EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2015227

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2015eko abenduaren 22ko bilkuran hartua Alonsotegi Eraikiz, SAU Udal Sozietate Publikoaren 2010eko fiskalizazio-txostena behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2015-12-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201605071
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2015eko abenduaren 22an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
Alonsotegi Eraikiz, SAU Udal Sozietate Publikoaren 2010eko fiskalizazio-txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 atalak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 22a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
ALONSOTEGI ERAIKIZ, SAU UDAL-SOZIETATE PUBLIKOAREN 2010EKO FISKALIZAZIO-TXOSTENA
Laburdurak.
10/2003 FA: 10/2003 Foru Araua, abenduaren 2koa, Bizkaiko lurralde historikoaren toki erakundeen aurrekontuei buruzkoa.
1372/1986 ED: 1372/1986 Errege Dekretua, ekainaren 13koa, toki erakundeen ondasunen araudia onesten duena.
AASS: Arau Subsidiarioak.
APKLTB: 2/2000 Legegintzazko Errege Dekretua, ekainaren 16koa, Administrazio Publikoetako Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena.
BEZ: Balio Erantsiaren gaineko Zerga.
BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.
EAO: Estatuko Aldizkari Ofiziala.
EB: Jardun Unitatea.
EBAO: Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala.
ED: Errege Dekretua.
EK: Espainiako Konstituzioa.
ES: Egoitza sektorea.
HKA: 3288/1978 Errege Dekretua, abuztuaren 25ekoa, Hirigintza kudeatzeko arautegia onesten duena.
HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.
LHL: 2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa.
LUO: Lurraren Udal Ondarea.
MEAO: Merkataritza Erregistroaren Aldizkari Ofiziala.
PBSA: Pertsona Bakarreko Sozietate Anonimoa.
PTE: Prezio Tasatuko Etxebizitzak.
TAOAL: 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.
TEOA: 1372/1986 Errege Dekretua, ekainaren 13koa, Toki Erakundeen Ondasunen Araudiari buruzkoa.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Alonsotegi Eraikiz, SAU Udal Sozietate Publikoaren 2010eko fiskalizazio-lana mamitu du.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: diru-sarrerak, erosketak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria eta obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak. Azterketa lan hau fiskalizatu den ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztaketak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: 2010eko abenduaren 31n dagoen egoera-balantzea ezargarriak zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorren egiaztatzea, zeina Alonsotegiko Udalari egindako aktibo eta pasiboaren lagapen osoko eskrituran formulatu den.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik barne hartu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu. Berebat, atal honetan lanean zehar azaleratu diren eta Udalean eragina duten alderdi aipagarriak ere jaso ditugu.
Sozietatea pertsona bakarreko sozietate anonimo modura eratu zen 2003ko urriaren 17an, akziodun bakar Alonsotegiko Udala izanik eta egoitza soziala udaletxean bertan jarriz.
Sozietatearen helburua, estatutuen 3. artikuluari jarraikiz, labur esanda, honako hau zen: etxebizitza, merkataritza areto eta garajeen urbanizazio-lan, eraikuntza eta sustapen eta konponketa oro; zeinahi eratako herri-lanak egitea, era guztietako udal-zerbitzuak ematea eta udalerriko ondasun higigarri eta higiezinen mantentze-lan, zaintza eta kudeaketa; ondasun higigarri eta higiezinen gaineko eskubide mota ororen eskualdaketa; lurzoruaren hirigintzako kudeaketarako hitzarmenak eta sozietateari agindutako eta bere gain hartutako bestelako zeinahi hirigintzako jarduera izenpetu eta egikaritzea, idatzitako baldintzetan.
Alonsotegi Eraikiz, SAU sozietateak, 2011ko apirilaren 28an egindako Aparteko Batzar Orokorrean aho batez erabaki zuen Sozietatea likidaziorik gabe desegitea eta bere aktibo eta pasibo guztiak bazkide bakar duenaren alde, Alonsotegiko Udalaren alde, lagatzeko proiektua onartzea; Udalak berak ere, 2011ko apirilaren 28an egindako Osoko Bilkuran aipatutako eragiketa berretsi zuen.
Hona hemen Sozietatearen jarduera nagusiak sorreratik desegin bitartera arte, 2011ko ekainaren 10eko eskritura publikoan jasoa:
a.– Egikaritza unitatea EU 1.1: Alonsotegiko Udalari hainbat lursailen erosketa; norbanakoei lursailen erosketa; birpartzelazio-proiektua egitea; norbanako bati bere jabetzako lursail guztien salmenta egikaritze-unitatean.
b.– Udalaren futbol zelai berria: Alonsotegiko Udalarekiko hitzarmena; lursailen erosketa; obren kontratazioa.
c.– Soloburuko lursailak (Goikosolo): Udalaren Osokoaren erabakia, Sozietatearekiko trukea onartzen duena. Udalak bere jabetzako dituen hainbat lursail eta orduan BFAren jabetzakoak ziren beste batzuk emango ditu; baita eskudirutan hainbat kopuru ere. Ordainetan, Sozietateak Madinabeitia doktorearen plazako hirigintza lanak egingo ditu, osasun zentro bat eraiki eta zehaztugabe utzi diren hainbat obra, eskudirutan kopuru jakin bat emateaz gain. Lursail hauek hirigintza-sustatzaile pribatu bati esleitu eta saldu.
d.– Udal-pilotalekua zaharberritu eta handiagotzeko hitzarmena: ez dira dagozkion obrak gauzatu, pilotalekuaren egiturak zuen egoerak ez baitzuen aurreikusitako lanak egiten uzten.
e.– Gazteriaren eta jasangarritasun politikak kudeatzeko Udalak egindako mandatuak, gauzatu ez zirenak, horretarako beharrezkoa zen langileria kontratatuz.
Txosten hau idatzi dugun datan Barakaldoko 1 zk. Instrukzioko Epaitegiak aldez aurreko eginbideak abiarazi ditu Alonsotegi Eraikiz, SAU merkataritza enpresari dagokionez, prebarikazio eta ondasunak bidegabe erabiltzearen ustezko delituagatik.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Kontrola eta antolamendua.
1.– Estatutu sozialen 30. artikulua eta 10/2003 FAren 73. eta hurrengo artikuluak ez ezik, 1174/1987, EDren 4.1.i) artikulua ere urratu dira, izan ere, horretarako eskumena duten Udalaren zerbitzuek ez dute 2006az geroztik kontrol ekonomikorik egin.
Honi dagokionez, Udalaren artekaritzak 2006, 2007 eta 2008ko ekitaldiei zegokienez egindako eragozpen-oharretan jasota utzi zuen euren egitekoak betetzeko zuen ezintasuna, bai legezkotasun, ekonomia, eraginkortasun eta efizientziaren kontrolari zegokionez, bai finantzaren kontrolari zegokionez ere, Alonsotegi Eraikiz, SAUk ez zuelako ondotik adierazitako honen guztiaren agiri justifikagarririk igorri:
– Sozietateak egindako esleipenenak, administrazioko kontratazioan buru egin behar duten publikotasun eta lehia printzipioak bete direla egiaztatzeko.
– Sozietateak izenpetutako akordio eta hitzarmenen egikaritzan gauzatutako prozedurenak eta horietatik eratorritako esleipenenak.
– Aurreko hitzarmen edo akordioak egikaritzean jasotako funtsei emandako norakoarena.
– Gazteriaren eta ingurumenaren alorrean zerbitzu emateko Udalaren kudeaketa-mandatuen onespenena, 2008ko ekitaldiari buruzkoak.
– Auditoria txostena, oroitidazkia eta kudeaketa txostenenak.
Txosten hauek 2011ko apirilaren 15eko artekaritza txostenean berresten dira; bertan kontrol eza honi dagokionez esaten da, gainera, ez dituela ezagutzen sozietateak izenpetu izan ditzakeen akordio, hitzarmen edo kontratu guztiak.
Hitzarmenak.
