EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2016224

164/2016 DEKRETUA, azaroaren 22koa, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari Eusko Irratia SA sozietate anonimo publikoaren kapital-zabalkuntzan partaidetza izateko baimena ematen diona.

Xedapenaren zenbakia: 201600164
Xedapenaren data: 2016-11-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201605016
Maila: Dekretua
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak hau ezartzen du 110. artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana; eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina.
Baltzuaren estatutuen arabera, sozietatearen helburua honako hau da: igorpen irratielektrikoez baliatuta, soinuak uhinen bidez –edo horretarako diren kableen bidez– sortzea eta zabaltzea –bitartekoz edo bitartekorik gabe– herritar guztiengana, edo herritar batzuengana; betiere helburua izanik informazioa, kultura, artea, aisialdia, merkataritza, publizitatea, hezkuntza-sistemarekin batera lan egitea, euskal kultura sustatu eta zabaltzea eta, batik bat, Euskara sustatu eta garatzea, eta, horietaz gain, aipatutako eginkizunekin bat etorri edo horien osagarri diren jarduera oro.
Eusko Irratia SA sozietate anonimo publikoak, 2016ko azaroaren 10eko Batzar Orokor Unibertsal Ezohikoan, honako erabaki hau hartu zuen: kapital soziala berrogeita bederatzi mila bederatziehun eta laurogeita hemeretzi euro eta hirurogeita zortzi zentimo (49.999,68) gehitzea; eta, horretarako, euro bat eta zortzi zentimoko (1,08) balio nominala duten berrogeita sei mila berrehun eta laurogeita hamasei (46.296) akzio berri jaulkitzea, hurrenez hurren 402795etik 449090era zenbakituak, biak barne.
Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa da aipatu erakundearen akziodun bakarra; horrenbestez, sozietate horretan bazkide izateari dagozkion eskubideez baliatuko da, akzio berriak eskuratzeari buruzko erabakia hartzearren. Halaber, lehenengo paragrafoan azaldutakoarekin bat, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da akzio berriak eskuratzeko.
Azkenik, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dago.
Horren ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016ko azaroaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari baimena ematea Eusko Irratia SA sozietate anonimo publikoaren kapitalaren gehikuntzan parte hartzeko, hain zuzen ere, berrogeita bederatzi mila bederatziehun eta laurogeita hemeretzi euro eta hirurogeita zortzi zentimotan (49.999,68); eta, horretarako, euro bat eta zortzi zentimoko (1,08) balio nominala duten berrogeita sei mila berrehun eta laurogeita hamasei (46.296) akzio berri jaulkitzeko.
Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak zabalkuntzaren % 100ean parte hartuko du. Hortaz, aipatutako kapital-zabalkuntzaren ondoren, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak honako partaidetza izango du: 485.017,20 eurokoa, 449.090 akzio berdinetan banatuta, bakoitzak 1,08 euroko balioa duela. Hau da, sozietatearen etorkizuneko kapitalaren % 100ari dagokion partaidetza.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko azaroaren 22an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.