EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2016226

139/2016 DEKRETUA, irailaren 27koa, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600139
Xedapenaren data: 2016-09-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201605040
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1989/07/29an argitaratutako 1989/07/06ko 198900005 LEGEA
  • 1992/12/21ean argitaratutako 1992/11/24ko 199200313 DEKRETUA indargabetzen du
  • 1993/12/07an argitaratutako 1993/08/03ko 199300242 DEKRETUA indargabetzen du
  • 2003/03/05ean argitaratutako 2003/02/11ko 200300027 DEKRETUA indargabetzen du
  • 2004/12/30rean argitaratutako 2004/11/18ko AGINDUA indargabetzen du [200406773]
  • 2013/12/24an argitaratutako 2013/06/04ko 201300358 DEKRETUA aldatzen du

Biosfera Erreserbak Unescok bere Man & Biosphere programaren barnean sortutako figurak dira, eta hiru helburu dituzte: natura kontserbatzea, garapen jasangarria eta laguntza logistikoa, ezagutza zientifikora eta jasangarritasunerako hezkuntzara zuzendua. Esperimentazio-eremu eta esperientzia-laborategi gisa konfiguratzen dira, haietan bizi diren pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko kontserbazioaren eta garapen jasangarriaren arteko oreka lortzeko helburuarekin.
Urdaibaiko Biosfera Erreserba Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babesteari eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legearen bitartez arautzen da. Hala, legearen 1. artikuluak Urdaibaiko Biosfera Erreserbarako araubide juridiko berezia ezartzea du helburu, hark dituen ekosistemen osotasuna babesteko eta horiek lehengoratzeko xedearekin; eta Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plan (EKZP) bat idaztea aurreikusten du 15. artikuluan. Aurreikuspen horri jarraikiz, abuztuaren 2ko 242/1993 Dekretua onartu zen, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana ezarri zuena; hari aldaketa batzuk gehitu zaizkio otsailaren 11ko 27/2003 Dekretuaren eta uztailaren 22ko 181/2003 Dekretuaren bitartez.
5/1989 Legearen 15. artikuluan eta Plan Gidariaren 9. artikuluan, hura berrikustea aurreikusten zen indarrean jarri eta hamar urtera. Agindu hori betetzeko, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuaren 2009ko abenduaren 11ko osoko bilkuraren akordioa lortu ostean, Plan Gidaria aldatzeko prozesua abiarazi zen Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailburuaren 2010eko urtarrilaren 28ko Agindu bidez. Prozesu horretan, hautemandako premiei aurre egiteko aldaketa bat nahikoa ez zela eta aurrekoa ordeztuko zuen Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plan berri bat idatzi behar zela egiaztatu zen.
Plan honek 5/1989 Legearen 15. artikuluan aipatutako zehaztapenei erantzuten die. Bere konfigurazioan, Biosfera Erreserbek espazioaren antolaketa izan behar dute, eta, bertan, honako hauek jaso behar dira: Guneko zonak, Gunea Babesteko zonak, eta Trantsizioko zonak, Unescoren Estatutu Esparruan eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legean aurreikusiarekin bat etorriz. Alderdi hori behar bezala islatzen da Plan honetan.
Plan hau bost tituluz osaturiko testu artikulatu batean egituratzen da, eta horiek, dokumentazio grafikoarekin batera, planaren arau-multzoa osatzen dute.
I. tituluak hiru kapitulu hauek ditu: lehenengoak ohar orokorrak jasotzen ditu, hala nola tresnaren aplikazio-eremua eta xedea, egitura, eskumen-araubidea, helburuak lortzeko aurreikusi diren partaidetza publikorako bitartekoak eta organoak, eta horretarako aurreikusi diren bitarteko finantzarioak; bigarrenak, Plana berrikusteko eta aldatzeko aukerak identifikatzen ditu, baita horiek izapidetzeko prozedura ere; eta, amaitzeko, hirugarrenak, Biosfera Erreserben hiru helburu nagusiekin (kontserbazioa, garapen jasangarria eta laguntza logistikoa) lotutako egiturazko ikuspegi batetik, Planaren helburu nagusiak zerrendatzen ditu; azken horiek bertan jasotako arauak eta zehaztapenak zehazteko kontuan hartu dira, eta behar bezala bete beharko dira haren garapenean, V. tituluan aurreikusten diren tresnen bidez.