2.– Higiezinen agentzia pribatu bati JU 1.1ean dauden lursailak saldu zitzaizkion 4,3 milioi euroren zenbatekoan, gehi BEZa; nahiz espedientean lehiaketa bat deitu zela esaten den, ez dugu deialdi hori euskarrituko duen inongo agiri euskarririk eskuratu, ez eta jasotako eskaintzak ere; honenbestez, ezin egiazta dezakegu publikotasun eta lehia printzipioak bete direla.
3.– Soloburun dauden lursailak eta osasun zentro berri baten proiektu-proposamena eta Madinabeitia Doktorearen plazan lurrazpiko aparkalekurako proiektu bat aurkezteko obligazio osagarria batera lizitatu ziren, elkarrekin egiteko beharra justifikatu gabe eta 2007ko apirilaren 25ean esleitu ziren 5,4 milioi euroren zenbatekoan; honek hauek guztiak urratzen ditu:
– APKLTBaren seigarren xedapen gehigarria, kontratu hori prentsan argitaratze hutsak urratu egiten baititu publikotasun eta lehia printzipioak. Gainera, obligazio osagarria EBAOn eta EAOn argitaratu behar zatekeen, orduan indarrean zegoen APKLTBaren 203.2 artikuluak agintzen duen moduan.
– LHLren 118. artikulua, 3,2 milioi euroan lizitatu eta 5,4 milioi euroan esleitu baitzen; prezio horiek Udalaren eta Alonsotegi Eraikiz, SAUren arteko lursailen trukerako egindako tasazioaren arabera udal-eskubideen balioaren 5,9 milioi euroak baino txikiagoak dira.
– 1372/1986 EDren 113. artikulua, ez Udalarenak ez Alonsotegi Eraikiz, SAUrenak ez ziren ondasunak lizitatu zirelako, beste administrazio bati lagatako erabilera zuten beste batzuez gain. Horren ondorioz, salmenta eskrituran jasotzeko unean ezin eskualdatu izan ziren esleitutako lursailak, baizik eta horien zati bat; ordainetan 3,5 milioi euro ordaindu ziren (BEZik gabe) eta 0,3 milioi euroren balioa zuten proiektuak entregatu ziren, aipatutako tasazioak jasotzen dituen 4,8 milioi euroak baino prezio txikiagoa.
– Objektibotasun printzipioa, proiektuak -obligazio gehigarria izanik- eskaintzak balioztatzeko txosten teknikoa egin zuenarekin lotura duen sozietate pribatu batek egindakoak direlako.
Kontratazioa.
4.– Alonsotegi Eraikiz, SAU kudeatzeko kontratua bertako Administrazio Kontseiluko kide batek izenpetu zuen 2003ko abenduaren 23an beste merkataritza-sozietate bat ordezkatuz ziharduela, non bera administratzailea zen. Sozietateak 712.394 euro ordaindu zituen (zergarik gabe); kontratua lehiarik bideratu gabe eta APKLTBean ezarritako publikotasun eta lehia printzipioak saihestuta esleitu zen, hasiera batean lau urteko iraupenarekin, 2011ko otsailera arte luzatu dena. Gainera, 2004ko urtarrilean kontseilari horrekin lotura zuten enpresekin aholkularitza fiskal eta kontularitzako zerbitzuak zuzenean kontratatu ziren eta 214.235 euro ordaindu ziren 2010eko martxora bitartean (zergarik gabe); ez dago jasoa, baina, APKLTBean jasotako publikotasun eta lehia printzipioak bere direla, ez eta horren gaineko inongo kontraturik gauzatu izana.
5.– Alonsotegi Eraikiz, SAUk 2004 eta 2007 bitartean hirigintza eta arkitekturako gaietan aholkularitza eta laguntza teknikoa emateko bi kontratu esleitu zizkion beste kontseilari batekin zerikusia zuen enpresa bati, 426.400 euro (Sozietateari aholkularitza eta laguntza teknikoa, JU 1.1 eremuan udalaren lursail publikoko obrak idatzi, egikaritu eta zuzentzeko) eta 125.000 euro (anbulatorioko eraikin berriko lanen zuzendaritza teknikoa) (BEZik gabe); horrek APKLTBaren 2. artikuluan eta 6. xedapen gehigarrian eta SPKLren 7. xedapen iragankorrean finkatutako publikotasun eta lehia printzipioak urratzen ditu. Kontratu hauek 627.400 euroren egikaritza izan dute. Horrezaz gain, aipatutako sozietateak 2005 eta 2007an beste lan batzuk ere fakturatu zituen, 246.826 euroren zenbatekoan.
Kontseilari horrek aipatutako enpresaren bitartez futbol zelaia eraikitzeko lanaren esleipendunarentzat proiektuak eta zuzendaritza teknikoak egin zituen, objektibotasun printzipioa, bateraezintasun profesionalen araubidea eta abstenitzeko betebeharra hautsiz, zeinari meneratzen zaion profesional hori, kontratatu aurretik esleipen horren aldeko txosten teknikoa egina baitzuen.
6.– Madinabeitia Doktorearen Plazako lanen egikaritza xede duen espedientean (3 zk. esp.), ez da egiaztatu objektibotasun printzipioa bete dela, izan ere, ez dira justifikatu esleipena egiteko baliatu dituzten arrazoiak, ez eta hori euskarrituko duen txosten teknikorik ere.
7.– Ez dugu eskuratu 2. espedienteari dagokion ez txosten teknikoa, ez aurrekontua, ezta obraren azken kitapena ere. Gainera, ez da espedientean justifikatu enpresa esleipendunari zuzendaritza fakultatiboa batera kontratatu izana, APKLTBaren 197.2 artikuluan jasotako debekua urratuz. Obraren kostua % 154 garestitu da esleitutako zenbatekoarekiko eta horrek kontratuaren xedea ez ezik, bolumen ekonomikoa ere desitxuratzen du, APKLTBaren 101. artikulua urratuz.
8.– 1 zk. espedientean ez dira kontratua gauzatu zen unean gehitu ziren obra osagarriak zehaztu, ez horien kostua ere eta gainera, ez da espedientean justifikatu enpresa esleipendunari zuzendaritza fakultatiboa batera kontratatu izana, APKLTBaren 197.2 artikuluan jasotako debekua urratuz. Obraren azken kostua % 64 garestitu da esleitutako zenbatekoarekiko eta horrek kontratuaren xedea ez ezik, bolumen ekonomikoa ere desitxuratzen du, APKLTBaren 101. artikulua urratuz.
Epaitegi honen iritzira, Alonsotegi Eraikiz, SAU sozietate publikoak, 1etik 8ra bitarteko paragrafoetan aipatutako ez betetzeak aintzat hartuta, ez du bete 2010eko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Egoera balantzeari buruzko iritzia 2010-12-31n.
1.– Hona hemen 2010eko abenduaren 31n Egoeraren balantzea eragiten duten doiketak, 2011ko ekainaren 10eko aktibo eta pasiboaren lagapen osoko eskrituran formulatu dena:
2.– Higiezinen merkatuak egun bizi duen egoera eta adituen tasazio eza aintzat hartuta, ez dakigu zenbatekoa izan daitekeen osasun zentro zaharra egitearen eta Alonsotegi Eraikiz, SAUren jabetzakoa den Errota, 2an dagoen aretoaren balioa, 2010eko abenduaren 31n 410.088 euroan erregistratu direnak.
Epaitegi honen iritzira, 1. paragrafoan adierazitako salbuespen oso esanguratsuaren eta 2. paragrafoan adierazitako zalantza egoeraren eraginaren ondorioz, Alonsotegi Eraikiz, SAU sozietate publikoaren 2010eko abenduaren 31ko egoeraren balantzeak, aktibo eta pasiboen lagapen eskrituran txertatu denak, ez du data horretako ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten, era honetako egoera finantzario baten prestalanari ezargarria zaion finantza informazioaren araudi esparruari jarraikiz eta zehazki, bertan jasotako kontabilitateko printzipio eta irizpideei jarraikiz.
