EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2016227

EBAZPENA, 2016ko azaroaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez txostena egiten baita Verter Recycling 2002, S.L. enpresa Zaldibarren (Bizkaia) sustatzen ari den hondakin ez-arriskutsuak (R5) kudeatzeko jardueraren ingurumen-inpaktuari buruz.

Xedapenaren data: 2016-11-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201605073
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2016ko uztailaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan Verter Recycling 2002, S.L.k aurkeztutako eskaera jaso da, hondakin ez-arriskutsuak (R5) kudeatzeko jarduerarako proiektu bat gauzatu nahi duelako, Zaldibarko Eitzaga auzoan, hondakin ez-arriskutsuetarako (R5) zabortegiko instalazioetan; helburua izanik proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura hastea, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat, arau horretako II. eranskineko 9. taldeko b atalean baitago.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoarekin bat, 2016ko abuztuaren 10ean, ingurumen-organoak kontsulta egin die proiektu honek eragiten dien administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, interesekoa izan daitekeen informazioa bildu eta aipatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazteko.
Bereziki, kontsulta egin zaie Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari –Bizkaiko lurralde-bulegoan–, biak Eusko Jaurlaritzakoak izanik, Ihobe_Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari, URAri –Kantauriko arroen bulegoan–. Zaldibarko Udalari eta Ekologistak Martxan Bizkaia elkarteari.
Kontsulten izapidea amaituta, erantzunak jaso dira Kultura Ondarearen Zuzendaritzatik eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzatik (biak Eusko Jaurlaritzakoak) eta Zaldibarko Udaletik; horien emaitza espedientean dago. Hartarako, aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuta, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horretako II. eranskinean dauden proiektuei. Hori dela eta, ingurumen-ebaluazioaren indarreko legeak aplikatuz gero, Verter Recycling 2002, S.L.k hondakin ez-arriskutsuak (R5) kudeatzeko jarduerarako proiektu bat sustatu nahi duenez, Zaldibarko Eitzaga auzoan, hondakin ez-arriskutsuak (R5) kudeatzeko dauzkan instalazioetan, jarduera horrek ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura behar du, haren ostean ebazten baita proiektuak eragin esanguratsuak izango dituen ingurumenean, eta, hala erabakitzen baita ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion ala ez.
Proiektuko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna da otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera), Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan, aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion aztertuko da.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Legea; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Verter Recycling 2002, S.L. enpresak, Zaldibarko Eitzaga auzoko ibarbidean (Bizkaia), hondakin ez-arriskutsuetarako zabortegiko instalazioetan sustatzen ari den hondakin ez-arriskutsuak (R5) kudeatzeko jardueraren ingurumen-inpaktuari buruz, irizpide hauen arabera:
A) Aztertzen ari den proiektuaren helburua da birziklatze- edo berreskuratze-jarduera hastea (R5) Verter Recycling 2002, S.L. merkataritza-sozietateak hondakin ez-arriskutsuetarako daukan ontzi kontrolatuaren instalazioetan, Zaldibarren; ontzi horretan, orain arte, hondakinak kudeatzeko beste jarduera batzuk egin dira, eta horietarako badauka Ingurumen Sailburuordetzaren baimena (2007ko urtarrilaren 22ko Ebazpena, eta ondorengo aldaketak).
B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena ematen duen ebazpen honek 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat datorren proiektuaren ingurumen-dokumentuko edukia aztertzen du.
1.– Proiektuaren ezaugarriak:
Lekua: instalazioak Zaldibarren daude (Bizkaia), Eitzaga auzoko ibarbidean, B1 motako hondakin ez-arriskutsuetarako ontzi kontrolatu batean.
Zabortegiaren barruan, balorizazio-eragiketak egiteko aurreikusi diren eremuak hauek dira: goiko plataforma, eta zabortegiari eusteko dikearen gailurreko plataforma, aire zabalean. Balorizazio-jardueraren tratamendu nagusia (R%) isurtze-ontzian bertan egingo da, iragazgaiztutako eremu berri horietan materialak metatzea eta biltzea aurreikusi da.
Jarduera: oro har, esan daiteke Verter Recyclingek baloriza daitezkeen materialak sailkatzen dituela, biltzeko, eta azken balorizatzailearenera bidaltzeko. Sustatzailearen egungo eskaeraren helburua da egun egiten dituen tratamendu-jarduerak osatzea R5 birziklatze-jarduera berrira bideratutako beste batzuekin (EEHen berreskuratzea), dagoen instalazioa oinarritzat hartuta.
R5 birziklatze-jarduerarako garatu behar diren jarduera nagusiak hauek dira: jasotako materiala pisatzea eta isurtze-ontzira igarotzea; materialak banatzea; bahetze-instalazioaren ondoan materiala metatzea; kamioia banatutako materialaz zamatzea, hormigoizko eremuetan aldi batean biltzeko, eta lixibiatuen kolektorera bideratutako ur zikinak jaso. Prozesatu behar diren obra-hondakinak 25.000 t lirateke, gutxi gorabehera, lurrak kontuan hartu gabe.