II. tituluak Biosfera Erreserbako lurraldean bereizten diren hiru kategoria nagusien (Gunea, Gunearen Babesa edo Amortiguazioa eta Trantsizioa) ezaugarriak definitzen eta deskribatzen ditu. Era berean, kategoria horietako bakoitzaren barnean bereizten diren eremuak eta zonak identifikatzen ditu. Plan honek, haren interpretazioa bateratzeko eta ahalbidetzeko asmoz, berriz izendatzen eta jasotzen ditu lehengo kalifikazioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan (LAG) eta horien garapenean zehar onartu diren lurralde-plan sektorialetan erabiltzen den terminologiara egokitzeko helburuarekin.
Era berean, II. tituluak zenbait berrikuntza jasotzen ditu aurreko EKZParekin alderatuta. Kasu batzuetan, arloko araudian aldez aurretik zehaztutako babes-elementuak Gune Planean txertatzeak eragin ditu berrikuntza horiek, eta beste batzuetan, berriz, lurraldean ordura arte bere izaerari egokitutako tratamendurik ez duten eremuak identifikatzeak. Hala, eremu berri bat sortu da Gune kategorian, eta, hari esker, babes bereziko erregimen horretan sartu ahal izango dira Biosfera Erreserbako ibai-ibilguak. Era berean, Gunearen Babes edo Amortiguazio kategoriak itsasadarreko eta kostaldeko zonetatik bereizten ditu ibai-ibilguak babesteko zonak. Bigarren multzoan, Gunea Babesteko kategoria berriak sortzen dira, hala nola Baso Autoktonoen Eremua, erabilgarritasun publikoko mendiak edo ibai-sarearen arro isurleak Babesteko Zonak.
III. tituluaren xedea da orain arte definizio zehatzik izan ez duten alderdi batzuetan sakontzea eta horiei ekitea, hala, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren erregulazioa eta kudeaketa modu eraginkorrean eta positiboan egin ahal izateko. Hala, ahalik eta zehaztasun handienarekin identifikatzen eta sailkatzen ditu lurzoruaren erabilerak eta eraikuntza-ekintzak, baita eraikuntzako esku-hartzeen tipifikazioa ere. Gainera, eraikinak, instalazioak eta azpiegiturak egiteko beharrezko ohar estetikoak jasotzen ditu, eta partzelazioaren balizkoak zehazten eta erregulatzen ditu bere aplikazio-eremuan, bereizte balizkoak zehaztearekin batera. Planak lurzoru urbanizaezineko bizitegi-eraikinak zatitzeko esku-hartzeen eta ordezkapenerako esku-hartzeen tipifikazioa jasotzen duela azpimarratu behar da, eta hori guztia Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinean urte hauetan guztietan zehar egindako eraikuntzako esku-hartzeei dagokienez egindako azterlanean, jarraipenean eta ikerkuntzan oinarrituta.
IV. titulua Planaren exekuzio zuzenari buruzkoa da, eta bertan zehaztutako erabilerak xehatuta ezartzera bideratuta dago.
Azkenik, V. tituluak Planaren garapenerako aurreikusten diren tresnak identifikatzen eta erregulatzen ditu, tresna horiek ingurumen, lurralde eta hirigintzaren arloko legediaren zeharkako integrazioaren emaitza baitira. Era berean, txostenen gai diren espedienteak izapidetzeko prozedura jasotzen du, hura birformulatu egin baita sinplifikazio administratiboa lortu eta administrazioen arteko erantzunkidetasuna bilatzeko helburuarekin.
Bestalde, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuan Natura 2000 Sareko 4 leku daudela azpimarratu behar da: Urdaibaiko Ibai Sarea (ES2130006), Urdaibaiko kostalde- eta padura-zonak (ES2130007), Urdaibaiko Artadi Kantauriarrak (ES2130008) Kontserbazio Bereziko Eremuak, eta Urdaibaiko Itsasadarraren (ES0000144) Hegaztientzako Babes Bereziko Zona. Horrenbestez, Plan honetako IV. tituluak ekainaren 4ko 358/2013 Dekretuan zehaztutako arauak txertatzeari ekin dio. Haren bidez, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatzen dira Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuan dauden Batasunaren Garrantzizko 4 Leku, eta KBE horien eta Urdaibaiko itsasadarreko HBBEaren kontserbazio-neurriak onartzen dira. Ez da gauza bera gertatzen aipatutako Dekretuak jasotzen dituen beste kontserbazio-neurriekin, horiek indarrean jarraitzen baitute.