Ondoko gertakaria.
2013ko uztailaren 30ean, Udalak zorra ordaintzeko akordioa erdietsi zuen osasun zentroko obraren kontratistaren konkurtso-administratzailearekin, Alonsotegi Eraikiz, SAU eta Udalaren erregistroen arabera, 566.944 eurorena zena; horren arabera, administratzaileak 120.000 euro ordaindu beharko zituen eta hala egin zuen 2013ko ekitaldian.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
– 2010eko abenduaren 31ko kontabilitateak ez zituen ekitaldian izandako hainbat mugimendu jasotzen; horiek ez dute eraginik sozietatearen berezko funtsen gainean, bai, ordea, aktibo eta pasiboen sailkapenaren gainean (ikus A.2):
– Udalak egindako 958.072 euroren ekarpena, kreditu kontu bat kitatzeko.
– 114.169 euroren kobrantza, 2009ko ekitaldiko BEZaren likidaziokoak.
– Ez dira Merkataritza Erregistroan Alonsotegi Eraikiz, SAUren urteko kontuak gordailatu, 2007 eta hurrengo ekitaldiei dagozkienak.
– Alonsotegi Eraikiz, SAUk ez du BFAren aurrean 390 eredu-orria aurkeztu, 2010eko ekitaldiko BEZaren aitorpenari buruzkoa.
– Aurrekontuko esleipenik ez izateak, artekaritzako eragozpen txostenetan adierazi izan den moduan, eragin du Udalak 2012ko ekitaldira arte atzeratzea egin dituen ordainketa guztien aurrekontuko kontabilizazioa, Alonsotegi Eraikiz, SAUk 2010eko abenduaren 31ko Egoera balantzean kitatzeko zituen hartzekodunen saldoetatik eratorritakoak. Horrezaz gain, Udalak 87.368 euro ditu erregistratzeko, Madinabeitia Doktorearen plaza urbanizatzeko obraren azken ziurtagiriaren atal bati dagozkionak.
III.2.– Antolamendua.
– 2005eko apirilaren 14an eta 2007ko abenduaren 4an egindako Administrazio Kontseiluaren aktak soilik eskuratu ditugu, nahiz hainbat agiritan beste bilera batzuk egin izanari aipamen egiten zaion, esate batera, 2005eko abenduaren 20koa, 2008ko ekainaren 3koa, 2008ko uztailaren 15ekoa eta 2008ko azaroaren 6koa. Halaber, ez dago erasota 2009ko ekitaldiko Sozietatearen Akziodunen Ohiko Batzar Orokorra egin denik.
– Sozietatearen kontu korronte nagusiko funtsen erabilera bereizi gabeko sinadura bidez egiten da; baimena duenetako bat sozietateko Kontseilari Ordezkaria da; kontabilitatea, aholkularitza juridiko eta fiskala partaidetutako sozietateek kudeatzen dituzte edo berorrek administratzen du eta honenbestez, ezin ziurta dezakegu barne kontrolek modu egokian funtzionatu dutenik.
III.3.– Hirigintzako hitzarmenak.
– Udalak eta Alonsotegi Eraikiz, SAUk 2003ko abenduaren 11n hitzarmena izenpetu zuten, azken honi Udalaren Lurraren Udal Ondarea osatzen duten eta JU1.1ean dauden ondasun eta eskubideak besterentzeko; hona hemen azaleratu diren ez-betetzeak:
– Alonsotegiko Udalaren Osokoak 2003ko abenduaren 11n onartu zuen udalerriko arau subsidiarioen JU 1.1ean dauden Lurraren udal-ondareko ondasunak sozietate publikoari zuzenean besterentzea, Lurraren Ondare Publikoei buruzko 20/1998 Legearen 10. artikuluaren babesean egoitza izaerako etxebizitzak sustatu zitzan; ez ziren, baina, zehaztu babes publikoari meneratutakoak zirenak, ez eta salmenta prezio gehienezkoak, ezta eraikuntza lanak egiteko gehienezko epeak ere. Gerora, sozietateak babes publikoari meneratutako 20 etxebizitza bereizi zituen, guztira 72 etxebizitzaren gainean, Osokoak berretsi gabe. Ez dugu agiri bidezko dokumentaziorik jaso etxebizitza hauek egiaz esleitu eta saldu izanarenik.
– Udalak besterendutako ondasunen gaineko adituen balorazioa, 1,6 milioi eurorena, nahiz kanpoko tasatzaile batek egindakoa den, ez dute udalaren zerbitzu teknikoek berretsi.
– Dena delako hitzarmenak Alonsotegi Eraikiz, SAUri besterendu beharreko ondasunen zerrenda besarkatzen du. Nolanahi den ere, eskritura publikoan jasotzekoan, ondasun horietako batzuk jaso gabe utzi dira eta beste batzuk gehitu zaizkio, aldaketa hori Osokoak berretsi ez duela.
– 2005eko martxoaren 9an izenpetutako Kudeaketarako hirigintzako hitzarmenaren arabera, Alonsotegi Eraikiz, SAUk JU 1.1ean bere jabetzako ziren ondasun guztiak higiezin enpresa pribatu bati eskualdatu zizkion 4,3 milioi euroan, gehi BEZa; hona hemen azaleratutako akatsak:
– Birsailkapen-proiektuan hirigintzako aprobetxamenduaren balorazioa dago, baina aldeak ikusi dira honen eta hilabete lehenago izenpetutako hitzarmenaren artean, baliatutako salmenta baloreei dagokienez.
– Hitzarmenaren baldintzetan aldaketak egin dira (etxebizitza libreen gehienezko prezioa kentzea, birsailkapenaren ondoriozko B1 lursaila eraikitzeko proiektuen ordainketa geroratzea eta kostua bere gain hartzea, 291.000 euro egin zituena) inongo konpentsazio ekonomikorik adostu gabe edo geroratutako prezioei dagokienez inongo bermerik zehaztu gabe.
– Udalak ez zituen Madinabeitia Doktorearen plaza urbanizatzeko kostuaren 406.977 euroak, BEZik gabe, 2012ko martxoaren 30era arte igorri, behin eroslea 2011ko apirilaren 18ko Auto bidez konkurtso egoeran izendatu ondoren, nahiz obra 2008ko ekitaldian amaitu zen.
– Kooperazioa da JU 1.1en birsailkapen-proiektua kudeatzeko sistema eta honenbestez, Administrazioa bera da urbanizazio lanak egin behar dituena, Hirigintza Kudeatzeko Arautegiaren 186tik 193ra bitarteko artikuluetan jasoa dagoen legez. Alabaina, birsailkapenaren ondoriozko lursaila urbanizatzeko lanak eta Azordoiaga erreka aurkitu eta kanalizatzekoak jabeak berak kudeatu ditu zuzenean. Berebat, ez dago obra horien kostua zehaztea ahalbidetuko duen agiririk, ez eta erreka kanalizatu izanaren harrera aktarik ere.
– Udalaren Osokoak 2007ko martxoaren 30ean Soloburu ESn udal-jabetzako lursailak trukean ematea onartu zuen, gerora hainbat obra egitearen eta konpentsazio ekonomiko baten ordainetan; hona hemen azaleratu diren akatsak:
– Udalak trukean egin beharreko ekarpenean zehaztugabetasuna dago, izan ere, itxaropena ematen da Udalaren jabetzakoak ez ziren lursailekiko edota jabetzakoak izanda ere, hirugarrenei lagata zeudenekiko; baita Izartu I programaren baitan Eusko Jaurlaritzatik eskura zitezkeen diru-laguntzekiko ere.
– Salerosketako eskritura publikoan lursailetako bat bakarrik eskualdatu da, 2,6 milioi euroren balioa emanda; ordea, 2007ko martxoaren 30eko Osokoaren erabakiak euskarritzen duen tasazioaren arabera, balioa 5 milioi eurorena zen.