Instalazioak: sustatzaileak badauzka jarduera hori egiteko behar diren makinak eta instalazioak.
– Dumper kamioia.
– Danbor metal-banatzaileak dauzkan bahea zamagunean.
– Danbor metal-banatzaileak dauzkan bahe finkoa R4 eremuan.
– Pala bultzatzailea eta kargatzailea.
– Atzerako hondeamakina hautatze-pintzaduna.
– Makina olagarro-imanduna.
Materialak biltzeko tokia eta kokalekuak: planteatu da bi gainazal egokitzea isurtze-ontziaren inguruan, eraikuntzako sistemaz eginak, lurzorua ez kaltetzeko eta ur garbiak eta lixibiatuak banatu ahal izateko. Eremu horietan, aurreikusita dago materiala biltzea edo sailkatze-lan sinpleak egitea, ontziaren barnealdeko eremuetan kongestiorik ez izateko.
Eremu iragazgaitz berrietan sortutako urak zabortegiko lixibiatuen kolektore nagusira bideratuko dira.
Egin beharreko obrak:
– Geruza-kotetarainoko betelana eta hondeaketa: gaur egun, plataformek ez daukate behar den malda egokia urak lixibiatuen drainatze berrietara husteko; beraz, beharrezkoa da ubideetarako % 2ko gutxieneko malda egitea, eta, aldi berean, gainazalak uniformizatuko dira eta errazagoa izango da eremu berrietan material geosintetikoak instalatzea.
Hondeaketak material hauek ukituko ditu: material naturalez betetzekoak eta zabor-legar artifiziala, egon badaudenak. Hondeatu beharreko material guztiak betelan-eremuetara eramango dira.
– Ur garbietarako eta lixibiatuetarako drainatze berrien eraikuntza: elementu horiek diseinatzeko, kalkulu hidraulikoak egin dira, eta zehaztu da zein diren gehieneko emariak alde horretako euri-jasak, jariatze-eremuen ezaugarriak eta maldak kontuan hartuta.
Lixibiatuen drainatze-sistema diseinatzeko, helburu hau izan da kontuan: ur horiek hartu eta bideratzea, ur garbiekin nahas ez daitezen, plataforma bietan.
2.– Proiektuaren kokapena:
Instalazioak Zaldibarren daude (Bizkaia), Eitzaga auzoko ibarbidean, B1 motako hondakin ez-arriskutsuetarako ontzi kontrolatu batean. Iparraldean AP-8 dago, eta biztanlegune hurbilenak Eibar eta Ermua dira.
Jarduera hori eta udalerriko hirigintzako arauak bateragarriak dira.
Instalazioa dagoen lurzatia partzialki sartuta dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan (irailaren 30eko 165/2008 Dekretua).
3.– Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu esanguratsuenak izango dira instalazioaren jardueratik bertatik datozenak, eta garrantzitsuenak airearen kutsadurakoak izango dira, obren ondorioz ugarituko baitira hauts-emisioak, errekuntza-gasak eta ibilgailuen zirkulazioko, obretako makinen eta lurren mugimenduko zarata-mailak. Hala ere, zabortegiaren hasierako egoera eta bertan jadanik egiten diren jarduerak kontuan hartuta, ez da espero birziklatze-jarduera berriak inpaktu handiagoak edo desberdinak izatea biztanlerian eta giza osasunean.
Izan daitezkeen bestelako inpaktuei dagokienez, esan behar da ez dela aurreikusi R5 birziklatze-jarduera berriaren ezarpenak floran inpaktu esanguratsurik eragingo duenik, balio naturalistikoko landaretzarik gabeko eremu batean egingo delako.
Aurreko kasuan bezala, ez da aurreikusi faunaren eta biodibertsitatearen gaineko afekziorik, eremu horrek interes naturalistikorik ez duelako azterlan honen esparruan egon daitezkeen espezieentzat.
Jarduera berria jadanik artifizialdutako eremu batean gauzatuko denez, lurzoruaren gaineko inpaktua ere ez da adierazgarria.
Uren, faktore klimatikoen, aldaketa klimatikoaren, paisaiaren eta ondasun materialen eta kultura-ondarearen gaineko afekzioak ere ez dira aipagarriak, halakorik izateko aukerarik ez dagoelako, edo aukera gutxi, edo, izanez gero, txikia izango litzatekeelako.
Bigarrena.– Proiektua egikaritzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsagarriak eta baimen sektorialetan adierazitakoak ez ezik, baldintza hauek ere izan behar dira kontuan:
– Proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira obrak eta lurra erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak. Aipatutako eremutik kanpo, obretako makinak ahalik eta gutxiena ibiliko dira. Jardueraren mugen kontrol zorrotza egin beharko da, eta, horretarako, hesi bat eraiki.