Horrenbestez, Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babesteari eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legearen 15. artikuluarekin bat etorriz, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko irailaren 27an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzea, Dekretu honi erantsita dagoena.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) – Urdaibaiko Ibai Sarea (ES2130006), Urdaibaiko kostalde- eta padura-zonak (ES2130007), Urdaibaiko Artadi Kantauriarrak (ES2130008)– eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (HBBE) – Urdaibaiko Itsasadarra (ES0000144)– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuan daude eta ekainaren 4ko 358/2013 Dekretuaren bitartez arautzen dira. Haren bidez, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dira Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuan dauden Batasunaren garrantzizko 4 leku, eta KBE horien eta Urdaibaiko Itsasadarreko Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren kontserbazio-neurriak.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
EKZP prestatzeko erabili diren eta kudeaketarako orientazio-irizpide gisa hartu diren Urdaibaiko Biosfera Erreserbako habitat, flora eta faunako espezie eta ondare geologikoko elementu garrantzitsuak identifikatzen dituzten datuen zerrendak etengabe eguneratuta mantenduko dira ingurumen arloko eskumena duen Sailaren web-orriaren bitartez.
Era berean, web-orri horretan eguneratuta mantenduko dira ondare arkeologikoaren elementuak eta ondare historiko-artistikoko elementuak jasotzen dituzten zerrendak, eta, halaber, horiek kudeaketarako orientazio-irizpide gisa erabiliko dira.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Foruko udal-mugarteko Peña Forua harrobia berreskuratzeko proiektuaren lurralde-eremuan, natura-ingurunea berreskuratzeko eta lehengoratzeko ekintzak salbuespeneko izaeraz baimenduta egongo dira denboraldi jakin baterako, betiere Urdaibaiko Biosfera Erreserba babesteari eta antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legearen 14. artikuluan aurreikusitakoari eta organo eskudunek onartutako berreskuratze-proiektu teknikoei jarraikiz.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Plan Orokorren formulazio-, berrikuspen- edo aldaketa-prozesuetan txertatuta dauden eta Plan hau indarrean jarri den garaian onartu ez diren Urdaibaiko Erreserbaren eremuan kokatutako udalerrien hirigintza-dokumentuak bertan jasotako xehetasunetara egokitu beharko dira.
Edonola ere, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana indarrean den udalerriko hirigintza-plangintza orokorraren gainetik egongo da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen dira honako xedapen hauek:
a) 242/1993 Dekretua, abuztuaren 3koa, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plana onesten duena.
b) 313/1992 Dekretua, azaroaren 24koa, Urdaibaiko Biosfera Erreserba babesteari eta antolatzeari buruzko Legea garatzen duena, Patronatuaren txostenak bidaltzeari buruzkoa.
c) 27/2003 dekretua, otsailaren 11koa, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana aldatzen duena.
d) 2004ko azaroaren 18ko Agindua, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuarena, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Artadi Kantauriarren Lurralde Ekintzarako Plana behin betiko onartzeko duena.
e) Dekretu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo baxuagoko arauak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Xedapen honen bitartez, ekainaren 4ko 358/2013 Dekretuaren 1.3 artikulua aldatzen da. Haren bidez, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatzen dira Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuan dauden Batasunaren garrantzizko 4 leku, eta KBE horien eta Urdaibaiko Itsasadarreko HBBEaren kontserbazio-neurriak onartzen dira.
358/2013 Dekretuaren 1.3 artikulua honela geratuko da idatzita:
«3.– Dekretu honetan eranskin gisa txertatu diren Urdaibaiko Itsasadarreko Kontserbazio Bereziko Eremuen (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren (HBBE) (ES0000144) kontserbazio-neurriak onartzea. Neurri horietako batzuen aplikazio-eremuak Natura 2000 guneen mugak gainditzen ditu.
Urdaibai Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinean ez da aplikagarria izango Dekretu honetako 3.1.c) artikuluan aipatzen den araudia, eta haren erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plana aplikatuko da.»
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko irailaren 27an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.