– Trukean zehaztutako obligazioak egikaritzean, Udalak adostutakoez bestelako diru-laguntzen diru-sarrerak eskualdatu dizkio Alonsotegi Eraikiz, SAUri. Honela, bada, nahiz Udalak ez zuen Eusko Jaurlaritzaren Izartu I programatik diru-sarrerarik eskuratu Madinabeitia Doktorearen plazako lanak egiteagatik, kopuru bereko beste diru-laguntza batzuk eskualdatu zituen, BFAtik jasotakoak plaza horretan egindako lanetarako; ordea, ez zuen Osokoaren erabakia aldatu.
– Ondasunen gaineko adituen balorazioa kanpoko tasatzaile batek egiten du eta Udalak aholku emateko administratiboki kontrataturiko arkitekto batek berresten duen arren, agiri eta izapide bidez oraindik egiaztatu gabe zeuden datuak aintzat hartuta egin da, hala nola Prezio Tasatuko Etxebizitzen kopurua eta balioa, urbanizazio lanen aurrekontua, kalte-ordainak, e.a. Gainera, kanpoko tasatzailearen peritu-balorazioa etxebizitza libreak eta prezio tasatukoak egingo direla iritzita egin da. Ordea, hitzarmenean bertan ez da zehazten eraikiko diren etxebizitzak nolakoak izango diren, egoitza izaerako etxebizitzen sustapena egingo dela soilik baizik.
– Alonsotegi Eraikiz, SAUk Soloburu ESn ondasunak sustatzaile pribatu bati esleitzeko oinarri den txosten teknikoak ez ditu justifikatzen irizpide ez objektiboei emandako puntuazioak. Bestetara, ez dago erasota pleguetan eskatutako % 4ko bermea gordailatu denik.
– 2005eko apirilaren 28an onartutako Hirigintzako Hitzarmenean Udalak Alonsotegi Eraikiz, SAUren esku utzi zuen futbol zelai berriaren eraikuntza, 947.503 euroren ekarpenaren trukean. Aipatutako hitzarmenaren zioen azalpenean jasoa dagoen moduan kopuru hori Sozietateak egin beharreko lanen balioetsitako aurrekontua baino txikiagoa denez gero, 1,5 milioi euroan zenbatetsia, beharrezko diren gainerako diru-sarrerak hirigintzako beste jarduera batzuetatik eskuratu behar ditu, inongo kopuru edo jarduerarik zehaztu gabe. Honela, bada, mandatua zehaztugabea da, bai Sozietateak bere dituen konpromisoei dagokienez, bai beharrezko diren diru-sarrerak eskuratzeari dagokionez ere.
III.4.– Kontratazioa.
– 3 lizitaziotan (1, 2 eta 3 zk. espedienteak) lehiatzaileen gaitasunari eta aurkeztutako agiriei buruzko agiri eza dagoela ikusi da.
– Onartutako azken ziurtagirietan ikus daitekeen moduan Alonsotegi Eraikiz, SAUk egindako lanak 2006 eta 2009 bitartean amaitu ziren arren, harrera aktak ez zituen obra zuzendaritzak izenpetu 2011ko irailera arte, aipatutako atzeraldiak justifikatuko dituen txostenik batere ez dagoela (Ikus A.8).
– Zerbitzu juridikoak eta hirigintzakoak emateagatik 32.184 eta 32.550 euroren bi faktura ordaindu dira, Alonsotegi Eraikiz, SAU eratu aurretik egindakoak.
IV.– Egoeraren balantzea 2010eko abenduaren 31n.
Alegazioak:
Joseba Mirena Urbieta Lemos, Alonsotegiko Udalaren alkateak aurkeztutako Alonsotegi Eraikiz sozietate publikoaren fiskalizazio-emaitzei buruzko alegazioak, 2010.
I.– Alegazioak txostenaren ondorioei.
II.1.– Legeak betetzeari buruzko iritzia. kontrola eta antolamendua.
«I. Ez dira bete Gizarte Estatutuen 30. artikulua eta 10/2003 FAren 73. artikulua eta hurrengoak, ezta irailaren 18ko 1174/1987 EDaren 4.1. i) artikulua ere, Udaleko zerbitzu eskudunek ez baitute kontrol ekonomikorik egin 2006az geroztik.
Ildo horretan, Udalaren kontu-hartzailetzak bidalitako eragozpen-txostenetan, 2006, 2007 eta 2008 ekitaldiei buruzkoetan, agerian jarri zen ezinezko zuela zegozkion funtzioak gauzatzea, bai legezkotasunaren, ekonomiaren eta eraginkortasunaren nahiz eragingarritasunaren arloko kontrolari dagokionez, bai finantzen arloko kontrolari dagokionez, Alonsotegi Eraikiz, SAU sozietateak ez baitzuen bidali honako hauen justifikazio-dokumentazioa:
– Sozietateak egindako esleipenak, administrazio-kontratazioa zuzendu behar duten publizitate eta lehia printzipioak betetzen direla egiaztatzeko.
– Sozietateak sinatutako akordioak eta hitzarmenak gauzatzeko jarraitutako prozedurak, baita horien ondoriozko esleipenak ere.
– Aipatu hitzarmenak eta akordioak gauzatzeko jasotako funtsen norakoa.
– Udaleko kudeaketa-aginduen onarpena, Gazteria eta Ingurumen arloetan zerbitzuak eskaintzeko (2008 ekitaldikoa).
– Kontu-ikuskapeneko txostena, memoria eta kudeaketa-txostena.
Txosten horiek kontu-ikuskaritzaren 2011ko apirilaren 15eko txostenean berresten dira; txosten horretan, gainera, adierazten da kontrol-gabezia horri dagokionez, ez direla ezagutzek sozietateak izenpetu ahal izan dituen akordio, hitzarmen edo kontratu guztiak."
Alegazioak:
Alegazioei buruzko idatzi honen goiburuan adierazi den moduan, Alonsotegiko Udaleko egungo alkate-udalburu gisa egiten dut esku-hartze hau; kargu hori maiatzeko tokiko hauteskundeak izan eta hautaketa korporatiboan ni aukeratu nindutenetik betetzen dut.
Ez nik, ezta egungo udal-korporazioko inork ere ez dugu Alonsotegi Eraikiz sozietate publikoari loturiko kargu edo erantzukizun politikorik edota profesionalik zein enpresa-erantzukizunik izan.
Halaber, Alonsotegiko Udaleko egungo funtzionarioek edo langileek ere ez dute izan zerbitzu-harremanik sozietate publiko horrekin.
Zuzentzen natzaion Epaitegiak ondo dioen moduan, kide bakarreko sozietate anonimoa 2013ko urriaren 17an eratu zen, eta haren xedea zen (Estatutuetako 3. artikulua) edozein motatako hirigintzako, eraikuntzako, sustapeneko eta konponketako lanak egitea etxebizitzen, lokal komertzialen eta garajeen arloan; edozein motatako lan publikoak egitea; mota guztietako udal-zerbitzuak eskaintzea; eta udalerriko ondasun higigarrien eta higiezinen mantentze-lanak egitea, eta horiek zaintzea eta kudeatzea: higigarrien eta higiezinen gaineko edozein motatako eskubideak hartzea eta transmititzea, eta, idatziz jasotako baldintzetan, lurzoruaren hirigintza-kudeaketarako hitzarmenak sinatzea eta gauzatzea, bai eta sozietateari agindutako eta hark bere gain hartutako beste hirigintza-jarduera batzuk egitea ere.
Bada, egungo udalkideek ez dute sozietate horren kudeaketarekin lotutako kargurik izan; hain zuzen, sozietateak zegozkion kudeaketa-organoak zituen (Administrazio Kontseilua, kudeaketa, aholkularitza juridikoa, aholkularitza teknikoa, kontabilitatekoa, eta abar).
Hortaz, izenpetzaileak ulertzen du egungo udalkideek eta, bereziki, alkatetza honek, Kontu Publikoen Euskal Epaitegiarekin izandako harremanari dagokionez zintzo eta lankidetza osoan jardun dutela, udaletxean zeuden datu eta aurrekari guztiak helaraziz.
