzeko berme-funts bat eratuz, hirugarren klausulan adierazita dagoenez.
Berme-funtsak estaldura emango dio, maileguz mailegu, programan parte hartzen duen finantza-erakunde laguntzaile bakoitzak –Finantzen Euskal Institutua barne dela– formalizatutako mailegu-zorroko kobraezin bakoitzaren % 80ri, programa honen babespean, finantza-erakunde laguntzaile bakoitzak eta/edo Finantzen Euskal Institutuak formalizatutako zenbateko nominal osoaren % 20ko mugarekin.
Horrenbestez, finantzaketa-lerroaren zenbatekoa lau milioi euro izanda, bermearen zenbatekoa 640.000 euro izango da.
Bermean sartuta egongo dira kapitala, interesak eta mailegu kobraezin bakoitzetik eratorritako gastuak.
Era berean, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak eragiketa bakoitzaren diru-laguntzako baliokide gordina (DBG) kalkulatuko du.
2.– Behin lankidetza-hitzarmen hau sinatuta, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 2016an ordainketa bakar bat egingo dio Finantzen Euskal Institutuari, berme-funtsa eratzearren, goian aipatutako zenbatekoarekin.
3.– Finantzen Euskal Institutuak kudeatuko du berme-funtsa, eta irizpide hauek hartuko ditu aintzat:
a) Finantzen Euskal Institutuaren eta finantza-erakunde laguntzaile sinatzaile bakoitzaren mailegu-zorroari banakatuta aplikatuko zaio funtsa. Finantza-erakunde baten zorroko zenbateko erabiligabeak ezingo zaizkio bere xederako zenbateko osoa dagoeneko agortu edo aplikatu dioten beste bati aplikatu.
Finantzen Euskal Institutuak euroguneko finantza-erakundeen edo jaulkitzaileen diru-gordailuetan edo likidezia bermatua duen zor publikoan izango du kobraezinak estaltzera aplikatu ez den berme-funtseko saldoa.
b) Kobraezinak metatzearen ondorioz berme-funtsak onartutako galeren gehieneko zenbatekoa gainditzen bada, bai Finantzen Euskal Institutuarentzat edo bai parte hartzen duen finantza-erakunde laguntzaile batentzat, horietako bakoitza izango da hitzarmen honi lotutako bere mailegu-zorrotik eratorritako kobraezin erantsien zenbatekoari aurre egin beharko diona.
c) Mailegu bat ez ordaintzea gertatzen bada, Finantzen Euskal Institutuak, kobratzeko aukerak arrazoizko eran agortuta, eta finantzaketa-eragiketa honetan parte hartzen duen finantza-erakunde laguntzailearekin harremanetan jarri ondoren, egoki den erabakia hartuko du, ondorioztatzen den zenbatekoa kobraezintzat hartzeari dagokionez.
d) Gehienez ere sei hilean behin, Finantzen Euskal Institutuak, finantza-erakunde laguntzaileen informazioa jaso ondoren, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari haien zorroei lotuta dauden eta ez ordaintzeengatik edo hornidurak eratzeagatik gorabeherak dituzten maileguei buruzko informazioa bidaliko dio.
4.– Finantzaketa-eragiketa bat kobraezintzat jotzeko, honako baldintza hauetako bat bete beharko da gutxienez:
a) Erabat kitatuta eta % 100ean hornituta egotea.
b) Haien saldoa kobraezintzat kontabilizatuta egotea agindu-kontuetan, eta baja emanda egotea arriskua, osorik edo partez.
c) Galera eta berreskuratzeko bide posibleen ezina egiaztatu eta justifikatzea.
Eragiketa bat kobraezintzat jo ondoren, Finantzen Euskal Institutuak, saldo erabilgarririk badago, berme-funtsaren zati bat haren kontabilitate-estaldurarako erabili ahal izango du, eta, era berean, eragiketa kobraezin horrek eragindako finantza-erakunde laguntzaileari dagokion zenbatekoa transferitu ahal izango dio, agiri bidez behar den bezala justifikatu ondoren. Zenbateko hori berme-funtsaren kargura aplikatzeko, argi dagoenez, kontuan hartuko da klausula honen 1. zenbakian finkatutako estaldura noraino heltzen den.
5.– Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakunde laguntzaileek, betiere, zor zaizkion kopuruak kobratzeko egoki irizten diren ekintza guztiak egingo dituzte, hala auzibidetik kanpo nola auzibidean.
Berme-funtsa aplikatu ondoren, Finantzen Euskal Institutuak edo finantza-erakunde laguntzaileek, bermeak gauzatzearen bidez edo beste bitarteko batzuen bidez, erakunde laguntzaileek berek kobraezintzat onartutako zenbatekoa gainditzen duten zenbatekoak berreskuratzen badituzte, gaindikin hori berme-funtsari itzuliko zaio.
6.– Sendotu Abere programa bukatutakoan, eta haren babesean emandako maileguak mugaeguneratuta, Finantzen Euskal Institutuak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari aurkeztu beharko dio berme-funtsaren kudeaketako azken balantze bat, hala egokituz gero soberako zenbatekoen likidazioa eta guzti.
Hamaikagarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen hau izenpetzen denetik 2017ko abenduaren 31ra arte izango da aplikagarri, edo, hala egokituz gero, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraituz ematekoa den maileguen gehieneko bolumena agortu arte, data hori baino lehen hala gertatuz gero.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren, Finantzen Euskal Institutuaren eta hitzarmena sinatu duten finantza-erakundeen konpromisoek iraun egingo dute haren babesean emandako maileguen epemugaraino.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra:
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua
Ogasun eta Finantzetako sailburua
Finantzen Euskal Institutuko zuzendari nagusia
Kred. Koop. Soz. Mug.
1. finantza-erakundea, SA
2. finantza-erakundea, SA
HITZARMENAREN ERANSKINA
MAILEGUEN EZAUGARRIAK
● Baliabidea: mailegu amortizagarria.
● Zenbatekoa: 400.000 euro gehienez.
● Erabiltzea: maileguaren ondoz ondoko erabileren zenbatekoa, gutxienez, maileguaren nominalaren % 20koa izango da.
● Interes-tasaren modalitatea: Tasa finko ez berrikusgarria. Honela aterako da: Euribor urtebetera gehi % 1,50; eta interes-tasa ez da ezein kasutan % 1,50 baino txikiagoa izango.
Ondorio horietarako, Euribor gisa ulertu behar da Reuter-en Euribor= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, aurrekoa desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez lortutako bankuen arteko interes-tasa. Tasa hori hamabi hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketa formalizatu den egunaren aurreko bigarren egun baliodunean kalkulatzen da. Ez da biribiltzerik onartuko.
● Epea: 24 hilabete, gehienez.
● Amortizatzeko sistema; osorik epemugan.
● Interesen kuoten likidazioa sei hilerik behin egingo da.
● Maileguek ez dute inolako komisio edo gastu gehigarririk izango. Mailegu-hartzaileak aurretiaz kitatu edo amortizatu ahal izango du mailegua, zigorrik gabe.
● Enpresa edo pertsona onuradunak emandako maileguaren zenbateko osoa izango du erabilgarri. Finantza-erakundeak ezin izango ditu saldoak atxiki edo pignoratu, ezta emandako maileguaren onuradunak eskura dezakeen zenbatekoa murrizteko antzeko figurarik aplikatu ere.