EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2016228

70/2016 EBAZPENA, azaroaren 22koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena. Ebazpen horren bidez, maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentzia Onda Guipuzcoana FM S.L.ri emateko Gobernu Kontseiluak hartutako Erabakia argitaratzen da, Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Lehen Sekzioak 19/2015 zenbakiko Epaia betez.

Xedapenaren zenbakia: 201600070
Xedapenaren data: 2016-11-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201605098
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/03/12an argitaratutako 2012/02/29ko 201200014 EBAZPENA
  • Ikus 2012/03/12an argitaratutako 2012/02/29ko AGINDUA [201201176]
  • Ikus 2013/01/24an argitaratutako 2013/01/10reko 201300001 EBAZPENA

2016ko azaroaren 22an eginiko batzarrean, Jaurlaritzaren Kontseiluak onetsi du maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentzia Onda Guipuzcoana FM S.L.ri ematea, Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Lehen Sekzioak emandako 19/2015 zenbakiko Epaia betez. Horrenbestez, erabaki horri beharrezko publizitatea emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentzia Onda Guipuzcoana FM S.L.ri emateko Erabakiaren testua, Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Lehen Sekzioak emandako 19/2015 zenbakiko Epaia betez.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 22a.
Erakunde Harremanetarako sailburuordea,
PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.
ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN AZAROAREN 22KO 70/2016 EBAZPENARENA
ERABAKIA, MAIZTASUN-MODULAZIOKO UHIN METRIKOETAKO IRRATI-KOMUNIKAZIOKO ZERBITZUAK ESKAINTZEKO LIZENTZIA ONDA GUIPUZCOANA FM S.L.-RI EMATEKO DENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AUZITEGI NAGUSIKO ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN SALAKO LEHEN SEKZIOAK EMANDAKO 19/2015 ZENBAKIKO EPAIA BETEZ
Maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irrati-difusio soinudunaren plan tekniko nazionala onartzen duen irailaren 1eko 964/2006 Errege Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoak eman beharreko 34 maiztasun planifikatu zituen guztira.
Euskadin ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko araubide juridikoa arautzen duen ikus-entzunezko komunikazioari buruzko azaroaren 8ko 231/2011 Dekretuaren 8.1 artikuluaren arabera, Gobernu Kontseiluak, 2012ko otsailaren 28ko batzarrean, Euskal Autonomia Erkidegoan maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentziak emateko lehiaketa publikoa arautzen duten oinarriak onetsi zituen (Erabakia honako xedapen honen bidez argitaratu zen: 14/2012 Ebazpena, otsailaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena). Azkenik, Kulturako sailburuaren 2012ko otsailaren 29ko Aginduaren bidez, lehiaketa publikoaren deialdia egin zen (Xedapen biak 2012ko martxoaren 12ko EHAAn argitaratu ziren, 51. zenbakian).
Organo eskudunak irekitako prozeduraren bitartez bideratutako espedientea hasi ostean, eta lehiaketako Balorazio Mahaiak lizentziak adjudikatzeko proposamena egin eta gero, Jaurlaritzaren Kontseiluak, lizentzia horiek eman baino lehen, 2012ko abenduaren 11n egin zuen batzarrean, erabaki hau hartu zuen: «maiztasun-modulazioko uhin metrikoen bidezko irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentziak emateko lehiaketari interes orokorreko arrazoiengatik uko egitea» (Erabakia honako xedapen honen bidez argitaratu zen: 1/2013 Ebazpena, urtarrilaren 10ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena – 2013ko urtarrilaren 24ko EHAAn, 17. zenbakian, argitaratua).
2015eko urtarrilaren 28an, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salako Lehen Sekzioak 19/2015 zenbakiko epaia eman zuen, Onda Guipuzcoana FM S.L.k eskatuta aurkeztu zen administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ebazteko. Jaurlaritzaren Kontseiluak hartu zuen 2012ko abenduaren 11ko Erabakia argitaratzea xedatu zuen ebazpenaren aurka, hau da, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren urtarrilaren 10eko 1/2013 Ebazpenaren aurka jarri zuen errekurtso hori Onda Guipuzcoana FM S.L.k. Epai horrek hau xedatzen du: errekurritutako erabakia baliogabetzea eta administrazio jarduerak egintza horren aurreko unera eramatea eta errekurtsogileari lehiaketa-mahaiak proposatu zuen lizentzia behin betiko esleitzea. Epaitegi Gorenak erabaki hori berretsi egin du bere 1072/2016 Epaiaren bidez, –2016ko maiatzaren 12koaz– Administrazio honek aurkeztutako kasazio-errekurtsoa ebazten duena.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, aipatu epaia betez, 2016ko uztailaren 21eko Agindua eman zuen ondorengo erabakiarekin: «Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzak bere horretan bete dezala emandako epaia».
Lehiaketa publikoa arautzen duten oinarrietan ezarritako izapideak beteta, Balorazio Mahaiak, 2016ko azaroaren 10eko bileran, adostu du epaian aipatzen diren lizentziekin adjudikatzeko proposamena Jaurlaritzaren Kontseilura bidaltzea.
Oinarriek hogeita zazpigarren klausulan adierazten dutenez, Kultura sailburuak proposatuta, eta Balorazio Mahaiak egindako proposamena ikusita, Jaurlaritzaren Kontseiluak lizentziak eramatea erabakiko du. Epaian biltzen den lizentzia emateko egingo den egintza Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta banan-banan jakinarazi behar da, lehiaketaren oinarrietan ezarritakoari eta Ikus-entzunezko komunikazioari buruzko azaroaren 8ko 231/2011 Dekretuan xedatutakoari jarraituz. Hogeita zortzigarren klausulan adierazten dutenez, interesdunari lizentzia eman zaiola jakinarazi eta gero, hilabeteko epean sinatuko da administrazio-agiri egokia. Agiri horretara sartuko dira lizitatzaileak bere eskaintza teknikoan hartutako konpromisoak, eta zerbitzu-emaileak nahitaez bete beharko ditu konpromiso horiek.
Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak, aztertu ostean, hau
ERABAKI DUT:
«Lehenengoa.– Maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentzia Onda Guipuzcoana FM S.L.ri ematea. Lehiaketa publikoaren oinarriek ezartzen duenaren arabera, lizentziari dagozkion deskribapen eta parametro teknikoak honako hauek dira:
11.– Blokea - Lurralde Historikoa: Gipuzkoa - Herria: Donostia
Bigarrena.– Lehiaketaren oinarriek hogeita zortzigarren klausulan adierazten duten administrazio-agiria formalizatzea. Horretarako, organo eskuduna Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kabineteko zuzendaria da, ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzuak eskaintzeko beharrezko titulu juridikoak emateko prozedurei dagokienez berari baitagokio horien gaineko administrazio kudeaketa bidezkoa egitea.
Hirugarrena.– Erabaki hau esleipendunari zein interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie, Ikus-entzunezko komunikazioari buruzko azaroaren 8ko 231/2011 Dekretuko 14.6 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Laugarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko du».