Halaber, alkatetza hau jakitun da Alonsotegi Eraikiz enpresari lotuta balizko prebarikazioaren eta bidegabeki erabiltzearen arloko delitu batengatik ikerketa kriminal bat dagoela, eta Barakaldoko Instrukzioko 1. zenbakiko Epaitegia horren jakinaren gainean dago; epaitegi horren jurisdikzioari eta eskumenari erabateko errespetua diogu.
Kontuen Euskal Epaitegiarekin dugun lankidetza-ildo horretan, jakinarazten dugu Campezo Obras y Servicios SL enpresaren idatzi bat jaso genuela 2015eko urriaren 23an. Idatzi horretan planteatzen zen 165.107,45 euroko zenbateko nagusiaren eta sortutako interesen 73.691,07 euroko zenbatekoaren ordainketa, euste-horma bat eraikitzeko lanak direla-eta.
Hala, idatzi horren kopia bat erantsi da, Epaimahai hori jakinaren gainean egon dadin.
Halaber, Kontuen Euskal Epaitegiaren txostena egin ondoren ezagutu den notario-aktan jasotako beste dokumentazio bat erantsi da.
Alonsotegiko Udaleko alkate ohi Aitor Santisteban Aldamak aurkeztutako alegazioak.
Nik, behean sinatzen dudan honek, bere garaian Alonsotegiko Udaleko (Bizkaiko Lurralde Historikoa) alkate-lehendakari kargua izan eta egikaritu nuen, eta eginkizun hori jarduteari utzi nion 2011ko ekainean amaitu zen legegintzaldia bukatzean.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak fiskalizazio prozesu bat egin du udal-korporazio horren eta Alonsotegi Eraikiz, S.A.U. sozietate publikoa zenaren eremuan izan litezkeen ekonomia eta ondare alderdi orori buruz. Bada, nik herri horretako alkate-lehendakari kargua egikaritu nuen aldiaren eta urteen zati bati dagokionez, epaitegi horrek egindako txostena helarazi zait, eta haren edukian jasotako edozein egintza, egoera edo gorabeherari buruzko alegazioak egiteko preklusiozko epe bat eman zait.
Helarazte horretarako ezarritako epearen barruan, prozedura izapide hori egin dut. Hona hemen nire
Alegazioak.
Bakarra.– Lehenik eta behin, aipatzekoa da alderdi honek egingo duen ohar bakarra zerrenda dela: izenpetzen duen honek berak, alkatea edota udal-sozietate publiko horretako organoaren lehendakari zenez, zuzenean ezagutu dituen egoeren zerrenda.
Horrek ez du esan nahi aipatu txostenean jasotako beste gai faktiko, legal, kontzeptual edota kuantitatibo batzuk egiazkotzat onartzen ditudanik, ez espresuki, ez isilbidez. Izan ere, gai horietako asko ezezagunak zaizkit, eta ez dut premisa eta oinarririk egiaz gertatutakoa zein izan den ukatzeko edo baieztatzeko.
Alegazio bat besterik ez, «argitze» gisa gauzatua, eman zaidan txosteneko 2. orrialdeko «II.1.1. Kontrola eta organizazioa» puntuan ageri den alderdi espezifiko bati buruz:
«Sozietateak sinatutako akordio nahiz hitzarmenak eta haietatik eratorritako esleipenak gauzatzean jarraitutako prozedurak».
Baieztapen hori, errespetuz adierazten dut, nire ustez neurriz gain generikoa, anbiguoa eta zehaztugabea da, ez baititu indibidualizatzen eta pertsonifikatzen aztergai izan diren epeak eta legegintzaldiak.
Zehaztu nahiko nuke nire agintaldian, eta sozietate publiko horretatik, bi esleipen besterik ez zela egin: Madinabeitia Doktorearen plazarena eta anbulatorioarena.
Nire iritzira, legegintzaldiak zehaztu beharko lirateke, eta identifikazio elementu garbiak eman, ea zer gertatu zen eta ea nork edo noren agintepean gertatu zen.
Alonsotegiko Udaleko alkate ohi Gabino Martínez de Arenaza Arrietak aurkeztutako alegazioak.
Alegazioak.
Lehenengoa.– Sarrera.
Behin-behineko fiskalizazio-txostenari dagokionez gaiaren mamira sartu aurretik, ondorengo hau argitu behar da:
a.– Idazki hau izenpetzen duena Alonsotegiko Udaleko alkate izan zen 1999ko uztailaren 3tik 2007ko ekainaren 16raino, eta Alonsotegi Eraikiz sozietate publikoko Administrazio Batzordeko buru izan zen eratu zenetik 2007ko abenduaren 4raino.
b.– Nire agintaldia, Udalbatzaren buru, bukatu zenetik, utzi egin nion fiskalizatutako sozietate publikoko lehendakari kargua egikaritzeari. Hala ere, nire kargu-uzte ofiziala ez zen gertatu 2007ko abenduaren 4ra arte; egun hartan, Aitor Santiesteban Aldanak ordeztu ninduen.
c.– Une hartatik, ez dut ezein kargurik izan Alonsotegiko Udalean, ez eta Alonsotegi Eraikiz sozietate publikoan ere.
d.– Ondorioz, guztiz da zaila zuen txostenean jasotako gaiei buruzko dokumentaziorik lortzea.
e.– Behin-behineko txostenean ageri da Alonsotegi Eraikiz sozietatearen egoera balantzea, 2010eko abenduaren 31n. Egun hartarako, adierazi denez, ni ez nintzen jadanik sozietate hartako parte.
f.– Sozietateko Administrazio Kontseiluko kide nintzen aldian, bi jarduketa baizik ez ziren egin: 1.1 egikaritze unitatekoa, eta Alonsotegiko futbol zelaia eraikitzekoa.
Bigarrena.– Txostenaren ondorioei egindako alegazioak, «II.1. Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia» atalari dagokionez.
Kontrol eta antolakuntzari buruz.
Alonsotegi Eraikiz sozietate publikoko lehendakari izan nintzen aldian (2003-2007), sozietate hori behar bezala auditatu zuten, eta urteko kontuak aurkeztu ziren Merkataritza Erregistroan.
Zehazki, 2003ko ekitaldiari dagozkion kontuak 2004ko abenduaren 23an utzi ziren erregistroan; 2004ko ekitaldikoak, 2005eko azaroaren 3an; 2005eko ekitaldikoak, 2006ko uztailaren 28an; eta 2006ko ekitaldikoak, 2008ko martxoaren 4an.
Honekin batera doa, 1. dokumentu gisa, Bizkaiko Merkataritza Erregistroak emandako txostena, hala dela egiaztatzen duena.
Udaleko kontu-ikuskatzaileak 2006, 2007 eta 2008. urteei buruz emandako erreparo txostenei dagokienez, esan beharrekoa da:
1.– Ezin izan dira eskuratu udaletxean dauden erreparo txostenak eskuratu. Alderdi honek haien fotokopiak baizik ez ditu erabili ahal izan.
2.– 2006ko aurrekontuaren likidazio bateratuari buruzko erreparo txostenak 2008ko ekainaren 18ko data du; 2007koak, 2008ko abenduaren 16ko data du; eta 2008ko aurrekontuarenak, 2009ko uztailaren 20ko data du.
Horrenbestez, erreparo txosten horiek guztiak nire alkate agintaldia bukatu ondoren eman dira, bai eta sozietate publikoko nire lehendakari kargualdia bukatu eta gero ere.
Hala ere, horri buruzko zenbait zehaztapen egingo ditut, berez idazkari kontu-ikuskatzailearen fede publikoak estalita egon beharko luketen txosten horien emate unea zalantzan jartzen dutenak.
Hartara, 2006ko ekonomia aurrekontuaren likidazio bateratuari buruz idazkari kontu-ikuskatzaileak emandako txostena, esan bezala, 2008ko ekainaren 18koa da.