– Bestalde, obra-fasean lurrak mugitu eta proiektuak eragina baldin badu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak gauzatu edo instalazioak egon diren lur zatietan, halako eremuetan edozein jarduketa egiteko, aurretiaz ingurumen-organoaren baimena beharko du, Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean aurreikusitakoaren esparruan.
– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua eta lurzoru kutsatua prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea.
– Balorizatu beharreko materialaren deskarga eta biltegiratzea, bai kanpokoa bai barrukoa, behar bezala iragazgaiztutako azalera batean egingo da, eta urak jasotzeko sistema bat jarriko zaio.
– Hondakinak biltegiratzeko eremu egokiak gaitu beharko dira tipologiaren, sailkapenaren eta bateragarritasunaren arabera. Hondakin arriskutsuak estalita biltegiratuko dira, zolata iragazgaitz baten gainean eta ihesak edo lixibiatu likidoak biltzeko sistemarekin. Gainera, gutxienez hondakin hauek bereiz biltegiratzeko edukiontziak egongo dira: papera eta kartoia, plastikoak, metalak eta hondarren frakzioa.
– Airearen kutsadurari dagokionez, jarduera horrek, atmosfera kutsa dezakeen jarduera izateagatik, izan behar duen baimenean ezarritakoa betetzeaz gain, arreta berezia jarriko zaio ahalik eta hauts gutxiena sortzeari. Horretarako, honako neurri hauek hartuko dira kontuan:
Balorizatzekoa den materiala aurrez busti egingo da eremu kritikoenetan, egokitzat jotzen den maiztasunarekin.
• Uda-garaietan edo prezipitaziorik ez dagoenean kamioien joan-etorrietarako eremuak ureztatuko dira.
• Aspertsore-sistema bat erabiltzen bada materiala eta iraganbideak bustitzeko, alde kritikoenak ureztatzeko punturik egokienean kokatuta daudela egiaztatuko da eta jarduerak eskatutako behar besteko maiztasunarekin lan egingo dutela. Instalazioko aspertsore-sistema aldizka berrikusi beharko da, hala dagokionean, egoera onean iraun dezan. Ildo horri jarraikiz, legionellosia prebenitzeari zein kontrolatzeari buruzko uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua izan behar da kontuan.
• Gehigarri tentso-aktiboak eta ur egonkortzaileak injektatzeko beharra dagoen aztertuko da, ureztatzearen eraginkortasuna areagotu dadin.
• Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxiena sortzeko moduan egingo dira.
• Biltegiratzeetarako baldintzei dagokienez, begiratu beharko da haizeak hondakinak eraman ez ditzan, bai eta bestelako hondakinak edo hondakin-osagaiak gal ez daitezen ere. Metaketen altuera kontrolatuko da.
• Materialak kanpoaldean metatuta dauden kasuetan, metaketa horiek haize-babeslekuetan kokatuko dira.
• Bestetik, materiala garraiatuko duten ibilgailuak olanekin edo hautsa ez harrotzeko bestelako elementuekin estali beharko dira.
• Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen suspentsioa ahal den txikiena izan dadin.
• Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
– Kutsadura akustikoari dagokionez: Kutsadura akustikoa prebenitzeko beharrezko neurriak hartuko dira; esaterako, eragin akustiko txikiagoko teknologiak baliatu behar dira, direnik eta teknika onenak, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean kutsadura gutxien sortzen dutenak, kasuko kutsatzaile akustikoaren bereizgarriak kontuan hartuta, eta betiere kutsadura-iturri berriei aplikagarri zaizkien muga-balioak betez, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta gainerako araudietan ezarrita daudenak.
Era berean, jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute eta, batez ere, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuta, makineriak egoera optimoan (bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez) funtzionatzen duela bermatzeko.
– Hondakinen sorkuntza minimizatu egingo da ahal den neurrian.
Sortutako hondakinak lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta, prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, ingurumenean eraginik ez izateko moduan deuseztatuko dira hondakinak, edo ahalik eta eragin txikiena izateko moduan.
Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan zein ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak baliatuko dira, nahasterik ez izateko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira behintzat.
Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko, instalazio horietarako diren baldintza teknikoak bete beharko dira.
Baztertzen diren olioen, baterien, makinerien mantentze-hondakin arriskutsuak eta, oro har, arriskutsutzat jotako substantzia/prestakin guztiak, horiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapuak eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar behar bezalako baldintzetan baztertuko dira, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen arabera eta aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei eta hondakin arriskutsuei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta gainerako araudiaren arabera.
– Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak instalazioan hori egiteko egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.
– Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendua egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik izango denik. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Verter Recycling 2002, S.L. enpresak Zaldibarren egin nahi duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduerari (R5 birziklatze-jarduera) ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea bai Zaldibarko Udalari bai proiektuaren sustatzaileari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 10a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.