Txosten horretako 1. orrialdeko azken paragrafoan, hau adierazten da: «2006ko ekitaldiko kontu orokorra Udalbatzak onartu zuen 2008ko azaroaren 27an eta, hortaz, gainditu egin zen 10/2004 Foru Arauko 63.4. artikuluan xedatutako epea. Izan ere, artikulu horri jarraituz, kontu orokorra hurrengo ekitaldiko uztailaren 31 baino lehen onartu behar da» (alderdi honek ezarri du azpimarra eta letra lodia).
Bistan denez, aipatutakoa ikusita, erreparo txosten hori nahitaez 2008ko azaroaren 27a baino geroago egina izango zen, eta ez, txostenean jasota dagoenez, 2008ko ekainaren 18an. Izan ere, ezinezkoa da 2008ko ekainaren 18an, bost hilabete lehenago, idazkari kontu-ikuskatzaileak jakitea 2008ko azaroaren 27an Udalbatza bilduko zela ez ezik, bilkura hartan 2006ko ekitaldiko kontu orokorra onartuko zenik.
Berdin esan behar dugu 2007ko ekonomia aurrekontuaren likidazio bateratuari buruz idazkari kontu-ikuskatzaileak emandako txostenaz, 2008ko abenduaren 16ko data duenaz.
Aurreko ekitaldiko txostenean bezala, berriro adierazten da hau: «2007ko ekitaldiko kontu orokorra Kontuen Batzorde Bereziak onartu du 2008ko abenduaren 19an». Hau da, 2008ko abenduaren 16an, hiru egun geroago arte gertatuko ez den emaitza bat (2007ko ekitaldiko kontu orokorra onartzea) jasotzen da.
Ageri denez, txosten bietan jasotzen dira oraindik gertatu ez ziren egintzak, txostena egin zen data kontuan izanik. Zantzuek adierazten dute erreparo txosten horiei aurretiko data bat ezarri zaiela, eta ondorioz 2006ko eta 2007ko ekitaldiko kontu orokorra onartzeko aurkeztu zen unean ez zirela erreparo txosten horiek existitzen beharbada.
2008ko ekitaldiko ekonomia aurrekontuaren likidazio bateratuari buruzko txostenaz den bezainbatean (2009ko uztailaren 20ko data du), aipatu behar da bitxia behintzat baden datu bat: txosteneko 2. orrialdeko bigarren paragrafoan adierazten denez, «Bi mila eta zortziko ekitaldiko kontu orokorra Kontuen Batzorde Bereziak onartuko du 10/2003 Foru Arauko 63.4 artikuluan ezarritako epea gaindituta; artikulu horri jarraituz, kontu orokorra hurrengo ekitaldiko uztailaren 31 baino lehen onartu behar da».
Hau da, harrigarria den arren, txostenean bi gertaera jasotzen dira, gertatu baino hamar egun lehenago. Alde batetik, 2008ko ekitaldiko kontu orokorra onartuko dela (nola daki idazkari kontu-ikuskatzaileak onartuko dela, oraindik Kontuen Batzorde Berezia bildu ez bada?); eta, bestetik, onarpen hori foru arauan ezarritako epea gaindituta egingo dela. Ez dakigu idazkari kontu-ikuskatzaileak nola dakien ezarritako epea gaindituko dela, baldin, ustez txostena egin den egunean (2009ko uztailaren 20a) oraindik epe hori, 2009ko uztailaren 31n amaituko zena, gainditu ez bada.
Ez da gai hutsala. Kontuan har bedi baieztatzen dela ez direla betetzen sozietate estatutuetako 30. artikulua, 10/2003 Foru Arauko 73. artikulua eta hurrengoak, eta 1987ko irailaren 18ko 1174/1987 Errege Dekretuko 4.1) artikulua, «Udaleko zerbitzu eskumendunek 2006az geroztik ez zutelako ekonomia kontrola egin». Horretarako oinarria ematen dute Udaleko idazkari kontu-ikuskatzaileak egindako erreparo txosten horiek. Idazkari kontu-ikuskatzaileak adierazten duenez, «ezinezkoa zaio bere eginkizunak egitea, hala legezkotasun, ekonomia eta eraginkortasun nahiz efizientzia kontrolari dagokionez, nola finantza kontrolean; izan ere, Alonsotegi Eraikiz, SAU sozietateak ez du justifikazio dokumentazioa bidali». 2011ko apirilaren 15eko kontu-ikuskatzeko txostenean hau ere baieztatzen da: «kontrol-ez horri dagokionez, ezezagunak zaizkit sozietateak izenpetutako akordio, hitzarmen edo kontratu guztiak».
Aipatu beharrekoa da idazkari kontu-ikuskatzaileak ezezagutza alegatu izana, sozietate publikoak informazio hori bidali ez diola eta, ez datorrela bat errealitatearekin. Sozietate publikoak 2005eko, 2006ko, 2007ko eta 2008ko sozietate aurrekontuak aurkeztu zituen, udal-aurrekontuetan sar zitezen. Horiek aurkeztuta, Kontuen Batzorde Berezira eramaten ziren, batzordeak aurrekontu horiei buruzko txostena ematen zuen, eta Udalbatzara aurrekontu biak batera eramaten ziren, onar zitezen.
Urte guztietan onartu ziren Udalaren eta sozietate publikoaren aurrekontu bateratuak.
Honekin batera doaz, 2, 3, 4 eta 5. dokumentu gisa, 2005., 2006., 2007. eta 2008. urteetako aurrekontuak, hurrenez hurren.
Horiek horrela, agerikoa da, txostenetan adierazitakoa gorabehera, udal-aurrekontuak egin ahal izateko sozietate publikoaren informazioa izan zela (ikus HKEEaren 1. oharra, dokumentu amaieran).
Hitzarmenei dagokienez.
Txosteneko 2. puntuan adierazten da, hitzarmenei dagokienez, 1.1 egikaritze unitateko lurrak (1.673 m2) higiezinen enpresa pribatu bati saldu zitzaizkiola 4,3 milioi euroan (gehi BEZa), eta, espedientean lehiaketa baten deialdia aipatzen den arren, ezin izan dela egiaztatu publizitate eta lehia printzipioak bete izana.
Horri dagokionez, esleipenak beharrezko publizitatea eta lehia izan zuela egiaztatzearren, honekin batera doa, 6. dokumentu gisa, 2005eko martxoaren 2an sozietate publikotik F.R.M. jaunari igorritako jakinarazpena. Jakinarazpenean adierazten zaio B1 emaitza lursaila Basaldi S.L. higiezin enpresari esleitu zaiola. Jakinarazpen horri balioztapen-txostena eransten zaio, Inmobiliaria Basaldi S.L. sozietatearengandik eta Larcovi merkataritza-sozietatearengandik jasotako eskaintzei buruzkoa.
Honekin batera doa, 7. dokumentu gisa, sozietate publikoaren eta Inmobiliaria Basaldi sozietatearen artean 2005eko martxoaren 9an izenpetutako kudeaketako hirigintza hitzarmena (ikus HKEEaren 2. oharra, dokumentu amaieran).
Kontratazioari dagokionez.
Kontratazio ataleko 5. atalean adierazten da sozietate publikoak, 2004tik 2007ra bitartean, aholkularitza eta laguntza teknikoko bi kontratu esleitu zizkiola, hirigintza eta arkitektura arloan, beste kontseilari bati lotutako enpresa bati, publizitate eta lehia printzipioak bete gabe.
Alde horretatik, aipatu beharrekoa da baieztapen hori ez datorrela bat errealitatearekin.
Alonsotegiko udalerriko 1.1 egikaritze-unitatean udal-lursail publikoko (B1 ondoriozko lursaila) obrak idatzi, gauzatu eta zuzentzearren Alonsotegi Eraikiz, S.A. sozietate publikoarentzat aholkularitza eta laguntza teknikoko lanei dagokienez, aipatu behar da lan horiek prozedura irekiz esleitu zirela, hiru enpresa (J.A.L. jauna, Izeta S.L eta Iztau S.L.) lehiatu ziren lehiaketa baten bidez, eta Iztau S.L. izan zela esleipenduna, sozietate publikoarentzat abantailatsuena zen eskaintza egin zuelako.
Honekin batera doa, 15. dokumentu gisa, Alonsotegi Eraikiz sozietateak 2005eko urtarrilaren 11n Iztau S.L. merkataritza-sozietateari egindako jakinarazpenaren kopia (haren bitartez jakinarazi zitzaion esleitze prozesuaren emaitza); eta, 16. dokumentu gisa, esleitze horren ondorioz 2005eko otsailaren 11n izenpetutako zerbitzu profesionalak errentatzeko kontratua.
Lehiaketa hartaz eta geroztiko esleitze erabakiaz geroztik (2004ko abenduaren 20a) 10 urte baino gehiago igaro direnez, ezin izan dut horri buruzko dokumentazio gehiago bildu. Gainera, aipatu bezala, kontuan izan behar da noiz utzi nuen nire kargua sozietatean eta Udaleko alkatetzat, horrek areago zailtzen baitu udaletxean egon beharko den edo egongo zen dokumentazioa lortzea; ez dakit zergatik ez zen dokumentazio hori aurkeztu. (Ikus HKEEaren 3. oharra, dokumentu amaieran).
Alonsotegiko anbulatorioaren eraikin berriaren obretan Arkideak S.L. merkataritza-sozietateak egindako zuzendaritza teknikoari dagokionez, eta garai hartan nik dagoeneko sozietate publikoan ezein kargurik ez nuen arren, orobat Alonsotegiko Udaleko alkatetzat nire agintaldia bukatuta zegoelarik, jakin ahal izan dut zuzendaritza tekniko hori prozedura irekiaz esleitu zela, lehiaketa bidez, publizitate eta lehia printzipioa betez.
Honekin batera doa, 17. dokumentu gisa, 2008ko ekainaren 4an Alonsotegi Eraikiz sozietate publikoaren egoitzan L.R.T. andreak Arkideiak, S.L. sozietatearen izenean eta ordezkaritzat aurkeztutako idazkia. Idazki horren bidez aurkezten da anbulatorioaren eraikin berriaren obren zuzendaritza teknikoa lehiaketa bidez prozedura irekiz esleitzeko dokumentazioa. Idazki horrek aipatutako dokumentazioak nahitaez egon behar du udaletxean, eta alderdi honek ezin du aurkeztu; izan ere, aurrez adierazi bezala, nik, alkate eta sozietate publikoko lehendakari izateari utzi nionetik, ez dut dokumentazio hori eskuratzerik. Ez dakit zergatik Udalak ez duen hori egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu. Dokumentazio horrek nahitaez existitu behar du, esleipena lehiaketaz egin baitzen.
Honekin batera doa, 18. dokumentu gisa, baldintza teknikoen eta klausula administratiboen agiria, anbulatorioaren eraikin berriaren obren zuzendaritza teknikoa lehiaketa bidez prozedura irekiz esleitzeari dagokionez.
Honekin batera doa, 19. dokumentu gisa, Alonsotegiko anbulatorioaren eraikin berriaren obren zuzendaritza teknikoaren kontratua, 2008ko abuztuaren 14an izenpetua, lehiaketaz esleitu eta gero.
Honekin batera doa, 20. dokumentu gisa, 2008ko maiatzaren 20ko Deia egunkariko orrialde baten fotokopia. Hor, Alonsotegi Eraikiz sozietateak iragarri zuen Alonsotegiko anbulatorioaren eraikin berriaren obren zuzendaritza teknikoa lehiaketa publikoz kontratatzeko prozesua.
Honekin batera doa, 21. dokumentu gisa, 2008ko maiatzaren 20ko Cinco Días egunkariko orrialde baten fotokopia. Hor, Alonsotegi Eraikiz sozietateak iragarri zuen Alonsotegiko anbulatorioaren eraikin berriaren obren zuzendaritza teknikoa lehiaketa publikoz kontratatzeko prozesua. (Ikus HKEEaren 4. oharra, dokumentu amaieran).
Hirugarrena.– Eranskinei buruzko alegazioak.
A.3.– Izakinak» eranskinari buruz.
Soloburuko bizitoki sektoreari dagokionez.
Alonsotegiko Udalak eta sozietate publikoak izenpetutako Soloburuko hitzarmenaz, besteak beste, «Madinabeitia Doktorearen plaza urbanizatzeko obrak» gauzatu ziren. Hitzarmen horretan ez zen ezer jasotzen 82 garaje lursail eraikitzeaz, ez udal-erabileretarako lokal bat eraikitzeaz, ez sustapen pribaturako salmenta posiblerako lur bat liberatzeari buruz. Hala eta guztiz ere, jarduketa horiek guztiak egin ziren, eta horrek hainbat gastu gehitu zizkion plaza eraikitzeari, sortu ziren instalazio berrietarako azpiegiturak indartu beharraren eraginez.
Ondorioz, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren txosteneko izakinen balioztapenean, ez daude sartuta ondorengo aktibo hauek, nire ustez kontuan izan beharrekoak:
a) Madinabeitia Doktorearen plazaren lurpean gauzatu ziren 70 garaje lursailek ekonomia aprobetxamendu bat dakarte, sozietate publikoak Udalari entregatutako aktiboetan kontuan izan beharrekoa. Lursail horiek 965.277 euroan daude balioztatuta; horrek lursaileko 13.790 euroren balioa esan nahi du, 37. dokumentu gisa erantsita doan tasazio txostenetik ondorioztatzen denez.
Txosten horretan ez da sartu Madinabeitia Doktorearen plazaren ondoko lurrean (Galarza izenekoa) eraikitako 12 garaje lursailen balioa.
b) Madinabeitia Doktorearen plazaren ondoko lurra, Galarza izenekoa, gaitu eta zimendatu egin zen, eta hor eraiki ziren 12 garaje lursail.
Lur hori sozietate publikoak Udalari egindako baliozko ekarpen bat da, eta kontuan hartu behar da sozietateen izakinetan, Udalari plaza entregatzeko unean.
Lur hori 653.960 euroan balioztatu da, Alonsotegiko Udalak eskatutako tasazioan.
Honekin batera doa, 38. eranskin gisa, tasazio-txosten hori.
Orobat, kontuan hartu behar da hor egikaritu ziren 12 garaje lursailen balioa. Esan bezala, lursail horiek ez daude kontabilizatuta ez Madinabeitia Doktorearen plazan gauzatutako 70 garaje lursailen tasazioko txostenean, ez Galarza izeneko lurraren tasazioko txostenean.
Hala ere, kontuan izanik Madinabeitia Doktorearen plazan gauzatutako lursailen balioa, tasazioak dioenez, 13.790 euro dela, Galarza izeneko lurrean eraikitako 12 lursailen zenbatekoa 164.480 euro da guztira.
Aipatzekoa da ezen, nik dakidala, Alonsotegiko Udalak erabaki duela lur hori 12 garaje plazekin batera 750.000 euroren gutxieneko enkante prezioarekin besterentzea. Horrek sendesten du ondare ondasun bat dela, eta kontuan hartu behar dela izakinak kalkulatzean.
c) Era berean, izakinetan ez dago jasota, sektore horri dagokionez, Madinabeitia Doktorearen plazako etxabeetan dagoen Udalaren erabileretarako lokala, gutxi gorabehera 162,29 m
Ondorioz, hitzarmenean aurreikusita ez zeuden aktibo higiezin gehigarriak sortu dira Udalarentzat, eta kontuan hartu behar dira balantzea egitean. (Ikus HKEEaren 5. oharra, dokumentu amaieran).
Halaber, eta nahiz eta HKEEren txostenean kontuan hartzen den antzinako osasun zentroaren balioa, higiezintzat, hala ere izakinetan ez da aintzat hartzen higiezin horren kokaleku den lurraren balioa, lur hori sozietate publikoaren jabetzakoa izanik, Udalari erosi baitzion Soloburuko hitzarmenaren bidez.
Orobat, aipatzekoa da HKEEren txostenean antzinako osasun zentroaren balioa 254.000 euro dela adierazten dela. Ez dakit nola iritsi zareten kopuru horretara, are gehiago kontuan hartzen badugu badela tasazio txosten bat, higiezin hori 458.219,29 euroan balioztatu duena. Honekin batera doa, 39. dokumentu gisa.
Berriz aipatzekoa da, era berean, antzinako osasun zentroaren kokaleku den lurra ez dela balioztatu eta ez dela aintzat hartu izakinetan, nahiz eta Soloburuko egikaritze unitatea birpartzelatzean ezarritako balioak aplikatze hutsarekin ondorioztatzen den finkaren gainazala 954,73 m
Osasun zentroari eta Madinabeitia Doktorearen plazari dagokienez.
Atal horretaz den bezainbatean, Madinabeitia Doktorearen plazari dagokionez, alderdi honek aurreko atalean kontuan izan gabeko izakinei buruz adierazitakoa berresten du.
Udalaren futbol zelaiari dagokionez.
HKEEren txostenean adierazten da sozietate publikoak, futbol zelai berria eraikitzeari buruz, «izakinen balio handiagotzat erregistratu duela 149.334 euroren faktura bat, BEZik gabe. Faktura horren kontzeptua «Alonsotegin euste horma bat eraikitzea» da. Hala ere, faktura hori ez zetorren bat udal-sozietateak agindutako lanekin, baizik eta Udalak agindutakoekin, eta Udalak kontabilizatu eta ordaindu zuen faktura hori 2006an. Horregatik guztiarengatik, eragiketaren erregistro egokiak berekin lekarke izakinen kontua 142.334 euroan txikiagotzea eta zerbitzuak egiteagatiko zordunen kontua 165.107 euroan txikiagotzea; hartara, funtsak 22.773 euro handituko lirateke».
Horri dagokionez, aipatu behar da sozietate publikoak Pavisa merkataritza-sozietateari ordaindutako fakturaren zenbatekoa Udalarentzat egindako jarduketa batzuei dagokiela, eta ez zaizkiola sozietate publikoari egoztekoak.
Sozietate publikoak berari ez baizik Udalari zegokion lan baten faktura hori ordaindu du. Beraz, edo Udala zordun zaio sozietate publikoari faktura horrengatik, edo Pavisa merkataritza-sozietatea zordun zaio sozietate publikoari faktura horrengatik.
HKEEren txostenak dio faktura hori bi aldiz ordaindu zela (Udalak behin, eta sozietate publikoak beste behin). Horrenbestez, faktura bikoiztua kobratzea sozietate publikoari dagokio, zordun agertuta, eta gai hori ez dago jasota txostenean (ikus HKEEaren 7. oharra, dokumentu amaieran).
«A.4. Kobratzeko dauden kontuak» eranskinari buruz.
Txostenean adierazita dagoenez, «Udalak eta Alonsotegi Eraikiz, SAU sozietateak Soloburuko bizitoki sektorean egindako trukatze eragiketan (ikus 4.3), 2010eko abenduaren 31n, ez ziren bete eragiketa horretan jasotako Udalaren betebeharretako batzuk (BFAren jabetzako lur batzuk ematea, tasazioak dioenez 833.174 eurorenak; 4.645 euroren aldea, emandako diru laguntzengatik; eta 390.658 euro, Madinabeitia Doktorearen plaza urbanizatzeagatik), 1.228.477 euroan balioztatuak».
HKEEren txostenak eskualdatzen ez diren lurren kostuaren zenbatespen bat egin du, eta ez dator bat aplikatutako irizpideen zati hori.
Hartara, nire ustez aintzat hartu behar da lehenik eta behin eskualdatzeke dagoen finkaren tamaina (3.125,75 m
Ondoren, hain zuzen ere aipatu lurrak eskualdatzen ez direlako Coblit Promonciones, S.L. sozietateak ordaintzeke duen zenbatekoa zehaztu behar da; 1.858.404,59 euro dira, BEZik gabe.
Horrek esan nahi du 455,44 m
Ondorioz, Udalak sozietateari eskualdatzeko zain dagoen lurraren (3.125,75 m
Balioztapen irizpidearen oinarria da Alonsotegiko Udalak bi lur horiek (Aldundiarena eta antzinako osasun zentrotik liberatutakoa) eskualdatuko lukeen unean sozietate horrek Coblit Promociones, S.L. merkataritza-sozietateari eskualdatuko liokeela, eta merkataritza-sozietate horrek ordaintzeke dagoen zenbatekoa ordainduko lukeela, hain zuzen ere 1.423.584,52 euroan balioztatua (ikus HKEEaren 8. oharra, dokumentu amaieran).
HKEEren Oharrak:
1.– Sozietatearen aurrekontu informazioa Udalaren aurrekontu orokorretan sartzeak ez du konpontzen txostenean adierazitako kontrol defizita.
2.– Aurkezutako dokumentuak dagoeneko ikuskatuak zituen epaitegi honek, eta txostenean adierazitakoa baiesten dute. Ez zaigu igorri iragarkirik, eskaintzarik eta baldintza orririk; zenbatekoa eta eskainitako hobekuntzen izendapena zehazten dituen dokumentu bat besterik ez.
3.– APKLTBko 203.2 artikuluak horrelako kontratuak (12. kategoria) eta 236.945 eurotik goragokoak DOUE eta BOE aldizkarietan iragarri beharra zehazten zuen. Ez dugu jaso inolako publizitaterik egin zenik.
4.– Kontuan izanik prentsan noiz argitaratu zen (2008ko maiatzaren 20a), eta SPKLko 1. ZTan adierazitakoa aintzat hartuta, sozietateak ez zuenez kontratatzailearen profila, ez eta kontratazioko barne jarraibiderik, lizitazio horri aplikagarri zaio lege horretako 175. artikulua. Beraz, prentsan argitaratzeak ez du bermatzen publizitate printzipioa, eta nahitaezkoa da aldizkari ofizialean argitaratzea. Gainera, aipatu behar dugu eskaintza bat besterik ez zaigula ageri, esleipendunarena.
5.– Alonsotegi Eraikiz, SAU sozietateak egindako obra guztiak, izakinetan, sozietateak horiek eraikitzeko egindako kostuaren balioarekin daude jasota. Obra horien artean sartuta daude Madinabeitia Doktorearen plaza gauzatzekoak, eta, egindako ziurtagiriek eta eskuratu ditugun txostenek diotenez, hala plazaren sestraren gaineko urbanizazioa nola sestraz azpikoa barne hartzen dituzte. Alegazioan adierazitako ondasunak (garajeak eta Galarza izeneko lurra, Barakaldoko Jabetzaren Erregistroko 986 eta 987 finkak, hurrenez hurren) ez dira sozietatearen jabetzakoak 2010eko abenduaren 31n, baizik eta Udalarenak 2006ko maiatzaren 4az geroztik.
6.– 2010eko abenduaren 31n oraindik Osakidetzak hartua zuen antzinako osasun zentroaren balioztapena, 2006ko azaroan egindako balioztapen-txostenetik ondorioztatutakoa da. Udalaren Soloburuko lurrak (osasun zentro hori barne) eta Alonsotegi Eraikiz, SAU sozietateak egin beharreko obrak trukatzea onartzen duen Udalbatzaren erabakiarekin batera doa txosten hori. Txosten horretako A.3 atalean zehazten da balioztapen hori.
7.– Txostenean jasota dago dagokion doikuntza, egoeraren balantzeari buruzko iritzian adierazitako lehenengo salbuespeneko 8. lerroan, pasibo txikiagotzat.
8.– Udalak sozietatearekin duen zorraren zenbatekoa Udalbatzaren erabakiarekin batera doan arkitektoaren txostenetik ondorioztatzen da, 6. oin-oharrean adierazia.